84. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

AKATS ZUZENKETA, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak apirilaren 14an eman 338/2005 Foru Aginduarena. Horren bidez onetsi zen Nafarroako ehiza-barrutietako ehizarako eskubidedunendako dirulaguntzen deialdia, 2005. urterako nekazaritzari egiten zaizkion kalteak saihestu eta ehizarako espezieen habitata hobetzeko.

Deialdi hori 2005eko 75.ean argitaratu zen, ekainaren 24an, 6483. orrialdetik 6485. orrialdera bitarte. Bertan akats bat egin dela oharturik, arauak ez baitatoz bat foru aginduarekin, bidezko da berriro argitaratzea, oso-osorik.

Iruñean, 2005eko ekainaren 27an.

338/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 14koa, Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilariak emana. Onesten du Nafarroako ehiza-barrutietako ehizarako eskubidedunendako dirulaguntzen deialdia, 2005. urterako nekazaritzari egiten zaizkion kalteak saihestu eta ehizarako espezieen habitata hobetzeko.

Nafarroan maiz aski gertatzen da ehizarako espezieren batek kalte egitea alorretan, bereziki basurdeak eta orkatzak, ehiza larriaren kasuan, eta untxiak, ehiza xehearenean.

Ehizarako basa faunak alorretan dituen ondorio kaltegarriak gutxitzeko eta batera haren babesa eta zainketa bermatzeko, beharrezkoa da neurriak hartzea sorturiko kalteak saihesteko eta habitata hobetzeko.

Horregatik deialdi honen xedea da batez ere nekazaritzaren arloko jardueretan ehiza espezie batzuek eragiten dituzten arriskuak gutxitzeko izanen diren ehiza jarduerak egiteko eta, ehiza bultzatzeari begira, habitatak hobetzeko jarduerak egiteko laguntza ekonomikoak ematea.

Nafarroako Foru Komunitatearen eta haren erakunde autonomen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1998 Foru Legean xedaturikoarekin bat eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren egitura organikoa ezarri zuen otsailaren 24ko 42/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu ditudan eskumenez baliatuz.

AGINDU DUT:

1. Nafarroako ehiza-barrutietako ehizarako eskubidedunendako dirulaguntzen deialdia onestea, 2005. urtean nekazaritzari egiten zaizkion kalteak saihestu eta ehizarako espezieen habitata hobetzeko, baita deialdi hau arautzen duten arauak ere.

2. Gastuak gehienez 64.000 eurokoak izanen dira eta 2005. urterako gastuen aurrekontuko "Biodibertsitatea zaintzeko elkarte eta partikularrendako dirulaguntzak" deritzon 330002 31200 7800 456300 kontusailetik finantzatuko dira.

3. Foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, behar diren ondorioak sor ditzan.

4. Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

5. Foru agindu hau igortzea Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzura, Kontrol Administratiboaren Atalera eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontu-hartzaile delegatuari, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 14an._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza kontseilaria, José Andrés Burguete Torres.

O I N A R R I A K

Lehenbizikoa._Xedea.

Dirulaguntzak ematea da deialdiaren xedea, Nafarroako ehiza-barrutietan ehiza jarduerak egin daitezen. Hona hemen dirulaguntzaren xedeko jarduerak:

_Ehiza-espezie batzuek nekazaritzan eragiten dituzten kalteak gutxitzeko jarduerak.

_Ehiza-espezieen habitata hobetzeko jarduerak.

Bigarrena._Onuradunak.

Deialdi honetako dirulaguntzen onuradun izan daitezke Nafarroako ehiza-barrutietarako eskubidedunak, legez eratuta egonez gero.

Betiere, eskatzaileek ondoko beharkizunak beteko dituzte:

a) Onetsita eta indarrean, edo berrikustaldian, izatea Ehizaren Antolamendurako Plana, basa fauna eta haren habitatak babestu eta kudeatzeari buruzko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeari egokitua.

b) Ehiztarien Tokiko Elkarteak eguneratuta edukitzea barrutirik edo horretarako eskubiderik ez duten nafar ehiztariak onartzeko betebeharrak eta baita kasu bakoitzean kobratu behar diren kuoten arlokoak ere. Halaber, Akta, Bazkide eta Kontuen liburuak eguneratuta edukitzea.

c) Barrutiaren funtzionamendua zuzena izan dadila indarrean dagoen arautegiari dagokionez.

d) Barrutia ez dadila nahitaezko batuketarako espediente ebatzi gabean egon.

e) Ingurumen zuzendari nagusiak ehizaren arloan emandako ebazpenak beteak eta betearaziak izatea, bere jarduketa eremuaren barrenean.

f) Zorrik ez izatea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekin.

Hirugarrena._Modalitateak.

A modalitatea: Kalteak saihestea.

Ehiza-espezieek laborantzan eragiten duten kaltea galarazi edo gutxitzeko jarduerak.

A.1._Laboreak babesteko hesi fisikoak.

Dirulaguntzaren xede dira hesi elektrikoak, sare-hesiak, hodi babesleak eta antzeko beste sistema batzuk.

Babestu beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), hautatu den sistema eta kaltetutako laborea jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean. Halaber, lurzatien planoa gehituko da, zein lurzati babesten diren adierazita.

Untxietatik babesteko laboreetako sare-hesiak 1,20 metro altu izanen dira, gutxienez, 20 zentimetro lurrean sartuta dutela. Sare-hesiak, justifikatutako kasuetan izan ezik, labore iraunkorretan ezarriko dira edo balio ekonomiko handikoetan, hala nola, mahastietan, olibadietan edo beste fruta-arbol batzuen alorretan, zainzuri, brokoli edo beste barazki batzuen sailetan, etab.

Basurdeen kaltetik libratzeko hesi elektrikoak, ahal dela, zenbait labore sailetan ezarriko dira aldi baterako, patata alorretan batez ere, edo betiko, oihaneko ohiko irtenbideetan. Gutxienez ere, bi harikoak izanen dira -bata lurretik 25 zentimetrotara eta bestea 50 zentimetrotara-, eta bateriez edo korronte elektrikoz hornituko da, etxabereentzat erabilitakoa halako biko intentsitatea duela.

Kanpaina honetan ez da dirulaguntzarik emanen materiala garraiatzeko, ezta hesi elektrikoak, sare-hesiak, hodi babesleak edo beste sistema batzuk ezarri eta mantentzeko ere.

A.2._Untxiak harrapatzeko tranpa kaiolak.

Untxiak harrapatzeko tranpa kaioletarako dirulaguntza emanen da, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuaren baimena bada haiek erabiltzeko.

Untxiak harrapatzeko kaiolek nahitaez prezintu zenbakidun bat eduki beharko dute, Biodibertsitatea Zaintzeko Zerbitzuak banatua.

A.3._Usain edo zapore bidez uxatzea.

Usain edo zapore bidezko produktu uxagarriak, zenbait ehiza-espezietarako eraginkor direnak. Ez da dirulaguntzarik emanen gai uxagarriak garraiatu eta kontserbatzeko eskulanerako.

A.4._Hotsen bidez uxatzea.

Karburozko edo propanozko kanoiak, basurdea uxatzeko edo beste ehiza-espezie batzuetarako sistemak, soinu bidez uxatzen dutenak.

A.5._Basurdea uxatzeko elikatze osagarria.

Elikatze osagarria, basurdeak oihanetik atera gabe egon daitezen, laboreetan sartu gabe. Ehiza sasoitik kanpo bakarrik banatuko da janaria oihaneko bide eta pistetan, 15 -30 kilogramo arto kilometro bakoitzeko, edo oihan barrenean sakabanatuta. Horrela, piztiak ez dira elikatze tokietan pilatzen eta ez dute janaria bilatzeko sena galtzen; izan ere, zenbat eta denbora gehiago igaro janaria bilatzen, orduan eta asti gutxiago dute laboreetara hurbiltzeko.

Ehiza-barrutiaren planoa gehituko zaio eskaerarekin batean aurkeztuko den txostenari, bideetan edo mendian artoa non zabalduko den adierazita.

Ez da dirulaguntzarik emanen gizendegi finkoetan artoa uzteko, ehiza-barruti batzuetan basurdeen joan-etorrietan eragin dezakeelako eta haiek pilatzea bultzatu eta, zenbaitetan, populazioaren ugalketa artifiziala ekarri.

B modalitatea: Habitata hobetzea.

Ehiza-espezieen habitata hobetzeko jarduerak eta, hortaz, populazioa ugaltzeko.

B.1._Ehizarako ereintza.

Ereintza garrantzi handikoa da ehiza-espezieen habitata hobetzeko; izan ere, janaria eskaintzen du urtearen parte handienean, berdetan eta aletan. Modu egokia da landare arrotzak eta intsektuak hazteko eta, sasoi batzuetan, estalpea eta babesa ematen die animaliei. Orobat, kaltea murrizteko eginkizuna du, ehiza-espezieak haietara erakartzean ondoko laboreetako kaltea gutxitzen baita.

Jarduera hauek izanen dira dirulaguntzaren xede: lurra prestatzeko lanak, ereintza eta hazien kostua. Lurzatietan ez da uztarik bilduko. Ez da dirulaguntzarik izanen lurzatiak alokatu edo errentan hartzeko.

Laborantzan erabiltzen diren lurzatietan bakarrik ereinen da. Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak propio emandako baimena dagoenean bakarrik ereiten ahal da ehizarako larre utzitako lurretan edo berezko landaredia hazten den labore alor abandonatuetan.

Erein beharreko lurzatiak, ahal dela, han-hemenka banatuta egonen dira ehiza-barrutian, animaliak egokitu daitezen, lurraldekoitasuna errespetatu eta harrapakarien mesedeko pilaketak galarazteko. Hobe da eremu txiki frankotan ereitea lurzati handi gutxitan baino.

Lurra prestatzeko lanetan, Nafarroan ohikoak diren nekazaritzako praktika egokiak beteko dira, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak onetsitakoak.

Laborea ahalik eta naturalena eta ekologikoena izanen da, animaliak ez pozointzeko eta landareen nahiz ornogabeen dibertsitaterik handiena izan dadin. Ez da inoiz belar-pozoirik eta gai fitosanitariorik erabiliko. Ahal dela, ongarri organikoak zabalduko dira eta, kasu justifikatuetan bakarrik, lekuaren ezaugarriek ereintzaren garapena bermatuta ez dagoenean, ongarri mineralak erabili ahalko dira.

Ereintzaren dosia ohiko laboreetan erabiltzen denaren azpitik egonen da; izan ere, dentsitate handiko laboreek ez dute interesik ehizarako. Hazi ziurtatuen erabilera ez da inoiz beharko.

Erein beharreko lurzatiei buruzko datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), lurra prestatzeko metodoa, erein beharreko laboreak, lanak noiz eginen diren etab. jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio, zein lurzatitan ereinen den adierazita.

B.2._Sastraka garbitzea.

Sastraka garbitze txikiak egiteko dirulaguntzak, ehiza-espezieendako habitataren babes ahalmena handitzearren.

Sastrakaz garbitzeko lurren datu guztiak (udalerria, poligonoa, lurzatia eta jabearen izena), sastraka garbitzeko modua, lanak noiz eginen diren, etab. jasoko dira eskaerari erantsi beharreko txostenean. Orobat, lurzatien planoa gehituko zaio, zein lurzati garbituko diren adierazita.

B.3._Baltsak

Baltsa txikiak egitea edo lehendik daudenak nahiz iturriak garbitzea, ura pilatu eta ehiza-espezieek euri gutxieneko sasoietan ura izan dezaten. Lehendik dauden baltsak garbitzen direnean, parte bat garbitu gabe utziko da, ur ekosistemei loturiko landare komunitatea hondatu ez dadin.

Egin beharreko baltsen ezaugarriak (forma, neurriak, etab.), egiteko modua eta plano bat -zein tokitan eginen diren adierazita-jasoko dira eskaerari erantsiko zaion txostenean.

B.4._Askak

Aska artifizialak, nork bere erara eginak edo merkatuan diren modeloetakoak. Kanpaina honetan ez da dirulaguntzarik izanen askak garraiatzeko, ezta haiek betetzeko ere.

Laugarrena._Dirulaguntzen zenbatekoa.

Dirulaguntzen gehieneko zenbatekoa ateratzeko, onartutako inbertsioari (BEZa barne) taula honetan ezarritako portzentajeak aplikatuko zaizkio, modalitate bakoitzean:

Modalitatea: A.1._Gehieneko dirulaguntza (inbertsioaren %): Laboreak babesteko hesi fisikoak: % 50.

Modalitatea: A.2._Gehieneko dirulaguntza (inbertsioaren %): Untxiak harrapatzeko tranpa kaiolak: % 50.

Modalitatea: A.3._Gehieneko dirulaguntza (inbertsioaren %): Usainez eta zaporez uxatzea: % 40.

Modalitatea: A.4._Gehieneko dirulaguntza (inbertsioaren %): Hotsen bidez uxatzea: % 40.

Modalitatea: A.5._Gehieneko dirulaguntza (inbertsioaren %): Basurdea uxatzeko elikatze osagarria: % 40.

Modalitatea: B.1. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): Ehizarako ereintza: % 60.

Modalitatea: B.2. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): Sastraka garbitzea: % 60.

Modalitatea: B.3. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): Baltsak: % 50.

Modalitatea: B.4. Gehieneko dirulaguntza (Inbertsioaren %): Askak: % 30.

Betiere, Nafarroako ehiza-barrutietarako eskubidedunei laguntza ekonomikoak emateko, Administrazioak baliabide ekonomikoak izan beharko ditu eta kreditua aurrekontuetan, eskaeraren ebazpen administratiboa egiten denean. Horrela, inbertsioei aplikatzen zaien portzentajea, gehienez ematen ahal den kopurua adierazten duena, proportzioan murriztuko da aipatu tarte guztietan, kreditu nahikorik ez badago aurrekontuan laguntzaren xedeko eskaera guztientzat.

Bosgarrena._Laguntza emateko prozedura.

5.1._Epea.

Nafarroako ehiza-barrutietako ehizarako eskubidedunek, dirulaguntza hauek jaso nahi badituzte, eskabidea aurkeztu beharko dute Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren erregistroan (Armada etorbidea, 2; Iruña), Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38. artikuluan xedatutakoa ukatu gabe. Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik 30 egun naturaleko epean aurkeztu beharko dira eskabideak.

5.2._Aurkeztu beharreko agiriak.

a) Eskaera, eranskineko ereduaren araberakoa.

b) Txosten deskribatzailea, honako hauen ingurukoa: jarduketaren xedea, haren deskripaben laburra, non eta noiz eginen den, aurrekontua eta planoak adierazita. Lanak bereiziko dira, deialdiaren hirugarren arauan ezarritako modalitateen arabera.

c) Deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu baino lehen burututako proiektuen kasuan, edo 2004ko udazkenean erein baina iazko laguntzen deialditik kanpo direnean, gastuen faktura eta agiri guztiak erantsiko zaizkio eskaerari.

d) Transferentzia bidez ordaintzeko eskabidea, eredu ofizialean, onuradunaren IFZ zein den adieraziz. IFZren fotokopia erantsiko da.

e) Eskatzaileek eskaera hobeki azaltzeko nahi beste agiri aurkezten ahalko dituzte.

Dokumentazioak ez baditu aipatutako baldintzak betetzen, Ehiza eta Arrantza Atalak errekerimendua eginen dio interesatuari 10 egun baliodunean, gehien jota, konpondu dezan. Eskatutako dokumentazioa aurkezten ez bada, edo aurkeztuta ere osorik ez edo akatsekin aurkezten bada, espedientea behin betikoz deuseztatuko da eta, beraz, eskabidea ezesitzat joko.

Seigarrena._Laguntzak baloratu eta ematea.

6.1._Aurkeztutako eskabideak Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko batzorde tekniko batek aztertuko ditu. Hona kideak:

_Mahaiburua: Ehiza eta Arrantza Ataleko burua.

_Mahaikideak: Ehiza eta Arrantza Ataleko bi teknikari.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egoki iruditzen zaizkion argibideak eska ditzake, baita eskatzailea bera ager dadila ere, erabakia hartzeari begira lagungarria dela ikusten baldin badu.

6.2._Dirulaguntzak Ingurumen zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez eman edo ukatuko dira. Eskaera aurkeztu eta hiru hilabetean ebazpen espresurik ematen ez bada, eskaera ezetsi dela ulertuko da.

6.3._Espedienteak osatuta direla, Ingurumen, Lurraldearen Antolamentu eta Etxebizitza Departamentuak badu ahalmena teknikoki bideraezinak diren ekintzak kentzeko.

6.4._Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak egoki iruditzen zaizkion egiaztapenak eginen ditu diruz lagundutako jarduerari buruz, eta jardueraren berri ematen duten agiri guztiak aztertzeko ahalmena izanen du; halaber, eskatzailea ager dadin eskatzen ahalko du, bere erabakia hobeki oinarritzeko.

6.5._Dirulaguntzarekin batean ingurumen eta oihan arloko baimena ere ematen da, baina Administrazioari eskatu eta hark onartutako ekintzetarako bakarrik, aurkeztu eta onartutako txostenaren arabera. Ekintzaren batean aldaketarik gertatzen bada, Administrazioak baimendu beharko ditu ingurumen eta oihan arloko ondorioetarako.

Zazpigarrena._Lanak bukatzeko epea.

7.1._Egindako lanen gaineko gastuen agiriek 2005eko azaroaren 15a baino lehen egon beharko dute Ehiza eta Arrantza Atalean. Txosten bat ere beharko da, non gastuak diruz lagundutako jarduerei lotuko baitzaizkie.

7.2._Gastuen egiaztagiriak. Gastuak honela frogatzen ahal dira:

_Fakturak: jatorrizkoak edo kopia konpultsatuak izan beharko dute. Beste batzuek eginiko lanak edo materialen erosketa frogatzen dituzte.

_Zinpeko aitorpena: nork bere baliabideen bitartez eginiko lanak frogatzen dituzte; zer lan egin diren eta zenbateko kostua duten zehaztuko da.

Zortzigarrena._Ordainketa. 8.1._Ordainketa bakarra eginen da, jarduera bukatu eta gastuak behar bezalako fakturen bidez egiaztatu ondoren. Salbuespen gisa, lehenago ematen ahal zaie laguntza 2005eko ekain aurretik onetsi eta buruturiko proiektuei.

8.2._Egindako inbertsioan oinarrituta ordainduko da, fakturen bidez frogatuta dela, eta ez da inoiz hasieran emandako dirulaguntza gaindituko.

Bederatzigarrena._Betebeharrak.

9.1._Dirulaguntzaren xede den jardueraren baldintzak osorik edo partez betetzen ez badira, dirulaguntza oso-osorik itzuli beharko da, baita atzerapen-korrituak ere, dirulaguntza ordaintzen denetik hasita, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 21. artikuluan xedaturikoarekin bat.

9.2._Laguntzak jasotzen dituztenek honakoak bete beharko dituzte:

a) Diruz lagundu behar diren lanak egitea, kontzesioan onartutako baldintza teknikoei jarraikiz eta Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuko langileek eman ditzaketen jarraibideekin bat.

Debeku da ekintza baterako ematen den dirulaguntza beste ekintza baterako erabiltzea.

Ekintza baten barrenean aldaketa partzialak onar daitezke, bai proiektuan bai lanetan, betiere Ehiza eta Arrantza Atalak onetsiak badira. Nolanahi ere, ekintzarako emaniko dirulaguntza ez da handituko.

b) Informazio guztietan adieraztea jarduera edo proiektua Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuaren laguntzarekin egiten dela.

c) Proposamenaren izaeraren ondoriozko beste edozein eginbehar betetzea.

d) Foru agindu honetan ezarritako baldintza eta arau guztiak betetzea.

Hamargarrena._Bateragarritasuna beste laguntza batzuekin.

Laguntza hauek bateragarriak dira era guztietako gainerako dirulaguntzekin. Programa eta/edo jarduera baterako entitateei bi dirulaguntzaren edo gehiagoren bidez emandakoaren zenbatekoa, guztira, ez da inolaz ere kostu osoa baino handiagoa izanen.

Aurreko lerroaldean aurreikusitako ondorioetarako, onuradunak helburu horretarako beste dirulaguntzaren bat jasotzen baldin badu, Plangintza eta Laguntza Atalari jakinarazi beharko dio, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezarri zuen ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legearen 8. artikuluko 2.d) idatz-zatian xedatutakoari jarraikiz.

Hamaikagarrena._Dirulaguntzen kontrola.

Ingurumen, Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuak dirulaguntzak emateko ezarritako baldintzak betetzen diren eta aurreikusitako inbertsioak egoki burutzen diren begiratuko du. Hori helburu, bidezko ikuskapen eta egiaztapenak egin ditzake, eta laguntzen onuradunei jarduerari buruzko informazio eta egiaztagiriak aurkeztea eska diezaieke, baita haren aurrean agertzeko ere.

Hamabigarrena._Aplikazioko beste arau batzuk.

Deialdi hau Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legean xedaturikoarekin bat onetsi da. Haren edukiak zuzentzen eta osatzen du deialdi honetakoa.

Hamahirugarrena._Errekurtsoak.

Foru agindu honek ez du administrazio bidea agortzen eta espedientean interesa dutenek, administrazio publikoak izan ezik, haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahal dute, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean.

Administrazio publikoek zilegi dute administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jartzea, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean. Horrek ez du alde batera uzten Nafarroako Gobernuan aldez aurreko errekerimendua egin ahal izatea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan aurreikusitako moduan eta epean.

Epeak foru agindu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik aurrera hasiko dira.

E R A N S K I N A

Eskabide eredua

........................... jaun/andreak, NAN ............, helbidea ............ kalean duenak, ........ zenbakia, ........, pisua, ...... udalerrian, ............ telefono zenbakia, bere izenean edo ......... erakundearen izenean (ezabatu egia ez dena), IFZ..............., egoitza ............ kalean duenak, ..... zenbakian, ........ pisuan, ......... udalerrian, ............... telefono zenbakia, ......ko NA-....... matrikulako ehiza-barrutiaren eskubidedunak edo esleipen-hartzaileak (ezabatu egia ez dena), ondokoa

Honako hau azaltzen dut:

2005. urterako nekazaritzari egiten zaizkion kalteak saihestu eta ehizarako espezieen habitata hobetzeko 2005eko .......aren ..........(e)ko .......zk.ko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu den Nafarroako ehiza-barrutietarako eskubidedunendako dirulaguntzen deialdiari dagokionean, uste dut eskatzen diren beharkizunak betetzen ditudala eta deialdi horren arauak osorik onartzen ditut. Halaber, adierazten dut ez dudala jarduera bera egiteko beste dirulaguntzarik jaso eta hori zortzigarren arauan ezarri dena betez bidezkotzen dut; eskatzen den dokumentazioa aurkeztu dut eta adierazten 2005ean erantsita dagoen proiektua egin asmo dudala, guztira ............... euro egiten duena.

Horregatik, aurkeztutako proiektua finantzatzeko dirulaguntza eskatzen du.

Horrenbestez,

Eskatzen dut:

Eskabide hau onartzeko eta erantsi diren agiri guztiak hautapen bidean jartzeko.

....................., 2005eko ...........aren ............(e)an.

(Eskatzailearen, ehizarako eskubidedunaren, izenpea)

INGURUMEN ZUZENDARI NAGUSIA.

Iragarkiaren kodea: F0515133