122. ALDIZKARIA - 2006ko urriaren 11

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko irailaren 25ekoa, Nafarroako Gobernuak hartua, "Goi tentsioko 66 kV-ko aireko linea elektrikoa, El Sequero E.A.-Los Arcos, zirkuitu bikoitza" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatua, onesten duena.

I._Aurrekariak.

Nafarroako Gobernuak, 2005eko azaroaren 7ko bilkuran, erabaki zuen "Goi tentsioko 66 kV-ko aireko linea elektrikoa, El Sequero E.A.-Los Arcos, zirkuitu bikoitza" izeneko proiektua, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. enpresak sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, eta, gutxienez hilabeteko epean, aldi berean, espedientea jendaurrean jarri eta instalazioek ukitutako mugapeetako udalen entzunaldia egitea. Erabaki hori 2005eko 141. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, azaroaren 25ean.

Espediente honen xedea da El Sequero izeneko Eraldaketarako Azpiestaziotik (E.A.), Arrabaleko udalerrian (Errioxa), abiatuko den 66 kV-ko tentsio nominaleko aireko linea elektrikoaren Nafarroako tartea egitea, zirkuitu bikoitzean, Cordovilla-Recajo linea elektrikoraino, Los Arcoseko udalerrian.

II._Aurkeztutako alegazioak.

Jendaurreko aldi horretan hiru alegazio idazki aurkeztu dira. Haien edukia eta erantzuna ondoren azaltzen dira, laburturik.

.Ignacio Mangado López jaunak, Elizagorriko Udalaren izenean eta hura ordezkatuz.

Edukia:

Obra eskualdearen garapenerako onuragarritzat jo arren, alegaziogileak adierazten du proposaturiko trazadurak modu larrian ukitzen duela Elizagorria herriaren egungo eta etorkizuneko garapena eta begi-inpaktu handia duela hirigune sendotuan.

.Manuel Fernández de Piérola y Urbiola jaunak.

Edukia:

Linearen trazadura Elizagorriko zatian aldatzeko eskatzen du honako arrazoiengatik:

1. Ingurumen logikarekin eta udalaren hirigintza garapenarekin kontraesanean den gunean proiektatua dagoelako.

2. Proiektuari UPSaren aitorpena onartzeko Erabakian ez dela aipatzen Elizagorriko Udalaren Plan Orokorra erredaktatzeko prozesuan dagoenik.

3. Erabakian lurzoruaren sailkapena aipatzen dela eta Elizagorriko udalean ez dagoela inolako planeamendu elementurik.

4 eta 5. Proposaturiko trazadurak betiko hipotekatuko duen lurzoru hori udalaren hedapen naturalarena dela zalantzarik gabe. Lurzoru horiek idatzi beharreko Elizagorriko Udalaren Plan Orokorrean urbanizagarri bezala sartzeko elkarrizketak badirela.

6. Kontuan hartuz linearen ukipena edo zortasuna eta autobia berriaren trazadura, Elizagorriko udala eta alegaziogilearen lursailak oso-osorik sartuko dira.

Aurreko bi alegazioen idazkiei erantzuna:

UPSko sustatzaileak alegazioen bi idazkiei buruz batera erantzun zuen, biak arrazoi bera argudiatzen dutelakoan, hots, alde batetik, Elizagorriko etorkizuneko hirigintza garapena eta bestetik, linearen trazadura herrigunetik zein hurbil gelditzen den.

Sustatzaileak adierazi zuen UPSa idatzi zuenean harremanetan izan zela Udalarekin eta Udalak lantalde prestatzaileari jakinarazi ziola Udal Plana prestatzen hasiak zirela, oso hasierako fasean izan arren. Geroago, planeamendua aurreratuago zegoela, lineak herriaren garapenean izan dezakeen ukipena zehaztu zen. Hautaturiko trazadurak etorkizunean sor litezkeen zailtasunak ikusirik, eta Iruña-Logroño autobidearekin gurutzatzeko dauden aukera tekniko urriak ikusirik, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k bilera bat egin zuen Elizagorriko Udaleko ordezkariekin eta bileran trazaduraren aldaera bat aztertzea erabaki zen, udalaren etorkizuneko planean (prestakuntza fasean zegoena) urbanizagarri izendatuko lukeen eremua saihestuko zuena. Bileraren ondoren eta egin beharreko bisitaldiak eginda, sustatzaileak saihesbide bat definitu du. Horren planoa 1. zenbakiko eranskin gisa aurkeztu da erantzunean, etorkizunean urbanizagarriak izanen diren eremuak saihesten ditu eta Elizagorriko hiriguneari dagokionez, nabarmen murrizten du herritik ikusiko den linearen eragina.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, 2006ko maiatzaren 19ko txostenean, onargarritzat jo zuen linearen azken trazadura ingurumenaren aldetik. Halaber, hirigintza eta lurralde aldetik ere onargarria da.

.Jesús Fernández de Arcaya Galdiano jaunak.

Edukia:

Alegaziogileak, Santsolgo eta El Bustoko lurren jabea den aldetik, udalez gaindiko plan sektorialak ukitzen baititu, honako hau eskatu du:

_Linea elektrikoaren segurtasun elektrikoaren eremuaren tokirik apalena lurzoruaren kotatik 6 m-ra egon dadila gutxienez, nekazaritzako makinak oztoporik gabe mugitu ahal daitezen.

_Euskarriak mugitu eta motzondo ilarekin lerrokatu daitezela.

_Indusketan eta euskarrien oinarrietan betoia paratzeko lanetan motzondo ilara osoak ken ez daitezela.

_Lineko euskarriak jabe ezberdinen lurzatien mugetan paratu daitezela.

_Bere finkan lerroa lurperatzeko aukera azter dadila. Prest dago kostu berria bere gain hartzeko.

_Azkenean linea airekoa bada, haren trazadura paraleloagoa izan dadila autobiarekiko.

_Linearen behin betiko trazadura jakinarazi dakiola.

Erantzuna:

a) Eroaleen eta lurraren arteko gutxieneko aldea 6 m-koa izan dadila: Goi tentsioko linea elektrikoei buruzko erregelamendu teknikoko 25. artikuluko 1. idatz-zatian xedaturikoarekin bat, eroaleen eta lurraren arteko gutxieneko aldea formula baten ondoriozkoa da. Artikulu horretantxe xedatzen da gutxienez ere 6 metrokoa izanen dela. Beraz, formula 66 kV-ko linea bati aplikaturik gutxieneko aldea 5,74 m-koa bada ere, 6 m izanen dira lur gainean.

b) Mahatsondoekin lerrokaturiko euskarrien kokagunea: alegaziogileen mahatsondoetan paratu behar diren euskarriak motzondoen lerroarekin lerrokatuko dira.

c) Makinak oraingo toki eta bideetan sartu-ateratzea: betebehar hori ahal den ber hartuko da kontuan exekuzioaldian. Aditzera ematen da, posible denean, makinen, materialen eta langileen mugimenduak eginak dauden bide eta tokietatik egiten direla eta, arbolak edo mahatsondoak dauzkaten finken kasuan, motzondoen lerroen artetik, horiek ukitu gabe. Betiere, ahaleginak egiten dira ahalik eta gutxien ukitzeko eta eginak dauden bideak aprobetxatzen dira. Adierazi behar da hortik aparte instalazio mota hau egiteko erabiltzen diren makinak ez direla oso handiak, ez eta sobera astunak ere.

d) Euskarriak lurzatien mugetan paratzea: Finken tamainagatik posible baldin bada, euskarriak ahalik eta eragozpen gutxien sortzen dituzten tokian paratzen dira. Lurretako maldengatik eta beste kontu batzuengatik izan litezkeen murriztapenak kontuan hartuz, ahaleginak eginen dira euskarriak mugetan paratzeko eta, posible ez bada, gutxien ukitzen duten tokietan. Gaur egungo fasean hori zehazterik ez badago ere, partikularrari jakinarazten zaio eraikuntza proiektua prestatzean gogoeta hori kontuan hartuko dela eta halaxe eginen dela posible den tokietan.

e) Proiektu zehatza partikularrari jakinaraztea: zehatz-mehatz jakinaraziko zaio proiektuaren edukia eta behar denean baimena eskatuko zaio, nahitaezkoa baita.

f) Linea lurperatzea: linea ezin da lurperatu hiru arrazoi oinarrizkorengatik. Arrazoi bat ekonomikoa da, lurperatzeak bost aldiz garestitzen baitu exekuzioaren kostua. Beste arrazoi bat tarte lurperatu baten exekuzioak mahatsondoak dauzkan finka batean daukan ukipena askoz handiagoa dela obra fasean aireko linearena baino. Kontuan hartu behar da, lur zerrenda egiteko makinak lurzatiaren trazadura osotik ibiltzea beharrezkoa dela, ateratzen den materiala biltzeko tokia behar dela eta hodiak eta eroaleak garabien bidez hedatzen direla eta garabi horiek ere trazadura osotik ibili behar dutela. Horregatik guztiagatik ukipena anitzez handiagoa euskarriak eraikitzeko eta euskarrien artean aireko lineak hedatzeko baino. Hirugarren arrazoia, garrantzitsuagoa dena, da Goi tentsioko linea elektrikoei buruzko erregelamendu teknikoko 35. artikuluko 2. idatz-zatian adierazten dela lineak bakarrik hiriko lurretan edo lur urbanizagarrietan, behin betiko urbanizazio kotekin.

g) Linearen trazaduraren hein bateko aldaketa: Goi tentsioko linea elektrikoei buruzko erregelamendu teknikoak autobietarako gutxienez ere 25 metroko aldea ezartzen badu ere, Nafarroako errepideak babesteari buruzko urriaren 10eko 11/1986 Foru Legeak, 7. artikuluan, hiru babes zerrenda ezartzen ditu autobia eta autobideetarako: lehen zerrenda, 8 m-koa, "jabari publikoaren eremua" deritzona, bigarrena, 25 m bitartekoa "zortasunaren eremua" eta hirugarrena, 100 metro bitartekoa, "ukipen eremua". 8. artikuluak "eraikinen lerroa" ezartzen du. Horretatik errepidera bitarte, eraikinak eraiki, berreraiki edo handitzeko obrak debekatzen direla. Autobietarako, xedatzen da eraikinen lerroa 50 metrora egonen dela. 11. artikuluan adierazten da ukipen eremuan, zortasunaren eremuaren eta eraikinen lerroaren artean, ezin izanen dela oin berriko, ordezpeneko edo berreraikuntzako obrarik egin, ez eta lurraren mailaren azpitik eraiki beharra daukanik ere, eta ezin izanen dela goi tentsioko linearik paratu edo publizitaterik egin.

Gainera, aukeratu den trazaduraren eta autobiaren artean aztarnategi batzuk daude. Haien babes araubideak eragozten dio lineari haien gainetik pasatzea eta horregatik trazadura ezin da partikularrak eskatu bezala mugitu.

h) Linearen trazaduraren orotariko aldaketa: Partikularrak adierazi duen aukera, linearen trazadura Iruña-Logroño autobiaren beste bazterretik joan dadila hain zuzen ere erabat bideraezina da, arrazoi batzuengatik, bai ingurumenaren aldetik, bai teknika eta ekonomiaren aldetik ere.

III._Nafarroako Gobernuaren Erabakiaren zehaztapenak bete beharra.

Nafarroako Gobernuaren Erabakiak hauxe xedatzen du: "Sustatzaileak erabaki honen azalpen zatiko gainerako neurriak, Lurraldeko eta Hirigintzako zehaztapenen atalean nahiz ingurumenekoan, hartu beharko ditu bai proiektuan bai obrak egitean."

2006ko maiatzaren 8an sustatzaileak addenda bat igorri zuen UPSa onesteko eta Erabaki haren testuan sartzen diren hirigintza, lurralde eta ingurumen arloko zehaztapen guztiak beteko zituelako konpromisoa adierazi zuen addendan.

III.1. Hirigintzaren eta lurraldearen gaineko gogoeta dela-eta.

Erabakian kontu batzuk jaso ziren altxonbide, bide, errepide sare (errepide eta Iruña-Logroño autobia), gasbide, oliobide, ibai, linea elektriko eta telekomunikazio lineei buruz, baldintzen betetze-mailaren nahitaezkotasunari eta baimenak lortu beharrari dagokionez. Afera horiek kontuan hartu beharko dira eraikuntza proiektuan eta obren exekuzioan, espedientearen gaineko ebazpenean agertu beharko baitute.

Ondare historikoaren babesari dagokionez, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko abuztuaren 11n eman txostenean adierazten ziren zehaztapenak ere bildu ziren, horiek ere agertu behar baitute espedientearen gaineko ebazpenean.

III.2. Ingurumenaren gaineko gogoeta dela-eta.

Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak, irailaren 8ko 2009/2006 Ebazpenaren bidez, espediente honen xede den lineari buruz, "Ingurumen Ondorioen Deklarazioa egitea Udalez gaindiko Proiektu Sektorialaren gainean" egin zen. Bertan hauxe xedatu zen: "Udalez gaindiko Proiektu Sektorialarekin batera sustatzaileak 2006ko maiatzaren 8an aurkeztutako ingurumenaren gaineko eraginaren azterlanean eta addendan zehazten diren neurri zuzentzaile guztiak aplikatuko dira."

IV._Obrak interes orokorrekotzat jo beharraren gainean.

Iberdrola S.A. enpresak "Goi tentsioko 66 kV-ko aireko linea elektrikoa, El Sequero E.A.-Los Arcos, zirkuitu bikoitza" proiektua aurkeztu zuenean, tramitatua izan zedin, eskatu zuen haren interes orokorra adieraz zedila, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 47. artikuluan aipatzen diren ondorioetarako. Artikulu horrek ezartzen du UPS bateko obrak ez direla tokiko kontrolen pean egonen, baldin eta baldintza batzuk betetzen badituzte, esate baterako, Nafarroako Gobernuak egitura hori interes orokorrekotzat jo izana. Adierazpen hori UPSaren behin betiko onespenarekin batera egiten ahalko da.

Horri erantzunez, eta Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak eskatuta, Industria eta Merkataritza Zuzendaritza Nagusiak jakinarazi zuen linea horrek horniduren hobekuntza ekarriko duela Lizarran eta Los Arcosen eta bidezkoa dela interes orokorrekotzat jotzea.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordearen txostenarekin bat, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta aplikatu beharreko gainerako arauetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. Aurkeztu diren alegazioak ebaztea Erabaki honen azalpen zatian agertu den moduan.

2. Onestea "Goi tentsioko 66 kV-ko aireko linea elektrikoa, El Sequero E.A.-Los Arcos, zirkuitu bikoitza" izeneko Udalez gaindiko Proiektu Sektoriala, "Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U." enpresak sustatua, honako zehaztapen hauekin:

a) Obrak egiteko proiektuak ondare historikoa babesteko Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak 2005eko abuztuaren 11ko txostenean ezarri zituen zehaztapen eta neurriak bilduko ditu.

b) Altxonbideak eta bideak: linearen euskarriak altxonbide eta bide publikoen kanpoko ertzetik gutxienez hiru metrora jarriko dira.

c) Bide-sarea (errepideak Iruña-Logroño autobia): bide hauen eragin-eremuan egin nahi diren obra guztietarako beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren baimena.

d) Gasbideak eta oliobideak: egin asmo den lineak Ebroko Erriberako gasbidea eta Miranda-Iruña-Zaragozako oliobidea gurutzatzen ditu. Azpiegitura horiek, zortasunekin batera, kontuan hartu beharko dira obrak egitean.

e) Ibaiak: euskarriak paratzeko eta ibaibideen txukuntasun eremuan egiten diren obretarako beharrezkoa da Ebroko Ur Konfederazioaren baimena.

f) Linea elektrikoak eta telekomunikaziokoak: proiektuan argindarra banatzeko eta telekomunikazioetako zenbait linearekiko gurutzaketak aipatzen dira; gurutzaketa horiek arloan indarra duen araudia betez egin beharko dira.

3. Obren exekuzioan ingurumenaren gaineko eraginaren adierazpenean ezarririko baldintzak bete beharko dira.

4. Betiere, obrek ukitzen dituzten edo exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunen baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko arloaren araberakoak.

5. UPS honen xede den linea elektrikoa interes orokorrekotzat jotzea desjabetzea egiteko, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeko 47. artikuluan ezarritakoaren ondorioetarako.

6. Enpresa sustatzaileak testu bategin bat aurkeztuko du, hasierako proiektuari erantsiriko agirien ondoriozko aldaketak eta alegazioen gaineko ebazpenaren eta proposatzen diren zehaztapenen ondoriozko aldaketak bilduko dituena.

7. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan Zuzendaritza Nagusira, Industria eta Teknologia Zuzendaritza Nagusira, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusira eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igortzea.

8. Erabaki hau Mendabiako, Elizagorriko, Piedramillerako, Santsolgo, El Bustoko eta Los Arcosko udalei, enpresa sustatzaileari eta alegatzaileei jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan, eta adieraztea, halaber, erabakiak bide administratiboa agortzen duela eta bere kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa aurkezten ahal dela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, erabakia argitaratu edo, kasua bada, jakinarazi eta biharamunetik bi hilabeteko epean.

Nolanahi ere, Administrazio Publikoek aurretiazko errekerimendua egiten ahalko diote Nafarroako Gobernuari, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epean.

Iruñean, 2006ko irailaren 25ean._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0615542