104. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

259/2006 FORU AGINDUA, uztailaren 18koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Mendi kontseilariak emana, abeltzaintzako ustiategiei bertan hildako abereak gordetzeko biltegiak erosteko dirulaguntzak, "de minimis" araubidearen menpekoak, 2006. urtean emateko deialdia onetsi duena.

Abereen eritasunen bilakaeraren ondorioz, entzefalopatia espongiforme kutsakorrak barne, beharrezkoa da zenbait neurri hartzea kontsumitzaileei, elikaduraren arloan ahal den segurtasunik handiena bermatzeko.

Neurri horiek jasota daude, batetik, Europako Parlamentuak eta Batzordeak 2001eko maiatzaren 22an emandako 999/2001 (EE) Erregelamenduan, entzefalopatia espongiforme kutsagarri batzuei aurrea hartu eta haiek kontrolatu eta desagerrarazteko xedapenak ezartzen dituenean, eta bestetik giza kontsumorako ez diren abere-azpiproduktuei zer osasun arau aplikatu behar zaizkien ezartzen duen 1774/2002 Erregelamenduan (EE), abereen azpiproduktuak, besteak beste abeltzaintzako ustiategietako abere hilak, bildu, garraiatu, suntsitu eta desagerrarazteko prozedurak arautzen baititu.

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak, jabeturik baitago zein garrantzizkoa den abeltzaintzako ustiategietan behar diren ekipamenduak izatea abereen osasuna, osasun publikoa eta abeltzaintzako ustiategien lehiakortasuna babesteko osasun eta higiene baldintzak betetzeko, eta ustiategian hildako abereak, behi azienda ez direnak, bildu, garraiatu eta suntsitzeko aseguru lerroa ituntzeko betebeharretako bat hildako abereak gordetzeko biltegi bat edukitzea denez, komenigarri ikusten du nekazaritzaren arloko lehiakortasunaren barruan laguntza jaso dezaketen neurriei edukiontziak erostekoa gehitzea; hortaz, laguntza horien arauak eta deialdia ageri dira foru agindu honetan.

Foru agindu honetan araututako laguntzak "de minimis" araubidearen menpean daude (Batzordeak urriaren 6an emandako 1860/2004 EE Erregelamendua, Europar Batasuna osatzeko Tratatuko 87. eta 88. artikuluak nekazaritza eta arrantza sektoreetako "de de minimis" laguntzei aplikatzeari buruzkoa).

Foru agindu honi Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legea aplikatuko zaio.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Abeltzaintzako ustiategiei bertan hildako animaliak gordetzeko biltegiak erosteko dirulaguntzak, "de minimis" araubidearen menpekoak, 2006. urtean emateko deialdia onestea.

2. Deialdiko arauak onestea. Arau horiek foru agindu honen eranskinean daude.

3. Foru agindu honen ondoriozko konpromisoei aurre egiteko 374.000 euroko gastua onestea, Nafarroako Gobernuaren 2006ko gastuen aurrekontuetako "Ebere hilak biltzeko edukiontziak erosteko dirulaguntzak" izeneko 711000-71320-7700-412203 kontusailaren kargura.

4. Foru agindu hau eta eranskina Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALan argitaratzea.

5. Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera izanen ditu ondorioak.

Iruñean, 2006ko uztailaren 18an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

ERANSKINA

Abeltzaintzako ustiategiei bertan hildako animaliak gordetzeko biltegiak erosteko dirulaguntzak, "de minimis" araubidearen menpekoak, 2006. urtean emateko deialdiaren arauak

Lehenbizikoa._Xedea.

1. Abere hilak eta abereen azpiproduktuak biltzeko bitartekoak erostea sustatzea, abeltzaintzako ustiategietan paratzeko eta hartara bete dadin abereen azpiproduktuak bildu, garraiatu eta desagerraraztearen arloko foru araudia.

2. Jarduera hauek dira dirulaguntza jaso dezaketenak:

Hozkailu/izozkailu edukiontziak eta kutxak erostea, abeltzaintza ustiategietako abereen gorpuak bildu, garraiatu eta suntsitzeko baldintza teknikoak arautzen dituen ekainaren 14ko 213/2006 Foru Agindua, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, betetzen badute.

Bigarrena._Dirulaguntzaren zenbatekoa.

1. Diruz lagundu daitekeen gehieneko inbertsioa honelaxe kalkulatuko da:

a) Diruz lagundu daitekeen gehieneko zenbatekoa honakoa izanen da biltegien prezioa eta diruz lagundu daitezkeen biltegien kopurua biderkatzearen emaitza.

b) Dirulaguntzaren gehieneko portzentajea diruz lagundu daitekeen inbertsioaren %45 izanen da.

c) Dirulaguntzaren gehieneko zenbatekoa ez da inola ere izanen 180 eurotik gorakoa edukiontzi bakoitzeko eta 250 eurotik gorakoa hozkailu/izozkailu kutxa bakoitzeko.

2. Ustiategi bakoitzeko diruz lagundu daitekeen gehieneko biltegi kopurua kasuan kasuko ustiategiak baimenduak dituen gehieneko zentsoak edo edukierak dakartzan biltegiratze beharren araberakoa izanen da, baina ez dira inola ere hiru baino gehiago izanen ustiategiko.

Hirugarrena._Onuradunak.

Abeltzaintzako ustiategien titularrek eskatzen ahalko dute foru agindu honetan aurreikusitako dirulaguntza, Nafarroako Foru Komunitatean kokaturik eta Nafarroako Abeltzaintzako Ustiategien Erregistroan izena emanik badaude. Ez dute laguntzarik jasoko behi eta zaldi aziendako ustiategiek, abere horien bilketarako ez baita derrigorrezkoa biltegi mota hori erabiltzea.

Laugarrena._Eskatutako betebeharrak frogatzeko modua.

Aurreko arauan aipatzen diren betebeharrak frogatzeko, eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:

_Transferentzia bidez ordaintzeko eskaera, behar bezala betea, Europar Batasunaren Nekazaritza Politikako laguntzez bestekoak estreinakoz jaso behar baditu.

_Hozkailu/izozkailu edukiontzien edo/eta kutxen fakturak.

_Ordainketaren frogagiriak.

_Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 13. artikuluan onuradun izateko ezarritako ezein debekutan ez dagoela dioen adierazpena.

_Zergak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbeharrak egiaztatzeko baimena, hitzez hitz dioena: "Nik, ..............., nire izenean (edo .......................en izenean) baimena ematen diot Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuari, 2006rako Nafarroako abeltzaintza ustiategiei bertan hildako abereak gordetzeko biltegiak erosteko laguntzen 2006ko deialdia tramitatzeko prozeduran, nik (edo ordezten dudan entitateak) zerga guztiak eta Gizarte Segurantzarekiko eginbehar guztiak eguneratuak ditudala egiaztatzeko.

Aipatutako agiriren bat Foru Komunitateko Administrazioak baldin badu, interesatuak eskabidean azaldu beharko du, zein agiri den eta zein artxibotan dagoen azalduz. Agiriak datu babestuak baldin baditu, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak eskatzailearen baimena beharko du datuak aztertzeko.

Bosgarrena._Eskabideak aurkezteko epea eta eskatutako baldintzak frogatzeko modua.

1. Eskabideak Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentura igorriko dira. Departamentu horretako Erregistroan eta haren menpeko nekazaritza bulegoetan aurkeztu beharko dira. Halaber, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan ezarritako edozein tokitan aurkez daitezke.

2. Eskabideak aurkezteko epea deialdi hau argitaratu eta biharamunean hasiko da, eta 2006ko urriaren 30ean amaituko.

3. Eskabidea horretarako ezarririko ereduan aurkeztuko da. Eredu hori Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Erregistroan, nekazaritza bulegoetan eta Nafarroako Gobernuaren www.navarra.es webguneko atariko zerbitzuen katalogoan eskuratzen ahal da.

Seigarrena._Modua, lehentasunak eta dirulaguntza emateko irizpide objektiboak.

Dirulaguntza hauek banakako ebaluazioko prozeduraren bidez emanen dira.

Zazpigarrena._Ebaluazio organoa.

Eskaerak Abeltzaintza Zerbitzuak ebaluatuko ditu.

Zortzigarrena._?Deialdia antolatu, instruitu eta bukatutzat ematea.

1. Eskaera harturik, egiaztatuko da hirugarren eta laugarren arauetan ezarritako betebeharrak betetzen dituen. Eskabideak aipatutako baldintzak betetzen ez baditu, interesatuari eskatuko zaio hamar eguneko epean zuzen dezala, eta ohartaraziko, hala egin ezean, eskaera bertan behera uzten duela ulertuko dela eta espedientea artxibatzeko ebazpena eman eta jakinaraziko zaiola.

2. Eskabidea ebaluatu ondoren, Nekazaritza Zerbitzuak ebazpena proposatuko du.

3. Nekazaritza eta Abeltzaintza zuzendari nagusiak dirulaguntzen gainean ebatziko du, arrazoiak emanda.

4. Prozeduraren gainean ebazteko epea 3 hilabetekoa izanen da. Epea espresuki ebazpenik gabe bukatzen bada, eskabidea ezetsitzat joko da.

Bederatzigarrena._Onuradunaren betebeharrak.

Onuradunek Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeko 9. artikuluan ezarritako beharkizunak bete beharko dituzte.

Hamargarrena. Dirulaguntzaren helburua lortu dela eta harturiko dirua erabili dela frogatzeko epea eta modua.

Laguntzen xedea bete dela justifikatzeko, hau da, biltegiak erosi direla justifikatzeko, eskabidearekin batera gastuen fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dira.

Hamaikagarrena._Ordaintzeko modua eta epeak.

Ordainketa behin bakarrik eginen da, laguntza emateko ebazpenaren bidez.

Hamabigarrena._Interes publikoak bermatzeko neurriak.

Ez da berme berezirik ezarri.

Hamahirugarrena._Laguntzen bateragarritasuna.

Bateragarriak dira laguntza hauek eta administrazioak berak, beste administrazio publikoek, edo beste entitate publiko batzuek edo pribatuek, nazionalek nahiz nazioartekoek emandakoak, baina laguntzen zenbatekoa ez da inola ere izanen onuradunak bete beharreko jardueraren kostutik gorakoa.

Hamalaugarrena._Onuradunaren betebeharrak publizitate arloan.

Onuradunak Abeltzaintza Zerbitzuak emanen dion etiketa bat paratu beharko du diruz lagundutako biltegi guztietan.

Hamabosgarrena._Hornitzaileak kontratatzeko efizientzia eta ekonomia frogatzeko modua.

Kontuan harturik dirulaguntza jaso dezaketen gastuen zenbatekoa eta diruz lagundu daitezkeen biltegien berezitasun teknikoa, ez da beharrezkoa onuradunak justifikatzea hornitzailea hautatzeko erabilitako irizpideak.

Hamaseigarrena._Emakidaren aldaketa, ezarririko baldintzak ez betetzeagatik.

Ez dago emakidaren aldaketarako aukerarik, berekin dirua itzultzea ez dakarrenik, ezarritako baldintzak ez betetzeagatik.

Hamazazpigarrena._Ezarritako baldintzak ez betetzearen ondorioak.

Foru agindu honetan eskatutako betebeharrak eta hartutako konpromisoak bete ezean, dirulaguntza itzuli egin beharko da eta, bidezkoa denean, behar diren zehapenak jarriko dira.

Diru-itzulketa, arau-hauste eta zehapenen arloan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legearen 35., 42. eta 43. artikuluetan xedatutakoari jarraikiko zaio.

Hemezortzigarrena._Deialdiaren aurkako errekurtso administratiboak.

Deialdi honen eta arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari zuzendua, argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean.

Hemeretzigarrena._Emandako dirulaguntzen argitalpena.

Deialdi honetako laguntzak hartzen dituztenen zerrenda Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko iragarki oholean argitaratuko da, Iruñeko Tutera kaleko 20an.

Iragarkiaren kodea: F0612384