84. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

411/2005 EBAZPENA, maiatzaren 19koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Iruñeko "Thyssenkrupp Elevadores, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 55/2005).

Ikusirik Iruñeko "Thyssenkrupp Elevadores, S.A." enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua (espediente zenbakia: 55/2005), negoziazio batzordeak sinatua.

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko maiatzaren 9an sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 30 artikuluz eta 2 eranskinez (2004ko eta 2005eko lansarien taulak) osatua, enpresaren ordezkariek eta langileen delegatuak (CC.OO.) 2005eko apirilaren 6an izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Iruñeko "Thyssenkrupp Elevadores, S.A." enpresaren (kodea: 3108492) lan hitzarmen kolektiboa erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia negoziazio batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 19an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

NAFARROAKO THYSSENKRUPP ELEVADORES S.A. ENPRESAREN HITZARMEN KOLEKTIBOA 2004., 2005. ETA 2006. URTEETARAKO

1._Langileria.

Hitzarmen kolektibo honek eragina izanen du Thyssemkrupp Elevadores, S.A. enpresak Nafarroako Foru Komunitatean duen lantokian, plantillako langile guztiengan.

Dena dela, langileren batek banan-banan enpresarekin hitzarmen honetatik kanpoko baldintza ekonomikoak onartuak baditu, eginkizun bereziak izateagatik, erantzukizun mailagatik, berariazko lanbide-kualifikazioagatik, dedikazio handiagoagatik, arrazoi historiko-pertsonalengatik edo bestelako arrazoiengatik, langile horiek edota hitzarmen kolektibo honi erantsitako soldata-tauletatik kanpoko lanbide-kategoria dutenak ez dira hitzarmen honen aplikazio eremuan sartuko alderdi horiei dagokienez. Gainerakoan hitzarmen honen eraginpean egonen dira.

Banakako baldintza ekonomiko horien ondorioz, multzoan eta urteko konputuan hartuta, hitzarmen kolektibo hau aplikatuz ateratzen dena baino ordainsari handiagoa jasotzen bada, hitzarmen honetan ezarritako soldata igoera hitzarmeneko ordainsariari aplikatu beharrekoa izanen da, baina ez horren gainetik dagoenari.

2._Lurralde eremua.

Hitzarmen kolektibo honetan jasotako arauak Thyssenkrupp Elevadores, S.A.k Nafarroako Foru Komunitatean orain eta gero izan ditzakeen lantokiei aplikatuko zaizkie.

3._Iraunaldia.

Hitzarmen kolektibo hau sinatu eta berehala aplikatuko da, Nafarroako Foru Komunitateko Aldizkari Ofizialean noiz argitaratzen den kontuan hartu gabe.

2004ko urtarrilaren 1etik 2006ko abenduaren 31ra arteko indarraldia izanen du. Beraz, atzerako eragina izanen du eta ondorio guztiak 2004ko urtarrilaren 1etik hasita sortuko ditu.

Indarraldia amaitzen denean, hitzarmen kolektibo hau etenik gelditu dela ulertuko da isilbidez. Beste hitzarmen bat egin arte klausula guztiek indarrean iraunen dute, nahitaezkoak izateagatik sinatzaileen jokaera-konpromisoei buruzko ondorioak dituztenak izan ezik.

4._Hitzarmenaren zatiezintasuna eta batasuna.

Hitzarmen kolektibo hau multzo zatiezina da. Beraz, Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90.5 artikuluan emandako eskurantzak erabiliz jurisdikzio eskudunak hitzarmen kolektibo honen edukia osorik edo hein batean aldatzen badu, hitzarmen osoa indargabetuko da eta alderdiek osorik berraztertu beharko dute.

Hitzarmen honetan itundutako baldintzek multzo zatiezina osatzen dute eta, praktikan aplikatzerakoan, beren osotasunean hartuko dira.

5._Irenspena eta konpentsazioa.

Hitzarmen kolektibo honetan itundutako baldintzak, denak batera hartuta, konpentsatzen ahal dira lehenagotik edozein arrazoirengatik indarrean dauden baldintzekin.

HItzarmen kolektibo honetan jasotako ordainsarien gainean, kontzeptu guztietan edo batzuetan, aurrerantzean aldaketa ekonomikorik eragiten duten legezko xedapenek eragin praktikoa izanen dute baldin eta, urteko konputuan, hitzarmen kolektibo honen zenbatekoa hobetzen badute; bestela, hitzarmeneko xedapenek haiek irentsiko dituzte.

6._Berme pertsonala.

Langileren batek, urteko konputuan eta multzoan hartuta, hitzarmen honetan bere lanbide-kategoriako langileentzat ezarritakoak baino baldintza ekonomiko hobeak izanez gero, errespetatu eginen zaizkio pertsonalki.

7._Hitzarmenaren bermea.

Hitzarmen kolektibo hau sinatu duten alderdiek, konpromiso formala hartuta, erabaki dute hitzarmen kolektibo honen indarraldian eta ondoko luzapen aldietan ez dutela beste inongo hitzarmen kolektiborako atxikimendurik eskatuko, ezta onartuko ere, edozein delarik haren aplikazio eremua.

Halaber, hitzarmen kolektibo honen indarraldian ez dira aplikatuko probintzia arteko, probintziako, eskualdeko edo tokiko beste hitzarmen batzuk, alegia, enpresa hau baino eremu zabalagoetan negoziatzen diren hitzarmenak, nahiz eta industria siderometalurgikoetan orokorrean aplikagarriak izan, edo kasuan kasuko aplikazio lurraldea duten enpresa hitzarmenak.

8._Lanaren antolamendua.

Langileen Estatutuaren Testu Bategina onesten duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 20. artikuluan xedatutakoaren arabera, lana antolatzeko ahalmena eta ardura enpresako zuzendaritzari dagozkio.

9._Lanaldia.

Xedapen orokorren bidez ezar daitekeen lanaldia gorabehera, berariaz itundu da hitzarmen kolektibo honen hiru urteko indarraldian hauxe izanen dela urteko lanaldia, benetako lan-denboran neurtua:

_2004. urtea: 1.735 ordu.

_2005. urtea: 1.735 ordu.

_2006. urtea: 1.727 ordu.

Benetako lanordu guztiak urteko egutegi itundu eta konpentsatuen arabera banatuko dira. Urtero egutegi horiek iragarki oholean jarriko dira, hitzarmen kolektibo honen eraginpeko lantokietan.

Muntaketa lanak egiten dituzten langileak, zein obratan ari diren hango ordutegira moldatuko dira. Nolanahi ere, hitzarmen kolektibo honetan ezarritako urteko lanorduak egin beharko dituzte.

10._Ordutegiak.

Alderdiek hiru ordutegi egitea erabaki dute, eta lanaldia urtean zehar modu irregularrean banatzea. Legez ezarritako eguneko eta asteko atsedenaldiak errespetatuko dira betiere.

Ordutegi hauek eginen dira:

1. ordutegia, "lanaldi zatitua"

_Astelehenetik ostiralera: 8:30 -13:30 / 15:30 -18:30

2. ordutegia, "goizeko edo arratsaldeko ordutegi finkoak"

_Astelehenetik igandera: 6:00 -14:00

_Astelehenetik igandera: 14:00 -22:00

Langileek "2. ordutegi" hori borondatezkoa izanen dute, baldin eta lan kontratuan astelehenetik igandera arteko lanaldiaren banaketa zehatza edo goizeko nahiz arratsaldeko ordutegi finkoa ezarrita ez badute.

Aldiz, ordutegi hori nahitaezkoa izanen dute baldin eta lan kontratuan astelehenetik igandera arteko lanaldiaren banaketa zehatza ezarrita badute, goizeko edo arratsaldeko ordutegi finkoarekin.

3. ordutegia, "lanaldi zatitua astelehenetik igandera"

_Astelehenetik igandera: 8:30 -13:30 / 15:30 -18:30.

Langileek "3. ordutegi" hori borondatezkoa izanen dute, baldin eta lan kontratuan astelehenetik igandera arteko lanaldiaren banaketa zehatza ezarrita ez badute.

Aldiz, ordutegi hori nahitaezkoa izanen dute baldin eta lan kontratuan astelehenetik igandera arteko lanaldiaren banaketa zehatza ezarrita badute.

11._24 orduko zerbitzua.

Bi alderdiek ongi dakite zein lehia gogorra dagoen igogailuak mantendu eta zaintzeko enpresen sektorean. Horregatik "24 orduko" zerbitzua egiten jarraitzea erabaki dute, hau da, ordutegi ofizialetik kanpo bezeroen instalazioetan gertatzen diren matxura eta larrialdiei jaramon egiteko zerbitzua.

Salmenta ondoko zerbitzuen departamentuan jardun eta hitzarmen kolektibo honen eraginpean dauden teknikari guztiek "24 orduko" zerbitzu hori eginen dute, enpresak ongi prestaturik daudela irizten dion momentutik.

Astelehenetik ostiralera, 18:30etik hurrengo eguneko 8:30era arte, "24 orduko" zerbitzuan ari den teknikariak lanerako prest eta lokalizatzeko moduan egon beharko du, deiaren zain, enpresak emanen dion sakelako telefonoaren bidez edo komunikaziorako bestelako sistemen bidez.

Larunbat, igande eta jaiegunetan, "24 orduko" zerbitzuan ari den teknikariak lokalizatzeko moduan eta lanerako prest egon beharko du 24 orduetan, deiak hartzeko zain.

Zerbitzu horretan lokalizatzeko moduan eta lanerako gertu egoteagatik, astean 240 euro ordainduko dira teknikariak gehienez 8 larrialdi konpontzen baditu. Bederatzigarrenetik aurrera 19,20 euro gehiago ordainduko dira.

Iruñerritik eta inguruetatik kanpo (15 km baino urrunago) 24 orduko zerbitzua egiteko deiak jasotzen direnean, konponketa egiteko behar den denbora ordainduko da orduka, lan bereziak ordaintzeko ezarritako prezioan.

24 orduko zerbitzurako lokalizazioa Tuteran izanez gero, 24 orduko zerbitzua Iruñetik egiten duen teknikariari astean 28 euro ordainduko zaizkio, eta 24 orduko Tuterako teknikariari astean 48 euro ordainduko zaizkio. Bi kasuetan ere, matxura edo larrialdia konpontzen emandako orduak ordainduko dira, enpresak lan bereziak ordaintzeko ezarritako orduko prezioan.

24 orduko zerbitzurako lokalizazioa Tafallan izanez gero, 35 euro konpontzen den kasu bakoitzeko, eta arazoa konpontzen emandako bigarren ordutik aurrera, enpresak lan bereziak ordaintzeko ezarritako prezioa ordainduko da orduka.

Larunbat goizetan (8:30etik 13:30era) 24 orduko Iruñeko teknikaria Iruñerritik kanpora joateko deitzen dutenean, honela ordainduko zaio:

a) Lehenbiziko 8 deietan, lanaldia amaitutakoan, hau da, 13:30etik aurrera egiten duen lana orduka ordainduko zaio lan berezien prezioan (destajuko lanak).

b) Bederatzigarren deitik aurrera 19,20 euro ordainduko zaizkio, gehi joan-etorrietan egindako denbora, lan berezietarako (destajuko lanak) finkatutako prezioan.

Instalazioan igogailu bat baino gehiago izanik (adibidez, merkataritza guneetan, aisialdiko guneetan eta abarretan) guztietarako balio duen ekintza sinplea egin beharra badago (adibidez, reset egitea edo argindarraren etengailuak sakatzea), dei bakarra egin dela ulertuko da. Ekintza sinpleez gain bestelako jarduketak egin behar direnean, aparatu bakoitzeko dei bat jaso dela ulertuko da.

"24 ordu" zerbitzua zabalik dagoen bitartean gertatzen diren matxura guztiak konpondu behar dira. Konponketa atzeratu ahalko da salbuespenez, bidezko arrazoiak egonez gero. Berandutzea behar bezala justifikatzen ez bada, enpresak zilegi izanen du konpondu gabeko deia ez ordaintzea; hala ere, dei hori kontatu eginen da ondorio guztietarako.

"24 ordu" zerbitzua zabalik dagoen bitartean gertatzen diren larrialdi guztiei erantzun behar zaie. Larrialditzat joko dira pertsonak edo gauzak arriskuan egotea, erreskatea egin behar izatea eta mugikortasun urriko pertsonei lagundu behar izatea.

Behin enpresak 22:00etara arteko ordutegia estaltzen duenean, 24 orduko zerbitzua eginen da astelehenetik ostiralera 22:00etatik hurrengo eguneko 8:30era arte, eta larunbat, igande eta jaiegunetan, berriz, 24 orduetan. Une horretatik aurrera 24 orduko zerbitzuaren konpentsazioa honakoa izanen da: 204 euro zerbitzua egiteko prest egoteagatik (lehenbiziko 10 deiak barne direla), eta 19,20 euro gehiago hamaikagarren deitik aurrera.

Zenbateko horiek ez dira aldatuko hitzarmen kolektibo honen indarraldian.

12._Urteko oporrak

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek urtean 30 egun naturaleko oporrak izanen dituzte. Opor egun horiek uztailaren 1etik hurrengo urteko ekainaren 30era bitartean sorraraziko dira. Hurrengo sorrarazpen-aldian hartu beharko dira. Aldi horretan zehar lanpostua uzten duten langileek dagokien zati proportzionala hartuko dute.

Langileak eta enpresa ados jarrita hartuko dira oporrak.

Behin oporraldia esleiturik, balizko aldaketak langile bakoitzarekin itundu beharko dira, eta bidezkoa izanez gero, kalte eta galeren ordaina ezarriko da.

13._Baimen ordainduak

Lizentzia eta baimen ordaindu hauek ezarri dira:

1._Langilearen ezkontzagatik, 18 egun natural; lizentzia hori oporrei batu ahalko zaie, batera egokitzen badira.

2._Seme-alaben jaiotzagatik, 4 egun natural; jaiotzatik aurrera 2 egun natural hartuko dira eta langileak aukeratuko du noiz hartu beste 2 egunak, jaiotzatik hasita 15 eguneko epearen barnean.

3._Ezkontidearen heriotzagatik, 7 egun natural.

4._Ezkontidearen eritasun ez larriagatik, ospitaleratu beharra badakar, erditzea salbuetsita: 2 egun natural.

5._Ezkontidearen edo bigarren gradurainoko odol edo ezkontza ahaideen eritasun larriagatik edo ebakuntzagatik, ospitaleratu beharra dakarrela egiaztatzen bada, 2 egun natural.

Ospitaleratze kasuan, egoerak irauten duen denbora guztian izanen da lizentzia hartzeko aukera, enpresak eta langileak hitzartzen dituzten egunetan.

Ezein kasutan ezin izanen dira hartu, gozamen gerokotuaren sistema honen bidez, gertaera eragilearen ondo-ondotik hartu izan balitu zegozkiokeenak baino lan egun gehiago.

6._Ahaide odolkide hauen heriotzagatik: gurasoen, seme-alaben eta anai-arreben heriotza: 3 egun natural.

7._Aitona-amonen, iloben, suhi-errainen, koinata-koinatuen eta aitaginarreba-amaginarreben heriotza: 2 egun natural.

8._Anai-arrebak, gurasoak, seme-alabak, osaba-izeba eta lehengusu-lehengusina propioak, iloba propioak eta ezkon anai-arrebak ezkontzeagatik: egun natural bat.

9._Publikoa den betebehar saihestezina betetzeko, behar-beharrezkoa den denbora.

10._Ohiko bizilekuz aldatzeko, egun natural bat.

11._Beharrezkoa den denbora, langilea Gizarte Segurantzako mediku espezialisten kontsultara joateko (medikuntza orokorreko fakultatiboak aginduta), kontsulta ordua lanekoarekin bat heldu denean; hortaz, aipatutako agindu medikoaren frogagiria aldez aurretik aurkeztu beharko du langileak enpresan. Gainerako kasuetan, gehienez ere 16 ordu urtean.

12._Behar-beharrezkoa den denbora, lekuko gisa judiziora agertzeko, epaileak deitzen badu ofizioz nahiz alderdi batek eskaturik.

13._Bederatzi hilabetetik beheitiko seme edo alabari esnea ematen dioten emakumezko langileek eskubidea dute lanetik ordu betez lekutzeko. Denbora hori bi zatitan bana dezakete. Emakumezko langileak eskubide hori ohiko lanaldiaren ordu erdiko murrizketarekin ordezka dezake, hala nahi badu, helburu berbererako. Baimen hau amak nahiz aitak hartzen ahal dute, beren nahierara, biak lanean ari badira.

Langileak zehaztuko du haurrari esnea emateko baimena zein epe eta ordutan hartuko duen, bere ohiko lanaldiaren barnean. Langileak, lanaldi arruntera itzuli behar badu, hamabost egun lehenago emanen dio horren berri enpresaburuari.

Haurrari esnea emateko baimenaren epe eta orduen zehaztapena dela-eta enpresaburuaren eta langilearen artean sortzen diren desadostasunak jurisdikzio eskudunak ebatziko ditu, Lan Prozedurari buruzko Legearen 138 bis artikuluan ezarritako prozeduraren bidez.

14._Haurdunaldiko azterketa medikoak egiteko eta erditzeko prestatzeko tekniketan trebatzeko behar-beharrezkoa den denbora, lanorduetan egin behar badira.

1. epigrafetik 10.era bitartekoetan, biak barne, aipatutako lizentziak egun naturaletarako izanen dira eta gertaera eragiletik aitzina; nahitaez aurkeztu beharko da egiaztagiria, nahiz ondoren aurkeztu.

Artikulu honetako 3, 4 eta 5. epigrafeetan "ezkontidea" aipatzen den guztietan, balio berekoa izanen da langilearekin bikotekide egonkor gisa bizi den pertsona, gutxienez urtebete lehenagotik elkarrekin bizi badira, eta betiere bizilekua duten herriko udalaren ziurtagiriaren bidez frogatzen badute.

Aipatu kasuetan, langileak hitzarmeneko oinarrizko soldata eta hitzarmenaren plusa jasoko ditu.

Lizentzia horiei, 10, 11, 12, 13 eta 14. epigrafeetan aipatutakoei izan ezik, egun natural bat edo enpresak bidezkotzat jotzen duena gehituko zaie lizentzia eskatzeko gertaerak, urruntasunagatik edo komunikazio zailtasunagatik, hala eskatzen duenean.

14._Ordaindu gabeko baimenak.

Legepeko zaintza dela-eta, langileren batek sei urtez beherako haurra edo ordaindutako lanik egiten ez duen ezindu fisiko, psikiko nahiz zentzumenezkoren bat bere kargu izanez gero, eskubidea izanen du lanaldia murrizteko, heren bat gutxienez eta erdia gehienez ere, lansaria ere hein berean murriztuta.

Artikulu honetan ezartzen den lanaldi-murrizketa langile bakoitzaren eskubidea da, norberarena, gizonezkoa izan edo emakumezkoa izan. Hala ere, pertsona bera zaintzeko eskubidea enpresako bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago.

15._Eszedentziak.

Langileek eskubidea dute hiru (3) urteko eszedentzia hartzeko, gehienez, seme-alaba bakoitza zaintzeko, norberak izandakoa edo adoptatua izan, edo etxean hartua, bai modu iraunkorrean bai adoptatu aurreko harrera-fasean. Hiru urte horiek haurra jaiotzen denetik edo, bestela, epaileen edo administrazioaren ebazpenaren egunetik aurrera kontatuko dira.

Eszedentziarako eskubidea izanen dute, halaber, adinagatik edo istripu edo eritasun baten ondorioz bere kasa bizitzeko gauza ez den eta lan ordaindurik egiten ez duen familiartekoren bat _odol-ahaidetasuneko edo ezkontza-ahaidetasuneko bigarren mailara artekoa_ zaindu behar duten langileek. Gehienez ere urtebete.

Beste subjektu eragile batek eszedentzialdi berri bat sortzen duenean, hori hastearekin bukatuko da ordura artekoa, halakorik izanez gero.

Hala ere, aipatu eszedentzietarako eskubidea enpresako bi langilek edo gehiagok izaten badute, enpresak aukera izanen du aldi berean erabili nahi den eskubidea mugatzeko, funtzionamenduarekin lotutako bidezko arrazoirik baldin badago, eta bi langileetako batek uko egin beharko dio bere eskubideari.

Goian aipatutako bi arrazoiengatik eszedentzia hartzen duten langileei lehenbiziko urtean beren lanpostua gordeko zaie. Epea akituta, gordeko zaien lanpostua lanbide talde berekoa edo kategoria baliokidekoa izanen da.

Eszedentzia idatziz eskatuko da. Enpresari eskaera aurkeztu behar zaio eszedentziaren hasiera baino 15 egun lehenago, gutxienez. Enpresak hartu izanaren agiria emanen du.

Enpresak idatziz emanen du eszedentzia.

Eszedentzia amaitu baino 15 egun lehenago langileak enpresari jakinarazi behar dio lanpostura itzultzekoa dela. Jakinarazpena idatziz eginen da eta enpresak hartu izanaren agiria eman beharko du.

Langileak lanpostura itzultzekoa dela jakinarazi ondoren, enpresak berriro onartuko du, eszedentzia hasi zenean zituen baldintza berberekin.

Nahitaez eszedentzia eman behar zaie kargu publikoan, ordezkaritza karguan edo ordezkaritzako eginkizun sindikaletan aritzeko izendatu edo hautaturiko langileei, hala eskatzen badute. Kasu horretan, kargua edo eginkizuna utzi baino hilabete lehenago jakinaraziko dute lanpostura itzultzekoak direla.

Baldin eta, aparteko inguruabarrak direla medio, jakinarazpen epe horiek laburtu beharra badago, batzorde paritarioak inguruabarrak aztertuko ditu eta epeak aldatzea bidezkoa den ala ez erabakiko du.

16._Aparteko orduak.

Unean uneko legeriak ezartzen dituen mugen barnean, langileek beren borondatez eginen dituzte aparteko orduak, salbu eta egiturazkoak edo ezinbestekoak direnak, horiek nahitaez egin beharko baitira.

Aparteko orduak egin beharra egonez gero, hitzarmen kolektibo honetako Batzorde Paritarioak ebatziko du aparteko ordu horiek egiturazkoak diren ala ez. Inguruabarrak direla-eta beharrezkoa bada, aparteko orduak eginda daudenean eginen da Batzorde Paritarioaren bilera.

Ezinbestez egindako aparteko orduak ez dira kontuan hartuko aparteko orduak kontatzerakoan, alegia, indarra duen legerian ezarritako gehieneko kopuruaren konputuan.

Ezinbestez egin beharreko aparteko orduak izanen dira, bereziki, enpresak mantentzen dituen igogailuetan harrapatuta gelditzen diren pertsonak ateratzeko ohiko lanalditik kanpo egiten direnak, aparteko ordu gisa ordaintzen badira ere.

2004. urtean, lan berezietan (destajuko lanetan) egindako orduaren balioa 13,60 euro izanen da. Hitzarmen kolektibo honen indarraldiko gainerako urteetarako, enpresak iragarki oholean jarriko du lan berezi edo destajuko lan horien balioa.

17._Dietak.

a) Dieta osoa:

Zerbitzu eginkizunetarako joan-etorriak egiten direnean ondoko dieta hauek jasoko dira:

2004. URTEA 2005. URTEA

Gosaria 2,20 euro 2,32 euro

Bazkaria 11,15 euro 11,81 euro

Afaria 10,64 euro 11,28 euro

Hotela - -

Beste batzuk 2,69 euro 2,86 euro

Guztira 26,68 euro 28,27 euro

Enpresak erreserbatu eta ordainduko du hotela, bidaiako lehenbiziko egunetik aurrera. Bestela, dieta osoa honakoa izanen da:

_2004. urtea: 74,28 euro

_2005. urtea: 78,74 euro

"Beste batzuk" kontzeptua kobratuko da baldin eta destinoko tokian gaua ematen bada.

Dieta ordaindu behar den kasuetan, "gosaria" kontzeptua kobratzeko eskubidea izanen dute lanaldiaren hasieran lanpostuan dauden langileek; bestela ez da kontzeptu hori ordainduko.

18._Bizi asegurua

Enpresak ondoko kopuru hauek ordainduko ditu, zuzenean edo aseguru polizaren bidez:

a) 13.222 euro, berezko heriotzaren kasuan

b) 23.139 euro, istripuaren ondoriozko heriotzaren kasuan

c) 26.444 euro, istripu edo eritasunaren ondoriozko erabateko baliaezintasunaren kasuan.

19._Eritasunaren edo istripuaren osagarria

Langileak eritasuna edo istripua izan eta baja hartuz gero, enpresak Gizarte Segurantzako prestazioak osatuko ditu itundutako soldataren % 100eraino (hitzarmeneko soldata gehi antzinatasun finkatua).

20._Soldatak

Akordio honen eraginpeko langileen soldata igoera honakoa izanen da:

_2004. urtea: % 4,25, finkoa.

_2005. urtea: egiazko KPIa gehi % 1,25.

_2006. urtea: egiazko KPIa gehi % 1.

Urte hasieran Gobernuak aurreikusitako KPIa aplikatuko da, eta alderik egonez gero hurrengo urtearen hasieran erregularizatuko da, egiazko KPIaren datu estatistikoak ezagutzen direnean. Urtarrilaren 1etik izanen ditu ondorioak.

Lanbide-kategoriaren araberako soldata taulak erantsi dira (I. eranskina). Barnean hartzen dituzte toxikotasuna, nekagarritasuna, arriskua eta gaueko lana, "Hitzarmeneko soldata" kontzeptuan.

21._Prima edo pizgarriak

_Salmenta ondoko zerbitzuko langileentzat

Salmenta ondoko zerbitzuaren sailari atxikitako langileentzat prima aldakorren sistema mistoa ezarri da:

Prima horiek kobratzeko baldintza hau bete beharko da aurretiaz: langile bakoitzak esleituta dituen aparatuetan egin beharreko berrikuspen guztiak egitea. Hala ere, langileak, ezin egotzi zaizkion arrazoiak direla-eta, berrikuspen guztiak egiten ez dituenean, kontuan hartu ahalko dira kasuan kasuko inguruabarrak.

Prima aldakorren batura jasoko da hileko soldaten ordainagirian (nomina).

Salmenta ondoko langileentzako primen sistema honela izanen da:

i) Lanaren kalitatearen prima aldakorra

"Lanaren kalitatearen prima aldakorra" ezarri da, gehienez 60 eurokoa. Langileen nagusiek ebaluatu eta mailakatuko dute, langile bakoitzaren lana ikusirik.

Langile bakoitzaren lana ebaluatzeko, besteak beste honakoak hartuko dira kontuan: (i) lanarekiko konpromisoa, (ii), bezeroari eskaintzen zaion zerbitzua, (iii) laneko itxura eta garbitasuna, (iv) nagusi eta lankideekin adeitsu portatzea, (v) langileak egiten duen lanaren kalitatea eta maila igo edo jaistea, (vi) langilea prest egotea enpresaren unean uneko beharrak asetzeko, (vii) langileak esleituta dituen aparatuen hileko berrikuspena ongi egitea, (viii) norbanakoaren babeserako gaiak behar bezala erabiltzea eta laneko prebentzio eta osasun arauak betetzea, (ix) laneko parteak ongi bete eta enpresari behar den epean ematea, eta abar.

Langileek lanaren kalitatearen primarako egiten dieten ebaluazioaren emaitza jakin ahalko dute, eskatuz gero.

ii) Deien prima aldakorra.

"Deien prima aldakorra" ordainduko da, langile bakoitzaren sektoreko edo esleituta dituen aparatuen parkeko deien indize edo portzentajearen arabera:

MATXUREN INDIZEA EURO/HILEKO

0,30 86,78 euro

0,20 108,46 euro

0,10 144,62 euro

0,05 217,06 euro

_Muntaketa saileko langileentzat

Muntaketan diharduten langileei ondoko errendimendu-taula honen arabera likidatuko zaie prima hori:

ERRENDIMENDUA EURO/ORDUKO

60 0,5000

61 0,5376

62 0,5752

63 0,6128

64 0,6504

65 0,6880

66 0,8384

67 0,9888

68 1,1392

69 1,2896

70 1,4400

71 1,5904

72 1,7408

73 1,8912

74 2,0416

75 2,1920

76 2,2296

77 2,2672

78 2,3048

79 2,3424

80 2,3800

Primen sistemaren bidez langileei pizgarria ematen zaie igogailuen muntaketan ahalik errendimendu onena lortzeko.

Errendimendu prima horiez gain, kalitate prima ezarri da: 60 euro hilean, gehienez.

Langileek lanaren kalitatearen primarako egiten dieten ebaluazioaren emaitza jakin ahalko dute, eskatuz gero.

Langile bakoitzaren arduradunak mailakatu eta ebaluatuko du kalitate prima hori, ondoko irizpideak kontuan harturik, besteak beste: (i) lanarekiko konpromisoa, (ii), bezeroari eskaintzen zaion zerbitzua, (iii) laneko itxura eta garbitasuna, (iv) nagusi eta lankideekin adeitsu portatzea, (v) langileak egiten duen lanaren kalitatea eta maila igo edo jaistea, (vi) langilea prest egotea enpresaren unean uneko beharrak asetzeko, eta abar.

22._Aparteko pagak

Hitzarmen kolektibo honen eraginpeko langileek urtean aparteko bi eskersari jasoko dituzte, ekainean eta abenduan. Horietako bakoitza 30 eguneko soldataren adinakoa izanen da.

Eskersari horien zenbatekoa langile bakoitzari kalkulatuko zaio kontzeptu hauek kontuan hartuta:

Hitzarmeneko soldata + Antzinatasuna

Eskersari horiek lan egindako denboraren proportzioan ordainduko dira, horietako bakoitza urteko seihileko naturalen arabera hainbanatuz.

23._Aparteko pagen osagarria

Aparteko pagen osagarria ezarri da langileentzat: 100,66 euroko osagarria haietako bakoitzean (ekainean eta abenduan).

Osagarri horretarako eskubidea izateko, altan egon behar da enpresan kobrantzaren egunean.

24._Diziplina araubidea

i) Printzipio nagusiak._Honako arauen bidez laneko giro egokia mantendu nahi da elkarbizitza ona izateko eta enpresaren ordenamendu teknikoari eta antolaketari eusteko, bai eta langileen zein enpresaren eskubide eta interesak bermatu eta defendatzeko ere.

Enpresak zilegi du langileen egintza edo ez-egite zigorgarriak zehatzea, kontratuan ezarritako lan betebeharrak betetzen ez direnean, hurrengo artikuluetan ezartzen diren hutsegiteen mailaketaren arabera betiere.

Enpresari dagokio zehapenak ezartzea, zuzendaritzarako ahalmena erabiliz, akordio honetan ezarritako moduan.

Hutsegiteengatik zehapena jartzeko, idatziz jakinaraziko zaio langileari, data eta zehapena jartzeko arrazoiak adierazita.

Enpresak hutsegite larri edo oso larriengatik ezartzen dituen zehapen guztien berri emanen die langileen legezko ordezkariei.

Zehapena ezarririk, haren datatik hirurogei egun iragan arte luzatzen ahal da bete gabe.

ii) Hutsegiteen mailaketa._Langileek eginiko hutsegiteak honela sailkatuko dira, kontuan hartuz hutsegitearen garrantzia edo helburua: arinak, larriak eta oso larriak.

iii) Hutsegite arinak._Honako hauek hutsegite arinak dira:

a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz gehienez hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea, hilabetean egun batez.

c) Lanera joanen ez dela ez jakinaraztea, aurretiaz edo, bidezkoa denean, hurrengo hogeita lau orduen barrenean, hori egiteko ezintasuna egiaztatzen denean izan ezik.

d) Zerbitzutik edo lanpostutik denbora laburrerako alde egitea funtsezko arrazoirik gabe, baldin eta horren ondorioz pertsonei edo gauzei kalte handi samarra egiten bazaie.

e) Norberaren ardurapean dauden ekipoak eta lan materiala zaindu edo mantentzeko akats arinak.

f) Enpresaren bezeroak edo hornitzaileak adeitasunez eta arretaz ez hartzea.

g) Bizilekuz edo helbidez aldatu izanaren berri ez ematea enpresari, horrek lankideei edo enpresari kalterik edo arazorik ekartzen badie.

h) Langilearen familian izandako aldaketak, Gizarte Segurantzan edo Zerga Administrazioan ondorioak izan ditzaketenak, ez jakinaraztea behar den garaian.

i) Beren eginkizunetan arauz ari diren nagusiek emandako aginduei jaramonik ez egitea, horrek pertsonei edo gauzei kalte edo arriskurik ekartzen ez badie.

j) Ohiko lanaldiaren barnean egiten diren prestakuntza ikastaro teoriko edo praktikoetara ez joatea, bidezko arrazoirik izan gabe.

k) Lankide, bezero edo hornitzaileekin eztabaida izatea lanaldi barrenean.

l) Noizean behin mozkortuta edo drogak hartuta egotea lanean.

iv) Hutsegite larriak._Honako hauek hutsegite larriak dira:

a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hiru aldiz baino gehiagotan hilabete batean, bidezko arrazoirik izan gabe.

b) Bidezko arrazoirik izan gabe lanera ez agertzea bi egunetik lau egunera, hilabete baten barnean. Aski izanen da lana behin bakarrik huts egitea, horren ondorioz lankide baten txanda nahaspilatzen bada edo enpresari kalte handi samarra sortzen bazaio.

c) Zerga kontuan edo Gizarte Segurantzan eragina izan dezaketen datuak maltzurkeriaz faltsutzea edo ez aipatzea.

d) Lanorduetan jolasean edo denbora pasa ibiltzea, behin eta berriz eta laneko martxa kaltetuz.

e) Langilearen ardura dutenen aginduei jaramonik ez egitea, horrek pertsonengan edo gauzetan ondorio larria baldin badakar.

f) Norberaren garbitasun eta txukuntasun eza, lankideengan arrazoizko arrenkura sorrarazten duenean eta enpresak aurrez ohartarazi badio, betiere.

g) Beste langile baten lekua hartu eta laneko sarrerako edo irteerako erregistroak eta kontrolak aldatzea.

h) Zabarkeriaz edo utzikeriaz aritzea lanean, zerbitzuaren kaltetan, baina, horren ondorioz, pertsonengan edo gauzetan kalte larririk sortu gabe.

i) Enpresaren baimenik gabe, lan partikularrak egitea lanorduetan, bai eta enpresako tresnak, erremintak, makinak edo ibilgailuak norberarentzako edo beste batentzako erabiltzea, lanorduetatik kanpo bada ere.

j) Hutsegite arinak berriz egitea (puntualtasun falta salbuetsita), mota desberdinetakoak izan arren, hiruhilabete baten barnean eta langileari zehapena jarri izanik.

k) Langileen sexu askatasunaren kontrako edozein eraso, hala nola ahoz zein egitez iraintzea eta pertsonen intimitatea edo duintasuna ez errespetatzea.

l) Noizean behin mozkortzea edo drogak hartzea, lanerako ondorio makurrak badakartza edo langileen segurtasuna eta osasuna arriskutan jartzen bada.

v) Hutsegite oso larriak._Honako hauek hutsegite oso larriak dira:

a) Puntualtasun falta lanera sartzean edo lanetik irtetean, hamar aldiz baino gehiagotan hilabete batean, edo hogei aldiz baino gehiagotan urtebetean.

b) Lana hiru egun jarraian huts egitea, edo bost egun tartekatutan hilabete batean.

c) Agindutako kudeaketan iruzur, leialtasun eza edo konfiantza-abusu egitea eta beste lankideei, enpresari edo edozein pertsonari ebastea edo lapurtzea enpresaren lantokietan edo, lanean ari dela, beste edozein lekutan.

d) Eritasunaren edo istripuaren itxura egitea. Langilea bajan egonik bere zein besteren kontura edozein lanetan aritzea ere hutsegitetzat joko da. Halaber hutsegite oso larritzat joko da istripuaren edo eritasunaren ondoriozko baja luzatzeko egiten den trikimailu oro.

e) Zerbitzutik edo lanpostutik alde egitea bidezko arrazoirik gabe denbora gutxirako bada ere, baldin eta horrela enpresari edo lankideei kalte handi samarra ekartzen bazaie, segurtasuna arriskuan jartzen bada edo istripuren bat eragiten bada.

f) Enpresako sekretuak, nahitaez isilpean gorde beharrekoak, haustea edo bortxatzea.

g) Enpresari bidegabeko lehia egitea zenbait ekintzaren bidez.

h) Ohiko edota itundutako errendimendua luzaroan eta nahita gutxitzea.

i) Hitzezko eta egitezko tratu txarrak ematea edo errespetu falta agertzea goragokoei edo haien senideei, baita lankideei eta enpresaren hornitzaile eta bezeroei ere.

j) Hutsegite larri bat egin ondoren, bi hilabeteren barnean gehiago egitea, mota desberdinetakoak izan arren, zehapena jaso badute.

k) Laneko edozein gaitan goragokoen esanak edo aginduak ez betetzea, horrek enpresari edo lankideei kalte nabarmena eragiten badie, salbu eta zuzendari, nagusi edo erdi mailako kargudunek agintekeriaz jarduten dutenean, legezko manuak nabarmen eta nahita urratuz eta langilearen kaltetan.

l) Sexu askatasunaren kontrako erasoak, langilea menpekoa dela aprobetxatuz egiten direnak, edo egoera pertsonala nahiz lanekoa dela-eta bereziki ahulak diren pertsonei egiten zaizkienak.

vi) Zehapenak._Hauek dira hutsegiteengatik jartzen ahal diren gehieneko zehapenak:

a) Hutsegite arinengatik: kargu-hartze idatzia.

b) Hutsegite larriengatik:

_Kargu-hartze idatzia.

_ Bi egunetik hogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

c) Hutsegite oso larriengatik:

_Kargu-hartze idatzia.

_Hogeita bat egunetik hirurogeira bitarteko enplegu-soldaten etenaldia.

_Lanetik bidaltzea.

vii) Preskripzioa._Graduaren arabera, hutsegiteak preskribatzeko epeak honakoak izanen dira:

a) Hutsegite arinak: hamar egun.

b) Hutsegite larriak: hogei egun.

c) Hutsegite oso larriak: hirurogei egun.

Hutsegiteen preskripzio epea enpresak gertaeren berri izaten duenean hasiko da kontatzen eta, betiere, gertatu eta handik sei hilabetera.

viii) Agintekeria._Zuzendari, buru edo erdi mailako kargudunek agintekeriaz jokatzen badute, enpresek hutsegite oso larritzat joko dituzte gertaera horiek eta dagokien zehapena ezarriko.

Zuzendari, nagusi edo erdi mailako kargudun batek agintekeriaz jokatu duela ulertuko da egintza arbitrarioren bat burutzen badu, legezko manuak nabarmen eta nahita urratuz eta menpekoari kalte nabarmena eginez. Behin arau-haustea egiaztaturik, enpresako zuzendaritzak zehapena ezartzeko neurririk hartzen ez badu, langile kaltetuak jakitun jarriko ditu langileen ordezkariak, eta hauek egokitzat jotzen dituzten ekintzak gauzatu ahalko dituzte.

25._Mozkinetan parte izateko eskersaria.

Mozkinetan parte izateko eskersaria jaso izan duten plantillako langileek honako formularen bidez kalkulatu beharreko kopurua kobratuko dute otsailean:

2004. URTEA

2005. URTEA

2006. URTEA

Hona formularen osagaiak:

K: hartu beharreko kopuru gordina

M: ikuskatutako mozkin garbiak

P: enpresak urte bakoitzeko irailaren 30ean Estatu osoan duen plantilla, guztira

Eskersari horretarako eskubidea izateko, altan egon behar da enpresan kobrantzaren egunean. Baldintza hori bete arren enpresan ekitaldi ekonomikoaren zati batean bakarrik altan egon diren langileek eskersariaren zati proportzionala kobratuko dute. Ekitaldi ekonomikoa urriaren 1ean hasi eta irailaren 30ean amaitzen da.

2004ko ekitaldian sortutako mozkinetan parte izateko eskersaria, salbuespen gisa, 2003ko ekitaldirako jasotakoaren adinakoa izanen da gutxienez.

Hitzarmen kolektibo honen indarraldian enpresan sartzen diren kolektiboek jaso izan dituzten mozkinen pagak edota borondatezko eskersariak, halakorik egonez gero, mozkinetan parte izateko eskersari honetan sartuta geratuko dira.

26._Azken xedapenetan lehena: Batzorde Paritarioa.

Hitzarmen honen interpretazioa dela-eta desadostasuna izanez gero, alderdiek erabaki dute Batzorde Paritarioarengana joko dela. Hauek izanen dira batzorde horretako kideak:

Enpresaren aldetik:

Aldolfo Barandalla Fernández jauna

Miguel Angel Jiménez Palacios jauna

Langileen aldetik:

Oscar Ceballos Melus jauna

Miguel Angel Roldán Bueno jauna

27._Azken xedapenetan bigarrena: Zuzenbide osagarria.

Hitzarmen kolektibo honetan berariaz arautu ez diren gaietan, Nafarroako Foru Komunitateko Industria Siderometalurgikorako hitzarmen kolektiboa, Langileen Estatutuaren Testu Bategina eta aplikagarri izan daitezkeen gainerako xedapen berezi eta orokorrak beteko dira.

28._Azken xedapenetan hirugarrena: antzinatasun saria.

Langileak enpresaren zerbitzuan 25 urte jarraian egindakoan, aparteko 3 pagaren adinako kopurua jasoko du. Aparteko paga horietako bakoitzean ordainsari kontzeptu hauek sartuko dira:

Hitzarmeneko soldata + Antzinatasun finkatua

Hitzarmen kolektibo honi atxikitako langileetatik, enpresan 1999ko ekainaren 15etik aurrera sartu direnek ez dute kontzeptu horrengatik ezer kobratzeko eskubiderik izanen, eta 2024. urtean kontzeptu hori betiko kenduko da.

29._Azken xedapenetan laugarrena: probaldia.

Probaldia ezartzea erabaki da. Teknikari tituludunentzat sei (6) hilabetekoa izanen da, eta gainerako langileentzat bi (2) hilabetekoa. Praktikaldiko kontratua egiten denean ordea, probaldia 2 hilabetekoa izanen da goi mailako tituludunentzat (lizentziatuak eta Lanbide Heziketa Arautuko goi mailako teknikariak), eta hilabetekoa erdi mailako tituludunentzat (diplomatuak eta Lanbide Heziketa Arautuko teknikariak).

Betiere, langilea aldi baterako ezintasun egoeran suertatzen bada, denbora tarte hori ez da probaldiaren barne hartuko.

30._Azken xedapenetan bosgarrena: gatazkak konpontzea.

Bi aldeek erabaki dute lan hitzarmen hau interpretatu eta aplikatzerakoan sortzen diren liskarrak konpontzeko, adiskidetze eta bitartekotza aldietan, Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren iritziaren menpe jarriko direla.

Era berean, beren konpromisoa agertu dute ahaleginak egiteko ukituriko alderdiak aipatu auzitegiaren prozedura arbitralaren esanetara jar daitezen.

Artikulu hau, beraz, alderdien atxikimendu espresua da gatazken konponbiderako arbitraje organoarekiko, eraginkortasun orokor gisa eta, ondorioz, itunak behartzen ditu enpresaburuak, ordezkari sindikalak eta langileak beren desadostasunak epaiketara jo aitzin aipatu organoaren bitartekotza eta adiskidetze prozeduretan azaltzera.

Era berean, lan hitzarmen kolektibo honen sinatzaileek beren hitza eman dute ahaleginak eginen dituztela beren aplikazio eremuko langileen eta enpresaburuen artean sor daitezkeen banakako gatazkak Nafarroako Lan Gatazkak Konpontzeko Auzitegiaren aurrean Adiskidetze, Bitartekotza eta Arbitraje prozeduren mendean borondatez eta era espresuan jar daitezen, Nafarroako Foru Komunitateko lan-gatazkak auzibidetik kanpo ebazteko Lanbide arteko Akordioaren bigarren xedapen gehigarrian adierazten diren gaietan.

Gainera, salbuespen gisa bi aldeek honakoa erabaki dute, Nafarroako ThyssenKrupp Elevadores enpresako hitzarmen kolektiboaren hurrengo negoziazioari begira: negoziazio bide guztiak agortzen badira, eta artikulu honetan gatazka kolektiboak konpontzeko ezarri den eremuan, hitzarmen kolektibo hau negoziatu behar duten alderdietako edozeinek besteari eskatu ahalko dio, gatazka kolektiboa konpontze aldera, Nafarroako Foru Komunitateko Industria Siderometalurgikoan indarra izaten duen hitzarmen kolektiboari atxikitzeko.

Sinatua: langileen ordezkariak.

Sinatua: enpresa.

I. ERANSKINA

Langileen soldata taulak 2004 - 2005 aldirako

1. mailako ofiziala A 42,46 euro 18.045,50 euro 43,84 euro 18.631,98 euro

B 40,46 euro 17.195,50 euro 41,77 euro 17.754,35 euro

C 39,68 euro 16.864,00 euro 40,97 euro 17.412,08 euro

D 38,89 euro 16.528,25 euro 40,15 euro 17.065,42 euro

2. mailako ofiziala A 38,09 euro 16.188,25 euro 39,33 euro 16.714,37 euro

B 37,32 euro 15.861,00 euro 38,53 euro 16.376,48 euro

C 36,34 euro 15.444,50 euro 37,52 euro 15.946,45 euro

3. mailako ofiziala A 36,14 euro 15.359,50 euro 37,31 euro 15.858,68 euro

B 35,46 euro 15.070,50 euro 36,61 euro 15.560,29 euro

Espezialista A 32,77 euro 13.927,25 euro 33,84 euro 14.379,89 euro

B 32,03 euro 13.612,75 euro 33,07 euro 14.055,16 euro

Enplegatuen soldata taulak 2004 eta 2005erako

1. mailako ofiziala A 1.375,00 euro 19.250,00 euro 1.419,69 euro 19.875,63 euro

B 1.253,73 euro 17.552,22 euro 1.294,48 euro 18.122,67 euro

C 1.220,00 euro 17.080,00 euro 1.259,65 euro 17.635,10 euro

2. mailako ofiziala A 1.190,00 euro 16.660,00 euro 1.228,68 euro 17.201,45 euro

B 1.128,21 euro 15.794,94 euro 1.164,88 euro 16.308,28 euro

Administrari laguntzailea A 1.112,02 euro 15.568,30 euro 1.148,16 euro 16.074,27 euro

Iragarkiaren kodea: F0513173