Iragarkia
102. ALDIZKARIA - 2006ko abuztuaren 25a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak
158/2006 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan ikertzeko doktorego aurreko laguntza baterako deia egiten duena.
Nafarroako Kirolari buruzko uztailaren 5eko 15/2001 Foru Legeak kirol politikan ezartzen dituen helburuen artean, kirol gaietako ikerketa zientifikoa bultzatzeari dagokiona aipatzen da.
Azken hogei urteetan jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien ezagupenetan aurrerapen handiak izan dira, bai goi mailako kirolari dagokionez, bai eta osasuna hobetzeko eta eritasunei aurrea hartzeko jarduera fisikoa egiteari dagokionez ere. Egungo gizartean gertatu den aurrerapen handi hau ikusirik, beharrezkoa da diziplinarteko ikerketa proiektuak eta berriztapen teknologikoko proiektuak gauzatzea, goi mailako kirolariaren gaitasun funtzionala hobetzeko, bai eta populazio talde berezien osasuna eta bizi kalitatea, adin guztietan, hobera egiteko ere.
Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentua ohartu baita, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren bitartez ohartu ere, beharrezkoa dela kirol entrenamenduaren arloko ikerketa zientifikoa eta osasunari lotutako jarduera fisikoa bultzatuko dituzten programak abian jartzea, deialdi hau atera du, kirolaren zientzien arloan ikerketa laguntzeko, betiere apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoa oinarri, hartan ezartzen baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta haren erakunde autonomoetan prestakuntzarako bekak emateko araubide orokorra.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak eta Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren egitura organikoa onesten duen otsailaren 24ko 46/2005 Foru Dekretuak emandako eskurantzak erabiliz,
AGINDU DUT:
1. Jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan ikertzeko doktorego aurreko laguntza baterako deialdiaren oinarriak onestea.
2. Deialdiari aurre egin ahal izateko 12.000 euroko gastua onestea, 2006ko urriaren 1etik 2007ko irailaren 30era bitarteko aldirako, aurrekontuko kontusail hauen kargura:
3.000 euro, Nafarroako 2006ko aurrekontu orokorretan "Kirol arloko ikerketarako bekak" izena duen 940002-95130-4809-336100 kontusailaren kargura, 2006ko urriaren 1etik abenduaren 31 bitarte doktorego aurreko laguntza bati aurre egiteko.
9.000 euro, Nafarroako 2007ko aurrekontu orokorretan xede horrekin sortuko den kontusailaren kargura, doktorego aurreko laguntza bati 2007ko urtarrilaren 1etik irailaren 30a bitarte aurre egiteko.
Nolanahi dela ere, laguntza berritzeko, beharrezkoa izanen da hurrengo urteetako aurrekontuetan xede honetarako behar adina kreditu izatea.
3. Foru agindu hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea eta Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.
Iruñean, 2006ko uztailaren 19an._Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilaria, María Isabel García Malo.
I. ERANSKINA
Oinarriak
1._Xedea.
Deialdi honen xedea da gihar ariketaren eta/edo biomekanikaren arloan ikerketa proiektu bat egiteko emanen den ikerketa laguntza baten araubidea finkatzea.
2._Onura publikoaren edo sozialaren helburua eta xedea.
Aurreko oinarrian aipatzen den laguntzaren helburua jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan doktorego aurreko prestakuntza eskaintzea da, ikertzeko ahalmena eta hobekuntza bultzatu eta sustatzeko, kirol zientziei dagokienez. Laguntza honen bidez ikerketa proiektu zehatz bat egin beharko da, eta hura burututakoan doktore gradua eskuratuko du laguntzaren jasotzaileak eta, betiere, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko (KAIMZ) ikertzaile doktoreen zuzendaritzapean ariko da.
Onura publikoaren edo sozialaren xedea kirol entrenamenduaren arloko ikerketa zientifikoa eta osasunari lotutako jarduera fisikoa bultzatuko dituzten programak abian jarri beharrak markatzen du.
3._Laguntzaren ezaugarriak eta diru zenbatekoa.
Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko (KAIMZ) zuzendari arduradunak baimenduko du ikerketa proiektua.
Proiektu hori aurrera eramateko, Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren instalazioak erabiltzen ahalko dira.
Laguntza honek, gehienez ere, 2006ko urriaren 1etik 2007ko irailaren 30era bitarte iraunen du. Denbora hori luzatzen ahalko da behin eta baita bi aldiz ere jarraian, aldi bakoitzean 12 hilabete gehiago, betiere ikerketaren zuzendariak aprobetxamenduari buruzko adostasun txostena egiten badu, hala ikerketa aldetik nola alde zientifikotik ikusita.
Doktorego aurreko laguntzaren aurrekontu osoa, 2006ko urriaren 1etik 2007ko irailaren 30a bitarte 12.000 eurokoa izanen da. Doktorego aurreko laguntza hilabeteka ordainduko da: 1.000 euro (mila euro) hilabetea iragandakoan, esleipen hartzailearendako bankuko transferentziaren bidez.
4._Eskatzaileen betebeharrak.
Prestakuntza bekak hartzen ahalko dituzte, soil-soilik, ondoren azaltzen diren baldintza guztiak betetzen dituzten pertsona fisikoek:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdiaren eguna baino urte bat lehenagotik gutxienez.
c) Espainiako herritarra izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa. Dena den, Espainiako nazionalitatea ez dutenek gaztelaniaz behar adina badakitela frogatu beharko dute.
d) Jarduteko gaitasun osoa izatea eta Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomoen laguntza eta dirulaguntza publikoak jasotzeko desgaitua ez egotea.
e) Unibertsitateko lizentziatu titulu ofizialaren jabe izatea edo goi mailako ingeniariarena (karrera bukaerako proiektua barne), espainiar agintariek emana edo homologatua.
f) Tituluak atzerrian edo estatuz kanpoko zentro espainiarretan lortuak dituztenek egiaztatu beharko dute, agiri bidez, lizentziatu/goi mailako ingeniari tituluak (atzerrian edo estatuz kanpoko zentro espainiarretan lortutako karrera bukaerakoari dagokiona barne) ofizialki homologatuak edo onartuak daudela, deialdian parte hartu baino lehen.
Batzordeak laguntza eman dadin erabakitzen ahalko du, lizentziatu edo goi mailako ingeniari titulua oraindik homologatua egon gabe ere, honako baldintza hauek, aldi berean, betetzen badira:
f.1) Interesatuak tituluaren homologazioa eskatu badu laguntza honetarako eskaera aurkezteko epea bukatu baino lehen.
f.2) Espainiako unibertsitate bateko doktoretza programetan onartua izan bada, doktorego tesiaren proiektua egiteko.
f.3) Nolanahi dela, bekaduna beharturik dago batzordeari berehala jakinaraztera prozedurari buruz emandako ebazpena. Baliozkotu edo homologatzeko eskaera ukatuz gero, besterik gabe galduko dira bekadun izaera eta hari atxikitako eskubide guztiak, eta, ondorioz, jasotako laguntza itzultzen hasi beharko da, halakorik izan bada.
g) Eskatutako titulu hori prestakuntza bekarako deialdia egin aurreko hiru urteen barrenean eskuratua izatea.
h) Bekaren prestakuntza jardueran aritzea galaraz dezakeen ezgaitasun fisikorik edo bestelako gaixotasunik ez izatea.
5._Aurkezteko epea eta lekua.
Eskaera eta agiriak Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Erregistroan (Arrieta kalea, 25, 31002 Iruña) aurkeztuko dira edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38.4 artikuluan aipatzen diren tokietako edozein erabiliz, deialdi honetako II. eranskinean heldu den ereduaren araberako eskabidea betez, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Eskabidearekin batera dokumentazio hau ere aurkeztu beharko da:
_1. agiria:
Laguntza edukiko den denboran egin beharreko ikerketa proiektuari buruzko memoria bat, gehienez 1.500 hitzekoa. Bertan aipatu beharko dira proiektuaren justifikazioaren arrazoi zehatza eta aurrekariak, helburu zientifikoak, lan hipotesiak, jarraitu beharreko metodologia, denbora plangintzaren eskema bat, non jarriko baitira hasteko eta bukatzeko egunak eta erabiliko den denbora, ikerketa proiektua egin gogo den zentroko instalazioen sarrera eta gastuen aurrekontua eta dagokion bibliografia.
_2. agiria:
Lizentziatu edo ingeniari titulua eskuratu izanaren egiaztagiria. Lizentziatu/goi mailako ingeniari tituluak atzerrian lortu badira, haien homologazioa behar bezala kreditatu beharko da edo, bestela, atzerriko unibertsitate batean tesi proiektua onartzeko eta homologatzeko eskaerari buruzko xehetasunak, aurreko oinarrian (e puntua) ezarritakoaren arabera.
_3. agiria:
Ikasketen ziurtagiriaren fotokopia konpultsatua, non zehazki agertuko baitira irakasgai guztien kalifikazioak eta zein datatan lortu ziren. Berritutako ikasketa planen kasuan, aipatu beharko da dagozkien kredituen kopurua. Ziurtagirian jarri beharko du egindako irakasgai eta kredituen baturak lizentziaturaren balioa duela edo haren baliokidearena, eta eskatzaileak hirugarren zikloko ikasketetan hasteko behar den gaitasuna baduela.
Ikasketen ziurtagirian jartzen ez badu lortutako batez besteko nota, arestian zehaztu den moduan, harekin batera ikasketen espedienteko batez besteko notaren zinpeko aitorpena aurkeztu beharko da.
Ikasketak atzerrian egin dituzten eskatzaileen ikasketen ziurtagiria gaztelaniaz besteko hizkuntzaren batean emana badago, hari dagokion itzulpen ofiziala ere aurkeztu beharko da. Kasu guztietan, ziurtagirian jarri beharko da zein diren gehieneko eta gutxieneko kalifikazioak, dagokien ebaluazio sistemaren barrenean, bai eta, halaber, gainditzeko behar den gutxieneko kalifikazioa ere.
_4. agiria:
Eskatzaileek azken 5 urteetan egindako argitalpen edo lan zientifiko aipagarrienen fotokopia.
_5. agiria:
Eskatzailearen nortasun agiriaren fotokopia edo baliokidearena, Europar Batasuneko herrialdeetako herritarren kasuan; beste herrialde batzuetako eskatzaileek egoiliar txartela aurkeztu beharko dute nahitaez.
_6. agiria:
Eskatzailearen aitorpena, Espainiako nahiz atzerriko beste administrazio edo entitate publiko batzuei helburu bererako laguntza eskatu baina bat ere jaso ez dela aipatzen duena, halakorik izan bada.
_7. agiria:
Curriculum vitaea, bi orrialdekoa gehienez ere.
6._Zuzentzeko epea.
6.1. Epearen barrenean aurkeztutako eskabideak aurreko zenbakietan finkatutako baldintzak betetzen ez baditu, organo eskudunak interesatuari eskatuko dio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko dio ezen, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera horren berri emanen zaiola.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko dokumentuak aurkeztu ez badira, ezin izanen da hori zuzendu.
6.2. Prestakuntza bekak jasotzeko eskabidea aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren arauak onartzea.
7._Ebazpena.
7.1. Laguntzaren deialdiaren ebazpena Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuaren zuzendari kudeatzaileak emanen du eskabideak aurkezteko epea amaitu eta 2 hilabeteko epean, gehienez ere.
7.2. Emandako laguntzaren araubidea eta publizitatea. Ebazpena interesatuei jakinaraziko zaie eta jendaurrean jarriko da KAIMZen iragarki oholean.
7.3. Prozedura ebazteko bi hilabeteko epea bukatzen baldin bada berariazko ebazpena jakinarazi edo argitaratu gabe, eskabidea administrazioaren isiltasunaren bidez ezetsi dela ondorioztatu ahalko da.
7.4. Dirulaguntza ekitaldi ekonomiko batetik emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere dirulaguntza hartzeko.
8._Esleitzeko jarraibideak eta prozedura orokorra.
Laguntza hau Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko zuzendari kudeatzaileak adjudikatuko du, aintzat hartuz, loteslea izanen baita, honako hauek osatuko duten batzordearen proposamena:
_Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Kirol zuzendariordea.
_Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroko zuzendaria.
_KAIMZeko Ikerketa Unitate Teknikoko burua.
_KAIMZeko Laguntza Unitate Teknikoko burua.
9._Balorazioa.
Jarraian aipatzen diren hautapen irizpideak eta baremoa aplikatuko dira, gehienez ere 100 puntu bitarte:
a) Ikasketen espedientea, gehienez ere berrogei puntu balioko duena.
b) Argitalpen zientifikoak, gehienez ere hogei puntu.
c) Bekaren xede den proiektuaren interes zientifikoa, kalitatea eta bideragarritasuna, gehienez ere berrogei puntu.
Eskabideen ebaluaziorik onena egitearren, batzorde ebaluatzaileak aurkezten direnei eskatzen ahalko die, posta bidez nahiz buruz buruko elkarrizketaren bitartez, entregatutako agirietako informazioa osatu edo hobetzeko, edo beharrezkotzat jotzen duen bestelako agiri gehigarriak ekartzeko.
10._Uko egitea edo baja ematea.
Kontzesio berria jaso duen bekadunak laguntzari uko egiten badio edo haren galera gertatzen bada adjudikazioa izan den urteko lehenbiziko bost hilabeteetan, haren lekua betetzen ahalko da hasierako lehentasun zerrendan hurrengoa den izangaiarekin.
11._Jarduerak.
11.1. Bekadunen jardunlekua Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuko Nafarroako Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa (KAIMZ) izanen da. Astean hogeita hamar orduz ariko dira gehienez.
11.2. Bekadunek prestakuntzarako behar diren joan-etorriak eginen dituzte.
11.3. Bekaldiaren hilabete bakoitzeko 2,5 egun naturaleko oporraldia emanen zaie bekadunei.
11.4. Organo eskudunak prestakuntzarako bekaldia eten ahalko du onuradunaren gaixotasun edo istripuaren kasuetan, bai eta ezinbesteko arrazoiak edo behar bezala justifikatutako bestelako gorabeherak daudenean ere. Etenaldiak beharrezkotzat jotzen den denbora iraungo du eta haren ondorioak arrazoi bakoitzaren araberakoak izanen dira.
12._Dirulaguntza nola eta noiz pagatuko den.
12.1. Laguntza hilabeteka ordainduko da, hilabetea iragandakoan, eta 12.2 arauan ezarritakoa deusetan ukitu gabe, ordaintzeko ebazpena eman eta, gehienez ere, bi hilabeteko epean hasiko da.
12.2. Ordaintzeko ebazpena eman baino lehen, nahitaezkoa izanen da proiektuaren tutoreak adostasun txostena egitea.
12.3. Bekadunei ematen zaien dirua ez da soldata edo lansaritzat hartuko, dirulaguntza publikotzat baizik.
13._Bekadunaren betebeharrak.
13.1. Beka amaitu aurreko hilabetearen barrenean, interesatuak egindako jarduera eta ikerketa lanen memoria aurkeztu beharko du Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan (Kirolaren Ikerketa eta Medikuntzako Zentroa). Lan guztietan Nafarroako Gobernuaren Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuaren babesa aipatu beharko da. Egindako gastuen justifikazioa aurkeztu beharko da, ordainagiri guztien zerrenda izenduna eta bakoitzari dagokion aplikazioko zenbatekoa erantsita.
13.2. Dirulaguntzen onuradunek Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebeharretan egunean egon beharko dute; bestela, dirulaguntzen ordainketa harekiko zorrak kitatuz ere egin daiteke, halakorik badago. Dirulaguntza kobratu aurretik eta Ekonomi eta Ogasun kontseilariak zehazten duen moduan egiaztatu beharko dute Nafarroako Ogasun Publikoarekiko betebehar guztiak ordainduak dituztela.
13.3. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuak laguntza hauek eskuratzen dituzten pertsonei eskatzen ahalko die haiek egindako ikerketa proiektuaren inguruko esperientziak edo/eta hartan ikasitakoak beste profesional batzuei azal diezazkietela.
13.4. Laguntzaren xede den lan proiektuan edo programan esklusiboki aritzea.
13.5. Laguntza hau erabiltzen duen pertsonak konpromisoa hartzen du doktoretza tesia amaitu, defenditu eta doktore gradua lortzeko laguntzari dagokion epearen barrenean. Interesatuak aldez aurretik eskabide arrazoitua aurkezten badu, ebaluazio batzordeak baimena ematen ahalko du onuradunak bereganatutako betebeharrei dagozkien epeak luzatu edo moduak zabaltzeko.
13.6. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari ematea xede berarekin eskatu edo jaso diren bestelako beka edo dirulaguntzen berri.
13.7. Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuari jakinaraztea hartutako bekari espresuki uko egiten zaiola, jarduna utzi baino gutxienez ere hamabost egun natural lehenago.
13.8. Beka dela-eta eginiko jardueraren zuzeneko ondorioa den edozein argitalpenetan bekaduna dela adieraztea.
13.9. Kirolaren Azterlan, Ikerketa eta Medikuntzako Zentroaren funtzionamendu araubideari lotzea.
13.10. Eskumena duten organoek eman den bekaren inguruan egin ditzaketen egiaztapen lan guztiak onartzea.
13.11. Gizarte Segurantzaren araubidean sartzetik heldu diren eginbeharrak hartzea, arlo horretako arau estatalek ezartzen dutenari jarraikiz.
13.12. Isilpekotzat jo behar diren eta prestakuntza jardueran ezagutu diren argibide tekniko edo administratiboen gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
14._Bateraezintasuna beste dirulaguntza batzuekin.
Eskatzaileak lehendik jaso ez badu edo une honetan erabiltzen ari ez bada deialdi honetan eskaintzen direnen gisa bereko beka edo doktoretza aurreko kontraturik. Orobat, beste lan batean ez aritzea.
15._Ez-betetzeak.
Bekadunak bere gain hartutako betebehar eta eginkizunak betetzen ez baditu, haiek egiten ardurarik jartzen ez badu, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa badu edo lanak kalitate gabekoak badira, beka aldi bateko edo betiko kentzea erabakiko du organo eskudunak, dagokion administrazio unitateak proposaturik eta interesatuari entzunaldia eman ondoren; horrekin batera dotazio ekonomikoaren zati proportzionala ere galduko du, eska daitezkeen itzuleren, berandutza interesen eta ezar litezkeen zehapenen kalterik gabe, azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legeari jarraikiz.
16._Lan edo administrazio harremanik eza.
Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin harreman laborala, administratiboa edo estatutupekoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin edo haren erakunde autonomoekin, ez eta bestelako antzeko eskubiderik ere. Administrazioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekaduna bere plantillan sartzeko.
Prestakuntza bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak, dagokien departamentu edo erakunde autonomoko funtzionario edo kontratudunek gainbegiratuko dituzte, horiek izanen baitira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezin izanen dituzte funtzionario publikoen eginkizunak bete edo beretzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean Administrazio Publikoaren kide, ordezkari edo agente gisan agertu ere.
17._Luzapena.
Beste denboraldi bat gehiagorako laguntza luzatzeko eskabidea Nafarroako Kirol eta Gazteriaren Institutuan aurkeztuko da, urte bakoitzeko abenduaren 1a baino lehen.
Laguntzen luzapenak ere deialdi honetan ezarritako xedapenek arautuko dituzte.
18._Jabetza intelektuala eta industriala.
Bekaldian burututako jardueraren ondorioz bekadunak eskuratzen dituen jabetza intelektual eta industrialeko eskubideak, beroriei buruz Estatuko araudian ezarritakoaren arabera arautuko dira, eta Administrazio Publikoak ez die uko eginen legozkiokeen agiri, azterlan, ikerlan, lan, eskubide, emaitza zientifiko eta balizko asmakuntzei.
19._Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
19.1. Bekadunek, prestakuntza egiten ari direneko Administrazio Publikoarekin duten harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izanen dute zerbitzu eta bidaien arabera izaten dituzten gastuengatik funtzionarioei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
19.2. Orobat, bekadunek administrazio publikoaren kalte-ordaina jasotzeko eskubidea izanen dute, zerbitzu publikoen funtzionamenduaren ondorioz kalteak edo lesioak dituztenean, ezinbesteko kasuetan izan ezik. Administrazioaren ondare erantzukizuna administrazio bidetik eskatuko da.
20._Bekadunengatiko administrazio erantzukizuna.
Bekadunarekin harremana duen administrazio publikoa izanen da prestakuntza jardueretan bekadunak hirugarrenei sortzen dizkien kalteen erantzulea, baina administrazio horrek zilegi izanen du dolo, erru edo zabarkeria larriagatik bekadunari dagokiokeen erantzukizuna eskatzea.
21._Errekurtsoak.
Deialdi honen eta bere arauen kontra gora jotzeko errekurtsoa paratu daiteke, Nafarroako Gobernuari zuzendua, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluei jarraikiz.
Deialdi honen aplikazio egintzen kontra bidezkoa da gora jotzeko errekurtsoa aurkeztea, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean xedatutakoarekin bat.
22._Aplikatu beharreko legeria.
Foru agindu honetan aurreikusten ez den orotan, Dirulaguntzei buruzko azaroaren 9ko 11/2005 Foru Legean eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan prestakuntza bekak emateko araubide orokorra ezartzen duen apirilaren 19ko 172/2004 Foru Dekretuan xedatutakoari jarraituko zaio.
II. ERANSKINA
Eskabide eredua
Izen-deiturak: ................................. NANa: .............. jaioteguna: ............................. sorlekua (herria, probintzia): ............................., ...................... helbidea (herria, kalea, zenbakia, solairua, posta kodea): ....................................... telefonoa: ............ titulazio akademiko honen jabe: ..................... oinarritzat harturik ...../200... Foru Agindua, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, ...... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, ............. egunean
Eskatzen dut:
Kirol Zientzietan ikertzeko doktoretza aurreko laguntzen programari dagokion ikerlarien prestakuntzarako laguntzetako bat eman dakidala, honekin batera doan eskabidean aipatutako datuen arabera.
.....................(e)n, 200...(e)ko ................aren ......(e)an.
(Sinadura)
NAFARROAKO KIROL ETA GAZTERIAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.
III. ERANSKINA
Eskabide eredua (luzapena)
Izen-deiturak: ................................. NANa: .............. jaioteguna: ............................. sorlekua (herria, probintzia): ............................., ...................... helbidea (herria, kalea, zenbakia, solairua, posta kodea): .......................................... telefonoa: ............ titulazio akademiko honen jabe: ..................... oinarritzat harturik ...../200... Foru Agindua, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilariak emana, .... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratua, ............. egunean
Eskatzen dut:
Kirol Zientzietan ikertzeko doktorego aurreko laguntzen programari dagokion ikerlarien prestakuntzarako laguntza 200.... urterako luza dakidala.
.....................(e)n, 200....ko ................aren .....(e)an.
(Sinadura)
NAFARROAKO KIROL ETA GAZTERIAREN INSTITUTUKO ZUZENDARI KUDEATZAILEA.
Iragarkiaren kodea: F0612730
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
