128. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

278/2006 FORU AGINDUA, irailaren 8koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Iruñeko emisorei (98.3 eta 105.1 Mhz) dagozkien frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko zerbitzuaren bi kontzesio esleitzen dituena.

Abenduaren 22an, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Aministrazioarekiko Salak 1140/2005 epaia eman zuen, Nafarroako Gobernuak 1998ko azaroaren 16an hartutako Erabakiaren kontra ezarritako 68/99 administrazioarekiko errekurtsoan. Erabaki hartan, Nafarroako Gobernuak errekurtso arrunt bat ezetsi zuen, uztailaren 15ean Herrilan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak Iruñean soinuzko irrati-difusioko bi emisora esleitzeko eman zuen 2343/1998 Foru Aginduaren kontrakoa.

Epai hark administrazio espedientea atzera eragiteko agindu zuen, kontratazio mahaiak proposamena egin zezan aurkeztutako eskaintzak modu osatuan eta zehaztuan baloratu eta administrazio baldintza partikularren pleguan ezarritako irizpide guztiei puntuazio egoki eta zehatza eman ondoren, eta halaber, prozedurak aurrera egiteko, esandakoa beteta.

Urtarrilaren 24an Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emaniko 17/2006 Foru Aginduaren bidez erabaki zen epai hori betearazi eta administrazio espedientea atzera eragitea.

2006ko martxoaren 29an, kontratazio mahaiak kontzesio horiek esleitzeko proposamena egin duenez, bidezkoa da prozedurak aurrera egitea.

Lehiaketara aurkeztutako eskaintzak, espedientean dauden txostenak eta mahaiak aurkeztutako esleipen proposamena ikusirik, kontratazio organo honek mahaiak proposaturiko emaitza onartu eta bere gain hartzen ditu puntuaziorako irizpide hauek:

1.1. irizpidea. Ekoizpen propioko programazioa (25 puntu gehienez):

_Ekoizpen propiokoa programazio osoaren bi heren baino handiagoa denean: 25 puntu.

_Ekoizpen propiokoa programazio osoaren heren bat eta bi heren artekoa denean: 10 puntu.

_Ekoizpen propiokoa txikiagoa denean: 0 puntu.

1.2. irizpidea. Programazio informatiboak, kultura edo hezkuntza arlokoa, eta bereziki tokikoa edo erregio mailakoa, tarte nabarmena hartzen duenean (gehienez ere 10 puntu):

Irizpide hori honako sail hauetan egituratu da:

_Tokiko edo erregio mailako eduki berariazkoak hartzen dituen programazioa (gehienez ere 5 puntu):

Aurkeztutako eskaintzak baloratzeko oinarria hauxe izanen da astean zenbat minutu irauten duten kontzesioaren esparruko biztanleei (kasu honetan Iruñekoei) nagusiki zuzentzen zaizkien saioek. Emisio denbora kalkulatzeko, toki esparruko entzuleentzat interes berezia duten edozein motatako saioak hartu dira kontuan (informaziokoak, kultura arlokoak, entretenimendukoak, zabalkundekoak, kirol arlokoak, sozialak), errepikatutako saioak alde batera utzirik.

Bere proposamenean berariaz toki edo erregio mailakoak diren saioei emandako denboran konpromiso handiena islatu duen lizitatzaileak programazioaren %82 eman die, errepikatutako saioak kontuan hartu gabe.

Tokiko programaziorako gehieneko denbora hori erreferentziatzat hartuta, gainerako lizitatzaileek puntuazio txikiagoak lortu dituzte, horrelako saioei euren programazioetan emandako denborari dagokionez hartu duten konpromisoaren arabera.

_Informazio, kultura edo hezkuntzako edukiak emateko programazioa (gehienez ere 4 puntu):

Aurreko irizpideko metodologia bera erabiliko da.

Esan behar da balorazio irizpide honi dagozkion 4 puntuak banatzeko, egokitzat hartu dela bereiztea batetik interes orokorreko saioetako programazioa (informazio orokorreko saioak, kultur eta hezkuntza saioak), gehienez ere 3,5 punturekin, eta bestetik kirol arloko informazio saioetakoa, azken honi puntuazio txikiagoa eman baitzaio, 0,5 puntu zehazki, Nafarroako gizartearen interes orokorrekin bat.

Proposamenean informazio, kultur eta hezkuntza saioak emititzeko emandako denboran konpromiso handiena islatu duenak programazioaren %65 eman die saio horiei, saio errepikatuak kontuan hartu gabe, eta horretan 3,5 puntu lortu ditu. Gainerako lizitatzaileek puntuazio txikiagoak lortu dituzte, euren programazioetan horrelako saioak emititzeko emandako denboran hartu duten konpromisoaren arabera.

Proposamenean kirol arloko informazio saioak emititzeko emandako denboran konpromiso handiena islatu duen lizitatzaileak programazioaren %40 eman die saio horiei, eta beste 0,5 puntu horiek lortu ditu. Gainerako lizitatzaileek puntuazio txikiagoak lortu dituzte, euren programazioetan horrelako saioak emititzeko emandako denboran hartu duten konpromisoaren arabera.

Proposatutako programazioaren xehetasunak, aniztasuna eta sormen-lana (gehienez ere puntu 1):

1.2 irizpideari dagokion azken multzo honetan, lizitatzaile bakoitzak aurkeztutako eskaintzan sartu duen programazioa baloratu da kualitatiboki.

Programazioa ikuspuntu horretatik baloratzeko, proposatutako programazioaren hainbat alderdi hartu dira aintzat. Alde batetik, lizitatzaileek sartu dituzten saioetako bakoitza deskribatzean emandako xehetasunak baloratu dira, saio bateko atal bakoitzari emandako minutuak baloratu dira, saioa bat etortzea saio mota batekin, etab. Bestetik, programazioan saio mota desberdinak sartu izana baloratu da, balorazio hobea emanez saioetan aniztasuna sartu duten eskaintzei eta ez hain ona emisio denbora gehiena saio mota bakar batean eman duten eskaintzei. Eta azkenik, aurreikuspenen arabera emisioak hartu beharreko esparru geografikoan dauden entzule objektiboentzat berariaz pentsaturiko saioak sartzea baloratu da.

Irizpide horietan oinarriturik, puntu 1 eman zaio lizitatzaile multzo bati programazio anitza aurkezteagatik, saio bakoitzaren deskripzio labur bat barne.

Bigarren multzo batean, 0,5 puntu eman zaie programazio anitz baten xehetasunak eman dituzten arren, aurreko multzokoek baino aniztasun txikiagoko programazioa aurkeztu dutenei.

Azkenik, 0 puntu eman zaie programazioa xehetasun handirik gabe eta emititu beharreko saioak bereizi gabe azaldu dutenei.

1.3. irizpidea. Gutxieneko ordutegia nabarmen gainditzen duen ordutegia (5 puntu gehienez):

Lizitatzaile guztiek aurkeztu dute ezarritako gutxienekoa gainditzen duen ordutegia ( 12 ordu egunean).

2.1. irizpidea. Nafarroako Foru Komunitateko balio kultural, historiko eta sozialen sustapena, programazioaren izaera eta edukitik ondorioztatzen dena (10 puntu gehienez):

Aurkeztutako eskaintzak honen arabera baloratu dira: astean zenbat minutu irauten duten kontzesioaren esparruko biztanleei (kasu honetan Iruñekoei) nagusiki zuzentzen zaizkien saio kultural eta sozialek. Emisioko minutuak kalkulatzeko, kontuan hartu da toki esparruko entzuleentzat interes berezia duten saio kultural eta sozialen iraupena, errepikatutako saioak alde batera utzirik.

Proposamenean hurbileko saio sozial eta kulturalei emandako denboran konpromiso handiena islatu duen lizitatzaileak programazioaren %22 erabili du horretarako, errepikatutako saioak kontuan hartu gabe, eta horren ondorioz punruazio altuena lortu du, 10 puntu.

Gainerakoetan balorazioa proportzioan egin da, Nafarroako Foru Komunitateko kultura eta balioak sustatzen laguntzen duten saio sozial eta kulturalak emititzeko emandako denboran hartu duten konpromisoaren arabera.

2.2. irizpidea. Euskararen erabilera eremu mistoan dauden emisoretan (5 puntu gehienez):

Euskararen erabilerarako puntuazioa administrazio baldintza partikularren pleguko tarteak aplikatuta eman da, eta, erabilera partzialari dagokionez, %30 izan da aintzat hartu den portzentajea; hori baino beheragoko portzentajeen kasuan, puntuazioa hainbanatu egin da.

3. irizpidea. Bideragarritasun ekonomikoa eta kaudimen profesionala, irauteko bermea ziurtatuko dutenak (15 puntu gehienez):

Bideragarritasun ekonomikoari 7 puntu eman zaizkio eta atal hauek ditu:

Inbertsio programa (2,5 puntu gehienez):

Atal honetan lizitatzaileek aurreikusitako inbertsioak baloratu dira, honakoetan egin beharrekoak: goi frekuentziako ekipamendua, behe frekuentziako ekipamendua, seinalearen garraio eta zabalkundea, instalazioak egokitzea eta obra zibila, eta beste kontusail batzuk (proiektu teknikoak, baimenak etab.), bai eta amortizazio planaren deskripzioa ere. Inbertsio horiek kontusail bakoitzaren inbertsio bolumenaren arabera baloratu dira, bai eta inbertsioaz emandako xehetasunen eta inbertsioak aurkeztutako negozio planarekiko duen koherentziaren arabera ere.

Negozio planaren aurkezpenari eta xehetasunei dagokienez puntuazio altuena (2 puntu) lortu duten eskaintzak honengatik lortu dute: inbertsio programa argudio sendoez eta xehetasun handiaz hornituta aurkeztu izana, bere negozio planarekin bat datorrena, eta horrekin batera inbertsio bolumen handia eta proiekturako egokia konprometitzen duena. Guztiek deskribatzen dute hainbat kontusailetan banakaturiko inbertsio programa, haietako bakoitzak ekipotan egiten duen inbertsioa ere zehazturik.

Bigarren mailan dauden lizitatzaileek ere xehetasunez aurkeztu dute inbertsio plana, honek koherentzia du negozio planarekin, eta konprometitutako inbertsio bolumena, osotara, handi samarra da, baina haien argudioak ez dira aurreko lizitatzaileek emandakoak bezain sendoak eta ez dituzte haiek adina xehetasunez jantzi.

Hirugarren mailan daude inbertsio plana xehetasun eta argudio gutxirekin aurkeztu dituzten eskaintzak. Inbertsio programan ez dira bereizten oinarrizko kontusailak eta inbertsio globala (goi frekuentziako ekipoak, behe frekuentziako ekipoak, garraioa eta zabalkundea, instalazioa eta obra zibila eta beste kontusail batzuk), eta beraz koherentzia galtzen du aurkeztutako proiektuarekiko.

Azkenik, aipagarriak dira inbertsio bolumena osotara eta amortizazio plana baizik aurkezten ez duten eskaintzak, inbertsio kontusailei buruzko xehetasunik eman gabe, eta horiek puntu 1 jaso dute; inbertsio osoaren bolumena baizik aurkezten ez dutenak, inbertsio programa zehaztu gabe eta amortizazio planik sartu gabe, horiek 0,5 puntu jasotzen dute; eta inbertsio programarik aurkeztu ez dutenak, 0 puntu jaso dutenak alegia.

Osagarri gisa, 0,5na puntu eman zaie aurreikusitako inbertsioaren amortizazio plana deskribatu eta negozio planean izanen duen eragina adierazi duten lizitatzaile guztiei.

Negozio plana (2 puntu gehienez):

Atal honetan kontzesioaren indarraldiko ekitaldi ekonomiko bakoitzerako aurreikusitako negozio plana baloratu da, garrantzi berezia emanez eskaintzan azaldutako antolaketarekin, programazioarekin, diru-iturriekin eta inbertsio planarekin bat etortzeari.

Negozio plana ebaluatzerakoan, lizitatzaileek proposatu dituzten diru-iturri guztiak baliozkotzat jo dira, hala nola, merkataritzako publizitatea, babesleak, elkarteko kideen kuotak etab., betiere justifikaturik badaude eta negozio eredua eta antolaketa proposatutako diru-iturrien ereduarekin bat baldin badatoz.

Hortaz, lehenbizi daude negozio plana xehetasun guztiekin eta argudio egokiekin aurkeztu duten lizitatzaileak, bertan deskribaturik irrati proiektu bat aurrera ateratzeko balizko diru-iturriak eta kostuen oinarrizko kontusailak, hala nola langileen kostua, merkataritzako kostua, albiste agentzien edo kanpoko hornitzaileen kostuak eta beste batzuk (hornigaiak, mantentze-lanetako eta garbiketa zerbitzuak etab.); horrexegatik lortu dute puntuazio altuena irizpide honetan, hau da, 1,6 puntu.

Bigarren daude negozio plana aurkeztu duten eskaintzak, baina aurreko lizitatzaileek adinako xehetasunik eta argudio sendorik eman gabe; hori dela eta, puntuazio txikiagoa lortu dute.

Azkenik, punturik ez dute jaso negozio planik aurkeztu ez duten eskaintzek.

Osagarri gisa, 0,4na puntu eman zaie negozio plana gutxienez 3 urtetan proiektatu duten eskaintzei, eta halatan aukera eman proiektuaren errentagarritasunaren bilakaera ikusi eta egungo balio garbia (VAN) kalkulatzeko.

Finantzaketa-estrategia (2,5 puntu gehienez):

Atal hau ebaluatzeko bi alderdi desberdin hartu dira kontuan, batetik lizitatzaileak aurkezten duen irrati proiektuari aurre egiteko proposatzen duen finantzaketa-estrategiaren deskripzioa eta argudioak, eta bestetik lizitatzailearen finantza-kaudimena frogatzen duten agiriak egotea, lizitatzaileak kontzesioaren indarraldi osoan finantza egoera orekatuari eusteko behar diren inbertsio beharrak eta kutxako fluxuak bere gain hartu ahal dituela erakusten dutenak.

Proposatutako finantzaketa-estrategiaren deskripzioari dagokionez, lizitatzaile gehienek puntuazio altuena lortu dute (puntu 1), multzo batekoek izan ezik, finantzaketa-estrategia gainerako lizitatzaileek adina xehetasun eta argudio eman gabe deskribatu dutelako; xehetasun horiek honakoak izan dira, besteen kasuan: kapital erabilgarria, bazkideen balizko ekarpenak eta konpainiaren palanka-efektua. Lizitatzaile batzuek adierazi dituzte, aurrekoaz gain, haien irrati proiektuari sostengua emanen dioten banku entitateek mailegu edo leasing kontratuetan aplikatuko lituzketen finantzaketa-baldintzak.

Gainerako lizitatzaileek ez dute punturik eskuratu ez dutelako berariaz zehaztu zer estrategiarekin eginen dioten aurre proiektuaren finantzaketari.

Finantza kaudimena frogatzeari dagokionez, bereziki baloratu da lizitatzailearen finantza-kaudimena egiaztatzen duten gutunak, finantza-entitateek eginikoak, aurkeztu izana, bai eta lizitatzailearen beraren balantzeak edo enpresa nagusiarenak (enpresa talde batekoa denean), proiektuari aurre egiteko behar direnak baino funts propio handiagoak badirela frogatzen dutenak, batez ere hasieran inbertsio altuak behar dituzten eta ustiapeneko lehenbiziko urteetan galerak dituzten proiektuetan, finantzaketa metatu handiagoaren premia dutelako.

Lanbide kaudimenari 8 puntu eman zaizkio gehienez, eta atal hauek ditu:

Emisoraren antolaketaren deskripzioa (3 puntu gehienez):

Irizpide honen barrenean zenbait esparru ebaluatu dira: irrati proiektuaren antolaketaren deskribaketa, lanpostuena eta harekin zerikusia duten pertsonen kopurua.

Antolaketaren deskripzioari dagokionez, nabarmendu behar dira aurkeztutako irrati proiektua garatuko duen antolaketaren deskripzio zabal eta zehatza, adieraziz nork eta zenbatek parte hartuko duten proiektuan (zuzendaria, esataria, erredaktorea, soinu eta kontrol teknikaria, komertziala eta administraria eta beste batzuk); horrexegatik lortu dute gehieneko puntuazioa, 0,9 alegia.

Bigarren daude emisora berriaren antolaketa aurreko lizitatzaileek adinako xehetasunik eman gabe deskribatu eta kuantifikatu duten lizitatzaileak, edo proiektua ongi garatzeko beharrezkoa den ezaugarriren bati garrantzia eman ez diotenak; horrexegatik jaso dute puntuazio txikiagoa.

Azkenak dira proiektua garatuko duen antolaketaren deskripziorik ez kuantifikaziorik egin ez dutenak, eta beraz ez dute punturik jaso atal honetan.

Lanpostuen deskripzioari dagokionez, balorazio ona eman zaio lanpostu mota bakoitzean bete beharreko eginkizunen xehetasunak azaltzeari, bai eta aurkeztutako proiektuarekin bat etortzeari ere.

Beraz, puntuazio altuena lortu duten eskaintzak lanpostu bakoitzaren eginkizunen eta erantzukizunen deskripzio zehaztu eta zabala egiten dutenak izan dira.

Identifikaturiko lanpostu motetan bete beharreko eginkizunak deskribatu ez dituzten eskaintzek ez dute punturik jaso irizpide honetan.

Azkenik, proiektuarekin lotuta dauden pertsonen kopurua ere baloratu da, aurkeztu duten proiekturako egokiak diren bereziki aztertuz. Puntuazio altuena 10 pertsonaz edo gehiagoz osatutako antolaketa, aurkeztutako proiektuari erabat egokitua, eskaini duten lizitatzaileei eman zaie. Gainerako lizitatzaileek puntuazio txikiagoa eskuratu dute, proposamenean 10 pertsonatik beherako plantilla sartu dutelako, eta bertan ez zehazteagatik irrati proiektu bat behar bezala gauzatzeko beharrezkoak diren lanpostu batzuk.

Giza taldearen esperientzia eta titulazioaren egokitasuna lanpostuekiko (5 puntu gehienez):

Atal honetan proiektua gauzatuko duen giza taldearen esperientzia eta langileen titulazioa baloratu dira, batez ere Nafarroako irratigintzan duten esperientzia.

Aurkeztutako proiektua gauzatzeko behar diren lanpostuetan aritzeko titulazioak aurkeztu dituzten lizitatzaileek 0,5na puntu jaso dute, titulazioak egokiak izan direnean. 0,1na puntu jaso dute zuzendaritza egiturarako behar diren titulazioak baizik aurkeztu ez dituztenek. Gainerako lizitatzaileek ez dute punturik jaso, ez baitituzte aurkeztu eskaintzan deskribaturiko lanpostuetako ezeinetan aritzeko behar diren titulazioak.

Aurkeztutako eskaintzak proiektua gauzatuko duen zuzendaritza taldeko kideen eta antolatzaileen curriculum-ak ere jasotzea baloratu da halaber atal honetan.

Lizitatzaileak irratigintzan, batez ere Nafarroan, duen esperientziari dagokionez, lehenengo multzoan nabarmentzen dira proiektuan parte hartuko duten profesionalek irratigintzan, batez ere Nafarroan, duten esperientzia zehatz-mehatz deskribatu duten lizitazioak. Azpimarratzekoak dira irratiaren antolaketan komunikabideekin lotutako eskoletako lizentziatu eta ikasle gazteak (kazetaritza, ikus-entzunezkoen komunikazioa edo/eta soinu teknikariak) praktiketan sartzeko proposamenak.

Bigarren multzoan daude irrati nazionalen sektoreko zer komunikabide taldetakoak diren, horien esperientzia deskribatzen duten eskaintzak, baina Nafarroan zehazki duten esperientzia edo toki emisorako zuzendaritza taldeak Iruñerako aritzen diren emisoretan duena deskribatu gabe.

Eta azkenik gainerako lizitatzaileak daude, punturik lortu ez dutenak alegia, ez baitute deskribatu haien konpainiak edo Iruñeko emisora zuzenduko duen zuzendaritza taldeak irratien sektoreko edozein esparrutan (nazionalean edo erregionalean) duen esperientzia.

4. irizpidea. Proiektuaren bideragarritasun teknikoa (15 puntu gehienez):

Irizpide hau baloratzeko atal hauek hartu ditugu kontuan:

Ekoizpen zentrorako instalazioak (6 puntu gehienez):

Atal honetan, lizitatzaileek, haiek berariaz adierazitakoaren arabera, irratiko programazioa ekoizteko dituzten instalazioak (lokutorioak, zuzenekoaren kontrolak eta grabaziokoak, autokontrolak, ekoizpen zentroak, erredakzio gelak etab.) baloratu dira.

Eskaintzan adierazitakoaren arabera irratiko programazioa gauzatzeko, bai zuzenean emititzeko bai saioak grabatzeko, instalazio gehien dituen lizitatzaileak 4 lokutorio eta 5 kontrol dituela adierazi du, eta beraz eman daitekeen puntuazio altuena lortu du (6 puntu).

Atal honetan bigarren puntuazio onena, 5.4 puntu, lortu duen lizitatzaileak bere eskaintzan adierazi duen instalazio kopurua altua da (3 lokutorio, 4 kontrol eta grabaketako 2 gela), ondotik dagoen lizitatzaile multzoarena baino pixka bat altuagoa.

Arestian aipatutako bi lizitatzaileen ondotik beste enpresa multzo bat dago, antzeko instalazio kopurua (2 lokutorio eta 2-3 kontrol gela) dutela adierazi dutenena, eta beraz puntuazio hori bera eman zaie (4,2 puntu).

Beste multzo bateko enpresek, azkenik, 3na puntu lortu dute, eskaintzetan adierazi dutelako Iruñean irratigintzan aritzeko gutxieneko instalazioak izanen dituztela, lokutorio 1 eta kontrol gela 1, baina aski izanen direnak.

Erabil daitezkeen ekipoen aniztasuna (4 puntu gehienez):

Atal honetan behe frekuentziako audio ekipamenduaren aniztasuna eta kopurua ebaluatu dira, hau da, saioak ekoizteko instalazioen barrenean profesionalek irratigintzan aritzeko eskura izanen dituzten ekipoak.

Eskaintzan profesionalen eskura dagoen behe frekuentziako audio ekipamendu anitzena eta kopuru handiena adierazi dituen lizitatzaileak jaso du eman zitekeen puntuazio altuena (4 puntu). Lizitatzaile horren eskaintzan nabarmentzen da, besteak beste, nahasgailuen kopurua handia, konfigurazio ezberdinekin, zuzeneko saioetan parte hartzeko hibrido telefoniko desberdinak ere izatea (analogikoak eta digitalak), bai eta seinalea egiteko ekipo asko eta askotarikoak ere izatea (magnetofoiak, diskogailuak, CD erreproduktoreak, DAT, kassette profesionaleko pletinak etab.).

Bigarren multzoan dauden lizitatzaileek puntuazio altuena eskuratu duen lizitatzaileak baino ekipamendu tekniko gutxiago adierazi dute eskaintzan, baina ekipamendua irratigintzarako beharrezkoak diren jarduerak ahal den hobekien gauzatzeko behar den ezinbesteko gutxienekotik gora dago, nolanahi ere.

Azken tokian dauden lizitatzaileek 2 puntu jaso dituzte, eskaintzetan adierazi baitute haien instalazioetan irratigintzan modu egokian aritzeko kopuruz eta aniztasunez gutxienekotzat hartzen diren ekipoak dituztela, bai audiokoak bai seinalea egitekoak (nahasgailua, aurikularrak, mikrofonoak, hibridoa, bozgorailua edo audio monitorea); toki honetan daude, halaber, profesionalek eskura izanen duten ekipamendu kopurua behar bezala zehaztu ez duten lizitatzaileak.

Ekipoen ezaugarri teknikoak (3 puntu gehienez):

Atal honetan lizitatzaileek beraien eskaintzetan sartu dituzten ekipo teknikoen kalitatea baloratu da. Balorazio hori egiteko informazio teknikoa ere kontuan hartu da, lizitatzaileek adierazitako xehetasunak batetik eta bestetik ekipoen konfiguraziorako egokiak diren, eskaintzetan agerrarazi denaren arabera.

Ekipamendu osagarria (2 puntu gehienez):

Atal honetan lizitatzaile bakoitzak bere eskaintzan adierazitakoaren arabera profesionalek eskura izanen duten ekipamendu osagarria baloratu da; ekipamendu osagarria hauxe izanen da: emisorako profesionalei lana erraztuko dien edozein ekipo, betiere hura ez edukitzeak saioen ekoizpenaren kalitatea baldintzatzen ez duenean (unitate mugikorrak, seinalizazio sistemak, irrati bidez sinkronizaturiko ordu kontrolak, irrati sintanizadoreak etab.).

Lehendabiziko multzoan daudenek proposamen teknikoan berariaz sartu dute irratigintzan aritzeko unitate mugikor bat gutxienez badutela, eta puntuazio desberdina eman zaie eskaintzetan bestelako ekipamendu osagarriak sartu duten ala ez kontuan harturik.

Bigarren multzoa osatu duten eskaintzetan, lizitatzaileek ez dute berariaz sartu proposamen teknikoan lanerako gutxienez unitate mugikor bat, baina hain garrantzitsua ez den ekipamendu osagarria badutela adierazi dute.

5. irizpidea. Irratiko eskaintzan pertsona fisiko edo juridiko gehiago eta desberdinak sartzea (gehienez ere 10 puntu):

irizpide hau baloratzeko, administrazio baldintza partikularren pleguko 2.3.5 baldintzan jasotako datuei buruzko informazio osatu eta zehatza eskatu da, eta ez da aski izan, beraz, kide berriak sartzeko irizpidea sozietateei soilik aplikatzea, kideei ere aplikatu behar baitzaie.

Horrenbestez, puntuazio altuena jaso duten bi eskaintzak hauexek dira:

_Nafarroako Unibertsitatea, 83,84 puntu.

_Medios de Comunicación 21, 75,80 puntu.

Kontratazio mahaiak, 2006ko martxoaren 29an, honakoei esleitzea proposatu zuen:

_Nafarroako Unibertsitatea, (83,84 puntu), 98,3 Mhz-ko frekuentzia.

_Medios de Comunicación 21, (75.80 puntu), 105,1 Mhz-ko frekuentzia.

Frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko emisoren kontzesioa Nafarroako Foru Komunitatean arautzeko azaroaren 10eko 336/1997 Foru Dekretuko 5.2 artikuluan ezarritakoarekin bat, kontseilari eskudunak kontzesio horiek emanen ditu, Nafarroako Gobernuari jakinarazi ondoren. Horretarako, Nafarroako Gobernuak, 2006ko apirilaren 10ean hartutako Erabakiaren bidez, esleipen proposamenaren berri duela adierazi du.

Lizitatzaileetako batek, Iruñeko Komunikabideak, S.A.k, idatzi bat aurkeztu du 2006ko maiatzaren 22an, Doxa Consulting enpresak prestatutako lehiaketa horretako eskaintzak baloratzen dituen txostenaren azterketa kritikoa eginez. Idatzi hori Kontratazio Mahaiari igorri zitzaion, eta hark aurreko jarduketak berrestea erabaki zuen, 2006ko abuztuaren 17an.

Hortaz, kontratazio mahaiak egindako proposamenarekin bat eta azaroaren 10eko 336/1997 Foru Dekretu horren 5.2 artikuluan ezarritakoari jarraiki, bidezkoa da behin betiko kontzesioaren aurreko behin-behineko esleipena ematea.

Hori horrela, Kontratuei buruzko Foru Legearen 6. artikuluan emandako eskumenez baliatuz eta Ekonomia eta Ogasun kontseilariak urtarrilaren 24ko 17/2006 Foru Aginduaren bidez xedatu zen bereganatzea betez,

AGINDU DUT:

1. Iruñean frekuentzia modulatuko uhin metrikoen soinuzko irrati-difusioko zerbitzuaren bi kontzesio behin-behinekoz esleitzea eskaintza aurkeztu duten hauei:

Medios de Comunicación 21, S.L.ri Iruñeko 105.1 frekuentziako Iruñeko emisoraren kontzesioa.

Nafarroako Unibertsitateari 98.3 frekuentziako Iruñeko emisoraren kontzesioa.

2. Esleipen-hartzaileei eskatzea eskaintzek dakartzaten kontratu-betebeharrak zorrotz bete ditzaten eta, beraz, beharturik daude hartutako konpromiso guztiak osorik betetzera, honakoei dagokienez: programazioa, inbertsioak, baliabide teknikoak, langileak eta lehiaketan eskainitako gainerako elementuak.

3. Esleipen-hartzaileei eskatzea kontzesio hauek arautzen dituen azaroaren 10eko 336/1997 Foru Dekretuaren 10. artikuluan ezarritako betebeharrak zorrotz bete ditzaten. Hauexek dira betebehar horiek:

a) Kontzesioaren baldintza teknikoei eustea, baimendutako potentziari, frekuentziari eta baldintza teknikoei dagokienez.

b) Emisio ordutegia betetzea, eskaintzarekin bat.

c) Legeria indardunari eta irrati difusioaren arloko berariazko legeei men egitea. Emisio guztietan autonomia erkidegoetako sinboloak errespetatzea, ordenamendu juridikoari jarraikiz. Edozein kasutan, Nafarroako Foru Komunitatea erkidego juridiko eta politiko bereizi gisa agertzea.

d) Zerbitzua modu iraunkorrean ematen dela bermatzea, eskaintzan bere gain hartutako baldintzekin eta konpromisoekin bat; Nafarroako Gobernuaren baimenik gabe ez da etenik izanen zerbitzuan, ezinbesteko kasuetan salbu.

e) Kontzesioa zuzenean ustiatzea; ustiapena ez da baimenik gabe eskualdatuko ez lagako.

f) Nafarroako Gobernuak kontzesioaren baldintzak betetzen direla frogatzeko egin beharreko egiaztapenak erraztea.

g) Nafarroako Gobernuari jakinaraztea emisorako zuzendariaren izendapena, baita ordezkoarena ere, zuzendariaren lanpostua hutsik baldin badago, edo zuzendaria kanpoan edo gaixorik dagoenean.

h) Urte bakoitzeko abenduaren 15a baino lehen aurkeztea Nafarroako Gobernuan hurrengo urteko programazio plana, emisio orduak eta ekoizpen propioko programaziokoak zehazturik, bai eta saio bakoitzean erabilitako hizkuntza ere.

i) Nafarroako Gobernuak eta erregelamenduz zehaztuko diren agintariek igorritako jakinarazpen eta ohar ofizial eta interes publikokoak dohainik zabaltzea, jatorria aipatuz.

j) Kontzesio-hartzailea sozietate anonimo bat denean, honakoak aurkeztu beharko dizkio Nafarroako Gobernuari, prestatu eta lau hilabeteko epean: ekitaldi bakoitzeko balantzea, galeren eta irabazien kontua, etekinen banaketa eta azalpen txostena. Partikular bat denean, txosten bat igorriko du, enpresaren egoera edo ekitaldiko emaitzak eta azalpen txostena islatzen dituena. Elkarte zibilen kasuan, urtero tramitatu beharreko dokumentazioak emisoraren egoera eta hura ustiatu eta mantentzetik heldu diren dirusarreren eta gastuen kontua jasoko dira.

k) Larrialdiek, tokian tokiko hondamendiek nahiz hondamendi orokorrek edo antzeko egoerek eragindako salbuespenezko inguruabarretan, kontzesio-hartzaileak bere baliabide teknikoak utzi eta behar den laguntza emanen die Babes Zibileko zerbitzuei. Horretarako, zerbitzu horiek programazioko ordutegiak aldatu ahalko dituzte eta edozein esku-hartze mota egin, hondamendiaren ondorioez informatzeko edo horiek arintzeko beharrezkoak badira.

4. Foru Agindu hau jakinaraztea interesatu guztiei, Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioari, Nafarroako Ikus-entzunezkoen Kontseiluari eta Informazioaren Gizartea eta Telekomunikazioak Sustatzeko Zerbitzuari, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin agintzea.

Iruñean, 2006ko irailaren 8an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.

Iragarkiaren kodea: F0615071