128. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

328/2006 FORU AGINDUA, urriaren 16koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, haragitarako hegaztien sektorerako merkatuko salbuespenezko laguntzen eskabideak aurkeztu, tramitatu, haien gainean ebatzi eta pagatzeko arauak onesten dituena.

Hegazti gripe oso patogenoaren kasuek, lehenago Asiaren hego- ekialdean eta gero Europako herrialde batzuetan agertu direnek, eragin nabarmena izan dute hilabete batzuetan hegazti haragiaren kontsumoan, bereziki 2005eko urritik 2006ko apirilera bitarte. Egoera horrek Europa osoa ukitu du.

Espainian ez da denbora horretan gripe mota hori atzeman, ez basa hegaztiengan, ez etxekoengan ere. Hala ere, kontsumoak behera egin zuen eta, beraz, abiapuntuko prezioek ere bai. Horiek 2005eko urrian eta azaroan merkatu ziren eta 2006ko martxoko eta apirileko aste batzuetan erabat erori ziren. Merkatuaren egoera zailera egokitzeko, sektore ekoizleak neurri batzuk hartu zituen, ekoizpena gutxitzeko. Neurri horien artean aipatzekoa da haztegietan ekoizteko gaitasuna murriztea, txitako arrautzak suntsitzea eta txitak egiteko oiloak garaia baino lehen hiltzea.

Europako Kontseiluak, 1975eko urriaren 29ko 2777/75 EEE Erregelamenduaren bidez, haztegiko hegaztien merkaturako Europar Ekonomia Erkidegoko antolaketa ezarri zuen. Erregelamendu horretan haztegiko hegaztien haragiaren merkatuari eusteko salbuespenezko neurriak hartzea xedatu zen eta Kontseiluak, 2006ko apirilaren 25eko 679/2006 EE Erregelamenduaren bidez, aldatu zuen. Horren xedea da abereen osasunerako arriskuen aurrean kontsumitzaileek konfiantza galtzeagatik merkatuan zuzenean gertaturiko gorabehera larriei aurre egitea. Neurri horien finantziazioa Europar Batasunak eta bertako estatu kideek erdibanatzen dute.

Legezko esparru horretan, Batzordeak, 2006ko uztailaren 3an, 1010/2006 EE Erregelamendua eman zuen, Europar Batasuneko estatu batzuetako haztegiko arrautza eta hegaztien sektoreari merkatuan laguntzeko salbuespenezko neurriei buruz. Erregelamendu hori ukituriko herrialdeek aurkezturiko proposamenetan oinarritzen da eta Europar Batasuneko estatu bakoitzak merkatuari eusteko hartu behar dituen neurriak biltzen ditu, hegazti gripearen kasu batzuk agertzean herritarren sentiberatasunak merkatua astindu zuen garaian ekoizpena gutxitzeko ahaleginengatik sektore ekoizleari ordaina ematearren.

1010/2006 EE Erregelamenduko 10. artikuluak xedatzen duenez, esparru horretan egiten diren laguntza guztiak 2006ko abenduaren 31 baino lehen pagatu behar dira.

Xedapen hori prestatzeko, autonomia erkidegoei eta ukituriko sektoreak ordezkatzen dituzten entitateei eman zaie entzunaldia.

Horrenbestez, 2777/75 EEE Erregelemenduko 14. artikuluarekin eta 1010/2006 EE Erregelamenduarekin bat, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Arrantza Ministerioak, 2006ko abuztuaren 24an, APA/2726/2006 Agindua eman zuen, irailaren 1eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zena. Agindu horren bidez, haragitarako hegaztien sektorerako merkatuko salbuespenezko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren.

APA Agindu horretan arautu denez, Nafarroako Foru Komunitatea arduratuko da haztegia Nafarroan kokaturik daukaten abeltzainek aurkezturiko eskabideak biltzen, tramitatzen, haien gainean ebazten eta pagatzen.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Foru Komunitateko haragitarako hegaztien sektorerako merkatuko salbuespenezko laguntzen eskabideak aurkeztu, tramitatu, haien gainean ebatzi eta pagatzeko arauak 2006rako onestea. I. eranskinean ageri dira.

2. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 170.000 euroko gastua onestea, indarra duen gastu aurrekontuko "Errentarako laguntzak (hegazti gripea)" izeneko 711001-71310-4700-412208 kontusailaren kargura.

3. Foru agindu hau eta eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

4. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2006ko urriaren 16an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

Haragitarako hegaztien sektorerako merkatuko salbuespenezko laguntzen eskabideak aurkeztu, tramitatu, haien gainean ebatzi eta pagatzeko arauak

Lehena._Xedea eta definizioak.

Foru agindu honen xedea haragitarako hegaztien sektorerako merkatuko salbuespenezko laguntzen eskabideak aurkeztu, tramitatu, haien gainean ebatzi eta pagatzeko arauak onestea da, abuztuaren 24ko APA/2627/2006 Aginduan xedaturikoarekin bat.

Bigarrena._Onuradunak.

1. Abuztuaren 24ko APA/2627/2006 Aginduan aipatzen diren betebeharrak bete eta frogatzen dituztenek hartzen ahalko dituzte laguntza hauek.

2. Gainera, haragitarako hegaztien haztegietako ekoizpena gutxitzeko laguntzak eskatzen dituztenek, integrazio araubide bati atxikirik egonez gero, integratzaileak emaniko ziurtagiria aurkeztu beharko dute, non aipatu den denboran haztegiak beterik zeudeneko eta osasun arrazoiengatik hustu zireneko egunak eta garai berean sarturiko hegazti eta txiten zenbatekoa adieraziko baitira.

Hirugarrena._Eskabideak aurkeztu eta eskatutako betebeharrak frogatzeko epea.

1. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira, eta departamentu horretako Erregistroan eta haren menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztuko. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.

2. Eskabideak aurkezteko epea 15 egun naturalekoa izanen da, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.

4. Eskaera egiteko eskabide orokorraren eredua erabiliko da. Eredua Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

5. Eskatzaileak laguntzak lehenbizikoz hartu behar dituenean edo laguntzak kobratzeko kontua aldatu nahi duenean, laguntzaren eskabidearekin batera transferentzia bidez kobratzeko eskabidea aurkeztu beharko du, behar bezala beterik.

Laugarrena._Zenbatekoa eta dirulaguntza emateko mugak.

1. Dirulaguntzen zenbatekoak abuztuaren 24ko APA/2627/2006 Aginduko 5. eta 6. artikuluetan xedaturikoarekin bat kalkulatuko dira. Agindu horren bidez, haragitarako hegaztien sektorerako merkatuko salbuespenezko laguntzei buruzko arauak ezarri ziren.

2. Batzordeak 2006ko uztailaren 3an eman 1010/2006 EE Erregelamenduko IV. eta VI. eranskinetan ezarririko mugak gaindituz gero, foru agindu honetan aipatzen diren laguntzen zenbatekoa proportzionalki gutxituko da, muga haiek errespetatu arte.

Bosgarrena._Ebaluazio organoa.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu eskabideak.

Seigarrena._Deialdia antolatu, tramitatu eta haren gainean ebaztea.

1. Eskaera harturik, hirugarren eta laugarren arauetan ezarritako betebeharrak betetzen diren egiaztatuko da. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera utzi eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. 1010/2006 EE Erregelamenduko 10. artikuluan xedaturikoarekin bat, prozedura 2006ko abenduaren 31 baino lehen eman beharko da bukatutzat.

5. 2006ko azaroaren 15a baino lehen, kontzeptu bakoitzari legozkiokeen ordainen zenbatekoari buruzko argibideak Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministeriora igorriko dira, eskaturiko betebeharrak betetzen ote diren aztertu ondoren.

Zazpigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

Foru agindu honetako laguntzen onuradunek, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 9. artikuluan ezarritako betebeharrez gainera, hauek izanen dituzte:

a) Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuaren esku uztea bere eginkizunak egiteko behar dituen argibide guztiak.

b) Eman eta hartutako dirulaguntzak direla eta, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak egiten dituen egiaztapen lanak onartzea.

Zortzigarrena._Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

APA/2627/2006 Aginduko 4. eta 6. artikuluetan aipatzen diren agiriak aurkeztu beharko dira, laguntza 2005eko urriaren 1etik 2006ko apirilaren 30a bitarte eginiko jarduerengatik emanen baita.

Bederatzigarrena._Pagatzeko modua eta epeak.

1. Dirulaguntza guztia batera pagatuko da urtea bukatu baino lehen. Beraz, ez da aurrerakinik emanen.

2. Foru agindu honetan aipatzen diren laguntzak kofinantziatutzat joko dira, Europako Kontseiluak 1975eko urriaren 29an eman 2777/76 EE Erregelamenduan xedaturikoaren arabera. Horren bidez, haztegiko hegaztien merkaturako Europako Ekonomia Erkidegoko antolaketa ezarri zen.

3. Estatuko aurrekontu orokorretan Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari dagokion dirua eta Europar Batasunaren funtsak Aurrekontuei buruzko azaroaren 26ko 47/2003 Lege Orokorreko 86. artikuluan xedaturikoarekin bat banatuko dira lurraldeen artean.

Hamargarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak laguntzak kontrolatuko ditu, bai administrazio kontuei dagokienez, bai haztegietan beretan. Hegazti haztegietan egin beharreko kontrolen kasuan, horiek gutxienez ere haien 100eko 5 ukituko dituzte.

Hamaikagarrena._Dirulaguntzaren bateragarritasuna.

Foru agindu honetan ezarritako laguntzak bateragarriak dira Foru Komunitateko Administrazioaren, beste administrazio publiko batzuen, entitate publiko edo pribatuen edo Espainiako nahiz atzerriko partikularren edozein laguntzarekin, baina laguntzek ezin izanen dute gainditu onuradunak egin beharreko jardueraren kostua.

Hamabigarrena._Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da, eta litekeena da zehapenak ezartzea.

Diru-itzulketen, arau-hausteen eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hamahirugarrena._Deialdiaren kontrako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hamalaugarrena._Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0616527