123. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

TAFALLA

Garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntzen deialdi publikoa, 2006. urterako

Udalaren Tokiko Gobernu Batzarrak 2006ko irailaren 12an egin bilkura arruntean, erabaki hau hartu zen, besteak beste:

Tafallako Udalak, dirulaguntzak direla medio, nazioarteko lankidetzako programen finantzaketan parte hartzeko nahia agertu duelarik, programa horiek "garapen bidean diren herrialdeetan" gauzatzeko, hango komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatu eta bultzatzearren.

Ikusirik 2006an garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarriak.

Ikusirik behar adina kreditu badagoela, dirulaguntzak ematetik sortzen diren betebehar ekonomikoei aurre egiteko; kontuan izanik espedientearen fiskalizazioa eta bertan diren gainerako agiriak; Jarraipen eta Kontrol Batzordeak egun honetan eman irizpena ikusirik, Gobernu Batzar honek,

ERABAKI DU:

Lehena._Garapenerako lankidetza programei dagokien gastua onestea: 45.640 euro; egungo udal aurrekontuko 0.4620.48204 kontusailaren kontura.

Bigarrena._Kokiyo GKEari esleitzea 24.240 euroko zenbatekoa, ondoko proiektua garatzeko: "Saraguroko ekoizpena, osasuna eta natur ondarea berreskuratzeko gure burua prestatzen".

Hirugarrena._2006an garapen bidean diren herrialdeekin lankidetza proiektuak aurrera eramateko dirulaguntzen deialdi publikoaren oinarriak onestea. Zenbatekoa, osotara, 21.400 euro da.

Laugarrena._Aurkezten diren eskabideak aztertu eta ebaluatuko dituen batzordeko kideak, segidako hauek, izendatzea:

_Lehendakaria: Gizarte Ongizateko zinegotzigoa edo hark eskuordetutako pertsona.

_1. mahaikidea: ............... edo hark eskuordetutako pertsona.

_2. mahaikidea: ............... edo hark eskuordetutako pertsona.

_(...)

_Gizarte Ongizateko zinegotzigoak izendatu beharreko mahaikidea: Aurora Beroiz, Gizarte eta Kultur Zerbitzuetako Alorreko teknikaria.

Bostgarrena._Aipatutako dirulaguntza emateko prozedura abiaraztea, eta deialdia eta oinarri erregulatzaileak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean eta Foru Komunitateko egunkarietan argitaratzeko agintzea.

Tramite bat denez, ezin da kontrako errekurtsorik aurkeztu administrazio bidean, eta hori jakinarazten dut behar diren ondorioak izan ditzan.

Tafallan, 2006ko irailaren 18an._Alkatea, María Teresa Mañú Echaide._Idazkaria, Amanda Acedo Suberbiola.

GARAPEN BIDEAN DIREN HERRIALDEEKIN LANKIDETZA PROIEKTUAK AURRERA ERAMATEKO DIRULAGUNTZEN DEIALDI PUBLIKOAREN OINARRIAK, 2006. URTERAKO

1._Atarikoa.

Tafallako Udalak aurrekontuko kontusail bat du nazioarteko lankidetza programendako dirulaguntzak emateko, garapen bidean diren herrialdeetako komunitateen ahalmen sozio-ekonomikoak garatzearren. 2006. urterako, udal ordezkariek 21.400,00 euro lotu dituzte, Nazio Batuek _herriak garatzeko nazioarteko lankidetza bultzatzeko_ eman dituzten aholkuekin bat.

2._Deialdiaren xedea.

Hau da deialdi honen xedea:

Dirulaguntzak emanda, garapen bidean diren herrialdeetan gauzatuko diren proiektuak kofinantzatzea. Proiektu horien helburua izanen da tokian tokiko giza garapena sustatzea hainbat arlotan: hezkuntza, prestakuntza, osasuna, etxebizitza, giza eskubideen defentsa, garapen ekonomikoa eta herrietako edo hirietako komunitateek gozatzeko azpiegiturak, komunitateek eta horien ordezkariek zuzeneko parte hartzea dutelarik proposatu, kudeatu eta gauzatzean eta, orobat, arreta berezia ematen dietelarik ingurumenaren gaineko eraginari eta baliabide naturalen erabilera iraunkorrari.

Lehentasunez jarduteko eremuak hauek dira deialdi honetan:

_Giza garapen urria duten herrialdeetan, lehentasunez Uganda, Nigeria, Kenya, Mali, Mozambike eta Etiopia, burutzen diren proiektuak.

_Emakumea bultzatu eta garatzeko proiektuak, haren bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak zein aukerak sustatzeko direnak.

2006. urtean zenbateko hau emanen da jarduera hauetarako: 21.400,00 euro.

3._Entitate eskatzaileak.

Deialdi honetako dirulaguntzak jaso nahi dituzten erakunde, entitate edo elkarteek, ondoko baldintza hauek beteko dituzte:

a) Pertsona juridikoak izatea, legeari jarraikiz eratuak eta Nazioarteko Lankidetzarako Agentzia Espainiarraren Garapenerako Gobernuz Kanpoko Erakundeen Erregistroan inskribatuak, eta dokumentazioa eguneraturik edukitzea.

b) Irabazteko asmorik ez edukitzea.

c) Estatutuetan edo aurreko urteetako jarduera memorietan adieraziko da, berariaz, haren helburua dela garapenerako lankidetzarekin eta herrien arteko elkartasunarekin ikustekoa duten jarduerak egitea.

d) Nafarroan edukitzea egoitza soziala edo delegazio bat.

e) Nafarroako Foru Komunitatean jardutea, lankidetzako programak edo giza laguntzakoak kudeatzen, edo Hegoaldeko herrialdeen egoraren inguruko sentsibilizazioa sustatzen. Hori frogatzeko, azken urtean egindako jardueren dokumentazioa aurkeztuko dute.

f) Bere helburu sozialak bete ahal izateko egitura egokia izatea eta proposaturiko helburuak lortzeko behar den esperientzia eta gaitasun operatiboa frogatzea.

g) Foru Ogasunari zergak ordainduak izatea.

Deialdi honetatik kanpo geratzen dira ondoko hauek:

a) Irabazi asmoa duten enpresa nahiz bestelako entitateak.

b) Tafallako Udalaren aurreko deialdietan dirulaguntza lortu zuten GGKE edo elkarteak, baldin eta azken urtean ez badituzte jarraipen txostenak aurkeztu (deialdi honetan proiektuak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta) eta ez badute behar bezala jakinarazi eta arrazoitu.

c) Azken 12 hilabeteetan Nafarroan jardunik izan ez duten GGKE edo elkarteak (deialdi honetan dirulaguntza eskaerak aurkezteko epea bukatzen den eguna kontuan hartuta). Hau da, epe horretan Nafarroan sentsibilizazioaren, giza laguntzaren edo lankidetzaren esparruan izandako jardun publikoa agirien bidez frogatzen ez dutenak; ez dira jarduntzat hartzen hedabideetan agertze soila edo inoizka artikuluak edo elkarrizketak argitaratzea.

4._Proiektuak eta balorazio irizpideak.

Dirulaguntza eskatzeko, proiektuek edo jarduketek baldintza hauek bete behar dituzte:

a) Deialdi honetan adierazitako printzipioekin eta lehentasunekin bat etortzea.

b) Helburuei, jarduerei eta proiektua gauzatzeko behar diren baliabideei buruz nahikoa informazio ematea.

c) Proiektua gauzatzeko ardura duen entitatearen helburuen eta lan esperientziaren berri ematea; behar adina berri.

d) GGKE horrek proiektua sakonki ezagutzen duela erakustea eta tokian tokiko GGKEarekin edo komunitate hartzailearekin ezarriko diren harremanak azaltzea, lagundutako egintzaren jarraipena egiteko.

e) Aurreikuspenen arabera, lagundutako egintzak 12 hilabete baino gehiago ez irautea.

f) Garapen bidean diren herrialdeetan egiteko proiektuak direnean, bertako lankide bat izatea proiektua gauzatuko den eremuan. Lankide hori GGKE bat izaten ahalko da; GGKE eskatzaileak delako herrialdean delegazioa edukitzea nahiko izanen da.

g) Herrialde bateko pertsonei sendagaiak ematearekin edo haiek sendagaiak lortzearekin zerikusia duten jarduerak dituen proiektua, Osasunaren Mundu Erakundeak 1996an sendagaiak emateari buruz ezarritako jarraibideei lotuko zaio.

Entitate eskatzaile bakoitzak garapen proiektuak kofinantzatzeko 2 eskabide aurkezten ahalko ditu, gehienez ere. Proiektu bat baino gehiagorako laguntza eskatuz gero, finantzatzerakoan lehentasuna zeinek duen adieraziko da.

Hona hemen deialdian sartzen diren proiektuei aplikatuko zaizkien balorazio irizpideak:

.Proiektuaren kalitate teknikoarekin zerikusia dutenak: 32 puntu.

_Proiektuari, inguruneari eta gainerako xehetasunei buruzko informazioa.

_Proiektua zein sektoretan sartzen den, sektore haren egoerari buruzko informazioa (ingurunea, baliabideak, azpiegiturak...).

_Egintzaren beharra erakusten duten arrazoiak, zehaztutako helburuak eta proposatutako jarduerak koherenteak izatea haien artean.

_Egintzaren bideragarritasun teknikoa; atal honi buruzko informazioa ezinbestekotzat jotzen da ekoizpena eta azpiegiturak ukitzen dituzten proiektuen kasuan.

_Proiektuak iraunkortasuna izanen ote duen, diruz lagundutako egintza bukatutakoan.

.Egile edo jarduleen gaitasunarekin eta haien harremanen kalitatearekin zerikusia dutenak: 25 puntu.

_Herrialdeko kontrapartearen esperientzia eta gaitasuna, eta herritar onuradunekin eta garapenerako lankidetzako beste entitate batzuekin edo tokiko erakundeekin duten harremana.

_Pertsona onuradunek parte hartzea proiektua proposatu, gauzatu eta kudeatzeko lanetan.

_Proiektuaren hartzaile diren herritarrak ordezkatzen dituen toki erakunde batek nola edo hala parte hartzea edo abala ematea.

_GKE eskatzailearen esperientzia eta haren jarraipen gaitasuna, eta, bereziki, Udalaren aurreko deialdietan diruz lagundutako proiektuen kudeaketan erakutsitako gaitasuna.

.Proiektuaren gizarte helburuekin zerikusia dutenak: 21 puntu.

_Bizi baldintzak hobetzea eta sektore oso behartsu edo baztertuei laguntza ematea.

_Generoaren ikuspuntua sartzea proiektuan, eta emakumearen bizi baldintzak hobetu eta haren eskubideak nahiz aukerak bultzatzea.

_Giza eskubideak bultzatu eta babestea.

_Lanbide heziketa; bereziki, sektore behartsu edo baztertuetan.

_Komunitatearen antolaketa eta parte hartzea sustatzea.

_Proiektuak herrialdeko politiketan eta zerbitzu publikoetan izan behar duen eragina.

.Deialdi honetan ezarritako helburuei eta lehentasunei zenbateraino egokitzen zaien proiektua: 8 puntu.

.Aurrekontuarekin zerikusia duena: 6 puntu.

_Kofinantzazio baldintzei eta ezarritako mugei egokitzea.

_Proposatutako jarduerei egokitzea.

.Bertakoak proiketuarekin identifikatzea eta inplikatzea: 3 puntu.

_Nafarroako talde batek eta proiektua gauzatzeko lanetan diharduen herrialde hartako beste talde batek (herrialdeko kontrapartea, onuradunak, etab.) harremanak izatea edo horiek sustatu nahia egotea, GGKE eskatzaileak eta herrialdeko kontraparteak duten harremanetik kanpo.

.Lankidetza deszentralizatuaren batasuna: 5 puntu.

_Lehenago, eremu berean, Udal honek lagundurik gauzatutako proiektu edo programa baten jarraipena izatea egintza.

_Beste udal batzuen edo lankidetza deszentralizatutako beste erakunde batzuen proiektuari laguntzea.

GGKEei emandako dirulaguntzek zuzeneko lotura izanen dute aurkeztutako proiektuak izandako puntuazioarekin; horretarako, ehunekoen tarte batzuk ezarriko dira, eskatutako zenbatekoaren gainean. Zernahi dela, aldaketak egiteko aukera izanen da, baldin eta proiektuak ezaugarri bereziak baditu: balorazio irizpideetan agertzen ez diren ezaugarriak, proiektua hobeki baloratzeko gogoan hartzekoak direnak.

5._Finantzaketa.

_Dirulaguntzak izanen dira bai materialak, horniketak, ekipoak edo ekoizpeneko beste aktiboak erosi eta garraiatzeko gastuei aurre egiteko, bai langileek eta funtzionamenduak ekarritako gastuak ordaintzeko.

_Salbuespen gisa, lurrak edo ondasun higiezinak erosteko erabiltzen ahalko da dirulaguntza; baina, betiere, legezko egoeraren berri ematen duten eta benetan erosten ahal direla frogatzen duten agiriak aurkeztea izanen da baldintza. Gainera, proiektua gauzatzen den herriko ordezkaritza erakunde komunitario bat izanen da ondasun horien titularra. Azken baldintza hori aplikatzekoa da eraikin berriak altxatzeko proiektuen kasuan ere.

_Hemendik beste herrialde hartara joaten diren lankideen gastuak ordaintzeko ere izaten ahalko da dirulaguntza. Alderdi honen zenbatekoa, gehienez ere, dirulaguntza osoaren %10ekoa izanen da.

_Gutxienez %10eko finantzaketa izan behar dute, entitatearen beraren funts edo fondotik etorria, edo beste administrazio publiko edo entitate batzuek emana.

_Administrazio eta kudeaketa gastuetarako dirulaguntza lortzen bada, horiek ez dute aurrekontuaren %7 gainditu behar.

_Sentsibilizazio jardueren gastuak ordaintzeko ere izaten ahal dira dirulaguntzak, betiere gastu horiek xeheki azalduz gero; dirulaguntzaren %3 bitartekoa izanen da laguntza atal honetan.

_Dena den, emandako dirulaguntzen zenbatekoak ez du sekulan gaindituko _beste erakunde edo entitate pribatu zein publikoen laguntzekin batuta_ egin beharreko proiektuaren kostua.

6._Eskabideen aurkezpena.

Dirulaguntza eskabideak Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira _edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean ezarritako tokietan_, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina, 30 egun naturaleko epean.

Ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dira:

.Eskabide eredua, 1. eranskinean dagoena.

.Memoria, proiektua aurkezteko inprimakiaren arabera, 2. eranskinean baitago.

.Entitate eskatzailearen nortasun juridikoa eta entitatearen ordezkariarena frogatzen dituzten agiriak, jatorrizkoak edo kopia baimenduak:

_Estatutuak

_Elkarteak dagokion Elkarteen erregistroan izena emana duela erakusten duen ziurtagiria.

_Identifikazio Fiskaleko Txartela.

_Entitatearen legezko ordezkaria erakusten duen ziurtagiria, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa.

Tafallako Udalak agiri horiek jada bere eskuetan baditu, nahikoa izanen da legezko ordezkariaren aitorpena, non adieraziko baita agiri horiek ez direla aldatu.

.GGKE eskatzaileak Nafarroan azken urtean honako esparru hauetan egindako jardueren frogagiriak: garapenerako sentsibilizazioa eta hezkuntza, edo, oro har, garapenerako lankidetza.

.Tokian tokiko bazkidearen edo kontrapartearen nortasun juridikoa erakusten duen agiria, jatorrizkoa edo kopia baimendua:

_Estatutuak.

_Legezko eraketaren kreditazioa, proiektua egin behar den herrialdeko legeen araberakoa.

_Legezko helbide osoa.

_Entitatearen legezko ordezkaria erakusten duen ziurtagiria, nortasun agiri nazionala, pasaportea edo horien gisakoa.

.Dirulaguntza zer banku entitatetan sartu behar den, entitate haren ziurtagiria; han adieraziko dira kontuaren zenbakia eta titularra. Ziurtagiriak egungo data izanen du, eskabideak aurkezteko epearen ingurukoa (aurreko urteetan ere aurkeztua izan arren).

.Betiere, gastuen eta dirusarreren aurrekontua aurkeztuko da, sailkakoa eta eurotan emana; halaber, adieraziko da proiekturako zer baliabide dauden herrialde hartan eta zer baliabide jarriko dituen entitateak, eta beste erakunde edo entitate batzuei zer dirulaguntza eskatu zaien edo haiengandik jada zer laguntza lortu den.

.Proiektua eginen den tokia zehazki erakusten duten mapak (estatua, eskualde edo departamentua, probintzia eta udalerria).

.Dokumentazio grafikoa, teknikoa eta finantzen arlokoa, eta proiektuaren ezaugarriez ongi jabetzeko eskaini nahi den bestelako dokumentazioa.

.Tafallako Udalak egiaztatuko du, ofizioz, entitate eskatzaileak bete dituela Udalarekiko dituen tributu betebeharrak eta, zorrak egonez gero, horiek konpentsatuko ditu.

Eskabideekin batera ez bada aurkezten entitate eskatzaileari buruzko dokumentazioa, oinarri honetan esandakoa, Tafallako Udalak 10 eguneko epea utziko du, jakinarazi eta biharamunetik aitzina, falta diren agiriak aurkeztu eta egindako akatsak zuzentzeko; hori, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 71. artikuluarekin bat. Eskatutako hori ez bada emandako epean betetzen, eskabidea artxibatu eta eskatzaileak gibelat egin duela ulertuko da.

7._Dirulaguntzen esleipena.

Gizarte Ongizateko zinegotzigoa buru duen batzorde batek aztertu eta ebaluatuko ditu proiektuak. Oinarri hauek onesten diren momentuan, dirulaguntzaren ebazpena eman behar duen organoak ezarriko du batzorde horren kideak zenbat diren eta nortzuk diren; Gizarte eta Kultur Zerbitzuen Alorreko teknikari bat egonen da bertan, beharrezko laguntza teknikoa eman dezan.

Batzorde horrek proposamen txosten bat prestatuko du eta erabakia hartzeko eskumena duen organoari igorriko dio.

Organo eskudunak bi hilabeteko epea izanen du _proiektuak aurkezteko epea bukatzen denetik aitzina_ dagokion erabakia hartzeko.

Aldez aurretik emanen da dirulaguntza, ordainketa bakar batean. Ordainketa hori bi hilabeteko epean eginen da, gehienez ere, organo eskudunak ebazpena ematen duenetik aitzina.

8._Proiektua gauzatzea eta kontrola.

Diruz lagundutako proiektuak gauzatzeko ardura duten GGKEek proiektuaren garapenari buruzko txostenak emanen dituzte, lanak deskribatzeko eta finantza egoera azaltzeko; Tafallako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dituzte, sei hilabetean behin; eta beste txosten bat, proiektuaren bukaerari buruzkoa, urtea igarotakoan (3. eranskinean dago eredua); salbu eta aurkeztea galarazten duen arrazoi justifikatua badago. Kasu horretan ezintasun hori idatziz jakinaraziko zaio Tafallako Udalari eta honek baloratu eta onartu egin beharko du. Lehen txostena sei hilabete igarotakoan aurkeztuko da, dirulaguntza ordaintzen denetik aitzina kontatuta.

Gizarte Ongizateko zinegotzigoak GGKE bakoitzari deitzen ahalko dio proiektuen gauzatzearen berri eman dezan, deusetan ukatu gabe 9. A) 3 oinarrian onuradunei ezartzen zaien eginbeharra.

Txostenetan, agiri hauek egonen dira:

a) Dirulaguntza tokian tokiko bazkideari edo kontraparteari bidali zaiola erakusten duen agiria.

b) Tokian tokiko bazkide edo kontrapartearen legezko ordezkariak sinatutako agiria, dirulaguntza han jaso dutela ziurtatzen duena.

c) Proiektua gauzatzeari buruzko txosten teknikoa (3. eranskinean datorren ereduaren arabera).

Dirulaguntza lortutako proiektuen kontrola eta jarraipena egiten ahalko da, haiek gauzatzeko edozein fasetan, eta proiektuen ardura duten erakundeek eman eginen dizkiote Tafallako Udalari, hark eskatutako informazio eta agiri guztiak.

Informazio hori jaso ondoan, Udalak _Gizarte Ongizateko zinegotzigoa dela medio_ laburpen txostena prestatuko du, proiektuak gauzatzeari buruz eta horiei dirulaguntzak emateari buruz.

9._Dirulaguntza ematen duen administrazioaren eta erakunde onuradunen arteko harreman juridikoaren edukia.

A) Onuradunaren betebeharrak:

1._Eskabidean adierazi bezala gauzatzea proiektua. Dirulaguntza jaso ondorengo hiru hilabeteetan hasiko da proiektua, ez beranduago, ezinezkoa ez bada, behintzat, arrazoi bereziak edo ezinbesteko arrazoiak direla medio; inguruabar horiek justifikatu egin beharko dira.

2._8. oinarrian seinalatutako erdi bideko txostenak eta bukaerakoak aurkeztea dirulaguntza eman duen entitateari.

3._Entitate emaileak dirulaguntzen inguruan egiten dituen egiaztapen jarduerei eta finantza kontroleko lanei men egitea.

4._Tafallako Udalari baimena ematea eta laguntzea proiektuaren garapenaren berri ematen, jendea garapenerako lankidetzaren eta nazioarteko solidaritatearen arloan sentsibilizatzeko.

5._Tafallako Udalaren logotipoa ikusteko moduan paratzea proiektuaren agiri eta publizitate guztietan, eta tokian tokiko bazkide edo kontraparteari jakinaraztea nondik etorri den dirulaguntza.

6._Dirulaguntza ematerakoan kontuan izandako inguruabar eta baldintzetan aldaketarik izanez gero, Tafallako Udalari jakinaraztea eta, behar denean, Udalari baimena eskatzea.

Tafallako Udalak berariaz emandako baimena beharko da, aldez aurretik, proiektuan funtsezko aldaketa bat egiteko; alegia, honako elementu hauek ukitzen dituen bat:

_Helburuak.

_Populazio onuraduna.

_Proiektua gauzatzen deneko lekua.

_Aurreikusitako kontusailetan %20 arteko aldaketak egitea.

Proiektuan funtsezko aldaketak egiteko eskabideak behar bezala arrazoituko dira, eta aldaketa horiek ekarri dituzten inguruabarrak sortu eta berehala aurkeztuko dira.

Tafallako Udalari adierazi eginen zaio, baldin eta GGKE eskatzailearen nortasun juridikoan aldaketak gertatzen badira proiektua garatu bitartean: estatutuak, entitatearen legezko ordezkaria, etab.

7._Foru Ogasunarekiko tributu betebeharrak beteak izatea.

B) Jasotako zenbatekoak itzultzea.

Hartutako dirua itzuli beharko da eta dirulaguntza ordaindu zenetik aitzina dagokion berandutza interesa ordaindu, honako kasu hauetan:

1._Justifikatu beharra ez betetzea.

2._Eskatzen ziren baldintzak bete gabe dirulaguntza eskuratzea.

3._Dirulaguntza kobratzeko ezarririko baldintzak ez betetzea.

Ikuskatzean edo kontrolatzean, zantzuek erakusten badute jasotako dirulaguntza edo laguntza modu okerrean lortu edo gastatu dela, edo beste helburu baterako erabili dela, ikuskatu eta kontrolatzeaz arduratzen direnek fakturak, horien pareko agiriak edo horien ordezkoak, eta zaintzu horiek agertzen diren eragiketei buruzko beste agiri guztiak hartzea erabakitzen ahal dute.

Harturiko dirua hein batean itzuli eta dagokion berandutza korritua ordaindu beharra izanen da, baldin eta dirulaguntza izan duten gastuak ez badira justifikatzen edo proiektua gauzatzean izandako dirusarrerak (edonolakoak) gastuak baino handiagoak badira.

C) Arau-hausteak eta zehapenak.

Dirulaguntza eta laguntza publikoen alorrean, Administrazioaren esparruko ez betetzeak dira honako jokabide hauek, baldin eta doloa, errua edo utzikeria hutsa tartean badaude:

Dirulaguntza edo laguntza lortzea horiek eskuratzeko baldintzetan gezurra esanez edo laguntza hori baztertuko edo mugatuko luketen datuak ezkutatuz.

Dirulaguntza zer helburutarako eman zen, dirua xede horietarako ez erabiltzea, baldin eta ez bada, behintzat, dirua itzuli, errekerimendurik egin gabe itzuli.

Dirulaguntza lortzearen ondorioz bere gain hartutako betebeharrak ez betetzea, onuradunari edo, bestela, zuzenbidezko edo egitezko administratzaile gisa aritu denari egozten ahal zaizkion arrazoiak direla medio.

Jasotako dirua zertan erabili den ez frogatzea edo frogagiri faltsuak erabiltzea.

Ez betetzeen erantzule zuzena izanen da dirua eskuratu eta oinarri hauetako betebeharrak betetzen ez dituen GGKEa.

Itzuli beharraren eta _halakorik badago_ zehapenaren erantzuleak izanen dira, subsidiarioki, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak; alegia, betebeharrak betetzeko egin beharrekoak baztertu (nahiz eta beren esku egon), ez betetzea ekarri duten erabakiak hartu edo haien mendekoen urraketa onartu zuten pertsona juridikoen administratzaileak.

Gainera, egitezko edo zuzenbidezko administratzaileak beren jardunak oro utzi dituzten pertsona juridikoek zituzten itzuli beharreko zenbatekoen eta zehapenen erantzuleak izanen dira, betiere, subsidiarioki.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesatuari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin. Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean xedatzen denaren arabera tramitatuko da espediente hori.

Arau-hausteengatik isuna ezarriko da: gaizki lortu, aplikatu edo justifikatu gabeko zenbatekoa halako hiru, gehienez ere.

Gainera, zehatzeko eskumena duen agintaritzak honako zehapen hauek ezartzen ahalko ditu:

_Bost urte arteko epe batean dirulaguntza publikoak eskuratzeko aukera galtzea.

_Bost urteko epean Estatuarekin eta beste erakunde publiko batzuekin kontratuak egiteko debekua.

Diruzko isunak ez du loturarik aurreko artikuluan aipatzen den dirua itzuli beharrarekin.

Artikulu horretako arau-hausteen zehapenak mailaz mailakoak izanen dira, alderdi hauek kontuan hartzen direla:

_Subjektuen fede ona ala txarra.

_Dirulaguntzen eta laguntzen arloan arau-hausteak behin eta berriz egitea.

_Administrazioaren ikerketa lanari edo araudi aplikagarrian xedatzen diren finantza kontroleko lanei aurre egitea, uko egitea edo oztopoak jartzea.

_Bost urtetan Tafallako Udalaren dirulaguntzak jasotzeko aukera kenduko da gastuak frogatzeko gezurrezko fakturak erabiliz gero.

Dirulaguntza ematen duen organoak hartuko du erabakia eta ezarriko ditu zehapenak.

Administrazio espedientearen bidez ezarriko dira zehapenak; eta interesatuari entzunaldia emanen zaio beti, erabakia hartu aitzin; Administrazio Prozedurari buruzko Legeko VI. tituluko II. kapituluan xedatuaren arabera tramitatuko da espedientea.

D) Dirulaguntza hauen arauak.

Garapen bidean diren herrialdeekin egiteko lankidetza proiektuak direla-eta, dirulaguntzak emateko irizpideak bat etorriko dira honako arau hauetan gai horri buruz xedatuarekin:

_Toki Administrazioari buruzko Foru Legea.

_Toki Ogasunei buruzko Foru Legea.

_Dagokion ekitaldi ekonomikoko aurrekontua betearazteko oinarriak.

_Dirulaguntzen arloan aplikatzekoa den araudia.

E) Errekurtsoak.

Oinarri hauen aurka eta haiek betearazteko hartzen diren administrazio ebazpenen aurka, errekurtso hauetako edozein aurkezten ahalko da, aukeran:

_Berraztertzeko errekurtsoa, administrazio egintzaren udal organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratzen denetik aitzina.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiari zuzendua, bi hilabeteko epean. Errekurritzen den egintza jakinarazi edo argitaratu eta biharamunean hasiko da epe hori.

Iragarkiaren kodea: L0615577