I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
1.2.1. Kargu-uzteak, izendapenak eta bestelako egoerak
2864/2006 EBAZPENA, uztailaren 12koa, Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak emana, eskurantza batzuk Kudeaketa zuzendariordearen esku uzten dituena.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren estatutuak onetsi zituen maiatzaren 22ko 31/2006 Foru Dekretuaren 13. artikuluaren arabera, zuzendari kudeatzaileak zilegi du bere eskurantza batzuk Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendariordeen esku uztea, indarra duen legerian ezarririkoarekin bat.
Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren transferentzien bidezko ordainketa eta gastuen baimenen eta funtzionamenduaren arloetan behar den eraginkortasuna eta arintasuna lortzeko, bidezkotzat jo da arlo horietako eskurantzak Kudeaketa zuzendariordearen esku uztea, 15.000 euro egin arte.
Eskurantzak arlo honetan indarra duen legeriaren arabera utzi behar dira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 36. artikuluaren arabera alegia.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren estatutuak onetsi zituen maiatzaren 22ko 31/2006 Foru Dekretuak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuaren transferentzien bidezko ordainketa eta gastuen baimenen eta funtzionamenduaren arloetako eskurantzak Kudeaketa zuzendariordearen esku uztea, 15.000 euro egin arte.
2. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak edozein unetan eskuratzen ahalko du edozein espediente, haren gaineko ebazpena emateko.
3. Foru agindu honen bidez esleitzen diren eskurantzen ondorioz ematen diren ebazpenetan espresuki aipatuko da hala dela. Ebazpen horiek zuzendari kudeatzaileak emanikotzat hartuko dira ondorio guztietarako, eta haien kontra gora jotzeko errekurtsoa aurkezten ahalko da, Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria kontseilari igorria.
4. Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko zuzendari kudeatzaileak martxoaren 29an eman 1065/2004 Ebazpena, eskurantza batzuk Kudeaketa zuzendariordearen esku uzten dituena, indargabetzea.
5. Ebazpen hau Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuko Kudeaketa Zuzendariordetzari eta Administrazio Gaietarako Bulegoari jakinaraztea eta Nafarroako Aldizkari Ofizalean argitara dadila agintzea, behar diren ondorioak sor ditzan.
Iruñean, 2006ko uztailaren 12an._Zuzendari-kudeatzailea, Nicolás Iribas Sánchez de Boado.
Iragarkiaren kodea: F0612554