102. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 25a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

LERIN

Enplegua sustatzeko ordenantza behin betikoz onetsirik

2006-04-06ko osoko bilkuran hartutako erabakiaren bidez onetsi zen, hasiera batean, Enplegua sustatzeko ordenantza. Behar zen iragarkia Herriko Etxeko iragarki oholean argitaratu zen, baita 57. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean ere, 2006-05-12koan. Legezko epearen barnean inork ez du erreklamaziorik aurkeztu. Beraz, Udalbatzak, 2006ko uztailaren 21ean egin osoko bilkuran, behin betikoz onetsi zuen delako ordenantza, eta argitara ematen da haren testu osoa, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluan xedatuari jarraikiz.

Lerinen, 2006ko uztailaren 31n._Alkatea, Jacinto Gil Celaya.

ENPLEGUA SUSTATZEKO UDAL ORDENANTZA

Ordenantza honen xedea da enpresa proiektuak sustatu eta bultzatzea, jarduera ekonomikoak eta lanpostuak sortzeko Leringo Udalaren mugapean.

Nafarroako Toki Administrazioari buruzko Foru Legearen 220. artikuluan xedatutakoari jarraikiz, Leringo Udalak enpresa inbertitzaileen etorrera sustatu, bultzatu eta indartzeko nahiz herri honetako ekimenak garatzeko asmoa du, eta horretarako, bere finantza-baliabideak erabiliko ditu enpresei dirulaguntzak emateko, Leringo bizilagunei kontratu mugagabeak egin diezazkieten.

1. artikulua. Leringo Udalak dirulaguntzak emanen dizkie bertzeren kontuko langileak kontratatzen dituzten enpresei, ordenantza honetan ezartzen diren zenbateko eta baldintzetan bada.

2. artikulua. Enpresa mota hauek guztiek hartzen ahalko dituzte dirulaguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

_Epe mugarik gabeko eta lanaldi osoko nahiz murriztuko lanpostuak sortzea, Lerinen bizi eta erroldatuta daudenendako.

_Diruz lagunduko den kontratazio horren bidez epe mugarik gabeko kontratuen kopurua handitzea.

_Helbide fiskala Lerinen izatea.

3. artikulua. Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako jardueraren bat nahiz jarduera profesional edo artistikoren bat 2006tik aitzina abiarazten duten lagunek eskuratzen ahalko dituzte laguntzak, betiere Gizarte Segurantzako araubide berezi egokian izena eman eta baldintza hauek betetzen badituzte:

_Helbide fiskala Lerinen izatea.

_Azken hamabi hilabetetan araubide berezi berean egon ez izana.

_Lerinen bizi eta erroldatuta egotea.

_Gizarte Segurantzako bertzelako araubideetan ez kotizatzea.

_Ustiapenaren titularrak izatea.

4. artikulua. 1. 600 euroko dirulaguntza emanen da Lerinen bizi eta erroldatuta dauden bizilagunei egindako kontratu bakoitzeko, epe mugarik gabea eta lanaldi osorako bada, edo Gizarte Segurantzako araubide berezietan egindako inskripzio bakoitzeko.

Kontratua epe mugarik gabea bai baina lanaldi osorako ez bada, hau izanen da dirulaguntzaren zenbatekoa:

450 euro, lanaldi osoaren bi herenak badira. Eta 300 euro, lanaldiaren erdia bada.

2. 600 euroko dirulaguntza emanen da epe mugarik gabeko eta lanaldi osoko kontratua honelako baldintzak betetzen dituen biztanleren bati egiten bazaio:

_Emakumea izatea.

_25 urtetik beheitikoa edo 45 urtetik goitikoa izatea.

_Oinarrizko Errentako edo Enplegu Babestuko programaren baten bidez kontratatua izana.

3. Kontratudun edo autoenplegatu bakoitzeko, dirulaguntza bakarra hartzen ahalko da.

5. artikulua. Inbertsiorako laguntzak.

Enpresa mota hauek guztiek hartzen ahalko dituzte dirulaguntzak: industriakoak, merkataritzakoak, zerbitzuetakoak, nekazaritzakoak eta abeltzaintzakoak, bai eta profesionalak nahiz artistak ere. Horretarako, ondoko baldintzak bete beharko dituzte:

_Industria, merkataritza, zerbitzu, nekazaritza edo abeltzaintzako eraikinak egin, handitu edo zaharberritzeko inbertsioak egitea.

_Helbide fiskala Lerinen izatea.

Kanpoan geldituko dira energia alternatiboa biltzeko instalazioak (aereosorgailu eolikoak, eguzkikoak, etab.), haien jarduera nagusia hori bada.

1. Laguntza hauek eskuratu nahi dituzten enpresek ondoko agiriak aurkeztu beharko dituzte Leringo Herriko Etxean, urtebeteko epean, irekitzeko lizentzia ematen zaienetik:

_Eskaera idatzia.

_Enpresaren nortasunaren egiaztagiria.

_Inbertsio proiektua arrazoitzeko txostena.

_Eginen den jardueraren gaineko txostena.

_Gizarte Segurantzako kuoten eta udal nahiz foru zergen ordainketak eguneratuak daudela egiaztatzeko agiria.

2. 42.071,00 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dute laguntza.

Eskatzaileak alde zaharreko saltokiak badira, 18.030,00 eurotik goitiko inbertsio guztiek jasoko dute laguntza.

Laguntza honen zenbatekoa izanen da E.I.O.Z.aren ehuneko 60koa, eta muga, 6.1 artikuluan xedaturikoa.

E.I.O.Z.ko zerga oinarria izanen da finantza arloko laguntza kalkulatzeko oinarria.

3. Inbertsioak burutu ondotik emanen dira laguntzak.

Inbertsioak burututzat hartuko dira udal arkitektoak obrak ikusi eta haien gaineko balorazio txostena ematen duenean.

Enpresek konpromisoa hartuko dute inbertsioa eta jarduera gutxienez hiru urtetan mantentzeko.

6. artikulua. Udal aurrekontuan urtero finkatuko da xedapen baten bidez zer muga izanen duten 4.1, 4.2 eta 5.2 artikuluetako laguntzek. Leringo Udaleko erregistro orokorrean eskabidea eta gainerako dokumentazioa nola sartu, ordena berean emanen dira.

1. Laguntza guztiak bateragarriak dira elkarren artean, baita administrazio publikoek ematen duten bertze edozein dirulaguntzarekin.

2. Alde zaharreko eraikinak zaharberritzeko E.I.O.Z.i dagokion laguntza izateko aukera dagoenean, partikularrendako zenbatekorik handiena aplikatuko da.

7. artikulua. 4.1 eta 4.2 puntuetan ezarritako laguntzetarako eskaerak Leringo Herriko Etxean aurkeztu beharko dira, horretarako banatuko den eredu ofizialaren bidez, eta kontratua sinatzen den egunetik hasita hogeita hamar egun balioduneko epean. Langilearen kontratu jatorrizkoaren kopia eta inbertsioaren edo jardueraren gaineko txostena ere aurkeztuko dira.

8. artikulua. Udalak aurkeztu diren espedienteak aztertuko ditu eta horiek ebazteko beharrezkoa den dokumentazio osagarria eskatzen ahal du. Dokumentazio hori ekartzeko hogeita hamar egun balioduneko epea egonen da, jakinarazpena jaso eta biharamunetik hasita. Horrela egiten ez bada, espedientea bertzerik gabe artxibatuko da.

9. artikulua. Eskabidearen espedienteari dagozkion datuak faltsutu, ezkutatu edo aldrebesten badira, deuseztatu edo ukatu eginen da, eta hortik aitzina eta hamar urtean laguntzak eskuratzeko eskubidea galduko du hala jokatu duen enpresak.

10. artikulua. 4. artikuluko 1 eta 2 puntuetako dirulaguntzak bi alditan ordainduko dira, betiere ondoko agiriak aurkeztu ondotik: lan kontratuak, Gizarte Segurantzako kotizazioaren orri ofizialak, TC1 eta TC2 ereduak, kontratuaren aurrekoak nahiz ondokoak, eta udal nahiz foru ogasunekiko eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintzarekiko betebeharrak eguneraturik daudela egiaztatzeko agiriak.

5. artikuluko dirulaguntzak, berriz, enpresa eskatzailearen jarduerari buruzko espedientea ebatzi eta beranduenez ere urtebeteko epean ordainduko dira.

11. artikulua. Aurreko artikuluetan xedatutakoaren babesean diruz lagundutako kontratua duen langileren batek, kontratua sinatu eta 37 hilabete gabe eten egiten baditu zerbitzuak, enpresa onuradunak baja hori gertatu eta hogeita hamar egun balioduneko epean ordezko langilea hartu beharko du, kontratu mota berdina erabiliz. Langile horrek dirulaguntzak eskuratzeko beharkizunak beteko ditu, bertzenaz emandako laguntza kendu, deuseztu edo itzularaziko da.

12. artikulua. Era berean, epe mugarik gabeko kontratudunen kopurua jaisten bada, emandako laguntza kendu, deuseztatu edo itzularaziko da.

13. artikulua. 37 hilabetean, enpresa onuradunak Gizarte Segurantzako kotizazio liburuen TC1 eta TC2 ereduen fotokopia konpultsatuak aurkeztu beharko dizkio Udalari seihileko guztietan. Kuotak zein entitateri ordaindu, kotizazio orriek horrexetako zigilua beharko dute izan.

14. artikulua. Leringo Udalak bidezko juzgatzen dituen kontrol eta frogapen guztiak egiten ahal ditu aldian-aldian, laguntzak eskuratzeko ezarritako baldintzak eta betebeharrak betetzen ote diren egiaztatu beharrez.

15. artikulua. Laguntza hauen onuradunek ordenantza honetan ezarritakoaren ondorioz dituzten betebeharrak ez betetzeak onartutako dirulaguntzak kendu edo deuseztatzea ekarriko du, baita, dirulaguntzarik bilduz gero, Udalari itzuli beharra ere. Horretarako hilabeteko epea egonen da deuseztapena jakinarazten denetik. kp on

16. artikulua. Ordenantza honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean osorik argitaratzen denean hartuko du indarra.

_Laguntzak eskuratzeko eskabideak.

Eskabideetan honako datuak agertuko dira:

a) Interesatuaren izen-abizenak, edo haren ordezkariarenak, baita jakinarazpenak egiteko modurik egokiena eta horretarako helbidea ere.

b) Egitateak, arrazoiak eta eskaera, zer eskatzen den zehatz-mehatz azalduz.

c) Tokia eta eguna.

d) Eskatzailearen sinadura edo bere borondatearen benetakotasunaren egiaztapena.

Iragarkiaren kodea: L0613107