79. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 4a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

A Z K O I E N

Deialdia, Azkoiengo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak, maiatzaren 30ean eta ekainaren 8an hartu erabakien bidez, onetsi da Azkoiengo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez eta lan-kontratu finkoarekin betetzeko deialdia, arau hauei jarraikiz:

A R A U A K

1. oinarria._Arau orokorrak.

1.1. Deialdi honen xedea da Orkoiengo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea.

1.2. Izendapenaren ondorioz hautatua gertatzen dena Azkoiengo Udaleko funtzionario bihurtuko da, ondorio guztietarako, karguaz jabetzen den egunetik hasita, eta Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta emanen zaio.

1.3. Lanpostuak D mailako lansariak izanen ditu, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutua arautzen duen Foru Legean eta 1984ko uztailaren 4ko Lansarien Behin-behineko Erregelamenduan ezarri bezala.

1.4. Lanaldia udal bulegoetako gainerako funtzionarioek duten berbera izanen da eta zerbitzuaren beharretara egokitzen ahalko da; hartara, organo eskudunek edozein unetan aldatzen ahalko dute.

1.5. Izendatua gertatzen dena udal bulegoetan ariko da lanean. Bere lan eta eginkizunak deialdiko maila eta kategoriari eta eskaturiko ikasketei dagozkienak izanen dira, eta horien artean ordenagailuak eta pantaila terminalak erabiltzea, testu-lanketak eta kontabilitate programak barne, eta, oro har, berezkoak dituen eginkizunen artetik agintzen zaizkion lan guztiak.

2. oinarria._Izangaien betebeharrak.

2.1. Proba honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

a) Espainiako nazionalitatea edo Europar Batasuneko bertze edozein estatutakoa edukitzea eta adinez nagusi izatea.

b) Gutienez, eskola graduatuko edo lehen mailako lanbide heziketako titulua edukitzea, edo horien baliokideren bat.

c) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez egotea, eta Administrazio publikoaren zerbitzutik baztertua ez izana zehapen espedientearen bitartez.

2.2. Azterketa gainditu eta lanpostua eskuratzen duen izangaiak aipatutako baldintza horiek betetzen dituela frogatu beharko du, deialdi honetako oinarrietan ezartzen diren epean eta moduan. Baldintzak bete beharko ditu, hain zuzen ere eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean, eta horien jabe beharko du izan hautapenaldiak dirauen bitartean eta izendapena egiten den arte.

3. oinarria._Eskabideak.

3.1. Deialdi honetan parte hartu ahal izateko eskabideak Udaleko erregistro orokorrean aurkeztu beharko dira, 30 egun naturaleko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita, azken eguneko 14:00ak baino lehen. Eskabideak I. eranskinean argitaratzen den ereduari beharko zaizkio lotu.

3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:

a) N.A.N.aren fotokopia konpultsatua.

b) Lehiaketaldian baliarazi nahi diren merezimenduen jatorrizko egiaztagiriak, edo, horrela egiaztatu ezin den bertzelakorik bada, tituluen, ikastaroetan parte hartu izanaren ziurtagirien eta kontuan hartzea nahi liratekeen gainerakoen kopia kautotuak.

c) Azterketarako eskubideak izateko, Udalaren kontuan 6 euro ordaindu izanaren ziurtagiria.

3.3. Ezintasuna dutenek eskabidean azaldu beharko dute zein den eta, halaber, probak egiteko denboraren zein bitartekoen aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatu ere.

3.4. Eskabideak aurkezteko ezarri den epea ezin da luzatu.

4. oinarria._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.

4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

4.2. Izangai baztertuek, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta 10 egun balioduneko epean, erreklamazioak aurkeztu eta egindako okerrak zuzentzen ahalko dituzte.

4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta erreklamazioei erantzun ondoren, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.

5. oinarria._Epaimahaia.

5.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Azkoiengo Udaleko alkatea.

Mahaiburuaren ordezkoa: Azkoiengo Udaleko zinegotzia.

1. mahaikidea: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) teknikaria.

Ordezkoa: Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioko (FNMC) teknikaria.

2. mahaikidea: -.

Ordezkoa: -.

3. mahaikidea: Azkoiengo Udaleko langileen ordezkari bat.

Ordezkoa: Azkoiengo Udaleko langileen ordezkari bat.

4. mahaikidea-idazkaria: Miguel Chivite Sesma jauna, Azkoiengo Udaleko idazkaria.

Ordezkoa: Joaquín de Carlos Pérez, Faltzesko Udaleko idazkaria.

5.2. Epaimahaia hautapen probak egiten hasi aurretik eratuko da. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ez eta jardun ere, bere kideen gehiengo osoa bederen bere hartara agertu gabe.

5.3. Bertaratutako kideen gehiengoz hartuko dira erabakiak, eta, berdinketa suertatzen bada, mahaiburuaren kalitatezko botoak erabakiko du.

5.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzeko moduaz sortzen diren arazo guztiak.

5.5. Epaimahaiak aholkulari adituak hartzen ahalko ditu, proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

6. oinarria._Oposizio-lehiaketaren hasiera eta garapena.

6.1. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko du Udalak oposizioa zein toki, egun eta ordutan hasiko den.

6.2. Lehenengo lehiaketaldia izanen da eta ondotik oposizioaldia hasiko da oinarri hauetan ezarritako moduan.

6.3. Alegatutako merezimenduen balorazioa: epaimahaiak balorazio hau III. eranskinean ageri den baremoaren arabera eginen du. Merezimenduen frogagiriak eskabidearekin batera aurkeztuko dira. Balorazioa 30 puntukoa izanen da, gehienez. Epaimahaiak lehiakideek alegatu merezimenduen gaineko azalpen eta datuak eskatzen ahalko ditu noiznahi. Izangaiak deialdia argitaratzen den egunean dituen merezimenduak eta espedientean agirien bidez frogatuak daudenak bakarrik hartuko dira kontuan. Baremoko multzo berean sartutako zerbitzuak batera egin badira, ez dira bi aldiz kontatuko. Baloratu behar den urte kopurua osoa ez bada, behar den hainbanaketa eginen da.

6.4. Lehiaketaldia bukatutakoan, epaimahaiak argitara emanen ditu Udalaren iragarki oholean lehiaketaldian izangaiek lortutako puntuazioak.

6.5. Oposizioa plika itxien sistema erabiliz eginen da eta gehienez ere 70 puntu lortzen ahalko dira.

Epaimahaiak erabakiko du proben iraupena zenbatekoa den, haiek hasi aurretik; ariketa hauek egin beharko dira:

Lehenbiziko ariketa._Idatziz erantzun beharko da II. eranskineko gaiei buruzko galdera laburrez edo test modukoez osaturiko galdetegia. Zuzen erantzundako galdera bakoitzeko 0,50 puntu emanen dira. Gaizki erantzundako galdera bakoitzeko 0,165 puntu kenduko dira. Gehieneko puntuazioa: 20 puntu. Hurrengo ariketa egin ahal izateko gutxienez 10 puntu beharko dira.

Bigarren ariketa._Bi agiri edo gehiago egin beharko dira, toki entitate bateko administrari laguntzaileek egin ohi dituztenen gisakoak. Ariketa honek, gehienez ere, 25 puntu izanen ditu. Baztertu eginen dira gutxienez 12,50 puntu lortzen ez dituzten izangaiak.

Hirugarren ariketa._Informatikako proba, zeinetan ariketa praktiko bat edo gehiago egin beharko baitira, toki administrazioan erabili ohi diren aplikazio informatikoez baliatuz. Ariketa honetan gehienez ere 25 puntu lortzen ahalko dira eta bazterturik geldituko dira 12,50 puntu eskuratzen ez dituzten izangaiak.

6.6. Ariketa bakoitza zuzendu ondotik, epaimahaiak Udaleko iragarki oholean jarriko du izangaien zerrenda, bakoitzak lortu dituen puntuekin.

6.7. Ariketa bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek aldean nortasun agiri nazionala eraman beharko dute.

6.8. Hautapen probak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean horren eskaera egiten duten ezinduendako. Epaimahaiak ezinduei beren egoera froga dezaten eskatzen ahalko die, organo eskudunak luzatutako ziurtagiria, alegia.

7. oinarria._Probak gainditzen dituztenen zerrenda eta agirien aurkezpena.

7.1. Ariketa bakoitzaren kalifikazioa bukatu eta plikak jendaurrean ireki ondotik, epaimahaiak probak gainditu dituzten izangaien zerrenda jarriko du Udaleko iragarki oholean eta, orobat, hurrengo ariketa egiteko eguna, tokia eta ordua zehaztuko ditu.

7.2. Proba bakoitzerako deialdi bakarra eginen da eta izangaiek nortasun agiri nazionala aldean dutela agertu beharko dute eta, hala eskatzen bazaie, erakutsi egin beharko dute; bertzenaz, kanporatuak edo baztertuak gertatuko dira, salbu eta zuzenbidean onarturiko beste moduren batean nortasuna kreditatzen badute egintza horretan bertan.

7.3. Azkeneko kalifikazioa lortzeko oposizio-lehiaketako puntuazio guztiak batuko dira.

7.4. Azken ariketaren kalifikazioa amaiturik, epaimahaiak jendaurrera aterako du, Udaleko iragarki oholean, gainditu dutenen zerrenda, lortutako puntuazioaren arabera ordenatuta, eta puntu gehien lortu duen izangaia izendatzeko proposamena eginen dio Udalari. Proposamen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

7.5. Izendapen proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta 30 egun naturaleko epearen barrenean, proposatutako izangaiak honako agiri hauek aurkeztu beharko ditu Udalean:

a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.

b) Eskatutako titulazioaren fotokopia konpultsatua.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Osasun ziurtagiria, karguaren eginkizunak betetzea galarazten dion eritasun edo akats fisikorik ez duela frogatzen duena.

e) Lehiaketaldian esperientziagatik eskuratutako puntuen egiaztagiriak, Gizarte Segurantzaren ziurtagiriez, kotizazio buletinez edo bertze edozein agiriz baliatuz.

7.6. Aipatu epean eta ongi frogatutako ezinbertzeko kasuetan izan ezik, agiri horiek aurkezten ez dituztenak edo aitzineko lerroaldeko e) ataleko merezimenduak modu frogagarrian egiaztatzen ez dituztenak ezin izanen dira izendatuak izan eta baliorik gabe geldituko dira haien jarduketa guztiak, deialdian parte hartzeko eskabidean egin faltsukeriagatik etor lekiekeen erantzukina deusetan galarazi gabe.

7.7. Arestiko atalean azaldutakoa gertatuz gero, 7.4 oinarriak aipatzen duen zerrendan ondotik heldu den izangaiak beteko luke utzitako hutsunea eta horrekin ere aurreko ataletako prozedura bera erabiliko litzateke.

8. oinarria._Izendapena eta jabetza hartzea.

8.1. Hautapen prozesua akiturik, eta izangaiek 7.5 oinarrian aipatutako agiriak aurkeztu ondotik, alkateak, ebazpen bidez, proposatutako izangaia Azkoiengo Udaleko funtzionario izendatuko du, administrari laguntzaile gisa aritzeko.

8.2. Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

8.3. Izendatutako izangaiak lanpostuaz jabetu beharko du, izendapena jakinarazi eta hilabeteko epearen barrenean. Epe horretan, eta aski arrazoituriko kasuak izan ezik, lanpostuaren jabetza hartzen ez badu, Azkoiengo Udaleko administrari laguntzaile izateko eskubide guztiak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, 7,7 oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.

9. oinarria._Errekurtsoak.

Deialdiaren, oinarrien eta horiengatik eta hautapen organoen jarduketengatik etorritako egintza administratiboen kontra, errekurtso hauek paratzen ahalko dira, aukeran:

a) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Berraztertzeko errekurtsoa, aukerakoa, egintza honen organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, erabaki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Azkoienen, 2005eko ekainaren 8an._Alkate udalburua, Sagrario Guinduláin Guerendiáin.

I. ERANSKINA

Eskabide eredua

Izena: ............................, adinez nagusi; NAN zenbakia: .............; sorteguna: ................, sorlekua: ....................., bizitokia: ....................., karrika: .................., zenbakia: ................., solairua: ..............., telefonoa:............; zugana jo eta hau adierazten dut:

Azkoiengo Udaleko administrari laguntzaile izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dudala.

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Badudala deialdiko 2. oinarrian adierazten den titulazioa.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti-guztiak betetzen ditudala.

Ezintasuna dudala eta, beraz, eransten den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik: .....................

Ez dudala minusbaliotasunik.

Horrenbertzez:

Eskabide hau onartu eta, ondorioz, Azkoiengo Udaleko administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian onartua izatea eskatzen dut.

Azkoienen, 2005eko .......aren .....(e)an.

II. ERANSKINA

1. gaia._Espainiako 1978ko Konstituzioa. Egitura eta edukia. Printzipio orokorrak.

2. gaia._Nafarroako Toki Administrazioa. 6/1990 Foru Legea, uztailaren 2koa, Toki Administrazioari buruzkoa.

3. gaia._Tokiko ordenantza eta erregelamenduak.

4. gaia._Udaleko gobernu organoak. Alkatea. Osoko bilkura: Osaera eta eginkizunak. Zinegotzien hautaketa. Gobernu batzordea eta alkateordeak. Organo osagarriak.

5. gaia_Bilkurak eta udal erabakiak. Aktak. Erabakien argitalpenak, jakinarazpenak, komunikazioak eta ziurtagiriak. Agirien erregistroa.

6. gaia._Udalaren aurrekontuak eta kontuak: kontzeptua, printzipioak, onespena eta tramitazioa. Aurrekontuaren exekuzioa eta likidazioa.

7. gaia._Nafarroako Toki Ogasunei buruzko martxoaren 10eko 2/1995 Foru Legea.

8. gaia._Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko 35/2002 Foru Legea, abenduaren 20koa. Planeamendurako tresnak. Hirigintzako betearazpen tresnak. Hirigintzako lizentziak.

9. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Kontratuei buruzko ekainaren 16ko 10/1998 Foru Legea.

10. gaia._Administrazio prozedura: hasiera, antolamendua, instrukzioa eta bukaera. Zehapen prozedura. Administrazio egintzen berrikuspena.

11. gaia._Hirilurren eta landalurren eta jarduera ekonomikoen erregistroen kudeaketa eta mantentze lanak.

12. gaia._Biztanleen udal erroldaren kudeaketa.

13. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina (abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretua). Edukia eta egitura.

14. gaia._339/1990 Legegintzako Errege Dekretua, martxoaren 2koa, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu artikuluduna onesten duena.

15. gaia._Informatikako oinarrizko kontzeptuak. Hardware, Software, MS-DOS sistema. Windows. Word testu-lanketa. Excel kalkulu-orria. Access datu-basea. Internet eta posta elektronikoa.

III. ERANSKINA

1._Ikasketa tituluak:

a) Goi mailako titulu akademikoak: 5 puntu. Erdi mailako titulazio akademikoak: 4 puntu. Titulaciones F.P. II o similares: 1 puntu. Atal honetan gehienez ere 5 puntu lortzen ahalko dira.

b) Administrari laguntzailearen lanpostuan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko bi puntu, eta gehienez ere 10 puntu. Egindako urteak osoak ez badira proportzioan kontatuko dira.

c) Lanpostuaren betekizunei loturik dauden gaiei buruzko prestakuntza eta sakontze ikastaroetan parte hartu izanaren titulu-egiaztagiri bakoitzeko:

_100 ordu edo gehiagoko ikastaro bakoitzeko: 5 puntu ikastaro bakoitza.

_30 ordutik 99ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: 3 puntu ikastaro bakoitza.

_10 ordutik 29ra bitarteko ikastaro bakoitzeko: puntu 1 ikastaro bakoitzeko.

_Gehienez ere 7 puntu emanen dira, osotara, ikastaroengatik.

Merezimendu gisa alegatu eta baremoaren barrenean balorazio zehatza duten titulu akademikoak lortzeko beharrezkoak diren maila apalagoko tituluak ez dira baloratuko. Orobat, ez da baloratuko deialdian parte hartzeko ezinbertzeko baldintza den titulua.

Lehiaketaldian gehienez ere 30 puntu lortzen ahalko dira.

Iragarkiaren kodea: L0514145