14. ALDIZKARIA - 2006ko otsailaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak

254/2005 FORU AGINDUA, abenduaren 30ekoa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana.

Martxoaren 23ko 835/1972 Dekretuak, zeinak onesten baitu Mahastiaren, Ardoaren eta Alkoholen Estatutuaren abenduaren 2ko 25/1970 Legearen Erregelamendua, ezartzen du bere 89.3 artikuluan Jatorrizko Deituren, Deitura Generikoen eta Berariazko Deituren Kontseilu Arau-emaileetako kideak lau urtetik berrituko direla eta zilegi izanen dela lehengo berak hautatzea. Xedapen hori Nafarroa Jatorrizko Deituraren Erregelamenduaren 40.3 artikuluak biltzen du. Erregelamendua 1975eko uztailaren 26ko Ministerioko Aginduaren bidez onetsi zen.

Beste aldetik, Jatorrizko Deituren Kontseilu Arau-emaileak eta Jatorrizko Deituren Institutu Nazionaleko Kontseilu Nagusia eratzea arautzen duen uztailaren 13ko 2004/1979 Errege Dekretuaren 8. artikuluak, Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari gaitasuna ematen dio aipatutako errege dekretua aplikatzean sortzen diren gora-beherak ebazteko.

Estatuak Nafarroako Foru Komunitateari nekazaritza, abeltzaintza eta mendi gaietako eginkizun eta zerbitzuak eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuak erabaki zuen, jatorrizko deiturei, ardogintzari eta enologiari zegokienez, Nafarroako Foru Komunitateari eskualdatzea haren lurralde propioan jatorrizko deituren Kontseilu Arau-emaileak sortzeko eginkizun eta zerbitzuak, indarrean dauden legeen arabera eta, kontseilu guztiendako Komunitate orotan ezarritako epe bateratuaren barrenean aplikatzeko.

Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emaileko kide izateko azken deialdia 2000ko uztailaren 24ko Foru Aginduaren bitartez egin zen eta izendapenak 2001eko otsailaren 7an gertatu zen. Beraz, Kontseilu Arau-emailea 2005eko otsailean berritu beharko zen. Hala ere, garai hartan, Ardoari buruzko Foru Legearen aurreproiektuaren zirriborroa jadanik egina zegoen eta hartan ezarritako Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emailea orain dagoenaz bestelakoa zen. Horregatik komenigarri jo zen Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emailea Ardoari buruzko Foru Legeak indarra hartutakoan berritzea.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak abuztuaren 10ean eman eta 2004ko 114. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, irailaren 22an argitaratutako 123/2004, Foru Aginduaren bidez, Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emailearen agintaldia luzatu zen urte batez; izan ere, 2003ko uztailaren 12an indarra hartu zuen mahastiari eta ardoari buruzko uztailaren 10eko 24/2003 Legearen bigarren xedapen iragankorraren arabera, eskualde jakin batzuetan ekoitzitako kalitateko ardoen erregelamenduak eta haiek kudeatzeko organoak haren aurreikuspenetara egokitu beharra dago, eta horretarako urte bateko epea dago lege horrek indarra hartzen duenetik hasita.

Nafarroako Foru Komunitatean mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko 16/2005 Foru Legea onetsi zen 2005eko abenduaren 5ean. Lege horretako 20.5 artikuluaren arabera, "Kontseilu Arau-emailearen egitura eta funtzionamendua erregelamenduaren bidez finkatuko dira, parekotasuna mantenduz interes guztien ordezkapenean", eta, hortaz, beharrezkoa da Kontseilu Arau-emailearen agintaldiaren luzapenari eustea, erregelamendua garatzen den arte.

Azkenik, lehenbiziko xedapen gehiagarrian, "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren erregelamenduaren egokitzapena aipatzean, ondoko hau ezartzen da: "Nafarroa" jatorrizko deituraren Kontseilu arau-emaile berriak, eratu eta sei hilabeteko epean, bere erregelamendua foru lege honetako aginduetara egokituko du, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onets dezan".

Labur esateko, abuztuaren 10eko 123/2004 Foru Aginduan hasiera batez ezarritako epea ez da aurreikusitako helburua lortzeko aski izan, eta, beraz, mahastizaintza eta ardogintza arautzeari buruzko 16/2005 Foru Legea erregelamendu bidez garatu arte, beharrezkoa da Nafarroa Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emailearen agintaldiaren luzapenari eustea.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. "Nafarroa" Jatorrizko Deituraren Kontseilu Arau-emailearen agintaldiaren luzapenari eustea 2006ko abenduaren 31 arte, edo, bestela, horretarako deitutako hauteskundeetan aukeratutako Kontseilu Arau-emaile berria osatu arte.

2. Aurreko puntuan ezarri diren epeen barrenean, Kontseilu Arau-emailea bertan behera geldituko da hauteskunde arau berrien arabera hautatutako kideak karguaz jabetzen diren egunean.

AZKEN XEDAPENA

Indarra hartzea

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko abenduaren 30ean._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0600511