104. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 30a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

255/2006 FORU AGINDUA, uztailaren 11koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, Nafarroan hazitarako patata ekoizteko araudia onesten duena.

1989ko maiatzaren 24ko Ministerioaren Aginduaren bidez hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko erregelamendu teknikoa onetsi zen, eta geroztik hainbat aldaketa egin zitzaion. 4. ataleko 1. puntuak ezartzen duenez, hazitarako patataren ekoizpena autonomia erkidegoetako edo Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioko organo eskudunek baimendutako eskualdeetan eginen da, baldin eta eskualde horien eremu geografikoak autonomia erkidego bat baino gehiago hartzen badu. Ministerioko agindu horretan berean zehazten da ezen hazitarako patata ekoizteko baimena duten eskualdeetan kontsumorako patata ekoizteko baimena eman daitekeela baldintza batzuk betez (eremu irekiak).

Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2001eko martxoaren 2an emandako Foru Aginduaren bidez, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautzen da eta Kodes aldea eta Pirinio aldea esparru itxi deklaratzen dira. Nafarroan ekoizle hautatzaileentzako gutxieneko azalera 250 hektareakoa izanen da eta 35 hektareakoa ekoizle ugaltzaileentzat.

Gero, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 2002ko abenduaren 9ko Foru Aginduaren bidez, 2001eko martxoaren 2ko Foru Aginduak ezarritako ekoizle ugaltzaileentzako gutxieneko azalera aldatu zen, 35 hektareatik 25era jaitsiz, Kodes aldea 100 hektarea baino gutxiagoetan finkatu baita, eta hori guztia 1998ko martxoaren 3ko Ministerioaren Aginduari jarraikiz, zeinak aurreikusten baitu autonomia erkidegoek ezarriko dutela ekoizle ugaltzaile kategoria dutenenentzako gutxieneko azalera, esparru bakoitzaren ezaugarri teknikoak eta sozioekonomikoak kontuan hartuta. Azkenik, apirilaren 11ko 66/2005 Foru Aginduak 2001eko martxoaren 2ko Foru Agindua aldatu zuen, Kodes aldea irekiz baldintza batzuen barnean, eskualde horren garapen sozioekonomikoa bultzatzearren.

Kontuan hartuz hazitarako patata ekoizteko erabili den lur azalera azken urte hauetan murriztu egin dela, bidezkoa da hazitarako patata ekoizleei eskatu behar zaien gutxieneko ereintza-azalera berriro zehaztea.

Bestalde, Pirinioetako esparruan eta berdin Kodeskoan, patata etxeko kontsumorako diren baratze txikietan ereiten da. Era horretako langintza gizartean garrantzi handikoa den arren, hazitarako patataren kalitaterako kaltegarria izan daiteke laborantza baldintza batzuk jartzen ez badira.

Legearen aldetik, arauak sakabanatuak daudenez, beharrezkoa da arau bakar bat ematea, Nafarroan hazitarako patataren ekoizpenari buruzko alderdi guztiak bilduko dituena, kontuan hartuz, hazitarako patata ekoizteko baimendutako esparruetan hazitarako patataz bestelakoak ekoizteko esparruak, gutxieneko azalerak eta ekoizpen baldintzak.

Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera nekazaritza, abeltzaintza eta mendi arloetako eginkizunak eskualdatzeko abenduaren 18ko 2654/1985 Errege Dekretuan xedaturikoaren arabera.

Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskurantzak erabiliz,

AGINDU DUT:

1. Xedea.

Foru Agindu honen xedea da Nafarroako Goru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautzea, hazitarako patata ekoizteko baimendutako esparruetan hazitarako patataz bestelakoak ekoizteko esparruei, ekoizpen baldintzei eta gutxieneko azalerei dagokien arloan.

2. Ekoizpen esparruak.

Nafarroan hazitarako patata ekoizteko baimena duten esparruak eta bi alde nagusiak osatzen dituzten udalerriak hauek dira:

_Pirinio aldea: Abaurregaina, Abaurrepea, Auritz, Aurizberri, Ezkaroze, Garaioa, Garralda, Hiriberri Aezkoa, Jaurrieta, Otsagabia eta Orontze.

_Kodes aldea: Cabredo, Genevilla eta Marañón.

Pirinio aldea esparru itxi deklaratzen da, eta debekaturik dago bestelako patataren ekoizpena.

Kodes aldea esparru ireki deklaratzen da, eta baimendurik dago kontsumorako patataren ekoizpena, I. eranskinean adierazten diren baldintzetan.

Dena dela, bai alde horietan etxeko kontsumorako patata ere erein ahalko da, II. eranskinean adierazitako baldintzetan betiere.

Kontsumorako patata ekoizteko, bai eta etxerako denean ere, laborantza-adierazpena aurkeztu beharko da, III. eranskinean ageri den ereduari jarraikiz.

3. Gutxieneko ereintza-azalerak.

Urteroko gutxieneko ereintza-azalera 100 hektareakoa izanen da ekoizle hautatzaileentzat eta 25 hektareakoa ekoizle ugaltzaileentzat.

Betiere, Nafarroan izena emanak diren ekoizleentzat, Nafarroako Foru Komunitatean erein beharreko gutxieneko azalera esan nahi da.

XEDAPEN GEHIGARRIA

Foru agindu honetan aurreikusi ez den orotan, hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko erregelamendu teknikoa onetsi zuen 1989ko maiatzaren 24ko Ministerioaren Aginduak xedatutakoari lotuko zaio.

XEDAPEN INDARGABETZAILEA

Indarrik gabe gelditzen da 2001eko martxoaren 2ko Foru Agindua, Nafarroako Foru Komunitatean hazitarako patataren ekoizpena arautzen duena.

AZKEN XEDAPENA

Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da eta 2007ko urtarrilaren 1ean hartuko du indarra.

Iruñean, 2006ko uztailaren 11n._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

I. ERANSKINA

Kontsumorako patataren ekoizpenerako baldintzak hazitarako patatarako esparru batean eta esparru ireki den batean

Hazitarako patata ekoizteko baimena duen eta "esparru ireki" deklaratutako baten kontsumorako patataren ekoizpenean jardun nahi duen nekazariak, honako eginbehar hauek bete behar ditu:

1._Landare Ekoizpenaren Bulegoan aurkeztu, uztailaren 1a baino lehen, kontsumorako patata ereindako lurzatiei buruzko laborantza-adierazpen bat, II. eranskineko ereduaren araberakoa.

2._Ofizialki ziurtaturiko hazia erabili eta, gutxienez, A kategoriakoa. Hori ziurtatzeko, etiketak gorde behar dira, gutxienez urtebetez.

3._Laborantzako tratamendu normalez gain, zorrien aurkako tratamentuak nahitaezkoak izanen dira eta behar den garaian egin beharrekoak.

Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak adierazten dituen tratamentu fitosanitarioak egin beharko dira.

4._Erein ondoko hilabetean, gutxi gorabehera, garbiketa bat egin, eta beste bat lehenbizikoa egiten denetik hilabetera.

Garbiketa horietan atera egin behar dira landare zimelduak, birusek erasandakoak eta kalitatean eragin nabarmena duten bestelako eritasunak dituztenak.

Garbiketen ondoren, hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko erregelamendu teknikoan A kategorian onartzen diren gehieneko mugetatik behera egon behar du landare infektatu edo zimeldutakoen portzentajeak.

5._Laboreari erasaten dion edozein izurri edo gaitasun atipikoren berri eman Landare Osasuneko Bulegoari.

6._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimendutako ikuskatzaileei patataren ekoizpenarekin zerikusia duten lurzati eta instalazioetara sartzen utzi, egin beharreko lanak egitera.

7._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimendutako ikuskatzaileei eman haiek eskatzen duten informazioa, baldin eta egin beharreko lanarekin zerikusi zuzena badu.

8._Baldintza hauek ez betetzeak hazitarako patata ekoizteko baimena aldi baterako edo behin betiko kentzea ekarriko du berekin, indarra duen arautegiaren babesean har daitezkeen bestelako neurriak galarazi gabe.

II. ERANSKINA

Kontsumorako patataren ekoizpenerako baldintzak hazitarako patata ekoizteko esparru batean

Hazitarako patata ekoizteko baimendutako esparru batean etxerako patata ekoitzi nahi duen nekazariak betebehar hauek izanen ditu:

1._Ohiko bizilekua Nafarroan, hazitarako patata ekoizteko baimendutako esparru bateko herriren batean, edukitzea.

2._Landare Ekoizpenaren Bulegoan aurkeztu, uztailaren 1a baino lehen, kontsumorako patata ereindako lurzati guztiei buruzko laborantza-adierazpena, III. eranskineko ereduaren araberakoa. Aldi berean, ohiko bizilekua adierazpenean ageri dena dela frogatu beharko da agiri bidez.

3._Bizileku bera partekatua duten deklaratzaileek etxeko kontsumorako patata ekoizteko erabiltzen duten azalera osoa ez da 10 area baino handiagoa izanen.

4._Ofizialki ziurtatutako hazia erabili. Egoera hori frogatzeko, dagozkion etiketak gorde beharko dira, urtebetez gutxienez.

5._Laborantzako tratamendu normalez gain, zorrien aurkako tratamentuak nahitaezkoak izanen dira eta behar den garaian egin beharrekoak.

Halaber, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak adierazten dituen tratamentu fitosanitarioak egin beharko dira.

6._Erein ondoko hilabetean, gutxi gorabehera, garbiketa bat egin, eta beste bat lehenbizikoa egiten denetik hilabetera.

Garbiketa horietan atera egin behar dira landare zimelduak, birusek erasandakoak eta kalitatean eragin nabarmena duten bestelako eritasunak dituztenak.

Garbiketen ondoren, hazi ziurtatuari dagokionez hazitarako patata kontrolatu eta ziurtatzeko erregelamendu teknikoan B kategorian onartzen diren gehieneko mugetatik behera egon behar du landare infektatu edo zimeldutakoen portzentajeak.

7._Laboreari erasaten dion edozein izurri edo gaitasun atipikoren berri eman Landare Osasuneko Bulegoari.

8._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimendutako ikuskatzaileei patataren ekoizpenarekin zerikusia duten lurzati eta instalazioetara sartzen utzi, egin beharreko lanak egitera.

9._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak baimendutako ikuskatzaileei eman haiek eskatzen duten informazioa, baldin eta egin beharreko lanarekin zerikusi zuzena badu.

10._Baldintza hauek ez betetzeak hazitarako patata ekoizteko baimena aldi baterako edo behin betiko kentzea ekarriko du berekin, indarra duen arautegiaren babesean har daitezkeen bestelako neurriak galarazi gabe.

III. ERANSKINA

Kontsumorako patataren laborea deklaratzeko eredua

Iragarkiaren kodea: F0612319