1. ALDIZKARIA - 2006ko urtarrilaren 2a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

273/2005 FORU AGINDUA, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak emana, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak irailaren 23an emandako 90/2004 Foru Agindua indarrik gabe uzten duena. Agindu horren bidez Nafarroako kooperatiba eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri ziren.

Lan eta Gizarte Aferen Ministerioak, urtarrilaren 20ko 216/2004 Aginduaren bidez, kooperatibetan eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri zituen. Agindu hori Konstituzioaren 149.1.7 artikuluan xedatutakoaren indarrez eman zen, izan ere, Konstituzioak lan arloko legeen inguruko eskumena estatuari esleitu zion, deusetan galarazi gabe lege horiek autonomia erkidegoek betearaztea. Agindu hori Konstituzio Auzitegiak interpretatu du, besteak beste, irailaren 21eko 158/2004 Epaiaren bitartez, non adierazten baita autonomia erkidegoek lan arloko araugintzan duten eskumena zerbitzuak antolatzeko barne-araudiak prestatzera mugatzen dela.

Horren ondorioz, Estatuak emandako oinarriak Nafarroako Foru Komunitatearen egoerara egokitzeko asmoz, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak irailaren 23ko 90/2004 Foru Agindua onetsi zuen, Nafarroako kooperatiba eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzen zituena. Agindu horren 1. artikuluan adierazten zen arauak 2006. abenduaren 31ra arte izanen zuela indarra.

Berriki, Lan eta Gizarte Aferen Ministerioak azaroaren 7ko 3501/2005 Agindua eman du, kooperatiba eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri dituena. Horren bitartez Lan eta Gizarte Aferen Ministerioaren 216/2004 Agindua indargabetu zuen, baita agindu berriari aurka egiten dioten maila bereko edo baxuagoko xedapen guztiak ere. Horren ondorioz, lehen aipatutako eskumen hori erabiliz, Ministerioaren 3501/2005 Aginduan ezarritako araubidearen kontra doazen 90/2004 Foru Aginduaren alderdi guztiak indargabetuta daudela ulertu behar da. Dena dela, aldaketak garrantzi handikoak direla kontuan harturik, segurtasun juridikoa bermatuko bada, komenigarria da aipatu foru agindua oso-osorik eta berariaz indargabetzea, aurrekontu-ekitaldia hasi baino lehen eta, horrenbestez, Nafarroako kooperatiba eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko 2006. urteko eskaerak aurkezteko epea ireki baino lehen.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak ematen dizkidan eskumenak erabiliz,

AGINDU DUT:

Artikulu bakarra._Indargabetzea.

Indarrik gabe uzten da Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariaren irailaren 23ko 90/2004 Foru Agindua, Nafarroako kooperatiba eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko arauak ezarri zituena.

Xedapen iragankor bakarra._Hasita dauden prozedurak.

Foru agindu hau ez zaie aplikatuko, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariak kooperatiba eta lan sozietateetan enplegua sustatu eta lehiakortasuna hobetzeko dirulaguntzak emateko arauak ezartzeko, irailaren 23an onetsi zuen Foru Aginduaren babesean eskatutako dirulaguntzen prozedurei, baldin eta foru agindu honek indarra hartzen duenerako jadanik hasita baldin badaude.

Azken xedapen bakarra._Indarra hartzea.

Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko abenduaren 1ean._Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilaria, José Javier Armendáriz Quel.

Iragarkiaren kodea: F0523923