II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.3. BESTELAKO XEDAPENAK
2.3.5. Beste batzuk
BARAÑAIN
Behin betiko onetsita Barañaingo Luis Morondo Musika Eskolaren estatutuetako aldaketa
Barañaingo Udalak, 2006ko apirilaren 27an egindako osoko bilkura arruntean, hasiera batean onetsi zuen Luis Morondo Musika Eskolaren estatutuetako aldaketa.
Hasierako onespen hori 2006ko 63. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 26an, bai eta Barañaingo Udaleko ediktuen oholean ere. Argitalpen horrekin jendaurreko epea ireki zen.
Alegazioak egin zaizkio hasierako onespen horri, baina Udalbatzak 2006ko uztailaren 27an hartutako erabakiaren bidez ezetsi ditu. Orobat, behin betiko onetsi zuen estatutuetako aldaketa, hasiera batean onetsia. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 326. artikuluari jarraituz, testu osoa argitaratu behar da, bere ondorioak izan ditzan.
Aditzera ematen da, aipatu agindua betetzearren, eta ohartarazten, errekurtso hauek aurkezten ahal direla Luis Morondo Musika Eskolaren estatutuetako aldaketa honen kontra:
1._Berraztertzeko errekurtsoa, Barañaingo Udalaren osoko bilkurari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita.
2._Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean arlo bereko epaitegiari edo salari zuzendua, bi hilabeteko epean, erabaki hau argitaratu eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 8.1 artikuluak agintzen duenaren arabera.
3._Eta, aukeran, gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.
Barañainen, 2006ko uztailaren 27an._Alkatea, Iosu Senosiain Ibáñez.
ERANSKINA
LUIS MORONDO MUSIKA ESKOLAREN ESTATUTUAK
Nortasuna, helburua, helbidea, iraunaldia.
1. artikulua. Barañaingo Udalaren Kontserbatorioko Patronatua 1984ko urriaren 4an hartutako erabakiaren bidez sortu zen; bere nortasun juridikoa izanen du, Barañaingo Udaletik aparte, eta gaitasun juridiko osoa agintari, erakunde eta partikularren aitzinean agertzeko, bere xedeak bete beharrez, bai eta ekintza administratibo eta jurisdikzionalei ekiteko edo bere interesen defentsan auzitaratu gisa agertzeko ere.
Dena dela, ondasun higiezinak eskuratzeko eta ondasunak besterendu edo kargatzeko, Barañaingo Udalaren aldez aurreko baimena beharko du.
2. artikulua. Patronatuak Barañaingo Udalaren Kontserbatorioa sortu, sustatu, bultzatu eta kudeatzea du helburu edo xede nagusi. Finantza araubideari dagokionez, Diputazioaren eta Udalaren arteko hitzarmenari lotuko zaio.
3. artikulua. Kontserbatorioaren funtzionamenduak dituen beharrak betetzen saiatuko da Patronatua. Xede horren bila ariko da; betiere, irabazteko asmorik gabeko zerbitzu publiko gisa.
4. artikulua. Aurreko artikuluetan ezarritako eginkizunen artean eta, bereziki, Kontserbatorioaren jarduerak koordinatzekoen artean, honako hauek daude:
_Zentroaren funtzionamendu egokiaren kontrola eta zainketa, administrazioari, instalazioei eta zerbitzuei dagokienez, eta behar bezalako neurriak hartzea.
_Urtero gastuen eta dirusarreren aurrekontua egitea bere xedeak betetzeko.
_Urtean zehar egindako gastuak gainbegiratzea, behar diren memoriak eta balantzeak prestatzeko.
_Kontserbatorioko irakasleak kontratatzea, irizpide egokiak ezarri ondotik. Indarra duen laneko legerian zehaztuko da haien jarduerari dagokion sailkapena.
_Erakunde publikoetan kudeatzea bilatzen den xederako laguntzak.
_Haurrak kontserbatorioan sartzeko eskaerak hartzea. Indarra duen legerian arautututako irizpideei jarraituko die onartu edo ez erabakitzeko, baita patronatuak aldez aurretik ezartzen dituen irizpide objektiboei ere, eskaeren kopurua ikaspostuena baino handiagoa denean.
5. artikulua. Patronatuak Barañaingo Udaletxean izanen du helbidea.
6. artikulua. Patronatuak ez du denbora mugarik, eta Barañaingo Udalak edozein unetan hartzen ahal du hura desegiteko erabakia.
Gobernu organoak.
7. artikulua. Patronatuaren gobernua eta zuzendaritza Batzordearen esku utziko da; hura honela osatuko da:
_Barañaingo Udalaren 9 ordezkari, osoko bilkuran izendatuak, Alkatetzak proposatuta.
_Musika Eskolako zuzendari, hizpidearen jabe baina botorik gabe.
_Gurasoen hiru ordezkari, modu demokratikoan hautatuak.
_Irakasleen hiru ordezkari, modu demokratikoan hautatuak.
_18 urtez gorako ikasleen 3 ordezkari, modu demokratikoan hautatuak.
_18 urtez azpiko ikasleen 2 ordezkari, hamahiru urtekoak gutxienez, modu demokratikoan hautatuak. Hizpidea izanen dute, baina botorik ez.
2006-2007 ikasturte hasieran hautatuko dira gurasoak, irakasleak eta ikasleak.
Bozketak arruntak izanen dira; horrenbestez, ordezkariek ez dute boto ponderaturik izanen haien udal taldearen izenean.
Osoko bilkuran hautatuko da Batzordeko burua, alkateak proposamena eginda Barañaingo Udalak Musika Eskolako gobernu organoan dituen 9 ordezkarien artean. Batzordeko bozketetan berdinketarik izanez gero, batzordeburuak kalitate botoa erabiliko du. Musika Eskolako zuzendaria idazkari lanetan ariko da.
8. artikulua. Udalbatzak osoko bilkuran izendatuko ditu Barañaingo Udalaren ordezkariak. Zentroko Eskola Kontseilurako hautatzen diren guraso, irakasle eta ikasleen ordezkariak berak ariko dira Patronatuko Batzordean ere. Irakasleen kasuan, Eskola Kontseilua osatzen duten lauetatik bat izendatuko da.
9. artikulua. Patronatuko Zuzendaritza Batzordeko ordezkariak libreki kargugabetzen ahalko ditu hautatu dituen ordezkaritzak berak, hautatzeko prozedura bera erabiliz.
10. artikulua. Guraso, irakasle eta ikasleen ordezkariak zenbat denborarako dauden Eskola Kontseiluan, beste horrenbesteko kargualdia izanen dute Patronatuaren Batzordean, eta aldi berean utziko dituzte biak. Udalaren ordezkariak berritzeko, Udalaren erabakia beharko da.
11. artikulua.
[ ...]
12. artikulua. Patronatuko Batzordeari, 3 eta 4. artikuluetan ezarritako eginkizun orokorrez gain, honako hauek dagozkio, helburuak betetzearren:
_Patronatua gobernatu, gidatu eta administratzeko arauak ematea.
_Kontserbatorioaren barne araubideko erregelamendua onestea.
_Kontserbatorioko langileak kontratatzea; legeriaren arabera eginen da.
_Kontserbatorioko aurrekontu, plan, kontu eta txostenak onestea.
_Barañaingo Udalari txostenak, kontuak eta balantzeak aurkeztea.
_Kontserbatorioan sartzeko irizpideak, estatutu hauen 4. artikuluan aipatuak, onestea.
_Ekintza zibil, penal, administratibo, kontentzioso eta laneko orotan jardutea, edo auzitaratu gisa agertzea Patronatuak bereak dituen eginkizunak betetzeko, baita eskriturak eta era guztietako dokumentuak egitea ere.
_Azken batean, Patronatu hau sortzean aipatu helburuak betetzeko behar diren eginkizun guztiak.
13. artikulua. Patronatuko Batzordea gutxienez ere hiru hilabetetik behin bilduko da bilkura arrunta egiteko; bilkura berezia, aldiz, Patronatuko buruak edo batzordekideen hirutik batek eskatzen dutenean.
14. artikulua. Bilkura baino 48 ordu lehenago bederen eginen da hura biltzeko deia, non premiak ez duen besterik eskatzen; halakoetan, nahikoak dira 24 ordu. Betiere, eguneko gai-zerrenda igorriko da. Batzordeko buruak finkatuko du gai-zerrenda, batzordekideek proposatuta, bilkura berezietan izan ezik; horietan, bilkura egiteko eskatzen dutenek nahi dutena ezarriko da.
15. artikulua. Gai-zerrendan sartutakoak baino, ez da beste gairik landuko bileretan, non ez duten hala erabakitzen Batzordeko kide eskubidedunen erdiek.
16. artikulua. Lehen deialdian bilkura baliozkoa izateko, batzordekideen erdiek eta bat gehiagok agertu beharko dute. Bigarren deialdia lehenbizikorako finkatu baino ordu erdi geroago eginen da, eta horretarako aski izanen da batzordekideen herenak agertzea. Batzordearen erabakiak baliozkoak izanen dira baldin eta agertzen direnen gehiengoaz hartzen badira. Batzordeburuak kalitate botoa izanen du berdinketarik izanez gero.
Dena dela, aurrekontua edo barne araubidearen erregelamendua onesteko eta langileak kontratatzeko, horren aldeko botoa eman beharko du Barañaingo Udalaren ordezkarien gehiengoak.
17. artikulua. Batzordeburuaren eginkizunak dira:
_Patronatuaren ordezkari izatea eta ahalordeak egilestea. Batzordeko beste edozein kideren esku uzten ahal du bere ahalmena, kide hori Udalbatzakoa bada.
_Bilkuretarako dei egin, haien buru izan eta eztabaidak gidatzea.
_Patronatuari dagokion dokumentazioa sinatzea.
_Oro har, Batzordearen erabakiak betearaztea.
18. artikulua. Idazkariaren eginkizunak dira:
_Deitzen diren bilkuretan parte hartu eta haien aktak egitea.
_Hartutako erabakien tramitazioaz arduratzea.
_Espedienteak eta artxiboko agiriak zaintzea.
19. artikulua. Patronatuko Batzordeak lantalde teknikoak izendatzen ahal ditu, egokia irudituz gero.
20. artikulua. Udalaren eginkizunak dira:
_Patronatuaren kontabilitateaz arduratzea.
_Aurrekontua eta haren banaketa prestatzea, Batzordeak onets dezan.
_Kontuak eta balantzeak egitea.
_Langileen nominak eta kontratuak prestatzea.
_Patronatuaren ordainagiriak eta gastuak onestea, finantza eta administrazio arloko eginkizunen kargu eginda. Urtean 100.000 pezeta arteko banku kontuak erabiltzen ahal ditu; kopuru handiagoetarako, Patronatuko buruaren sinadura beharko du, edo haren ordez diharduen Patronatuko kide den beste zinegotzi batena, burua kanpoan edo eri dagoenean.
Araubide ekonomikoa.
21. artikulua. Urtero, Patronatuak aurrekontua prestatu eta Barañaingo Udalera igorriko du, horrek, bidezkoa dena onets dezan.
22. artikulua. Diputazioarekiko hitzarmenaren bidez hornituko da aurrekontu hori.
23. artikulua. Gurasoen ekarpena arautzeko, kapitulu hori banatzeko arauak prestatuko ditu Patronatuak eta, familien egoera ekonomikoa kontuan hartuta haurrendako bekak emanen ditu, osoak nahiz erdiak.
XEDAPEN INDARGABETZAILEA
Indarrik gabe gelditu da gaur egungo estatutuen 11. artikulua, Patronatuko burua eta idazkaria hautatzeko araudia zehazten duena.
Iragarkiaren kodea: L0612802