138. ALDIZKARIA - 2006ko azaroaren 17a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

ARAITZ

Deialdia, administrari-ofiziala hartzeko

Alkatearen 2006ko azaroaren 7ko ebazpenaren bidez, Araizko Udaleko administrari-ofiziala izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan kontratu finkoarekin betetzeko deialdia onetsi da, ondorengo oinarrien arabera.

OINARRIAK

1._Arau orokorrak.

1.1. Deialdiaren xedea da administrari-ofiziala izateko lanpostu bat, oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzea Araizko Udalaren zerbitzuan aritzeko.

1.2. Izendapenak Araizko Udaleko lan araubideko langile finko bilakatuko du izendatua, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean kidetuko da eta, kasua bada, hartan izena emanen, jabetza hartzen duenetik, eta aipatu araubidearen babesean egonen da.

1.3. Lanpostuak Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuan dagoen langileriaren C mailari dagozkion lansariak izanen ditu. Plantilla organikoan nahiz gainerako xedapen aplikagarrietan ezarrita dauden lansari eta osagarriak hartuko ditu.

1.4. Lanaldi partziala beteko du, %64,29koa. Lanaldiaren araubidea zerbitzuaren beharretara moldatuko da, eta administrazio organo eskudunak noiznahi aldatzen ahalko du.

1.5. Bete beharreko eginkizunak bere mailari eta kategoriari egokituko zaizkio, bertan sartuko dira publikoarekiko atentzioa, eta kontzeju eta udaleko zerbitzu administratiboekiko laguntza. Halaber, Araizko Kontzejuetako kontabilitatea eraman beharko du.

1.6. Izangaiak bulegoko beste langileen arubide bera izanen du oporrei dagokionez.

1.7. Probak gaindituta lanposturik gabe gelditzen diren izangaiei aldi baterako kontratua egiten ahalko zaie, puntuazio ordenari jarraituz, indarra duen araudian aurreikusitako kasuetan.

2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Adinez nagusi izatea eta Espainiako nazionalitatea edo Europako Batasuneko kide den Estaturen batekoa izatea.

b) Lanpostuaren eginkizunetarako behar den gaitasun fisiko nahiz psikikoa izatea.

c) Eskaerak aurkezteko epea amaitzen den egunean Batxilergoko titulua, Bigarren Mailako Lanbide Heziketakoa edo baliokidea izatea edo eskuratzeko baldintzetan egotea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.

e) Hizkuntza Eskolak edo erakunde ofizial batek luzatutako euskara titulua izatea edo baliokidea, edo eskatutako euskara maila frogatzen duen proba baten emaitza izatea. Eskatutako maila EGA edo baliokidea da.

2.2. Lanpostua eskuratzen duen izangaiak aitzineko baldintzak betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako bederatzigarren oinarrian ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere, eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan oposizioaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

2.3. Euskararen ezagutza ziurtatu daiteke: Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako tituluaren bidez, edota ofizialki kontsideratzen den beste titulu baliokide baten bidez, edo aurretiazko proba gainditu ondoren, izangaiak hizkuntza maila nahikoa duela egiaztatzeko.

3._Eskabideak.

3.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Araizko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasi eta hogeita hamar egun naturaleko epean eta azken eguneko arratsaldeko 11:30ak arte. Egun hori baliogabea edo larunbata baldin bada, balioduna den hurrengoan bukatuko da.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) Eredu ofizialeko eskabidea, goitik behera beteta, deialdi honetako 1. eranskinaren arabera, eta NANaren fotokopia edo identifikazio agiri baliokidea.

b) Deialdi honetako 2.1.c atalean eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia, konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera aurkeztuko dena.

c) Lehiaketaldian baliarazi nahi dituen merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak. Modu horretan egiaztatu ezin diren alderdiak badira, tituluen kopia kautotua edo fotokopia (konpultsatzeko jatorrizkoarekin batera ekarriko dena) aurkeztuko dira, baita ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagiriak eta baliarazi nahi dituen gainerakoak.

d) Euskara tituluaren fotokopia konpultsatua edo fotokopia arrunta eta jatorrizkoa, erakunde ofizial betek edo hizkuntza eskolak luzatutakoa.

3.3. Eskabideak eta agiriak aurkezteko epea luzaezina da.

4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Araizko alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Araizko Udaleko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du.

Deialdian izangai bazterturik ez bada, iragarkian horren berri emanen da eta zerrenda behin betikoa bilakatuko da. Iragarki berean zehaztuko da probak non, noiz eta zer ordutan hasiko diren.

4.2. Izangai bazterturik bada, horiek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta akatsak, halakorik bada, zuzentzeko.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzi ondoan, alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Araizko Udaleko iragarki oholean argitaratzeko aginduko du. Argitalpen horretan zehaztuko da probak non, noiz eta zein ordutan hasiko diren.

5._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaia honako hauek osatuko dute:

Epaimahaiburua: Pedro María Saralegui Ochotorena, Araizko Udaleko alkatea.

Ordezkoa: Francisco Gonzalez Goicoechea, Araizko Udaleko alkateordea.

Mahaikidea: M.ª Jose Ibarguren Agirre, Leitzako Udaleko kontu-hartzailea.

Ordezkoa: Idoia Olazkuaga Etxarri, Lekunberriko Udaleko administrari-ofiziala.

Mahaikidea: Natalia Rodríguez Aguado, Leitzako Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Izaskun Gortari Sein, Larraungo Udaleko idazkaria.

Mahaikidea: Amaia Arrizubieta Baleztena, Larraungo Udaleko administrari-ofiziala.

Ordezkoa: Alfonso Araujo Guardamino, Aresoko Udaleko idazkaria.

Mahaikidea-idazkaria: Jon Ander Mendinueta Ochotorena, Araizko eta Beteluko Udalen Batasuneko idazkaria.

Ordezkoa: Miriam Arozena San Miguel, Goizueta eta Arano Udalen Batasuneko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da, eta ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bederen bertan ez bada.

5.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta horietan bakarrik emanen diete laguntza epaimahaikoei.

6._Euskara proba.

6.1 Hizkuntza eskolak ematen duen euskara titulua edo haren baliokiderik ez duten izangaiek oposizio-lehiaketa egin aurretik euskara proba egin beharko dute. Bi proba izanen dira: ahozkoa eta idatzizkoa izanen da. Izangaiek bi probak egin beharko dituzte eta denetara gai edo ez-gai kalifikazioa emanen da eta ezinbesteko izanen da gai kalifikazioa oposizio-lehiaketan parte hartzeko. Euskara maila EGA edo baliokidea izanen da.

Probak Iparraldeko Euskara Mankomunitateak izendatutako euskara teknikariek eginen dituzte.

6.2. Proba hau egin ondoren, eta gai kalifikatzen direnak edo eta euskarako titulua dutenak lehiaketa-oposizioko probetara pasatuko dira.

7._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.

7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduaren 16.j artikuluan xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere bi hilabete igarotakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondoren, berriz, oposizioa, oinarri hauetan zehaztu bezala.

7.2. Lehiaketa (20 puntu).

A) Esperientzia.

A.1) Tokiko administrazio publikoan egindako urte bakoitzeko, administrari edo administrari-ofizialaren eginkizunetan: 2,4 puntu urte bakoitzetik.

A.2) Tokiko administrazio publikoan egindako urte bakoitzeko, administrari laguntzailaren eginkizunetan: 1,2 puntu urte bakoitzetik.

A.3) Bestelako administrazio publikoan egindako urte bakoitzeko, administrari, administrari-ofiziala edo administrari laguntzailaren eginkizunetan: 0,6 puntu urte bakoitzetik.

Aurreko ataletan aurreikusi merezimenduak zenbatzeko, betiere lehiatzaileak lan egin duen enpresaren edo administrazio publikoaren ziurtagirien bidez egiaztatuko direnak, kontuan hartuko dira bai lan araubide finkoan edo aldi baterakoan, bai administrazio araubidean, dela bitarteko gisa dela jabetzapeko lanpostuan, egindako zerbitzuak, baina atal batean baino gehiagotan sailkaturiko zerbitzualdiak aldi berean egin badira, puntuaziorik handiena eskuratzeko balio duten zerbitzuak baizik ez dira zenbatuko denbora tarte horretarako.

Ziurtatutako esperientziaren denboraldia urte osoa ez denean, proportzionalki kalkulatuko da, hilabeteko osoko epeetan, eta soilik kontsideratuko dira hilabete osoa ziurtatzen dutenak.

Lanaldi osoa ez den kasuetan dagokion proportzionaltasunaren arabera kalkulatuko da.

Zerbitzuak bete izana frogatzen duten dokumentuetan espresuki adieraziko da zerbitzu haiek lanaldi osokoak edo murriztukoak ote ziren, eta lanaldi murriztukoa bazen, zenbatekoa.

Aurreko ataletako batura ez da 12 puntu baino handiagoa izanen.

B) Prestakuntza osagarriagatik

1. Unibertsitateko bigarren zikloko edo goi mailako titulo bakoitzeko: 3 puntu.

2. Unibertsitateko lehen zikloko titulu bakoitzeko: 2 puntu.

3. Lanbide Heziketako 2. mailako titulu bakoitzeko, edo baliokidea, (administrazio arlokoa): 1 puntu.

Aurreko ataletako batura ez da 3 puntu baino handiagoa izanen.

C) Prestakuntza ikastaroak:

Lanpostuarekin lotutako hobekuntza ikastaroak, hala nola informatika, administrazio prozedura zein epaimahaiak baloratu beharreko bestelakoak, behar bezala kreditatzen badira, jatorrizko tituluaren nahiz fotokopia konpultsatuaren bidez. Honela puntuatuko dira:

_10 ordu edo gehiago eta 20 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,10 puntu.

_20 ordu baino gehiago eta 50 ordu baino gutxiagoko ikastaro bakoitzeko: 0,30 puntu.

_50 ordutik gorako ikastaro bakoitzeko: 0,40 puntu.

Ez dira kontutan hartuko 10 ordu baino gutxigo egindako ikastaroak.

Ikastaro guztien batura ez da 5 puntu baino handiagoa izanen.

Epaimahaiak Araizko Udaleko iragarki-oholean izangaien zerrenda jarriko du, izangai bakoitzak lortutako puntuak adierazteko, eta oposizioaren hasiera data eta ordua adieraziko dira. Iragarkia oposizioa hasi baino 48 ordu lehenago jarriko da.

7.3. Oposizioa.

Lehenbiziko ariketa: deialdi honen II. eranskineko programan agertzen diren gaien inguruko test moduko 50 galdera erantzun beharko da.

Bigarren proba: praktikoa. kontabilitate bakunekoari buruzko kasu praktiko bat argitu beharko da. Ariketa praktikoa egiteko testu legalak (komentatu gabeak) erabili ahalko dira.

Hirugarren proba: informatika proba. Ofimatikaren inguruko ariketa praktikoa Windows ingurunea: Word, Excel, Access, ordu eta erdian gehienez ere.

Epaimahaiak ariketak egiteko denbora ezarriko du proba bakoitza hasi baino lehen.

7.4. Oposioaldiko ariketen balorazioa.

Lehendabiziko ariketa: 40 puntuko kalifikazioa izanen du eta kanpoan geratuko dira 20 puntu lortzen ez dutenak. Ongi erantzundako galdera bakoitzeko 0.80 puntu emango dira, eta gaizki erantzundako galderagatik 0.20 puntu kenduko dira.

Bigarren ariketa: 30 puntuko kalifikazioa izanen du eta kanpoan geratuko dira 15 puntu lortzen ez dutenak.

Hirugarren ariketa: 20 puntuko kalifikazioa izanen du eta kanpoan geratuko dira 10 puntu lortzen ez dutenak.

7.5. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztertzaileak dira, eta bakoitzean gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak kanpoan geratuko dira. Aldi berean, ariketetako edozein probatan 0 puntuazioa ateratzen dutenak kanpoan geratuko dira.

7.6. Epaimahaiak ariketak zuzentzerakoan horiek egiteko erabili den ordena bera erabiliko da: lehendabiziko proba (gaiak), bigarren proba (proba praktikoa), eta hirugarren proba (informatika). Ariketa bat gainditzeko gutxieneko puntuazioa lortzen ez dutenak kanpoan geratuko dira, eta epaimahaiak ez ditu ariketaren beste probak zuzenduko.

7.7. Udaleko iragarki oholean emanen da argitara probak zein egun, ordu eta tokitan eginen diren, gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago, edo hogeita lau ordu lehenago hasitako proba baten jarraipena baldin bada.

7.8. Izangaiek Nortasun Agiri Nazionala edo legez baliokidea den agiriren bat aldean dutela azaldu beharko dute, eta hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bestela, kanporatu eta baztertuak izanen dira, salbu eta zuzenbidearekin bat datorren beste bideren bat erabiliz nortasuna kreditatzen badute.

Probetan oharretatik kopiatzeak zein beste edozein iruzur egiteak berehalako kanporatzea ekarriko du, jarduketa penalak deusetan galarazi gabe, hala behar bada.

8._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.

Zazpigarren oinarrian zehaztu diren lehiaketaldian eta oposizioaldian eskuratutako puntuazio guztiak batuta, epaimahaiak gainditu dutenen zerrenda eginen du, puntuazioarik handienetik txikienera antolatua, eta puntuaziorik handiena duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena igorriko dio Alkatetzari. Alkatetzak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko du proposamen hori.

9._Agirien aurkezpena.

9.1. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren erregistro orokorrean:

a) Eskatutako tituluen kopia kautotua edo fotokopia (Udaletxeko bulegoetara eramanen den jatorrizkoarekin konpultsatu beharrekoa).

b) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izanaren zinpeko aitorpena.

c) Osasun ziurtagiria, lanpostuan aritzea eragozten dion akats fisiko edo psikiko edo eritasunik ez duela frogatzen duena. Ziurtagiri hau Araizko Udalak erabakitzen duen medikuak egingo du.

9.2. Aipatu epearen barnean, eta aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbu, arestiko agiriak aurkezten ez dituena ezin izanen da izendatu, eta bere egintza guztiak deuseztatuak geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeria dela medio etor dakiokeen erantzukizuna deusetan ukatu gabe.

9.3. Azken atalean azaldutakoa gertatzen bada, alkate udalburuak gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin betetzen ahalko du lanpostua.

10._Lanpostuaz jabetzea.

10.1. Alkatetzak, ebazpen baten bidez, Araizko Udaleko administrari-ofiziala izendatuko du aurreko oinarrian ezarritakoa betetzen duen izangaia.

10.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

10.3. Izangai izendatuak hilabeteko epea izanen du lanpostuaren jabetza hartzeko, izendapena jakinarazten denetik hasita. Epe horretan eta ezinbesteko arrazoiak salbu karguaz jabetzen ez bada, Araizko Udaleko lan-kontratudun finkoa izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatzen bada, 9. oinarrian xedatuari jarraituko zaio.

10.4. Hiru hilabeteko probaldia iragandakoan, izendatua lan-kontratudun finko bilakatuko da.

11._Errekurtsoak.

Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat paratzen ahalko da, aukeran:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Sailari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, jaun alkateari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Araitzen, 2006ko azaroaren 7an._Alkatea, Pedro M.ª Saralegui Ochotorena.

1. ERANSKINA

Eskabide eredu ofiziala

Izena: .................., adina: ......., NAN zk.: ............, Helbidea, jakinarazpenetarako, karrika: ....................., zk.: ........, herria: ............., telefonoa: ..........

Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:

_Onartua izatea eskatzen dudala Araizko Udaleko administrari-ofiziala izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (.......... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, data: ............).

_Karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.

_Indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik ez dudala.

_Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan, ezta desgaitua ere eginkizun publikoak betetzeko.

_Deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa badudala.

_Beharrezkoa izanez gero euskara proba egingo dudala zin egiten dut.

_Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

_Honako merezimendu hauek alegatu eta egiaztatzen ditudala:

Horrenbestez, lanpostu hori eskuratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.

Araitzen, 2006ko ............. aren ............(e)an.

(Eskatzailearen sinadura)

ARAIZKO UDALEKO ALKATE UDALBURUA.

2. ERANSKINA

1._Nafarroako toki ogasuna.

_Zerga bilketa. Kontzeptua. Aldiak. Zerga-zor motak. Ordaintzeko moduak. Geroratzeak.

_2/1995 Nafarroako toki ogasunei buruzko Foru Legearen arabera, Nafarroako toki entitateen baliabideak. Baliabide tributarioak eta ez tributarioak. Udal zergak.

_Udal aurrekontuak Nafarroan: haien egituraren gaineko ezagupen orokorrak. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Onetsi eta aldatzeko tramiteak.

2._Antolaketa eta funtzionamendua.

_Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Udal administrazioa: beharrezko antolakuntza eta antolakuntza osagarria. Udal autonomia: eskumena. Berezitasunak: Kontzejua Nafarroan; Mankomunitateak.

3._Administrazio prozedura.

_Administrazio egintza. Administrazio prozedura. Kontzeptua eta arautzea. Ideia orokorra haren hasieraz, antolamenduaz, instrukzioaz eta bukaeraz. Administrazio egintzen jakinarazpena. Epeak eta moduak. Argitalpena: modua eta kasuak.

4._Errekurtsoak.

_Errekurtso administratibo eta jurisdikzionalak, Nafarroako toki entitateen egintza eta erabakien aurka. Batik bat gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua.

5._Erregelamenduak/Ordenantzak.

_Erregelamendua. Kontzeptu orokorra. Ordenantzak eta udal erregelamenduak: baldintzak eta motak. Onespen prozedura.

6._Udal errolda.

_Udal erroldaren gaineko ideia orokorra.

7._Toki entitateen ondasunak.

_Toki Entitateen ondasunak: horien erregulazioa Nafarroako Tokiko Administrazioaren 6/1990 Foru Legean.

_Herri ondasunak: horien erregulazioa Nafarroako Tokiko Administrazioaren 6/1990 Foru Legean.

8._Hirigintza.

_Hirigintzako lizentziak. Kontzeptua eta prozedura.

Iragarkiaren kodea: L0617761