II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak
CORELLA
Deialdia, Corellako Udaleko lantaldeko makinetako ofizial izateko lanpostu bat, D mailakoa, E mailako udal funtzionarioen arteko oposizio-lehiaketa murriztuaren bidez betetzeko, plantillako lanpostu kopurua handitu gabe
1._Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Corellako Udaleko lantaldeko makinetako ofizial izateko lanpostu bat, E mailako udal funtzionarioen arteko oposizio murriztuaren bidez betetzea, Nafarroako Administrazio Publikoen funtzionarioen estatutuko 15.6 artikuluaren babesean.
1.2. Deialdi honetan izendatzen den izangaia, lanpostuaren jabetza hartzen duenetik aitzina, D mailakoa izanen da, eta anarteraino zuen lanpostua bertzerik gabe amortizatuko da.
1.3. Lanpostuaren lansariak D mailari dagozkionak izanen dira, gehi plantilla organikoan atxikiak dituen osagarriak.
1.4. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute, alegia, zerbitzuen beharrei begira.
1.5. Izendatuak bete behar dituen eginkizunak eskatzen dizkietenak izanen dira, betiere beren mailaren eta kategoriaren barrenean.
2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, izangaiek ondoko baldintzak bete beharko dituzte:
a) Corellako Udalaren zerbitzuko funtzionarioa izatea, E mailari edo taldeari atxikia.
b) Zerbitzu anitzetako enplegatu lanpostu baterako izendatua izatea edo lanpostu hori esleitua izatea, udal erabakiaren bidez.
c) Eskola graduatuaren edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edo baliokideren bat izatea eta administrazio publikoetan aitortutako bost urteko antzinatasuna egiaztatzea. Bertzenaz, Corellako Udalean zortzi urteko zerbitzuak frogatzea.
d) Borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea.
e) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitu edo gabetua ez egotea eta administrazio publikoren baten zerbitzutik bereizia ez izatea.
f) Eginkizunak betetzeko behar diren gaitasun fisiko eta psikikoak izatea.
2.2. Aipatu baldintzak deialdi honetako bederatzigarren oinarrian azaldutako epean eta moduan egiaztatu beharko dituzte izangai hautatuek. Baldintza horiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean betetzen direla ulertuko da eta oposizio garaitik izendapenera arte bete beharko dira.
3._Eskabideak.
3.1. Eskabideak udal bulegoetan aurkeztuko dira, hogeita hamar egun naturaleko epean deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aitzina. Eskabideak deialdi honetako eranskinean argitaratzen den ereduari jarraikiz aurkeztuko dira.
4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatu ondoan, Corellako Udaleko alkate udalburuak izangai onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko ebazpena emanen du. Zerrenda hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, zuzenketak egiteko.
4.3. Erreklamazioen epea akiturik, eta horiek ebatzita, Corellako Udaleko alkate udalburuak onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadin aginduko.
5._Epaimahaia.
5.1. Honako hauek osatuko dute epaimahaia:
_Mahaiburua: Ramón Miguel Jiménez González, Corellako Udaleko alkatea.
_Ordezkoa: Félix Bienzobas Lázaro, lehen alkateordea.
_Lehen mahaikidea: Ricardo Sanz Arellano, Corellako Udaleko zinegotzia.
_Ordezkoa: Javier Gil Catalán, Corellako Udaleko zinegotzia.
_Bigarren mahaikidea: Manuel Pardo Romano, Corellako Udaleko zinegotzia.
_Ordezkoa: José Javier García Arellano, Corellako Udaleko zinegotzia.
_Hirugarren mahaikidea: José Manuel Mateo Jiménez, langileen ordezkaria.
_Ordezkoa: Miguel Segura López, langileen ordezkaria.
_Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.
_Ordezkoa: Rosana Ugarte Martínez, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.
5.2. Izangaiek epaimahaiko kideak ezesten ahalko dituzte, Administrazio Prozedurari buruzko Legean aurreikusitako modu eta baldintzetan.
5.3. Epaimahaiak pertsona edo/eta erakunde adituen laguntza hartzen ahalko du, hautapen probretarako.
5.4. Epaimahaia hautaprobak hasi baino lehen eratu beharko da eta ezin izanen du jardun gutienez kideen gehiengoa bertan ez bada.
5.5. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaren inguruan sortzen diren arazo guztiak.
5.6. Oinarri hauek lotesleak izanen dira, deialdia egin duen Corellako Udalarendako, epaimahaiarendako eta izangai guztiendako.
6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi alditan eginen da, lehiaketaldia lehenbizi eta oposizioaldia gero, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesten duen ebazpenean zehaztuko da probak zein toki, egun eta ordutan izanen diren.
Gero, epaimahaiak jendaurrean paratuko ditu, egoki denean paratu ere, gainerako proben iragarkiak, betiere erregelamenduaren arabera.
7._Lehiaketaldia.
7.1. Epaimahaiak izangaiek alegatutako merezimenduak, behar bezala egiaztatuak, baloratuko ditu, ondoko baremoaren arabera. Epaimahaiak noiznahi eskatu ahalko ditu izangaiek alegatutako merezimenduen gaineko argibide zein datu osagarriak.
7.2. Merezimenduen baremoa:
a) Administrazio publikoetan, obretako buruaren lanpostuan emandako urte bakoitzagatik, 3 puntu, eta gehienez ere 15 puntu.
b) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:
_15 ordu bitarteko ikastaro bakoitzagatik: 0,50 puntu.
_15 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: puntu bat.
_30 ordu baino gehiagoko ikastaro bakoitzagatik: 1,5 puntu.
Gehienez ere 15 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.
7.3. Lehiaketan gehienez ere 30 puntu emanen dira, eta ez da inor baztertuko.
8._Oposizioaldia.
8.1. Oposizioan ariketa hauek egin beharko dira:
1. Bi proba, ariketa praktikoak izanen baitira makina, erreminta eta lanabesen erabilpenaz eta mantentze-lanez, eta bertze proba batzuk, lanpostuarekin ikusteko duten gaien gainean; proba bakoitzaren balioa 35 puntu izanen da.
8.2. Probak egin aitzin, epaimahaiak aditzera emanen die oposizio egileei zer irizpide erabiliko dituen puntuak emateko.
8.3. Mahaikide bakoitzak bere kalifikazioa emanen du eta guztien banaz-bertzekoa izanen da ariketaren puntuazioa.
8.4. Lehiatzaile guztiek nortasun agiri nazionala edo legezko baliokideren bat aldean daramatela agertu beharko dute.
8.5. Azken balorazio edo kalifikazioa zein den jakiteko, oposizioaldiko ariketa guztietako puntuazioak eta lehiaketaldikoak batu eginen dira.
8.6. Ariketa bakoitzaren puntuazioaren ondotik, izangaiek puntuazio horren akta eskatzen ahalko diote epaimahaiari, hura prest dagoenean.
9._Probak gainditu dituztenen zerrenda, epaimahaiaren proposamena eta agirien aurkezpena.
9.1. Azken ariketaren kalifikazioa eman ondotik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du, Corellako Udalaren iragarki oholean, azterketa gainditu dutenen zerrenda, lorturiko puntuazioaren hurrenkeran, eta deialdia egin duen organoari igorriko dio puntuazio altuena lortu duen izangaia izendatzeko proposamena. Proposamen hori loteslea izanen da deialdia egin duen organoarentzat eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
9.2. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epearen barnean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalaren bulegoetan:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia edo jaiotze aktaren ziurtagiria.
b) Corellako Udalaren zerbitzuan emandako urteen fotokopia konpultsatua.
c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez egotearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.
d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea eragotziko liokeen akats fisiko nahiz psikiko edo eritasunik ez duela erakusten duena.
e) Zin egitea edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea begiratuko duela eta Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela.
9.3. Izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen zaio lanpostua esleitu eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko zaizkio.
10._Izendapena eta jabetza hartzea.
10.1. Izendapena eta lanpostuaz jabetzea: Hautapen prozesua akiturik, eta izangaiak aurreko oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, Udaleko organo eskudunak proposatutako izangaia D mailako funtzionario izendatuko du, deitutako lanpostuan aritu dadin. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara. Izangai izendatuak hilabeteko epean hartu beharko du karguaren jabetza, izendapenaren jakinarazpenetik aitzina. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Corellako Udaleko D mailako funtzionario bilakatzeko eskubide guztiak galduko ditu.
10.2. Deialdi honetan aurreikusi ez den orotan, Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamenduan _uztailaren 5eko 113/85 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen hartan_ eta horrekin bat heldu diren xedapenetan xedatutakoari jarraituko zaio.
11._Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Corellako Udaleko Gobernu Batzordeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Corellan, 2006ko abuztuaren 1ean._Alkatea, Ramón Jiménez González.
I. ERANSKINA
Izena ................., adinez nagusia; NAN zenbakia .............., sorteguna ........, sorlekua .............., probintzia ........, bizilekua ...................., karrika ....................., zenbakia ................, telefonoa .................
Honako hau azaltzen dut: funtzionarioa naizela eta betetzen ditudala Corellako Udaleko D mailako lanpostu bat betetzeko deialdian eskatu baldintzak, ........(e)ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.
Horregatik guztiagatik, Udalaren lantaldeko makinetako ofizial izateko lanpostu bat, oposizio murriztuaren bidez betetzeko deialdiko hautapen probetara onar nazatela eskatzen dut.
(Data eta eskatzailearen sinadura)
Iragarkiaren kodea: L0613022