71. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 15a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

110/2005 EBAZPENA, maiatzaren 27koa, Garraio zuzendari nagusiak emana, 2005. urtean Nafarroako udalei autobus geltokietan markesinak eraiki eta instalatzeko inbertsioetarako emanen zaizkien dirulaguntzen deialdia onesten duena.

Bidaiarien garraio zerbitzu publikoa eta segurtasuna hobetzea ahalbidetzen duten elementuetako bat Nafarroako herri ezberdinetan autobusetarako ezarririko geltokietan markesinak eraiki eta instalatzea da, eta horregatik, dirulaguntzak ematea arautu behar duten irizpideak ezartzen dituen deialdia onetsi behar da.

Ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeak Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorra ezartzen du. Lege horrek ezartzen du dirulaguntza publiko guztietarako arauen esparru zedarritua, eta bertan finkatzen dira oinarriak, irizpideak, eskumenak, beharkizunak eta erantzukizunak, bai eta, halaber, laguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko prozedura ere.

2005eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 29ko 18/2004 Foru Legeak "Gelditzeko bideak eta markesinak" izeneko kontusaila eman du Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan.

Horrenbestez, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren egitura organikoa ezartzen duen otsailaren 24ko 47/2005 Foru Dekretuaren 28. artikuluak esleitzen dizkidan eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. 2005. urtean Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko deialdia onestea, autobus geltokietan markesinak eraiki eta instalatzeko inbertsioak zati batean finantzatzeko. Deialdia ebazpen honen I. eranskinean gehitu oinarriek eta II. eranskinean xedatutakoak eraenduko dute.

2. 100.000 euroko gastua onestea, 2005eko gastuetarako aurrekontuko "Gelditzeko bideak eta markesinak" izeneko 630000-62110 -7600-441100 kontusailaren kargura.

3. Ebazpen hau eta bere eranskinak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, eta Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari, Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuari, Kudeaketa Ekonomikoaren Bulegoari eta Ekonomia eta Ogasun Departamentuak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuan duen kontu-hartzaileari jakinaraztea, behar diren ondorioak izan ditzaten.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 27an._Garraio zuzendari nagusia, Jesús María Odériz Echevarría".

I. ERANSKINA

Markesinak eraiki eta instalatzea zati batean finantzatzeko dirulaguntzen deialdiaren oinarriak

1._Deialdiaren xedea.

Deialdi honen xedea 2005. urtean Nafarroako udalei dirulaguntzak emateko araubidea arautzea da, inbertsioak zati batean finantzatzeko, markesinak eraiki eta bidaiarien garraio publikoko autobus geltokietan instalatzeko asmoz; horrela, erabiltzaileei eman zerbitzua hobetuko litzateke.

Nolanahi ere, deialdi honen oinarrietan aipatu markesinen instalazioak deialdian ezarritakoari jarraitu beharko dio.

2._Onuradunak.

Dirulaguntzen araubide horri heltzen ahal izanen diote markesinak eraiki eta instalatu nahi dituzten udalek, obrak kontratatzeko espedientea 2005eko ekitaldian bideratzen hasten bada, eta markesinak 2005eko abenduaren 1en aurretik instalatzen badira.

3._Aurreikusitako laguntzak.

Deialdi honetan araututako laguntzak edo dirulaguntzak markesinak eraiki eta instalatzeko behar diren inbertsioak zati batean finantzatzeko erabiliko dira osorik. Dirulaguntza markesina eraiki eta instalatzeak sorturiko gastuaren % 64koa izanen da, eta nolanahi ere, laguntza hori ezin izanen da 10.000 eurotik gorakoa izan markesinako.

Onarturiko eskaera kopuruak eta erabilgarri dagoen aurrekontuko esleipenak horretarako bidea ematen badute, markesina eraiki eta instalatzeak sorturiko gastuaren % 90erainoko dirulaguntza ematen ahal izanen da, nahiz eta kopuru hori ezin izanen den 14.100 eurotik gorakoa izan markesinako.

4._Eskaerarekin batera aurkeztu beharreko agiriak.

Eskaerak Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren Garraio Zuzendaritza Nagusiari zuzendutako eskabidearen bidez aurkeztuko dira. Honako agiriekin batera aurkeztu beharko dira:

a) Markesina eraiki eta instalatzea burutzeko aurrekontua, eta markesinaren oinarrizko proiektuari buruzko aurrekontu eta guztiko txosten eguneratua, arloko teknikari eskudunak sinaturikoa. Horiekin batera, eraiki eta instalatu beharreko obra agertzen duen agiri grafikoa erantsi beharko da, obra aztertu eta baloratzeko.

Deialdi hau argitaratu aurretik eta 2005. urtean obrak hasi edota amaitu badira, obrak burutzeko proiektuaren ale bat aurkeztuko da.

b) Aurreikusitako finantzaketari buruzko udal erabakia eta eraiki eta instalatzeko obrak burutzeko aurreikusitako epea agertzen dituen ziurtagiria, eta hala denean, aldi berean finantzatzen duten erakundeena. Erakunde bakoitzak aurreikusi dituen kopuruak banakatu beharko dira. Ziurtagiri horretan bertan diruz lagundutako eraiki eta instalatzeko obra burutzeko asmoa agertuko da, hori finantzatzeko konpromisoa bere gain hartuta, baita aurreko atalak aipaturiko txosteneko aurrekontuaren gainean sor litezkeen gainkostuena ere. Beste erakunderen batek aldi berean finantzatzen badu, organo eskudunaren berariazko finantzazio hitzarmena.

c) Markesina instalatzeko erabiliko diren lurren lursail-zedula. Udala lurren jabea izan ezean, gutxienez 20 urterako lagapen agiriaren fotokopia konpultsatua ere aurkeztu beharko da. Aipatu lursail-zedulan geltokiaren eta markesinaren kokapen zehatza zehaztuko da.

Udal eskatzaileak erabilera-eskubidea bakarrik badu, lurren jabeak eraiki eta instalatzeko obrak egiteko berariazko baimena ematen duela adierazten duen agiria ere aurkeztu beharko da, erabilera-eskubidearen iraupena gutxienez 20 urtekoa dela zehaztuta.

d) Deialdi honen II. eranskinean ezarritako betekizunak betetzea, II. eranskinean sartu den eta eraiki eta instalatu nahi den markesina modeloa adierazita.

e) Autobusa egunero erabiltzen ahal duten pertsonen kopurua, garraio zerbitzu publikoak egiten dituen garraio erregularreko, edo eskola edo laneko garraioko enpresa, eta egunean egiten diren geldialdien kopurua.

f) Eskatzaileak bere eskaeraren indargarri aurkeztu nahi dituen beste dokumentuak, deialdi honetan aipatzen diren irizpide eta indikadoreen araberakoak.

Agiriek jatorrizkoak edo notario nahiz administrazio bidez kautotutako kopiak izan beharko dute.

5._Eskabidea aurkezteko tokia eta epea.

Onuradunak izan daitezkeen udalek dirulaguntza eskatzeko eskabidea, Udaleko alkateak sinatua eta Garraio Zuzendaritza Nagusiari zuzendua, eta aurreko atalean ezarritako agiriak aurkeztu beharko dituzte Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko Erregistroan (San Inazio etorbidea 3, beheko solairua, Iruña) edo ekainaren 24ko 137/2002 Foru Dekretuan zerrendatutako Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorreko gainerako bulegoetako edozeinetan, edo Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 38.4 artikuluak aipatu edozein lekutan, hilabeteko epean, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunetik hasita. Postetxeetatik aurkezten diren eskaerak gutunazal ireki batean aurkeztu beharko dira, ziurtatu aurretik data eta zigilua jartzeko.

Hala ere, 4. oinarrian adierazitako agiriak aurkezteko orduan akatsak atzematen badira, puntu guztietan betea ez badago, edo eskaera baloratzeko behar diren alderdi guztiak behar adina ez badira frogatu, atzemandako akatsa zuzen dezala eskatuko zaio udal eskatzaileari. Horretarako, hamar egun balioduneko gehieneko epea izanen du, jakinarazi eta biharamunetik hasita.

6._Eskaerak hautatzea eta balorazio-irizpideak.

6.1. Balorazio Batzorde batek aurkeztu agiriak aztertu eta baloratuko ditu 6.2 oinarrian ezarritako irizpide eta lehentasunen, eta deialdi honen II. eranskinean xedatutakoaren arabera, Garraio zuzendari nagusiari dirulaguntzak emateko proposamena egiteko, eta horren ondorioz, horrek dirulaguntzen deialdia ebazteko. Honakoek osatuko dute Batzorde hori:

_Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuko zuzendaria, lehendakari lanetan arituko dena.

_Garraioaren Antolamendu eta Kudeaketarako Zerbitzuko zuzendaria.

_Garraioen Plangintza eta Proiektuetarako atalburua.

Eskaerak hobeki ebaluatzen ahal izateko, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuak udal eskatzaileei eskatzen ahal izanen die aurkeztutako edo eskatutako agirietako informazioa zabaldu edo hobe dezaten.

6.2. Udalen eskaerak hautatuko dira, erabilgarri dagoen diru-esleipena muga izanda eta hurrengo lehentasun-irizpideak kontuan hartuta:

1. Lehenengo lehentasun-ordena.

_Markesinadun geltokirik ez duten biztanle-entitateetan (herria, kontzejua, lekua, ...) markesinak eraiki eta instalatzea.

_Bidaiarien beste garraio mota batzuen (eskolakoa, lanekoa, pribatua, ...) aurrean, bidaiarien garraio erregularreko autobus geltoki batean markesinak eraiki eta instalatzea. Garraio erregularra eta eskolakoa batzen dituzten geltokietarako lehentasuna, beste aukera batzuen aurrean.

_Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuaren eta Toki Erakundeen arteko hitzarmenetan bidaiarien garraio erregularraren emakidak aldatu edo indartzeko zehaztu diren geltokietan markesinak eraiki eta instalatzea.

2. Bigarren lehentasun-ordena.

_Baldintza meteorologiko txarrak dituzten herrietan markesinak instalatzea, ahal dela altuera eta plubiositate handien irizpideei jarraikiz.

_Markesina erabil dezaketen pertsonen kopurua, instalatuko den biztanle-entitateko biztanle kopuruaren eta markesinaren kokapenean gelditzeko baimena duten bidaiarien garraio erregularreko zerbitzuen kopuruaren arabera.

Deialdi honen lehenengo lehentasun-ordenan sartu gabeko markesinak eraiki eta instalatzea diruz laguntzen ahal izanen da, lehenengo lehentasun-ordenako eskaerak bete ondoren eta betiere behar adineko diru-esleipena badago.

Deialdi honetatik kanpo geratuko dira dauden markesinak konpondu, berritu, mantendu eta zaintzea edo beste leku batera eramatea xede duten obra eta jarduera guztiak.

7._Ebazpena.

7.1. Emakidaren ebazpena: eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik 45 eguneko gehieneko epean, deialdia Garraio zuzendari nagusiaren ebazpenaren bidez ebatziko da, Balorazio Batzordeak proposamena egin ondoren.

Emakidaren ebazpenaren arrazoiak emanen dira, eta bertan dirulaguntzaren zenbatekoa eta ordaintzeko modua agertuko dira. Era berean, eskatzaile guztiei jakinaraziko zaie.

7.2. Dirulaguntzaren zenbatekoa 2005eko gastuetarako aurrekontuko "Gelditzeko bideak eta markesinak" izeneko 630000-62110- 7600-441100 kontusailean xede horrekin agertzen den kredituaren diru-kopurura eta deialdi honen 3. oinarrian ezarritako mugara baldintzatuta, eta hala denean, mugatuta egonen da.

Dirulaguntzak 2005eko ekitaldi ekonomikoaren kargu emateak ez du inolako eskubiderik ematen ondorengo ekitaldietan ere dirulaguntzak hartzeko.

7.3. Interesdunek ez onartutzat jotzen ahal izanen dituzte beren eskaerak, eskaerak aurkezteko epea amaitzen denetik bi hilabeteko gehieneko epean Ebazpena jakinarazten ez bazaie.

8._Dirulaguntzen aldaketa, aldiberekotasuna eta muga.

Dirulaguntza emateko kontuan hartu diren baldintzen edozein aldaketak emakidaren ebazpena aldatzea ekarriko du.

Deialdi honen bidez ematen diren dirulaguntzak bateragarriak dira onuradunek administrazio honetatik, beste administrazio publiko batzuetatik edo nazioko zein nazioarteko beste erakunde publiko edo pribatu batzuetatik edo partikularrengandik jasotzen dituzten dirulaguntzekin.

Laguntzen onuradunek Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuari jakinarazi beharko diote aldi berean beste dirulaguntza batzuk jasoko dituztela. Laguntza guztien zenbateko osoa ez da izanen, inola ere, onuradunak egin beharreko eraiki eta instalatzeko obren kostua baino handiagoa. Kasu horretan, deialdi honek emaniko dirulaguntza murriztuko da, jasotako laguntzen zenbateko osoa markesina eraiki eta instalatzeko obren benetako kostua baino handiagoa izan ez dadin.

9._Dirulaguntzaren onuradunen betebeharrak.

9.1. Dirulaguntza hauek jasotzen dituzten entitateek deialdi honen 3. oinarrian aipaturiko xederako erabili beharko dituzte eman zaizkien fondoak.

9.2. Markesinak zaindu, garbitu, mantendu, konpondu edo ondoren berritzeko lanak markesinen jabe diren udalen kontu eta kargura gauzatuko dira.

9.3. Deialdi honen xede diren markesinak instalatzeko laguntzak jasotzen dituzten udalek ezin izanen dituzte eraisten edo beste leku batera eramaten instalatzen direnetik hurrengo 5 urteetan, gutxienez, Garraio Zuzendaritza Nagusiak aurretik horretarako baimena eman ezean.

9.4. Markesina eraiki eta instalatzeko obra amaitu ondoren, dirulaguntza jasotzen duten udalek hurrengo agiriak aurkeztu beharko dituzte 2005eko abenduaren 3a baino lehen, emaniko dirulaguntza ordaintzeko asmoz:

a) Diruz lagundutako eraiki eta instalatzeko obraren aurrekontu eta guztiko txostena, hala denean, dirulaguntza eskatzean aurkeztu den txostenaren aldean egin diren zuzenketak adierazita.

b) Ondoko datuak zehazten dituzten agiriak: obraren adjudikazio data, adjudikazioa eman zaion enpresa, bera identifikatzeko datuekin (izena, IFZ, helbidea, telefono-zenbakia, posta kodea eta herria) eta adjudikazioaren zenbatekoa zehazturik.

Administrazio bidez egiten diren obren kasuan, agiri horien ordez aurkeztuko da udaleko organo eskudunak hartutako erabakia, horretan obrak sistema honen arabera egin direla adieraziko dela.

c) Udaleko idazkariaren ziurtagiria, markesina eta informazio zutabea deialdi honen II. eranskinaren 1. atalean adierazi bezala instalatu direla adierazten duena. Horrez gain, teknikari eskudunak sinaturiko obra amaierako ziurtagiria eta markesina eraiki eta instalatzeko egin gastuaren ordainagirien zerrenda aurkeztuko dira. Obrak Administrazioak burutzen baditu, horretarako egin gastuaren fakturen eta beste frogagiri batzuen zerrenda aurkeztuko da.

9.5. Obrak diruz lagundutako proiektuarekin bat etorriz burutuko dira. Gerta daitezkeen aldaketak, edo dirulaguntzaren xede den inbertsioaren kostuaren gainean hasieran aurreikusi gabeko gehikuntzak onuradunaren kargura ordainduko dira.

9.6. Obren bukaerako kostua diruz lagundutako aurrekontukoa baino txikiagoa bada, dirulaguntzaren zenbatekoa murriztuko da, kostua jaitsi den proportzio berean, deialdi honen 3. oinarrian aipatutako ehunekoa ez gainditzeko.

9.7. Dirulaguntza jasotzen duten udalek Garraio Zuzendaritza Nagusiak eskatutako egiaztapenak eta agiriak onartu eta eman beharko dituzte.

9.8. Garraio Zuzendaritza Nagusiak, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzua bitarteko, zilegi izanen du obrak ikuskatzeko nahi adina bisita tekniko egitea obrak irauten duen bitartean eta dirulaguntza hartzen duen erakundea beharturik dago obretara sartzen uztera eta obraren gaineko edozein dokumentazio ematera.

10._Ez-betetzea.

Deialdi honetako oinarrietan ezarritakoa betetzen ez bada, datuak faltsutzen edo xedeak aldatzen direla ikusten bada, dirulaguntza galdu eginen da, eta ordura arte jasotako kopuruak itzuli beharko dira, alde batera utzi gabe antolamendu juridikoan aurreikusi diren gainerako erantzukizunak.

11._Arau-hausteak eta zehapenak.

Arau-hauste eta zehapenei dagokienez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen dirulaguntzak eman, kudeatu eta kontrolatzeko araubide orokorrari buruzko ekainaren 9ko 8/1997 Foru Legeko 27. eta 28. artikuluetan ezarritakoari jarraituko zaio.

12._Helegiteak.

Deialdi honen, bere oinarrien eta bere aplikazio egintzen aurka, partikularrek zilegi izanen dute gora jotzeko helegitea jartzea, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio Departamentuko kontseilariari zuzendua, deialdia argitaratu edo hala denean, bidezko egintza jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Deialdi honen, bere oinarrien eta bere aplikazio egintzen aurka, toki erakundeek zilegi izanen dute administrazioarekiko auzi-helegitea jartzea Iruñeko Administrazioarekiko Auzien Epaitegian bi hilabeteko epean, deialdia argitaratu edo hala denean, bidezko egintza jakinarazi eta biharamunetik hasita, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duen uztailaren 13ko 28/1998 Legearen 44. artikuluan zehazten diren moduan eta epean Nafarroako Gobernuaren aurrean aurreko errekerimendua egiteko aukera galarazi gabe.

II. ERANSKINA

Geltokiek, markesinek eta beren kokapenak bete beharreko baldintzak eta betekizunak

1._Markesina guztietarako derrigorrezko elementua.

Informazio zutabea.

Bi aldeetatik ikusgai dagoela markesinen ondoan jartzen den zutabea da. Batez ere, bi zeregin ditu:

1. Autobus geltokia dagoela adieraztea.

2. Autobusen ordutegiari buruzko informazioa, eta hala denean, udalak interesgarritzat jotzen dituen beste informazio batzuk ematea.

Gutxi gorabehera 3,25 metroko altuera, 0,5 metroko diametroa eta 1,5 milimetroko lodiera dituen zutoin zilindrikoa dauka. Zutoin horrek 3 zati bereizi ditu:

1. Goiko zatia: metro 1eko altuera du, atzealdea gorria da, eta letrek marrazkia eta testua dituzte Nafarroako Gobernuaren anagrama eta logotipoaren arabera. Diruz lagundutako obren informazio euskarrietarako diseinuari buruzko arauetan ezarritako testua ere egonen da, Nafarroako Foru Komunitatearen identitate korporatiboaren programaren arabera.

2. Erdiko zatia: 1,25 metroko altuera duen zilindroa, kanpotik gardena da eta barnetik euskarri biratzailea du, horretan bidaiarien autobus garraioko zerbitzuen ordutegiari buruzko informazioa edo beste informazio interesgarri batzuk jar daitezkeela.

3. Beheko zatia: metro 1eko altuera du, metalezkoa da, gris kolorekoa, eta lurreko ainguraketa sistemak ditu.

2._Dirulaguntzaren xede diren markesinen lehentasun-modeloak.

1. modeloa: zurezkoa.

Modelo ezagunena da, Nafarroako herri gehienetan instalatu da eta. Honakoek osatzen dute markesina hori:

Burdina galbanizatuzko eta aire libreko iraunkortasuna handitzeko trataturiko pinu gorriko zurezko egitura hibridoa.

Estalkia eta bere euskarriak zur geruzatu lauzkoak dira. Goi-presioetan eta goi-tenperaturetan gogortutako zuntz eta errexinen nahasketak osatzen du barnetik, 13 milimetroko lodiera du, baita bi aldeko isurialde handia ere, ura eta elurra azkar husteko. Guztira, 10 bat metro karratuko azalera estalia dago.

Itxitura bertikalak: alboko bi horma eta hondoko bat: horiexek ere zur geruzatuzkoak dira, eta aluminiozko arrastelen gainean daude, hondoko hormak hiru metro ditu, alboko hormek 1,5 metro dituzte, eta altuera 2,2 metro ingurukoa da.

Hondoko horman zurezko bankua jartzen da, 2,4 x 0,4 metrokoa, burdina galbanizatuzko metalezko ainguraketen gainean.

Zolata hormigoizko azalera lauak, 6,5 x 3,6 metrokoak (23 m², gutxi gorabehera) osatuta dago, eta 13 cm-ko lodiera du. Legar trinkotuzko geruza baten gainean dago, egitura, bankua eta zutoina edo informazio zutabea bertan ainguratuta daudela. Aldapa txikia izanen du kanporantz, putzuak osatzea eragozteko asmoz, eta ez du inolako eskailerarik izanen, gurpil-aulkian doazen minusbaliatuak edo mugikortasun murriztuko pertsonak sartzen ahal izan daitezen.

2. modeloa: harrizkoa.

Markesina modelo hori ez dago oso zabalduta: hiriguneetan eta batez ere harrizko ingurunea duten herrietan instalatu da. Honakoek osatzen dute markesina hori:

Egitura lurrerako egokia den zimendatzearen gainean dauden harrizko horma bertikalek osatuta dago.

Estalkia: zeramika kurbatuzko teilak, arabiar motakoak edo antzekoak. Aldapa % 35ekoa da, porlanezko morteroan amaitzen dena, aire zabaletik babesteko lixatu eta bernizatu diren gaztainondo edo haritzeko zurezko habexken eta zur mihiztatuzko oholtzaren gainean, eta gutxieneko altuera 2,20 metrokoa da.

9 metro karratuko azalera itxia dago, guztira 24 metro karratu dituen estalkiaren azpian.

Itxitura bertikalak bistako harrizko hormak dira, guztiz perpendikularrak diren angelu izkinak dituztenak. Azalera 24 metro karratukoa da, gutxi gorabehera, eta 0,45 metroko lodiera dute. Alboko hormek 2,45 metroko oinplanoa dute; hondoko hormak, berriz, 5,4 metrokoa.

Hondoko horman gaztainondo edo haritzeko zurezko bankua jarriko da (estalkirako aukeratu den zur motaren arabera), 20x5 cm-ko sekzioa eta 4,5 metroko luzera dituena, eta hormen harri berdinaz egindako hormatxoari lotuta dagoena.

Zolata: 5 cm-ko batez besteko lodiera duten harri naturalezko lauzak, harrien kolore berdina duen hareaz oraturiko porlanezko morteroan amaitzen direnak.

Aldapa txikia izanen du kanporantz, putzuak osatzea eragozteko asmoz, eta ez du inolako eskailerarik izanen, gurpil-aulkian doazen minusbaliatuak edota mugikortasun murriztuko pertsonak sartzen ahal izan daitezen.

3._Markesinak instalatuko diren autobus geltokiak zuzen kokatu eta seinaleztatzeko gomendioak.

Geltokian autobuserako erreia egotea. Irisgarritasuna.

Guztiz ezinezkoa izan ezean, geltokia eta markesina galtzadatik kanpoko errei batean jarriko dira. Errei eta galtzadaren artean autobus batek ondoko maniobrak egiteko beste distantzia egonen da: gelditu, bidaiariak hartu, bidaiariak utzi eta abiatzea, zailtasunik eta arrisku handirik gabe.

Kokapenak erabiltzaileen, eta bereziki, mugikortasun murriztuko pertsonen irisgarritasuna bermatu behar du, trafikoaren fluxua ahalik eta gutxien eraginda.

Kokapena eta ikuspena.

Markesina eta autobusetarako geltokia tarte zuzenetan kokatu beharko dira. Markesinak ez dira inoiz instalatuko kurba batean, kurba baten amaieran eta sestra-aldaketan, ezta behar bezalako ikuspena ez duten lekuetan ere, eta betiere salgaien zamalanetatik urrun.

Geltokia, markesina eta bere seinaleztapen bertikala argi ikusi behar dira, haiek antzematea eragozten duen elementurik gabe, hala nola: zuhaitzak, hiri altzariak, aparkatutako ibilgailuak, ...

Zebra-bidea edo oinezkoen pasabidea.

Komeni da markesina eta geltokia dagoen zebra-bide baten ondoan jartzea. Bestela, markesinatik hurbil dagoen zebra-bidea seinaleztatzen saiatuko da, behar bezala seinaleztatzen dena eta geltokiaren aurrean -zirkulazioaren noranzkoan-dagoena, erabiltzaileak autobusaren atzetik gurutzatzea eragozteko, horrek ikuspenik ez izatea ekarriko luke eta.

Oinezkoen pasabideak edo zebra-bideak pintura distiratsuaz eta ez labaingarriaz seinaleztatzea gomendatzen da, euria egiten duenean motor-gidariak ez erortzeko eta ibilgailuek irrist ez egiteko. Seinaleztapen bertikal zuzena egunez zein gauez edo egoera meteorologiko txarretan ikusten ahal izanen da.

Argiztapena.

Hirigunean edo sare elektrikoa hurbil daukaten lekuetan, argi egokiak instalatuko dira markesinan hobeto ikusteko, baita seinaleak ere ordutegiei buruzko informazioa ikusteko, itsualdi deserosoak saihestuta.

Zaintzea.

Udal bakoitzak ondoko ardurak hartuko ditu bere gain:

_Bidaiarien garraio enpresei markesina dagoela eta gidarien jardute-arauak zeintzuk diren adieraztea, maniobrak erraztu eta istripu arriskuak saihesteko asmoz.

_Markesina garbitu eta zaintzea, hori txarto ez erabiltzen saiatuta eta kalteren bat sortu duen istripuaren datuak idatzita, azkar eta behar bezala konpontzeko asmoz.

_Bandalismo ekintzak gertatzen direnean beharrezko zaintze-neurriak berehala hartzea.

4._Zehaztapenak.

Udal interesdunek beren herrietan markesina instalatzeko dirulaguntza eskatzeari buruzko erabakia hartu ondoren, Udal interesduneko teknikarien eta Garraio Zuzendaritza Nagusiko langileen arteko bilera hitzartzen ahal izanen da, markesinaren instalazioak bete beharko dituen zehaztapenak eta xehetasunak zehazteko. Bi markesina modelo horien eraikuntza-xehetasunak eskatzaileen eskura egonen dira, Garraioen Plangintza eta Araubide Juridikoaren Zerbitzuan.

Iragarkiaren kodea: F0513435