99. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 19a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.3. BESTELAKO XEDAPENAK

2.3.5. Beste batzuk

D O N E Z T E B E

U.O.6 unitatea borondatez birzatitzeko proiektuaren hasierako onespena eta, kasua bada, behin betikoa

Doneztebeko Udalak, 2005eko uztailaren 29an egin osoko bilkuran, erabaki hau hartu zuen:

Pedro Arreguiren ekimenez, Explotaciones Forestales Aparán, S.A. enpresa ordezkatzen baitu, Doneztebeko U.O.6 unitatea borondatez birzatitzeko proiektua prestatu du Francisco Xabier Garraus Esparza arkitektoak. Elkargo ofizial eskudunak 2005eko ekainaren 22an ikus-onetsi zuen proiektua eta Udaleko arkitektoek eta idazkariak 2005eko uztailaren 4an haren gaineko txostena luzatu dute.

Horiek horrela, Hirigintzako Batzordeak 2005eko uztailaren 27an aldeko proposamena eginik eta ikusirik Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 74, 76, 167 eta 168. artikuluak, Udalbatzak, behar bezala eztabaidatu ondotik eta bertaratu guztiak ados zirela (sei), alkatearen aldeko boza barne, erabaki du:

Lehenbizikoa._Hasiera batez onestea U.O.6 unitatea borondatez birzatitzeko proiektua, Francisco Xabier Garraus Esparza arkitektoak prestatua eta 2005eko ekainaren 22an ikus-onetsia.

Bigarrena._Hogei eguneko jendaurreko epea irekitzea, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean, Udaleko ediktuen oholean eta Nafarroan argitaratutako prentsan iragarkiak jarrita.

Hirugarrena._Hasierako onespena behin betiko bihurtuko da, baldin eta jendaurreko aldian inork ez badu agiriaren aurkako alegaziorik aurkezten.

Laugarrena._Erabaki hau igortzea Pedro Arregui jaunari, Explotaciones Forestales Aparán, S.L. enpresaren ordezkaria baita. Espedientea idazkariak eginbidetuko du, behar diren ondorioetarako.

Jendaurrean egonen da hogei eguneko epean, iragarkia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik aitzina, Udaletxeko idazkaritzan, aztertu eta alegazioak aurkez daitezen; hori, Hirigintzako Kudeaketari buruzko Erregelamenduko 108. artikuluan eta abenduaren 20ko 35/2002 Legeko 168. artikuluan xedatua betetzeko.

Espresuki ohartaraztea hasiera batez onesteko erabakia, tramiteko egintza baita, ezin dela administrazio bidetik errekurritu.

Behin betiko erabakiaren aurka errekurtso hauetariko bat aurkez daiteke:

Administrazioarekiko auzi errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegi edo Salari zuzendua, bakoitza bere eskumenen esparruan, uztailaren 13ko 29/1998 Legeko 80.1 eta 101. artikuluetan xedatutakoari jarraituz, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean. Edo

Aldez aurretik eta aukeran, berraztertzeko errekurtsoa, egintza egin duen organo berari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki/ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita, edo

Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, ebazpen hau jakinarazten denetik aitzina.

Donezteben, 2005eko abuztuaren 1ean._Alkatea, sinadura ulertezina.

Iragarkiaren kodea: L0516970