I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
205/2006 FORU AGINDUA, irailaren 22koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteri kontseilariak emana, toki entitateei udal titulartasuneko aterpetxe eta gazteriaren etxeen ekipamendurako dirulaguntzak emateko deialdiaren arauak onesten dituena.
Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea dirulaguntza publiko guztietarako esparru arauemaile erkidea da. Bertan ezartzen dira orotariko printzipioak, kontzeptuak, irizpideak, eskumenak, eginbeharrak, erantzukizunak eta laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedurak.
Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak txosten bat aurkeztu du, non Nafarroako udalek beren aterpetxe eta gazteriaren etxeak hornitzeko aukeraren garrantzia baloratzen baita.
Horregatik bidezko da foru agindu bat onestea gazteendako aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen hornidurarako dirulaguntzak emateko araubidea ezarri eta horrekin batera funts publikoak eraginkortasunez kudeatzen eta kontrolatzen arduratzen dena.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Toki entitateei gazteendako aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen hornidurarako dirulaguntzen deialdia onestea, foru agindu honen eranskinean azaltzen diren arauen arabera.
2. Deialdi hau finantzatzeko gehienez ere 44.000 (berrogeita lau mila) euroko gastua baimentzeko, 2006rako Nafarroako Aurrekontu Orokorretako "Toki entitateetako gazte ekipamendua" izeneko 940003-95210-7609-232100 kontusailetik. Udalen gazte aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen hornidurarako erabiliko da.
3. Deialdiaren arauak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.
4. Foru agindu hau jakinaraztea Kontu-hartzailetza delegatuari, Idazkaritza Orokorraren eta Azpiegituren Zerbitzuari eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Gazteriaren Zuzendariordetzari, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2006ko irailaren 22an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.
ERANSKINA
Arauak
1._Xedea.
Deialdi honen gainean lehia bidez ebatziko da. Haren xedea da Nafarroako toki entitateei udalen gazte aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen hornidurarako dirulaguntzak emateko araubidea ezartzea da.
2._Helburua.
Hona hemen dirulaguntzaren helburua: toki entitateek sustaturiko udalen gazte aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen hornidurari eustea.
Dirulaguntzen deialdi honen onura publikoaren helburua gazteendako aterpeek eta udalen gazteriaren etxeek gazteei gizarteratzen lagundu eta gaztetasunarekin bat datozen aisialdi guneak sortzea da.
3._Esparrua.
3.1. Aurreko 2.1. arauak aipatzen dituen dirulaguntzak udalen gazte aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen oinarrizko hornidurak sortutako gastuak hein batean finantzatzeko erabiliko dira.
3.2. 22.000 euro erabiliko dira aterpeak hornitzeko eskabideetarako eta beste 22.000 euro gazteriaren etxeak hornitzeko.
3.3. Intalazioko oinarrizko hornidura izan daiteke dirulaguntzaren xede, betiere ondasun inbentariagarriak badira:
_Instalaziorako orotariko altzariak (mahaiak, aulkiak, armairuak, oheak eta abar).
_Informatika materiala, bezeroen harrerarako, erreserbetarako, jarraipen ekonomikorako, bezeroak internetera konektatzeko eta posta elektronikoko banakako kontuetarako.
_Mintzaldi eta ikastaroetarako materiala: arbela, papelografoa, diapositiba proiektorea, gardenkiak, opakukiak, kanoi proiektorea, eta abar.
3.4. Muntatze eta paratze lanak dakartzaten hornidurak deialdi honetatik kanpo gelditzen dira.
4._Onuradunak.
Nafarroako toki entitateek eskatzen ahalko dute dirulaguntza deialdi honen babesean, udal titulartasuneko gazte aterpetxe edo gazteriaren etxe bat badaukate eta 2006an hornitu badute.
5._Aurkezteko epea eta lekua.
Dirulaguntzen eskabideak eta agiriak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan aurkeztuko dira (Iruñeko Arrieta kaleko 25ean, Iruña) edo, bestela azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluan aipatzen diren erregistroetako edozeinetan, hamabost egun naturaleko epean, deialdi hau argitaratzen denetik hasita.
6._Eskaera eta dokumentazioa.
6.1. Eskabideak, alkateak edo gazteria zinegotziak sinatuak, erositako ondasunen zerrendarekin, toki entitatearen izenean dauden eta eginiko gastuak frogatzen dituzten jatorrizko faktura edo fotokopia konpultsatuekin eta 7. arauko betebeharren arabera eginiko memoria batekin batera.
6.2. Era berean, zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak kitatuak dituela dioen ardurapeko adierazpena aurkeztuko dute.
Gainera, hitz emanen du gazte erabiltzaileei jakinaraziko diela zer aterpetxe eta zer gazteriaren etxe hornitu diren Nafarroako Gobernuaren laguntzaz.
6.3. Udal eskatzaileko idazkariak ziurtatu beharko du, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 28.3 artikuluan ezarritako ondorioetarako, dirulaguntzaren xede diren jarduerak egiteko hornitzaileak eraginkortasun eta ekonomia irizpideei jarraikiz hautatu direla.
6.4. Baztertu eginen dira epez kanpo aurkezten diren eskaerak, bai eta datu faltsuak dituztenak ere.
7._Instrukzioa, balorazioa eta laguntzen zenbatekoa.
7.1. Gazteri Zuzendariordetzak gazte aterpeen eta udalen gazteriaren etxeen hornidura erosteko dirulaguntzetarako eskaerak aztertu eta haiek emateko proposamena eginen dio Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileari.
Kontu hauetariko bakoitzagatik gehienez ere 10 puntu emanen dira:
_Toki entitate eskatzaileak gazteri arloko zinegotzia izateagatik.
_Aterpetxea edo gazteriaren etxea izateko eraikinaren jabe izateagatik edo eskura edukitzeagatik.
_Jardueran gutxienez ere 10 urtez aritzeko bermeagatik.
_Instalazioan egin eta Udalaren aurrekontuan jasotako inbertsioengatik.
_Instalazioen ezaugarrietara egokitutako udal langileak izateagatik.
_Gazteek erabiltzeko urtean irekita egonen den epeagatik eta ordutegiagatik.
7.2. Lorturiko puntuen arabera lehentasun hurrenkera ezarriko da gazte aterpetxeen hornidurarako dirulaguntzen eskabideen artean eta beste bat gazteriaren etxeen hornidurarako dirulaguntzen eskabideen artean.
7.3. Eskabideak lehentasun hurrenkerari jarraituz hartuko dira aintzakotzat, bi kategorietariko bakoitzean, aterpetxeetakoan eta gazteriaren etxeetakoan, dagoen dirua agortu arte.
7.4. Kategoria bateko eskabideak aintzakotzat hartu ondoren dirurik sobratzen bada, beste kategoriakoetarako erabiliko da.
7.5. Ematen diren dirulaguntzen zenbatekoa gehienez ere egin eta justifikaturiko gastuaren 100eko 70ekoa izanen da, bai aterpetxeen horniduran, bai gazteriaren etxeenean.
7.6. Dirulaguntza hau bateragarria da Foru Administrazioaren beraren, Espainiako eta atzerriko beste administrazio batzuen, erakunde pribatuen edo partikularren antzeko dirulaguntzekin, baldin eta eginiko gastuaren 100eko 100 gainditzen ez bada.
8._Ebazpena.
8.1. Zuzendari kudeatzaileak hamabost eguneko epean emanen du ebazpena, eskabideak aurkezteko epea bukatzen denetik.
8.2. Epe horretan ebazpenik ematen ez bada, aurkeztutako eskaerak ukatutzat joko dira.
8.3. Dirulaguntza emateko ebazpenean dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua adieraziko dira.
8.4. Dirulaguntza emateko ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko oholetan jarriko da, orok jakin dezan.
8.5. Deialdi honi jarraikiz dirulaguntza eskuratzeak ez du esan nahi hurrengo ekitaldi ekonomikoetan ere dirulaguntzak jasotzeko eskubiderik eskuratzen denik.
9._Betebeharrak.
Dirulaguntzak jasotzen dituztenek honako betebehar hauek izanen dituzte:
a) Ematen diren xedeetarako erabiltzea.
b) Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak edo Dirulaguntzei buruzko 11/2005 Foru Legearen arabera eskumena duten organoek eskatutako egiaztapenak onartu eta erraztea. Horretarako onuradunak kontabilitate liburuak, erregistro diligentziatuak eta behar bezala auditaturiko bestelako agiriak eduki beharko ditu, aplikatzen ahal zaizkion merkataritzari eta sektoreari buruzko legeetan xedatu bezala.
c) Aurretik aipatutako azaroaren 11/2005 Foru Legeari jarraikiz, Foru Ogasunaren kontu-hartzailetzari dagozkion kontrol lanak erraztea.
d) Nafarroako Ogasun Publikoarekiko zerga betebeharrak, bai eta Gizarte Segurantzarekiko zorrak ere, kitatuak izatea.
e) Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 35. artikuluan aurreikusitako kasuetan, hartutako dirulaguntzak itzultzea.
10._Zorrak kitatzea.
Dirulaguntzaren onuradunari, Nafarroako Foru Ogasunarekin zorrik baleuka, zor horiek kitatuz pagatu lekioke dirulaguntza.
11._Ez-betetzeak.
Deialdi honetako arauetan ezarritakoa ez betetzeak, eman zen xederako ez erabiltzeak, laguntzak zertan erabili diren ezarritako modu eta epeetan ez justifikatzeak, gezurrezko datuak emateak edo Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren baimenik gabe dirulaguntzaren helburuak aldatzeak dirulaguntza galtzea eta jasotako dirua itzuli beharra, eta kasua izanez gero berandutza-interesak, ekarriko dute, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen IV. tituluak agintzen dituen beste erantzukizunak ezertan galarazi gabe.
12._Errekurtsoak.
Foru agindu honen kontra, gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik hasita, hori guztia Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Halaber, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenen aurka bidezko izanen da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari igorria, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
13. Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan ezarrita ez dagoen guztian Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean xedatutakoari jarraituko zaio.
Iragarkiaren kodea: F0615495