141. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 24a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

76/2006 FORU DEKRETUA, azaroaren 6koa, ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua aldatzen duena. Haren bidez abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri ziren.

ZIOEN AZALPENA

Ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretuak abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezarri zituen.

Foru dekretu horrek indarra izan duen ia hiru urteetan Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak NPBKSI (Nekazaritzako Politika Bateratua Kudeatzeko Sistema Informatikoa) sortu du, nekazaritzako lurren erabilerak eta maldak zehazten dituena. Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak otsailaren 7ko 21/2005 Foru Agindua onetsi zuen, eta haren bidez kudeaketa arloko legezko betebeharrak eta nekazaritzako zein ingurumeneko baldintza egokiak ezarri zituen, nekazaritzako politika bateratuaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.

Hori horrela, arauak aplikatzean haietan ezarritako baldintza batzuk ez direla egokiak ikusi da, hain zuzen ere, herri barreneko zerritegiak kanpoko zerritegietara pasatzean instalazio berrietarako aurreikusi ziren distantziak, edo erabilera arautuko eremu babestuetatik abeltegietarainoko distantziak.

Beste aldetik, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak indarra hartuz geroztik, interesgarria da xedapen arautzaileari foru legeak ezarri duen prozeduraren zenbait kontzeptu eta alderdi gehitzea.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2006ko azaroaren 6an egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Ekainaren 23ko 148/2003 Foru Dekretua, abeltzaintzako instalazioek Nafarroako Foru Komunitatean ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen dituena, aldatu egiten da eta heldu bezala geldituko da:

Bat._"Abeltegi estentsiboa" definitzen duen 2. artikuluaren 4. idatz-zatia honela idatzirik geldituko da:

"Abeltegi estentsiboa: abereak aire zabalean egoten dira, gehienbat; abere zama txikia da azalera unitatean, eta berezko landaretzak edo ezarritako laboreak ez du ia sumatzen haien eragina, osasungintzaren arloko gutxieneko egiturak izan ala ez izan. Azpiegitura horiek tratamendu eskorta edo "harrapalekua" edo antzeko instalazioak dira, abereak sartu eta mugitu ezinean izateko."

Bi._2. artikuluaren hondarrean ondoko idatz-zatia gehituko da, "Erabiltzen ahal diren hobekuntza teknikoak" izenburuarekin. Honela idatzia geldituko da:

"Eskura dauden teknika onenak: jardueren eta beren ustiapen modu desberdinen garapenaren faserik eraginkor eta aurreratuena, teknika jakin batzuen gaitasuna frogatzen duena, printzipioz, isurketak eta ingurumenean eta pertsonen osasunean duten eragina saihesteko eta, saihesterik ez badago, ahalik eta gehien murrizteko isurien muga-balioak eratzeko."

Hiru._4. artikuluari idazketa berria ematen zaio. Honela geldituko da:

"4. artikulua. Auzuneetatik kanpo dauden abeltzaintzako instalazioak.

Auzuneetatik kanpo dauden abeltzaintzako instalazioek jarduera sailkaturako baimena badute edo Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak abenduaren 31n eman zuen 1731/2003 Foru Aginduaren bitartez sortutako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan inskribatuta badaude, instalazioak eta produzitzeko ahalmena handitzen ahalko dituzte I., II. eta III. eranskinetan ezartzen denari jarraikiz. Gizentzeko soilik ez diren haragitarako behi aziendak, esnetarako ardi aziendak eta haragitarako ardi aziendak biltzen dituzten abeltegiek, abeltzaintza ekologiko guztiak eta 60 ALU baino zerri eta behi azienda gutxiago duten eta eranskinetan ezarritako lekuetatik aparte dauden instalazioek baimenduta duten edukiera gehitzen ahalko dute, %50 gehienez, eta ezarritako lekuetatik aparte dauden gainerako abeltegiei aurreko artikuluak xedatzen duena aplikatuko zaie, herrigunearen tamaina edozein dela ere.

Handitze lanekin baimena aldatu behar da eta horretarako prozedura Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezartzen duena izanen da".

Lau._5. artikuluaren hondarrean 7. idatz-zatia gehituko da. Honela geldituko da:

"7. Eginak dauden instalazioen kasuan, eta foru dekretu honetan xedatutakoari egokitzeko behar diren ingurumenaren arloko hobekuntzak hartu ahal izateko, salbuespen gisa, baimena eman liteke hondakinak tratatzeko ekipoak edo biltegiak paratzeko edo bestelako neurriak harrtzeko I., II. eta III. eranskinetan aipatzen diren distantziak baino eremu hurbilagoetan, betiere eskura dauden teknika onenak aplikatuko direla egiaztatzen bada.

Horretarako behar diren baimenak Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezartzen duen prozeduraren arabera emanen dira.

Bost._7. artikuluaren 3. atala, hondakinak sortu eta kudeatzeko baldintza teknikoen gainekoa, honela geldituko da:

"3. Esnetegietan, siloetan eta antzekoetan sortzen den hondakin ura simaur-hobietara eramanen da, eta haien edukiera handitu beharko da, aurreko atalean adierazitakoaren arabera.

Estabulazio libreko abeltegietan, euri urak estali gabeko patioetan hondakin ura sortuz gero, hura bideratu eta bilduko duen sistema bat beharko da aurreikusi, gero simaurra metatzen duten biltegietara eramateko. Ustiategi berrietan haren edukiera, aurreko atalen arabera kalkulatua, metodo arrazionala erabiliz uren hustubidean sortzen ahal den gehieneko emaritik abiaturik kalkulatzen ahal den bolumenean handituko dira, 25 urteko birgertatzealdian eskualdean intentsitate handieneko euriaren datuak harturik eta gutxienez 10 minutuko denbora tarteko iraupena izanik.

Estali gabeko eremu horrek lurzoru iragazkaitza izanen du, akuifero oso iragazkorrak diren lurretan."

Sei._7. artikuluaren 5. ataleko bigarren idatz-zatia honela geldituko da:

"Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko 4/2005 Foru Legearen 2B eta 4B eranskinetan biltzen diren abeltegiek, simaur likidoa sortzen badute, solidoak bereizteko ekipo egokia izan beharko dute, eskura dauden teknika onenak (ETO) erabiltzearen ondorioz beharrezkoa ez dela justifikatu ezik."

Zazpi._8. artikuluko 5. atala honela geldituko da:

"5. V. eranskinean zehaztutako gutxieneko distantzietan zabalduko da simaur likidoa, eta lurzatiaren azalera osoan, denean berdin, hedatuko da. Ez da klima baldintza desegokietan eginen eta, inoiz ere ez, lurra izoztua edo elurrez estalia dagoenean, uraz blai edo putzuak daudenean, alfer-lurretan edo larre utzietan.

%20ko malda baino handiagoko lurzatietan ezin hedatu da simaur likidoa zuzenean lur azalean. Hala ere, ustiategiak, eskualdeko orografiagatik, malda apalagoko lurzatietan azalera nahikoan antolatzerik ez badago, %20tik gorako malda duten lurzatietan simaur likidoa lur azalean hedatzeko baimena ematen ahalko da, baldin eta azaleko isurketek urak kutsatzeko sortzen duten arriskua gutxitzeko neurri egokiak hartzen badira.

Bereziki, laborerik gabeko lurretan simaurra zabaltzeko, edo laborearen egoera egokia denean, hura lurperatu eta 24 orduko epean eginen da, non eta klima baldintza desegokiek ez duten lan hori galarazten."

Zortzi._9. artikulua, osasun tratamenduen ondoriozko hondakinen gainekoa, honela geldituko da:

"9. artikulua. Osasun tratamenduen ondoriozko hondakinak ardi aziendetan.

Ardi aziendari parasitoen kontrako tratamentua egitean sortzen direnei dagokienez, behar diren neurriak hartuko dira, aplikazioak ahalik eta eragin txikiena izan dezan ingurumenean, lindano gabeko produktuak erabiliz, edo antzeko toxikotasuna dutenak baztertuz, eta dutxatuz bainatu beharrean.

Bederatzi._11. artikulua, jarduera kaltegabeen gainekoa, honela geldituko da:

"11. artikulua. Jarduera kaltegabeak.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak eta hura garatzen duten arauek ezartzen duten baimen edo lizentziarik izan behar ez duten abeltegiak, 1.000 biztanle baino gutxiagoko herrietako hiri lurzoruan paratzen ahal dira, udalen ordenantzek agintzen dutena deusetan galarazi gabe. Udalek egoera horren ziurtagiria emanen diete artikulu honetan aipatzen diren instalazioei eta bertan adieraziko dira kokapena, abereen kopurua eta haien espeziea."

Hamar._12. artikulua honela geldituko da:

"12. artikulua. Ingurumen arloko esku-hartzea abeltegietan.

Abeltegiak ingurumen arloko esku-hartzea jasoko dute Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak xedatzen duenari jarraikiz eta foru lege horren eranskinetako zeinetan egon, hari dagokion baimena emateko prozedura aplikatuko zaie."

Hamaika._15. artikulua, jardueretako aldaketen gainekoa, 13. artikulua izanen da eta honela geldituko da:

"13. artikulua. Jarduera sailkatuaren udal lizentzia behar duten edo abeltegien erregistroan inskribaturik dauden jardueretako aldaketak.

Jarduera sailkaturako lizentzia izanik edo lehen xedapen iragankorrean aipatutako jardueren erregistroan inskribatuta egonik, kanpotik aldaketarik egin gabe ekoizpenaren orientazioa aldatu gogo duten instalazioek ez dute beste baimen bat eskuratu beharko, baldin eta:

a) Zilegi duten produkzio ahalmena gainditzen ez bada.

b) Hondakinen produkzioa handitzen ez bada.

c) Ingurumenaren gaineko eragin kaltegarrien arriskua handitzen ez bada.

Aldaketa hori gertatzen den momentuan, simaurra sortu eta kudeateko plana eguneratu beharko dute.

Orobat, jarduera sailkatuaren udal baimena behar duen abeltagia baldin bada, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen 47.1 artikuluan ezarritako komunikazio baldintza bete beharko da. Eta erregistroan inskribaturik egon behar duen abeltegia izanez gero, aldaketak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari jakinaraziko dizkio"

Hamabi._I., II., III. eta V. eranskinak honela geldituko dira:

I. ERANSKINA

Txerritegiak ez diren abeltzaintzako instalazioen eta auzuneen arteko tartea

EDUKIERA EDUKIERA

NUKLEO MOTAK TXIKIKO HANDIKO

INSTALAZIOAK INSTALAZIOAK

Etxebizitzak barreiatuak 50 100

<300 bizt. 50 100

<500 bizt. 100 200

<1500 bizt. 300 500

<5000 bizt. 500 750

>5000 bizt. 1000 1000

II. ERANSKINA

Txerritegien eta auzuneen arteko tartea

60 ALU 240 ALU 600 ALU 600 ALU

Etxebizitzak barreiatuak 50 100 100 100

<300 bizt. 300 300 500 750

<500 bizt. 300 500 750 750

<1500 bizt. 500 750 750 1000

<5000 bizt. 750 1000 1000 1000

>5000 bizt. 1000 1000 1500 1500

III. ERANSKINA

Abeltzaintzako instalazioen (Ž (1)) eta beste elementu batzuen arteko distantzia

GORDE BEHARREKO

1._Uberkak, aintzirak eta urtegiak 35 metro(2)

2._Erretenak eta ureztaketaren hustubideak 10 metro(3) (4)

3._Hornidura publikorako putzuak, iturburuak eta urtegiak 200 metro(5),

betiere haien

babespeneko

perimetroa

errespetaturik

4._Hornidura publikorako ur hoditeria 15 metro(5)

5._Hornidura publikoaz besteko putzuak, iturburuak eta urtegiak 35 metro(5)

6._Bainatzeko ohiko eremuak 200 metro

7._Eremu babestuak eta parkeak 200 metro(6)

8._Autobideak, autobiak, sarean interes orokorra duten errepideak 100 metro

eta trenbideak (zerritegi berrietarako bakarrik)

9._Gainerako errepide publikoak (zerritegi berrietarako bakarrik) 25 metro

(1) Zerri simaurra tratatzeko instalazioak barne.

(2) Ur konfederazioen eskumenak deusetan ukatu gabe. Euri ura bakarrik daramatenak ez dira uberkatzat hartzen.

(3) Hodiz hornitutako erretenak badira eta irazgaiztasuna bermatua badute, 5 m arteko tartea murrizten ahal da.

(4) Obrako erretenak direnean, lurzorua baino gorago daudenak, isurtzeko arriskurik ez dutenak, ez da tarterik utzi beharko.

(5) Inguruneko baldintza hidrogeologikoek edo txosten tekniko kualifikatuek beste tarte bat uztera behartzen dutenean salbu.

(6) Eremu babestuek eta parkeek euren arautegia baldin badute, huraxe beteko da.

V. ERANSKINA

Simaur likidoaren eta beste elementu batzuen arteko tarteak

GORDE BEHARREKO

1._Bideak 5 metro(3)

2._Errepideak 15 metro(3)

3._300 biztanlez beheitiko auzuneak 100 metro,

200 metro

zerritegietarako(2)

4._300 biztanlez goitiko auzuneak 200 metro(2)

5._Uberkak, aintzirak eta urtegiak 35 metro, 50 metro

eremuaren

malda %10etik

goitikoa bada(1)

6._Ur hornidura publikorako putzuak, iturburuak eta urtegiak 250 metro, betiere

haien babespeneko

perimetroa

errespetaturik

7._Hornidura publikorako ur hoditeria eta ur-biltegiak 15 metro

8._Bainatzeko ohiko eremuak 200 metro

(1) Ur konfederazioen eskumenak deusetan ukitu gabe. Euri ura bakarrik daramatenak ere uberkatzat hartuko dira.

(2) Erdia, lur azpiko sistema bada.

(3) Hondakinak bidera eta areketara egoztea galarazten duten banaketa sistema lokalizatuen kasuan izan ezik.

AZKEN XEDAPENAK

Lehenbizikoa._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari garatzeko gaitasuna ematea.

Ahalmena ematen zaio Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betetzeko behar diren xedapenak agindu ditzan.

Bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko azaroaren 6an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Iragarkiaren kodea: F0617755