II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
LESAKA
Behin betikoz onetsirik udal hondakindegian obra hondakinak botatzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskala
Lesakako Udalak, 2005eko irailaren 30ean egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Udal hondakindegian obra hondakinak botatzeko tasa arautzen duen ordenantza fiskala eta dagokion tasa ezartzea.
Ordenantza hori jendaurrean egon zen hogeita hamar egunean, aitzinetik 2005eko 138. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoan, azaroaren 18an, baita Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratu ondoan ere.
Aipatutako epe horretan inork erreklamazio, kexa edo oharrik aurkeztu ez duenez gero, hasierako onespena behin betiko bihurtu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325.1.c) artikuluan ezarritakoarekin bat.
Beraz, bidezko da ordenantzaren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
UDAL HONDAKINDEGIAN OBRA HONDAKINAK BOTATZEKO PREZIO PUBLIKOAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
1. artikulua. Ordenantza hau ezarri da Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legearen (gero martxoaren 2ko 4/1999 Foru Legearen bidez aldatu baitzen) 100. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoaren babesean.
2. artikulua. Tasaren zergapeko egintza da udal hondakindegian obra hondakinak eta gai geldoak, ez kimikoak eta ez organikoak, botatzea.
3. artikulua. Zerga ordaindu beharra hasten da udal hondakindegian gaiak botatzen direnean.
Deus bota aitzin, Herriko Etxean horretarako dagoen inprimakia bete beharko da eta hartan zehaztu zenbat kamioi ariko diren eta zenbat tona bota nahi diren. Inprimakia betiere beharko da sinatu.
Hondakinak behin eta berriz bota behar direnean eta horretan astebete baino gehiago egiten bada, enpresak astean behin aurkeztu beharko dio Udalari astean zehar egindako bidaien deklarazioa, tonak eta guzti, hori guztia gai horri buruz Udaleko enplegatuak daraman kontrolaz aparte.
4. artikulua. Botatzeko baimena eskatzen duten pertsona edo entitateak izanen dira subjektu pasiboak, baita baimenik gabe botatzen duten pertsona edo entitateak ere. Hondakina botatzeko deklarazioa sinatzen duen hura hartuko da eskabide egiletzat.
Entitate edo enpresa batek bertze enpresa kontratatzen badu hondakinak botatzeko, eta azkeneko horrek deklarazioa sinatzen badu, bertan zehaztu beharko du zein entitate edota pertsonaren izenean ari den. Dirubilketari dagokionez, hondakinak bota dituen enpresaren ordezkotzat hartuko da enpresa kontratatzailea.
5. artikulua. Obra-hondakinak zuzenean deuseztatzeko zerbitzuaz den bezainbatean, zerga-oinarria botatzen den tona kopurua da.
6. artikulua. Indarra duten tarifak eranskinean zehazten dira. Direlako tarifa horiek urtero berritzen ahalko dira.
7. artikulua. Bota ondoan, obra-hondakinak egokituko dira, eta horretarako zapal-zapal utziko dira edo bertzenaz amildegitik beheiti bulkatuko dira.
8. artikulua. 1. Hondakindegia erabiltzeak ekartzen badu bere suntsiketa edo narriadura, onuraduna, behar den tasaren ordainketa ukatu gabe, hura berreraiki edo konpontzeko gastuen kostu osoa ordaintzera beharturik dago, bai eta aurretik zenbateko hori gordailutako uztera ere.
2. Kalteak konponezinak badira, onuradunak desegindako gaiek zenbat balio duten edo kaltetutakoen baliogalera norainokoa den, horrenbertze emanen dio ordainetan toki entitateari.
Toki entitateak ez ditu inolaz ere barkatuko artikulu honek aipatzen dituen kalte-ordainak eta diru itzulerak.
9. artikulua. Tasa ordaindu beharra aprobetxamendua onartzen denean sortzen da, edo aprobetxamendua hasten denetik, baimenik gabe hasi bada.
10. artikulua. Arau-hauste larriak honako hauek dira:
a) Obra-hondakinak baimenik gabe botatzea.
b) Gai kimikoak edo organikoak botatzea.
c) Deklaraziorik egin gabe botatzea edo hura zuzen ez dauden datuekin aurkeztea.
d) Botatakoa zapal-zapal egina ez uztea.
11. artikulua. Arau-hausteei eta haien zehapenei dagokien orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
AZKEN XEDAPENAK
Lehenbizikoa._Ordenantza honetan jasotzen ez den orotan, Ordenantza fiskal orokorrean eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legean xedatutakoa aplikatuko da.
Bigarrena._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko, haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.
E R A N S K I N A
Tarifak
_750 kg-tik 4 t bitarteko karga duen kamioia: 1.514 pezeta-9,10 euro kamioi bakoitzeko.
_4 t-tik 10 t bitarteko karga duen kamioia: 2.920 pezeta-17,55 euro kamioi bakoitzeko.
_10 t-tik 20 t bitarteko karga duen kamioia: 4.378 pezeta-26,31 euro kamioi bakoitzeko.
_20 tonatik goitiko karga duen kamioia: 6.625 pezeta-39,82 euro kamioi bakoitzeko.
Lesakan, 2006ko urtarrilaren 4an._Alkate udalburua, Juan Fermín Mitxelena Larralde.
Iragarkiaren kodea: L0600779