Iragarkia
123. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 13a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak
662/2006 EBAZPENA, abuztuaren 30ekoa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Zizur Nagusiko Udala" entitatearen akordio kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 81/2006).
Ikusirik "Zizur Nagusiko Udala" entitatearen lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 81/2006).
Gertakariak:
1. Departamentu honetan 2006ko uztailaren 21ean sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 26 artikuluz osatua, enpresaren ordezkariek eta enpresa batzordeak (ELA-STV eta CC OO) 2006ko apirilaren 5ean izenpetu eta onetsia.
2. Espediente honen izapideak egitean, aplikatu beharreko lege eta erregelamenduen manuak bete dira.
Zuzenbideko oinarriak.
1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.
2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. Tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.
3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.
Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1 artikuluaren bidez eman dizkidaten eskurantzak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. "Zizur Nagusiko Udala" entitatearen lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3107942) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea.
2. Ebazpen hau Hitzarmenen Erregistrora igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.
3. Ebazpen honen berri ematea negoziazio batzordeari eta adieraztea ebazpenak ez duela administrazio bidea agortzen eta honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal duela Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.
Iruñean, 2006ko abuztuaren 30ean._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.
ZIZUR NAGUSIKO UDALAREN ETA HAREN LAN KONTRATUDUN FINKOEN ETA ALDI BATERAKOEN ARTEKO LAN-BALDINTZEI BURUZKO AKORDIOA 2006-2007 URTEETARAKO
1. artikulua. Xedea.
Akordio honetan ezartzen diren arauen xedea da Zizur Nagusiko Udaleko lan kontratudun finkoen eta aldi baterakoen lan harremanak, sozial zein ekonomikoak, erregulatzea. Arau horien osagarri izanen dira Langileen Estatutuan ezarritakoak eta aplikatzekoak diren gainerako arauak eta, orobat, Nafarroako Gobernuaren eta sindikatuen artean baldintza ekonomikoei eta sozialei buruz funtzionarioentzat eta administrazio kontratudunentzat sinatzen duten akordioa.
Erakunde publikoen edo beste entitateekiko itunen bidez salbuespen gisa egiten diren kontratuetan, hala nola auzolandegiak eta behin-behineko kontratuak, alderdi ekonomikoari dagokionez, lanerako aldi baterako ezintasuna barne, kontratu horietako baldintzetan ezarri eta erregulatzen diren arauak aplikatuko dira.
Kontratu izaera duenez, betebeharrrak eta eskubideak dakartza aplikazio eremu osoan.
Akordioak berariaz indargabe uzten ditu aurretik onetsi eta aplikatu diren gainerako hitzarmen guztiak.
2. artikulua. Indarraldia.
Akordio honek bi urteko indarraldia izanen du eta isilbidez luzatuko da urtez urte, muga-eguna baino hiru hilabete lehenago, bi alderdietako edozeinek akordioaren amaiera iragartzen ez badu.
Alderdiek onesten dutenean hartuko du indarra Akordioak eta ondorio ekonomikoak 2006ko urtarrilaren batetik 2007ko abenduaren 31ra arte izanen ditu.
3. artikulua. Konpentsazioa eta irenspena.
1. Akordio honetan itundutako baldintza guztiek multzo organiko bat osatzen dute, eta indarra hartu aurretik zeuden guztiak ordeztu, konpentsatu eta irentsiko dituzte urteko kopuruan eta, oro har, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.
2. Zehazki, ordainketen gaineko edozein kontzeptu dela bide, legezko xedapen bitartez ezartzen diren igoerak akordio honetan ezarritakoarekin konpentsatzen ahalko dira urteko kopuruan.
3. Halaber, eta urteko kopuruan, akordio honetan ezarritako ordainsariek hark indarra hartzen duenean zeudenak irentsi eta konpentsatzen dituzte, edozein dela ere haien izaera, jatorria edo izena.
4. artikulua. 4.1. Jarraipen batzordea
1. Jarraipen batzorde bat eratuko da akordio honetan ezarritako arauen betetzea interpretatu, arbitratu eta zaintzeko. Batzorde hori alkateak eta enpresa batzordeko buruak (edo haiek eskuordetutako pertsonek) eta udaleko langile finkoen ordezkari batek osatuko dute. Batzordekideek boto bana edukiko dute. Sindikatuetako ordezkarien botoa ponderatua izanen da, sindikatu bakoitzeko ordezkari kopuruaren araberakoa.
2. Erabakiak bileran agertutakoen gehiengo soilaz hartuko dira.
3. Jarraipen Batzordea akordioa interpretatu edo aplikatzerakoan ezberdintasunen bat sortzen denean bilduko da, bai eta alderdietako batek eskatzen duenean ere. Bilera egiteko eskaria egiten denetik hamabost lanegun iraganez gero bilera egin gabe, eskaria egin duen alderdiak aukera izanen du agintaritza eskudunari edo justizia epaitegiei egoki jotzen duena erreklamatzeko, bidezkoa denean.
4. Jarraipen Batzordeari kontsulta egiten bazaio, haren irizpena erabakigarria izanen da eta akta batean jasoko da. Betiere, alderdiek, libreki eta era independentean, edozein unetan ustez dauzkaten eskubideak erabili ahal izanen dituzte, behar den denboran eta moduan, agintari edo jurisdikzio eskudunaren aurrean, legez indarrean dauden xedapenen arabera.
5. Aipatu batzordeak Akordio honen xede diren gaiei buruz eta hura interpretatzeko edo garatzeko hartzen dituen erabakiak Akordioan sartuko dira eta haren izaera juridiko bera izanen dute, erregistratu eta ondoren Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta gero. Azken tramite horiek soilik Batzordeak berariaz erabakitako akordioen ondoriozkoak izanen dira.
4.2. Lanaren antolamendua eta giza baliabideak.
1. Zizur Nagusiko gobernu organoei eta zuzendaritzako kide eskudunei dagozkie lanaren antolamendua eta zuzendaritzaren arloko eskumenak, toki entitate honek bere nahiaren arabera bere ardurapeko zerbitzuak antolatzeko autoorganizazio ahalmen edo eskubidearen ondorioz.
Laburbilduz, Toki Administrazio Publiko honen antolamendu ahalmenak zerbitzuak iruditzen zaion modurik egokienean arautzea ere barne hartzen du, baita emandako eginkizunen arabera lanpostuen zerrendak sailkatzeko ahalmena ere.
Aurrekoarekin loturik, giza baliabideak kudeatzeko antolamendu tresnen barnean, lanpostuen zerrendak toki entitate honen antolamendu tresna nagusia dira, barne egituraren mailan antolamendu eredua diseinatzen baitute eta egin beharreko lan zehatza egiteko sailkatzen baitituzte langileak, zerbitzuen beharren arabera.
Lanpostuen Zerrendaren bidez funtzio publikoa arrazionalizatu eta antolatu egiten da, eta langileriari buruzko politika orokorraren tresna funtsezkoa da, bertan alde ekonomikoa eta aurrekontuzkoa sartzen baititu.
Halaber, lanpostuen zerrendak arauemaileak dira, baina bereizi egiten dira destinatario askotariko eta zehaztugabea izanik ere eduki arauemailerik gabekoak diren egintzetatik. Ildo horretan, Zizur Nagusiko Udalak 2006ko Plantilla Organikoa onesteko egiten duen Osoko Bilkuran 2006ko Lanpostuen Zerrenda ere onetsiko du.
2. Aurrekoa deusetan galarazi gabe, Udalean ordezkaritza duten sindikatuek eskubidea dute lan baldintzak ezartzeko erabiltzen diren prozeduretan parte hartzeko, indarra duten xedapenen arabera, eta laneko araudiak Langileen Batzordeari gai honetan aitortzen dizkion eskumenak errespetatuz.
5. artikulua. Lanaldia, lan-ordutegia eta jaiegunen egutegia.
1. Urteko benetako lanaldia, ororentzat, 1.592 ordukoa izanen da.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako Administrazio Publikoetako langileentzako Akordio honetan adierazten denaz bestelako lanordu kopurua ezarriko balu, automatikoki aplikatuko litzaieke kopuru bera Zizur Nagusiko Udaleko lan kontratudun finko eta aldi baterakoei.
2. Langileek 20 minutuko atsedenaldia hartu ahalko dute eguneko lanaldian, egiazko lanordutzat hartuko dena. Goizeko ordutegian, orokorrean, 10:00etatik 12:00etara bitartean egin ahalko da atsedenaldia, zerbitzuaren beharren arabera.
Ikastetxeen kasuan, atsedenaldia antolatzean ikasleen segurtasuna eta kontrola bermatuko da.
3. Urteko 1.592 lanorduak, honela banatuko dira:
a) Astelehenetik ostiralera bitarteko eguneroko lanaldia, orokorrean, 7 ordu eta 20 minutukoa izanen da. Nahitaezkoa izaneno da 8:00etatik 15:00ak bitartean aritzea, eta gainerako 20 minutuak betetzeko aukera malgua utziko da, enplegatuaren esku, 7:40tik 8:00etara eta 15:00etatik 15:20ra bitartean.
b) Herriko festen bezpera (txupinazoa): Asteguna eta goizez egokitzen denean, lanaldia 3 ordukoa izanen da, jendea hartzeko gutxieneko lanaldia ezarriz 9:00etatik 11:00etara eta bulego guztiak itxiko dira 11:00etatik aurrera.
c) Herriko festak: bezperako 11:00etatik aurrera; festa eguntzat hartuko dira: Patroiaren eguna eta herriko festetako bi egun gehiago. Adierazitako azken egunetako bat ezin bada hartu, uztailaren 7ra aldatuko da.
d) San Andres: azaroaren 30a, San Andres eguna, besta eguna izanen da.
e) San Fermin: sanferminetan (bezpera barne), lanaldia 9:00etatik 13:00etara izanen da.
4. Jaiegunen egutegia: Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak urtero finkatuko du akordio honen eraginpeko langileen jaiegunen egutegia eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
5. Hala ere, 5.3.a) artikuluan aipatzen diren 20 minutuen izaera malgua aldatu ahalko da, ezarri ahal diren barne-koordinazioko mekanismoak abian jartzen direnean, baina horrek ez du behin betiko aldatzen atal honetan ezartzen den ordutegi orokorra.
Halaber, nahi den izaera puntual eta iragankorrez, Udalak lanaldiaren edo ordutegiaren bestelako banaketa adostu ahalko du, antolamendu-beharren arabera, baina horrek ez du behin betiko aldatzen 5.3.a) artikuluan ezartzen den ordutegi orokorra, eta langileari 72 ordu lehenago jakinarazi beharko zaio.
Edonola ere, organo eskudunak urtero emanen du ebazpena, eguneko lanaldia zehaztuta, urteko jaiegun egutegiari egokiturik.
Urtero lan egutegia finkatuko da eta bertan azalduko dira asteko atsedenak, jaiegun ofizialak, probintziakoak eta herrikoak.
6. artikulua. 1. Lanbide-sustapena, langileen hautaketa eta mugigarritasun funtzionala.
1.1. Langile finkoen sustapenak esan nahi du akordio honen 8. artikuluan zehaztutako talde bateko langileak goiko mailetara igotzea, bai eta talde berean gora egitea ere.
1.2. Talde igoerarako, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 15. artikuluak eta xedapen osagarriek diotenari jarraikiz, hautaprobetan bete gabe gelditzen diren postuak erreserbatuko dira.
1.3. Talde bakoitzean mailaz igotzeko, abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 18., 33. eta 34. artikuluek eta xedapen osagarriek xedatutakoari jarraituko zaio.
1.4. Langileei lekualdatze lehiaketetako deialdietan, sartzeko deialdietako igoera txandetan eta departamentuen eta erakunde autonomoen barnean langileen mugigarritasun prozeduretan parte hartzeko aukera bermatuko zaie, edozein dela ere horien araubide juridikoa: funtzionarioak, estatutupekoak edo lan kontratudunak.
1.5. E mailako edo taldeko lanpostuen lekualdatze lehiaketetan parte har dezakete, orokorrean, maila edo talde horretako enplegatu guztiek, edozein dela ere lehen zuten lanpostua.
1.6. Gainerako mailetako lanpostuen lekualdatze lehiaketetan, ahaleginak eginen dira ahalik eta enplegatu gehienek parte har dezaten, lanpostuaren ezaugarriek eta eginkizunek horretarako bide ematen badute.
1.7. Aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, bete nahi diren lanpostuak beheragoko mailako langile finkoei eskainiko zaizkie, gaitasun, iraupen eta antolamendu alderdiak baloratu ondoren eta indarreko legeetan ezarritakoari jarraituz. Kasu horiek apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuari jarraikiz arautuko dira.
E eta D mailetako langile finkoak D eta C mailetara igotzen ahal dira, hurrenez hurren; igoera 5 urteko antzinatasuna lortzean gertatuko da baldin eta eskatutako titulazioa badute, eta 8 urtekoa lortzean titulazio hori ez badute, aplikatu beharreko legeriarekin bat. Sistema horren bidez igo diren langileak ezin izanen dira sistema berberaren bitartez berriz igo.
Igoera horretarako deialdiak urtero eginen dira, halako moduan non aurreko lerroaldean ezarritako baldintzak betetzen dituzten langileak, behar diren hautapen probak gainditu ondoren, goragoko mailetan sartuko diren.
Mailaz igo diren langileek Udalari atxikirik jarraituko dute; deialdiko maila eta kategoriari, hala nola eskatutako ikasketei egokitutako lan eta eginkizunetan ariko dira eta, maila berriari dagozkion eginkizunez gain, ordura arte egiten ari zirenak beteko dituzte.
1.8. Behar diren mekanismoak ezarriko dira, administrazioak bere burua antolatzeko dituen ahalmenak eta zerbitzuen premiak babestuz, langileen mugigarritasun horizontala errazteko, besteak beste lanpostu guztien taldekako integrazioa, bakoitzaren titulazioan, izendapenean eta garatutako eginkizunetan oinarrituta.
1.9. Lanpostu hutsak taldeko igoera murriztuaren bidez beteko dira, horrela egin daitekeen zerbitzuetan.
1.10. Langile finkoen hautaketa:
Langile finkoak hautatzerakoan abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren II. tituluko I. kapituluan eta xedapen osagarrietan xedatutakoari jarraituko zaio.
1.11. Aldi baterako lan kontratudunen hautaketa.
1.11.1. Lan kontratua mugagabea ez duten lan kontratudunak abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 95. artikuluan eta haren xedapen osagarrietan, bereziki ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren IV. tituluan, ezarritakoaren arabera hautatuko dituzte.
1.11.2. Udaleko lan kontratudunen ordezkariei kontratazio horien garapenaren berri emanen zaie une oro.
1.11.3. Aldi baterako lan kontratua, aurrena, lan kontratudun finko bihurtzeko hautaprobak gainditu bai baina lanposturik lortu ez dutenei eskainiko zaie. Ateratako puntuen hurrenkerari jarraituz kontratatuko dira langile horiek, horrela ezarri bada bakoitzaren deialdiko oinarrietan betiere.
Eskaintzari uko egiten diotelako edo gisa horretako langilerik ez dagoelako, aukera horiek agorturik, Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez kontratatuko dira edo izangai zerrenda bat osatzeko proben bidez, eta mota horretako kontratua legearen arabera erredaktatuko da.
1.12. Behar direnak eginen dira plantillaren egonkortasuna eta, kasua bada, mugigarritasun horizontala errazteko, udaleko giza baliabideak birkokatuz edota langileak beste lanpostu batzuei atxikiz, zerbitzu hobea emateko helburuarekin.
Udalaren barneko mugigarritasun funtzionala izateko eskubideak ez du beste mugarik izanen lan horietarako behar diren ikasketen edo lanbide tituluek eskatzen dutena eta lanbide maila edo talde batekoa izatea baizik.
Lanbide maila edo taldeari edo kategoria baliokideei ez dagozkien eginkizunak egiteko mugigarritasun funtzionala bakarrik onartuko da teknika edo antolaketaren aldetik arrazoiak daudenean eta arrazoi horiek konpontzeko beharrezkoa den denborarako bakarrik, hori dena langileen duintasuna eta haien lanbide-prestakuntza eta maila-igoera galarazi gabe. Kategoria goragoko lan batean aritze hutsak ez du behin ere finkatuko ez soldata ez goragoko kategoria ere.
Osasun arrazoiak direla-eta, langileen lanpostuen aldaketak egiten ahal dira, baina zentro ofizial batek txostena eman beharko du aurretik:
_Lan nekagarri, toxiko edo arriskutsuetan aritzen direnak, 55 urte betetzean, haien gaitasunei hobeki egokitzen zaizkien beste zeregin batzuetara aldatuko dituzte, bigarren jarduerakoak deitutakoetara, betiere dagokien zerbitzuaren barruan.
_Dagokion epaimahai medikoak horretarako aholkua ematen badu, adin horretara iritsi baino lehen hasiko dira langileak bigarren jarduerako lanetan.
1.13. Langile ezinduak:
1.13.1. Udalak enplegu publikoko eskaintzetan lanpostu finkoen %5 gordeko du langile ezinduentzat, indarrean diren legeak betez.
1.13.2. Hori hala izanik ere, Udalak konpromisoa hartzen du baliaezintasun iraunkorra ezintasun iraunkor osoaren graduan onartua duten langileak euren hondar-gaitasunarekin bateragarriak diren lanpostuetan birkokatzeko.
1.13.3. Artikulu honetako 1.13.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz birkokatu diren langileak izanik, ezgaitasuna lan-istripu baten ondorioa edo eritasun profesional baten ondorioa ez bada, euren jatorrizko lanpostuari dagokion ordainsaria jasoko dute, jasotzeko eskubidea duten ezintasun pentsioaren zenbatekoa kenduta, hala badagokie.
1.13.4. Artikulu honetako 1.13.2 puntuan ezarritakoari jarraikiz birkokatu diren langileak izanik, ezgaitasuna laneko eritasun baten ondorioa edo lan-istripu baten ondorioa bada, lanpostu berriari dagokion ordainsaria jasoko dute, baita jasotzeko eskubidea duten ezintasun pentsioaren zenbatekoa ere. Bi ordainsarien batuketa euren jatorrizko lanpostuetan jasoko luketena baino txikiagoa balitz, puntu honetan ezarritakoa ala aurreko puntuan ezarritakoa aplikatzea aukeratzen ahal dute.
7. artikulua. Plantilla organikoa eta espediente pertsonalak.
1. Zizur Nagusiko Udalak bere plantilla organikoa onetsi beharko du; bertan Udala osatzen duten lanpostuak zerrendatuko dira behar bezala sailkatuta:
a) Atxikitzen duten maila eta, hala behar izanez gero, haietan sartzeko egiaztatu behar diren berariazko betekizunak.
b) 13. artikuluan ezarritako ordainsari pertsonal oinarrizkoak eta osagarriak.
c) Langileen sailkapena eta antolamendua, garatu beharreko lan zehatzaren arabera.
2. Zizur Nagusiko Udalak lan kontratudun guztiei espediente pertsonala irekiko die eta bertan inguruabar pertsonal guztiak eta euren inguruan egiten diren ebazpenak azalduko dira.
3. Zizur Nagusiko Udalak urtero eginen du zerrenda bat eta bertan mailak, kategoriak, soldatak, osagarriak eta gainerako alderdi ekonomikoak zehaztuko dira.
4. Udalak urtero azterlan bat eginen du eskaintzen dituen eta sortu behar dituen zerbitzuen jardunbide egokirako zenbat langile behar dituen ikusteko.
8. artikulua. Lanbide kategoriak.
Zizur Nagusiko Udaleko langileak, deialdiaren betekizunekin bat etorriz, sartzeko eta nagusiki bete beharreko eginkizunetarako behar duten titulazioarekin sartuko dira, honako maila hauetan:
_A maila: maila honetako langileek lizentziadun, ingeniari edo arkitekto unibertsitateko titulua beharrezkoa duten zuzendaritza-lanak edo lanbide eginkizunak beteko dituzte.
_B maila: maila honetako langileak, unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko, arkitekto tekniko edo Lanbide Heziketako hirugarren mailako tituluen jabe izanen direnak, A mailako eginkizunetan laguntza eta sostengu lanetan arituko dira, bai eta euren titulazioari dagozkion lan profesionaletan ere.
_C maila: maila honetako langileak exekuzio lanetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Batxilergoa, bigarren mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.
_D maila: maila honetako langileak laguntza lanetan edo antzekoetan arituko dira eta titulu hauen jabe izanen dira: Eskola Graduatua, Lehen Mailako Lanbide Heziketa edo baliokidea.
_E maila: maila honetako langileek menpeko laguntza-zereginak beteko dituzte.
9. artikulua. Eszedentziak, kontratua etetea, ordaindu gabeko baimenak eta lanaldi-murrizketak.
1. Borondatezko eszedentzia:
1.1. Borondatezko eszedentzia deklaratzea, langile finko batek eskatuta, bidezkoa izanen da ondoko kasuetan:
a) Beste administrazio publiko batera edo berea ez den administrazio baten menpekoa izan eta nortasun juridiko berekia duen entitate batera aldatzeagatik, eta orobat, kontratazioa egitean eta zerbitzua ematen hasten denean beste Administrazio Publiko batean zerbitzua ematen aritzeagatik.
Gainera, aurreko lanpostuan borondatezko eszedentzia eman dakieke Administrazio Publiko berean, talde berean edo beste batean, beste lanpostu batera aldatutako langileei, unitate organikoetako burutzak edo zuzendaritzak salbuetsita.
b) Alderdi politikoetan, sindikatuetan edo erakunde profesionaletan zuzendaritza karguak betetzeagatik, baldin eta funtzio publikoan aritzearekin edo Udalaren zerbitzuko langile finko gisa aritzearekin bateraezina bada.
c) Langilearen interes partikularrengatik. Jatorrizko lanpostua hemezortzi hilabetez gordeko da, zerbitzuaren beharrek horretarako bidea ematen badute eta interesatuak egiaztatzen baldin badu eskaera egin aurreko bi urteetan, gutxienez, jardunean edo horren antzeko lan egoera batean aritu dela.
1.2. Borondatezko eszedentzia emanen da, betiere, mugarik gabeko aldi baterako.
1.3. Behar bezala justifikaturiko kasuetan izan ezik, borondatezko eszedentzian dauden langileek ezin izanen dute jardunera itzultzeko eskatu egoera horretan urte bat bete arte. Itzultzea erabaki ondoren, hilabeteko epean gauzatu behar da. Hala egiten ez bada, langileak galdu eginen du langile izaera.
1.4. Borondatezko eszedentzian dauden langileek gorde eginen dituzte lehendik dituzten maila, gradua eta antzinatasuna, baina ez dute soldatarik jasoko eta egoera horretan emandako denbora ez zaie inolako ondoriotarako kontuan hartuko.
2. Eszedentzia berezia:
Langileak eskatuta, eszedentzia berezia onartzen ahal da, kasuan-kasuan ezartzen den eperako, honelako kausa hauek egiaztatuz gero:
2.1. Hiru urterako, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, naturalak zein adoptatuak, eta adoptatu aurreko harrera-fasean nahiz era iraunkorrean daudenak. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.
2.2. Hiru urterako, gehienez, langilearen kargura dagoen odoleko edo ezkontza bidezko ahaideren bat zaintzeko, bigarren gradu artekoa _hori barne_, baldin eta adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez bada eta lan ordaindurik ez badu.
2.3. Eszedentzia berezi bakarra hartu ahal izanen da subjektu eragile bakoitzeko. Beste subjektu eragile batek beste eszedentzia berezi baterako bidea ematen badu, hura hastearekin batera ordura arte disfrutatzen ari zen eszedentzia amaituko da.
2.4. Eszedentzia mota hori langile bakoitzaren eskubidea da. Subjektu eragile berak bi langileentzako eskubidea ahalbidetzen baldin badu, Udalak eskubidea izanen du aldi berean erabili behar duten eszedentzialdia mugatzeko, zerbitzuaren beharrekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.
2.5. Kasu guztietan, eszedentzia berezia emateko, langileak deklaratu beharko du bitartean ez duela beste jarduera profesionalik edo lanik egin behar.
2.6. Eszedentzia berezian dauden langileek jatorrizko lanpostua gordetzeko eskubidea izanen dute, baina ez dute eskubide ekonomikorik sorraraziko. Dena den, antzinatasunaren ondorioetarako, egoera horretan ematen duten aldi osoa aintzat hartuko zaie. Eskubide pasiboen ondorioetarako, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrean eta xedapen osagarrietan ezarritakoari jarraituko zaio.
2.7. Eszedentzia berezia duten langileek eszedentzialdia bukatu eta hurrengo egunean hasi beharko dute lanean jatorrizko lanpostuan.
2.8. Eszedentzia bereziko aldia bukatu gabe ere, interesatuek noiznahi eskatzen ahal dute jardunean hastea, baina kausa berean oinarritutako beste eszedentziarik ezin izanen dute eskatu. Itzulera onartu ondoren, aurreko artikuluaren 1.3 puntuan xedatutakoari jarraituko zaio.
3. Nahitaezko eszedentzia:
1. Nahitaezko eszedentzia egoera ondokoei ezarriko zaie:
a) Zerbitzu berezien egoera bukatuta, hautatu edo izendatuak izan zireneko kargua utzi eta hurrengo hogeita hamar egun naturaleko epean euren jatorrizko lanpostura lanera itzultzen ez diren langileak.
b) Bateraezinezkotzat jotako jarduera batean aritu eta hari uko egiten ez dioten langileak.
2. Nahitaezko eszedentzi egoeran diren langile guztiei 1.4 puntuan (borondatezko eszedentzia) ezarritakoa aplikatzen ahal zaie.
4. Jarduneko zerbitzura itzultzea:
Lanpostua gorderik ez duten langileak zerbitzura itzultzeko, lanpostua hutsik gelditu beharko da eta ondoren adierazten den lehentasun hurrenkerari jarraituko zaio:
1. Borondatezko eszedentzia hartu dutenak, 1.1 atalaren b) lerroaldean (borondatezko eszedentzia) aipatu karguak betetzeagatik.
2. Borondatezko eszedentzia hartu dutenak, 1.1 atalaren a) eta c) lerroaldeetan (borondatezko eszedentzia) aipatuak.
3. 1. atalaren b) lerroaldean (nahitaezko eszedentzia) aipatzen den nahitaezko eszedentzia hartu dutenak.
5. Kontratua etetea.
1. Langile batek bere udaleko beste lanpostu bat eskuratzen duenean, deialdi publiko batean txanda irekian nahiz murriztuan, hautapen probak gainditu ondoren, lanpostu berrirako ezarritako probaldia gainditzen ez badu lehen zeukan lanpostura itzuli beharko du.
2. Urritu fisikoak nahiz psikikoak euren kargura dituzten langileek eskubidea izanen dute urrituak adingabeak diren bitartean edo beste kasu berezietan behar duten denborarako kontratu etenaldia izateko. Etenaldia ez da kontuan hartuko ez antzinatasunerako ezta beste edozein ondoriotarako ere. Etenaldia amaituta, jatorrizko udalera itzultzeko eskubidea izanen dute 2.7 lerroaldean (eszedentzia berezia) ezarritako baldintza beretan.
6. Ordaindu gabeko baimenak:
Norberaren kontuetarako ordaindu gabeko lizentziak ematen ahal zaizkie langileei; haien iraupenak ez du inoiz ere ondokoa gaindituko: bi urte naturalez behin bost hilabete.
7. Lanaldia murriztea:
Lanaldia murrizteko baimena emateko (lanaldiaren heren bat nahiz erdia, ordainsarietan dagokien gutxitze proportzionalarekin), ondoko arauei lotuko zaie:
1. Lanaldi murriztua aukeratzen ahal dute inguruabar hauetako batean dauden langile finkoek:
a) Haien ardurapean 6 urte baino gutxiagoko haur bat edo jarduera ordaindurik egiten ez duen minusbaliatu fisiko, psikiko edo adimen minusbaliatu bat izatea.
b) Enplegatuaren ezkontideak edo bizikideak edo odol bereko edo ezkontza bidezko lehen graduko ahaideren batek ezgaitasunen bat izatea. Halaber, langilea pertsona adinduekin edo eritasun kronikoren edo ezgaitasunen bat duen familiako pertsonaren batekin bizi bada (odol edo ezkontza bidezko bigarren gradura bitarteko ahaideak).
2. Era berean, zerbitzuaren beharrek bide emanez gero, lanaldi murriztua ondoko langileek hartzen ahal dute:
a) 55 urte edo gehiagoko enplegatuak.
b) Lanerako aldi baterako ezintasuna edo ezintasun iraunkorra sor ez dezakeen eritasuna duten langileak, Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak hari buruz emandako txostenarekin bat etorriz.
c) Legepeko zaintza dela-eta, 6 eta 16 urte bitarteko adingabe bat euren kargura duten langileak.
d) Langilearen beraren interesagatik, betiere ez badu zailtasunik sortzen zerbitzuen jardunean.
Lanaldia laburtzeko kasu honetan eta haren balizko luzapenetan ez da inolaz ere baimenduko emandako denbora epea baino lehenago bukatzea, non ez duen langileak amatasunagatik ordaindutako baimena hasten edo ez zaion zerbitzu aktibokoa ez bezalako administrazio egoera aitortzen.
Puntu honetako 2.a) lerroaldeko aukera hautatzen duten 55 urtetik gorako langileei Udalak hitza ematen die haien ordainsarien %100 kotizatuko duela.
3. Eskubide horretaz ezkontideetako bat baizik ezin izanen da baliatu.
4. Lanaldi murrizketa ematen zaien langileek denbora tarte horretan ezin izanen dute bestelako lanbide edo jarduera ordaindutan aritu.
5. Organo eskudunak ebatziko du lanaldi murrizketa, interesdunak eskatuta, eta harekin batera familia-liburuaren edo eskaera arrazoitzen duen ziurtagiri ofizialen fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko da.
6. Lanaldi murrizketa gutxienez sei hilabeterako izanen da, eskaera arrazoitu duen zioa epe laburragoan bukatzen ez bada.
7. Orokorrean, lanaldi murrizketa egunerokoa izan beharko da eta langileak duen ordutegiaren hasierako edo bukaerako orduetan, zerbitzuaren beharrekin bat etorriz.
8. Lanaldi murrizketak berarekin dakar langilearen ordainsari guztien murrizketa proportzionala, familia-laguntzarena salbu.
9. Era berean, kotizazio sozialak eta dagozkien deskontuak lanaldi murriztuari dagozkien ordainsarien arabera kalkulatuko dira, 2.a) atalekoa salbu.
10. Lanaldia murrizteko epea bukatu baino hilabete lehenago luzapena eskatzen ahal da, betiere, murrizketa emateko inguruabarrak badiraute.
10. artikulua. Eskubideak eta eginbeharrak.
Eskubideak:
1. Eszedentzian edo baimen bateko egoeran ez diren langileak honako eskubideak izanen dituzte:
a) Benetako okupazioa izateko, hau da, zein lanpostutarako izendatu duten, hartan aritzea.
b) Lanean mailaz igotzeko eta lanbide prestakuntza izateko, hitzarmen honetan ezarritakoaren arabera.
c) Langileek euren intimitatea eta duintasuna errespetatua izateko, sexu erasoen, hitzezko zein fisikoen, aurrean babestuak izateko eskubidea barne.
d) Urtero opor ordainduak izateko, 11. artikuluan ezarritako moduan.
e) Baimen ordainduak izateko, 12. artikuluan ezarri bezala.
f) Lana egitetik gelditzeko eritasun edo istripuagatik.
g) Integritate fisikoa izateko, bai eta segurtasun eta higiene politika egokia ere.
h) Ordaindu gabeko eszedentziak eta baimenak izateko, 9. artikuluan xedatutakoarekin bat.
i) Dagozkion ordainsariak kobratzeko, 13. artikuluan xedatutakoaren arabera.
j) Osasun laguntza eta gizarte laguntza izateko.
k) Greba egiteko eskubidea, sindikatzeko, negoziazio kolektiborako, gatazka kolektibora jotzeko, enpresan bilerak egin eta parte hartzeko, administrazio publiko guztietako lan kontratudunentzako orokorrean ematen diren xedapenekin bat etorriz.
l) Estatuko nahiz Nafarroako Foru Komunitateko legeetan langileei aitortzen zaizkien beste eskubideak, aurreko lerroaldean aipatu ez badira ere.
Aurreko atalean aipatzen diren eskubideez baliatzerakoan Akordio honetan ezarritakoari jarraituko zaio.
Udalak lansarira iristeko falta den kopurua ordainduko du %100 jaso arte, lanerako ezintasun iragankorra izanez gero.
2. Eszedentzian edo baimen bateko egoeran ez diren langile finkoek honako betebeharrak izanen dituzte:
a) Nor bere lanpostuan dituen betebeharrak betetzea, on uste eta arretazko arauei jarraikiz.
b) Nagusi zuzenek euren zuzendaritza ahalmenak erabiliz eman ditzaketen aginduak eta jarraibideak betetzea.
c) Interes orokorrak objektibotasunez betetzea, bere lanpostuari dagozkion eginkizunak fidelki, zorrotz eta inpartzialtasunez betez.
d) Lanbide-isilpekotasuna gordetzea.
e) Produktibitatea hobetzen laguntzea.
f) Errespetuz eta zuzentasunez tratatzea goikoak, lankideak, menpekoak eta administratuak, azken hauek euren eskubideak eta betebeharrak bete ditzaten erraztuz.
g) Zerbitzuan ez diren lankideak ordezkatzea, nagusiak barne.
h) Lantokira garaiz iristea eta legez ezartzen den lanaldia hertsiki betetzea.
11. artikulua. Oporrak.
1. Aldi baterako lan kontratudunek, jardunean dauden urte oso bakoitzean, 27 laneguneko opor ordainduak izanen dituzte; bestela, lan egindako denbora gutxiago bada, proportzioan dagozkienak.
Nafarroako Gobernuak Nafarroako administrazio publikoko langileentzako hogeita zazpi lan egunetako opor ordainduak baino gehiago ezarriko balu, automatikoki ezarriko litzaieke Zizur Nagusiko Udaleko aldi baterako lan kontratudunei.
2. Orokorrean, langile guztiek eskubidea izanen dute gutxienez arauzko opor egunen erdiak udan hartzeko, ekainaren 15etik irailaren 15era bitarte, alegia. Gainerakoa urtean zehar hartuko da, zerbitzuaren beharrekin bat etorriz. Urte naturalaren barnean hartu beharko dira, eta eskubidea urtero iraungiko da abenduaren 31n. Hala ere, iraungi aurretik luzapena onartzen da hurrengo urteko urtarrilaren 15a arte. Euren oporrak hartzen ez dituzten langileei soilik emanen zaie diru konpentsazioa, oporrak ez hartzea zerbitzuaren beharrengatik izan bada.
3. Ikastegietan aritzen diren langileek arauzko oporren erdia ikastegiko irakaskuntza-aldietan hartzen ahal dute aukeran.
4. Langile bat eri jartzen bada oporretan dagoela, ez dira oporrak etenen, salbu eta lau egun baino gehiagoko ospitalizazioa ekartzen duten istripu edo eritasunen kasuan, edo txosten mediko batez eritasuna larri edo oso larritzat (ospitaleratu beharrarekin nahiz gabe) jotzen denean; azken hori, betiere, ziurtagiri medikoaren bidez egiaztatu beharko da. Halakoetan, oporren eteteak indarra izanen du ospitalizazioa edo eritatasuna hasten den lehenbiziko egunetik.
5. Langileak lana uzten badu oporrak hartu baino lehen, edo bere kontuetarako baimen egunak nahiz aparteko orduak egiteagatiko denbora konpentsazioak hartu aurretik, edo aurrez eskatu eta disfrutatzeko epemugarik ez duten baimen ordainduak edo lizentziak hasi baino lehen, egun horiek gero hartuko dira urte naturalaren barnean.
6. Zerbitzu bakoitzean ezin izanen da langileen %50 baino gehiago oporretan ibili aldi berean, hala ere, kontuan hartuko dira Zerbitzu bakoitzaren berariazko ezaugarriak eta, Arloko buruak aurretik txostena eginez gero, ehuneko hori handitzen ahal da.
Oporraldiak banatzeko lehentasuna langileen arteko antzinatasunari jarraikiz txandakatuta ezarriko da.
7. Oporretarako egutegiak urtero martxoko lehen hamabostaldian aurkeztu beharko dira.
12. artikulua. Baimen eta lizentzia ordainduak.
1. Lan kontratudunak, aldez aurretik eskatu eta justifikatuta, kasua bada, lanetik irten ahal izanen dira ondoren zehazten diren denboretan eta kasuetan.
1.1. Baimen ordainduak:
a) Haur baten jaiotza: bost lanegun. Baina erditze multiplea izanez gero, bi egun gehiago ume bakoitzeko bigarrenetik aurrera. Baimena jaiotzaren egunetik beretik edo amak ospitalean sendagilearen alta hartzen duen egunetik aurrera hartu ahal izanen da, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada. Baimen hori bateragarria izanen da jaioberriaren ospitalizazioarekin, bi baimenen betekizunak bat datozenean eta haiei dagokien denborarekin bat datorrenean.
b) Odol bereko 1. gradura arteko familiako kideen (gurasoak eta seme-alabak) eta ezkontidearen edo bizikidearen heriotza: lau lanegun Nafarroako Foru Komunitatean gertatuz gero eta bost egun kanpoan gertatuz gero.
Ezkontza bidezko 1. gradura arteko ahaideen (aita-amaginarrebak eta suhi-errainak) edo anai-arreben heriotza: hiru lanegun Nafarroako Foru Komunitatean gertatuz gero eta lau egun kanpoan gertatuz gero.
Gertaera eragilea gertatu eta biharamunetik aurrera izanen da baimena.
c) 1. Ezkontidea edo bizikidea, edo odol bereko lehen graduko ahaideen ospitalizazioa, baldin eta ospitalizazioak bost egun baino gehiago irauten badu edo sendagilearen irizpena eritasun larri edo oso larriarena (ospitalizazioarekin nahiz gabe) denean: lau lanegun Nafarroako Foru Komunitatean gertatuz gero eta bost egun kanpoan gertatuz gero.
2. Ezkontza bidezko lehen graduko ahaideen edo anai-arreben ospitalizazioa, baldin eta ospitalizazioak bost egun baino gehiago irauten badu edo sendagilearen irizpena eritasun larri edo oso larriarena (ospitalizazioarekin nahiz gabe) denean: hiru lanegun Nafarroako Foru Komunitatean gertatuz gero eta lau egun kanpoan gertatuz gero.
3. Iraupen laburragoko ospitalizazioen kasuan, edo irizpen medikoa pronostiko erreserbatuarena edo ez horren larriarena baldin bada, ordaindutako baimena egun batekoa izanen da, Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bi egunekoa Nafarroatik kanpora gertatuz gero.
Aurreko ataletan aurreikusitako eritasun edo ospitalizazioaren kasuan, ordaindutako baimeneko kasuan kasuko lan egunak, gertakaria hasi zen eguna kontuan hartuta, gertakariak irauten duen guztian erabili ahal izanen da, baldin eta hori zerbitzuaren betebeharrekin bateragarria bada.
Atal honetan ezarritako baimen ordaindu hauek ezin dira eman harik eta hilabete bat, gutxienez, iragan arte subjektu eragile beragatik eta arrazoi beragatik lehenago emandako beste baimena bukatzen denetik.
d) b) eta c)1 eta c)2 ataletan ezarritako arrazoi berengatik, odol bereko bigarren graduko ahaideen (aitona-amona, anai-arreba eta bilobak) edo ezkontza bidezko bigarren gradura (koinatu-koinatak) arteko ahaideen kasuan, lanegun bateko baimen ordaindua emanen da Nafarroako Foru Komunitatean gertatzen denean, eta bi egunekoa Nafarroatik kanpora gertatuz gero.
Kasu bakoitzean egokitzen diren baimen ordainduko lanegunak haien iraunaldi osoan har daitezke, betiere gertaera eragilearen hasierako eguna kontuan harturik eta zerbitzuaren beharrekin bateragarria baldin bada.
Atal honetan ezarritako baimen ordaindu hau ezin da eman harik eta hilabete bat, gutxienez, iragan arte subjektu eragile beragatik eta arrazoi beragatik lehenago emandako beste baimena bukatzen denetik.
e) Bi laneguneko ordaindutako baimena emanen da ezkontideari, bizikideari, seme-alabei edo gurasoei kirurgia handi anbulatorioko ebakuntzaren bat egin behar izanez gero. Ondorio horietarako, kirurgia handi anbulatoriotzat hartuko dira, aplikatzen den anestesia kontuan hartu gabe, ebakuntza egin eta ebakuntzaren egun berean, eriak etxera itzultzen direneko prozedura kirurgikoak.
f) Lanegun bateko baimen ordaindua emanen da ohiko bizilekuz aldatzeko.
g) Bederatzi hilabete baino gutxiagoko haur baten guraso diren funtzionario eta administrazio-kontratudunak egunean ordubetez atera ahal izanen dira lanetik. Denbora horren ordez, hiru ordu laurdeneko bi tarte hartu ahal izanen dituzte edo, bestela, lanaldia ordu erdiz murriztu ahal izanen dute. Aukera hori aparteko egoeretan eta arrazoiak emanda bakarrik ukatuko zaio langileari, hain zuzen ere zerbitzuaren funtzionamenduan kalte handia sor dezakeenean. Langileak ezin izanen dira baimen horretaz baliatu baldin eta haien ezkontideak horretarako baimena eskuratu badute, ez eta gizonezko langileak ere, haien ezkontideek beste inoren edo bere kontu lanik egiten ez badute, salbu eta ama, larriki eri egonik, haurra zaintzea ezinezkoa bazaio.
h) Lanorduetatik kanpo egin ezin eta saihestu ezin daitekeen betebehar publiko edo pertsonal bat betetzeko behar den denborarako, bai eta eginkizun sindikaletan, prestakuntza sindikalean edo langileen ordezkaritza lanetan aritzeko ere, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategineko 82.9 artikuluan ezarritakoa deusetan galarazi gabe.
i) Langile haurdunek eskubidea dute lanetik alde egiteko, lansaria jasotzeko eskubidearekin, jaio aurreko azterketak eta erditzearen prestaketa teknikak egiteko. Horretarako, aldez aurretik Udaleko organo eskudunari abisatu behar zaio, eta horiek guztiak lanaldian egin beharra justifikatu.
j) Urtean zehar, langileek eskubidea izanen dute bere kontuetarako gehienez ere hiru baimen egun, ordainduak, hartzeko. Egun horiek ez dira sartzen aurreko ataletan eta ezin dira urteko opor ordainduekin bateratu. Funtzionarioek egun horiek komeni zaienean hartzen ahal dituzte, aldez aurretik jakinarazita eta betiere zerbitzuaren beharrak errespetatuz.
1.2. Lizentzia ordainduak:
a) Ordaindutako lizentziak eman ahal izanen dira behar den denboran ikastetxe ofizialetako azken azterketak eta gaitasun eta ebaluazioko behin betiko probak egiteko. Aurreko atalean aipatzen diren lizentziak hartzen dituzten langileek euren departamentu edo erakunde autonomikoko organo eskudunari azterketa edo proba horiek egin izanaren egiaztagiriak aurkeztu beharko dizkiote.
b) Ezkontzeagatik edo bikote egonkorrean elkartzeagatik, langileek hamabost egun naturaleko lizentzia ordaindua hartzeko eskubidea dute eta opor egunekin eta norberaren kontuetarako egunekin bateratzen ahal dira. Ezkontza egin dela justifikatzeko, departamentuko organo eskudunari familia-liburua edo Erregistro Zibileko ziurtagiria edo bateratze zibilen udal erregistroaren egiaztagiria aurkeztu beharko zaio.
c) Langile emakumezkoek, erditzearen kasuan, amatasunarengatiko ordaindutako lizentzia batez baliatzeko eskubidea izanen dute: etenik gabeko hamazazpi aste izanen dira; erditze multiplea izanez gero, bi egun gehiago ume bakoitzeko bigarrenetik aurrera. Lizentziaren aldia interesdunak hautatzen duen moduan banatuko da, baina erditzearen ondoko lehenbiziko sei asteak beti amak hartu beharko ditu; aita gainerako denbora guztiaz edo, kasua bada, lizentziatik gelditzen denaz baliatu ahal izanen da ama hiltzen bada.
Amatasunarengatiko lizentziarako eskariari ginekologoaren txostena erantsi beharko zaio; hartan egiaztatuko du haurdunaldia ehun eta laurogei egunetik gorakoa izan dela. Halaber, eskari horretan lizentzia horretaz baliatzen hasteko eguna adieraziko da.
Erditzearen data justifikatzeko, departamentuko behar den organo eskudunari familia-liburua edo Erregistro Zibilaren ziurtagiria aurkeztu beharko zaio.
Aurrekoa gorabehera, ama erditu ondoko sei asteetan atsedena derrigor hartzeko duen betebeharra ezertan kendu gabe, aitak eta amak lan eginez gero, amak, amatasunarengatiko atsedenaldia hasten den unean, erditu ondoko atsedenaldiko zati jakin eta etengabe batez baliatzeko aukeraren alde egin dezake aitak, amarekin batera nahiz amak hartu ondoren, salbu eta ama lanean berriz hastea bere osasunerako arriskugarria den kasuetan.
Garaia baino lehen erdituz gero edo edozein konturengatik jaioberriak erditzearen ondo-ondoren edo erditu eta hurrengo sei asteetan ospitalean egon behar izanez gero, amak edo, ezin badu, aitak eskaturik, ospitaleko alta hartzen denetik aurrera kontatzen ahal da, erditu ondorengo lehenbiziko sei asteak kontuan hartu gabe, amak nahitaezko atsedena hartu behar baitu. Aukera hori erabiltzen ahal da, halaber, jaioberriak erditzearen ondorengo sei asteetan ospitalean egon behar izanez gero.
d) Adopzio kasuetan edo adopzioaren aurreko harrera nahiz harrera iraunkorreko kasuetan, baldin eta sei urte baino gutxiagoko haurrak hartzen badira, baimenak etenik gabeko hamazazpi aste iraunen du; denbora hori beste bi astez luzatu ahal izanen da seme-alaba bakoitzarengatik adopzio edo harrera anitzaren kasuan; denbora hori langileak hautatzen duen moduan kontatuko da, harreraren erabaki administratibo edo judizialaren unetik aurrera nahiz adopzioa egiteko ebazpen judizialetik aurrera. Baimenaren iraupena hamazazpi astekoa izanen da, sei urte baino gehiagoko adingabeak hartuz gero, baldin eta adingabe ezgaitu edo minusbaliatuak badira edo inguruabar edo esperientzia pertsonalengatik nahiz atzerritik datozelako, gizarteratzeko eta familian integratzeko zailtasun bereziak badaude; hori guztia, betiere, gizarte zerbitzu eskudunek egiaztatu beharko dute. Aitak eta amak lan eginez gero, baimena interesdunek hautatzen duten moduan banatu ahal izanen dute, eta aldi berean nahiz bata bestearen ondoren baliatu ahal izanen dira hartaz, betiere etenik gabeko aldietan.
Nazioarteko adopzio kasuetan, gurasoek adopzioan hartuko duten haurraren jatorrizko herrialdera joan beharra dutenean, aurreko lerroaldeko kasu bakoitzerako aurreikusitako lizentzia adopzioari buruzko ebazpena eman baino lau aste lehenagotik ere hasi ahal izanen da.
Atsedenaldiak batera bi gurasoek hartuz gero, haien baturak ezin izanen du gainditu aurreko ataletan aurreikusitako hamazazpi asteko kopurua, edo erditze anitza izanez gero dagokien kopurua.
e) Amatasunagatiko baimena edo haurren adopzio edo babeserako baimen ordaindua lanaldi partzialean hartzea.
7. artikuluan ezarritako amatasunagatiko baimena edo haurren adopzio edo babeserako baimen ordaindua lanaldi partzialean hartzen ahal da honako arauekin bat:
1. Baimen hau lanaldi partzialean hartzeko, interesdunak aldez aurretik eskatu behar eta organo eskudunak hura emateko ebazpena egin beharko du, eta beharrezkoa denean, ematea ordezkatua izateak baldintzatuko du.
2. Lanaldi partzialean hartzeko aukera lanaldiaren heren baterako edo erdirako emanen da, unibertsitatekoak ez diren irakasleen kasuan izan ezik, horiek soilik lanaldi erdikoa hartzen ahal dutelako.
Orokorrean, lanaldi partzialeko baimen hori egunerokoa eta langileak duen ordutegiaren hasierako edo bukaerako orduetan izan beharko da, zerbitzuaren beharrekin bat etorriz.
Txandaka aritzen diren langileen kasuan lanaldi partzialeko baimena metatzen ahal da, zerbitzuaren beharren arabera eta lanaldi osoetan.
3. Baimen hori lanaldi partzialean hartzeko epea baimena emateko ebazpenean zehaztuko da eta hura bukatu arte luzatuko da etenik gabe, erditzearen kasurako 4. atalean xedatutakoaren kalterik gabe.
4. Baimen hori lanaldi partzialean hartzeko eskubidea bai amak bai aitak erabil dezake, eta atsedenaldiaren ondoren, elkarrekin nahiz elkarren ondoren.
Erditzearen kasuan, amak ezin izanen du baimen mota honetaz baliatu erditu ondorengo hurrengo sei asteetan, nahitaezko atsedena hartu behar baitu.
5. Lanaldi partzialeko baimenak iraun bitartean, funtzionarioak ezin izanen du aparteko ordurik egin ez eta modalitate horretan bete beharreko lanalditik kanpoko bestelako zerbitzurik.
6. Lanaldi partzialeko baimen hau hartzea bateraezina izanen da, funtzionario berak honako eskubideez baliatzearekin Lanaldi partzialeko baimen hau eta ondorengo puntuetan adierazten direnak ez ditu funtzionario berak batera hartzen ahal:
a) Bederatzi hilabetetik beherako seme-alaba batengatik ordaindutako baimena, Foru Dekretu honetako 16. artikuluan aurreikusia.
b) Foru dekretu honetako 7.3 artikuluan aurreikusitako baimen ordainduaren araubide berariazkoa, denbora gabeko erditzea izan delako edo beste edozein arrazoirengatik erditzearen ondotik umeak ospitalizaturik egon behar duelako.
c) Arauz ezarritako edozein motatako lanaldi murrizketa hartzea.
f) Europako Parlamentuko kide izateko, Gorte Nagusietako diputatu edo senatari karguetarako, Nafarroako Parlamentuko kide izateko edo beste edozein autonomia erkidegotako legebiltzarreko kide izateko eta udalbatzetako kide izateko hauteskundeetan hautagai aurkezten direnak zerbitzua ematetik libratu ahal izanen dira hauteskunde kanpainak irauten duen guztian, behar den baimen ordainduaren bitartez; betiere, interesatuak eskaria egin beharko du.
2. Artikulu hauetan aipatzen diren opor, lizentzia eta baimenak emateko, interesdunak aurretik eskaera egin beharko du eta betiere zerbitzuaren beharrak zainduko dira, 11. artikuluko 2. atalean xedatutakoa galarazi gabe.
3. Artikulu honetako aurreko ataletan aipatzen diren eskubideak hartzeko ondorioetarako, ezkonduak eta bikotekide egonkorrak baliokideak dira, eta hori bizikidetzako ziurtagiria edo bikote egonkorren erregistroko ziurtagiria aurkeztuz ziurtatuko da.
4. Udalak eginen du une bakoitzean behar den kontrola eta inspekzioa.
13. artikulua. Ordainsari oinarrizkoak eta osagarriak.
1. Zizur Nagusiko Udaleko langile finkoei bakar-bakarrik ordainduko zaie Akordio honetan ezarritako kontzeptuengatik eta bertan ezarritako moduan eta zenbatekoan.
2. Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordainsariak izaera publikoa dute. Udalaren Aurrekontuetan agertuko da haien zenbateko zehatza.
3. Langileen ordainsariak hamalau pagatan emanen dira; horietako hamabi arruntak dira eta bi apartekoak. Hilero paga arrunt bana ordainduko zaie langileei, eta ekainean zein abenduan aparteko paga bana.
4. Zizur Nagusiko Udaleko langileen ordainsariak urtero eguneratuko dira, dagokion Akordioan finkatzen den ehunekoan.
5. Akordio hau aplikatzeko eremuan sartzen diren langileen ordainsariek honako egitura izanen dute:
a) Oinarrizko ordainsari pertsonalak (langile bakoitzaren mailari dagokion oinarrizko soldata eta antzinatasun saria).
b) Lanpostuari dagozkion ordainsari osagarriak.
6. Oinarrizko ordainsari pertsonalak
6.1. Hasierako ordainsaria: kopuru bera izanen da maila bereko langile guztientzako, haien lanpostua edozein izanik ere.
_A maila: 24.525,76 euro.
_B maila: 20.233,78 euro.
_C maila: 16.554,86 euro.
_D maila: 14.102,34 euro.
_E maila: 12.262,88 euro.
(2005eko datuak, 2006ko soldaten berrikuspenaren arabera eguneratuko direnak).
Maila bakoitzeko hasierako ordainsariek honako proportzionaltasun indizeak izanen dituzte:
_A maila: 2.
_B maila: 1,65.
_C maila: 1,35.
_D maila: 1,15.
_E maila: 1.
Maila bakoitzaren oinarrizko soldata (Nafarroako Aurrekontu Orokorren arabera) E taldeari aurrekontu ekitaldi bakoitzean ezartzen zaion hasierako soldata proportzionaltasun indizeaz biderkatuz lortuko da.
6.2. Antzinatasuna.
a) Zizur Nagusiko Udaleko langile finkoek antzinatasun osagarri pertsonala jasoko dute Administrazio bakoitzean lanean emandako denboragatik. Osagarri hori, jarduneko zerbitzuan emandako hirurteko bakoitzerako, ondoren adierazten den zenbatekoa izanen da hilean:
_A maila. Hirurteko bakoitzeko: 60,92 euro.
_B maila. Hirurteko bakoitzeko: 50,19 euro.
_C maila. Hirurteko bakoitzeko: 41,08 euro.
_D maila. Hirurteko bakoitzeko: 34,99 euro.
_E maila. Hirurteko bakoitzeko: 30,44 euro.
(2005eko datuak, 2006ko soldaten berrikuspenaren arabera eguneratuko direnak).
Atzinatasunagatik kobratu beharreko osagarria lanean eginiko bosturtea edo haren multiploa bete eta hurrengo hilaren lehenbiziko egunetik sortuko da.
Administrazio bakoitzean sartuz geroztik egindako zerbitzuen arabera kontatuko da antzinatasuna.
Langile finkoen antzinatasun denbora gisa zenbatuko da, aurreko atalean xedatutakoarekin bat etorriz, dagokion Administrazioan sartu aurretik beste edozein administrazio publikotan emandako denbora.
Hilabeteko lansarietan (hamabi) eta aparteko pagetan (bi) kobratuko da eta soldatari gehituko zaio.
Zizur Nagusiko langileei eskatzen zaien urte kopuru bera eman duten lan kontratudunek antzinatasunagatik dagokien ordainsaria izanen dute. Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, interesatuak eskatu egin beharko du, eta eskakizun horiek betetzen dituela frogatu.
7. Lanpostuari dagozkion ordainsari osagarriak:
a) Lanpostuko osagarria.
b) Zuzendaritza lanpostuko osagarria.
c) Dedikazio esklusiboko osagarria.
d) Bateraezintasuneko osagarria.
e) Arrisku bereziko osagarria.
f) Lanaldia luzatzeagatiko osagarria (prestasuna).
g) Osagarri pertsonal iragankorra.
h) C, D eta E taldeetako hitzarmen-osagarria.
a) Lanpostuko osagarria:
Lanpostu osagarria eta haren zenbatekoa arauz esleituko zaie horretarako zehaztutako lanpostuei, haien zailtasun, erantzukizun berezi eta gainerako ezaugarrien arabera, eta osagarri horrek ezin izanen du gainditu, inola ere, dagokion mailaren hasierako soldataren %75.
b) Zuzendaritza lanpostuko osagarria:
Zuzendaritza lanpostuko osagarria eta haren zenbatekoa arauz esleituko zaie horretarako zehaztutako lanpostuei, beste pertsona batzuk koordinatu, gainbegiratu edota zuzentzeko erantzukizunaren bidez antolamenduan duten eraginaren arabera, bereziki kontuan hartuta pertsona kopurua eta euren maila profesionala.
Osagarri horren zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, dagokion mailaren hasierako soldataren %75.
c) Dedikazio esklusiboko osagarria:
Dedikazio esklusiboko osagarria arauz esleituko zaie halakorik beharrezkoa duten lanpostuei, dagozkien eginkizunen ezaugarrien arabera.
Lanpostu horietan ari direnek erabateko disponibilitateaz eta dedikazio erabateko eta osoaz emanen dituzte euren zerbitzuak, eta ezin izanen dira irabazi asmoko beste inolako jardueratan aritu, ez sektore publikoan ez pribatuan, salbu eta unibertsitateko zentroetako irakaskuntzan eta norberaren eta familiaren ondarearen administrazioan.
Osagarri honen zenbatekoa dagokion taldearen hasierako soldataren %55 izanen da.
d) Bateraezintasuneko osagarria:
Bateraezintasuneko osagarria arauz esleituko zaie halakorik beharrezkoa duten lanpostuei, dagozkien eginkizunen ezaugarrien arabera.
Lanpostu horietan ari direnek debekaturik izanen dute euren lanpostuari dagokion tituluaren lanbidean aritzea.
Osagarri honen zenbatekoa dagokion taldearen hasierako soldataren %35 izanen da.
e) Arrisku bereziko osagarria:
Lanpostuen toxikotasuna, nekagarritasun fisikoa eta arriskua bezalako alderdiak kontuan hartuz dituzten baldintza bereziak balioetsi eta ordaintzea da helburua.
Osagarri horren zenbatekoa arautua izanen da, eta ezin izanen du gainditu, inolaz ere, lanpostu horren taldearen hasierako soldataren %10.
f) Lanaldia luzatzeagatiko osagarria (prestasuna):
Lanpostuen kokapen eskakizunak eta presentzia fisikoa bezalako alderdiak kontuan hartuz dituzten baldintza bereziak balioetsi eta ordaintzea da helburua.
Osagarri horren zenbatekoak ezin izanen du gainditu, inola ere, dagokion mailaren hasierako soldataren %10.
Eskola orduetatik kanpo zaintza lana egiten duten atezainek, eskolagunea eta eskola multzoko eraikinak zainduz, osagarri bat dute, dagokien mailaren hasierako soldataren %5ekoa, eta era berean, eskolagunean horretarako dagoen etxebizitzan bizitzeko eskubidea dute, argindar eta ur gasturik ordaindu beharrik gabe. Eskolagunean etxebizitza esleitzen ez zaien atezainek ez dute izanen osagarri hori jasotzeko eskubiderik.
Eskolagunean etxebizitza esleitzen zaien atezainen prestasun osagarriak berarekin dakar eskola publikoaren instalazioetan ohiko lanalditik kanpo egiten diren zerbitzuak eta jarduerak betetzea, gehienez ere hiru lanaldi bakoitzak.
Udalak langileari jakinaraziko dio bertaratu behar den eguna eta ordutegia lehenbailehen eta 4. lanaldi berezitik aurrera zerbitzu berezian emandako denboraren bikoitza emanen dio atsedenerako konpentsazio gisa.
g) Osagarri pertsonal iragankorra:
Hainbat lanbide inguruabarrek eragindakoa. Dagokien plantillan eta lanpostuen zerrendan ezarritako ordainsariak baino handiagoak hartzen ditu barnean. Zenbatekoa irentsi eta konpentsatzen ahal da pixkanaka-pixkanaka ordainsari osagarriak gehituz
Orokorrean osagarri hau aurreko egoerekin alderatuz ordainsari txikiagoak eman direnean egokitzapen/konpentsazio mekanismo gisa ezartzen da.
Ordainsari eredu honek osagarri pertsonal iragankorra hartzen du ordainsari pertsonala egoera berrirako jarritako baldintzetara poliki egokitzen joateko baliabide instituzional gisa.
Osagarri hau aplikatzeko arrazoiak hauexek izanen dira:
_Lanpostuen balorazioaren berrikuspen hau aplikatzea, balorazio berria aurreko ordainsaria baino txikiagoa ateratzen denean.
_Aurrerantzean, profesional/maila baten ordainsariak balorazio txikiagoa behar duenean, erantzukizunen irispena edo merkatuan duen "kotizazioa" aldatzeagatik.
h) C, D eta E taldeetako hitzarmen-osagarria:
Akordio honen eremuan sartzen diren C, D eta E mailetako langileek osagarri bat jasoko dute eta haren zenbatekoa Udalak ezarriko du plantilla organikoa onesten duenean, eta inolaz ere ez da izanen mailari dagokion hasierako ordainsariaren %15 baino handiagoa.
_C maila: %12.
_D maila: %12.
_E maila: %15.
8. Langile finkoen eta aldi baterako kontratudunen ordainsariei (oinarrizko soldata gehi osagarriak) dagokienez, automatikoki aplikatuko dira Nafarroako Gobernuak bere langileen soldatak, maila eta lansari osagarriak ezartzeko erabiltzen dituen irizpideak.
Horrez gain, Nafarroako Gobernuak eta sindikatuek sinatzen duten akordioa aplikatuko da eta Jarraipen Batzordeak ezarriko ditu aplikatzeko irizpideak, soldaten berrikuspena izan ezik, hori automatikoki aplikatuko baita.
Aurreko ataleko oinarrizko ordainsari pertsonalen gehigarri orokorrari (Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Legeak urtero ezartzen duen hasierako ordainsaria), 2006. urtean honako neurri espezifikoak aplikatuko dira Zizur Nagusiko Udaleko langileentzat.
a) Ehuneko 4ko igoera lanpostuari dagozkion ordainsari osagarrietan (lanpostuaren osagarria, berariazko osagarria) C, D eta E mailetako lanpostuei atxikitako langileentzat 2006. urterako.
b) Ehuneko 2ko igoera lanpostuari dagozkion ordainsari osagarrietan (lanpostuaren osagarria, berariazko osagarria) A eta B mailetako lanpostuei atxikitako langileentzat 2006. urterako.
c) 2005. urte osorako ondorio ekonomikoa izanen duen ordainsari bakar bat, finkatuko ez dena, ordainduko da, %2ko igoera lanpostuari dagozkion ordainsarietan (lanpostuaren osagarria, berariazko osagarria) A eta B mailetako lanpostuei atxikitako langileentzat eta %4ko igoera lanpostuari dagozkion ordainsarietan (lanpostuaren osagarria, berariazko osagarria) C, D eta E mailetako lanpostuei atxikitako funtzionarientzat.
9. Familia-laguntza:
Funtzionarioek diru kopuru jakin bat jasotzeko eskubidea izanen dute euren familiako inguruabarren arabera, eta kopurua E mailako hasierako ordainsariari honako ehunekoak ezarriz kalkulatuko da:
a) Diru-sarrerarik jasotzen ez duen ezkontide edo bikotekide egonkorragatik: %3,50.
b) Ezkontideagatik, hari ebazpen judizialaren bidez ezarritako pentsioa ordaintzera behartua egonik: %3,50.
Pentsioa laguntzaren diru kopurua baino txikiagoa balitz, laguntza haren berdina izanen litzateke.
c) Langilearekin bizi den seme edo alaba adingabe bakoitzeko: %3,00.
d) Funtzionarioarekin bizi eta ekonomikoki haren mende den emantzipatu gabeko aurreko ahaide nahiz anaia edo arreba adingabe bakoitzeko: %3.
e) Seme edo alaba urritu fisiko edo psikiko bakoitzeko: %15,00.
Aurreko atalean ezarritakoa aplikatu eta ateratzen den diru zenbatekoa funtzionarioarekin bizi diren seme-alaba adingabe emantzipatu gabeen kopuruaren arabera gehituko da, ondoko portzentajeak aplikatuz:
a) 3 eta 5 seme-alaba bitarte: %30,00
b) 6 eta 8 seme-alaba bitarte: %35,00
c) 8 seme-alaba baino gehiago: %40,00
14. artikulua. Aparteko orduengatiko osagarria.
1. Langileen eta Zizur Nagusiko Udalaren ordezkariek bere gain hartzen dute aparteko orduak ez egiteko konpromisoa, salbu eta indarrezko kasuetan edo behar adina denborarekin aurreikusi ezinezko arrazoiengatik lanaldi arrunta luzatzea ezinbestekoa denean Udalaren funtzionamendurako. Aparteko orduak egin behar izanez gero, honela konpentsatuko dira:
a) Asteguneko aparteko ordu arrunta egiazko ordu baten balioari %75 gehituz ordainduko da.
b) Gaueko aparteko ordua egiazko ordu baten balioari %100 gehituz ordainduko da.
c) Jaieguneko aparteko ordua egiazko ordu baten balioari %100 gehituz ordainduko da.
Mailari dagokion hasierako ordainsariari dagokiona, gehi ordu arruntagatik, gauekoagatik edo jaiegunagatik gehitzen zaion portzentajea izanen da zenbatekoa. Hori kalkulatzeko, dagokion mailaren hasierako ordainsari osoa zati 1.592 egiazko lanordu eginen da eta kopuru horri %75 edo %100 gehituko zaio, astegunez, jaiegunez edo gauez baldin bada.
Lanaldi batean egin daitezkeen aparteko orduak gutxienez hauek izanen dira: 30 minutu arteko lehen zatia ordu erdi bezala ordainduko da eta 30 minututik aurrera ordu bete bezala, eta arau bera aplikatuko da hurrengo orduetan ere.
2. Langileen ordezkariei hiru hilean behin emanen zaie Udalean egindako aparteko ordu guztien berri.
3. Dedikazio esklusiboko osagarriak jasotzen duten funtzionarioek ez dute inolako ordainik jasoko kontzeptu hau dela eta.
4. Langileak diru konpentsazioa atseden denborarekin ordezkatzen ahal du. Lanegunean zein jaiegunean egindako aparteko ordu bakoitza bi atseden orduz ordezkatuko da, opor eguntzat hartu ahal direla.
Hala ere, "Elurteen eta izozteen aurreko larrialdietarako Plana"ren kasuan, zerbitzuan emandako ordu kopuruaren konpentsazioa honakoa izanen da:
_Lehen ordua: 4 ordu.
_Bigarren ordutik aurrera, ordu bakoitzaren balioa bikoiztuko da.
15. artikulua. Dietak.
1. Zerbitzuaren beharrengatik lekuz aldatu behar duten langileentzat, dieta nahiz dieta erdia behar izanez gero, 32,15 eurotan finkatzen da dieta erdia eta 128,36 eurotan dieta osoa 2006. urterako, eta kopuru horiei Akordio honetan urtero ezartzen den igoera aplikatuko zaie.
2. Laneko arrazoiengatiko (hitzaldiak, ikastaroak, azokak...) bidaia norberaren ibilgailuarekin egiten denean, kilometroko 0,36 euro ordainduko dira 2006. urtean.
3. Laneko arrazoiengatik euren ibilgailuekin bidaia etengabeak, finkoak eta inguruetara egiten dituzten langile finkoek eta behin-behinekoek hilabetero 151,90 euro jasoko dituzte 2006. urtean. Kopuru horrek kilometrajea ordezkatzen du eta egoera horrek iraun bitartean Akordio honetan ezarritako igoera aplikatuko zaie era berean.
Langilea bajan edo antzeko egoeraren batean denean, hilabetez, zein denbora luzeagoz, denbora horri esleituriko epez epeko kopuruaren deskontua eginen zaio.
2006ko erreferentzia duten zenbatekoak 2007. urtean eguneratuko dira.
16. artikulua. Jantzi eta ekipo pertsonalak.
1. Lanbide batzuetako (obra, lorezaintza, eta atezaintzako) langileek euren eginkizunetarako egoki diren jantziak izanen dituzte.
2. Udaleko batzordeak erabakiko ditu kostua eta mota, langileen iritzia entzun ondoren. Halaber, Udalak segurtasun jantzi eta tresnak emanen dizkie langileei euren eginkizunak egin ditzaten.
3. Euren kargura dituzten jantziak eta tresnak ezin izanen dituzte erabili lanaldiko orduetatik kanpo ez eta bestelako eginkizunak egiteko ere, eta haien iraupenaren eta erabileraren erantzuleak dira.
4. Obrak eta lorazaintza:
Artikulu honetan aurreikusitako jantzien hornidura urtearen lehen hiruhilekoan eman beharko da beti.
.Udan:
_Mahuka motzeko bi polo.
_Tirantedun bi kamiseta.
_Galtza meheak, bi pare.
_Treking motako bi zapatilla pare.
_Udako bi galtzerdi pare.
_Bi zamarra edo izerditako.
_Bisera bat.
.Neguan:
_Barneko kamiseta termiko bat.
_Polar bat.
_Txano bat.
_Mauka luzeko bi polo.
_Galtza lodiak, bi pare.
_Anorak bat.
_Txaleko bat.
_Gore-tex bota pare bat.
_Neguko bi galtzerdi pare.
_Uretako bi bota pare (beharrezkoa denean).
_Jantzi guztiak urtero banatuko dira, polarra, anoraka, txalekoa eta gore-tex botak izan ezik, horiek bi urtean behin banatuko baitira.
5. Ikastegi publikoetako atezainak:
_Bi jertse edo izerditako.
_Bi galtza urdin mahonezko.
_Mahuka motzeko bi polo.
_Mauka luzeko bi polo.
_Margotzeko lanjantzia.
_Zapatilla pare bat.
_Treking motako zapatilla pare bat.
6. Udalaren eraikinak garbitzeko langileak:
_Hiru osasun mantal edo pijama.
_Hiru zapatilla pare.
Material hori urtean behin banatuko da.
7. Etxez etxeko familia-langileak:
Udan: (Erosketak apirilean eginen dira).
_Bi kamiseta mehe.
_Galtza meheak, pare bat.
_Jaka mehe bat.
_Zapatilla pare bat.
_Faxa (Medikuaren txostenarekin).
Neguan: (Erosketak urrian eginen dira).
_Bi elastiko lodi.
_Galtza lodiak, bi pare.
_Jaka lodi bat edo polar bat.
_Bi mantal zuri, norberaren garbiketarako, etxeko garbiketarako, etab.
_Poltsa bat behar den materiala eramateko: eskularruak, pedikura eta manikurarako materiala, etab.
_Oinetako pare bat.
_Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.
_Hondaturiko edozein jantzi aldatzeko, goragoko nagusiari jakinarazi beharko zaio.
_Material guztien kalitatea egin beharreko lanetarako egokia izanen da.
_Urtebete baino gutxiagorako kontratatzen diren langileei lanean diharduten denboraren proportzioan banatuko zaie arropa.
Material hori urtean behin banatuko da.
_Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.
_Hondaturiko edozein jantzi aldatzeko, goragoko nagusiari jakinarazi beharko zaio.
_Material guztien kalitatea egin beharreko lanetarako egokia izanen da.
17. artikulua. Babesa eta segurtasuna.
1. Istripu asegurua:
Lanorduetan edo "in itinere" izan daitezkeen istripu-aseguruko poliza bat kontratatuko da eta udaltzainen kasuan eguneko 24 ordukoa izanen da. 59.100 euroko estaldura heriotza gertatuz gero eta 103.425,03 eurokoa erabateko ezintasun iraunkorra gertatuz gero, osoa nahiz partziala, baremoaren arabera. Polizaren baldintzen eta estalduraren kopia gaurkotua emanen zaie ordezkari sindikalei. (Kopuru horiek gaurkotu egin beharko dira 2007. urterako).
2. Bizi asegurua:
Bizi aseguruko poliza bat kontratatuko da, 32.064,24 eurokoa, heriotza zein lanerako ezintasun iraunkor erabatekoa nahiz osoa hartuko duena. Eskolatzeagatiko Errentarako estaldura ere izanen du aseguruak, urtean 1.324,60 eurokoa, aseguratuaren seme edo alaba bakoitzeko, 4 urtetik 22 urte bitarte.
2006ko erreferentzia duten zenbatekoak 2007. urtean eguneratuko dira.
3. Lan orduetan funtzionarioen ibilgailuei eginiko kaltea estaltzen duen aseguru poliza bat kontratatuko da, ibilgailu horiek lanerako erabiltzen direnean.
4. Lehen aipatu diren aseguru poliza guztiak Nafarroako egiazko KPIaz eguneratuko dira urtero.
5. Udaleko funtzionarioen aurkako erasoa edo atentatua gertatuz gero, epaimahaien aurrean aurkeztuko da eta herri-akzioa beteko da.
6. Udalak bere gain hartuko du edonolako prozesu guztietan parte hartzen duten funtzionarioen laguntza juridikoa, gertaerak haien eginkizunetan aritzeagatik gertatu badira.
7. Hala iruditzen bazaio, funtzionarioak libreki hautatuko du laguntza juridiko pribatua, Udalaren bizkar ordainduko dena, betiere Iruñeko Abokatuen elkargoak minutetarako ezarritako arauzko mugen barnean eta kontrataturiko aseguruan aurreikusitako gehieneko estaldurarekin.
8. Udalaren jabetzako ibilgailuak, bai gidariak bai bidaideak babesten dituen polizaren bitartez aseguratuak egonen dira, eta IITa gainditua beharko dute izan.
9. Erantzukizun zibileko asegurua kontratatuko da, langileek euren egikinzunen jardunean egin ditzaketen kalteetarako, are delitu nahiz edozein modutako hutsegite deklaratutako egintzen ondoriozkoak badira.
10. Ondasunen kontra burututako egintza basati eta terroristek egindako kalteen ordaina. Zizur Nagusiko Udaleko funtzionarioentzat atentatuaren erreibindikazioaren salbuespena ezartzen da, kalte-ordaina jasotzearen ondorioetarako, eta honako prozedura hau ezarri da jarraibidetzat:
a) Kalteak ofizialki salatzea.
b) Kalteen aurrekontua eskatzea.
c) Zizur Nagusiko Giza Baliabideen Departamentuan kalte-ordainen eskaera idatzia aurkeztea, salaketa eta aurrekontuarekin batera.
d) Kalte horiek langilea funtzionarioa zelako gertatu izanaren aztarnaren bat izatea.
11. Euren ibilgailua erabiltzen duten langileek eskubidea dute lanean ari direnean zamalanetako eremuetan edo/eta erreserbatutako eremuetan aparkatzeko kredentziala jasotzeko.
18. artikulua. Prebentzio plana eta osasun laguntza.
1. Laneko arriskuak galarazteko araudia zinez aplikatzea bultzatuko da Prebentzio Zerbitzu bat eratuz, arreta honako alderdi hauetan jarriz bereziki:
a) Arriskuen ebaluazioa:
Arriskuen hasierako ebaluazioa eginen da, lanpostuz lanpostu, onetsitako prozeduren eta finkatutako lehentasun hurrenkeraren arabera. Arriskuak ebaluatu eta emaitzak ikusirik, jarduera prebentiboaren plangintza eginen da, neurri zuzentzaileak, prestakuntzakoak eta jarraipen edo kontrolekoak hartuz, detektatzen diren arrisku egoeren aurrean, Udaleko arduradunek euren gain hartu beharreko planaren edo programaren barnean.
Prebentzio jardueren plangintza behar bezala egite aldera, Udalak behar diren giza baliabideak eta materialak jarri eta diru baliabideak esleituko ditu.
b) Laneko arriskuen prebentziorako lan prozedurak:
Laneko arriskuen prebentzioaren arloan, lan prozedurak ezarri eta eguneratuko dira, arreta honako hauetan jarriz bereziki:
_Kontratak eta azpikontratak.
_Ondasunak eskuratu edo erostea.
_Osasuna zaintzea.
_Laneko istripuak eta lanbide eritasunak.
_Larrialdietarako neurriak eta planak.
_Prestakuntza eta informazioa.
c) Langileen osasuna zaintzea eta kontrolatzea:
Inor behartu gabe, nahi duenak egiteko, azterketa mediko bat eginen da urtero, eta emakumeentzako azterketa ginekologikoa, ahal den heinean urtearen lehenbiziko hiru hilabeteetan eginen dena; hor sartzen dira eritasun infekzioso edo kutsagarrien (tetanosa, gripea eta hepatitisa) aurkako txertoak ere.
Langileek osasun azterketen emaitzak ezagutzeko eskubidea dute.
Urteko azterketa medikoa Udalaren kargura eginen da.
e) Euren lanpostuan jarduteko ezintasuna duten langileen birkokapena:
Lanpostu hutsak betetzeko birkokatzearen lehentasuna ezarriko da beste edozein prozeduraren gainetik.
f) Osasunerako kaltegarri diren lanpostuez aldatzea: Zentro ofizial bateko txostenaren bidez kreditatua, osasunerako kaltegarri diren lanpostuez aldatzeko beharra izanik, langileari bere ezaugarri fisiko eta psikikoetarako egokia den lanpostua ematera behartua dago Udala. Osasuna hondatu zaion langile orok lanpostuz aldatu izanagatik ez du galera ekonomikorik izanen, ez du lanbide kategoria galduko eta ez du horren ondorioz inolako kalterik izanen ere. Aurreko lanpostuaren plusak soilik galduko ditu eta beste lanpostuko plusak kobratuko ditu, hala badagokio.
g) Larrialdietarako planak edo neurriak:
Udaleko lantoki guztietan larrialdietarako planak edo neurriak idatzi eta betearaziko dira, eta behar den tokietan simulakroak eginen dira aldian-aldian.
h) Langileentzako prestakuntza eta informazioa:
Langileentzako prestakuntza eta informazioa bultzatuko dira, euren lanpostuan atzemandako arrisku faktoreak kontrolatzeko hartu beharreko babes eta prebentzioko neurriei buruz prestakuntza teoriko eta praktikoa, nahikoa eta egokia, lor dezaten.
Prestakuntza NAPIren edo Zentro Ofizial baten bidez emanen da, administrazioan sartzean lehenbizikoz eta aldian-aldian lan baldintzak aldatzen badira ekipo berriak erosi edo teknologia berriak ezarri direlako, eta lanpostuarekin zerikusia duten alderdi guztiak ukituko dira.
i) Segurtasun eta Osasun Batzordea:
Udala eta langileak behartuta daude beharrezko neurriak hartzera istripuen eta lanbide-eritasunen prebentziorako eta lanpostuetan higiene eta segurtasun baldintzarik hoberenak lortzeko.
Udalean Segurtasun eta Osasun Batzorde bat izan beharko da. Ahalegin berezia eginen da prebentzio ordezkariak lanpostuei atxiki daitezen.
Prebentzio ordezkariek urtean 40 ordu izanen dituzte sindikatuetan ordezkari gisa lan egiteko.
Segurtasun eta Osasun Batzordearen eskumenak eta ahalmenak Lan Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legean eta hura garatzen duten arauetan aurreikusitakoak dira.
2. Apirilaren 14ko 486/1997 Errege Dekretua aplikatuko da, lantokietan segurtasunari eta osasunari buruzko gutxieneko xedapenak ezartzen baititu.
3. Euren lana egiteko betaurrekoak behar dituzten langileek lanaldian gerta dakieken hondamenen konponketa estalia izanen dute.
4. Pantailekin lan egitea: Batez ere pantailekin lan egiten duten langileek ordu muga bat izanen dute pantailarekin aritzeko; hain zuzen ere, bost minutuko tartea utziko da ordu oro edo ordu erdikoa bi ordutik behin. Tarte horietan lanpostuen ezaugarriekin bat datozen beste lan batzuk eginen dira.
5. Mobbing (jazarpen psikologikoa lanean. Udalak "Jazarpen kasuetarako jarduera eta langileei arreta emateko protokoloa" diseinatuko du, balizko kasu batean berehala abian jartzeko konpromisoa hartuz.
19. artikulua. Gidabaimena berritzea.
1. Lanposturatzeko gidabaimena eskatu zaien langileei Udalak karneta berritzeko kostuak ordainduko dizkie. Erakunde eskudunak ezartzen duen kosturainokoa izanen da laguntza hori (osasun ziurtagiria, tasak) hertsiki harturik, kudeatzaile-komisiorik, errekargurik eta bestelakorik gabe.
20. artikulua. Prestakuntza.
1. 4.000 euroko poltsa komun bat ezartzen da udaleko langileentzako laguntza eta prestakuntza ikastaroetarako; urtez urtekoa eta metaezina izanen da.
2. Akordio honek biltzen dituen langileek erraztasuna izanen dute titulu akademikoak edo lanbidekoak lortzera bideraturiko ikasketak egiteko, prestakuntza ikastaroetara edo lanbide hobekuntzarako ikastaroetara bertaratzeko, bai Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuak bai bestelako organismo edo erakundeek antolatuak, lanbideetan egokitzeko eta gaitzeko ikastaroetara joateko, bai eta lanbiderako euskararen ezagutza eta hobekuntza lantzeko ere, Euskararen Foru Legean eta EBko laneko hizkuntzak ezarritakoarekin bat. Langile bakoitzak urtean 30 ordutarako kreditua izanen du, prestakuntza ikastaroak egiteko.
3. Lanean emandako ordutzat hartuko da langileak aldaketa teknikoetara egokitzeko ikastaroetan ematen duen denbora, hala nola lanbideko birmoldaketako eta prestakuntzarako nahiz lanbidean irautea bermatzeko ikastaroetan emandako denbora, unitate administratiboen eraldatze edo funtzio-aldatzeak gertatzen direnean.
4. Artikulu honetako 2. eta 3. puntuan aipatzen diren ikastaroak Iruñetik kanpo egiten direnean, Udalak bere burua behartzen du laneguntzat hartzera bidaian eta ikastaroan emandako egunak. Istripuren bat gertatzen den kasuetarako, lanalditzat hartuko dira langileak bere etxetik nahiz udaletxetik ikastaroak ematen diren lekuraino egindako joan-etorriak.
5. Udalak erabakiko du bai artikulu honetara bil daitezkeen ikastaro motak eta egokitu beharreko ordutegia, honako irizpide hauen arabera:
_Ehuneko 100, udaleko eginkizunak betetzeko nahitaezkoa edo funtsezkoa dela uste bada; honako hau da irizpidea: langileak bere ahalegina egin dezala eta udalak ordainetan eman diezazkiola horren aldera dagozkion orduak eta bere gain har ditzala gastuak.
_Ehuneko 50, langileen ezagupenak handitu bai, baina ikastaroek lanpostuarekin zerikusi zuzenik ez dutenean: udalak gastuak bere gain hartzen ditu, eta orduak langilearen kontura izanen dira.
_Ehuneko 25, lanpostuarekin zerikusi zuzenik ez baina udalaren eginkizunekin baduten ikastaro edo ikasketen kasuan: udalak matrikula eta liburuen kostuen zati bat ordainduko du.
6. Poltsaren zenbatekoa zuzentasunez banatzeko, urte bakoitzaren ondoko urtarrilean eginen da banaketa abenduaren 31 bitarte egindako eskaera guztiak kontuan harturik.
7. Udal honen xede denez Zizur Nagusiko biztanle guztiei bermatzea arreta eta zerbitzuen eskaintza Nafarroako hizkuntza berekietako edozeinetan, nahi duten langileek euren lanpostuekin bat datorren hizkuntz eskakizuna eskura dezaten bitartekoak emanen dira. Indarra duen araudian ezarritakoari jarraituko zaio.
a) Udalak zehaztuko du zein lanpostutarako izanen den euskara bete beharreko eta ziurtatu beharreko eskakizun espezifikoa. Era berean, langileen hizkuntza gaitasuna orientatzea, sustapen ekintzei lehentasuna emate aldera haien destinoagatik edo lanpostuaren ezaugarriengatik behar handiagoa dagoela antzematen denean.
b) Euskara ikastaroetara doazen langileentzako ordu konpentsazioa Nafarroako Gobernuak indarreko legeen arabera ezarritakoa izanen da.
21. artikulua. Aurrerakinak.
1. Langile guztiek izanen dute aukera aurrerakin arruntak edo bereziak eskuratzeko:
a) Aurrerakin arruntak: Ordainsariaren aurrerakinak izanen dira eta hilabetean behin emanen dira, eskatzeko unera arte irabazitako egunen kargura. Aurrerakina dagokion hilabeteko nominatik deskontatuko da.
b) Aurrerakin bereziak: 12.000 euroko funts bat sortuko da.
Gehienez ere 5.000 euro eskatu ahal izanen dira.
Itzultzeko epea hogeita lau hilabetekoa da eta zati berdinetan itzuliko da, eta jaso duenak bere esku dauka lehenago kitatzea.
Honako kasu hauetan emanen dira aurrerakin bereziak:
a) Eskatzailearen ezkontza.
b) Odol bereko eta ezkontza bidezko lehen graduko ahaide baten edo izatezko bikotekidearen heriotza edo seme-alaben jaiotza.
c) Eskatzailearen edo odol bereko eta ezkontza bidezko lehen graduko ahaide baten edo izatezko bikotekidearen eritasuna edo ebakuntza larria.
d) Ohiko etxebizitza erostea edo hura eraberritzeko edo eskuratzeko banku-kredituak amortizatzea.
e) Familiaren une bereziak: ezkontzak, dibortzioak, banaketak, bataioak, jaunartzeak, ibilgailua konpontzea istripu larri batengatik (norberaren ibilgailuko aseguruak edo beste inplikatuarenak, kasua bada, betetzen ez badu), ibilgailua erostea, ohiko etxebizitzaren eskubide errealak, plusbalioak eta eskriturak ordaintzea eta antzeko beste batzuk.
f) Zentro ofizialetako ikasketetarako matrikulek sortutako gastuak, bai langilearenak bai seme-alabenak.
g) Altzarien erosketa.
h) Ustekabeko aldaketak etxebizitzan edo norberaren ibilgailu matxuratua konpondu beharra.
i) Etxebizitzan edo ibilgailuan izandako ezbeharrak: sutea, lapurreta, istripua, uholdea, e.a.
j) Udalaren irizpidez, goiko horiez gainerako gertaerak, arrazoizkotzat hartzen badira.
2. Tramitazioa: Aurrerakin berezietarako eskaerak aurkezteko gehieneko epea bi hilabetekoa izanen da, gertaera eragilearen datatik aurrera. Hala ere, ohiz kanpoko kasuetan, onartu ahal dira gertaera eragilearen aurreko hileko eskaerak, baldin eta aurrerakina eman eta bi hilabeteko epean frogagiri idatzizkoak aurkezteko konpromisoa erantsirik badute. Konpromiso hori hausteak aurrerakina berehala deuseztatzea ekarriko luke.
Plantillako gainerako kideei iragarki oholaren bidez jakinaraziko zaie zein den aurrekinen funtsean eskura daitekeen diru kopurua.
3. Ez da aurrerakinik emanen azken aurrerakinen likidazioak eginak ez badaude.
Gutxienez urtebete igaro behar da aurrerakin bat kitatzen denetik beste bat eskatu bitartean.
Hala ere, aurrerakin bakarra emanen da hamar urtean d) arrazoiarengatik.
4. Aurrerakin horiek ohiz kanpokoak dira eta gastuak betetzeko emanen dira. Beraz, gastuen frogagiriak aurkeztu beharko dira. Esleituko den kopurua ezin izanen da izan aurkeztutako gastuak baino handiagoa.
5. Eskatutakoak funtsean dagoena gainditzen badu, eskuratzeko lehentasuna izanen du aurrerakinak gutxiagotan eskuratu dituen langileak, eta aldi horien kopurua berdina bada, 1.b) atalean zerrendaturiko lehentasunen arabera esleituko da.
22. artikulua. Erretiroak.
1. Enplegua sustatzeko politikaren barnean, erretiroa nahitaezkoa izanen da langileak 65 urte betetzen dituenean, eta Udalak hitz ematen du arrazoi horregatik sortzen diren lanpostu hutsak betetzeko lan-poltsak eratuko dituela, lan eskaintza publikoan lanbide kategoria bereko lanpostuak edo bestelakoak sartzeko, indarrean dagoen legerian erretiro aurreraturako espresuki xedatutakoaren kalterik gabe.
2. Aurreko atalean erretiratzeko adina ezarri bada ere, langile guztiek gabezia aldia osatzen ahal dute Gizarte Segurantzako erretiro pentsiorako eskubidea izateko.
3. Langileek hirurogeita lau urte betetakoan erretiroa hartzen ahal dute nahi izanez gero, uztailaren 17ko 1.194/1985 Errege Dekretuan ezarritako moduan eta baldintzetan.
4. Unean-unean legeriak eskatzen dituen baldintzak betetzen dituzten langileek erretiro partzialeko kontratua sinatzen ahal dute, uztailaren 9ko 12/2001 Legearen araberako Langileen Estatutuaren 12.6 artikuluan eta estatutua garatzen duten arauzko xedapenetan aurreikusitako moduan. Langile bakoitzari dagokion Administrazioak hori onartu beharko du, zeinak errelebo kontratua sinatuko baitu enplegu eskatzaile gisa inskribatutako langileekin (hitzarmen honen 6. artikuluan ezarritakoari jarraikiz hautatuekin), erretiro partzial hori gauzatu ahal izateko.
23. artikulua. Eskubide sindikalak.
1. Indarrean den hitzarmen honen aplikazio eremuko langileek eskubidea dute euren enplegu baldintzak zehazten parte hartzeko, legean finkatu bezala, euren ordezkaritza organoen bitartez.
2. Langileen ordezkariek, akordio honen aplikazio eremuan sartuta badaude, hogei orduko kreditua dute hilabetean. Ordu kreditu hori bi hilabetean kontabilizatuko da. Ordezkariek, nahi badute, zilegi dute ordu sindikalak elkarri lagatzea. Baimena emateko, orduak lagatzen dituen ordezkariak agiri bat sinatuko du, eta atzera egiteko aukera izanen du, edozein unetan.
Aldez aurretik orduak metatzen ahal dira, atsedenaldia lanegun batean hartuz, horrek eman behar den zerbitzuari kalterik egiten ez badio.
Langileen legezko ordezkariek Legean aurreikusitako bermeak izanen dituzte.
3. Ordu sindikalak: Langileen batzordeko kideek euren sindikatu orduak erabiltzen ahal dituzte lantokitik alde eginez, euren sindikatu jarduerengatik egoki jotzen dutenean, eta beti ere zerbitzuaren beharrak bermatuta.
Zizur Nagusitik kanpora joan behar izanez gero, arrazoia kreditatu beharko dute Udalaren aurrean.
24. artikulua. Biltzeko eskubidea.
1. Zizur Nagusiko Udaleko langileek Batzarrean biltzeko eskubidea dute, Udalaren beraren lokaletan eta euren lanarekin loturiko gaietarako. Horretarako, hilabetean gehienez ere lau ordu ordainduak eta metatu ezin direnak izanen dituzte.
2. Batzarrak lanaldiaren hasieran edo bukaeran egin beharko dira. Salbuespenez, batzarrak lanaldiaren beste tarte batean egiten ahal dira, horrela kalte gutxiago egiten bazaio zerbitzuen ohiko funtzionamenduari.
Deialdia langileen ordezkariek edo langileen %33k baino gehiagok eskatuta egin beharko da. Deialdian eguneko aztergaiak eta batzarrerako eguna eta ordua jarri beharko dira.
Langileen ordezkariek deialdiarekin batera jakinaraziko dute enpresa kanpotik joanen direnen kopurua eta enpresak deialdia jaso izana adierazi beharko du.
Langileen ordezkariek Batzarra bukatu bezain laster, enpresari buruz hartutako erabakiak jakinaraziko dizkiote Alkatetzari.
3. Alkatetzak eman beharko du baimena batzarrak egiteko.
4. Nahitaez emanen da baimena, aipatu diren baldintzak betetzen badira. Salbuespenezko kasuetan izan ezik, batzarra egiteko baimena gutxienez ere berrogeita zortzi ordu lehenago eskatu beharko da. Kontrakorik esaten ez bada, baimena emantzat joko da. Baimena, beranduenez, batzarra egin baino hogeita lau ordu lehenago jakinarazi beharko da.
25. artikulua. Diziplina araubidea.
1. Hutsegiteak.
Udalak soilik zehatuko ditu langileak euren betebeharrak betetzen ez dituztelako, laneko ez betetze hori diziplina hutsegitea denean, hutsegiteen eta zehapenen graduazioarekin eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko II. tituluko IX. kapituluan ezartzen den prozedurarekin eta xedapen osagarriekin bat etorriz. Arau horiek osorik aplikatzen ahal zaizkie hitzarmen honen menpeko langileei, Langileen Estatutuaren 54. artikuluan xedatutakoarekin bat.
2. Zehapenak:
Hutsegiteen kalifikazioaren arabera ezartzen ahal diren zehapenak hauek dira:
a) Hutsegite arinak:
_Idatzizko kargu-hartzea.
_Egun batetik lau egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
b) Hutsegite larriak:
_Egun batetik hogeita hamar egunera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
_Behartutako lekualdatzea, inolako kalte-ordainik jasotzeko eskubiderik gabe.
c) Hutsegite oso larriak:
_Egun batetik hiru hilabetera bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.
_Lanetik bidaltzea.
3..cu8.Hutsegiteen preskripzioa.
1._Hutsegite arinak hamar egunen buruan preskribatzen dira; larriak hogei egunen buruan; eta oso larriak hirurogeiren buruan, Udala hutsegiteaz jakitun egindako egunetik aitzina eta, nolanahi ere, hutsegitea egin eta sei hilabeteren buruan.
2._Preskripzioa eten eginen da prozedurari hasiera ematea erabakitzen den unetik, eta horretarako hartzen den erabakiak behar bezala erregistratua behar du izan. Espedientearen tramitazioa, langileari egoztekoa ez den kausagatik hilabete baino gehiagoz eteten bada, preskripzio epea ez-etentzat hartuko da.
26. artikulua. Enplegu publikoaren sustatzea.
Enplegu publikoa sustatzeko, pribatizatu diren hainbat lan Zizur Nagusiko Udalera itzultzeko modua aztertuko da, esaterako garbiketa zerbitzuak, etab., eta bertako langileek egin ditzaketen lanak ez dira kanpora bideratuko.
Era berean, lan edo zerbitzuren bat kanpora bideratu behar izanez gero, enpresa esleipen-hartzaileari Akordio honetako baldintza guztiak bete ditzan exijituko zaio.
Zizur Nagusian, 2006ko apirilaren 5ean.
Iragarkiaren kodea: F0615527
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
