II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak
CORELLA
Deialdia, zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, gehienbat makinak gidatzeko, funtzionarioen izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
1. oinarria._Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da Corellako Udaleko zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, gehienbat makinak gidatzeko, funtzionarioen izaerakoa, oposizio-lehiaketa bidez betetzea.
1.2. Izendatuak makinak gidatzeko zereginetan aritu beharko du, eta Udalaren zerbitzu teknikoek zehazten dituzten haietan ere.
1.3. Lanpostuak D mailari dagokion soldata izanen du.
1.4. Lanorduen antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da.
2. oinarria._Izangaien betebeharrak.
2.1. Oposizio-lehiaketan onartuak izateko, izangaiek eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, ondoko baldintza hauek bete beharko dituzte:
1. Espainiako herritarra izatea, edo Europar Batasuneko bertze estatu batekoa. Orobat, espainiarren eta Europako Batasuneko bertze Estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte deialdi honetan, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, 21 urtetik beherakoak badira, edo gorakoak, haien kontura biziz gero. Orobat aplikatuko zaie, Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen zirkulazio librea onartzen duten herrialdeetako biztanleei.
2. Adinez nagusia izatea.
3. Eskola graduatuaren edo horen baliokidea den tituluaren jabe izatea edo lortzeko moduan egotea eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.
4. Ibilgailuendako C1 gidabaimena izatea.
5. Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisikoa izatea.
6. Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.
2.2. Aurreko betebeharrak betetzen dituela egiaztatu beharko du lanpostua erdiesten duen izangaiak, deialdiaren 8. oinarrian aurreikusitako epean eta moduan. Hori guztia bete beharko da eskabideak aurkezteko epea amaitzen den eguna baino lehenago, hautabide osoan izendapen eguna arte bete ere.
3. oinarria._Eskabideak.
3.1. Probetan parte hartu ahal izateko eskabideak Corellako Udalaren erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira hogeita hamar egun naturaleko epean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko arratsaldeko ordu bata arte. Eskabide horiek deialdiko II. eranskinean argitaratu eta Udalaren erregistro orokorrean eskura daitekeen ereduari beharko zaizkio lotu.
3.2. Eskabidearekin batera Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren kontuan 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria aurkeztu beharko da. Kopuru horrekin espedientearen formalizazioa eta azterketa eskubideak ordaintzen dira. Agiria ez aurkezteak probetara ezin aurkeztea ekarriko du.
3.3. Eskabideak aurkezteko epea ezin izanen da luzatu.
4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Corellako alkate udalburuak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, akatsik egin badute, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondotik, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
5. oinarria._Epaimahaia.
5.1. Kide hauek osatuko dute epaimahaia:
_Mahaiburua: Ramón Miguel Jiménez González, Corellako Udaleko alkatea.
_Ordezkoa: Félix Bienzobas Lázaro, lehen alkateordea.
_Lehen mahaikidea: Construcciones Mapilo enpresaren ordezkaria.
_Ordezkoa: Construcciones Mapilo enpresaren ordezkaria.
_Bigarren mahaikidea: Material Construcción Matías Valles enpresaren ordezkaria.
_Ordezkoa: Material Construcción Matías Valles enpresaren ordezkaria.
_Hirugarren mahaikidea: José Manuel Mateo Jiménez, langileen ordezkaria.
_Ordezkoa: Miguel Segura López, langileen ordezkaria.
_Idazkaria: Milagrosa López Mendoza, Corellako Udaleko idazkaria.
_Ordezkoa: Rosana Ugarte Martínez, Corellako Udaleko kontu-hartzailea.
5.2. Epaimahaiak kideen erabateko gehiengoa beharko du bederen, bai eratzeko bai jarduteko.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honen oinarriak ulertu eta aplikatzean sor daitezkeen afera guztiak.
5.4. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza izan dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.
6. oinarria._Lehiaketaren nondik-norakoa.
Izangaiek alegaturiko merezimenduak baloratuko ditu epaimahaiak, I. eranskineko baremoari jarraikiz. Merezimendu guztiak alegatu eta frogatu behar dituzte izangaiek, oposizio-lehiaketan parte hartzeko eskabidea aurkeztean, bai jatorrizko agiriak bai behar bezala konpultsatuak erabiliz horretarako. Horrela egiten ez bada, ez aurkeztutzat joko dira.
Merezimenduen balorazioa bukaturik, eta oposizioa hasi baino lehen, emaitzak jendaurrean jarriko dira Udaletxeko iragarki oholean.
7. oinarria._Oposizioaldia.
7.1. Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Araudiaren 16.j artikuluan xedatutakoaren arabera, oposizio-lehiaketa hasiko da deialdia argitaratu eta gutxienez ere 2 hilabete igarotakoan. Lehiaketaldia eginen da lehenik, eta ondoren, berriz, oposizioa, oinarri hauetan zehaztu bezala.
7.2. Oposizioko probak hauek izanen dira:
Lehenbiziko proba: Ezagupen orokorrei buruzkoa, honako atal hauek izanen dituena:
a) Ortografiako proba : Ortografiari eta azentuazioari buruzko test motako proba, guztira 15 punturekin. Gehienez ere ordubete iraunen du.
b) Oinarrizko matematikako proba: 15 puntu. Matematikako 5 problema, oinarrizko erregelen mailakoak, argitu beharko dira: batuketa, kenketa, biderkaketa, zatiketa, ehunekoak, pisu eta neurketa problemak, edukiera, azalera eta bolumenen problemak.
Proba hau egiteko ezin izanen da kalkulagailurik erabili.
Gehienez ere ordubete iraunen du.
c) Ezagupen orokorrei buruzko test motako proba, herri lan, katastroko plano, zuhaitz espezie babestu eta herri lanetarako makineriaren gaineko mekanikazko eta pneumatikazko ezagupenei buruz. 15 puntu.
Gehienez ere ordubete iraunen du.
Ariketa honen guztirako puntuazioan 22,5 puntu lortzen ez dituen izangaia azterketatik kanpo geldituko da.
Bigarren proba: Epaimahaiak zehaztu beharreko ariketa praktikoa, deialdiko lanpostuarekin zerikusi zuzena duten lanei buruzkoa; gehienez ere 35 puntu.
Gutxieneko puntuazioa (17,5 puntu) lortzen ez dutenak baztertuak izanen dira.
Hirugarren proba: Proba psikoteknikoak egin beharko dira, izangaiak lanpostuaren soslai profesiografikoaren eskakizunei noraino egokitzen zaizkien neurtu beharrez. Proba hau Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Psikologia Zerbitzuak eginen du eta gehienez ere 10 puntu lortzen ahal dira.
7.3. Oposizioko ariketa guztien artean gehienez ere 75 puntu lortu ahalko dira.
7.4. Proba bakoitza bukatutakoan, epaimahaiak aditzera emanen du, probak egin diren tokian eta Corellako Udaletxeko iragarki oholean, gainditu duten izangaien zerrenda, bakoitza bere puntuekin, eta orobat oposizioko hurrengo ariketa zer egunetan, non eta zer ordutan eginen den, 48 ordu lehenago gutienez.
7.5. Ariketa bakoitza egiteko deialdi bakarra izanen dute izangaiek, eta horretara N.A.N.a daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez den izangaia bazterturik geldituko da.
8. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.
8.1. Azken ariketaren kalifikazioa emanda, epaimahaiak jendaurrean paratuko du Udaletxeko iragarki oholean eta azken ariketa egin den tokian, gainditu dutenen zerrenda, lortu duten puntuazio osoaren araberakoa. Epaimahaiak oposizio-lehiaketa osoan puntu gehien erdietsi duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio alkate udalburuari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
8.2. Proposamena argitaratu eta ondoko 30 egun naturaleko epean, proposaturiko izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udaletxeko erregistro orokorrean:
1._NANaren fotokopia.
2._Galdaturiko titulazioaren fotokopia edo jatorrizko agiria.
3._Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko ezgaitua edo zigortua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik egotzia izan ez dela adierazten duena.
4._Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunetan aritzea galarazten dion eritasunik edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.
5._Zin egin edo hitz ematea Nafarroako Foru Araubidea errespetatu, Konstituzioari eta Legeei men egin, eta karguari dagozkion beharkizunak zuzen beteko dituela.
8.3. Aipatu epean agiri horiek ekartzen ez dituena, ezinbertzeko kasuetan izan ezik, ezin izanen da kontratatu eta egindako jarduketa guztiak baliorik gabe geldituko dira, deialdian parte hartzeko eskabidean egindako faltsukeria dela eta etor litezkeen erantzukizunak deusetan ukatu gabe.
8.4. Aitzineko artikuluan aurreikusitakoa gertatuz gero, gainditu dutenen zerrendan ondo-ondotik heldu den izangaiarekin beteko da hutsunea eta horrekin ere aitzineko ataletan adierazi bezala jokatuko da.
8.5. Lanpostua lortu ez duten izangaiekin zerrenda bat osatuko da, bi urteko indarraldia izanen duena, aldi baterako kontratazioak egiteko.
9. oinarria._Lanpostuaren esleipena.
Corellako Udaleko Gobernu Batzarrak proposaturiko izangaiari esleituko dio lanpostua, eta funtzionario bilakatuko, hori guztia 15 eguneko probaldiaren ondoren.
10. araua._Errekurtsoak.
Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:
a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik aitzina.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko administrazioarekiko auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik aitzina.
c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia argitaratu edo jakinarazten denetik aitzina.
Epaimahaiaren egintzen aurka gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, Corellako Udaleko Gobernu Batzordeari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.
Corellan, 2006ko ekainaren 16an._Alkate udalburua, Ramón Miguel Jiménez González.
I. ERANSKINA
Merezimenduen baremoa
a) Makina pala-kargatzaileekin eginiko lanengatik: 1 puntu, urte bakoitzeko edo haren zatikia, gutxienez hiru hilabetekoa bada, eta gehienez ere 10 puntu.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izena ..............., adinez nagusia, N.A.N. zenbakia ..............., sorteguna .........., sorterria .........., probintzia ............., bizitokia ..........., karrika ........, zenbakia ................, eta telefonoa: ...........
Zure aitzinera agertu eta adierazten dut:
Onartua izatea eskatzen dudala zerbitzu anitzetako enplegatu izateko lanpostu bat, gehienbat makinak gidatzeko, funtzionarioen araubidekoa, oposizio bidez betetzeko deialdian, .... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baitzen.
Karguan aritzea eragozten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik ez dudala.
Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.
Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez nagoela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.
Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.
Iragarkiaren kodea: L0613020