123. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 13a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ORONZ

Ezgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelen udal ordenantza. Behin betiko onespena

Orontzeko Udalak, 2006ko ekainaren 2an egin osoko bilkuran, hasiera batez onetsi zuen Ezgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelen udal ordenantza.

Onesteko erabakia 2006ko 83. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, uztailaren 12an, eta jendaurreko epean ez da alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Orontzen, 2006ko irailaren 21ean._Alkatea, Tomasa Iriarte Napal.

EZGAITASUNA DUTENENDAKO APARKATZEKO TXARTELEN ORDENANTZA

1. artikulua. Xedea.

Ezgaitasuna dutenendako aparkatzeko txartelak emateko arauak jartzea da ordenantza honen xedea, Europako Kontseiluak 1998ko ekainaren 4an egin zuen 98/376/CE Gomendioarekin bat, ezgaitasuna duten pertsonek ibilgailua aparkatu ahal dezaten, ondotik joan-etorri handirik egin behar izan gabe.

2. artikulua. Baldintzak.

Aparkatzeko txartela eskuratzeko, beharrezkoa da baldintza hauek betetzea:

_Ezintasun iraunkorra duten gidariak

1. Elbarriak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; xehetasun hauek frogatu beharko ditu:

A._%33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B._Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

_Baliaezintasun iraunkorra duten pertsonen zaintzaileak edo haiekin bizi diren ahaideak:

1. Zaintzaileak edo ahaide bizikideak indarra duen gidabaimenaren jabe izan beharko du.

2. Eskatzailearen dokumentazioa, elbarriarekin duen familia lotura frogatzen duena, edo hura zaintzen duela erakusten duena; baita harekin bizi dela ere, hala denean.

3. Zaindutako ahaideak mugikortasuna urritzen dion elbarritasuna izatea; hori dela eta, honako hauek egiaztatu beharko dira:

A._%33tik gorako minusbaliotasuna duela egiaztatzen duen ziurtagiria, garraio publiko edo kolektiboa erabiltzeko ezgaitasunen bat tarteko dela dioena.

B._Nafarroako Osasun Zerbitzuko behar den departamentuak luzatutako osasun agiria, pairatzen duen minusbaliotasunak modu larrian eragiten diola frogatzen duena, honetarako:

_Ibiltzeko, zangoetako edo gerri pelbikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta, eskumakila bat edo gehiago, protesiak edo ortesiak erabiltzera behartua izanik.

_Ehun metroko tartean gelditu gabe ibiltzeko, alterazio organiko edo funtzionalen ondorioz.

_Aulki gurpilduna behar izateko bere joan-etorrietan.

_Aparkatzeko maniobrak egiteko, zango-besoetako edo gerri pelbikoko eta/edo sorbalda-gerrikoko gaitz muskulu eskeletikoa dela-eta.

3. artikulua. Eskatzeko prozesua.

Txartelen eskariak udal bulegoetan eginen dira. Eskabideari bigarren oinarrian zehazten diren egiaztagiriak erantsiko zaizkio, baita bi argazki ere, kolorezkoak eta karnet tamainakoak.

4. artikulua. Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste administratibotzat hartzen da txartela lortzeko aurkezten diren datu, ziurtagiri edo bestelakoak faltsutzea, eta txartela lortzea eragotziko luketenak gordetzea.

Orobat, txartelak kontzesio administratiborik gabe erabiltzea edo beste baten txartela erabiltzea.

Arau-hausteen erantzuletzat hartuko dira faltsuketaren egileak eta txartela eskatzen dutenak.

Arau-hausteak zehatzeko, aldez aurretik zehapen espedientea abiaraziko da eta, haren ebazpenaren aurretik, interesatuei entzunaldia emanen zaie betiere. Espedientea Zehapen Ahalmena gauzatzeko Erregelamenduan xedatzen denari jarraituz tramitatuko da.

Ordenantza honek testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Orontzen, 2006ko ekainaren 2an._Alkatea, Tomasa Iriarte Napal.

Iragarkiaren kodea: L0615691