91. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 1a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.1. ORDENANTZAK ETA BESTELAKO XEDAPEN OROKORRAK

ULTZAMA

Arau Subsidiarioetako Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorraren aldaketa. Behin betiko onespena

Ultzamako Udalak, 2005eko otsailaren 17ko bilkuran, erabaki zuen hasiera batez onestea Ultzamako Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorraren aldaketa, ordenantzaren 17, 54 eta 72. artikuluei idazketa berria emateko.

Onesteko erabakia 2005eko 54. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, maiatzaren 6an, eta jendaurreko epean inork ez du alegaziorik aurkeztu; hortaz, ordenantza hori behin betiko onetsi da eta osorik ematen da argitara, behar diren ondorioak izan ditzan; hori guztia, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko 6/1990 Foru Legearen 325. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Larraintzarren (Ultzama), 2005eko ekainaren 13an._Alkatea, Francisco Pérez Arregui.

ULTZAMAKO ARAU SUBSIDIARIOETAKO ERAIKUNTZARI BURUZKO ORDENANTZA OROKORRAREN ALDAKETA

Ultzamako Arau Subsidiarioetako Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorra

17. artikulua. Eraikinen gehieneko altuera.

Eraikin berrien altuera, bai eta ordezkapen eragiketen ondorioz egiten direnena ere, ez da 8,5 metro baino gehiagokoa izanen, espaloiaren sestratik hasi eta fatxadaren kanpoaldetik estalkiko forjatuarekin bat egiten duen punturaino, fatxadaren punturik zailenean neurtuta.

Altuera hori gainditu ahalko da, 10,5 metrora arte, hormapikoak eta bizkarrak bat egiten duten tokian, bi isurialdeko estalkietan.

Salbuespen gisa, dotazioren baterako Kontzejuek sustatutako eraikinetan, publikoa edo pribatua izan, Udalak gehieneko altuera gainditzeko baimena eman ahalko du, betiere hartarako arrazoi funtzionalak, estetikoak, eraikuntzakoak edo ekonomikoak frogatzen badira.

54. artikulua. Fatxadako materialak, UOR-1 guneetan.

Kanpoko itxiturek funtsean karga-hormaren itxura izanen dute. Arkupedun arkitekturaren elementuak onartu ahalko dira, karrerape, ataripe eta abarrek berezko dituztenak, aurreko irizpide orokorrarekin bat datorren moduan.

Erabiliko diren materialak izanen dira entokadura pintatuak, betiere eraikuntza multzoarekin bat datozen koloreekin pintatuak, landutako edo landu gabeko harrizko horma, adreilu zaharreko bilbadura eta hormatalak, bertako eraikin tradizionaletan agertzen den moduan.

Izkinako elementuak azpimarratu nahi direnean, hareharri horia edo Baztango gorrixka erabili ahalko da, bai eta kareharri urdina ere, betiere bailarako gainerakoen kolore eta tamaina beretsukoak. Gutxieneko neurria 15 cm izanen da. Ez dira imitaziozko materialak onartuko, ez eta plakazko estaldurak ere.

Ate eta lehioetako azpaduretan, aurreko lerroaldeko irizpide berberei jarraituko zaie. Ez dira gezurrezko zurezko burukoak onartuko.

Zokaloak izan ahalko dira zarpiatuak, bukaerako testuran tonu pixka batekin, edo harrizkoak. Harrizko plakazko estaldura jarraituak onartuko dira, inoiz ez harlauzak, bai eta bistako manposteria ere.

Salbuespen gisa, dotazioren baterako Kontzejuek sustatutako eraikinetan, publikoa edo pribatua izan, Udalak bestelako materialak erabiltzeko baimena eman ahalko du, betiere hartarako arrazoi funtzionalak, estetikoak, eraikuntzakoak edo ekonomikoak frogatzen badira.

72. artikulua. Eraikuntzaren ezaugarriak lurzoru urbanizaezinean.

Lurzoru urbanizaezinean eginen diren eraikinak bat etorriko dira ingurunearekin, Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legearen 8. artikuluan xedatutakoari jarraikiz.

Etxebizitzerako eraikinen kasuetan, lurzoru urbanizaezinean halakorik baimentzen bada, U.O.R-1 guneetako etxebizitzetarako arauak bete beharko dira, aurreko artikuluetan bildu baitira.

Nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategien eraikinek, lurzoru urbanizaezinean baimentzen diren horiek, 148/2003 Foru Dekretua bete beharko dute, abeltzaintzako instalazioek ingurumenaren aldetik bete beharreko baldintza teknikoak ezartzen baititu, bai eta ondoko baldintzak ere:

_Lurra:

Ez da baimenik emanen lurrik berdintzeko 2,5 metrotik goitiko ezpondak sortzeko bada. Finken mugen ondoko ezpondak ezin dira izan 1,5 metrotik goitikoak.

Ezponden aldapa ez da izanen % 33 baino handiagoa, behar bezala basoberritu ahal izateko.

Eustormak eraikitzeko baimena eman ahalko da haien beharra frogatzen bada. Haien altuera 2 metrotik beherakoa izanen da edo 1,5 metrotik beherakoa, lurzatien mugetatik gertu badira.

_Bolumena:

Oin angeluzuzena izanen dute nabeek, hegalkinik edo atzeraemangunerik gabe. Estalkia bi, hiru edo lau isurkinetakoa izanen da, % 30 inguruko aldapekin.

Beharrezkoa dela justifikatuz gero, elementu bereziak ezartzeko baimena eman ahalko da eraikin nagusitik kanpo, hala nola, siloak, biltontziak, transformadoreak, e.a.

_Altuera:

Baimendutako gehieneko altueraren baldintzak izanen dira Eraikuntzari buruzko ordenantza orokorrean, 17. artikuluan ezarritako berberak.

_Tamaina:

Eraikinaren azalera ekoizpen premietara egokituko da, behar bezala justifikatutako premietara betiere.

_Fatxadaren materialak:

Ondoko materialak erabil daitezke fatxadari akabera emateko: harria, entokatu pintatua, hormigoizko blokea edo hormigoi aurrefabrikatuak eta metalezko xafla aurrelakatua. Gainerako guztiak debekaturik daude.

Hormigoizko blokea edo aurrefabrikatua erabili ahalko da zokaloetarako eta metalezko xafla aurrelakatua, zokaloa goitik ixteko; hala eginez gero, kolore berekoak izanen dira zokaloa eta xafla.

Harrizko hormen kasuetan izan ezik, kolore zurikarak erabiliko dira: zuria edo zuri nabarra.

_Estalkiaren materialak:

Zeramikazko teila, txapa aurrelakatua eta fibroporlana erabil daitezke; kolore eta tonuak, berriz, gorriak.

Debeku da bestelako material edo kolorerik erabiltzea.

Lurzoru urbanizaezinean baimentzen diren gainerako eraikin motak egokitu eginen dira, ahal den neurrian egokitu ere, aurreko irizpideetara. Hala ez bada, bestelako konponbide horren egokitasuna justifikatu beharko da, batez ere inguruneari behar bezala egokitzen zaiola frogatzeko.

Eraikina non, inguru hartako tratamendu ekologikoa erantsi beharko da, eraikinek begietarako izanen duten inpaktua gutxitu ahal izateko. Horretarako, hesi berdeak paratuko dira eta behar bezala jokatuko da egin beharreko lurrerauzketa nahiz ezpondetan. Proiektu teknikoetan zehaztu beharko dira aurreko alderdiak.

Landa finketako itxiturak usadioaren araberakoak izanen dira, hots, zurezko hesolez eta hariz egindako hesiak, lurretik gehienez ere metro batera jarriak, harrizko hormatxoak eta landaresiak, zuhaiskekin osatuak.

Itxituren atakekin ere berdin jokatuko da, barrotezko sarrailak eta metalezko bastidoreak erabil daitezkeelarik. Ez da xaflarik erabiliko inon, ezta itxitura, guztiz edo puska batean, opaku bihurtuko lukeen materialik ere.

Iragarkiaren kodea: L0514743