91. ALDIZKARIA - 2005eko abuztuaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.3. Foru Aginduak

77/2005 FORU AGINDUA, uztailaren 19koa, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak emana, Nafarroako Administrazio Auzitegiko Erregistro Orokorraren bulegoan Erregistro Lagungarri bat sortzen duena.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuaren 3. artikuluan ezarritakoaren babesean, Erregistro Orokorraren bulegoan Erregistro Lagungarri bat sor dadila eskatu du, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren Idazkaritzaren menpeko erregistroa, dokumentu sartu-atera handia sortu baita aipatu auzitegian, bete behar dituen eginkizunak direla eta.

Aipatu 3. artikuluak ezartzen du, herritarrentzat idazki eta mezuak aurkeztea eta haien irteera errazagoa izan dadin, Nafarroako Gobernuko departamentuek erregistro osagarriak ezartzen ahal dituztela beren antolaketaren barnean eta beren ardurapean, gaien kopuru handiak eta haien tankerak beharrezkoa dela erakusten dutenean. Bestetik, erregistro osagarriak sortuz gero, idazpena behar duten agirien sarrera-irteeren denborazko ordena bermatu beharko da, baita erregistro bakarraren sisteman informatika bidez sartuta egotea ere.

Ondorioz, ikusirik Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eskaera eta Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuak emandako adostasun-txostena, eta Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legearen 41. artikuluak esleitzen dizkidan ahalmenez baliatuz,

AGINDU DUT:

1. Nafarroako Administrazio Auzitegiko Erregistro Orokorraren bulegoan Erregistro Lagungarri bat sortzea, haren Idazkaritzaren menpekoa eta erregistro bakarraren sisteman sartua, Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokorraren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan ezarritakoaren arabera.

2. Foru agindu honen berri ematea Nafarroako Administrazio Auzitegiari, Gobernuaren Idazkaritza Zerbitzuari, Lehendakaritza Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Tekniko Nagusiari eta Argibide eta Erregistro Bulegoari, eta Nafarroako Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, orok jakin dezan.

Iruñean, 2005eko uztailaren 19an._Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria, Javier Caballero Martínez.

Iragarkiaren kodea: F0516260