II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK
EGUESIBAR
Behin betikoz onetsirik Eraikuntzari buruzko ordenantzaren 68, 70 eta 71. artikuluen aldaketa, Gorraizko Jaurerriaren plan partziala zenaren esparruko etxebizitza kolektiboen eta bertze erabilera batzuetarako eraikinen estetika baldintzen gainekoa
Eguesibarko Udalak, 2006ko apirilaren 18ko bilera arruntean, erabaki zuen Eraikuntzari buruzko ordenantzaren Zazpigarren Kapituluko artikulu hauen aldaketa: 68.a ("Orografía"), 70.a ("Etxebizitza kolektiboak") eta 71.a ("Bertze erabilera batzuetarako eraikinak"). Kapitulu horrek estetikaren baldintza orokorrak jorratzen ditu, Gorraizko Jaurerriaren plan partziala zenaren esparruan.
Jendaurrean egoteko epea inork erreklamaziorik aurkeztu gabe iraganik, hasierako onespen hori behin betikoa bihurtuko da eta haren testu osoa Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agindu da, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.
ERAIKUNTZAREN GAINEKO ORDENANTZA ONETSIA
ZAZPIGARREN KAPITULUA
Estetikaren baldintza orokorrak
68. artikulua. Orografia.
Xehetasun azterlanek sestrak definitu behar dituzte lurzatien mugetan. Sestra horiek bertzelakotzen ahalko dira bizitegietarako bi lurzati elkarren ondoan daudenean, betiere bi jabeek akordio bat sinatzen badute idatziz, mugaren sekzioa bere behin betiko sestrekin agertzen duena, eta akordio hori Eguesibarko Udaletxean aurkezten bada. Gainera, behar den xehetasun azterlanaren aldaketa tramitatu beharko da, sestra berriak ager daitezen.
Ez da haizu izanen lurraren orografia bertzelakotzea, malda mugarekiko zeharka neurtuta %100ekoa bada (1H:1V). Itxiturei dagokienez gainerako ordenantzei men eginda, eustormak egiten ahalko dira artikulu honetan berean agertzen diren baldintzekin, baina ez da inoiz gaindituko aipatu %100eko maldak definitzen duen ingurakaria (ikusi 5 zenbakiko krokisa). Gainera, ezpondak edo egindako hormek behar den landareria eta drainadura izanen dituzte, Paisaia babesteko ordenantzak zehazten duen gisan, betiere bertzelakotu den lurzatiko lurraren barnean, lurraren bertzelakotzeak kalterik ekar ez diezaien uretan beheiti dauden funtsei, ez bederen bertzelakotze hori gertatu aitzin ekartzen zien baino gehiago.
5. krokisa.
Debeku dira 3 metro garai baino gehiagoko hormak. Kasuren batean garaiera handiagoa beharrezkoa izanez gero, mailaka eginen dira, topaguneetan landare-tratamendua onar dezaten. Atzeraemangune horiek, gutxienez ere, beren garaiera bezainbat izanen dira eta inoiz ez 40 zentimetro baino txikiagoak. Horma horien garaiera aurreko hormaren gailurrari dagokionez neurtuko da altxaeraren proiekzioan. Atzeraemanguneak eustormaren estradosaren frontetik edo landare-lurraren mugatik neurtuko dira, eta gutxienez ere metro bateko lodiera izanen dute hurrengo hormaren kanpo aldeari dagokionez (ikus 6. krokisa). Landare-hormak hobesten dira.
6. krokisa.
Proiektu batean horma edo ezponda bat agertzen bada, haren landare-tratamendua agertu beharko da.
Eguesibarko Udal Planaren barnean Gorraizko Jaurerriaren plan partziala zenaren esparruko determinazio xehekatuen gainean egiten den aldaketa puntual honek bere gain hartuko ditu gaurdaino onetsitako xehetasun azterlanetan jasota dauden eta jadanik burutu diren jarduketa guztiak, artikulu honek aipatzen dituenak.
70. artikulua. Etxebizitza kolektiboak.
1._Etxebizitza kolektiboetako fatxadek baldintza hauek bete beharko dituzte:
A._Kolorea tonu bero eta eztien gamaren barnean egonen da, jarduketaren multzo osoarekin bat, eta ez da haizu izanen beren ezaugarriengatik begietara jotzen duten koloreen erabilera.
B._Debeku da balkoi txikiak elkarren segidan erabiltzea. Terraza handiak eraikiko dira, eta haien karel guztiek tratamendu bera izanen; argi-ilunen arteko kontraste handiak sor ditzaten. Halakoetan, haizu izanen da leihate handiak erabiltzea, barne aldeek eta kanpo aldeek bat egin dezaten.
C._Debeku da saretak elkarren segidan erabiltzea esekitokien itxituratako. Plano trinkoak erabiliko dira, eta haien aireztatze egokia bermatuko da eta zuzeneko ikuspegiak, aldiz, saihestuko.
D._Debeku da aluminiozko arotziak bere kolorean erabiltzea, eta aldiz onartzen da tonu grisetako lakatua betiere haren akabera matea bada eta ez distiratsua.
2._Etxebizitza kolektiboak egiteko proiektuak jarraibideak eman beharko ditu terrazen itxituraren diseinua arautzeko. Betiere fatxadaren ezaugarriak mantendu beharko ditu, baita etxebizitzaren gainerakoan dagoen arotzia mota bera ere.
3._Atariaren aitzinean sarbide zuzena aurreikusi beharko da, bai bide orokorrera bai poligonoaren barneko eremu komunera
4._Beheko solairuko etxebizitzek gaineko azaleren proiekzioari dagokion terraza izanen dute, baita beren lurzatia ere. Erabiltzaileen intimitatea bermatuko da, kanpo aldeko tratamenduaren bidez.
5._Estalkiak sendoak, argiak eta maldadunak izanen dira. Estalki lauak erabil daitezke solairu bateko terraza beheragoko solairuaren estalkia denean, eraikinaren estalki orokorra ez bada. Malda %35ekoa izanen da gutxienez. Estalkiaren proiekziotik ateratzen diren terrazen azalera inoiz ez da %40 baino gehiago izanen.
6._Estalkia teila gorriz edo arbelaz egina izanen da. Debeku da TV-FM antenarik paratzea, ez eraikinaren estalkiak ezta fatxadetan ere.
7._Garaiera, gehienez ere, B+2+Atikoa izanen da, estalkiaren azpiko azken solairu bizitzeko modukoa atikoa dela ulerturik.
8._Gela guztiek kanpo aldera joko dute.
9._Eraikinen luze-zabalak 50 x 22 metro izanen dira, C.7 poligonokoak kenduta, haienak 25 x 22 metro izanen baitira. Betiere eraikinetik eraikinera 8 metroko tartea izanen da gutxienez, fatxadako edozein puntutatik neurturik. Etxebizitza kolektiboetarako diren eraikinetan, sarbideetara, gutxieneko atzeraemangunea 3 metro izanen da beheko solairuetarako eta 6 goikoetarako. Salbuespena C.7 poligonoa izanen da, han gutxieneko atzeraemangunea sarbidera 10 metro izanen baita goiko solairuetan.
71. artikulua. Bertze erabileretarako eraikinak.
1._Merkataritzan eta hoteletan erabiltzeko eraikinek baldintza hauek bete beharko dituzte, fatxadari eta estalkiari dagokionez.
A._Fatxadek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kolorea tonu bero eta eztien gamaren barnean egonen da, jarduketaren multzo osoarekin bat, eta ez da haizu izanen beren ezaugarriengatik begietara jotzen duten koloreen erabilera.
B._Gehienez ere baimentzen den garaiera B+2+Atikoa da, eta atikoaren azalera eraikia eraikinaren oinplanoko proiekzioaren (okupazioa) %50 edo gutxiago izanen da. Atikoaren azalera eraikia kontatzeko, bakarrik hartuko da aintzat goiko forjatuaren behe aldetik 2,20 metro baino gehiagoko tartea duena.
2._Erlijio erabilerarako eta ekipamenduetarako eraikinak
A._Fatxadek baldintza hauek bete beharko dituzte:
a) Kolorea tonu bero eta eztien gamaren barnean egonen da, jarduketaren multzo osoarekin bat, eta ez da haizu izanen beren ezaugarriengatik begietara jotzen duten koloreen erabilera.
Eguesen (Eguesibar), 2006ko abuztuaren 8an._Alkatea, José A. Andía García de Olalla.
Iragarkiaren kodea: L0613342