13. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

607/2005 FORU AGINDUA, abenduaren 23koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Exebizitza kontseilariak emana, tizu papera egin eta eraldatzeko jarduerarako ingurumen arloko baimen osatua ematen duena. Georgia Pacific, S.P.R.L. enpresak sustatu du, Alloko udalerrian. Halaber, aurkeztutako proiektuari buruzko ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin du.

Instalazio hori kutsaduraren aurkako aurreneurri eta kontrol osatuei buruzko uztailaren 1eko 16/2002 Legearen I. eranskineko "Papera eta kartoia egiteko instalazio industrialak, egunean 20 tonatik goiti ekoizteko gaitasuna dutenak" deritzon 6.1b) atalaren barruan zegoen aurretik, eta hortaz, ingurumen arloko baimen osaturako araubidearen menpe.

Orobat, instalazio hori Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2B eranskineko "Papera eta kartoia egiteko instalazio industrialak, egunean 20 tonatik goiti ekoizteko gaitasuna dutenak" deritzon 6.1b) atalaren barruan dago, eta hortaz, ingurumen arloko baimen osaturako araubidearen menpe.

Bestetik, oraingo instalazioa maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen I. eranskineko 5. taldean dago sartua, f)2 atalean. Lege horren bidez, Ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioari buruzko ekainaren 28ko 1302/1986 Legegintzako Errege Dekretua aldatu zen.

Aurkeztutako proiektuaren arabera oraingo instalazioa handitu nahi baita, eta horrek uztailaren 1eko 16/2002 Legearen 10. artikuluko irizpideak nabarmen aldatzen dituenez, instalazioa handitu ahal izateko ingurumen arloko baimen osatua lortu behar du bere osotasunean.

Halaber, instalazioa handitzeak igorpenak areagotuko ditu, bai eta natur baliabideen erabilpena ere. Hortaz, maiatzaren 8ko 6/2001 Legearen II. eranskineko 9. taldeko k) atalean sartu da, eta hori dela-eta, Ingurumen Departamentuak erabaki du proiektua ingurumenaren gaineko eraginaren ebaluazioaren menpe jarri behar dela.

Hondakinei buruzko 10/1998 Legearen 13. artikuluari jarraikiz, baimen horretan bildu da hondakin arrisku gabeen kudeaketarako baimena, Alloko instalazioak berak bere hondakin batzuk kudea ditzan.

Baimen honen baitan Ega ibaira isurtzeko baimena dago, uztailaren 2ko 1/2002 Legegintzako Errege Dekretuko hamargarren xedapen gehigarriarekin bat. Horren bidez, Urei buruzko Legearen testu bategina onetsi zen. Horretarako, Ebroko Ur Konfederazioak emandako txostenaren edukia erantsi da.

Industria establezimendua ekainaren 16ko 1254/1999 Errege Dekretuaren aplikazio eremuan dago. Istripu larriek sortzen dituzten arriskuak kontrolatzeko neurriak onetsi zituen dekretu horrek, gai arriskutsuak tarteko diren kasuetarako.

Ingurumena babesteko esku hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legearen bidez eskuratu ditudan ahalmenak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Tizu papera egin eta eraldatzeko jarduerarako ingurumen arloko baimen osatua ematea. Titularra Georgia Pacific, S.P.R.L. enpresa da eta Alloko udalerrian dago.

2. Instalazio hori handitzeko proiektuari buruzko ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egitea.

3. Ingurumen arloko baimen osatua eskatzeko oinarrizko proiektuan eta 271/04 (AAI) espediente administratiboko agiri osagarrietan aipatzen diren baldintzei jarraituz garatu beharko da jarduera eta, betiere, foru agindu honen II. III. eta IV. eranskinetan aipatzen diren neurriak bete.

4. Ingurumen arloko baimen osatu honek zortzi urteko indarraldia du. Indarraldia amaitu baino hamar hilabete lehenago, gutxienez, titularrak berriztapena eskatu beharko du, erregelamendu bidez ezarriko den administrazio prozedurari jarraikiz.

5. Ebroko Ur Konfederazioak, txosten baten bidez, eskatzen ahalko du ingurumen arloko baimen osatua aldatzeko prozedura ekin dakiola legeetan (uztailaren 1eko 16/2002 Legeko 26. artikuluan eta uztailaren 2ko 1/2001 Legegintzako Errege Dekretuan) aipatzen diren kasuetan. Halaber, hondakin urak isurtzeko ezarririko baldintzak behin eta berriro bete ezik, isurtzeko baimena kentzeko arrazoia izanen da, Ur Jabari Publikoari buruzko Erregelamenduko 263. eta 264. artikuluetan ezarririko prozedurarekin bat.

6. Jarduera edonola ere aldatzeko, titularrak aldez aurretik Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari jakinarazi beharko dio. Arrazoiak emanda, adierazi beharko du funtsezko aldaketa den edo ez, ingurumena babesteko esku hartzeko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeko 11. artikuluan xedaturikoarekin bat.

7. Nafarroako hondakin toxiko eta arriskugarrien ekoizle txikien Erregistroan ematen zaio izena, urriaren 13ko 312/1993 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. PP/552/NA/2004 zenbakia izanen du. Hondakin arriskugarriak sortzen dituen jarduera A802 da, Papera eta kartoia ekoiztea, Hondakin toxiko eta arriskugarriei buruzko maiatzaren 14ko 20/1986 Oinarrizko Legea betearazteko Erregelamenduko I. eranskineko 6. taularen arabera. Erregelamendu hori uztailaren 20ko 833/1988 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen. Ekoizten diren hondakin arriskutsuak ingurumen arloko baimen osatu honen III. eranskinean ageri dira.

8. Arriskutsuak ez diren hondakinen zabortegia egokitzeko plana onestea, titularrak 2002ko uztailaren 19an aurkeztu baitzuen eta, halaber, baimena ematea haren funtzionamendua segitzeko, Hondakinen suntsipena zabortegietako isurketen bidez erregulatzen duen abenduaren 27ko 1481/2001 Errege Dekretuan ezarritakoari jarraikiz, betiere, foru agindu honen II: eraskineko baldintzak betetzen badira.

9. Georgia Pacific, S.P.R.L. enpresari arriskutsuak ez diren hondakinak kudeatzeko baimena ematea, baldin eta foru lege honetako II. eta IV. eranskinetan ezarritako baldintza eta oinarriak betetzen baditu.

10. Hondakin arriskugarriak ahalik eta gehien gutxitzeko ikerlana onestea, titularrak haren neurriak sartu baititu agirietan, ekainaren 20ko 952/1997 Errege Dekretuko bigarren xedapen gehigarrian xedaturikoarekin bat.

11. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

12. Adieraztea foru agindu honek ez duela administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dutela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio Publikoek administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzen ahalko dute, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epe horiek foru agindu honen jakinarazpena egin edo, bestela, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira kontatzen.

13. Foru agindu honen berri ematea Georgia Pacific, S.P.R.L. enpresari, Alloko Udarari, Ebroko Ur Konfederazioari eta Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko abenduaren 23an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

Oharra: foru agindu honetan aipatzen diren eranskinak interesatuen eskura daude, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan, Iruñeko Armada etorbideko 2ko behean (8. mailan, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan).

Iragarkiaren kodea: F0600224