II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
UDABE-BERAMENDI
Behin betikoz onetsirik herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza
Udabe-Beramendiko Kontzejuak, 2006ko maiatzaren 11n egin osoko bilkuran, hasiera batean onetsi zuen Kontzejuaren herrilurretako aprobetxamenduak arautzen dituen ordenantza.
Onesteko erabakia 2006ko 67. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ekainaren 5ean, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betikoz onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraituz.
Udabe-Beramendin, 2006ko uztailaren 28an._Alkatea, Imanol Biurrarena Barrenetxea.
UDABE-BERAMENDIKO (BASABURUA) KONTZEJUKO HERRILURRETAKO APROBETXAMENDUAK ARAUTZEN DITUEN ORDENANTZA
I. TITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuko mugapeko herrilurretako ondasunen administrazioa, erabilera, zainketa, berreskuratzea eta aprobetxamendua erregulatzen dituzten arauak ezartzea da ordenantza honen xedea.
2. artikulua. Herrilurretako ondasunak dira herri honetako bizilagun guztiek aprobetxatu eta erabil ditzaketenak.
3. artikulua. Herrilurretako ondasunak besterenduezinak, preskribaezinak eta bahitezinak dira eta ez dute beren gain tributurik izanen.
Haien izaerak eta tratamendu juridikoak ez dute aldaketarik izanen, edozein dela ere haiek aprobetxatu edo erabiltzeko era.
4. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko arauak hauek dira: Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea eta haren erregelamenduzko xedapenak; Nafarroako Foru Zuzenbide Administratiboaren gainerako arauak; herrilurren ordenantza hau eta, bestela, Foru Zuzenbide Pribatuaren arauak, Nafarroako Foru Eraentza Birrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 40. artikuluko hirugarren idatz-zatian xedatutakoa deusetan ukatu gabe.
II. TITULUA
Administrazioa eta xedapen egintzak
5. artikulua. Herrilurretako ondasunen gaineko ahalmenak, dela haien erabileraz, dela administrazioaz, dela aprobetxamenduaren araubideaz, dela antolamenduaz den bezainbatean, Udabe-Beramendiko Kontzejuari dagozkio, ordenantza honetan azaltzen den moduan.
Herri ondasunen inguruan Udabe-Beramendiko Kontzejuak hartzen dituen erabakiek Nafarroako Gobernuaren baimena beharko dute Toki Administrazioari buruzko Foru Legean ezarritako kasuetan.
6. artikulua. Lurzati txikiak saldu edo trukatzeko desafektazioa egin aitzinetik Nafarroako Gobernuak haien onura publiko edo soziala deklaratu beharko du eta, hori baino lehen, Udabe-Beramendiko Kontzejuak justifikatu beharko du dagoen asmoa ezin dela beste bide batzuen bitartez lortu, hala nola lagapena eginez edo kargak ezarriz, horiexek izanen baitira lehentasuneko aukerak.
Herrilurretako ondasunak desafektatu ondotik beste batzuei lagatzeko edo kargak ezartzeko hartzen diren erabakietan, itzultze klausula sartuko da, egintza horien helburuak edo baldintzak desagertu edo betetzen ez diren kasuetarako.
Halakorik gertatuko balitz, lur horiek Udabe-Beramendiko Kontzejuaren ondarera itzuliko lirateke herrilurretako ondasun gisa.
Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/90 Foru Legearen 140. artikuluan ezarritako prozedurari jarraituko zaio.
III. TITULUA
Herrilurretako ondasunak defendatu eta berreskuratzea
7. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejua herrilurretako ondasunak zaindu, defendatu, berreskuratu eta hobetzen ahaleginduko da eta kontra eginen die kaltegarri izan daitekeen edozein pribatizazio saiori edo bestelako ekintzei.
8. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak berez eta noiznahi berreskuratzen ahalko du herri ondasunen jabetza, aldez aurretik legelariaren txostena ikusi eta interesatuari entzutea emanda. Beharrezko denean, ekintza zibilak sustatuko dira, herri ondasunak berreskuratu eta defendatzeko.
9. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuari Jabetza Erregistroak igortzen dizkion ediktuen berri emanen dio, lursailen inmatrikulazioa edo herrilurrekin mugakide diren lursailen hedadura soberakina dela eta. Kontzejuko Batzarrak hartu beharko du jakinarazpen horien inguruko erabakia.
10. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak Nafarroako Gobernuaren aldez aurretiko onespen berariazkoa beharko du, ondasunak herri ondarerako berreskuratzearren eskualdaketarik egin nahi izanez gero.
11. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak administrazio bidea erabiliko du beti, baimen, kontzesio edo beste zernahiren kariaz herri ondasunen gainean sortutako eskubideak eta haiek ekarritako okupazioak iraungitzeko, eta ahalmen hertsatzaileez baliatuz. Aldez aurretik kalte-ordaina eman ala ez, zuzenbidearen arabera izanen da.
12. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak, herri ondasunei buruzko kontratuetan partaide denean, interpretatu eginen ditu eta horiek betetzean sortzen diren zalantzak argituko.
Interpretazioen gaineko erabaki horiek berehala hartuko dute indarra, eta ez dute galaraziko kontratugileek bide jurisdikzionalean behar den deklarazioa lortzeko duten eskubidea.
13. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak herri ondasunak defendatzeko bidezko diren ekintzak sustatzen ez dituenean, herritarren ekimena posible izanen da zehaztuko den moduan. Ekintza horrek aurrera eginez gero, Udabe-Beramendiko Kontzejuak itzuli beharko dizkie herritarrei sortutako gastuak.
IV. TITULUA
Herrilurretako ondasunen aprobetxamendua
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
14. artikulua. Ordenantza honek aprobetxamendu hauek arautzen ditu:
a) Herrilarreen aprobetxamendua.
b) Etxerako egurraren aprobetxamenduak.
c) Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak.
15. artikulua. 1. Orokorrean, famili unitateak edo norbanakoak izanen dira herrilurretako aprobetxamenduen onuradunak, baldin eta beren aziendak Udaleko abere aberastasunaren katastroan inskribaturik badituzte, eta baldintza hauek betetzen badituzte, Kontzejuak kontrako ustea izan ezik:
Famili unitateak:
a) Adinez nagusi izatea, edo bere kontu bizi den nahiz judizialki gaituta dagoen adingabea izatea.
b) Udabe-Beramendiko Biztanleen Udal Erroldan bizilagun gisa inskribatua egotea 5 urteko antzinatasunez.
c) Udabe-Beramendin urtean bederatzi hilabetez gutxienez egiazki eta jarraian bizitzea.
d) Udabe-Beramendiko Kontzejuarekiko zerga betebeharrak eta auzolanen kuoten ordainketak eguneraturik izatea.
Norbanakoak:
Abeltzaintzan edo nekazaritzan beren famili unitatetik kanpora jarri nahi duten gazteak, baldintza hauek betetzen badituzte:
a) Udal erroldan izena emana izatea eta herrian segidan bizitzea.
b) Haien bizimodua abeltzaintza edo nekazaritza izateko asmoa izatea.
c) Nekazaritzako Gizarte Segurantzaren Araubidean inskribaturik egotea.
16. artikulua. Nekazaritzan urte bat baino gehiagotarako laborantzetan jarri nahi duten norbanakoek baimena eskatu beharko diote Kontzejuari, eta honek kasu bakoitza aztertuko du, eta baimena emanen du horrela uste badu.
II. KAPITULUA
Herrilurretako larreen aprobetxamendua
17. artikulua. Udabe-Beramendiko herrilurretako larreen aprobetxamenduak ordenantza honetako artikuluak betetzen dituzten eskatzaile guzti-guztien artean banatuko dira.
a) Herritarrendako esleipen zuzeneko aprobetxamenduak.
b) Enkante publikoan esleitzea edo Udabe-Beramendiko Kontzejuak zuzenean ustiatzea.
Udabe-Beramendiko Kontzejuak eginen du herrilurretako larreen aprobetxamenduen esleipena.
18. artikulua. Aprobetxamendu hau erabiltzeko epea 10 urtekoa izanen da.
19. artikulua. Aprobetxamendu modu honen bidez herrilurrak hartzen dituzten onuradunek lur-sari hauek ordainduko dituzte:
Lehen mailako lurra: 11,41 euro urtean.
Enkantean ateratzen diren lurretarako, enkantean eskuratzen duten prezioa.
20. artikulua. Esleipen prezioa urteoro berrituko da, bizitzaren kostuak duen gorakadari egokitzeko, Nafarroan erakunde ofizial eskudunak onesten dituen indizeen ariora, enkantean sartutako belaietan nahiz lurretan.
21. artikulua. Bizilagun abeltzainek zuzenean aprobetxatuko dituzte larreak eta debeku da azpierrentan eman edo lagatzea. Horri dagokionez, Udabe-Beramendiko Kontzejuak ulertuko du larreak ez direla zuzenean aprobetxatzen, honelako zerbait gertatzen denean:
a) Onuradunak bere aziendak kentzen baditu Kontzeju honen Azienden Erregistrotik.
b) Larre jabe izanik, hirugarrenei errentamenduan ematen dizkienean. Bere larreen errentamendua neguan baizik ez du posible izanen, ardiak eta bestelako aziendak bazka daitezen, udalerrian ohitura den bezala.
c) Kontzejuko Batzarraren txostenaren ariora, esleitutako larreak zuzenean eta pertsonalki aprobetxatzen ez dituztenak.
22. artikulua. Beren larrreak apartzerian eman edo lagatzen duten onuradunei herrilurretako lurzatiak kenduko zaizkie esleipen aldia bukatu arte.
Lurzatiak galtzen dituzten onuradunek apartzeria edo lagapena gertatu zenetik lortutako mozkinak sartu beharko dituzte Kontzejuko diruzaintzan.
23. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak noiznahi egiten ahalko ditu bidezko eta komenigarri iruditzen zaizkion frogantzak, lurzatiak zuzenean eta pertsonalki lantzen direla egiaztatzearren.
24. artikulua. Urte bakoitzari dagokion saria urte berean ordainduko da, azaroaren 30a baino lehen.
25. artikulua. Lurrik sobratzen bada, enkante publikoaren bidez esleituko da.
26. artikulua. Herrilurretako larreak aprobetxatzen dituzten Azienden Osasun Babesari buruzko maiatzaren 4ko 5/1984 Foru Legearen 1. artikuluan galdatutako baldintzak betetzen dituela frogatzen duen ziurtagiria beharko du herrilurretako larreak erabiltzen dituen aziendak. Aipatu Legean eta bere Erregelamenduetan ezarritako baldintzak bete beharko ditu aziendak.
27. artikulua. Herriko ohiturei jarraituz eta abeltzainei kalterik ez egiteko, Kontzejuak baldintza hauek jarriko ditu:
Idoia garbitzen den egunetan finkek ez dute handik urik izanen, ezta iturria agortzen denean ere.
28. artikulua. Eskabideekin batera ondoko alderdien gaineko zinpeko aitorpena aurkeztuko da:
a) Udabe-Beramendiko bizilagunak izatea, gutxienez ere 5 urteko antzinatasunez, eta ohiko bizilekua Kontzejuan izatea.
b) Kontzeju honekiko zerga betebeharrak eguneratuak izatea, auzolanen ordainketa barne.
29. artikulua. Prozedura: Kontzejuak aldez aurretik erabakita, 30 egun balioduneko epea emanen da beren burua eskubideduntzat dutenek larreen esleipena eska dezaten; ediktua jarriko da Kontzejuaren iragarki oholean.
30. artikulua. Behin-behineko esleipen horien ondotik 10 eguneko epea irekiko da erreklamazioetarako, eta epe horretan ez bada halakorik aurkezten, esleipenak behin betikoak bilakatuko dira.
31. artikulua. Herritarren arteko banaketan ematen ez diren larreak enkante publikoa eginez esleituko dira 10 urterako, egungo arautegia eta ordenantza honetatik aplikagarria dena betez.
32. artikulua. 10 urte horiek bete gabe herrilurretako aprobetxamenduaren kontratua deuseztatu nahi duten famili unitateek edo partikularrek Kontzejuari eman beharko diote horren berri, guttienez sei hilabete lehenagotik.
33. artikulua. Lurzatiak sastrakaz garbi, behar bezala ongarrituak eta erabilera agronomiko onean eduki behar dituzte herrilurretako aprobetxamenduaz baliatzen direnek. Lurzatiaren itxiturari dagozkion mantentze lanak esleipen hartzaileari dagozkio betiere.
III. KAPITULUA
Etxerako egurraren aprobetxamendua
34. artikulua. Oihanean aski izan eta, Nafarroako Gobernuak baimendu eta Mendi Zerbitzuak markatu ondoan, Udabe-Beramendiko Kontzejuak epaitzak banatuko ditu denen artean, betiere herrian bertan erabiliko badira.
35. artikulua. Udabe-Beramendiko Kontzejuak urtero finkatuko du famili unitateei esleitzeko epaitzen bolumena, oihanean dagoen egurraren arabera. Noizbait beharrezkoa baldin bada eten eginen da aprobetxamendu hori, Kontzejuari egoki iruditzen zaion denborarako.
36. artikulua. Epaitzak zuzenean erabili beharko dira eta onuradunak ezin izanen ditu saldu, eta hurrengoa esleitu baino lehen eraman beharko dira.
37. artikulua. Onuradunak behartuta daude egurra bildu ondotik hondarrak bildu eta pilatzera. Hondar horiek ezin izanen dira pilatu ez bideetan, ez mendi-pistetan, ez eta oztopo izan daitezkeen lekuetan ere. Betiere mendi zaindariordeak ematen dituen jarraibideei kasu eginen zaie. Artikulu honetan ezarritakoa betetzen ez dutenei aprobetxamendua ukatuko zaie.
Ordenantza hauek orain arteko ordenantza eta arau guztiak deuseztatu dituzte, haien ariora herritarrek eskubidea baitzuten arbolak botatzeko, gurdiendako endaitzak, gapirioak, etabar egitearren.
IV. KAPITULUA
Herrilurretako bestelako aprobetxamenduak
38. artikulua. Ondareko uren kontzesioa, herrilurren okupazioa, herrilurretan harrobiak ustiatzea eta herrilurretan egin nahi den beste edozein aprobetxamendu edo hobekuntza, kasu bakoitzerako Udabe-Beramendiko Kontzejuak prestatzen dituen baldintza pleguek zuzenduko dituzte. Bestetik, jendaurrean jarri beharko dira 15 egunez gutxienez, eta Nafarroako Gobernuak onespena eman beharko du.
V. KAPITULUA
Hobekuntzak herrilurretako ondasunetan
39. artikulua. 1. Udabe-Beramendiko Kontzejuak indarrik gabe utz ditzake aprobetxamenduen esleipenak, lur horiek honako xedea baldin badute:
a) Haien gaineko kargak kentzea.
b) Herrilurretako ondasuna hobetzea.
c) Gizarterako proiektuak egitea, inguruabar pertsonalak, familiarrak edo sozialak direla medio beharrean daudela justifikatzen duten herritarrei laguntzeko.
2. Proiektu hauek Udalak nahiz herritar interesatuek berek sustatzen ahal dituzte.
3. Kasu hauetan bide honi jarraituko zaio:
a) Proiektua onesten duen Kontzejuaren erabakia, eta ukitutako herrilurren aprobetxamendua arautzen duen erregelamendua.
b) Hilabeteko epean jendaurrean jartzea eta Kontzejuaren erabakia, aurkezten diren alegazioei buruz.
c) Nafarroako Gobernuaren onespena.
4. Nafarroako Gobernuaren onespenak indarrik gabe utziko ditu ukitutako herrilurretan diren esleipenak, eta titularrei sorrarazten zaizkien kalte eta galerak ordainduko zaizkie, bai eta lurretan eginak dituzten hobekuntzak ere, zuzenbidez hala egokitzen bazaie.
40. artikulua. Aprobetxamenduaren onuradunak herrilurrak hobetzeko egiten dituen proiektuak Kontzejuak berak onetsi beharko ditu, aldez aurretik 15 egunean jendaurrean eduki eta gero aurkezten diren alegazioak Udalak ebatzi ondotik.
V. TITULUA
Arau-hausteak eta zehapenak
41. artikulua. Honako hauek dira arau-hauste administratiboak:
a) Erabilera zuzenean eta pertsonalki ez egitea.
b) Aprobetxamenduen sariak Kontzejuak finkatuko dituen epeetan ez ordaintzea.
c) Herrilurraren aprobetxamendua nabarmen gaizki edo osorik ez egitea.
d) Zertarako esleitzen den herrilurra, beste zerbaitetarako erabiltzea.
e) Herrilurrak udal esleipenik gabe lantzea, nahiz eta landu gabeko lurrak, hots, larre utziak, izan.
f) Laborantza iraunkorrak egitea (frutarbolak, etab.), Udalaren baimenik izan gabe, laborantza horiek Kontzejuarenak direnean.
g) Esleitu gabeko herrilurrak edozein motatako materialak gorde edo biltegiratzeko erabiltzea.
h) Esleipenetan zehaztutako epeak ez errespetatzea.
i) Herrilarreetan bazkatzen den aziendaren osasuna zaintzeari buruzko Foru Legean eta hori garatzen duen Erregelamenduan xedatutakoa ez betetzea.
j) Animalia hilak lurperatu gabe uztea.
k) Artzaintzarako eremuak ez errespetatzea.
l) Herrilurretako zuhaitzak botatzea.
m) Ordenantza honetan xedatutakoari kontra egiten dioten egitate guztiak.
n) Aziendak herrilurretako oihanean larratzea, errentan emandako herrilarreetatik kanpora.
ñ) Herrilurretako aprobetxamendua bukatzen denean finkak behar bezala zainduak ez egotea.
42. artikulua. Arau-hauste horiek ondoko zehapenak izanen dituzte:
a), b), c), d), f) eta i) arau-hausteengatik, kontzesioa iraungiko da, deusetan ukatu gabe Nafarroako Gobernuaren organo eskudunek ezartzen ahal dituzten zehapenak.
h) arau-haustearengatik, herrilurren edo herrilarreen esleipen hartzailea izateko eskubidea galduko da.
Gainerako arau-hausteengatik, egindako kaltearen balioa gutxienez halako bost eta gehienez halako hamar ordaintzea izanen da zehapena. Balio hori ezin bada zehaztu, hirurogeitik mila berrehun eta bi eurora bitarteko zehapena ezarriko da.
Iragarkiaren kodea: L0613418