14. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LARRASOAÑA

Udal pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantza

Kontzejuak, 2005eko urriaren 11ko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Larrasoañako pilotalekuaren erabilera arautzen duen ordenantza.

Espedientea jendaurrean jarri zen 2005eko 133. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, argitaratu ondoren, eta hilabeteko epe horretan ez zen erreklamazio, kexa edo ohar bakar bat ere aurkeztu.

Epe hori bukatuta eta Nafarroako toki araubidea eguneratzeko urriaren 29ko 11/2004 Foru Legeko 325-1-c) artikuluari jarraikiz, hasierako onespena behin betiko bihurtu da.

Larrasoañan, 2005eko abenduaren 29an._Kontzejuko burua, Juan Gabriel Esain Iturri.

ORDENANTZA, KONTZEJUKO PILOTALEKUAREN ERABILERA ARAUTZEN DUENA

ATARIKO TITULUA

Xedea eta aplikazio eremua

1. artikulua. Ordenantza honek Larrasoañako Kontzejuko pilotalekuaren erabilera komuna eta pribatiboa arautzea du helburu.

2. artikulua. 1. Ordenantza hau instalazio horren ohiko erabiltzaileei nahiz aldizkakoei aplikatuko zaie.

2. Ordenantza honen edukia ez ezagutzeak ez du balioko aitzakiatako, ezarritakoa betetzen ez den kasuetan.

I. TITULUA

I. KAPITULUA

Xedapen orokorrak

3. artikulua. 1. Kontzejuko pilotalekua erabili nahi duen orok 5 euro pausatu beharko ditu fidantza gisa. Bertan, izen-abizenak eta NAN zenbakia eman beharko ditu, erabiltzaileen erregistroa osatzeko.

2. Pilotalekua lagun taldeak erabili nahi badu, taldekide bakar baten izen-abizenak eta NAN zenbakia aski izanen da, betiere 5 euroko fidantza pausatu ondoren.

3. Kontzejuak antolatu edota hark lagundutako jarduerak egiten direnean, begirale baten ardurapean, Alkatetzak xedatutakoari jarraituko diote.

4. artikulua. Udal pilotalekuko jarduera bukatutakoan, jarritako fidantza itzuliko zaie erabiltzaileei.

II. KAPITULUA

Erabiltzaileen eskubideak eta betebeharrak

5. artikulua. 10 urtetik beheitiko haurrek heldu bat beharko dute lagun, eta erabileran zehar edozer gertatzen bada, hura izanen da erantzule.

6. artikulua. Zenbat denboratarako erabiltzen ahal den pilotalekua, eskari kopuruaren arabera zehaztuko da, baina gehienez ere hiru orduz, kasu berezietan salbu, betiere horretarako Kontzejuak baimena emanda.

Erabiltzaileek ez diete beste erabiltzaileei instalazioak erabiltzen utziko, erregistrotik pasatu ez badira.

7. artikulua. Erabiltzaile orok txukun mantendu beharko ditu instalazioak, eta horretarako bertako paperontziak erabiliko ditu; instalazio barreneko zera guztiak (argiak, kirol gaiak, hala nola kiroletako ateak, sareak edo saskiak,...) egokiro erabiliko; eta instalazioa behar bezain txukun utziz jarduera bukatu ondoren.

III. KAPITULUA

Erabilera orduak eta tarifak

8. artikulua. Irailaren 15etik ekainaren 15era: pilotalekua 8:00etatik 17:00etara alokatu ahalko da. Larunbatetan eta jaiegunetan 8:00etatik 11:00etara eta 20:00etatik aurrera.

Ordu libreetan, herriko haurrek izanen dute lehentasuna. Eskaerarik ez bada, alokatu egin ahalko da.

9. artikulua Alokairuaren prezioa 12 eurokoa izanen da ordu bakoitzeko, astelehenetik ortziralera. Larunbatetan, igandetan eta jaiegunetan, 15 euro ordainduko da ordu bakoitzeko.

Herriko jaietan, irailean baitira, eta eguberrietan, Kontzejuak egiten ahal diren ekitaldietarako erreserbatu ahalko du pilotalekua.

Pilotalekua telefonoz alokatzeko 19:00etatik 22:00etara bitarteko ordutegian deitu beharko da 669.049.065 telefonora, beranduenez 48 ordu lehenago.

Administrazioa

10. artikulua. Kontzejuko administrazioari dagokio instalazioak garbitzea eta mantentzea, salbu eta aparteko jarduerak direnean, horietan erabiltzaileari eskatzen ahal baitzaio garbitzeko.

11. artikulua. Kontzejuko administrazioari dagokio zainketa lana, ordenantza hau eta instalazioaz gizalegez erabiltzeko arauak betetzen direla bermatzeko.

12. artikulua. Kontzejuko administrazioari dagokio zehapen araubidearen aplikazioa, ordenantza honetan biltzen baita.

II. TITULUA

Diziplina araubidea

I. KAPITULUA

Hutsegiteak

13. artikulua. Hona hemen hutsegite arinak:

a) Pilotalekua erabiltzea lehenago aipatu kontrol guneak jakin gabe eta bertan erregistratu gabe, hilabetean behin bakarrik bada.

b) Beste erabiltzaileei pilotalekua erabiltzen uztea, Kultur Etxeak jakin gabe eta bertan erregistratu gabe, hilabetean behin bakarrik bada.

c) Instalazioetako zerbitzuak desegokiro erabiltzea.

d) Kontseiluari edo kontseilukideei berehalakoan ez ematea instalazioetan ikusitako kalte edo anomalien berri.

e) Erregistroan ezarritako ordutegia ez betetzea.

14. artikulua. Hona hemen hutsegite larriak:

a) Pilotalekua erabiltzea edo beste erabiltzaileei pilotalekua erabiltzen uztea, Kultur Etxeak jakin gabe eta bertan erregistratu gabe, hilabetean behin baino gehiagotan bada.

b) Instalazioetan kalte larriak eragitea.

c) Hutsegite arinak behin eta berriz egitea.

d) Hutsegite arinen ondoriozko zehapenak ez betetzea.

15. artikulua. Hona hemen hutsegite oso larriak:

a) Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.

b) Instalazioetan oso kalte larriak eragitea.

c) Hutsegite larrien ondoriozko zehapenak ez betetzea.

II. KAPITULUA

Zehapenak

16. artikulua. Ordenantza honetan zehaztua dagoen edozein hutsegitek berekin ekarriko du fidantza galtzea.

17. artikulua. Hutsegite arinak egiteak berekin ekarriko du pilotalekua erabiltzeko debekua, 1-4 asteko epean, eta pilotalekuko garbiketaz arduratzea, debekuan zehazten den epea bete arte.

18. artikulua. Hutsegite larriak egiteak berekin ekarriko du pilotalekua erabiltzeko debekua, 1-2 hilabeteko epean, eta pilotalekuko garbiketaz arduratzea, debekuan zehazten den epea bete arte, sortutako kalteak ordaintzea, horrelakorik balitz, eta 300 euro bitarteko isuna ordaintzea.

19. artikulua. 1. Hutsegite oso larriak egiteak berekin ekarriko du pilotalekua erabiltzeko debekua, 2-6 hilabeteko epean, eta pilotalekuko garbiketaz arduratzea, debekuan zehazten den epea bete arte, sortutako kalteak ordaintzea, horrelakorik balitz, eta 300 euro bitarteko isuna ordaintzea.

2. Hutsegite oso larriengatik ezarritako zehapena ez betetzeak berekin ekarriko du Udalaren kirol instalazioetara sartzeko debekua, eta zenbat denboratarako, hutsegite oso larriaren zehapenean berean ezarritakoaren bikoitza.

AZKEN XEDAPENA

Ordenantza honek indarra hartuko du testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean, Nafarroako Toki Araubidea eguneratzeko 11/2004 Foru Legearen 325-1 c) artikuluan ezarritakoari jarraikiz,

Iragarkiaren kodea: L0600874