14. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

9/2006 EBAZPENA, urtarrilaren 10ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, "Sarriguren eta banaketa sareak birlotzea Berrikuntzaren Hirian eta Sarrigurengo Ekohirian" izeneko proiektuari Ingurumeneko Eraginetarako Baimena ematen diona. Gas Navarra, S.A. da proiektuaren sustatzailea.

Espediente hori 2005eko abuztuaren 4an Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan sartu zen. Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean (2.c eranskina, I atala) sartzen denez proiektua, ingurumeneko eraginetarako baimena lortu behar da.

Foru lege horren 28. artikuluaren arabera, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak Ingurumeneko Eraginetarako Baimena eman edo ukatzeko ebazpena emanen du, arrazoituta, eskaria aurkeztu eta lau hilabeteko epean.

4/2005 Foru Lege horren 25.2 artikuluak ezartzen du Ingurumeneko Eraginetarako Baimenak lurzoru urbanizaezinean baimentzen ahal diren jarduerena bilduko duela, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezarritako ondorioak izanen dituela.

Espedientean ageri diren txostenak ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. "Sarriguren eta banaketa sareak birlotzea Berrikuntzaren Hirian eta Sarrigurengo Ekohirian" izeneko proiektuari Ingurumeneko Eraginetarako Baimena ematea. Gas Navarra, S.A. da proiektuaren sustatzailea. Baldintza hauek bete beharko dira:

_Hodia Errekaldetik eta Ardazko sakanetik pasatzean zuhaitzak eta zuhaixkak ukitzen ahal direnez, obrak errepidetik hurbilen dagoen eremuan eginen dira, han ez baitago interesa duen landarediarik. Zuhaitzak kentzea ezinbestekoa denean, eremuak leheneratu eginen dira ibai bazterrekoak eta tokian tokikoak diren landareak sartuz.

_Hodia bideen edo errepideen zoladurarekin bat ez doan eremuetan lur mugimenduak hasi baino lehen, landare lurraren 40 zentimetroko geruza kendu eta gorde eginen da eta, gero, obraren azken leheneratzean erabiliko da guztia, zangak, ezpondak eta ukitutako gainerako eremuak leheneratzeko.

_Egin nahi den jardueraren exekuzioak ukitzen ahal dituen edo, hala denean, exekuzio hori baldintzatzen ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez (errepideak, bide publikoak, ibai ibilgu publikoak, Ebroko Ur Konfederazioa), enpresa sustatzaileak, obrak egin baino lehen, kasuan kasuko organo eskudunen baimen guztiak eskuratu beharko ditu.

_Instalazioa egin eta gero, ukitzen diren eremuak lehen zeuden bezala utzi beharko dira eta behar duten tratamendua eman beharko zaie, ikuspegiaren aldetik ahalik eta eraginik txikiena izateko.

2. Proiektuaren Ingurumeneko Eraginetarako Baimena eskuratzeko ezinbestekoa da 9.634,80 euroko fidantza jartzea, baimendutako jarduerak kalterik sortzen badu horiek konpondu edo txikiagotuko direla bermatzeko.

3. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura).

4. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik aurrera zenbatzen hasiko dira.

5. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

6. Ebazpen honen berri Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari, Eguesibarko Udalari eta interesatuari ematea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 10ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0600624