71. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 15a

II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA

2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK

2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak

I R U Ñ A

Deialdia, aldi baterako kontratuarekin euskara itzultzaileen lanpostuak betetzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalaren Administrazioan sortzen diren beharrei erantzutearren

Iruñeko Ekonomia, Lehendakaritza eta Herritarren Partaidetzako zinegotziak, 2005eko maiatzaren 20an onetsi zuen deialdi hau, jarraian ematen diren oinarriak dituena.

O I N A R R I A K

1._Proposamen hori Nafarroako Administrazio Publikoetan Sartzeko Erregelamenduko 42.2.c) artikuluan xedaturikoaren babesean aurkeztu da. Erregelamendu hori ekainaren 5eko 113/1985 Foru Dekretuaren bidez onetsi zen eta 1985eko 73. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu, ekainaren 17an.

2._Deialdia egiten da hauta-proben bidez euskara itzultzailearen lanpostuan aritzeko izangaien zerrenda osatzeko, Iruñeko Udalaren Administrazioan sortzen diren aldi baterako beharrei erantzutearren.

Aldi baterako kontratatu beharreko izangaien zerrenda hau langile finkoen beste edozein zerrendaren atzetik erabiliko da, zerrenda dagoeneko prestatua egon nahiz geroago sortu, hala xedatzen baitu irailaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuak.

Bestalde, zerrenda honen indarraldia eta hautatzen diren izangaiak deitzeko hurrenkera zehazteko, aldi baterako kontratatzeko izangaien zerrendak kudeatzeko arauei jarraikiko zaie; Iruñeko Udaleko lan baldintzei buruzko erabakietan daude jasota arau horiek.

3._Izangaiek bete beharreko baldintzak.

Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek beteko dituzte:

a) Espainiarra izatea, edo Europar Batasuneko beste estatu batekoa, edo Europar Batasunak sinatu eta Espainiak berretsitako nazioarteko itunak direla medio, langileen zirkulazio librea aplikatzen den eremuko estatu batekoa.

Orobat, espainiarren eta Europar Batasuneko beste estatuetako edo aipatu nazioarteko itunek ukitutako estatuetako herritarren ezkontideek hartzen ahal dute parte, zuzenbidez bereizita ez badaude; halaber, haien ondorengoek eta ezkontidearenek, zuzenbidez bereizita ez badaude, hogeita bat urtetik beherakoak badira, edo gorakoak baina haien kontura bizi direnak.

b) Hemezortzi urte beteak izatea eta erretiroa hartzeko ezarritako adinetik gorakoa ez izatea.

c) Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, litzentziatu, arkitekto edo ingeniariaren titulua izatea, edo titulu hori eskuratzeko eskubideak ordaindu izanaren gordekina.

d) EGA titulua, Hizkuntza Eskola Ofizial batek emandako euskararen gaitasun agiria edo balio bereko beste titulazio bat izatea.

e) Lanpostuaren eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.

f) Eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez egotea eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izana.

g) Espainiako nazionalitatea ez duten izangaiek zinpeko aitorpena edo promesa aurkeztu beharko dute, beren Estatuko Funtzio Publikoan sartzea galarazten dien diziplina-zehapenik edo kondena penalik ez dutela adierazteko.

Baldintza horiek guztiak aldi baterako kontratatzeko hautatu eta deitzen diren lehiakideek frogatu beharko dituzte, agiri bidez, kontratua izenpetu aurretik horretarako ezartzen zaien unean.

Aski justifikaturik dauden ezinbesteko kasuak salbuetsiz, arestiko agiriak aurkezten ez dituztenak ezin izanen dira kontratatu, eta ordurako egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, euren eskabidearen faltsukeria dela eta, legokiekeen erantzunbeharra galarazi gabe.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako bete beharko dira baldintzak, eta hauta-probek dirauteino eta kontratazioak iraun bitartean beharko dira bete.

4._Eskabideak.

4.1. Deialdian parte hartzeko eskabideak Iruñeko Udaleko erregistro orokorrean aurkeztuko dira (Merkatu karrika, 7-9), edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 38. artikuluko 4. idatz-zatian aipatzen diren bideak erabilita.

Eskabideak 1. eranskineko ereduari lotuko zaizkio, Herritarrendako Laguntza Zerbitzuan lortzen ahalko baita (Merkatuko kalea, 7-9); orobat, Interneten bidez, www.pamplona.es helbidean.

Parte hartzeko eskabideetan izangaiek adierazi behar dute baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunean.

Parte hartzeko eskabidearekin batera, ondoko agiri hauek aurkeztuko dituzte izangaiek:

_Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia.

_Lehiatzaileek alegatutako merezimenduei dagozkien ziurtagirien fotokopia konpultsatua, deialdi honen bederatzigarren oinarrian eta 3. eranskinean ezarritakoari jarraikiz.

4.2. Minusbaliotasuna duten lehiatzaileek minusbaliatuak direla frogatzeko agiria ere aurkeztu beharko dute, organo eskudunak emana. Halaber, ariketak egiteko denbora eta baliabide aldetik behar dituzten egokitzapenak eskatzen ahalko dituzte, horren beharrik izanez gero. Kasu horretan, eskabidean adierazi beharko dute zein ezintasun duten eta zein egokitzapen eskatzen duten.

5._Eskabideak aurkezteko epea.

Eskabideak aurkezteko epea hogei egun naturalekoa izanen da, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

6._Behin-behineko zerrendak.

Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, Lehendakaritzako Alorrak izangai onartuen eta baztertuen behin-behineko zerrenda emanen du aditzera Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen atzeko aldean).

Egun horretatik aurrera, izangaiek bost egun balioduneko epea izanen dute erreklamazioak aurkezteko eta eskabidean egindako akatsak zuzentzeko.

7._Behin betiko zerrendak.

Erreklamazioak aurkezteko epea bukaturik eta haien gainean ebatzi ondoren, Lehendakaritzako zinegotzi delegatuaren ebazpen baten bidez, izangai onartu eta baztertuen behin betiko zerrendak onetsi eta Iruñeko Udalaren iragarki oholean (Udaletxearen atzeko aldean) argitaratuko dira, deialdi honetako zortzigarren oinarrian aipatzen diren hauta-probak egiteko egunarekin eta tokiarekin batera.

Onartuen zerrendetan agertzea ez da aski deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen direla onartzeko. Kontrataziorako dei egiten zaienean izangaiek aurkeztu behar duten dokumentazioa aztertutakoan, baldintzaren bat betetzen ez dela ohartuz gero, interesatuek deialdian parte hartzeagatik dituzten eskubide guztiak galduko dituzte.

8._Epaimahaia.

8.1. Epaimahaiak kide hauek izanen ditu:

Mahaiburua: Juan José Unzue Gaztelu, Funtzio Publikoaren zinegotzi berezia.

Ordezkoa: Maite Mur Dallo, Hezkuntza, Gazteria eta Kiroleko Alorreko zinegotzi delegatua.

Mahaikidea: Nafarroako Parlamentuko euskara itzultzailea.

Ordezkoa: Nafarroako Parlamentuko euskara itzultzailea.

Mahaikidea: Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea.

Ordezkoa: Nafarroako Gobernuko euskara itzultzailea.

Mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Ordezko mahaikidea: Iruñeko Udaleko Langileen Batzordeko ordezkari bat.

Mahaikide-idazkaria: Patxi de Vicente, Iruñeko Udaleko euskara itzultzailea.

Ordezkoa: Inma Errea, Iruñeko Udaleko euskara itzultzailea.

8.2. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legean aipatzen diren abstentzio arrazoietako bat gertatzen denean, epaimahaiko kideek ezin izanen dute epaimahaian parte hartu, eta Lehendakaritza Alorreko Zuzendaritzari eman beharko diote horren berri.

Izangaiek, halaber, zilegi izanen dute mahaikideak errefusatzea, arrazoi horietako bat izaten denean.

Mahaikideek parte ez hartzeko eta haiek errefusatzeko legez ezarririko arrazoiak gertatzeagatik epaimahaia aldatuko balitz, halaxe jakinaraziko litzateke, lehiakide onartu eta baztertuen zerrendekin batera.

8.3. Epaimahaia hauta-probak hasi baino lehen eratuko da.

Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta aritu ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe. Halaber, epaimahaiaren eraketak eta jardunak balio izateko, mahaiburuak eta mahaikide-idazkariak edo haien ordezkoek bertan egon beharko dute.

8.4. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.

8.5. Epaimahaiak aholkulari adituen laguntza eska dezake probarako. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.

9._Hauta-proben bilakaera eta balorazioa.

9.1. Hautapen prozesuak bi ariketa izanen ditu.

9.2. Lehen ariketa, itzulpen idatzia: 2 proba praktiko izanen ditu.

Lehen proban, epaimahaiak emandako euskarazko bi testu itzuliko dira gaztelaniara; bata literarioa eta bestea juridiko-politikoa.

Bigarren proban, epaimahaiak emandako gaztelaniazko bi testu itzuliko dira euskarara; bata literarioa eta bestea juridiko-politikoa.

Itzulpen idatzia egiteko, izangaiek 3 ordu izanen dituzte gehienez eta hiztegia erabiltzen ahalko dute.

Proba praktiko bakoitzean 25 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira proba bakoitzean lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia _12,5 puntu_ lortzen ez duten izangaiak.

9.3. Bigarren ariketa, ahozko interpretazioa: proba praktiko bat izanen da; ahozko mintzaldi bat, parlamentarioek egiten dituztenen gisakoa (Parlamentuan edo Udalean botatakoa), itzuli beharko da gaztelaniara aldi bereko interpretazioa eginez.

Proban 25 puntu eskuratu ahalko dira, gehienez ere. Bazterturik geldituko dira lor daitekeen gehieneko puntuazioaren erdia _12,5 puntu_ lortzen ez duten izangaiak.

9.4. Probarako deialdi bakarra eginen da, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean dutela agertu beharko dute. Azaltzen ez diren izangaiak baztertu eginen dira.

9.5. Hauta-probak egiteko, denbora eta baliabide aldetik egokitzapenak eginen dira eskabidean hori eskatzen duten minusbaliatuendako.

10._Hautapen probak gainditzen dituztenen zerrenda eta lanean hasteko deia.

10.1. Hautapen prozesuaren bi faseak amaiturik, epaimahaiak jendaurrean jarriko du Iruñeko Udalaren iragarki oholean probak gainditu dituzten izangaien zerrenda, lortutako azken puntuazioaren hurrenkeran, probetan lortutako puntuazioak batuta, eta Lehendakaritzako zinegotzi delegatuari zerrenda helaraziko dio (hautapen prozesuaren espediente osoarekin batera) onets dezan.

10.2. Deialdi honi jarraikiz aldi batez kontratatzeko osatzen diren izangaien zerrendek indarra izanen dute euskara itzultzailearen lanposturako hauta-proben beste deialdi bat ebatzi arte edo, halakorik egiten ez bada, zerrendak onetsi eta, gehienez ere, hurrengo bost urteetan.

10.3. Probak gainditzen dituzten izangaiak deituak izan ahalko dira (Iruñeko Udalean beharra sortzen denean); aldi baterako kontratatuko dira, araubide administratiboan, A mailan sartuta, Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuko Testu Bategina onesten duen abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 88.b) artikuluan eta hurrengoetan eta aplikatzekoak diren beste xedapenetan ezarririkoaren arabera. Lanpostu hartako lansariak kobratuko dute, plantillako langile finkoei dagozkienak izan ezik.

Aldi baterako kontratuak lan araubidekoak izan daitezke aparteko kasuetan.

10.4. Langileei dei egiterakoan, aintzat hartuko da Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko langileen Estatutuaren Testu Bateginaren zazpigarren xedapen gehigarrian, 3. idatz-zatian, ezarritakoa (Foru Komunitatean pertsona urrituek enplegua lortzeari buruzko maiatzaren 31ko 16/2002 Foru Legean emandako idazketaren arabera).

10.5. Kontratatuak Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartu eta bertan kidetuko dira; beraz, haien kontu izanen dira dagokien kuota eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren atxikipena, bidezko diren kopuruetan.

11._Deialdi honen aurka, nahiz bere oinarrien eta aplikazio egintzen aurka, errekurtso hauetakoren bat aurkezten ahalko da, hautara:

a) Berraztertzeko errekurtsoa, egintzaren organo egileari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Administrazioarekiko Auzien Epaitegiari zuzendua, bi hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratu eta biharamunetik hasita.

c) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean, errekurtsoa paratzen zaion egintza edo erabakia jakinarazi edo argitaratzen denetik hasita.

Epaimahaiaren egintzen aurka, gora jotzeko errekurtsoa paratzen ahalko da, deialdia egin duen udal organoari zuzendua, hilabeteko epean, errekurritutako egintza edo erabakia jakinarazten denetik aitzina.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 20an._Lehendakaritzako zinegotzi delegatua, José Iribas Sánchez de Boado.

E R A N S K I N A

Eskabide eredua

Izena: ..................., adinez nagusia; NAN/nortasun agiria: ............., jaioteguna (urtea/hila/eguna): ............, jaioterria (udalerria, probintzia): ............., naziotasuna: ...................., egungo helbidea (karrika, zenbakia, eskailera, etxebizitza): ............, posta kodea: ........, herria: ..................., telefonoa: ............, laneko telefonoa: ...............

Honako hau azaltzen dut:

Ez dudala karguan aritzea galarazten didan eritasun edo akats fisiko edo psikikorik.

Ez dudala indarra duten xedapenetan ezarritako ezintasunik.

Ez naizela diziplina espediente bidez inongo administrazio publikoren zerbitzutik bereizia izan eta ez naizela desgaitua eginkizun publikoak betetzeko.

Deialdian eskatzen den titulazioaren jabe dela.

Eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean eskatzen diren baldintza guztiak betetzen ditudala.

f Ezgaitasuna dudala eta, beraz, azaltzen den egokitzapena eskatzen dudala, adierazten diren arrazoiengatik. (Beste orri batean azaldu behar dira eskatutako egokitzapenak eta haietarako arrazoiak).

f Minusbaliatua naizela frogatzen duen agiria aurkezten dudala, erakunde eskudun batek luzatua.

Eskatzen dut:

Iruñeko Udalaren zerbitzuko .............. izateko ...............lanpostu ....................bidez betetzeko deialdian parte hartzeko onar nazatela _deialdia ...... zenbakiko Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu zen, .........(e)an_ txanda honetan:

f Txanda irekia

f Igoera txanda (*)

f Minusbaliatuendako txanda murriztua (*)

(*) Deialdiak jasotzen duenean soilik.

Datuen babesa. Datu Pertsonalak Babesteari buruzko 1999ko abenduaren 13ko Lege Organikoan ezarritakoa betetzeko, aditzera ematen zaizu inprimaki honetan ematen diren datu pertsonalak hautapen prozeduran Udalak dituen eskumenak erabiltzeko baizik ez direla erabiliko eta Iruñeko Udalaren datu basea osatzen duten fitxategiei batuko zaizkiela. Fitxategietan sartu, datuak zuzendu eta ezabatzeko eta horien aurka jotzeko eskubideak Iruñeko Udalari zuzendurik erabiltzen ahalko dituzu, Erregistro Orokorrera joz (Merkatu karrikako, 7-9, 31001-Iruñea).

Iruñean, 2005eko .............................aren .........................(e)an.

Iragarkiaren kodea: L0514101