70. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.1. XEDAPEN OROKORRAK

1.1.4. Ebazpenak

462/2005 EBAZPENA, maiatzaren 26koa, Lan zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Foru Komunitatearen esparruan, ordaindu bai baina errekuperatu behar ez diren 2006ko jaiegunen egutegi ofiziala ezartzen duena.

Martxoaren 24ko 1/95 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 37.2 artikuluari lotua dagoen uztailaren 28ko 2001/1983 Errege Dekretuaren 45. artikuluak ezartzen duenez (azaroaren 3ko 1346/1989 Errege Dekretuak aldatu zuen haren idazketa, eta indarrean da oraindik ere, irailaren 21eko 1561/1995 Errege Dekretuko xedapen indargabetzaile bakarraren arabera), nazio esparruko jaiegunak, ordaintzekoak baina errekuperatu behar ez direnak, legezko agindu horretan jasotakoak izanen dira.

Autonomia Erkidegoek, urteko hamalau jaieguneko muga barrenean (horietako bi herrietakoak izanen dira), tradizioz eurenak dituzten jaiegunak seinalatzen ahal dituzte. Halaber, ahalmena daukate igandearekin suertatzen diren jaiegunak hurrengo astelehenera bertara pasatzeko. Beraz, abenduaren 3ko jaia, San Frantzisko Xabierkoaren eguna alegia, Nafarroako Foru Komunitateko lurralde osorako jaia baita, hilabete beraren 4ra eraman da.

Azaldutakoa dela medio, Nafarroako Foru Komunitatean 2006. urteko jaiegunak ezarri dira, eta beste jaiegun bat gehituko da, herri bakoitzekoa, Udal bakoitzaren proposamenaren araberakoa.

Horrenbestez, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuaren bidez eskuratu dudan ahalmena erabiliz,

EBATZI DUT:

Lehendabizi._Honako hauek izanen dira Nafarroako Foru Komunitatean ordaindu bai baina errekuperatuko ez diren 2006. urteko jaiegunak:

Urtarrilaren 6a: Errege eguna.

Apirilaren 13a: Ortzegun Saindua.

Apirilaren 14a: Ortziral Saindua.

Apirilaren 17a: Pazko Biharamuna.

Maiatzaren 1a: Langileen eguna.

Uztailaren 25a: Donejakue.

Abuztuaren 15a: Abuztuko Andre Maria.

Urriaren 12a: Espainiako jai nazionala.

Azaroaren 1a: Omiasaindu.

Abenduaren 4a: San Frantzisko Xabierkoaren egunaren ondoko astelehena.

Abenduaren 6a: Konstituzioaren eguna.

Abenduaren 8a: Ama Birjina Sortzez Garbia.

Abenduaren 25a: Eguberri.

Aurreko zerrenda horretan sarturik dago, aipatu Errege Dekretuaren 46. artikuluak dioen bezala, eta Nafarroako Foru Komunitate osorako, abenduaren 4a, San Frantzisko Xabierkoaren jaiegunaren biharamuna, Nafarroaren Eguna baita.

Bigarrena._Herri bakoitzari dagokion bigarren jaieguna udalak proposatuko du.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 26an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

Iragarkiaren kodea: F0513333