II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
ZUÑIGA
Ordenantza behin betikoz onetsirik
Zuñigako Udalak, 2006ko maiatzaren 4an egin bilkuran, hasiera batean onetsi zuen udal hilerriaren erabilerari buruzko ordenantza. Onespenaren erabakia 2006ko 74. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 21ean, eta jendaurreko epea inork alegaziorik aurkeztu gabe iragan denez gero, behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
Zuñigan, 2006ko uztailaren 28an._Alkatea, José Manuel González Ruiz de Zuazo.
ORDENANTZA, ZUÑIGAKO HILERRIA ERABILTZEKO ETA BERTAKO ZERBITZUAK HARTZEKO ESKUBIDE ETA TASAK ARAUTZEN DITUENA
I. KAPITULUA
Hilerriaren erabilera eta erabiltzeko eskubideak
1. artikulua. Toki Araubidearen Oinarriei buruzko Legearen 4, 25 eta 26. artikuluetan, Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 4 eta 29.etan, eta Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Foru Legearen 12 eta 100.etan ezarritakoaren arabera, Zuñigako Udalari dagozkio bertako hilerriaren administrazioa, zuzendaritza eta zaintza, batere ukatu gabe beste administrazio batzuek alor berean dauzkaketen legezko eskumenak.
2. artikulua. Administrazioak, zuzendaritzak eta zaintzak ahalmen hauek dituzte ondorio:
a) Hilerriko higienearekin eta osasungarritasunarekin zerikusia duen guztia.
b) Hilotzak eramateari dagokiona eta hilerriaren barne araubidea ukitzen duen guztia.
c) Lurren eta hilobien antolaketa, banaketa, erabilera eta aprobetxamendua.
d) Eskubideak eta tasak kobratzea.
3. artikulua. Alkatetzaren ardurapekoak izanen dira hilerriaren antolaketa eta funtzionamendua; horretarako, behar diren langileak izanen ditu eta bere eginbeharra ahalik eta hobekien betetzeko, proposamen zehatzak aurkeztuko dizkio Udalari.
4. artikulua. Udalerriko biztanleriaren zentsuaren araberako hilobi kopurua egonen da hilerrian, edo haietarako lur aski bederen bai.
5. artikulua. Ehorzteko ekartzen diren hilotz guztiak lurperatuko dira, legezko izapideak bete badira, eta tasen eranskinean aipatzen diren ehorzketa eskubideak ordaindu beharko dira zerbitzu horiengatik.
6. artikulua. Ordenantza honetan arautzen diren zerbitzuen udal tasak ordaindu eta gero, lagun bakarreko 20 urterako hilobiak egiteko erabiliko dira hilerriko lur guztiak. Dena den, leku eskasiak behartuta, legeak agintzen duen gutxienekoa beteta ateratzen ahalko dira hilotzak.
7. artikulua. Lur emateko eta hilobietarako eraikuntzak egiteko erabiliko da hilerriko lurra, ez besterako. Obra lizentzia eta behar den zerga ordainduko dira.
Ehorzketa gaurko ilaren ordenari jarraikiz eginen da, heriotzaren egunaren arabera, eta ez da ordena hori aldatuko.
8. artikulua. Hobien kokaera, lurrerauzketaren gastuak eta hobiak ireki nahiz ixteko kostuak Udalaren kontura izanen dira.
9. artikulua. Hilobiak segur, xahu eta apain atxikitzea titularren betebeharra da.
Hilobiaren artapena behar bezalakoa ez denean, Alkatetzak 30 egun naturaleko epea emanen die interesatuei behar diren obrei ekiteko, eta gehienez ere 2 hilabeteko epean bukatu beharko dira.
Aipatu epea bukatuta, Alkatetzak burutuko ditu obrak eta horren gainean ordenantza fiskalak dioena aplikatuko du; kostua, interesatuek ordaindu beharko dute.
10. artikulua. Udalak eremu bat finkatuko du hilerriaren barrenean hilotz erraustuen ontziak ehorzteko (errauts kutxak, etab.).
Errauts horiek ehorzteko nahiz hobitik ateratzeko, ordenantza honetako arauak aplikatuko dira.
11. artikulua. Aprobetxamenduak honako hauengatik ere amaitzen ahalko dira:
a) Hilerria kentzeagatik.
b) Interes publikoagatik.
c) Ehorzketa gehiago egiteko, hobiak behar direlako.
12. artikulua. Hilotzak hilerrian berean lekuz aldatzeko atera daitezke hobitik, baita beste hilerri batera eramateko ere.
Nolanahi ere, osasunari buruz indarra duten xedapenetan ezarritakoari jarraikiz atera behar dira, bisitetarako ez diren orduetan eta osasunaren aldetik behar diren neurri guztiak hartuta.
13. artikulua. Hilotzak hobitik zein egun eta ordutan atera behar diren jakinaraziko zaie hala eskatzen dutenei, lan hori ikusi ahal izan dezaten, nahi badute.
Epea amaitzeagatik hilotza atera behar denean, ez da inolako gaztigurik eman beharko.
Eskatzaileak bere kontura kontratatzen ahal ditu hobitik ateratzeko lanak; halakoetan 30 egun natural lehenagotik jakinaraziko dio Alkatetzari, behar den baimena emateaz gain, lanak ikuskatu ditzan.
14. artikulua. Hilerrian berean beste hilobi batera aldatzeko nahiz beste hilerri batera eramateko atera diren gorpuzkinak ez dira gorputegira eramaten ahal.
Beste hilerri batetik ekartzen diren hilotzak ehorzteko ez da lur berria okupatuko. Gutxienez ere hamar urteko antzinatasuna duen hilobian ezarriko dira edo, bestela, hezurtegira eramanen.
15. artikulua. Heriotzaren arrazoiak osasun arriskurik ez badu, baltsamatu gabeko hilotzak baldintza hauetan ateratzen ahal dira:
a) Lurpean ehortzitako hilotzak lurperatu zirenetik gutxienez ere hamar urte iraganda atera daitezke, arrunt hezurturik baldin badaude.
b) Hilobi mota guztietan: ehorzketa zinkezko hilkutxan egin baldin bada, edozein momentutan atera eta lekuz aldatzen ahal da; betiere, hilkutxa kontserbazio egoera ezin hobean badago.
Horiek baino epe laburragoetan ez da hilotzik ateratzeko baimenik emanen, epaile baten aginduz ez bada, salbu eta Alkatetzak baimenduriko aparteko kasuetan.
Ekainetik irailera bitarte, biak barne, ez da ateratzerik bat ere eginen, epaile batek manatu ezean.
16. artikulua. Hilotz baltsamatuak atera eta lekuz aldatzeko baimena noiznahi eman daiteke, baina zerraldoaren kanpoko kutxa berria ezarri beharko litzateke ongi kontserbaturik ez balego.
17. artikulua. Bai hilotz bat ateratzen denean lekuz aldatzeko bai berriz ere ehorzten denean, horren oharra jasoko da behar diren liburuetan.
BIGARREN KAPITULUA
Tasak hilerrian zerbitzuak emateagatik
18. artikulua. Zergapeko egintza ondoko zerbitzuak ematea da:
1._Ehorzketak.
2._Hilerriko beste lan batzuk.
19. artikulua. Tasa hauetako subjektu pasiboak dira pertsona fisiko edo juridikoak eta beste entitate batzuk, nortasun juridikorik ez izanik ere, unitate ekonomiko edo ondare bereizia eratzen badute eta ordenantza honetan araututako zerbitzuren bat eskatzen badute.
20. artikulua. Zerga-oinarria ordenantza honen tasen eranskinean agertzen da. Tributu-kuota eta zerga-oinarria berdinak dira.
21. artikulua. Ematen ahalko dira hobi berean bi hilotz edo gorpuzki nahiz gehiago batera lurperatzeko lizentziak, baldin eta ehorzketalekuak behar bezain zehazturik badaude, baina hilotz bakarra lurperatzetik gorako lanak partikularrak berak egin beharko ditu, bere kontura.
22. artikulua. Hilerri honetako beste hilobi batzuetatik gorpuzkiak atera eta berriz ere ehortziz gero, hilotza ateratzeagatik eta ehorzteagatik ordaindu beharko dira tasak. Gorpuzkiak beste hilerri batetik ekarriz gero, ehorzketari dagokion tasa ordainduko da bakarrik.
23. artikulua. Zerbitzuak eman baino lehen ordainduko dira 18. artikuluko 1 eta 2 zenbakietan aipatu zerbitzuei dagozkien tasak, premia larriko kasuetan edo udal bulegoek jaieguna dutenetan izan ezik. Horrelakoetan, langileak oharra jasoko du eta haren berri emanen die udal bulegoei, behar den tasa ordainarazteari ekin diezaioten.
Nafarroako Toki Ogasunei buruzko Legearen 108. artikuluan xedatutakoari jarraituz, tasak autolikidazio bidez eskatuko dira.
AZKEN XEDAPENA
Bakarra._Ordenantza honek indarra hartuko du eta ondorio juridiko osoak sortuko ditu, testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondotik.
Ordenantza honetan aipatzen ez den orotan, Nafarroako Toki Ogasunen Erregelamenduan xedatutakoak aginduko du.
ERANSKINA
1._Ehorzketak.
Zuñigako Udalean erroldatu gabeak: 600 euro.
2._Hobitik ateratzea.
Hilerriko hilobi guztietarako tarifa: zerbitzuaren kostua.
3._Hilotz erraustuak hobitik ateratzea:
a) Herrian jaiotakoak: zerbitzuaren kostua.
b) Zuñigako Udalean erroldatu gabeak: zerbitzuaren kostua.
Iragarkiaren kodea: L0612913