71. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.6. Beste batzuk

76/2005 FORU DEKRETUA, maiatzaren 23koa, Untzitibarko Artaitz II lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten duena.

Nekazaritzako azpiegituretan esku-hartzearen helburua eskualdeko ustiapenei egitura eta tamaina egokia ematea da, eta hori eginen da lurzatien berrantolamendu eta murrizketa indize handien bidez, herrilurretan guneak kenduz eta abeltzaintzako aprobetxamendua hobetzen lagunduko duten barruti biribilak ezarriz.

Ingurumen zuzendari nagusiak apirilaren 7an emandako 644/2005 Ebazpenaren bidez, Untzitibarko Artaitz II lurzati berrantolamenduari dagokion Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zen.

Horretarako, komenigarritzat jo da Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen I. tituluko V. kapituluan datorren prozedura laburtua erabiltzea, eta, hortaz, bidezko da Untzitibarko Artaitz II lurzati berrantolamendua lehentasunezkotzat deklaratzea.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak 2005eko maiatzaren 23ko bilkuran hartutako Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. Onespena.

Untzitibarko Artaitz II lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartzea onesten da.

2. Lurzati berrantolamendua lehentasunezkotzat deklaratzea eta erabili beharreko prozedura finkatzea.

Lehentasunezkotzat deklaratzen da Untzitibarko Artaitz II lurzati berrantolamendua, Nekazaritzako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearen 13.2. artikuluari jarraikiz.

Eskualde honetan erabiliko den lurzati berrantolamenduko prozedura laburtua izanen da, Nekazaritako azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legeko I. tituluko V. kapituluan jasotakoa.

3. Esku-hartzearen onura publiko eta presako exekuzioaren deklarazioa.

Untzitibarko Artaitz II lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan egin gogo den esku-hartzearen onura publikoa eta presako exekuzioa deklaratzen da, ondasun eta eskubideen desjabetzapenerako, aldi baterako okupaziorako eta okupazio iraunkorrerako eta bidezko diren zortasunak, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, sortzeko.

4. Ingurumen arloa.

Bete beharko dira Ingurumen zuzendari nagusiak 2005eko apirilaren 7an emandako 644 Ebazpenean, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Deklarazioa egin zuen hartan, aipatzen diren baldintzak, zeinak, laburbildurik, honako hauek baitira:

Osorik errespetatuko dira balio "oso handia" edo "handia" duten ezpondak eta ingurumen-elementuak, salbu eta 1. poligonoko 2. gunea (Nafarroako Ubidearen eraginaren pean). Ordezkapen finka berrietan sartzen badira, lurrerauzketak egitea baimenduko da, bakar-bakarrik, finkaren barnean ezpondak bereizten duen eremu batetik bestera pasatzeko bidea egiteko.

Ezpondak desager ez daitezen, ordezkapeneko lurzatien diseinua, hasiera-hasieratik, finken egungo mugetara egokituko da, ahal den gehiena, muga gehienek egungo funtzionaltasunari eusteko.

Bide sareari dagokionez, kontuan hartuko dira ondoko oharrak:

A bidean ez da lurrerauzketarik egin behar 21. gunearen gainean, eta hor areka bakarra eginen da.

B1 bidearen hasierako tartean errespetatu eginen da sendotuta dagoen ezponda, zumarrak dituena.

Konpentsaziorako eta paisaiaren gaineko eragina zuzentzeko neurriak hartu behar dira, hain zuzen ere Konpentsazio neurrietarako erreserbako lurren 1:5.000 eskalako Planoan zehazten direnak, Ingurumenaren gaineko Eraginaren Azterlanean landaketarako eta espezieak aukeratzeko ezarritako irizpideei jarraituz (Memoriako 135. eta 136. orrialdeak). Gainera, landaketa guztietan honako zuzentarauei jarraituko zaie:

Inguruko klima-erregimena, eta zehazki lurraren hezetasun-erregimena (xerikoa) kontuan izanik, landareak sartzeko zuloetan produktu lagungarria jarri behar da.

Zuhaitzak landatzen direnean guztiei zurkaitza eta babes-hodia jarriko zaizkie, gutxienez 1,5 metroko altueraraino, abereek kimatu ez ditzaten eta zuhaitz guztiek aurrera eginen dutela bermatzeko. Gainera, babes-itxitura jarri behar zaie 47. gunean (El Berro) landatzen diren zuhaitzei.

Mantentze lan guztiak egin behar dira bi urte iragan arte.

Nekazaritzako erabilerak egokitzea gomendatzen da, malda handiko mazelak higatu ez daitezen. Bereziki San Joan Salbatore-El Berro alderdian egin behar da egokitze hori. Komenigarria litzateke bertako labore-lurrak larre edo baso bihurtzea.

Ez da hondakindegi edo mailegu eremurik aurreikusi, baina halakoren baten beharra balego Ingurumen Zuzendaritza Nagusian tramitatu beharko litzateke, obrak hasi aurretik.

Dokumentatu diren hiru aztarnategi arkeologikoak (San Joan Salbatore baseliza, La Poma eta La Mosquera) eta obrak egin bitartean aurkitu litezkeenak zaindu eta babestu egin behar dira, Ingurumenaren gaineko Azterlanari erantsi zaion txosten arkeologikoan dauden zehaztapenak betez.

Bideen eta drainatzeen sareko obrak bukatutakoan eta ordezkapen finka berriak emandakoan, Ingurumen Zuzendaritza Nagusira igorriko dira obra garaian ingurumenean egindako jarraipenari buruzko txostena eta neurri zuzentzaileak aplikatu ondoko hondarreko ingurumen-eraginen balorazioa.

5. Esku-hartzearen xedeko lurraldea mugatzea.

Esku-hartzearen eremua Untzitibarko Artaitz II mugapea da.

Berrantolatu beharreko eremuak ondoko muga hauek ditu:

Iparraldean: Itzagaondoko udal mugapea.

Hegoaldean: Naxurietako Kontzejuko mugapea (Untzitibar) eta Itzagaondokoa.

Ekialdean: Itzagaondoa.

Mendebaldean: Naxurietako Kontzejuko mugapea.

6. Ustiapenaren oinarrizko azaleraren mugak.

Untzitibarko Artaitz II eskualdearen lehorreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 50 eta 25 hektarea izanen dira, hurrenez hurren. Untzitibarko Artaitz II eskualdearen ureztalurreko ustiapen eremu oinarrizkoen goiko eta beheko mugak 23 eta 3,5 izanen dira, hurrenez hurren. Lehorreko lurraren eta ureztalurren arteko konbertsio-indizeak, gehienekoa eta gutxienekoa, 2,17 eta 7,14 hektarea izanen dira, hurrenez hurren.

7. Laborantzako gutxieneko unitateak.

Laborantzako gutxieneko unitateen balioak honako hauek dira: 25 hektarea lehorreko lurretan eta 3,5 hektarea ureztaketa lurretan.

8. Lurren balioa kalkulatzeko aplikatu beharreko moduluen zehaztapena.

Lurren Funtseko adjudikazio-hartzaileek ordaindu beharreko prezioa finkatzerakoan eta Nekazaritza Sozietateak eratzeko jartzen diren lurrak baloratzerakoan, kontuan izanen den lurren balioa ezartzeko xedez, bai eta ustiapenaren oinarrizko azalerak ezarri eta nekazaritzako ustiapenak elkartzeko dirulaguntzak kalkulatzeko ere, Nekazaritzako Azpiegiturei buruzko martxoaren 7ko 1/2002 Foru Legearekin bat, eremu horretan aplikatu beharreko moduluak azaroaren 26ko 334/2001 Foru Dekretuaren 17.2 taulan ageri diren balioak izanen dira (Dekretu horren bidez zenbait ondasun higiezin baloratzeko prozedura onetsi zen). 17.2 taula honako honi buruzkoa da: "Landalurreko metro koadro baten balioa, eurotan, udalerriaren eta Nafarroako Lurralde Aberastasunaren Erregistro Fiskalean duen sailkapenaren arabera". Balio horiek urtero eguneratuko dira, Nafarroako egiazko KPIak izaten duen gehikuntza portzentajearen arabera.

9. Aurrekontua.

Artaitz II eskualdeko lurzati berrantolamenduaren bidez nekazaritzako azpiegituretan esku hartzeko, egin beharreko inbertsioa 210.000 euro dela jotzen da, 2005etik 2007ra bitarte egin beharrekoa, honela banaturik:

Interes orokorreko lanak: 160.000 euro.

Dokumentazio ofiziala egitea (proiektuak, tituluak, eta abar): 50.000 euro.

10. Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuak foru dekretu hau betearazteko behar diren urratsak eginen ditu.

11. Foru dekretu honek bide administratiboa agortzen du, eta bere aurka, aukeran, errekurtso hauetako bat aurkezten ahal da:

_Berraztertzeko errekurtsoa, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

_Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salari zuzendua, bi hilabeteko epean, jakinarazi edo Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita.

Untzitibarko Udalak, berraztertzeko errekurtsoaren ordez, aurretiko errekerimendua egin dezake, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 29/1998 Legearen 44. artikuluan ezarritako moduan eta epeetan.

12. Foru dekretu hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara ematea eta Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuko Nekazaritzako Azpiegituren Zerbitzuari eta Untzitibarko Udalari jakinaraztea.

13. Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 23an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0513185