115. ALDIZKARIA - 2006ko irailaren 25a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.1. Lurraldearen antolamendua eta hirigintza

ERABAKIA, 2006ko irailaren 4koa, Nafarroako Gobernuak hartua, ondoko proiektua Udalez gaindiko Plan Sektorial deklaratzen duena, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean eta ingurumen ebaluazio estrategikorako prozeduran ezarritako ondorioetarako: "Aireko goi tentsioko linea, 66 kv-koa, Tafalla-Lizarra: Tafalla-Artaxoa tarteko saihesbidea eta Tafalla-Artaxoa 13,2 linea berria", Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua.

2006ko urtarrilaren 31n, Ramón Tejadas Alvarez jaunak, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U. ordezkatuz, proiektu hau aurkeztu zuen Udalez gaindiko Proiektu Sektorial gisa tramitatu eta onesteko: "Aireko goi tentsioko linea, 66 kv-koa, Tafalla-Lizarra: Tafalla-Artaxoa tarteko saihesbidea eta Tafalla-Artaxoa 13,2 linea berria".

I._Proiektuaren xedea eta justifikazioa.

Espediente honek xede du Tafalla eta Artaxoa arteko aireko goi tentsioko linea berri bat jartzea, 66 kv-koa, eta Tafalla-Lizarra tartean egun dagoena moldatzea Tafalla eta Lizarra artean, 13,2 kv-ko bihurtzeko.

Jarduketen helburua da Artaxoako hornidura lortzeko modua bikoiztea, 13,2 kv-tan, eta, era berean, Gares aldeko hornidura 66 kv-tan hobetzea. Jarduketa hori justifikatua dago Artaxoako udalerriari zerbitzua ongi emateko baliabideak eman beharragatik, izan ere, gaur egun, hornidura Mendigorritik baizik ez da lortzen. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak eta Iberdrolak 2004ko uztailean sinatutako hitzarmenean sartu zen proiektua. Hitzarmenaren helburua Nafarroako horniduraren eta azpiegitura elektrikoen kalitatea hobetzeko plana definitzea zen.

Sustatzaileak, proiektuaren tramitazioa eskatzeaz gain, interes orokorreko deklaratzeko eskatu du.

II._Linea elektrikoaren deskripzioa.

Proiektuko azpiegitura Tafallako eta Artaxoako udal mugapeetako lurretan eginen da.

Tafalla-Artaxoa linea, 66 kv-koa, berria da. Tafalla-Lizarra lineako 18. euskarrian hasi eta 78.ean bukatuko da. Osotara, 9.450 metro luze inguru izanen ditu, 9 lerrokadurarekin gutxi gorabehera.

13,2 kv-ko Tafalla-Artaxoa linea Tafallako STRn hasi eta, 729 metroz, lur azpitik joanen da hiri lurzoruan barna. Handik, 2.050 metroko linea berri batek segituko du airetik (hiru lerrokadura) egun dagoen 66 kv-ko linearekin 64. euskarrian elkartu arte. 6.136 metro horietan, gaur egun dagoen lineatik jarraituko du, 13,2 kv-ra aldatuz, Artaxoara iritsi aurretik puntu bat aurkitu arte, non 2.582 metroko aireko beste tarte bat hasiko baita (bost lerrokadura). Han, Mendigorritik datorren 13,2 kv-ko linearekin lotuko da eta Artaxoako herrigunea saihestuko. Zerbitzua berriro abian jartzeko, Artaxoa inguruan bi deribazio eginen dira, 333 eta 460 metrokoak, hurrenez hurren.

Aldez aurretik lurraldeari buruzko azterlan bat egin da, trazadura egokienak bilatzeko ingurumeneko ukipenak gutxitzearren, batez ere florari eta faunari dagokienez, eta baita hirigintza planeamenduarekiko eta egun dauden eta aurreikusi diren azpiegiturekiko bateraezintasunak saiheste aldera ere. Pasabide zabal bat definitu da, batez beste, kilometro batekoa, eta haren barruan 66 kv-ko linearako hautatutako trazadura definitu da. Halaber, 13,2 kv-ko linearen trazaduraren kasuan, 66 kv-ko lineak egun duen trazadura ahalik eta gehien aprobetxatzea aukera onena dela erabaki da.

Agirian agintzen denez gurutzaguneak (AHT, Nafarroako Ubidea, oliobideak, G.T lineak, gasbideak...) Goi-tentsioko aireko lineei buruzko Erregelamenduaren 33. artikuluari jarraikiz eginen dira. Gainera, trazaduren diseinuan P-6 iraganbidea izeneko abelbidea eta aztarnategiak kontuan hartu dira.

III._Lurraldearen eta hirigintzaren gaineko gogoetak.

Trazadurak ukitutako herrien hirigintzako planeamenduak azterturik, eta proiektuan adierazi bezala, trazaduraren parte bat Tafallako hiri lurzorutik pasatuko da. Dena den, linea lur azpitik joanen denez, hirigintza antolamenduan ez da ukipen berririk sortuko. Trazaduraren gainerako zatiak, osorik, urbanizaezintzat sailkaturiko lurretan barna joanen dira, eta horien babes araubidea, gainera, proposaturiko azpiegiturarekin bateragarria da.

Hala ere, proposatutako jarduketek eragina izanen dute hainbat elementutan. Hona hemen:

_Aurreikusitako trenbidea (Abiadura handiko trenaren korridorea): obrak egitean kontuan hartu beharko da gero batean ezarriko den azpiegitura. Gurutzaketari dagokionez, Sustapen Ministerioaren baimena beharko du.

_Nafarroako ubidea: linea egitean, kontuan hartu beharko dira azpiegitura hau eta beraren zortasunak, eta Canal de Navarra, S.A. enpresak horretaz ematen duen informazioaren arabera gauzatu, betiere, behar diren baimenak eskuratu ondoren.

_Bide sarea (NA-6020 errepidea: Artederreta-Martzilla): euskarrietarako eta bide hauen eragin-eremuan egin nahi diren obra guztietarako beharrezkoa da Nafarroako Gobernuko Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren baimena.

_Bide eta abelbideak (6. iraganbidea): linearen euskarriak abelbide eta bideen kanpoko ertzetik gutxienez hiru metrora jarriko dira.

_Ibaiak: euskarriak paratzeko eta ibaibideen txukuntasun-eremuan egiten diren obretarako beharrezkoa da Ebroko Ur Konfederazioaren baimena.

_Linea elektrikoak eta telekomunikaziokoak: proiektuan argindarra banatzeko eta telekomunikazioetako zenbait linearekiko gurutzaketak aipatzen dira; gurutzaketa horiek arloan indarra duen araudia betez egin beharko dira.

_Calahorra-Iruña gasbidea eta San Adrián-Iruña oliobidea: obrak egiteko kontuan hartu beharko dira azpiegitura horiek eta haiek sortzen dituzten zortasunak.

_Betiere, obrek ukitzen dituzten edo exekuzioa baldintzatzen ahal duten azpiegitura edo zortasunei dagokienez, sustatzaileak organo eskudunen baimen guztiak eskuratuko ditu, kasuan kasuko arloaren araberakoak.

Ondare Historikoa ukitzea dela-eta, Kultur Ondarearen Zuzendaritza Nagusiko Ondasun Higigarrien eta Arkeologiaren Atalak, 2006ko martxoaren 24an, txosten bat eman zuen. Bertan azaldutakoaren arabera, hautatutako trazadura igaroko da Nafarroako Inbentario Arkeologikoan katalogatutako bi aztarnategi arkeologikotik: Quitana aztarnategia, Tafallako udal mugapean (09-31-227-0026 kodea) eta Sazortea II, Artaxoan, (09-31-038-0065 kodea). Haiei buruzko katalogoko fitxak erantsi dira, sinplifikatuta. Haietan jaso da aztarnategiak non dauden.

Datuak ikusita eta aztarnategiei ondarearen gaineko sailkapenean garrantzi handirik eman ez baitzaie, proposatutako trazadurarekiko adostasun txostena eman da. Dena den, obraren behin betiko proiektu teknikoa prestatzean, kultur ondarea babesteko zehaztapen hauek bete beharko dira:

_Goi tentsioko dorreen euskarriak Tafallako Quitana izeneko eta Artaxoako Sazortea II izeneko aztarnategi arkeologikoek hartzen dituzten lurretatik atera beharko dira, gutxienez 30 metroko erradioko babes eremu bat utziz Nafarroako Inbentario Arkeologikoan erregistratutako kanpoko mugetatik neurtua.

_Katalogaturik ez dauden beste aztarnategi edo hondakin arkeologikoetan eragin litezkeen bestelako kalteei aurrea hartzeko, prebentzio neurri orokor gisa, obra osoaren segimendu arkeologiko oinarrizkoa eginen da, hau da, arkeologia arloko langile teknikoek lur mugimenduak eragiten dituzten lan guztien gaineko kontrola eginen dute (pistak irekitzea, zimentaziorako zangak, lur-maileguak, lurra pilatzeko eremuak, etab.). Neurri horiek obrak egiteko proiektuan bilduko dira, eta horretarako behar den dirua utziko da.

V._Ingurumenaren gaineko gogoeta.

V.1. 2006ko apirilaren 18an, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuko Habitaten Atalak jakinarazi zuen proiektuak, batez ere proiektuko 66 kv-ko linea berriak, ondoko habitatak ukitzen ahal dituela: lehentasuneko interesa dutenak, hala nola, Iberiako landaredi igeltsuzalea dutenak (1520* E.B. kod.), Tafallako hegoaldetik kilometro batera baino gutxiagora, eta zehazki, gramineoen estepaz hegoaldeko eremuak eta urte bateko Thero-Brachypodieta motakoak (6220* E.B. kod.) Artaxoan, bai eta honako kodea duten Europar Batasunaren intereseko habitatak ere; 5210 E.B. kod. (Juniperus spp.-ren sastrakadi zuhaizkarak), 9240 (Quercus faginearen eta Quercus canariensisen harizti iberiarrak), eta 9340 (Quercus ilex eta Quercus rotundifoliaren artadiak).

Halaber, auzitan jartzen du trazadura berri bat irekitzea (66 kv.ko aireko linearena), egun linea gehien joaten diren pasabidea aprobetxatu beharrean, izan ere, horretan suntsitu behar da 13,2 kv-ko linea. Gainera, lehentasuneko habitaten gaineko ukipena txikiagoa izango litzateke.

Bukatzeko, Atalak aholku ematen du Europar Batasunaren intereseko eta lehentasuneko habitatak ahal den neurrian saihesteko, bai eta Molinion-Holoschoeniongo belar luzeen soro heze mediterranearrekiko ezpondak (6420 E.B. kod.) eta Juncetalia maritimiren larre gazi mediterranearrak ere (1410 E.B. kod.).

V.2. Bestetik, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuak, 2006ko apirilaren 10ean, txosten bat aurkeztu zuen. Horretan ezarri zuen, Ingurumena babesteko esku hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak ezarritakoaren arabera, udalez gaindiko plan sektorialei ingurumen ebaluazio estrategikoa eta ingurumenaren gaineko eraginaren deklarazioa egin behar zaizkiela, plan horiek onestearekin batera edo lehenago. Plan Sektorialaren barruan ingurumen eraginari buruzko azterlana egin beharra edo ingurumen baimena lortu beharra dakarren proiekturen bat ezartzen bada, hark ez du salbuetsiko baldintza horietatik, aipatu legea aplikatuta.

Ondotik, txostenak proposatzen diren jarduketak deskribatu eta ingurumen ukipenei buruzko azterlaneko edukia aipatzen du. Izan ere, txostenak dioenez, azterlana, ohiko metodologiaren arabera, egokia da eta arau indardunei lotzen zaie. Halaber, proiektuaren egintzak azaltzen dira, ohiko metodologiari jarraikiz, ingurumenarekin loturiko faktoreak aztertzen dira, eraginak zehazten eta baloratzen dira balorazio bateratu bat edo azken sailkapena egite aldera. Aurreneurriak eta babes eta zuzentzeko neurriak ezarri dira ingurumeneko balioak eta proposatutako instalazioen eraginak bateratzeko, eta, ondorioz, eraginak bateragarri gisara sailkatu dira, hegaztien gainekoak izan ezik, horiek moderatutzat hartu baitira.

Nolanahi ere, txostenak dioenaren arabera, proposamena ingurumenera ongi egokitzen dela bermatze aldera, sustatzaileak, behin betiko agirietan, tratamendu egokia eman beharko die ingurumen ukipenei buruzko azterlanean azaletik jorratutako alderdi batzuei. Hona hemen:

_Euskarri berrien kokaleku zehatzak jakin ondoren: a) Obra egin aurretik eta bitartean, euskarriek okupatutako azaleran eta inguruan arkeologia aztarnarik ez dagoela kontrolatuko du teknikari eskudunak. b) Azterlan bat eginen da, linearen eragin zerrendan, kendu gabe zein landaretza uzten ahal den zehazteko, egoerak zein diren ikusita betiere. c) Ibilgailuek puntu horietara duten sarbidea zehaztuko da, bai eta zimenduetatik ateratako materialarekin zer eginen den ere. d) Landu gabeko lurzoruetan, jarduketak hondatutako lurren lehengoratze eta birlandaketa eginen da, tokiko zuhaitzak, zuhaixkak eta belarrak edo antzekoak erabiliz.

_Kendu nahi diren lineatan: a) Jarduketa programa finkatuko da. b) Ibilgailuek euskarri bakoitzera duten sarbidea zehaztuko da. c) Zimenduetako bloke hormigoiztatuak nola erabiliko diren eta zein xede izanen duten zehaztuko da. d) Landu gabeko lurzoruetan, jarduketak hondatutako lurren eta linearen eragin zerrendaren lehengoratze eta birlandaketa eginen da, edo bestela ukitutako udalerri bakoitzeko herrilurretan birlandatze konpentsatorioak egiteko aukera zehaztuko da.

_Ingurumen ukipenei buruzko azterlanean eta agiri honetan ezarritako neurriak betetzeko gastuen balorazio ekonomikoa eginen da, eta ondoren exekuzio proiektuan sartuko dira, betetzen direla segurtatzeko.

_Aurreproiektua tramitatzearen, eskualdeko ingurumen balioak hobeki ezagutzearen, prospekzio arkeologikoaren edo aurreproiektua egin ondoren ukitutako eremuan egin litezkeen jarduketen ondorioz aldaketarik egin nahi izanez gero, sustatzaileak onartu beharko du eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari haren berri eman beharko zaio.

_Ingurumena Zaindu eta Kontrolatzeko Planaren barruan neurri zuzentzaileen aplikazioa eta ukitutako eremuaren ingurumeneko kalitatearen babesa sartuko dira, hala proiektua prestatzen hasi aurreko fasean nola obren fasean; funtzionamendu fasean ingurumenaren zainketa egokia bermatuko da, eta horrek bide emanen du landarediaren eta faunaren bilakaera ikusteko, bereziki hegaztiena, eta horrela, posible izanen da gero beste neurri zuzentzaile batzuk hartzea, hasiera batean aurreikusitako neurrien eraginkortasuna mugatua dela egiaztatuz gero.

_Gorabehera berezirik agertu ezean, Ingurumena Zaindu eta Kontrolatzeko Planak hiru urteko iraupena izanen du, instalazioa martxan jartzen denetik hasita.

Lehenbiziko urtean sei hilabetean behin eta hurrengo bi urteetan urtean behin, ingurumenari buruzko ikuskapenak eginen dira. Ikuskapen bakoitzaren ondoren, bi hilabeteko epean, txosten tekniko bat eginen da Ingurumen Zuzendaritza Nagusiari emateko, eta bertan, ingurumenari buruz onetsitako dokumentazioan aipatutako zehaztapenak betetzean izandako emaitza azalduko da, hala nola eraginkortasuna eta geratu diren eragin txarrak gutxiagotzeko neurri berriak.

Ingurumena Zaindu eta Kontrolatzeko Plana Nafarroako Gobernuak aginduzko azken txostena onesten duenean bukatuko da.

Aipatutako salbuespenak salbuespen, dokumentazioarekin batera aurkeztu den Ingurumenaren gaineko eraginaren azterlana ontzat hartu da, 4/2005 Foru Legearen 33. artikuluan ezarritakoaren arabera. Hortaz, jendaurrean jarriko da legeak ezarritako epean, proiektua osatzen duten gainerako agiriekin batera.

Horrenbestez, Lurraldearen Antolamenduko Batzordeak emandako txostena aintzat harturik, eta Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeari eta aplikatu beharreko gainerako arauei jarraikiz, Nafarroako Gobernuak, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak proposaturik,

ERABAKI DU:

1. "Aireko goi tentsioko linea, 66 kv-koa, Tafalla-Lizarra: Tafalla-Artaxoa tarteko saihesbidea eta Tafalla-Artaxoa 13,2 linea berria", izeneko proiektua, Iberdrola Distribución Eléctrica, S.A.U.k sustatua, Udalez gaindiko Proiektu Sektorial deklaratzea, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legean aurreikusitako ondorioetarako.

2. Sustatzaileak erabaki honen azalpen zatiko gainerako neurriak, Lurraldeko eta Hirigintzako zehaztapenen atalean nahiz ingurumenekoan, hartu beharko ditu bai proiektuan bai obrak egitean.

3. Udalez gaindiko plan sektoriala aldi berean jendaurrean eta instalazioak ukitzen dituen udalen entzunaldi tramitearen pean jartzea hilabetez, bai eta Eraginaren Azterlan Estrategikoaren prozedura aplikatzea, Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean xedatutakoa betetzeko, eta erabakia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea ere.

Hartarako, espedientea ikusgai egonen da interesatuen eskura Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren bulegoetan (Armada Etorbidea, 2, 2. solairua, Iruña), eta epe horretan zilegi izanen da idatziz nahi adina alegazio aurkeztea.

4. Erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Herri Lan, Industria eta Teknologia, Kultur Ondare eta Ingurumen Zuzendaritza Nagusiei, Tafallako eta Artaxoako Udalei eta sustatzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko irailaren 4an._Nafarroako Gobernuko kontseilari eta idazkaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0614467