108. ALDIZKARIA - 2006ko irailaren 8a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

245/2006 EBAZPENA, abuztuaren 21ekoa, Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendariak emana, ingurumen ukipenetarako baimena ematen duena Iturengo zeharbideko obren hondakinak Iturengo 1. poligonoko 147. lurzatian botatzeko. Proiektua Iturengo Udalak sustatu du.

2006ko maiatzaren 11n, goian aipatutako espedienteari dagokion ingurumen ukipenetarako baimena lortzeko eskaera sartu da Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuan. Proiektuaren funtsa Iturengo 1. poligonoko 147. lurzatian hondakindegi bat egitea da, han dagoen bide batetik behera, toki horretara iristen diren arro txiki bateko euri-urak desbideratuz. Proiektua Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Legearen 2.C eranskineko O) atalean sarturik dago. Beraz, ingurumen ukipenetarako baimena behar du.

Ingurumena babesteko esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legean, 28. artikuluan, ezarririk dago Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak ebazpen arrazoitua emango duela ingurumen ukipenetarako baimena eman ala ukatzeko, eskaria aurkezten denetik lau hilabeteko epean.

Espedientean dagoen dokumentazioa ikusirik, eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak irailaren 27ko 537/2005 Foru Aginduaren bidez eman dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Ingurumen ukipenetarako baimena ematea Iturengo zeharkaleko obren hondakinak Iturengo 1. poligonoko 147. lurzatian botatzeko. Proiektua Iturengo Udalak sustatu du.

Baimena ematearekin baldintza hauek bete beharko dira:

_Bertara "hondakin inerteak" botatzea. Beraz, batez ere landare-lurra, erauzketetako lurra, harriak eta antzekoak botako dira. Obra honetakoak ez diren hondakinak ez botatzeko neurriak hartu beharko dira.

_Zeharbidea hobetzeko obra bukaturik, hondakindegia itxi (hondakin gehiagorik ez uzteko) eta lehengoratuko da: landare-lurra botako da, belarki-landareak erein eta bertako haritzak sartuko dira (Quercus robur), hiruzuloka (2x2 m).

_Euri-urak bideratzeko hodiaren diametroa Ebroko Ur Konfederazioak finkatutakoaren araberakoa izanen da, horixe baita arlo horretan eskumena duen organoa.

_Hondakindegiaren goiko plataforma lurreko mailari eta hango bi bideetan kotarik baxuena duen bideko kotari jarraikiz egokituko da.

_Obra-hondakindegiaren aldera isurtzen duten urak errekara bideratuko dira, euri-jasak daudenean lur-jausirik ez izateko.

_Hondakindegiaren ezponda berriz eginen da, baina ez du inon ere 1,75H/1V maila gaindituko.

_Obrak hasi aurretik Doneztebeko ingurumenzainei deituko zaie (608 24 58 12 eta 948 45 00 96 telefonoak), obrak gainbegira ditzaten.

_Zenbait zuhaitzi kalte eginen zaienez, lanak hasi aurretik, Oihanak Kudeatzeko Atalari deituko zaio (848 42 66 71 telefonoa), ukituko diren landareak marka ditzan.

2. Baimen honek, gainera, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 117. artikuluan ezartzen diren ondorioak izanen ditu (lurzoru urbanizaezinean egin behar diren jarduerak baimentzeko prozedura eta hirigintzako planeamendua).

3. Ebazpen honek ez du administrazio bidea agortzen eta interesa dutenek, administrazioek izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, jakinarazi eta hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak ebazpen hau jakinarazi eta biharamunean hasiko dira kontatzen.

4. Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuari, Ingurumen Zaintzari eta Iturengo Udalari igortzea, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2006ko abuztuaren 21ean._Ingurumenaren Integrazioko Zerbitzuko zuzendaria, Pedro Zuazo Onagoitia.

Iragarkiaren kodea: F0613857