71. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

1.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

941/2005 EBAZPENA, maiatzaren 20koa, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua erakunde autonomoan gidari izateko lanpostu huts bat merezimenduzko lekualdatze lehiaketaren bidez betetzeko deialdia onesten duena.

Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailearen ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan farmazialari izateko lanpostu huts bat merezimenduzko lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdia onetsi da. Hona hemen arauak:

A R A U A K

1._Arau orokorrak.

Deialdi honetako arauak eta ereduak www.navarra.es web-orrian kontsultatu eta eskuratzen ahal dira.

Deialdi hau arautuko duten xedapenak honakoak dira: azaroaren 22ko 347/1993 Foru Dekretua, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako sarrera eta bertako lanpostuen hornidura arautzen dituena; urriaren 3ko 464/2001 Foru Agindua, Osasun kontseilariak emana, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartu eta lanpostu batzuk betetzeko prozeduretan aplikatuko diren merezimenduen baremoak ezartzen dituena, eta gainerako arau osagarriak.

1.1. Deialdi honen xedea da Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Osasunbidea-Nafarroako Osasun gidari izateko lanpostu huts bat merezimenduzko lekualdatze lehiaketa bidez betetzea. Lizarrako Osasun Barrutian arituko da eta 67433 lanpostu-zenbakia izanen du.

1.2. Merezimenduzko lekualdatze lehiaketaren deialdi honetan Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze lehiaketa eta Espainiako lekualdatze lehiaketa sartzen dira. Espainiakoa lehenbizikoa bukatutakoan eginen da.

Espainiako lekualdatze lehiaketan, Nafarroako Foru Komunitateko eremuan egiten den merezimendu lehiaketaren ondorioz sortu eta LEPen sartutako lanpostu hutsetatik % 10, zenbaki osoetan, eskainiko da. Bestalde, Foru Administrazioko eremuan egindako merezimendu lehiaketan sortzen den lanpostu kopurua hamarretik beherakoa bada, lanpostu huts horiek hurrengo deialdietarako gordeko dira eta hamar lanpostu huts baino gehiago metatzen direnean baizik ez dira eskainiko eremu nazionaleko lekualdatze lehiaketan (dagokion portzentajean).

1.3. Deialdi honetako lanpostuari gehitzen ahal zaizkio epaimahaiak lehiatzaileen zerrenda, lorturiko puntuen hurrenkeraren arabera egina, deialdia egin duen organoari igortzen dion egunean hutsik dauden lanpostuak.

1.4. Lehiaketa honen barrenean lanpostu hauek sartuko dira: hasieran deialdian deitutako lanpostua eta lehiaketan lanpostu berria eskuratzen dutenek hutsik uzten dituztenak, betiere Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko edo Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen plantillako langileak badira. Kasua bada, aurreko idatz-zatian aipatzen diren lanpostuak ere betetzen ahalko dira, baina kasu horretan ezin izanen dituzte eskuratu Osasunaren Sistema Nazionalaren barreneko gainerako langile finkoek, non eta ez diren LEPen sartutako lanpostu hutsak.

Izangaiek lehiaketan beste lanpostu bat lortu ondoren uzten dituzten lanpostu hutsak bete beharrekoak ez badira, dela "iraungitzeko" lanpostuak direlako, dela titularrek nahiz ordezkoek betetzen ez dituztelako, ez dira eskainiko.

1.5. Lekualdatze lehiaketa honen xede diren lanpostuen ordez, barne mugikortasuneko prozeduraren bidez hutsik gelditzen direnak eta organo eskudunek eginiko aldaketen arabera bidezko direnak ateratzen ahalko dira, zerbitzuaren beharren arabera.

1.6. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzen duten langileei ez zaie aldatuko lehiaketan parte hartu aurretik zuten araubide juridikoa. Aurreikuspen hori ez zaie aplikatuko Nafarroako Foru Administrazioan eta bere erakunde autonomoetan lanaldi partzialean diharduten kontratudun finkoei. Langile horiek lanaldi osoko lanpostu bat hartzen dutenean funtzionario izatera pasatuko dira. Funtzionarioen araubideko edo estatupeko langileek aukera izanen dute lanaldi partzialeko lan araubideko lanpostu bat merezimendu lehiaketaren bidezko lekualdatzearen bitartez eskuratzeko. Kasu horretan funtzionario edo estatutupeko langile gisa borondatezko eszedentzian egonen dira.

Osasun Sistema Nazionaletik lekualdatze lehiaketaren bidez Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan sartzen diren langileak funtzionario bihurtu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan sartzen ahalko dira. Aukera horretaz baliatzeko bi hilabeteko epea izanen dute, lanpostuaz jabetu eta biharamunetik hasita, abenduaren 29ko 717/2003 Foru Dekretuan xedaturikoarekin bat. Foru dekretu horren bidez Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako estatutupeko langileak eta lan-kontratudun finkoak Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuan sartzeko prozedura arautu zen, Nafarroako Administrazio Publikoetako langileendako neurriei buruzko otsailaren 14ko 4/2003 Foru Legeko 8. artikuluan xedatu bezala.

Nolanahi ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko langileendako indarra duten xedapenak aplikatuko zaizkie.

1.7. Deialdi honetan lanpostua eskuratzen duten langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoek indarra duten xedapenen araberako lansariak jasoko dituzte.

1.8. Izendatutako izangaiek destinoko tokian bizi beharra dute eta, horretarako, udalerri horretan finkatu beharko dute bizilekua. Administrazioko organo eskudunek destinoa aldatzen ahalko dute.

1.9. Lanaldia zerbitzuaren beharretara egokituko da, eta administrazio organo eskudunek noiznahi aldatzen ahalko dute.

2._Betebeharrak.

2.1. Merezimendu lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:

2.1.1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileentzat, araubide juridikoa edota egoera administratiboa edozein dutela ere:

a) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen langile funtzionario, estatutupeko edo lan-kontratudun finkoa izatea, D maila edo taldekoa.

b) "Zerbitzu Orokorretako laguntzaileak" estamentuko eta "Askotariko zerbitzuak" espezialitateko lanpostu batean aritzeko izendatua izatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide zehatza arautzen duenak, eranskinean agertzen duen estamentu eta espezialitateetako izendapenen sailkapen indarduna).

2.1.2. Osasun Sistema Nazionaleko gainerako langileendako:

a) Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoa izatea (Insalud-Zuzeneko Kudeaketa eta Lurraldeetako osasun zerbitzuak).

b) "Zerbitzu Orokorretako laguntzaileak" estamentuko eta "Askotariko zerbitzuak" espezialitateko lanpostu batean aritzeko izendatua izatea (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legeak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubide zehatza arautzen duenak, eranskinean agertzen duen estamentu eta espezialitateetako izendapenen sailkapen indarduna).

c) Deitutako lanpostuak bezalako batean jardunean egotea, edo Osasun Sistema Nazionalean lanpostua erreserbatzeko eskubidea izatea.

Jardunean ez beste egoera batean badago, jatorrizko administrazioak ziurtatu beharko du deialdi honetako eskaerak aurkezteko epea bukatzen den azken egunean jardunean hasteko legezko eta erregelamenduzko baldintzak betetzen dituela.

d) Abiapuntuko destinoan urte batez aritu izatea lanpostuaren jabe izanda, deialdi honetako eskaerak aurkezteko ezarritako epea bukatu baino lehen.

2.2. Izangaiek betebehar guztiak agirien bidez egiaztatu beharko dituzte eskabidea aurkezten den unean, eta horien jabe izan beharko dute prozedura osoan lanpostua esleitzen den arte.

2.3. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantillako langileak, lanpostu-erreserbarik gabeko eszedentzia egoeran badaude, zerbitzu aktibora lekualdatze lehiaketa honetan parte hartuz itzul daitezke.

Halaber, beren estamentu eta espezialitateko lanpostu huts bati atxiki eta behin-behinekoz itzuli direnek nahitaez aurkeztu beharko dute lekualdatze lehiaketa honetara, behin betiko esleipenaren ondorioetarako, eta ezin izanen diote destino horri uko egin.

3._Eskabidea aurkezteko epea eta tokia.

Lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabideak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Erregistroan aurkeztuko dira (Irunlarrea kalea, 39, Iruña, P.K. 31008), edo helbide horretara bidaliko dira posta ziurtatuaren bidez, Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4. artikuluan ezarritakoarekin bat, edo bestela lege horretan aurreikusitako gainerako lekuetan aurkezten ahal dira.

Eskabidea aurkezteko epea hamabost egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Eskabideak deialdi honetako ereduari lotuko zaizkio (I. eranskina). Eskabidearekin batera honako agiri hauek aurkeztuko dira:

a) Deialdiaren 2.1.1. eta 2.1.2. puntuetan eskatzen diren betebeharren egiaztagiriak, jatorrizko agiriak izan edo notario batek edo Administrazioak konpultsatutako kopiak izan.

b) Izangaiek azaltzen dituzten merezimenduen frogagiriak (jatorrizkoak edo notarioak zein Administrazioak konpultsatutako kopiak), deialdi honetan ezarritako baremoaren arabera.

Merezimenduak baremoen atalen arabera ordenaturik aurkeztu beharko dira.

Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.

4._Izangai onartu eta baztertuen zerrenda.

Eskabideak aurkezteko epea amaiturik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onetsiko du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila aginduko, ohartaraziz, hurrengo bost egun naturaleko epean baztertuek erreklamazioak egin ditzaketela eta, akatsik baldin badago, haiek zuzendu. Ezarritako epean eskabiderik aurkezten ez bada, organo eskudunak lehiaketa hutsik gelditu dela adierazteko ebazpena emanen du. Ebazpen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu beharko da.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukatu eta horien gainean ebazpena emanda dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariak onartuen eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpena emanen du eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko.

Izangai bat ere baztertu ez bada, behin betiko zerrenda zuzenean onetsiko da eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko.

5._Epaimahaia.

5.1. Kide hauek osatuko dute lehiaketa honetako epaimahaia:

Mahaiburua: Lizarrako Osasun Barrutiko Administrazio eta Zerbitzu Orokorren Zerbitzuko burua.

Ordezko mahaiburua: Lizarrako Osasun Barrutiko Administrazio Ataleko burua.

Mahaikidea: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Ordezkoa: langileen ordezkariek izendatu beharrekoa.

Mahaikide idazkaria: Lizarrako Osasun Barrutiko Langileria Zerbitzuko burua.

Ordezko mahaikide idazkaria: Lizarrako Osasun Barrutiko Langileriaren Kudeaketa eta Administrazio Ataleko burua.

5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, gutxienez ere kideen gehiengo osoa bertan ez bada.

5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdi honetako arauen interpretazioari eta aplikazioari buruz sor daitezkeen gorabeherak oro.

5.4. Epaimahaiak aholkulari adituak ekartzen ahalko ditu proba guztietarako nahiz batzuetarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta haietan oinarriturik bakarrik emanen diote laguntza epaimahaiari.

5.5. Epaimahaiaren osaera izangai onartu eta baztertuen zerrendarekin batera emanen da aditzera.

5.6. Onartu eta baztertutakoen behin betiko zerrendan izangai bakarra aurkeztu bada, deialdia egin duen organoak deialdi honetako 8. araua aplikatuko du. Beraz, ez da beharrezkoa izanen, ez epaimahaia eratzea, ez eta jardutea ere.

6._Merezimenduen kalifikazioa.

6.1. Epaimahaiak izangaiek aurkeztutako merezimenduak II. eranskineko baremoaren arabera baloratuko ditu. Merezimenduen balorazioa egiteko kontuan hartuko dira bakar-bakarrik iragarki hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna artekoak, eta ez dira hartuko geroago lortutakoak.

6.2. Izangaiek merezimendu guztiak agirien bitartez alegatu eta egiaztatu beharko dituzte, lekualdatze lehiaketa honetan parte hartzeko eskabidea aurkeztearekin batera.

6.3. Merezimenduen baremoaren 1. ataleko balorazioan kontuan hartuko da deialdiko lanpostua "Zerbitzu Orokorretako laguntzaileak" estamentuan eta "Askotariko zerbitzuak" espezialitatean sailkaturik dagoela, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko estamentu eta espezialitateetako izendapenen indarreko sailkapenaren arabera (urriaren 20ko 11/1992 Foru Legea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuari atxikitako langileen araubideari buruzkoa, Eranskina). Balorazioa egitean, betetako lanpostua aipatu eranskinean dauden izenekin bat ez baldin badator, deialdian eskatutako titulazioaren, lanpostua eskuratzeko egindako azterketaren eta eginkizunen aldetik pareko direnei tratamendu bera emanen zaie.

Egindako zerbitzuak frogatzeko, zentroko zuzendariak edo langileen arduradunak emandako ziurtagiriak aurkeztu behar dira, eta bertan nahitaez datu hauek jarri behar dira:

_Lantokia.

_Estamentua eta/edo espezialitatea.

_Zerbitzuen iraupena, behar bezala adierazita hasiera eta bukaera egunak eta guztira zenbat egun diren.

_Zerbitzuak lanaldi partzialean eman baldin badira, honako hau erantsi:

a) Egunean, astean, hilabetean edo urtean egindako orduen kopurua eta emandako zerbitzuei dagokien urteko lanaldia.

b) Edo, bestela, ohiko lanaldiaren aldean zein portzentaje osatzen duten.

6.4. Epaimahaiak ez du inolaz ere kontuan hartuko alegatu ez den eta agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik, eta ez du emanen merezimenduen atal bakoitzarendako adierazitako puntuazioa baino altuagorik.

6.5. Izangaiek aurkeztutako agiriak berreskuratzen ahalko dituzte, espresuki eskatuz gero, izendapena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta bi hilabete igaro ondoko hiru hilabeteko epean, salbu eta izangairen batek erreklamazioa jartzen badu, hala izanez gero agiriak luzaroago gordetzen ahal baitira egiaztapenak eta frogak egiteko. Arestian aipatutako epean izangaiak agiriak berreskuratzen ez baditu, berreskuratzeari uko egin diola ulertuko da eta haien gaineko eskubidea galduko du.

7._Lehiatzaileen zerrenda, erdietsitako puntuazioaren araberakoa.

Epaimahaiak lehiatzaile guztien kalifikazioa eginen du eta izangaien zerrenda argitaratuko du, erdietsitako puntuazio osoarekin, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko iragarki oholean (Irunlarrea, 39). Bi zerrenda argitaratuko dira; merezimenduen lehiaketa honetan ezarri den eremu bakoitzerako bat (lurraldekoa eta nazionala).

Lehiaketa bukaturik, epaimahaiak lehiakideen zerrenda horiek igorriko dizkio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari eta hark deialdiaren hasieran zen lanpostu kopurua handitzeko ebazpena eman lezake, hori egitea egokia baldin balitz.

Puntuazioetan berdinketarik badago, Administrazio Publikoetan antzinatasun handiena egiaztatzen duen izangaiak izanen du lehentasuna. Hala ere berdinketak irauten badu, izangai zaharrena lehenetsiko da.

8._Lanpostu hutsak hautatzea.

Lehiatzaileek lehiaketan izandako puntuazioaren arabera hautatzen ahalko dituzte zentroa eta unitate organikoa. Horretarako, adieraziko zaien tokian, egunean eta orduan agertu beharko dute, nortasun agiri nazionala aldean dutela.

Ekitaldi horretan, lehenbizi Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren barreneko lekualdatze lehiaketan parte hartzen dutenek aukeratuko dute, eta lehiaketa hori bukatutakoan, lehiaketa nazionalean parte hartzen dutenek.

Lehiaketa nazionalean parte hartzen dutenek honako agiri hauek eraman beharko dituzte lanpostuak aukeratzeko ekitaldira:

a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua, edo izangaiaren nazionalitatea eta identitatea frogatzen dituen beste agiri baliokideren batena.

b) Jatorrizko administrazioak egindako ziurtagiria, dagokion administrazio egoera adierazteko.

c) Eginkizun publikoetarako ezgaitua edo gabetua ez izatearen eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizi ez izanaren zinpeko aitorpena.

d) Zin egite edo promesa, Nafarroako Foru Eraentza begiratu, Konstituzioari eta legeei men egin eta karguaren eginkizunak zintzo beteko dituela dioena.

Aski justifikatutako ezinbesteko kasuetan izan ezik, aipatu epean hautua egiten ez duten lehiatzaileek lehiaketan erdietsitako lanpostuan aritzeko eskubide guztiak galduko dituzte.

9._Lanpostuen esleipena eta jabetza hartzea.

Organo eskudunak, behar den ebazpenaren bitartez, lehiaketan eskuratu dituzten lanpostuak esleituko dizkie lehiatzaileei, bai eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman dadila aginduko ere.

Lehiatzaileek, lanpostuak esleitzen dituen ebazpenaren jakinarazpena jaso edo argitaratu eta hurrengo hamar egun naturaleko epean, euren lanpostuaz jabetu beharko dute, deialdi honen xedeko kategorian. Hala ere, izendatutako lehiatzaileak asko badira, edo administrazioaren eragingarritasun arrazoirik badago tartean, deialdia egin duen organoak lanpostuaz jabetzeko egun bat jar dezake.

Esleipenaren gainean eragina izan dezakeen errekurtsoren bat aurkezten bada, eta horren ondorioz deialdia edo merezimendu lehiaketaren garapena edo ebazpena inpugnatzen bada, jabetza-hartzea ez da irmo bilakatuko, eta errekurtso horiek administrazio bidean edo administrazioarekiko auzien jurisdikzioan izaten duten ebazpenaren baldintzapean geldituko dira.

10._Errekurtsoak.

Deialdi honen eta bere arau eta egintzen kontra bidezko da gora jotzeko errekurtsoa paratzea, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari zuzendua, errekurtsoaren xede den egintza argitaratu edo jakinarazi eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 57. artikuluko 1 eta 2. c) idatz-zatietan xedaturikoarekin bat.

Epaimahaiaren behin betiko egintzen kontra gora jotzeko errekurtsoa jartzen ahalko da, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileari zuzendua, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita hilabeteko epean, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 57. artikuluko 1. eta 3. idatz-zatiekin bat.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 20an._Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea.

I. ERANSKINA

ESKABIDEA

Eskabidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan ..................... izateko ...... lanpostu lekualdatze lehiaketa bidez betetzeko deialdian parte hartzeko. Deialdia ........ Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, ...(e)ko .....aren .....(e)an.

1) Norberaren datuak:

Deiturak eta izena NANa

Jaioteguna Jaioterria

Etxeko telefonoa Harremanetarako telefonoa

Helbidea Posta kodea

Herria Probintzia

2) Datu administratiboak:

a) Egoera administratiboa:

Zer lanpostutarako izendatu zuten:

(estamentua eta espezialitatea)

f Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantillako langile finkoak

f Osasun Sistema Nazionaleko plantillako langile finkoak.

Egoera: f Jardunean.

f Zerbitzu bereziak.

f Beste bat (adierazi):

b) Gaur eguneko destinoa:

Noiz sartua: Departamentua: Zerbitzua:

Lantokia: Erakunde autonomoa:

A B C D E

(Jarri X bat behar den tokian)

3) Euskara:

f Jatorrizko agiriarekin edo notario zein administrazio bidez konpultsatutako kopiarekin egiaztatzen du euskaraz badakiela.

f Onartzen du euskarazko probetara aurkeztea.

4) Sinatzen duenak adierazten du eskatutako baldintza guztiak betetzen dituela eskabideak aurkezteko epea betetzean, eta eskatzen diren baldintzen egiaztagiriak aurkezten dituela, eskabide honekin batera.

5) Eskabide honi erantsi zaizkion orrien kopurua, deialdian eskatzen diren agiriei dagozkienak (jarri zenbakiak erantsi diren agiriei) ........... [ ].

Iruñean,........(e)ko .........................aren ............(e)an.

(Sinadura)

II. ERANSKINA

1. atala._Emandako zerbitzuak. Ondokoak baloratuko dira:

1. Deialdiko lanpostuen estamentu eta espezialitatean emandako zerbitzuak, edozein administrazio publikorenak edo haien erakunde autonomoenak diren zentroetan: 1,8 puntu urte bakoitzeko.

2. Beste estamentu eta espezialitate batzuetan emandako zerbitzuak, edozein administrazio publikorenak edo haien erakunde autonomoenak diren zentroetan: 0,50 puntu urte bakoitzeko.

Azpiatal hauetako bakoitzaren puntuazioa proportzionalki kalkulatuko da urtebetetik beherako kasuetan.

Atal honetako puntuazioa 75 puntu artekoa izanen da.

Bateraezinak dira aurreko azpiatalengatik emandako puntuazioak, denboraldi berekoak direnean; halakoetan, handiena bakarrik emanen da. Halaber, deialdia argitaratu ondoren egindako zerbitzuengatik ere ez da punturik jasoko.

Lanpostu baten izena aldatu bada maila edo talde berean baina eginkizunak bere hartan utzita, zerbitzuak zenbatuko dira lehiatzaileak abiapuntuko lanpostuan lan horiek egiten dituela frogatzen denetik.

Baremo honetan aipatutako zerbitzuak urriaren 3ko 464/2001 Foru Aginduaren 2. artikuluan ezarritako arauei segituz zenbatuko dira.

2. atala._Prestakuntza, irakaskuntza, ikerkuntza eta hizkuntzak:

Atal honetan aipatu merezimenduak lehian dagoen lanpostuarekin zerikusia baldin badute baloratuko dira eta betiere titulazioa edo prestakuntza ekintzak, lanak edo argitalpenak deialdia argitaratu baino lehenago lortu edo egin baldin badira.

1. Erakunde edo zentro publikoek eta unibertsitate zentroek antolatu edo ziurtatutako prestakuntzako ekintzetan irakasle jarduteagatik: 0,1 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den ordu kopuruko (10 ordu); kopurua txikiagoa bada, proportzioa kalkulatuko da. Aurkezten den ziurtagirian eskola-ordu kopurua adierazten ez bada, kreditu batekoak balira bezala puntuatuko dira, eta ikasturte osokoak izan direla adierazten bada, 12 kreditukoak balira bezala. Gehienez ere 15 puntu emanen dira.

Orobat, erakunde antolatzaileari buruz ezarritako baldintza ez bete arren, prestakuntza ekintzak Administrazioak agindu edo homologatu baditu, baloratu eginen dira, bai eta sindikatuek administrazio publikoetako etengabeko prestakuntzarako akordioen ondorioz antolatuak ere.

Deialdiko lanpostuan aritzeko gaitasunik ematen ez duten titulu ofizialak ez dira prestakuntzako merezimendutzat hartuko.

2. Biltzar edo jardunaldietan aurkezturiko ponentzia edo komunikazioak: nazioartekoak badira, 0,4 puntu; nazionalak badira, 0,2 puntu; eta eskualde edo tokikoak, 0,1 puntu. Gehienez ere 2 puntu emanen dira.

3. Administrazio edo erakunde publikoen beka edo saria jaso duten lan zientifiko edo ikerlanak: 0,75 puntu, nazioartekoa bada; 0,5 puntu, nazionala bada; eta 0,2 puntu, autonomia erkidegokoa bada; gehienez ere 2 puntu.

4. Aldizkari espezializatuetan argitaraturiko lanak: 0,4na puntu lehen hiru sinatzaileei, gainerakoei 0,10na puntu; 2 puntu gehienez.

5. Sektore publikoan prestakuntza ekintzak antolatu edo/eta horietan irakasle gisa parte hartzea: 0,2 puntu kreditu akademiko bakoitzeko edo haren baliokide den ordu kopuru bakoitzeko (10 ordu), edo kasuan kasuko zati proportzionala, ordu kopurua txikiagoa bada; puntu 1 gehienez. Iraupenik adierazten ez duten ziurtagiriak bi ordukotzat hartuko dira.

6. Europar Batasunean erabilera ofizialeko hizkuntzak diren aldetik, frantsesez, ingelesez edo alemanez jakitea, ofizialki frogatuz gero: 4,85 puntu hizkuntza bakoitzeko. Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako Gaitasun Agiririk edo ofizialki baliokidetzat jotako titulaziorik ez izatera, Hizkuntza Eskola Ofizial batean gainditutako maila bakoitzari ezarri den gehieneko puntuazioaren bostetik bat emanen zaio.

3. atala._Euskaraz jakitearen balorazioa:

1. Eremu euskalduneko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa baloratu behar denean, euskaraz jakiteagatik gehienez ere % 10 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioari.

2. Eremu mistoko lanpostuak eskuratzeko, euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratu behar denean, gehienez ere % 5 gehituko zaio frantsesez, ingelesez edo alemanez jakiteagatik eman daitekeen gehieneko puntuazioari.

3. Bi kasu horietan, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako gaitasun agiria edo ofizialki balio berekoa den besteren bat ez badu, gehienez lor daitekeen puntuazioaren bostena emanen da Hizkuntza Eskola Ofizial batean gaindituriko maila bakoitzeko eta, Nafarroako Gobernuak antolatutako ikastaroetan, gehieneko puntuazioaren hamabirena, gainditutako urrats bakoitzeko.

III. ERANSKINA

SARRERA-ERREGISTROAREN

ZIGILUA ETA EGUNA

Deialdia:

LEKUALDATZE LEHIAKETA

LETRA LARRIA ERABILI ETA GARBI IDATZI,

LAUKITXO BAKOITZEAN LETRA BAT JARRIZ

Baremoko 2. ataleko merezimenduak deialdiaren xedeko lanpostuarekin zerikusia baldin badute baloratuko dira bakar-bakarrik. Aurrera egin baino lehen, inprimaki hau egoki betetzeko behean ageri diren jarraibideak irakurri.

LEHIAKETARAKO AURKEZTU DIREN

AGIRIEN ZERRENDA

Autobaremazioan lortutako puntuak

Aurkeztutako agirien kopurua, guztira

Aurkeztutako orrien kopurua, guztira

Iruñean, ......(e)ko .............aren ............(e)an.

Interesatua,

EPAIMAHAIBURUA.

OSASUNBIDEA-NAFARROAKO OSASUN ZERBITZUA.

IRUNLARREA KALEA, 39, 31008 IRUÑA.

J A R R A I B I D E A K

1. Zure NANaren zenbakiak 8 zenbaki baino gutxiago baditu, ezkerreko laukitxoetan zeroak jarri. Izen-deiturak ezker-ezkerreko laukitxotik abiatuta idatzi behar dira. Izena edo deitura konposatua bada, lauki huts bat utzi tartean.

2. Agiri guztiak (ziurtagiriak, diplomak, etab.) orriaren eskuinaldeko goialdean zenbakitu behar dira, 1.tik abiatuta. Erreferentzia hori aurkeztutako agirien zerrendan eman beharko da, agiriaren izenarekin eta autobaremazioan ematen zaion puntuazioarekin batera. Autobaremazioa ez da lotzailea izanen epaimahaiarentzat.

3. Agiri horri eransten zaizkion orri guztiak, eskuinaldeko behealdean zenbakitu beharko dira.

4. Merezimenduak baloratzean, deialdia Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen den eguna arte egindakoak baizik ez dira kontuan hartuko. Geroago egindako merezimenduak ez dira aintzat hartuko.

5. Merezimenduen baremoa deialdi honen III. eranskinean ageri da.

6. Agiri guztiek jatorrizkoak edo notario edo administrazio bidez konpultsatutako kopiak beharko dute izan.

Iragarkiaren kodea: F0513267