79. ALDIZKARIA - 2005eko uztailaren 4a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

80/2005 FORU DEKRETUA, maiatzaren 30ekoa, Baztango eta Zugarramurdiko udal mugapeak aldatzeko espedientea ebazten duena. Espedienteak Baztango udal mugapearen zati bat bereiztea eta Zugarramurdiko udal mugapeari atxikitzea proposatzen du.

Toki Administrazioko kontseilariak, azaroaren 17ko 3715/1986 Foru Aginduaren bidez, Baztango udal mugapearen zati bat bereizi eta Zugarramurdiko udal mugapeari atxikitzeko espedientea izapidatzeari ekin zion.

Zugarramurdiko Udalaren alkate udalburuak, 1998ko apirilaren 29an aurkeztutako idazkiaren bitartez, aurretik sustatutako bereizketarekin jarraitzea eskatu zuenez gero, Toki Administrazioko kontseilariak abenduaren 20an emandako 281/2000 Foru Aginduaren bidez (2001eko 20. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, otsailaren 12koa) , Baztango udal mugapearen zati bat bereizi eta Zugarramurdiko udal mugapeari atxikitzeko espedientea izapidatzeari berriz ekin zitzaion.

Nafarroako Gobernuak, 2002ko azaroaren 25eko bilkuran, Nafarroako Kontseiluari buruzko martxoaren 16ko 8/1999 Foru Legearen 16.1.i) artikuluarekin bat, Nafarroako Kontseiluak aginduzko irizpena egin zezala eskatzea erabaki zuen.

Nafarroako Kontseiluak, 2003ko otsailaren 3ko bilkuran, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren proiektuari buruz egindako kontsultari ez erantzutea eta proiektua itzultzea erabaki zuen, hartan jarri ziren arrazoiengatik.

Toki Administrazioko zuzendari nagusiak apirilaren 29an emandako 527/2004 Ebazpenaren bitartez (2004ko 76. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, ekainaren 25ekoa), Baztango eta Zugarramurdiko udalei entzunaldia ematea xedatu zen eta espedientea jendaurrean paratu zen. Izan ere, mugapeak aldatzeko espedienteak hala behar zuen Baztango udal mugapearen zati bat bereizi eta Zugarramurdiko udal mugapeari atxikitzeko.

2004ko abuztuaren 25ean bukatu zen epea eta entitate interesatuek eta Toki Administrazioko Departamentuko Idazkaritza Teknikoak ziurtagiri bana eman zuten. Ziurtagirietan ikus daiteke Baztango Udalak eta Zugarramurdiko Udalak alegazioak aurkeztu zizkiotela behar zen denboran eta moduan aldaketa espedienteari.

Kontuan harturik espedientea Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 17. artikuluan ezarritako prozedurari jarraikiz tramitatu dela eta ikusirik, espedienteko dokumentazioa ugaria izanik ere, lege testu beraren 16.1 artikuluaren c) idatz-zatian ezarritako arrazoia dagoenik frogatzen ez dela, bidezkoa da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak espediente hori ebaztea eta proposatzen den udal mugapeen aldaketa ukatzea.

Espedientean jaso dira, orobat, Lurraldearen Mugaketa Batzordeak 2005eko urtarrilaren 20an emandako irizpena eta Nafarroako Kontseiluak 2005eko maiatzaren 9an emandako 15/2005 irizpena.

Hori horrela, Toki Administrazioko kontseilariak proposaturik, Nafarroako Kontseiluarekin eta Nafarroako Gobernuak 2005eko maiatzaren 30ean egindako bilkuran hartutako erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. Baztango eta Zugarramurdiko udal mugapeen aldaketa ukatzea. Aldaketak Baztango udal mugapearen zati bat bereiztea eta Zugarramurdiko udal mugapeari atxikitzea proposatzen zuen.

2. artikulua. Foru dekretu hau Baztango Udalari eta Zugarramurdiko Udalari jakinaraziko zaie, eta adieraziko beronen kontra administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezaketela, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita bi hilabeteko epean, deusetan galarazi gabe, horren aurretik, Nafarroako Gobernuaren aurrean errekerimendua egitea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

AZKEN XEDAPENA

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den egunean berean hartuko du indarra.

Tuteran, 2005eko maiatzaren 30ean._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Toki Administrazioko kontseilaria, Alberto Catalán Higueras.

Iragarkiaren kodea: F0513683