13. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.2. Foru Dekretuak

5/2006 FORU DEKRETUA, urtarrilaren 16koa, Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretua aldatzen duena.

Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuak hiru eranskin ditu zeinetan ezartzen baitira lehendik egindako etxebizitzen, gero eginen diren etxebizitzen edo erabateko zaharberritzeak izanen dituzten etxebizitzen eta etxebizitza babestuen bizigarritasun baldintzak.

Nafarroan etxebizitzari babes publikoa emateari buruzko ekainaren 24ko 8/2004 Foru Legea onestearekin aldaketa zeinbait egin da etxebizitza babestuen mota eta baldintzetan.

Bestalde, 142/2004 Foru Dekretua aplikatzean gaizki ulertze batzuk izan direnez, bidezkoa da eranskinen idazketa aldatzea.

Horren ondorioz, eranskinean aldaketa ugari egin badira ere ez dira funtsezkoak; beraz, horien edukiak xede praktikoa dutenez eta etxebizitzen proiektugileek maiz erabili beharra izaten dutenez, zalantzak argitze aldera komenigarria dirudi eranskinen testu osoa idazketa berriarekin argitaratzeak.

Horrenbestez, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin ados, eta Nafarroako Gobernuak 2006ko urtarrilaren 9ko bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

Artikulu bakarra._Bizigarritasunari buruzko eranskinak aldatzea eta kentzea.

Nafarroako Foru Komunitateko etxebizitzetan bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak arautzen dituen martxoaren 22ko 142/2004 Foru Dekretuaren I. eta II. eranskinen edukia aldatu eta III. eranskina kendu da. Idazketa berriko I. eta II. eranskinak foru dekretu honen barnean sartu dira.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek indarra hartuko du Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta sei hilabetera, II. eranskineko 21. artikuluak izan ezik, horrek indarra hartuko baitu Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean. Foru dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik eta indarra hartzen duen bitarte, etxebizitzen sustatzaileek aukera izanen dute foru dekretu honen aurreko arauetan xedatutakoa osorik betetzeko edo azken foru dekretu honetan ezarri diren bizigarritasun baldintza gutxienekoei euren borondatez jarraitzeko.

Iruñean, 2006ko urtarrilaren 16an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

1. ERANSKINA

Lehendik egindako etxebizitzetarako baldintzak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1._Eranskin honetan ezarritako bizigarritasun baldintzak etxebizitza orori eta eraikin osoari eskatzen ahal zaizkion oinarrizko edo gutxienekoak dira. Baldintza hauek bete ezik, bizigarritasun zedula ukatuko da edo haren indarraldia garaia baino lehen galduko da, etxebizitzak halakorik badu.

Eranskin honek indarra hartu baino lehen luzaturiko bizigarritasun zedula daukaten etxebizitzek, zedula indarrean egonez gero, berritzen ahalko dute, zedula luzatu ondoren etxe berriak egiteko obren antzekoak diren berritze edo zaharberritze obrak egin ez badituzte, II. eranskinean xedatu bezala.

II. KAPITULUA

Eraikinaren baldintzak

2. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

Etxebizitzak dauzkan eraikin orok gutxienez ere zerbitzu hauek eduki beharko ditu:

a) Lurzatiaren mugaraino autoz joateko bidea, salbu eta sendoturiko bide sareak eragozten badu.

b) Hornidura publikoaren saretik edo hornituko dituzten hartune pribatuetatik edateko uraren hornidura, gutxienez ere 500 litro egunean etxebizitza bakoitzeko.

c) Argindarraren hornidura, Behe Tentsioari buruzko Erregelamendu Elektroteknikoan eta Etxebizitzetarako Jarraibide Osagarrietan ezarririko baldintzak betetzeko bide ematen duena.

d) Saneamendu sarea, eraikineko ur beltzak hartu eta orotariko sarera isurtzeko bide ematen duena. Onartuko da putzu septiko batera isurtzea horrek udalaren lizentzia duenean eta teknikoki putzu horiek arautzen dituen berariazko arautegia betetzen duenean.

3. artikulua. Segurtasun baldintzak.

Eraikin orok izan beharreko segurtasun baldintzak:

a) Egonkortasuna. Eraikinaren egiturak zama eta gainkargei eutsiko die, kasuan kasuko erabilerarako, eraikuntzako jarduketei buruzko arautegiak xedatzen duenaren arabera, pertsonei arriskurik sortu gabe eta sortzen diren akatsek eraikuntzako elementuak edo instalazioak urratu gabe, horrek haien egitekoa behar bezala egitea eragotziko bailitzaieke.

b) Suteen aurkako babesa. Suteen aurkako babesari eta eraikinak husteko baldintzak beteko ditu eraikinak, indarra duen arautegiak eskatzen dizkionak.

c) Instalazioak: Era berean, eraikinaren instalazioek, hala nola argindarrak, igogailuek eta tximistorratzek berariazko arautegiak erabilerari eta segurtasunari buruz ezarririko baldintzak bete beharko dituzte.

d) 60 cm-tik goitiko aldeak daudenean, babesteko elementu bat, karela edo eskudela, paratu beharko da, gutxieneko altuera 90 cm izanen duena.

4. artikulua. Sarbideak.

1._Etxebizitza-eraikin guztiek sarbidea izanen dute kaletik eta tarte ireki bat kalearen edo finkaren ondoan, finka horrek bide-zortasunerako eskubideak dituenean.

Etxebizitzek zuzeneko sarbidea izanen dute kanpotik, aurreko atalean adierazitako baldintzetan, edo etxebizitzaren berezko tartean edo eraikinean horretarako bakarrik erabiltzen den tarte komunean barrena. Ezin da sartu beste etxebizitza batzuetan edo bestelako erabilerak dituzten lokaletan barrena, salbu eta merkataritzan edo eskulangintzan diharduten lokalen egoera sendotuetan, lokal horietatik barrena sartu beharreko etxebizitzan bizi direnek egiten badituzte.

3._Eraikinerako eta etxebizitzetarako sarbideek suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arauetan eskatzen ahal diren baldintzak bete beharko dituzte.

5. artikulua. Barneko korridoreak.

Etxebizitza-eraikinetako korridoreen gutxieneko neurriak, bai joan-etortzekoak, bai eskailerenak, bai arrapalenak, suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian ezartzen direnak, kasu bakoitzean aplikatzekoak, eta edozein tokitan gutxienez ere 1,90 m-ko altuera librea izanen da.

6. artikulua. Guztiendako eskailerak.

1._Eskailerek betiere beteko dituzte suteen aurkako babesari eta oztopo fisikoei buruzko arautegian eskatzen diren baldintzak.

2._Gutxieneko altuera librea eskailerako eta eskailera-buruetako edozein tokitan, eskaileraren zabaleraren alderaino, 1,90 m-koa izanen da.

7. artikulua. Patioak.

Patioek, logelak edo egongelak horietara jotzen badute, gutxienez ere 6 m²-ko azalera izanen dute eta haietan 2 m-ko diametroa duen biribil bat sartzen ahalko da. Gutxieneko argi zuzenak 2 m-koak izanen dira.

2._Patioak, sukaldeak bakarrik jotzen badute hartara, gutxienez ere 4 m²-ko azalera izanen du eta 1,50 m-ko argi zuzenak.

3._Lehenagoko patio estaliak onartuko dira, gutxieneko neurriez gain, airea eten gabe berritzeko azalerak gutxienez ere 2 m² hartzen dituenean.

8. artikulua. Garajeak.

Garajeak jarduera sailkatua den aldetik eskatzen ahal zaizkion baldintza guztiak bete beharko ditu, suteen aurka babesteko Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoan ezarririko baldintzez eta sarbideen baldintzez gain, aplikatzekoak badira.

9. artikulua. Trastelekuak.

Etxebizitzei loturiko trastelekuek suteen aurkako babesari buruzko arautegiko baldintzak bete beharko dituzte, aplikatzekoak badira.

10. artikulua. Bestelako baldintzak.

1._Sotoan dauden etxebizitzak ez dira bizitzeko egokiak.

2._Bestelako baldintzak:

a) Iragazkaiztasuna. Eraikinaren eraikuntzak eragotziko dio urari edo hezetasunari kanpoaldetik edo lokal heze batetik etxebizitzetan, zirkulazioko elementu komunetan edo trastelekuetan sartzea.

b) Zoladurak. Etxebizitzako, zirkulazioko elementu komunetako, garajeko eta trastelekuetako zorua hautsik ez sortzeko eta eraikuntzako osagairik ez erortzeko moduan egonen da zolaturik. Zoruaren gehieneko malda etxebizitzaren barnealdean % 2koa izanen da.

c) Paretak. Etxebizitzetan, zirkulazioko elementu komunetan, garaje eta trastelekuetan, paretak hautsik ez sortzeko eta eraikuntzako osagairik ez erortzeko moduan estaliko dira. Lokal hezeetako paretek estaltze iragazkaitz bat izanen dute, erraz garbitzen ahal dena.

d) Argi artifizialak. Kanpoaldea, etxebizitzak, garajeak, trastelekuak eta abar lotzen dituzten zirkulazioko elementu komun guztiek argi artifizialak izanen dituzte, arintasunez joan-etorri ahal izateko, eraikinaren osaera ez ezaguturik ere.

III. KAPITULUA

Etxebizitzen baldintzak

11. artikulua. Egitaraua eta eremuak.

1._Posible izanen da etxebizitzako gela guztien artean joan-etortzea, hartatik kanpora edo zirkulazioko elementu komunera atera beharrik gabe. Etxebizitza ezin erabiliko da beste etxebizitza batera joateko ez eta hari loturik ez dagoen zerbaitetan ere.

2._Etxebizitza orok gutxienez ere gela hauek izanen ditu:

a) Sukaldea. Bereizia badago, gutxienez ere 5 m²-ko azalera erabilgarria izanen du. Bertan 1,80 x 1,20 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da.

b) Egongela, gutxienez 9 m²-ko azalera izanen duena. Eremu berean sukaldea sartzen bada, gutxienez 12 m²-ko azalera izanen du. Kasu bietan 2 m-ko diametroa duen biribil bat sartzen ahalko da.

c) Logela, gutxienez 8 m²-ko azalera izanen duena. Bertan 2 m-ko aldeko lauki bat sartzen ahalko da. Etxebizitzak logela gehiago baditu, horiek 6 m²-ko azalera erabilgarria izanen dute. Logela bat ezin erabiliko da beste gela batera joateko, non ez den logela berari atxikitako bainugela edo aldagela bat.

d) Garbigela, 1,5 m²-ko azalera izanen duena, gutxienez. komunontzi hidraulikoa, konketa eta dutxa edo bainuontzia edukiko ditu. Komungelatik ezin da zuzenean sukaldera joan eta ezin erabiliko da beste gela batera joateko, arropa zabaltzeko tokira izan ezik. Garbigelak bi gune izan ditzake, batean komunontzia eta konketa jartzen ahalko dira eta bestean dutxa edo bainuontzia.

12. artikulua. Gutxieneko altuera.

1._Aurreko artikuluan aipatzen diren azalerak neurtzeko, azalera erabilgarriaren zati bat hartuko da kontuan bakarrik, 1,90 m edo hortik goitiko altuera librea duena, alegia, lokalaren batez besteko altuera 2,10 m baino gehiago baldin bada.

2._Etxebizitzako zirkulazioko elementuak 2 m altu izanen dira gutxienez. Marko, ateburu, habe eta abarren azpitik pasatzeko gutxieneko altuera 1,90 m-koa izanen da.

18. artikulua. Zirkulatzeko guneak.

Etxebizitzaren barneko zirkulazioko elementuak 70 cm zabal izanen dira gutxienez.

19. artikulua. Argiztapena eta aireberritzea.

1._Sukaldea, egongela eta logelak zuzenean argiztatu eta aireberrituko dira, kanpoaldetik edo patio batetik. Argizuloetako argi zuzenak, 2 m luze izanez gero eta ondoko finka bat joz gero, haren gaineko argi eta ikusmenerako eskubidea frogatu beharko da, salbu eta hirigintzako planeamenduak ondoko finkan atzera ematera behartzen badu, 2 m-ko argi luzeak bermatzeko moduan.

2._Egongela edo logela bat nahitaez kaletik edo etxe-multzoko patiotik argiztatu eta aireberrituko dira.

3._Logela itsuak onartzen ahalko dira, egongelarekin lotzen dituen baoa gutxienez ere 1,90 m altu eta 1,30 m zabal denean eta etxebizitzako logela bakarra ez denean.

4._Kanpoko argizuloek gutxienez ere 0,8 m²-ko azalera hartuko du, alegia, gelako lehenbiziko 20 m²-en azalera erabilgarriaren % 8. Aireberritze azalerak argiztatze azaleraren heren bat hartuko du gutxienez.

5._Zuzenean aireberritzen ez diren garbigelek tiro bortxatuaren bidezko aireberritze hodi bat eduki beharko dute.

6._Solairu guztiak, behekoa izan ezik, ukitzen ez dituzten zaharberritzeetan, ez da eskatuko tiro bortxatuaren bidezko aireberritzea estalkiraino sukaldeetan.

2. ERANSKINA

Etxebizitza batean bizi ahal izateko gutxieneko baldintzak

I. KAPITULUA

Aplikazio eremua

1. artikulua. Aplikazio eremua.

1._Etxe berriek, lehendik zegoen eraikin batean egitekoek eta zaharberrituek, zaharberritze obrak etxe berriak egiteko obren antzekoak badira, I. eta II. eranskinetan aipatzen diren arauak bete beharko dituzte.

2._Ulertuko da eraikin baten zaharberritzea etxe berri bat egiteko obraren antzekoa dela, eranskin honi dagokionez, lan horiek eraikin horrek dauzkan etxebizitza guztiak ukitzen dituztenean eta exekuzio materialaren aurrekontuak, ukituriko m² eraikiekin zatiturik, etxebizitzaren arloko jarduketa babesgarrietarako urtero ezartzen den modulu ponderatuaren % 70 gainditzen duenean.

3._Zaharberritze obrak hasteko eta obra berri batekin baliokidetzeko lizentzia eskatzen denean, eraikinean egin eta eskabidea aurkeztu baino bost urte lehenago bukaturiko obretako aurrekontuak metatuko dira.

4._Halaber, zaharberritzea etxe berri bat egiteko obrarekin baliokidetuko da eraikina erabat husten denean edo forjatuen azaleraren % 60 baino gehiago eraitsi edo konpontzen denean, estalkia kontatu gabe, aurrekontua edonolakoa izanik ere.

5._Eraikinen edo etxebizitzen zaharberritze partzialetan eranskin honetan adierazitako baldintzak, obren izaerarekin bateragarriak direnak, betetzea eskatu ahalko da.

6._Helburua handitzea denean eranskin honetan adierazi baldintzak eskatu ahalko dira handitzen den eremuan. Handipenak ez ditu kaltetuko lehendik dauden etxebizitzen bizigarritasun baldintzak edo horien elementu komunak.

II. KAPITULUA

Eraikinaren baldintzak

2. artikulua. Zerbitzuak eta instalazioak.

1._Erakinak eta horrek dauzkan etxebizitzek telekomunikazioen instalazioak izanen dituzte, aplikatzekoa den arautegia betetzen dutenak.

2._Atarietan posta-kutxatilak paratuko dira, arautzen dituzten xedapenen arabera.

3._Saneamendurako zorrotenak aireztatuak izanen dira.

4._Orotariko kolektoreak eta banakako hartuneek osatzen dituzten aireberritze hodiek baldintza hauek bete beharko dituzte:

a) Kolektore batek gehienez ere zortzi solairutarako balioko du. Azken biek hodi bereizi bat edukiko dute. Gainera, gutxienez 400 cm²-ko sekzioa izanen du eta goiko aldean aspiragailu estatiko edo dinamiko bat edukiko du.

b) Hartuneetako hodiek lokal bakar baterako balioko dute, gutxienez ere bi metro luze izanen dira eta haien gutxieneko sekzioa 150 cm²-koa izanen da. Lokala ukitzean, sareto batek babestuko ditu. Ez zaizkio aire-bultzagailurik edo ke-kanpairik itsatsiko.

c) Kolektore bati ezin lotuko zaizkio aireberritze hodiak eta ke edo gasen irteerak.

3. artikulua. Segurtasun baldintzak.

1._Eraikineko edo etxebizitzei loturiko lokalen elementu komunetan 40 cm-tik goitiko desnibelak daudenean, edo haien barrenean 60-tik goitikoak, babesa, karela edo eskudela paratu beharko da, baldintza hauek bete beharko dituena:

a) Goitik beherako eta ezkerretik eskuinerako bultzadei eutsi beharko die, karelaren edozein tokitan, eraikuntzako jarduketei buruz indarra duen arautegiak ezartzen baititu.

b) Edozein tokitan gutxienez ere 95 cm-ko altuera izanen du, bukaturiko zoladuratik goraino neurtua, eta altuera horren azpitik ezin pasako da 12 cm-ko diametroa duen esfera bat.

c) 95 cm-tik beheitik esfera horri pasatzen uzten dioten baoak badaude eta gai hauskorrak ixten badituzte (beirak, zeramikako osagaiek, eta abarrek), bermatuko da, barnetik armatuz edo proiektugileak arrazoituriko bestelako sistemen bidez, kolpe bat hartzean hautsiz gero, ez dela desagertuko eta aldatzen den arte segitzen ahalko duela bere egitekoa egiten.

2._Trenkadarik ez daukaten eskailerak izanez gero, mailen arteko hutsuneak bide ematen badu 60 cm baino gehiagotik erortzeko, kasu horretan ere eragotziko zaio 12 cm-ko diametroa duen esfera bati mailen artetik iragatea.

3._Etxebizitza bat baino gehiago dituzten eraikinetan, kaletik atarian sartzeko bidea ate batek mugatuko du, kanpotik eta etxebizitza bakoitzetik irekitzeko tresna bat edukiko duenak. Posible izanen da etxebizitzen eta atariaren artean hitz egitea.

4._Etxebizitzetarako sarbideko ateak sarraila bat edukiko du, giltzaz irekiko dena, eta behatxulo bat ere bai, kanpokoa ikusi ahal izateko.

4. artikulua. Sarbideak.

1._Eraikineko eta etxebizitzetako sarbideek 5. artikuluan zirkulazioko elementuei buruz ezartzen diren zehaztapenak beteko dituzte.

2._Nahitaezkoa izanen da goitik beherako lotune bakoitzean igogailua paratzea, etxebizitza kolektiboen eraikinetan, etxebizitzaren batean sarbidea eraikineko hirugarren solairuan badago (behekoa kontuan hartu gabe).

3._Etxebizitza kolektiboen eraikin berrietan, igogailua paratzea beharrezkoa ez bada, baoak utziko dira gero paratu ahal izateko eta sarbide, makina eta abarretarako tarteak ere bai, egiazki abian balego izanen lituzkeen neurrietan.

4._Zaharberritze obrak etxe berriak egiteko obren antzekoak izanik, igogailua edo horretarako baoa jartzea galdatzen ahal denean, eraikin horrek beheko solairua eta sei gehiago ez baditu, eskakizun hori ez da betebeharrik izanen igogailua paratzea ezinezkoa bada.

5._Lehendik dagoen etxebizitza bat zatitu eta azalera txikiagoko beste etxebizitza batzuk egiteko obretan, posible da igogailua jartzea edo etorkizunean jartzeko baoa uztea derrigorrezkoa ez izatea, ondorengo bi kasu hauek batera gertatzen badira:

a) Etxebizitza izateko azalera ez handitzea.

b) Igogailua paratzea ezinezkoa izatea, eraikin bereko beste finken jabeei euren partetik behar den azalera lagatzen ez badute, zatitu nahi diren etxebizitzen jabeez aparte.

6._Igogailua nahitaez paratu behar deneko eraikinetan, kabinak neurri hauek izanen ditu barrutik:

a) 6 etxebizitza edo gutxiagorako bada, 1,20 m sakon eta 1 m zabal izanen da.

b) 16 etxebizitza baino gehiagorako bada, gutxienez ere 1,40 m sakon eta 1,10 m zabal izanen da, 1 x 1,20 m-ko igogailu bat baino gehiago daudenean izan ezik.

Gutxieneko sakonera kabinako ate guztiekiko perpendikularrean neurtuko da.

7._Igogailu kopurua 24 etxebizitza igogailuko ez gainditzeko moduan zehaztuko da.

8._Garaje edo etxebizitzen trastelekuetarako solairuak daudenean, igogailuak beste solairuetara bezal-bezala joanen dira haietara.

5. artikulua. Barneko zirkulazioko elementuak.

1._Atariak ate bat edukiko du. Hauexek izanen dira haren gutxieneko neurriak: 0,90 x 2,00 m.

2._Zirkulazioko elementu horizontalak edo etxebizitzetaranzko eta haiei loturiko geletaranzko arrapalak gutxienez ere 1 m zabal izanen dira eta 2,40 m-ko altuera librea izanen dute. 2,50 m baino zabalago ez diren eremuetan gutxieneko altuera duen forjatu gogorretik sabaizun bat esekitzen ahalko da, 2,20 m-ko altuera librea uzten badu. Habeak, hodiak eta sabaitik esekitzen diren elementuen azpitik gutxieneko altuera 2,10 m-koa izanen da, baldin eta altuera gutxitzen duen elementua 0,80 m baino sakonago ez bada.

6. artikulua. Guztiendako eskailerak.

1._Ibilbidea: Eraikineko eskailerek etxebizitzetarako sarbideak dituzten solairuak eta eraikinean sartzekoa lotuko dituzte. Eskailerak garaje-sotoetara ez badoaz, haietatik larrialdietan ateratzeko eskailerek zuzenean kanpoaldera joko dute.

2._Neurriak.

a) Gutxieneko zabalera mailetako edo tarteko eskailera-buruetako edozein tokitan: metro bat. Gutxieneko altuera librea eskailerako eta eskailera-buruetako edozein tokitan, eskaileraren zabaleraren alderaino, 2,10 m-koa izanen da.

b) Eskailera-buruak, ateak haietarantz irekitzen ez badira, eskailera bezain zabalak izanen dira gutxienez. Eskailera-buruak, haietara begira etxebizitzak, lokalak edo igogailua badaude, gutxienez 1,20 m. zabal izanen dira. Ateen baoak gutxienez mailarik hurbilenetik 25 cm-ra egon beharko du.

3._Argiak eta aireberritzea.

3.1._Eskailerek zuzeneko argi eta aireberritzea izanen dute, aurreko aldeko patioko baldintzak gutxienez betetzen dituen kanpoaldera edo barneko aldeko patiora irekirik. Zirrikitu horrek 1 m²-ko azalera hartuko du gutxienez solairu bakoitzean, bai eta eskaileraren uztai osoa ere, eta 0,3 m²-ko azalera izanen du aireberritzeko. Eskailerak ez du argirik hartuko terraza pribatuetatik edo arropa hedatzeko tokietatik.

3.2._Baoa irekitzeko modua eta haren altuera gutxienez ere bi metroko altueran eskailera husteko bidean ez sartzeko modukoak izanen dira, horrela talkak saihestuko baitira, kasu horietan gaizki ikusi ohi da eta.

3.3._Baoak, beheko solairuan izan ezik, eskailera husteko bidea argiztatuko du zuzenean, ibilbide horren ardatzetik gehienez ere 3 m-ra. Kasu guztietan, hori eskailera bezain zabala izanen da.

3.4._Eskaileran goitikako argiak onartuko dira, eraikinak baldintza hauek betetzen baditu:

a) Eskailerako erdiko baoak gutxienez 1 m²-ko azalera hartuko du eta oinarrian 0,5 m-ko diametroa duen zilindro zuzena sartzen ahalko da bertan. Baoa erdian ez badago, haren gutxieneko azalera 1,3 m²-koa izanen da, zilindroaren oinarriko diametroa 0,8 m-koa eta hutsuneak eskailera ukitzen dueneko gutxieneko aldea, 1,3 m-koa. Betiere, baoa ataria dagoeneko solairuraino ailegatuko da.

b) Estalkiko sabai-leihoak gutxienez ere 2 m²-ko azalera izanen du ezkerretik eskuinerako planoarekin 45 gradutik beheitiko angelu bat osatzen badu eta 3 m² handiagoa bada. Bi kasuetan sabai-leihoko punturik altuena atariko kotatik 17 m baino gutxiagora egonen da. Sabai-leihoak 0.80 m²-ko azalera izanen du (edo eskaileratik beretik) airea eten gabe berritzeko, eta argitzen duen eskailerako baoaren gainean egonen da.

3.5._Etxebizitzetara sartzeko solairuko banagunean argirik ez aireberritzerik izan ez eta eskaileratik aparte badago, aireberritzeko hodi bat izan beharko du estalkiraino, sukaldeentzat eta bainugelentzat galdatzen diren baldintza beretan.

7. artikulua. Patioak.

Egongelak, sukaldeak, logelak edo eskailerak patioetara jotzen badute, patio horiek estaligabeak izanen dira, betiere, eta, bizigarritasun baldintzei dagokienez, honelaxe sailkatuko dira:

a) Etxe multzoko patioa.

Hirigintzako planeamenduak neurri, lerrokadura eta abarrei dagokienez arautzen duena, zenbat lurzati edo finkak osatzen duten kontuan hartu gabe. Oinarrian 12 m-ko diametroa duen zilindro zuzen bat sartzen ahal bada bertan, kanpoaldeko patiotzat joko da bizigarritasun baldintzei dagokienez. Bestela barnealdeko patiotzat joko da.

b) Barnealdeko edo lurzatiko patioa.

Lurzati bakar batean sartzen dena edo batzuetan, patio komuna bada. Patio komunen tamaina handitzea beharrezkoa bada ondoren ematen den taularen arabera gutxieneko neurriak izateko, patio komuna dela Jabetza Erregistroan beharko da agerrarazi.

Gutxieneko neurriak:

Sarturiko zilindroa, ø 3 m eta 0,25 H.

Azalera, 12 m² eta H²/10.

Argi zuzenak, 3 m.

Argizulo bateko argi zuzenak baoko azalerako edozein puntutara joan daitekeen oztoporik gabeko gutxieneko perpendikularrak zehaztuko ditu.

Patioaren H. garaiera haren bidez argiztatzen den lehen solairuko zoladuraren kotatik hasita kontatuko da, eraikinaren gailurreraino. Gailurra itxitura, karel edo estalkiko elementuaren punturik altuenetik kontatuko da, patioaren perimetroan eta patioa dagoeneko lurzati berean dagoeneko eraikinean. Altuera uniformea ez bada, alturen batez besteko ponderatua aterako da finka propioan, tximiniak edo bestelako elementuak kenduta, horien ukimen aldea 60 cm-tik goitikoa ez denean. Patioaren gailurraren gainetik patioko fatxaden elementuak edo solairu atzeraemanak izan ahalko dira, patioko fatxada bakoitzaren gailurreko elementutik igarotzen diren 45º-ko malda duten planoak gainditzen ez badituzte, betiere.

Bakarreko etxebizitzetako solairu bakarreko patioek 1. eranskineko 7.1 artikuluan aurreikusitako oinarrizko baldintzak beteko dituzte, zuzeneko argienak izan ezik, horiek, gutxienez, hiru metrokoak izanen baitira.

Lurzatiko edo etxe-multzoko patioak sartunerik badauka, bakarrik argiztatzeko eta aireberritzeko baoak irekitzen ahalko dira haietan, sartuneek gutxienez fatxadako patioetarako ezarririko neurriak badituzte.

c) Kanpoaldeko edo fatxadako patioa.

Kanpoko fatxadan edo etxe-multzoko patioan 1,5 m baino gehiagoko sakonera duten sartuneak fatxadako edo kanpoaldeko patiotzat joko dira , betiere baldintza hauek betetzen badituzte:

c.1) Irekiriko frontearen gutxieneko zabalera 3 m-koa izanen da eta haren gehieneko sakonera, fatxadarekiko perpendikularrean neurtua, haren zabalera halako bat eta erdi.

c.2) Fatxadako patioko alboko paretetan egongela izateko baoak irekitzen badira, argitzeko gutxieneko baldintzak betetzeko beharrezkoak baitira, haien baoetako gutxieneko argi zuzenak 6 m-koak izanen dira.

8. artikulua. Etxebizitza-eraikinetako garaje egin berriak.

1._Baldintza orokorrak.

1.1._Ibilgailuak arauz aparkatzeko tokiari deritzo garaje.

Artikulu hau ez zaie erabilera publikoko garajeei aplikatuko, beren arautegi berezia baitute. Garaje batek erabilera publikoa eta pribatua batera badu, aparkatokiak etxebizitzei loturik, artikulu honetako baldintzak beteko dira, etxebizitzei loturiko aparkatokien eremuan eta haien sarbideetan gutxienez.

1.3._Garajea komuna bada, finka edo atari pribatuak zeharkatzen dituztenak ez dira larrialdietarako irteeratzat joko, non ez den bide-zortasun egokia egiten.

1.4._Edozein oztoporen gutxieneko altuera librea, aparkatokiko, arrapalako edo ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioko elementuko edozein puntutan neurtua, 2, 10 m-koa izanen da, sartzeko atea barne.

2._Sarbideak.

Garaje orok, bertan sartzeko metro bat baino gehiagoko aldea gainditzen duen goitik beherako arrapala bat badu, ezkaratz bat edukiko du. Haren gehieneko malda % 6koa izanen da. Gainera, arrapala baino lehen, gutxienez ere 5 m-ko sakonera izanen da, erabilera publikoko espaloi eta galtzada kontuan hartu gabe. Ezkaratza gutxienez ere 3,5 m zabal izanen da eta atea, 3 m. Familia bakarreko etxebizitzetan ezkaratzaren hondoa 2,5 m-ra murriztu ahalko da, zabalera 3 m-ra eta atearen zabalera 2,5 m-ra, garajea etxebizitza batena baino gehiagorena ez bada.

2.2._Ehun aparkatoki edo gehiago dauzkaten garajeek sarrera eta irteera bana izanen dute ibilgailuendako, edo arrapala eta sarbide bikoitzak. Arrapala bikoitzen zabalera 5,40 m izanen da, gutxienez.

Garajean sartzeko arrapalak beren tarte zuzenetan gutxienez ere 3 m zabal izanen dira eta haien gehieneko malda % 20koa izanen da. Tarte bihurrietan, haien bihurtze erradioa 20 m baino gutxiagokoa bada, gutxieneko zabalera 3,5 m-koa izanen da eta gehieneko malda % 15ekoa, biak noranzko bakoitzaren ardatzean neurtuak. Ardatzean gutxieneko bihurtze erradioa 6 m-koa izanen da.

2.4._Arrapala bi norabidetakoa bada eta haien bi muturren artean ikusterik ez badago edo 30 m baino luzeagoa bada, uneoro zer norabidek duen lehentasuna adierazten duen gailu bat paratuko da.

2.5._Garajeek ibilgailuendako igogailua edo autoak jasotzeko aparatua edukitzen ahalko dute sarbide gisa, teknika eta segurtasun arloan eskatzen ahal diren baldintzak betetzen badituzte. Ibilgailuen sarbide bakarra izanez gero, aparatu bat izanen da 20 aparkatoki edo zatikiko. Garajeak sei aparkatoki edo gehiago badauzka, bertan sartzeko ezkaratza gutxienez ere 5 m zabal izanen da eta 10 m sakon.

3._Zirkulazioa.

3.1._Ibilgailuak zirkulatzeko pasabideetan oztoporik gabeko gutxieneko zabalera librea 3,5 m-koa izanen da. Pasabidera aparkatokiak jotzen badute, 45º-tik goitiko angeluarekin, gutxieneko zabalera 4,5 m-koa izanen da. Pasabideak behar duen zabalera ez du gutxituko inolako eraikuntzako elementurik, hala nola zutaberik edo bestelakorik.

Aparkatoki horien aurrean, pasabideak 4,50 m-ko zabalera izan beharko du aparkatokiaren aurrealde osoan, pasabidearen ardatzarekiko perpendikularrean neurtua.

3.2._Norabide aldaketa eta biraketa guztietan 3 m-ko zabalera duen errei bat sartzen ahalko da. Horrek bere erdiko ardatzean gutxienez ere 5 m-ko erradioa izanen du biratzeko.

3.3._Pertsonak joan-etortzeko korridoreek gutxienez ere metro bateko zabalera izanen dute eta aparkatokien eremuan ez dira sartuko. Aparkatoki batetik bakarrik joaten ahalko da aparkatokiari berari loturiko trastelekura. Oinezkoendako ibilbideek oztopo fisikoei buruzko arautegian xedaturikoa bete beharko dute.

4._Aparkatokien eta sarbidearen luze-zabalak.

4.1._Aparkatoki bakoitzak azalera lau bat hartuko du, gehienez ere % 6ko malda izanen duena. Haren gutxieneko neurri libreak 2,3 x 4,7 m izanen dira aurretik sartuz gero eta 2,2 x 5 m aparkatoki lerrokatuetan.

4.2._Paretak mugatzen badu aparkatokia alde batetik, aparkatoki lerrokatuetan izan ezik, haren gutxieneko neurriak 2,8 x 4,7 m izanen dira. Aparkatokiaren zabalera eraginkorra 2,5 m arte gutxitzen duten elementuak gehienez ere 2,5 metrotan izaten ahalko dira, aparkatokiaren atzealdetik neurturik.

4.3._Aparkatokia alde batetik mugatzen duten elementuak badaude, 1,2 m baino luzeagoak aparkatokiaren ardatz nagusiaren paretik neurturik, alboko paretarekin parekatuko dira.

4.4._Aparkatoki lerrokatuetan izan ezik, aparkatokiaren alboko mugen luzapen zuzenak mugaturiko eremuan zirkulazioko korridoreraino oztoporik ez egotea izanen da korridoreetatik aparkatokietara joateko bermea (gehienez ere 5 m). 5 m baino luzeagoa izanez gero, zirkulazioko korridoreko baldintzak bete beharko ditu.

4.5._Proiektuko planoetan aparkatoki guztiek agertu beharko dute, marrazturik, mugaturik eta zenbakiturik, baita arrapalek eta korridoreek, eta frogatu beharko da, hala bada, biratzeko gutxieneko erradioak betetzen direla.

4.6._Ezinduendako etxebizitzak egin asmo direneko eraikinetan, garajea edukiz gero, aparkatokiak lotuko zaizkie etxebizitza horiei. Haien gutxieneko neurriak 3,20 m zabal eta 4,70 m sakon izanen dira. Aparkatokiaren alde batean oztopo bat ere ez badago, zirkulazio korridorearen mugan, aparkatokia 2,30 m zabal izaten ahalko da.

9. artikulua. Trastelekuak.

1._Eranskin honetan aurreikusitako ondorioetarako, trastelekutzat jotzen dira erregistroaren arabera etxebizitzari loturik dauden lokalak, bakarrik etxebizitzako tresnak biltzeko erabiltzen badira.

2._Trastelekuetarako sarbideek 4. eta 5. artikuluetan zirkulazioko elementuetarako ezartzen diren baldintzak beteko dituzte. Trastelekura joateko ateak pasabide bat utzi beharko du, 80 cm-ko zabalerakoa eta 200 cm-ko altuerakoa, gutxienez.

3._Trastelekuek aireberritze sistema bat edukiko du 0,5 bolumen orduko aireberritzea bermatzen duena, gutxienez.

10. artikulua. Bestelako baldintzak.

Eraikuntzari buruzko Kode Teknikoa, behe tentsioari eta telekomunikazioei buruzko erregelamenduak, etab. betetzeko eskatzen diren baldintzetatik aparte, materialen kalitateak eta etxebizitza-eraikinen eraikuntzak bermatuko dituzte, I. eranskinean aipatzen diren oinarrizko baldintzez gain, gutxieneko baldintza hauek:

a) Beheko solairuko etxebizitzak. Logela, sukalde, jantoki edo egongela bat beheko solairuan egonez gero, bertan forjatu bat izanen da, lurretik bereizia, 0.5 m-koa, aireztaturiko ganbara bat osatuko duena. Proiektuan frogatzen denean harturiko neurriek lurreko hezetasuna isolatzea lortzen dutela, beste neurri batzuk onartzen ahalko dira.

b) Zoruaren gehieneko malda etxebizitzaren barnealdean % 0,5ekoa izanen da.

10.8. Posible izanen da lurzatiko patioetara joatea garbitu ahal izateko, salbu eta, etxebizitza baten batek bakarrik erabiltzekoa izanik, horretatik joatea badute. Nolanahi ere, euriko urerako hustubide sifonikoa edukiko dute.

III. KAPITULUA

Etxebizitzen baldintzak

11. artikulua. Programa eta azalerak.

1._Etxebizitza orok guztira 30 m²-ko azalera erabilgarria izanen du, gutxienez, egongela, logela, bainugela eta sukaldea dituela, eta guztiek ondoren ematen diren gutxieneko baldintzak beteko dituzte.

2._Etxebizitzatik ezin joanen da beste toki edo lokal batera. Hori horrela, edozein gela, horretara zuzenean bakarrik etxebizitzaren barnealdetik joaten ahal bada, haren osagaia izanen da ondorio guztietarako.

12. artikulua. Gutxieneko altuera.

1._Sabai horizontalen gutxieneko altuera librea, bertikalean, edo % 30etik behetiko malda duenarena 2,40 m-koa izanen da. Banatze elementuetan, garbigela, sukalde eta arropa zabaltzeko toki estalietan, sabaizun esekiak onartuko dira, 2,20 m-ko altuera librea uzten badute.

2._Lehenagoko etxebizitzen zaharberritzean, forjatuak aldatzen ez badira, 2,20 m-ko gutxieneko altuera librea onartuko da.

3._Sabaia % 30etik goitiko maldan duten geletan, 2,20 m-ko garaiera librea gainditzen ez duen azalera erabilgarriaren zatia ez da kontuan hartuko gela mota bakoitzerako edo etxebizitzarako eskatzen diren gutxieneko azaleretarako ez eta geletan eskatzen diren irudiak sartzeko ere.

4._Pasatzeko baoetan edo elementu berezietan, hala nola, ate, arku, habe eta abarretan, gutxieneko altuera librea 2 m-koa izanen da.

5._Barneko eskaileretan gutxieneko altuera librea 6. artikuluan eskailera komunetarako ezartzen dena izanen da.

13. artikulua. Egongela.

1._Laukian adierazten den gutxieneko azalera izanen du, zenbat logela dituen eta horrela, eta lauki berean adierazten den laukizuzena sartzen ahalko da bertan.

Zenbat logela Azalera, m²-tan Laukizuzena, m

1 edo 2 logela 12 2.7 x 3.5

1 edo 2 logela 12 3 x 4

2._Logela eta sukaldea toki berean badaude, laukian adierazten diren azalerei 4 m² erantsiko zaizkie eta egongelari dagokionez gutxieneko laukizuzen bera izanen da.

3._Egongela eta sukaldea toki berean daudela ulertzeko, ezin bereiziko dira eta bien arteko loturak gutxienez ere 3,50 m²-ko azalera izan beharko du, bien artean obra, altzari finko edo aterik ez dagoela.

14. artikulua. Sukaldea.

1._Sukaldearen gutxieneko azalera 5 m²-koa izanen da logela bakarreko etxebizitzetan eta 7 m²-koa besteetan. Bertan 3 x 1,60 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da edo 2,20 m-ko aldeak dituen karratu bat.

2._Egongelan sarturiko sukaldeek bide emanen dute adierazten diren irudiak sartzeko sukalde bereizietan, zeinak egongelan sartu behar denarekin bat eginen ez baitu.

3._Sukalde bereizia ezin erabiliko da geletara joateko, jakitegi, sukalondo edo arropa zabaltzeko tokira izan ezik, eta ez du zuzeneko sarbiderik izanen logela edo garbigelarako.

15. artikulua. Logelak.

1._Etxebizitza orok gutxienez ere 10 m² edo gehiagoko logela bat edukiko du. 2,50 m-ko aldeak dauzkan lauki bat sartzen ahalko da bertan. Beste logelek 8 m²-ko azalera izanen dute gutxienez. 2,40 m-ko aldeak dauzkan lauki bat edo 4 x 2 m-ko laukizuzen bat sartzen ahalko da bertan.

2._Logela batetik ere ezin joanen da beste gela bereizi batera, logelari berari loturiko bainugela edo jantzigeletara izan ezik.

3._Etxebizitzako gela bereizi orok, 4 m²-ko azalera edo handiagoa badu eta argizuloa badu, bigarren mailako logeletarako ezarririko baldintzak bete beharko ditu eta horietarikotzat joko da ondorio guztietarako. Garbigelak eta sukaldea ez ezik, sukalondoak edo jakitegiak baztertzen dira, sukaldea badute sarbide bakarra. Zaharberritze kasuetan, geletan akaberako kontuak besterik egiten ez badira, 1. eranskinean xedatutakoa bakarrik bete beharko dute.

16. artikulua. Bainugela, garbigela eta komuna.

1._Bainugelak gutxienez ere 2,50 m²-ko azalera izanen du eta dutxa, komuna eta konketa behintzat edukiko ditu. Dutxaren ordez 1,40 x 0,70 m-ko bainuontzi bat paratzeko adinako tokia utzi beharko da.

2._Garbigelak gutxienez ere 1,70 m²-ko azalera izanen du eta dutxa edo bainuontzia, komunontzia eta konketa behintzat edukiko ditu.

3._Gutxieneko hornidura, etxebizitzako logelen kopuruaren arabera, hauxe izanen da:

3 logela bitarte: bainugela bat

4 logela edo gehiago: bainugela bat + garbigela bat.

4._Gutxienez etxebizitzako bainugela batean 120 cm-ko diametroko zilindro bat, gainera 70 cm luze dena, sartzen ahalko da, bideta kentzea izanik erreforma bakarra.

5._Bainugelara edo garbigelara etxebizitzako zirkulazioko eremutik joaten ahalko da. Logela guztietan baldin bada bertakoek bakarrik erabili beharreko bainugela bat, aski izanen da komun bat izatea zirkulazio elementu batetik sarbidea duena. Komunontzia duen gelatik zuzenean garbigelara, zirkulazioko eremura edo logela batera bakarrik joaten ahal da.

6._Aparatuak alde batean bakarrik dauzkaten bainugela edo garbigeletan, paramentuen arteko gutxieneko aldea 1,20 m-koa izanen da. Aparatuak aurrez aurre badaude, gutxienez 1,60 cm-koa izanen da aldea. Betiere aparatuok kokatzen direneko tokiaren zabalera 0,90 m-koa izanen da, gutxienez.

7._Konketa, komunontzia eta bideta nahi bezain zabalak izanen dira. Aparatu horien zabalerak ez du bat eginen 60 cm-ko beste batenarekin.

8._Komunontzia dagoen gelak gutxienez komunontzia eta konketa edukiko ditu eta haren gutxieneko azalera 1,50 m²-koa izanen da eta zabalera 0,9 m-koa gutxienez.

9._Sabai okertuko bainugela, garbigela eta komungeletan, aparatuen arteko aldeek eta haien eta atearen artekoak gutxienez ere 2 m-ko altuera librea izanen dute.

10._Higiene aparatuak dauzkaten gelak lauzen edo antzeko material iragazgaitzen bidez estaliko dira, zoru eta pareetan, gutxienez ere 2 m-ko altuera arte.

17. artikulua. Arropa hedatzeko tokiak.

Etxebizitza orotan arropa kanpoaldean hedatzen ahalko da, kaletik ez ikusteko moduan babesturik. 1 m-tik beheitiko tarteetan soka gutxienez ere 6 m. luze izanen da. Tarte batetik bestera edo tarte batetik edozein elementutara gutxienez ere 20 cm-ko aldea izanen da. Soken azpitik 150 cm-ko altuera utzi beharko da, oztoporik gabea eta ate batek ezin ukitzeko moduan. Arropa barneko patio batean zabaltzen bada, ez da beharrezkoa izanen ikuspegia babestea.

2._Sokak kokatzen diren tokiak eta ikuspegia babesten duten elementu eta saretak ez dira traba izanen etxebizitzaren gutxieneko argiztatzerako behar den argizuloko argi zuzenetarako.

3._Arropa hedaltzeko tokia itxia bada, kanpoaldeak ixteko hozbero, hots eta abarrei buruzko arautegian behartzen diren itxitura eta baoen bidez bereiziko da etxebizitza.

4._Arropa hedatzeko toki itxiaren gutxieneko azalera 2,4 m²-koa izanen da. Sokak lehen aipatu diren baldintzak betez paratzen ahalko dira bertan eta bao bat izanen du, kanpotik sartzeko modukoa eta 1,20 m²-koa. Ur hustubidea ere izanen du.

5._Etxebizitza argiztatu edo aireberritzeko behar den baorik ezin egonen da arropa zabaltzeko tokietara begira.

6._Patioan arropa hedatzeko tokiak. Eranskin honetan xedatutakoa aplikatzekoa den zaharberritze obretan arropa hedatzeko propio diren patioak onartzen dira, gutxienez 2 x 2 m-koak solairuko, gehienez ere solairu bakoitzak bi etxebizitza baditu.

7._Arropa hedatzeko patioak estaliak izanen dira, eta nolanahi ere 2 m² _ko gailurra izanen du gutxienez eta hartan etengabeko aireberritzea eta kanpoko aire hartune bat, 0,10 m²-koa, solairu behekoenean kokatua.

18. artikulua. Zirkulatzeko guneak.

1._Atalondoa. Etxebizitzan sartzeko atearen ondoren 1,10 m-ko aldeak dituen lauki bat sartzen ahalko da.

2._Pasabideak. 90 cm zabal izanen dira gutxienez. 80 cm arte estutzen ahalko dira, baldin eta pasabidea estutzera behartzen duen elementuak libre uzten duen zabalera baino sakonera handiagoa ez badu.

3._Ateak. Barnealdeko pasabideetako ateen gutxieneko zabalera 80 cm-koa izanen da.

4._Etxebizitzako barneko eskailerak gutxienez ere 90 cm zabal izanen dira eta 27 cm-ko mailagaina eta gehienez ere 19 cm-ko mailarteak izanen dituzte. Baldintza hauek ez dira aplikatzekoak izanen inor bizi ez den tokietarako, ganbaretarako, eta abarretarako sarbideetan.

5._Maila berdinduek gutxienez ere 27 cm-ko mailagaina izanen dute, mailaren barneko ertzetik 45 cm-ra neurturik.

19. artikulua. Argiak eta aireberritzea.

1._Egongela kanpoaldetik edo etxe-multzo patiotik argiztatu eta aireberrituko da, familia bakarreko etxebizitzetan izan ezik. Sukaldea, egongela eta logelak lurzatiko patiora begira egoten ahalko dira. Betiere, 7. artikuluan aipatzen diren gutxieneko argi zuzenak 3 m-koak izanen dira.

2._Argizuloen gutxieneko eremua 1 m² izanen da, solairuko gela bakoitzeko azalera erabilgarriaren % 10 alegia. Argizuloak toki ireki edo begiratoki batera begira badaude, argiztatze eremurik txikiena % 50 handituko da. Toki irekian edo begiratokian kanpora begira dagoen argizuloak haren eta hartara begira dauden gelen azalera erabilgarriaren % 10 hartuko du, gutxienez. Era berean, argizuloentzat orokorrean ezarritako gainerako baldintzak beteko ditu, hala nola argi zuzenei eta bertan sartu beharreko irudiei buruzkoak, besteak beste.

3._Argiztatzeko gutxieneko azalera kalkulatzeko gela bakoitzaren lehenbiziko 20 m²-ak bakarrik hartuko dira kontuan.

4._Argizulo osoa argiztatzekoa dela ulertzeko beira gardenezko azalera, baoaren % 70koa gutxienez beharko du. Aurrekoa baino txikiagoa baldin bada, beira gardenezko azalera besterik ez da kontuan hartuko.

5._Gela bakoitza argiztatu eta aireberritzeko baoak gelan sartu beharreko gutxieneko laukizuzenetik 2 m-ra egonen dira gehienez.

6._Egongelak eta logelak ezin argiztatuko dira denek erabili beharreko korridoreen bidez.

7._Administrazioak agindurik, aurrealdeari eusten dioten zaharberritze lanetan, aski izanen da I. eranskineko 19,4 puntuan eskatzen diren gutxieneko baldintzak betetzea.

8._Egongela, sukaldea eta logela nagusia argiztatzeko azaleran, zoladuraren gaineko 95 cm-tik 180 cm-ra bitarteko zerrendan bao bat utziko da. Bao horrek, ireki ondoren, gutxienez ere 70 x 70 cm-ko neurria izanen du.

9._Zuzenean aireberritzeko gutxieneko baoek gutxienez argiztatzeko eremurik txikienaren heren bat hartuko dute. Baoak irekitzeko gailua zoladuraren gainean egonen da, gehienez ere 1,50 m-ko altueran.

10._Sukaldeak, bainugelek, garbigelek eta komungelek tiro bortxatuaren bidez etengabe aireberritzeko hodi iraunkor bat izanen dute estalkiraino, ke-kanpai, galdara eta abarretako erabiltzen direnetatik bereizia. Hodien gainaldeek pieza aspiratzaile estatiko edo dinamiko bat izanen dute estalkian. Zuzeneko aireberritzerik ez daukaten jakitegiek ere izanen dute hodi hori. Sukaldeek, gainera, ke-kanpaia lotzeko hodi bereizi bat edukiko dute estalkiraino, gutxienez ere 10 cm-ko diametroa izanen duena.

11._Garbigeletako ateen beheko aldean gutxienez ere 70 cm²-ko sareta edo bao bat izanen da.

12._Sukaldeak eta egongelak toki bakar bat osatzen dutenean, beharrezkoa izanen da, aireberritze etengabeaz gain, estalkiraino aireberritze mekaniko bat ere izatea, orduan 300 metro kubiko aspiratzeko gaitasuna duena, gutxienez.

20. artikulua. Etxebizitzetako gutxieneko instalazioak.

1._Etxebizitza-eraikinetarako 2. artikuluan ezartzen diren gutxieneko zerbitzuak edukiko ditu etxebizitza orok. Haren barnealdean zehar instalazio bakoitzean aplikatzekoak diren erregelamendu teknikoak betez bideratuko dira.

2._Sukaldeko eta garbigeletako ur hotz eta beroko sareek 1 kg/cm²-etik 4,5 kg/cm² _ra bitarteko presioa edukiko dute. Uraren lastertasuna 1,5 m/s-koa izanen da, gehienez ere. Ura berotzen duen tresnak 13 litroko bat-bateko kontsumoa bermatuko du minutuko, 40 &deg.C-tan, edo 75 litroko kontsumo metatua.

3._Iturgintzako instalazioa daukan gela bakoitzak ura eteteko giltza edukiko du.

4._Sukaldeek ura hartu eta husteko hartuneak izanen dituzte, harraska, garbigailu eta plater-ikuzgailurako. Garbigailuko eta plater-ikuzgailuko hartuneek ura eteteko giltza bana edukiko dute. Argindar sare landatua eta lurreko hartunea, behe tentsioko argindar erregelamenduaren arabera.

5._Telebista, irrati, telefono, kable bidezko hedabide eta abarretako hartuneen kopurua eta tokia bat etorriko dira telekomunikazioei buruz indarra duen arautegiarekin.

6._Beira bidez ixten diren kanpoko bao guztiek kanpoaldean sareta edo kontraleihoa edukiko dute, gela iluntzeko eta eguzkiaren zuzeneko izpietatik babesteko moduan. Barnealdea iluntzeko sistemak onartzen ahalko dira eguzki-izpien aurkako babesa bermatzen duten kanpoko bestelako elementuak daudenean.

7._Etxebizitza orok berokuntza sistema bat edukiko du, etxebizitzaren barnealde osoa 20 &deg.C-tan edukitzeko modukoa, eraikinen baldintza termikoei buruz indarra duen arautegian ezarri bezala.

21. artikulua. Etxebizitzen eta eranskinen azalerak.

1._Etxebizitzen edo haren gelen azalera erabilgarriak eta eraikiak ondoren ematen diren irizpideen arabera neurtuko dira. Hortik ateratzen diren zifrak agertuko dira haiei buruzko agiri guztietan, baita saldu edo alokatzeko iragarkietan ere.

2._Eraikitako azalera ondorengo hauek batuz lortuko da:

a) Fatxadak ixteko kanpoko aldeak eta mehelinek edo beste etxebizitza, lokal edo elementu komunetatik bereizteko elementuek mugatzen dutena.

b) Erabilera pribatuko kanpoaldeko azalerak (terrazak, balkoiak eta abar). % 50 kontatuko da: , estalia egonik, bi aldeetan paretak muga dituen zatian eta % 50 gainerako azaleran. Begiratoki eta arropa hedatzeko toki itxietan azaleraren % 100 kontatuko da.

Ez dira kontatuko etxebizitzaren azalera eraiki gisa beste elementu baten estalki lauak osatzen dituen terrazak, etxebizitzak bakarrik erabiltzekoak izanik ere, baldin eta eraikina jabetza horizontalki banatzeko araubidearen arabera osatua bada eta estalki hori eraikineko elementu komunen artean sartua bada.

Kanpoaldeko toki estaligabeak, nahiz eta zolaberrituak izan, ez dira beheko solairuko etxebizitzen azalera eraiki gisa kontatuko.

Arropa hedatzeko azalera terrazetako irizpidearen arabera neurtuko dira, joanerraz eta irekiak badira, eta % 100 itxiak badira.

c) Elementu komunetako azalera eraikiaren zati proportzionala, aurreko irizpideen arabera neurturik.

3._Etxebizitzaren azalera erabilgarria aurreko a) eta b) atalen batura izanen da, hauek guztiak kenduta: murruak, trenkadak, terrazetako karelak, egiturazko elementu bertikalak eta hodi exentuak eta 100 cm²-tik goitiko sekzio horizontala duten itxitura edo trenkadak gainditzen dituztenak, eta 1,50 m-tik beheitiko altuera librea duen azalera.

4._Etxebizitzako gela bakoitzaren edo trastelekuaren azalera erabilgarria horiek mugatzen duten itxituren barneko aldearen perimetroak hartzen duena izanen da, etxebizitzen azalera erabilgarria neurtzeko kentzen dena kendurik.

5._Garaje baten azalera eraiki osoa izanen da azalera estalia kanpotik mugatzen duten itxituren kanpoko aldeko perimetroaren eta beste erabilera edo mehelin batzuetatik bereizten duen ardatzaren barruan sartzen dena.

6._Garaje baten azalera erabilgarria izanen da hura mugatzen duen laukizuzenarena, oztoporik gabe eta elementu komunak edo garajeko zirkulaziokoak kontatu gabe, adibidez, arrakalak, korridoreak edo hondarreko espazioak.

Iragarkiaren kodea: F0600994