79. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

91/2005 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusiak emana, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmenaren testua onesten duena, "Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen V. edizioa, 2005" egin dadin.

Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendariak txosten bat aurkeztu du Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak 2005eko otsailaren 22an izenpetutako eta Hezkuntza kontseilariaren egun bereko 35/2005 Foru Aginduaren bidez onetsitako hitzarmenari buruz (648 zenbakiko kontabilitate espedientea); "Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen V. edizioa, 2005" egiteko izenpetu zen hitzarmen hori. Halaber, aipatu hitzarmena garatzeko, zerbitzu horrek proposatu du lankidetza hitzarmen berariazko bat izenpetu dezatela Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 22.1 d) artikuluaren bidez eskuratu ditudan eskurantzen arabera eta "Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen V. edizioa, 2005" egiteko Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak izenpeturiko Lankidetza Hitzarmena onesteko Hezkuntza kontseilariak otsailaren 22an eman zuen 35/2005 Foru Aginduko 3. puntuan xedaturikoarekin bat.

EBATZI DUT:

1. 2005. urtean Nafarroako Unibertsitateen V. Udako Ikastaroak egiteari buruz Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak izenpeturiko Lankidetza Hitzarmenaren testua onestea. Hitzarmena ebazpen honi erantsi zaio.

2. Gastuak, 6.000 euro bitarte, 2005eko aurrekontuko 430000- 43000-4810-322302 kontusailaren kargura finantzatuko dira ("Nafarroako Unibertsitateen eta beste erakunde batzuen Udako Ikastaroak"). Kopuru hori aipatu foru aginduan baimendutako guztirako zenbatekoaren barruan dago.

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoari (IFZ Q3150012-G) gastuak ordaintzea, behar diren frogagiriak aurkeztu ondoren.

4. Ebazpen hau eta Lankidetza Hitzarmenaren testua Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

5. Ebazpen hau eta Lankidetza Hitzarmenaren testua igortzea Nafarroako Unibertsitate Publikoari, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Hezkuntza Departamentuan duen kontu-hartzaile delegatuari, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiari, Hezkuntza eta Kultura Departamentuko Idazkaritza Teknikoari, Unibertsitateko Irakaskuntza, Hedapen eta Ikerketa Zerbitzuari, Aurrekontu eta Kudeaketa Ekonomikoaren Atalari, Unibertsitateko Hedapen Atalari, Administrazio Orokorreko Bulegoari eta Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 26an._Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia, Pedro Pegenaute Garde.

E R A N S K I N A

Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiaren eta Nafarroako Unibertsitate Publikoaren arteko Lankidetza Hitzarmena, "Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen V. edizioan, 2005" egin gogo diren jarduerei buruz

Iruñean, 2005eko maiatzaren 19an.

BILDURIK:

Alde batetik, Pedro Pegenaute Garde jauna, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

_Eta bestetik, José Luis Iriarte Angel jauna, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Europarako Konbergentzia eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea.

ADIERAZTEN DUTE:

1. Unibertsitateak eta entitate kualifikatuek izan behar dutela Nafarroako herritarren jakintzarako eta kulturarako gogoa eta jakin-mina bizitu behar dituzten erakundeak. Horrela, jakinduria zientifikoaren muina izanen dira beti, baina bilatu beharra dute, bestetik, nafar guztiak jakintza-arlo guztietara hurbiltzea, etengabeko prestakuntza izan dezaten.

2. Horretarako baliabide egokia da udako ikastaroen eskaintza. Ikastaro horiek, gai askori buruzkoak, irekiak eta dinamikoak eta parte hartzeko bidea ematen dutenak, tresna egokiak dira giza prestakuntza osoan laguntzeko. Prestakuntza osoak, bestaldetik, aisialdiaren eta denbora librearen kulturan du batik bat bere lekua, pertsona hobetu eta aberasteko bide ezin hobea baita.

3. Giza harremanak eta espiritua lantzeko uda garai egokia izanik, erakunde zientifiko eta kulturalen eragin kulturala eta beren zerbitzua Nafarroa osora zabaldu beharra dagoela oharturik, Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalak eta Caja Navarra Fundazioak Nafarroako Unibertsitateen eta beste erakunde batzuen Udako Ikastaroak bultzatu eta antolatzea erabaki dute lehen lau edizioetan, eta jarraitzea bosgarrena den honetan.

4. Horrela, bada, Nafarroako erakundeen ekimena da, eta lehenbiziko aldiz gure komunitatean, modu orokor eta integratzailean bete du udan beti egon den jarduera falta. Orain, berritu egin da, Udako Ikastaroen V. edizioaren bidez, Nafarroako Unibertsitatearen, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren, Iruñeko Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitatearen Zentro Elkartuaren, Tuterako Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitatearen Zentro Elkartuaren, Nafar Ateneoaren, Culturas Millenium fundazioaren (2004az geroztik) eta gero Sociedad de Estudios Históricos de Navarraren ahalegin eskuzabalari esker. Bosgarren edizio honetan, Merkataritzaren Kudeaketarako eta Marketinerako Goi Mailako Eskolak ere hartuko du parte.

5. Udako Ikastaroen V. edizioak Unibertsitate bakoitzaren helburu berariazkoak betetzea du xede, eta horiekin batera, baliabide egokia da unibertsitatea eta beste entitate kultural batzuk Nafarroako gizartera hurbiltzeko eta, aldi berean, herritarrek unibertsitateak sortzen dituen hezkuntza eta kultur ondasunak eskuratu eta iristeko. Beste alde batetik, udako jarduera hauen bitartez, Nafarroako unibertsitateek beren bokazioa berretsiko dute, alegia, irekita egotea pertsonari prestakuntza etengabea eskaintzeko, kultur aniztasunari eta herritarren kezkei erantzuteko, eta, UNESCOk dioen bezala, hezkuntzak bere-berea duen ezaugarriari eusteko, hots, "hezkuntza bizitza osoan zehar izatea" (Delors txostena, 1996).

6. Nafarroako Gobernuko Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak planteamendu orokorra eginik eta koordinazioa antolaturik, jarduera erakargarriak egin nahi dira, mota askotakoak, jende talde desberdinen gogo eta kezkak asetzeko, eta, bestetik, ezinbestean, unibertsitate bakoitzaren autonomia errespetatzeko. Esan dezagun, bada, unibertsitate eta entitate kultural bakoitzak bere jardueren eskaintza eta programazioa agertu dituela, toki bakoitzeko organoek onetsiak. Nafarroako Gobernuak beste bi finantza-entitate eta entitate bultzatzaileekin batean, hau da, Caja Navarra Fundazioarekin eta Iruñeko Udalarekin, jarduerak, datak eta tokiak hautatu eta banatuko ditu.

7. Lankidetza Hitzarmen hau izenpetzean eta ikastaroen babesle diren Nafarroako erakundeek izenpetu Itunean ezarritakoa betez, dokumentu honetan jaso dira guztion arteko proposamenaren mamia eta gertaera bultzatu duten irizpideak, erakunde guztiak parte direla. Horrela, hasierako protokoloko helburu eta jarraibide guztiak hartuko dira kontuan eta erakundeen eta entitate laguntzaileen arteko harreman eta konpromisoak sendotuko dira.

ERABAKI DUTE:

1. Nafarroako Unibertsitate Publikoak antolatutako Udako Ikastaroetan lagunduko du Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen V. edizioa, 2005eko programaren plan orokorraren arabera. Ohorezko Komiteko buru Nafarroako Gobernuko lehendakaria izanen da, Miguel Sanz Sesma jauna, Komiteko buruorde Iruñeko Udaleko alkatea, Yolanda Barcina Angulo andrea, eta bertako kide Nafarroako Unibertsitate Publikoko Europarako Konbergentzia eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea, José Luis Iriarte Angel jauna.

2. Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak ordezkari hauek izanen ditu udako ikastaroetan:

_Luis Campoy Zueco jaun txit argia, Hezkuntza kontseilaria.

_Pedro Pegenaute Garde jauna, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

_José Remigio Múgica Navarro jauna, Unibertsitateko Irakaskuntza eta Ikerketa Zerbitzuko zuzendaria.

_Pedro Antonio González Crespo jauna, Unibertsitateko Hedapen Ataleko buru eta Udako Ikastaroen V. edizioaren arduraduna (2005).

3. Nafarroako Unibertsitate Publikoak konpromisoa hartzen du Nafarroako Unibertsitateen Udako Ikastaroen V. edizioan, 2005eko Plan Orokorrean aurreikusitako jarduerak burutzeko, programa honen arabera:

Izenburua: "¿Otro mundo es posible? La globalización y sus alternativas ("Davos o Porto Alegre")".

Hilabetea: uztaila.

Egunak: 18-20

Iruña

Izenburua: "El esplendor de la Gastronomía: ¿realidad o ficción? III.

Hilabetea: uztaila.

Egunak: 18-19

Iruña

Izenburua: "El futuro del vino. Calidad y comercialización".

Hilabetea: uztaila.

Egunak: 20-22

Iruña

Izenburua: "La música como rasgo cultural del pueblo gitano. Curso internacional SABICAS sobre música gitana europea y flamenca".

Hilabetea: uztaila.

Egunak: 18-22

Iruña

Izenburua: "Universidades y Profesores ante el EEES".

Hilabetea: uztaila.

Egunak: 19-21

Iruña

4. Dokumentuz hornitutako txostena igorriko da Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusira, baita dosierra ere, egiten diren jarduera, ponentzia eta komunikazioei eta ateratzen diren azken ondorioen ebaluazioari buruz.

5. Nafarroako Unibertsitate Publikoak hartutako konpromisoen ordain gisa, Nafarroako Gobernuak 6.000 euro arteko laguntza emanen dio, aipatu jarduerak finantzatzeko. Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako Zuzendaritza Nagusiak egokia den transferentzia ekonomikoa eginen du 2005ean indarra duen aurrekontuko "Nafarroako Unibertsitateen eta beste entitate batzuen Udako Ikastaroak" 430000-43000-4810-322302 kontusailetik. Diru hori hitzartua dago Udako V. Ikastaroen orotariko finantzaketan. Finantzaketa hori Hezkuntza kontseilariak onetsi zuen, otsailaren 22ko 35/2005 Foru Aginduaren bidez.

6. Hitzarmen honetan xedaturikoa egokitasunez betetzen dela begiratzeko, Jarraipen Batzorde bat osatu da, 2005eko martxoaren 22an onetsiriko Lankidetza Hitzarmenean adierazi bezala.

Eta adostasunaren adierazgarri, Lankidetza Hitzarmen hau izenpetu dute lehentxeago esandako egunean eta tokian.

Nafarroako Gobernuaren aldetik: Pedro Pegenaute Garde jauna, Unibertsitateetarako eta Hizkuntza Politikarako zuzendari nagusia.

_Nafarroako Unibertsitate Publikoaren izenean: José Luis Iriarte Angel, Europarako Konbergentzia eta Erakundeekiko Harremanetarako errektoreordea.

Iragarkiaren kodea: F0513975