70. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 13a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

278/2005 EBAZPENA, urtarrilaren 14koa, Lehendakaritzako zuzendari nagusiak emana, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren Estatutuak argitaratzeko agintzen duena.

Ekainaren 9ko 6/2004 Foru Legeak, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortu duenak, xedapen iragankor bakarrean ezartzen duenez, Elkargoaren behin betiko estatutuak onetsitakoan Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira, Elkargoa eratzeko batzarraren ziurtagiria erantsirik, eta, organo eskudunak legezkotzat jotzen baditu, Departamentuko titularrak Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen aginduko du.

Ikusirik Elkargoa eratzeko 2005eko urtarrilaren 22an egin zen batzarreko aktaren ziurtagiria, bertan jaso baitzen Elkargoaren behin betiko Estatutuen onespena, eta orobat, ikusirik estatutu horiek aldatzeko 2005eko apirilaren 2an egindako batzar bereziko akta eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuko Idazkaritza Nagusi Teknikoak eman duen txostena.

Kontuan izanik Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legean eta hura garatzeko abenduaren 18ko 375/2000 Foru Dekretuak onetsi zuen Erregelamenduan ezarritako baldintzak betetzen direla; eta Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortu duen ekainaren 9ko 6/2004 Foru Legearen xedapen iragankor bakarrean ezarritakoarekin bat.

Horrenbestez, eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariak abuztuaren 5eko 54/2003 Foru Aginduan emandako eskurantzak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren estatutuak, ebazpen honen eranskinean daudenak, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara daitezen agintzea.

2. Ebazpen hau jakinaraztea Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialari eta adieraztea haren kontra gora jotzeko errekurtsoa jar dezakeela, Nafarroako Gobernuari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik aurrera, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko 30/1992 Legearen 114. eta 115. artikuluetan xedaturikoarekin bat, artikulu horiek aplikagarriak baitira, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren indarrez.

Iruñean, 2005eko apirilaren 14an._Lehendakaritzako zuzendari nagusia, Ildefonso Sebastián Labayen.

COLEGIO OFICIAL DE DIETISTAS-NUTRICIONISTAS DE NAVARRA/NAFARROAKO DIETISTA-NUTRIZIONISTEN ELKARGO OFIZIALAREN (CODINNA/NADNEO) ESTATUTUAK

I. TITULUA

Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala

1. artikulua. Arau orokorrak.

1.1. artikulua. Estatutu hauen xedea da Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) antolaketa eta jarduera arautzea, haren sorrerari buruzko legezko xedapenetan ezarritakoaren arabera eta lanbide elkargoen alorrean indarra duten legeekin bat etorriz.

1.2. artikulua. Hauek dira Elkargoaren egituraren oinarri nagusiak: kideen arteko berdintasuna, eta antolaketa eta jardunbide demokratikoak; bigarren oinarri horrek barne hartzen ditu gobernu organoen hautapen demokratikoa eta erabakiak gehiengoaren adostasunez hartu beharra.

Elkargoak dietista-nutrizionisten interesak ordezkatu eta zainduko dituen erakundea izan nahi du. Gainera, lanbidean ari direnen ordezkaria izan nahi du, eta lagundu egin nahi du osasunerako eskubidea eta osasunaren arloko laguntza hobea jasotzeko eskubidea gizartean sustatzen.

1.3. artikulua. Erakundea eta korporazioa den aldetik, Elkargoak harremanak izanen ditu Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuarekin edo lanbide elkargoen alorreko eginkizunak ematen zaizkion harekin. Sektoreko eta lanbideko gaietan Osasun Departamentuarekin izanen ditu harremanak, honek baititu osasun alorreko eskumenak, eta lanbide eremuarekin zerikusia duten Nafarroako Gobernuko beste departamentuekin ere bai.

1.4. artikulua. Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak (CODINNA/NADNEO) harremanak izanen ditu Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiarekin, Estatuko legeria orokorrari jarraikiz.

Aurreko idatz-zatian xedatutakoa ezertan galarazi gabe, Elkargoak elkarrekikotasun eta lankidetza hitzarmenak egin ahal izanen ditu beste lanbide elkargo batzuekin, mota guztietako elkarteekin eta zientzia elkarteekin, edozein dela ere haien lurralde eremua.

1.5. artikulua. Elkargoak komenigarritzat jotzen dituen harremanak ezarri ahal izanen ditu, legearen esparruan, atzerriko eta nazioarteko lanbide erakundeekin.

1.6. artikulua. Elkargoaren funtzionamendua egokia eta ahalik eraginkorrena izan dadin, Gobernu Batzordeak barne araubideko erregelamendua onesteko proposatu ahal izanen dio Batzorde Orokorrari.

2. artikulua. Elkargoaren izaera.

2.1. artikulua. Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala (CODINNA/NADNEO) zuzenbide publikoko korporazioa da, Legeak babestua eta Estatuak onartua; nortasun juridiko propioa du, eta ahalmen osoa bere xedeak betetzeko eta bere eginkizunetan aritzeko. Elkargoaren legezko ordezkaritza, hala judizioan nola judizioz kanpo, Elkargoko lehendakariari dagokio. Zilegi izanen du ahalorde orokor edo bereziak ematea prokuradore eta abokatuei eta edozein motatako mandatariei, aurrez Gobernu Batzordeak hala erabakita.

2.2. artikulua. Elkargoak arau izanen ditu honako Estatutu hauek, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortu duen ekainaren 9ko 6/2004 Foru Legea, Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko apirilaren 6ko 3/1998 Foru Legea, aplikagarri zaizkien gainerako legeak, Europakoak, Estatukoak nahiz Foru Komunitatekoak, eta Elkargoko gobernu organoek beren eskumeneko eremuan modu baliozkoan hartzen dituzten erabakiak.

3. artikulua. Elkargoaren eremua.

3.1. artikulua. Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren (CODINNA/NADNEO) jarduera-eremua Nafarroako Foru Komunitatea da, baina horrek ez ditu haren jarduketak mugatuko, Estatu osoan edo atzerrian jardun ahal izanen baitu unean uneko ekintzetan. Betiere 2. artikuluko arauak beteko ditu.

3.2. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatea probintzia bakarrekoa denez, Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialari (CODINNA/NADNEO) dagokio bai Dietista-Nutrizionisten Elkargoaren probintzi mailako eskumena bai autonomia erkidegoaren mailakoa erabiltzea.

Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak (CODINNA/NADNEO) Iruñean izanen du egoitza soziala, eta ordezkaritzak ezarri ahal izanen ditu beste edozein herritan, Batzorde Orokorrak hala erabakiz gero. Halaber Batzorde Orokorrak eskumena izanen du egoitza nagusiaren edo ezartzen diren ordezkaritzen helbide zehatza erabakitzeko.

4. artikulua. Protokoloa eta siglak.

4.1. artikulua. Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialak "txit argia" tratamendua izanen du; haren lehendakariak "jaun txit argia" edo "andre txit argia" tratamendua izanen du.

4.2. artikulua. Colegio Oficial de Dietistas-Nutricionistas de Navarra/Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialaren izen laburtua CODINNA/NADNEO izanen da.

5. artikulua. Elkargoaren helburuak, ahalmenak eta eginkizunak.

5.1. artikulua. Hauek dira CODINNA/NADNEOren helburu nagusiak: dietista-nutrizionisten lanbidearen eta elkargoko kideen lanbide interesen ordezkari bakarra izatea eta haiek defendatzea, gizartearen interes orokorrekin bat; Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloko profesionalei etengabeko prestakuntza ematea; Nafarroan lanbide jarduera antolatzea, ezarritako lege-esparruaren eta elkargoaren barnean.

5.2. artikulua. CODINNA/NADNEOk, bere lurralde eremuan, indarra duen legeriak ematen dizkion eskumen eta eginkizun guztiak hartuko ditu bere gain, eta bai Administrazioak berariaz ematen ahal dizkionak ere, helburu hauek betetzeko: osasun publikoaren alorreko lankidetza, Giza Nutrizioaren eta Dietetikaren arloko lanbide jardueraren antolamendua, eta lanbide jarduera etiko eta kalitatekoaren bermea.

5.3. artikulua. Beste helburu hauek ere izanen ditu Elkargoak:

a) Lanbidearen eta profesionalen ordezkaria izatea lanbideari dagozkion alderdi guztietan.

b) Bere eskumeneko eremuan lanbide jarduera antolatzea, irizpide deontologikoei jarraituz egin dadin arduratzea, eta diziplinako ahalmena erabiltzea lanbidean nahiz elkargoan.

c) Lurraldeko, Estatuko eta Europako administrazio publikoekin lankidetzan aritzea lanbide jardueraren baldintza orokorrak arautzen.

d) Dietista-nutrizionisten eta Giza Nutrizio, Dietetika eta Elikadura arloaren interes orokorrak ordezkatu eta defendatzea, batez ere administrazioekin eta osasun nahiz gizarte arloetako erakunde publiko, pribatu eta mistoekin izaten dituzten harremanetan.

e) Giza Nutrizioa, Dietetika eta Elikadura herritarrei laguntzeko eta haien osasuna eta ongizatea hobetzeko bitarteko egokiak izan daitezen sustatu, begiratu eta zaintzea.

f) Giza Nutrizioa, Dietetika eta Elikadura sustatu, ezagutarazi eta indartzea, eta osasun eta gizarte egituretan beren lekua eta garrantzia izan ditzaten arduratzea, zientziaren, kulturaren, lanaren, ikerketaren eta irakaskuntzaren ikuspegietatik.

g) Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloko lanbidea sustatu eta hedatzea, dietetika eta elikaduraren inguruko arazoen prebentzioan, balorazioan, diagnostikoan, tratamenduan, jarraipenean eta ebaluazioan arituz, gaixoekin nahiz pertsona osasuntsuekin.

5.4. artikulua. Bere helburuei begira, CODINNA/NADNEOk, bere lurralde eremuan, Estatuko eta Foru Komunitateko legeek ematen dizkioten ahalmenak erabili eta eginkizunak beteko ditu; besteak beste, honako hauek:

a) Zilegi izanen du edozein eratako ondasunak kostubidezko edo irabazizko tituluan eskuratu, besterendu, saldu, kargatu, eduki eta beretzat eskatzea, obligazioak bere gain hartzea, eta, oro har, era guztietako eskubideen titularra izatea eta edozein ekintza judizial, erreklamazio edo bide eta jurisdikzio guztietako errekurtsoak betearazi edo jasatea. Gobernu Batzordeak aurrez erabakia hartuta, Elkargoko lehendakariak izanen du ahalmena aurreko puntuan aipatutakoak egiteko, salbu eta Elkargoaren ondasunen gaineko xedapen egintzak, horietarako Batzorde Orokorraren berrespena ere beharrezkoa izanen baita.

b) Esku hartzea, adiskidetzearen edo arbitrajearen bidez, lanbideari lotutako arazoengatik elkargokideek elkarrekin edo hirugarrenekin izaten dituzten gatazketan, alderdiek hala eskatzen dutenean.

c) Arbitraje lanak egitea aurkezten zaizkion auzietan, eta arbitraje erakundeak sustatu edo haietan parte hartzea.

d) Betetzea eta Elkargoko kideei betearaztea legeetako eta estatutuetako xedapenak, lanbideari dagozkion heinean, bai eta Elkargoko organoek beren eskumeneko gaietan onesten dituzten arau eta erabakiak ere.

e) Legeetan ezarritako ordezkaritza izatea bere xedeak betetzeko; lanbidearen ordezkari eta defendatzailea izatea administrazio, erakunde, entitate eta norbanakoen aurrean, lanbidearen interesak ukitzen dituzten auzietan alderdi gisa parte hartzea eta eskaera egiteko eskubidea erabiltzea, legean xedatutakoari jarraituz.

f) Elkargoko kideen lanbide jarduera antolatzea, profesionalen prestakuntza, etika eta duintasuna eta herritarren eskubideen errespetua zaintzea, lanbidearen Kode Deontologikoa onestea eta hura bete dadin eta eraginkorra izan dadin arduratzea.

g) Diziplina ahalmena erabiltzea lanbidearen esparruan nahiz elkargoan; bere Estatutuak eta haien aldaketak egitea eta Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari jakinaraztea; bere Barne Araubideko Erregelamendua eta bere eskumenak garatzeko behar diren gainerako erabakiak prestatu eta onestea; dietista-nutrizionisten lanbide jarduera antolatzeko behar diren arau eta estandarrak prestatzea; eta profesionalak kreditatzeko sistema egokiak sortu, garatu eta ezartzea, Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloko lanbide jarduera ahalik ongien egin dadin.

h) Profesionalen lansariei buruzko gutxi gorabeherako baremoak eta nahitaezko minimoak ezartzea.

i) Bere aurrekontuak onestea eta bere kideen diru ekarpenak antolatu eta eskatzea.

j) Elkargoko kideen arteko adiskidetasuna eta lankidetza zaintzea.

k) Profesionalen errolda eta Elkargoko kideen tituluen erregistroa kudeatzea.

l) Elkargoko kide guztientzat interesgarriak diren jarduera eta zerbitzuak antolatu eta sustatzea: lanbideari dagozkionak, prestakuntzakoak, kulturalak, laguntzakoak, aurreikuspenekoak eta antzekoak.

m) Egokitzat jotzen dituen lege, lan, administrazio eta zerga aholkularitzako zerbitzuak ematea, profesional eskudunen bitartez.

n) Aldian-aldian bere jardueren berri ematea kideei, eta jakingarriak izan daitezkeen gai guztien gaineko informazioa ematea.

ñ) Laguntza, arreta, prestakuntza eta informazio zerbitzuak ezarri, antolatu eta kudeatzea, hala Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloko profesionalentzat nola zerbitzuok eskatzen dituzten beste profesional batzuentzat eta biztanleria osoarentzat.

o) Ikasketa planak egiten parte hartzea; profesionalak prestatzen dituzten ikastetxeen antolaketa arauei buruz txostenak egitea; ikastetxe horiekin etengabeko harremanak izatea; Europako Batasunean titulua eskuratu berri duten pertsonak errazago laneratu daitezen bitartekoak sortu eta mantentzea eta horien homologazioa proposatzea Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari; prestakuntzarako, hobekuntzarako eta lanbide-karrerarako ikastaro eta jarduerak antolatzea.

p) Lanbide jarduerak, hala profesionalen kopuruan nola kalitatean, gizartearen beharrak ase ditzan begiratzea.

q) Lanbide sarkoikeria galarazteko eta jazartzeko neurriak hartzea. Ildo horretan, "Giza Nutrizioa, Dietetika eta Elikadura" izena eta arlo horretako teknikak erabiltzen dituztenek lanbideari eta lanbide jarduerari buruzko arauak bete ditzaten begiratzea. Horretarako laguntza eskatu ahal izanen die gobernu eta osasun agintariei eta kasuak auzitegira eraman ahal izanen ditu.

r) Gizarteko komunikabideetan Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren zabalkundeak egiazko oinarri zientifikoak izan ditzan arduratzea, eta aurka egitea propaganda eta publizitate engainagarri edo gezurrezkoari, eta, oro har, jendearen eskubideak edo legezko printzipioak urratzen dituenari.

s) Titulatu gabeko eta titulatutako osasun arloko profesionalen prestakuntzaz arduratzea, herritarren osasun beharrei eta eskakizunei ematen zaien arreta eta Osasun Sistema osoa hobetze aldera.

t) Bere eskumeneko eremuan, proiektu edo ekimenei buruzko txostenak ematea, ahoz zein idatziz, Gorte Nagusiei, Estatuko Gobernuari, Nafarroako Parlamentuari, Nafarroako Gobernuari eta hala eskatzen dioten erakunde guztiei.

u) Elkarlanean eta lankidetzan aritzea Administrazio Publikoarekin (bereziki Osasun Administrazioarekin) eta gainerako botere publikoekin, azterlanak eginez, txostenak emanez, estatistikak prestatuz eta bere helburuekin zerikusia duten bestelako lanak eginez, hala eskatzen badiote edo bere kabuz hala erabakitzen badu.

v) Bere lanbideko gaietan, parte hartzea Administrazioko aholkularitza organoetan, administrazio publikoetako langileak aukeratzeko epaimahaietan eta lanbidearteko erakundeetan.

w) Dietista-nutrizionistek Unibertsitateko Patronatuetan eta Osasun Kontseiluetan ordezkaritza izan dezaten ziurtatzea, haiek erregulatzen dituzten arauetan ezarritako moduan.

x) Giza Nutrizioarekin, Dietetikarekin eta Elikadurarekin lotura duten industriei produktu berriak garatzeko baldintza egokien berri ematea, eta eskaintzen dituzten materialen gaineko kontrol dietetiko-nutrizionala ezartzea, baldintza teknikoek aukera ematen badute.

y) Lanbidearen eta Elkargoko kideen interesei mesede egiten dieten eta Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren xedeak lortzen laguntzen duten gainerako eginkizunak, eta Estatuko edo Foru Komunitateko araudietan ezarritako beste guztiak.

II. TITULUA

Elkargoko kideak

6. artikulua. Dietista-nutrizionisten gaitasunak.

6.1. artikulua. CODINNA/NADNEOren egitekoa da dietista-nutrizionisten lanbide gaitasunak definitzea. Hala bada, unibertsitateko prestakuntza amaitu eta Giza Nutrizioko eta Dietetikako unibertsitate titulua eskuratzen duten pertsonen lanbide profila eta lanbide gaitasunak ondoko dokumentu hauetan zehaztutakoak izanen dira:

a) Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuko zuzendari nagusiaren Ziurtagiria, 2002ko otsailaren 6koa, honako eskumen hauek izaera orokorrekoak direla adierazten duena:

1. Norbanakoen, taldeen eta herrien osasuna hobetzen laguntzea, bai osasunaren babesaren eta sustapenaren esparruan bai gaixotasunen prebentzioaren eta sendabideen esparruan, giza nutriziorako dieta egokiak prestatuz. Dietista-nutrizionistek bakarka edo taldean eginen dituzte jarduera horiek, hala sektore publikoan nola pribatuan, eta erantzukizun profesionala eta pertsonala izanen dute.

2. Giza Nutrizioaren eta Dietetikaren jakintza-arloko prestakuntza eta ikerketa ekintzetan laguntzea.

b) "Giza Nutrizioaren eta Dietetikaren arloko unibertsitate-tituludunaren gaitasunen profila. 2003ko otsaileko adostasun-agiria". Giza Nutrizioaren eta Dietetikaren arloko unibertsitate ikasketak ematen dituzten Espainiako unibertsitateen eta Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkartearen (AEDN) ordezkariek osatutako Adostasun Konferentziak prestatutako agiria:

Dietista-nutrizionista osasun arloko profesionala da, unibertsitateko titulua duena, elikaduran, nutrizioan eta dietetikan aditua, pertsona edo taldeen elikaduran esku hartzeko gaitasuna duena ondoko jarduera-eremu hauetan: pertsona osasuntsuen eta gaixoen nutrizioa, aholku dietetikoa, ikerketa eta irakaskuntza, osasun publikoa gobernu-erakundeen ikuspegitik, elikaduraren sektoreko enpresak, talde handientzako sukaldaritza eta gizarte sukaldaritza.

Elikadura egokiak bizi kalitatea hobetzen lagun dezakeen toki guztietan, dietistek irakatsi, ikertu, baloratu, gidatu eta aholkatu egiten dute. Dietista-nutrizionistaren lanbideak barnean du elikadura eta nutrizioaren arloko hezkuntza, hura eskain daitekeen eremu guztietan.

Dietistak, betiere bere lan-inguruneko gizartean txertaturik, ondoko esparruetan dihardu, esparru bakoitzean berariazko eginkizunak dituelarik:

1. Dietistak norbanako edo talde osasuntsu edo gaixoen elikaduraren gainean dihardu (gaixoen kasuan, medikuak diagnostikoa egin eta gero), kontuan izanik haien beharrizan fisiologikoak (edo patologikoak, halakorik bada) eta lehentasun pertsonal, sozioekonomiko, erlijioso eta kulturalak. Dietista kliniko gisa bete ditzake bere eginkizunak.

2. Dietista komunitarioak, edo osasun publikoaren arloko dietistak (osasunaren prebentzioan eta sustapenean ari dena) biztanleria osoaren gain dihardu askotariko erakundeetan, elikadura politiken, prebentzio politiken eta, oro har, osasun politiken programak garatuz eta haietan parte hartuz, bai eta elikaduraren arloko hezkuntza programak ere, osasun publikoaren eta nutrizio komunitarioaren esparruan.

3. Talde handientzako sukaldaritzaren arloko dietistak kudeaketan eta antolaketan parte hartzen du, eta elikagaien kalitatea eta osasungarritasuna zaintzen ditu produkzio prozesu osoan. Elikadura zerbitzuko langileei janarien segurtasunari buruzko prestakuntza ematen die, menuak planifikatzen ditu eta janari eskaintzaren oreka nutrizionala baloratzen du.

4. Industriako dietistak aholku ematen du produktu berriei buruz eta elikadurarekin zerikusia duen marketing sozialari buruz.

5. Irakaskuntzako dietistak irakasle dihardu elikadurari, nutrizioari eta osasunari buruzko ikasketak ematen dituzten ikastetxe publiko nahiz pribatuetan.

6. Dietista ikertzailea gai da ikerkuntza eta garapenerako diziplina anitzeko lan taldeetan parte hartzeko. Elikaduraren, nutrizioaren eta osasunaren arloko ikerketa sustatzen du.

1._Dietista klinikoa. Laguntza eginkizunak.

1.1.1. Orokorrak.

_Ospitaleko dietetikarekin eta nutrizio klinikoarekin zerikusia duten jardueren antolaketan, garapenean eta ebaluazioan parte hartzea modu orokorrean eta espezializatuan.

_Lanbide jardueraren estandarrak prestatzea hainbat esparru klinikotan.

_Etengabeko prestakuntzarako programetan parte hartzea.

_Nutrizio-laguntzaren modalitate guztietan esku hartzea.

_Ospitalean elikadura, nutrizio eta dietetika gaiez arduratzen diren batzordeetan parte hartzea.

_Dietetikako goi mailako teknikarien lanak ikuskatzea.

_Nutrizio Klinikoko eta Dietetikako Unitatearen (UNCE) eta ospitaleko elikadura zerbitzuaren eta administrazioaren arteko koordinazioan eta harremanetan bitartekari izatea.

1.1.2. Berariazkoak.

_Ospitaleko dieten eskuliburua prestatzea.

_Ospitaleratzen ez diren gaixoentzako gomendio dietetikoen eskuliburua prestatzea.

_Hezkuntzarako materiala prestatzea (liburuxkak, ezagueren testa, menuak, errezetak, aholku orokorrak etab.).

_Nutrizio egoera ebaluatzeko agiriak diseinatzea.

_Elikadura zerbitzuaren higienea zaintzea.

_Materialak eta azpiegitura erosteko kudeaketan parte hartzea.

_Elikadura zerbitzuarekin batera, dagozkion eskumenen koordinazioan parte hartzea, maila guztietan, janari eskaintzaren kalitate nutrizional eta gastronomikoa bermatzeko.

1.2. Ospitale-unitateetan eta kanpoko kontsultetan.

1.2.1. Ospitale-unitateetan.

Dietista klinikoak, gaixoari begira, funtsezko egitekoa betetzen du haren nutrizio egoerari eta elikadurari dagokion guztian, ahotik elikatzen dela nahiz bide enteral edo parenteraletik elikatzen dela.

Dietista klinikoa diziplina anitzeko terapia-taldeko kidea da. Zehazki, hauek dira ospitale-unitateetan dietistak dituen eginkizun nagusiak:

_Gaixoaren historia dietetikoa egitea, ospitaleratu aurreko ingestak ebaluatzeko eta haren elikadura ohiturak eta gustuak ezagutzeko.

_Gaixoaren nutrizio egoera baloratzea.

_Gaixoaren elikagai beharrak kalkulatzea.

_Banakako esku-hartze plana prestatzen parte hartzea, gaixoaren patologia eta elikagai preskripzioa kontuan hartuta.

_Elikagai preskripzioa janari terminoetara bihurtzea.

_Agindutako dietaren edo nutrizio-pautaren ezaugarriak gaixoari eta haren senideei azaltzea.

_Gaixoaren monitorizazioa eta jarraipen nutrizional eta dietetikoa egitea.

_Ezarritako dietaren ezaugarriak jakinaraztea solairuko langileei, eta gaixoari buruzko informazioa haiekin trukatzea: jarrera, onarpena, sendagaiak, arazoak etab.

_Terapia-taldearekin batera gaixoari bisitak egitea, dietan edo pautan egin beharreko aldaketak gomendatzeko, gaixoaren bilakaeraren arabera.

_Gaixoaren terapiari dagozkion saio klinikoetan esku hartzea eta ikerketa lanetan laguntzea.

_Alta hartutakoan jarraitu beharreko dieta edo nutrizio-pautari buruzko txosten zehatzak egitea eta gaixoari edota senideei aholku ematea.

_Kanpoko kontsultetan edo oinarrizko laguntza zerbitzuetan eginen diren kontrolak planifikatzea, halako kontrolen beharra dagoenean.

1.2.2. Kanpoko kontsultetan.

Dietistak osasun kontsultan bertan eta kontsultaren ondoren egiten du bere lana. Gaixoak ospitale-unitateetatik, oinarrizko laguntzaren eremutik edo zuzeneko kontsultetatik etorritakoak izan daitezke.

Hauek dira egin beharreko lanak:

_Nutrizio egoeraren ebaluazio osoa egitea: gaixoaren datu pertsonalak eta psikosozialak bildu, historia dietetiko osoa prestatu, gorputzaren osaera aztertu, historia klinikoaren, agindutako terapia farmakologikoaren eta datu biokimikoen laburpena egin.

_Gaixoak dietaren eta nutrizioaren aldetik dituen arazoak antzematea.

_Dieta planifikatu eta prestatzea, elikagai preskripzioari jarraituz.

_Gaixoari eta haren senideei dietaren nondik-norakoak azaltzea: elikadura-hezkuntza.

_Gaixoa ebaluatzeko, esku hartzeko eta gaixoaren jarraipena egiteko agiriak prestatzea.

_Geroko jarraipena eta kontrolak planifikatzea.

_Nutrizio-terapia ebaluatzea.

_Ikerketa lanak egitea eta haietan parte hartzea.

_Talde-terapietan parte hartzea: diabetikoak, giltzurrunetako gaitzak dituztenak, gizenak etab.

1.3. Dietetika eta nutrizio klinikoko unitatean.

Ospitaleetan, diziplina anitzeko talde batek osatzen du dietetika eta nutrizio klinikoko unitatea. Hauek dira dietistaren eginkizunak:

1.3.1. Orokorrak.

_Nutrizio-laguntzari buruzko jarduketa protokoloak prestatzea.

_Gaixoaren jarraipenaren, kontrolaren eta ebaluazio nutrizionalaren protokoloak prestatzea.

_Produktuak, formulak, material suntsigarriak eta abar baloratzea eta haien erosketa erabakitzea.

_Taldearen aldiroko bilerak planifikatzea.

_Ospitaleko nutrizio klinikoaren eta nutrizio artifizialaren batzordean parte hartzea.

_Azterlanak sustatzea eta ikerlanak egitea.

_Elikadura eta nutrizioaren arloko etengabeko prestakuntza sustatzea.

1.3.2. Klinikoak.

_Gaixoari berariazko balorazioa egitea, bere nutrizio eta elikadura egoeraren arabera.

_Gaixoaren elikagai beharrak kalkulatzea.

_Gaixoaren ardura duen terapia-taldeari (medikua, erizaina etab.) gaixoak dituen edo izan ditzakeen elikagai gabezien berri ematea.

_Nutrizio txarra edo nutrizioari lotutako arriskua duten gaixoei nutrizioa zaintzeko planak egitea.

_Nutrizio-laguntza artifizialaren adierazpenean parte hartzea: formula aukeratu, bidea hautatu (enterala edota parenterala) eta elikagaiak emateko teknika zehaztu.

_Gaixoari eta senideei informazioa ematea, eta nutrizio-hezkuntzarako programak prestatzea (produktua nola eman, informazio liburuxkak etab.).

_Pautak, aurrerapenak eta egin beharreko kontrolak gaixoaren tratamendu-orrian jasotzea.

_Erizainekin gaixoari buruzko informazioa trukatzea: jarduera, onarpena, medikazioa, arazoak etab.

_Gaixoaren nutrizio-egoeraren jarraipena, kontrola eta ebaluazioa egitea.

_Etxez etxeko nutrizio-laguntzaren edo beste elikadura mota batzuetara igarotzeko urratsen jarraipena eta kontrola egitea.

1.4. Oinarrizko laguntzako dietista.

1.4.1. Kontsulta dietetikoa.

_Oinarrizko laguntzako taldeei sostengua ematea dieta preskripzioak egiteko eta elikadurari buruzko aholkuak emateko.

_Saio klinikoetan parte hartzea.

_Nutrizio-egoeraren balorazio osoa egitea.

_Esku hartzeko plan dietetikoak planifikatu eta prestatzea, bidaltzen dizkioten gaixoentzat.

_Bidaltzen dizkioten gaixoen jarraipena egitea eta gaixo horiek heztea elikadurari eta nutrizioari dagokienez, osasun arloko profesional arduradunarekin ados jarrita.

_Arrisku faktoreak eta ohitura ezegokiak identifikatzea, berariazko testak eta inkestak eginez.

1.4.2. Etxez etxeko nutrizio-laguntza ematen parte hartzea, dagozkion eginkizunak betez.

1.4.3. Elikadura eta nutrizioaren arloko heziketa programak proposatu, diseinatu, planifikatu edota burutzea, eta behar den materiala prestatzea.

_Informazio hitzaldiak proposatu eta egitea, oinarrizko laguntza zentroetan edo komunitatearen beste edozein azpiegituratan (ikastetxeak, elkarteak, gizarte etxeak...).

_Trebeziak lantzeko eta taldean aholku emateko tailerrak planifikatzea, zentroko erabiltzaile osasuntsu edo gaixoentzat.

_Esku-hartze komunitarioko programak egitea.

1.4.4. Bestelako eginkizunak.

_Nutrizioarekin eta dietetikarekin zerikusia duten gaietan irizpideak koordinatzea.

_Esku-hartze dietetikoaren ereduak prestatzea.

_Dieta estandarizatuak prestatzea.

_Zentroko osasun arloko langileen etengabeko prestakuntzaren ardura izatea, nutrizio eta dietetika gaietan.

_Beste laguntza-programa batzuetan parte hartzea (emakumeentzako arreta, zaharrentzako arreta, etxez etxeko laguntza etab.).

_Bere lan-eremuko biztanle-taldeetan nutrizioari buruzko ikerketak egin daitezela proposatzea eta halako azterketak diseinatu, planifikatu edota egitea.

_Laguntza-mailen (oinarrizko laguntza -ospitaleko laguntza) arteko harremanen koordinazioan parte hartzea, nutrizioarekin eta dietetikarekin zerikusia duten gaietan.

2._Dietistaren eginkizunak eremu komunitarioan edo Osasun Publikoaren eremuan.

2.1. Esku hartzeko azterketak eta nutrizio-egoerari buruzkoak garatzea eta horrelako azterketen fase guztietan parte hartzea.

_Galdera-sortak eta ebaluaziorako bestelako tresnak diseinatu eta egiaztatzea.

_Azterketaren protokoloa prestatzen parte hartzea.

_Inkestagileei prestakuntza ematea.

_Elkarrizketak egiteko oinarrizko materiala prestatu eta hautatzea.

_Landa-lanaren jarraipena egitea.

_Giza talde zaurkorren nutrizioa zaintzea (eskola umeak, zaharrak, arriskua duten biztanleak etab.).

_Dietetikaren arloko azterketetan, emaitzen aurkezpenean eta gomendioetan parte hartzea.

2.2. Elikaduraren eta nutrizioaren arloko osasun hezkuntza eta komunikazioa.

Jarduera hauetan parte hartzea:

1. Oinarrizko laguntzan diharduten osasun arloko profesionalen etengabeko prestakuntza, elikadura, nutrizio eta dietetika gaietan.

2. Osasun arlokoak izan gabe biztanleriari informazioa emateko ardura duten profesionalen etengabeko prestakuntza (hezitzaileak, gizarte langileak, jantoki kolektiboetako arduradunak, talde handientzako sukaldaritzako, marketin sozialeko eta kontsumitzaileentzako informazioaren arloko profesionalak).

Honakoak egitea:

3. Elikadurari, nutrizioari eta dietetikari buruzko ikastaroak, entitate edo erakunde publiko nahiz pribatuek antolatutakoak.

4. Informazio edota prestakuntza ekintzak ikastetxeetan, ikasleen gurasoen elkarteetan, kultur elkarteetan, gizarte etxeetan, gaixoen eta senideen elkarteetan eta abarretan.

5. Informaziorako eta hezkuntzarako materialak diseinatzea biztanleriako hainbat sektorerentzat.

Ondokoetan parte hartzea:

6. Komunikabideetan (prentsa, irratia, telebista, Internet etab.).

2.3. Elikadura-gidak eta adostasun-protokoloak prestatzea.

_Biztanleria osoari edo pertsona osasuntsu nahiz gaixoek osatutako talde bereziei dietetikari eta nutrizioari buruz emanen zaizkien gomendioak adosteko lan-taldeak koordinatzea eta horietan parte hartzea.

_Elikadura eta nutrizioaren arloko politikak planifikatzen laguntzea, osasunaren sustapenaren esparruan.

_Protokolo dietetikoak koordinatu, prestatu eta banatzea eta haien jarraipena egitea.

2.4. Esku-hartzeak nutrizio komunitarioko programetan.

Elikadura eta nutrizio programen azterketan, plangintzan, esku-hartzeetan eta ebaluazioan parte hartzea:

_Osasun arloan: osasun publikoko unitateak, oinarrizko laguntza, ospitaleak etab.

_Hezkuntza arloan: haurtzaindegiak, haur eskolak, lehen hezkuntzako ikastetxeak, bigarren hezkuntzakoak, batxilergokoak, heziketa zikloak, hezkuntza berezikoak, unibertsitate ikastetxeak etab.

_Justizia arloan: espetxeak, haur eta gazteentzako harrera edo laguntza zentroak, birgaitu eta gizarteratzeko zentroak etab.

_Gizarte ongizatearen arloan: geriatrikoak eta ezinduentzako zentroak, gizarte jantokiak, etxez etxeko janari zerbitzua, gaixoen elkarteak etab.

2.5. Nazioarteko erakundeekiko harremanak.

_Nutrizio eta elikadura politikak (Estatukoak, autonomia erkidegokoak edo tokikoak) diseinatzen parte hartzea.

_Elikadura eta nutrizioaren arloko esku-hartzeak egitea garatzen ari diren herrialdeetan (programa nazionalak, GKE-ekiko lankidetza...).

_Mundu mailako larrialdi eta hondamendiei aurre egiteko ekintzetan partaide aktiboa izatea.

_Giza elikaduraz eta nutrizioaz arduratzen diren nazioarteko foroetan egotea (OME, FAO, Europako Kontseilua...).

3._Dietistaren eginkizunak talde handientzako sukaldaritzaren eremuan.

3.1. Orokorrak

_Elikadura zerbitzua kudeatzea.

_Elikadura zerbitzuaren antolaketan eta garapenean parte hartzea.

_Etengabeko prestakuntza koordinatzea eta hartan parte hartzea, janarien kalitate eta segurtasunaren inguruko gaietan, eta, bereziki, janari-erabiltzaileen prestakuntzan.

3.2. Berariazkoak

_Menuen eta dieta berezien aldian behingo planifikazioa prestatu, adostu eta kontrolatzea.

_Jardunbide Onen Gida diseinatzea eta bete dadin arduratzea.

_Arriskuak eta Kontrol Gune Kritikoak Aztertzeko sistema (AKGKA) prestatu, ezarri eta ebaluatzea.

_Elikadurarako aurrekontua egiten parte hartzea.

_Erosketak planifikatzea sukaldeko arduradunarekin batera.

_Kalitatea kontrolatu eta kudeatzea.

_Janariak banatzeko edo/eta plateretan jartzeko sistemak ikuskatu eta kontrolatzea.

_Langileei prestakuntza ematea elikadura osasungarriaz, dietetikaz, sukaldaritzako teknikez eta teknologia berrien erabileraz.

_Elikadurarekin zerikusia duten profesional guztiekin harremanak izatea.

4._Dietistaren eginkizunak industriaren eremuan.

4.1. Orokorrak

_Aholku ematea elikadurari eta janarien osaerari buruz, produktuen garapenean, kontsumo uneetan eta marketing sozialean.

_Marketing sailaren eta ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+B) sailaren arteko bitartekari lanak egitea.

_Enpresako langileei elikadura eta nutrizioari buruzko prestakuntza ematea.

4.2. Berariazkoak

Produktuen garapenean parte hartzea:

_Elikagaien osagai nutrizionalak eta ezaugarri organoleptikoak planifikatu eta baloratzea.

_Aholku ematea eta egiaztapenak egitea, elikagaiek nutrizioari buruzko etiketa egokia izan dezaten.

_Elikagaiei buruzko txosten zientifiko-teknikoak egiten parte hartzea.

_Marketing sailarekin batera lan hauek egitea:

_Produktua merkatuan sustatzen lagunduko duten txostenak garatu.

_Kontsumitzaileari igorri beharreko mezuari buruz aholku eman.

_Elikagaiaren merkatu-sarean parte hartu.

_Ikerketa, garapen eta berrikuntza (I+G+B) sailarekin lankidetzan aritu.

_Osasun arloko profesionalei nutrizio gaien inguruko informazioa eman.

_Kontsumitzaileei laguntzeko zerbitzuan parte hartu.

_Kontsumitzaileentzat informazio materialak prestatzea.

5._Dietistaren eginkizunak irakaskuntzaren eremuan.

5.1. Orokorrak

Irakasle aritzea, elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren inguruko gaiak irakatsiz, egoera fisiologiko edo/eta patologikoetan, ondoko esparruetan:

_Prestakuntza arautuan: hezkuntza sistemako maila guztietan, erakunde publiko nahiz pribatuetan.

_Etengabeko prestakuntzan: ikastaroetan, mintegietan eta ezaguerak eguneratzeko, birziklatzeko edo esperientziak trukatzeko tailerretan.

_Bestelakoetan: organismo eta erakunde publiko eta pribatuekin lankidetzan, herritar guztien intereseko ikastaro eta prestakuntza-jarduerak, hezitzaileentzako prestakuntza jarduerak eta janari-erabiltzaileentzako prestakuntza jarduerak eskainiz.

5.2. Berariazkoak:

_Askotariko materialak prestatzea irakaskuntzan lagungarri gisa erabil daitezen.

_Elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren arloko profesionalak prestatzeko egokiak diren hezkuntza-metodologia berrien ezarpenean izandako esperientziei buruzko agiriak argitaratzea.

6._Dietistaren eginkizunak ikerketaren eremuan.

6.1. Orokorrak.

_Ikerlan oinarrizkoak edo/eta aplikatuak egitea elikaduraren, nutrizioaren eta dietetikaren arloan, pertsona osasuntsuei nahiz gaixoei erreparatuta, bakarka edo diziplina anitzeko talde baten barnean.

_Dietista-nutrizionista-ikertzaile gisa, giza elikaduraren inguruko gaiak argitzea, gizartean egunero sortzen diren galderei erantzunez.

_Dietistak parte hartzen duen eremuetan egindako ikerketen emaitzen berri zabaltzea hainbat hedabidetatik.

6.2. Berariazkoak

_Ikerketa lanak egitea ondoko eremuetan:

_Klinika eta ospitaleetan

_Unibertsitate eta ikerketa-zentroetan

_Elikagaien eta sendagaien industrian

_Osasun publikoaren eta nutrizio komunitarioaren arloetan

_Jarduera fisikoaren eta kirolaren arloan

_Gizartearen, kulturaren eta antropologiaren arloan

_Kudeaketaren eta marketing-aren arloan

_Sukaldaritzaren, ostalaritzaren eta turismoaren arloan

7. artikulua. Elkargoko kide egitea.

7.1. artikulua. Nafarroan soilik edo nagusiki aritzeko asmoa izan eta Kontseilu Nagusiak eta Estatutu hauek ezarritako baldintzak betetzen dituzten profesionalak CODINNA/NADNEOn sartuko dira nahitaez, eta denek eskubide korporatibo berdinak izanen dituzte. Zehazki, ondoko hauek sartu ahalko dira CODINNA/NADNEOn:

a) Martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuaren arabera Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatuaren titulu ofiziala dutenak. Dekretu horrek Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatuaren unibertsitate titulu ofiziala eta titulu hori lortzeko egin behar diren ikasketak planifikatzeko zuzentarau orokorrak ezarri zituen. 1998-04-15eko Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

b) Europako bat-egite prozesua burutzen denean, alegia, Goi mailako Hezkuntzaren Europako Gunean titulazioak bateratzeko prozesua burutzen denean, indarra izanen duen titulazio ofiziala dutenak, baldin eta bat-egite prozesu horren emaitzako titulu berriak honako betekizunak betetzen baditu:

1. Titulu berriaren izenean "Giza Nutrizioa eta Dietetika" agertzea.

2. Titulu berriak eta Europako bat-egite prozesuaren ondoren sortzen diren beste titulazio batzuek irakasgai ardatzetan gehienez ere %30eko kidetasuna izatea.

3. Prozesuak ekarriko duen titulu berriak dietista-nutrizionistaren prestakuntza berariazkoa eta orokorra bermatu behar ditu; horrela prestakuntza osoa emanen zaie osasun arloko lanbideen antolamenduari buruzko azaroaren 21eko 44/2003 Legearen 7. artikuluko g puntuko definizioa betetzen duten osasun arloko profesionalei (2003ko 280. Estatuko Aldizkari Ofiziala, azaroaren 22koa).

c) Atzerritarrak Elkargoan sartu ahalko dira Espainian lanbidean aritzeko baldintzak betetzen badituzte, haien titulua Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatuaren tituluarekin edo Europako bat-egite prozesuaren ondoriozko titulu berriarekin homologatzen bada, eta, gainera, 7.1.b) idatz-zatian ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

d) Osasun arloko profesional gisa unibertsitateko dietista-nutrizionistaren figura sortzen lagundu duten profesionalei esker onez, Elkargoan sartuko dira "D.U. de Diététique Superieure de l'Université de Nancy" titulua eskuratu dutenak, 1998. urtera arte, hau barne, matrikulatuta. Titulu hori, egituraren, edukiaren eta lanbide gaitasunen aldetik, Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatuaren tituluaren parekoa da.

7.2. artikulua. Halaber, lanbidean ari ez direnak, nahi izanez gero, Elkargoan sartu ahalko dira, 7.1 artikuluan aipatutako tituluetako baten bat baldin badute.

7.3. artikulua. Nafarroako Foru Komunitatean noizbehinka aritzen diren profesionalek aurretiaz Elkargo honi jakinarazi beharko diote (beren elkargoaren bitartez edo, beren autonomia erkidegoan elkargorik ez badute, zuzenean) Nafarroan zein jarduera egiteko asmoa duten, eta horrenbestez Elkargo honen antolamenduari, kontrol deontologikoari eta diziplinari lotuta geldituko dira. Halako dietista-nutrizionistek inoiz Nafarroan ezartzen badute beren helbide sozial bakarra edo nagusia, CODINNA/NADNEOn sartu beharko dute.

7.4. artikulua. Elkargoko kide izateak ez du ezertan galaraziko sindikatuak eta elkarteak osatzeko eskubideak erabiltzea, Konstituzioan jasotako eskubideak baitira.

8. artikulua. Elkargoan sartzea.

8.1. artikulua. Elkargoko alta lortu ahal izateko baldintza hauek bete behar dira:

a) Dietista-nutrizionisten lanbidean Espainian aritzeko legez eskatzen den titulazioa edukitzea, Estatutu hauen 7.1 artikuluan aipatutakoa hain zuzen. Jatorrizko lanbide tituluaren agiri kautoa aurkeztuz frogatuko da baldintza hori betetzen dela. Atzerrian lortutako titulua izanez gero, titulu horrek Espainian lan egiteko balio duela frogatzeko agiriak erantsiko zaizkio, eta Elkargoan sartu nahi duena atzerritarra bada, Espainian atzerritarrak kokatu eta lan egiteko legez eskatzen diren gainerako baldintzak bete beharko ditu. "D.U. de Diététique Superieure de l'Université de Nancy" titulua dutenek, jatorrizko tituluaren agiri kautoaz gainera, matrikularen gordekinaren fotokopia konpultsatua aurkeztu beharko dute.

b) Nortasun agiri nazionalaren edo agiri baliokidearen fotokopia (jatorrizkoa erakutsi behar da).

c) Elkargoan sartzeko kuota ordaindu izanaren agiria.

d) Zinpeko aitorpena. Bertan adieraziko da norbera ez dagoela ezgaitua dietista-nutrizionisten lanbidean edo lanbide horretako espezialitateren batean jarduteko.

e) Lehendik Elkargo honetako kide edo dietista-nutrizionisten beste elkargo ofizialen bateko kide izan direnek zinpeko aitorpena aurkeztuko dute, haiekiko betebeharrak beterik dituztela adierazteko.

f) Elkargoko kuoten ordainketa bankuan helbideratzeko baimena.

g) Helbide sozial bakarra edo nagusia Elkargoaren lurralde eremuan izatea. Langile autonomoek Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren azken ordainagiriaren kopia aurkeztuko dute baldintza hori betetzen dutela frogatzeko, eta besteren konturako langileek Gizarte Segurantzako Lurralde Diruzaintzaren ziurtagiria aurkeztuko dute.

h) Eskatzaileak, lanbidean aritzeko asmotan bada, adierazi beharko du zein tokitan eta modalitatetan arituko den.

i) Gobernu Batzordeak ezartzen dituen beste baldintza guztiak.

8.2. artikulua. Eskatzailea lehendik beste elkargoren bateko kidea izan bada, nahikoa izanen da, 8.1.e) artikuluan aipatutako zinpeko aitorpenarekin batera, elkargo horrek emandako ziurtagiria aurkeztea, elkargoko kide izan den aldia eta kuoten ordainketa egiaztatzeko. Haren espedientea elkargo batetik bestera igorriko da eta horren berri emanen zaio Kontseilu Nagusiari.

8.3. artikulua. Gobernu Batzordeak ebatziko ditu Elkargoan sartzeko eskaerak. Idatziz aurkeztuko dira, onetsitako ereduaren arabera eginda, hilabeteko epean, eta ezezkoa eman ahalko zaie, bakar-bakarrik, 7. artikuluan, 8.1 artikuluan eta 8.2 artikuluan ezarritako baldintzak betetzen ez direnean. Eskaera ebazpenaren zain utzi ahal izanen da, bidezkoa dela eta baldintzak betetzen dituela egiaztatu bitartean.

8.4. artikulua. Elkargoan sartzeko eskaera aurkezten denetik hilabete iraganik, Gobernu Batzordeak eskaera ebatzi ez badu, baiezkoa eman diola ulertuko da.

8.5. artikulua. Gobernu Batzordeak, goian esandako epean, eskatzaileari Elkargoan sartzea ukatzea erabakitzen duen kasuetan, interesatuari jakinaraziko dio. Ezezko erabakia zein egunetan hartu den, zergatik, eta haren aurka zein errekurtso jar daitezkeen adieraziko dio. Ezezko erabakia jakinarazi eta hilabeteko epean, interesatuak berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu ahalko dio Elkargoko Gobernu Batzordeari. Gobernu Batzordearen behin betiko erabakia ezezkoa bada, Administrazioarekiko auzien bideari heldu ahal izanen zaio.

9. artikulua. Elkargoko kide izateari uztea.

9.1. artikulua. Elkargoko kide izateari uzteko arrazoiak izanen dira:

a) Elkargoari urtebeteko kuotak ez ordaintzea.

b) Kondena irmoa jasotzea, baldin eta kondenari erantsitako zigor osagarri gisa lanbidean aritzeko gaitasuna kentzen bada.

c) Elkargotik baztertua izatea, diziplinako espedientean hartutako erabakiaren bidez.

d) Lanbidea aldi baterako edo behin betiko utzi eta Elkargoari baja eskatzea.

e) Legezko ezgaitasuna edo bateraezintasuna izatea.

f) Heriotza.

g) Legez ezarritako beste guztiak.

9.2. artikulua. Betiere, 9.1.a), b) eta c) puntuetan adierazitako arrazoiengatik Elkargoko kide izateari uzten zaionean, Elkargoak interesatua jakitun jarri behar du, Estatutu hauetako araubide juridikoan ezarritako moduan. Jakinarazpena egiten denean utziko zaio Elkargoko kide izateari, errekurtsoak jartzen diren kasuetarako xedatutakoa salbu.

9.3. artikulua. 9.1.b) eta c) idatz-zatietan adierazitako egoeretan izandako pertsonek Elkargoan sartzeko eskatu ahalko dute baldin eta hutsegitea preskribatuta, zehapena beteta edo ezgaitasun aldia amaituta badute.

9.4. artikulua. Kuotak ez ordaintzeagatik Elkargotik baztertuek, Elkargoan berriz ere sartu nahi badute, zorrak ordaindu beharko dituzte aldez aurretik, korrituak eta Elkargoari eragindako gastu eta kostuak barne direla.

10. artikulua. Elkargokide motak.

Elkargoko kideak multzo hauetan inskribatzen ahal dira:

a) Lanbidean ari direnak: eskatutako baldintza guztiak bete eta Elkargoan sartuta dietista-nutrizionisten lanbidean ari diren pertsona naturalak.

b) Lanbidean ari ez direnak: Elkargoan sartuta ere lanbidean ari ez diren pertsona naturalak.

c) Elkargoko ohorezko kideak: borondatez edo nahitaez erretiroa hartu duten dietista-nutrizionistak, baldin eta Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergan alta emanda ez daudela frogatzen badute; lanbidean aritzeko ezgaitasun osoaren, edozein lanetarako ezintasun iraunkorraren edo ezintasun handiaren deklarazioa duten dietista-nutrizionistak. Elkargoko kuotak ordaindu beharretik salbuetsiko dira. Salbuespena idatziz eskatu behar dute.

d) Elkargoko kide ohoretsuak: lanbidearen alde garrantzi eta merezimendu handiko lana egin duten pertsona natural edo juridikoak. Kategoria hau ohore hutsezkoa izanen da eta Batzorde Orokorrean erabakita emanen da.

11. artikulua. Elkargoko kideen eskubideak eta betebeharrak.

11.1. artikulua. Elkargoko kideek CODINNA/NADNEOren Estatutuetan eta gaiari buruzko Estatuko eta Foru Komunitateko legeetan zehazten diren eskubide eta betebeharrak izanen dituzte.

11.2. artikulua. Indarra duten xedapenetan jasotako arau orokor eta deontologikoei jarraituz eginen da Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloko lanbide jarduera.

11.3. artikulua. Elkargoko dietista-nutrizionistek eskubide hauek dituzte:

a) Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloan askatasunez aritzea, onartutako irizpide deontologiko eta profesionalei jarraituz.

b) Elkargoaren gobernuan parte hartzea, hau da, batzarretan partaide izatea eta, beren eskubideak erabiliz, bilerarako deia egin dadila eskatzea, batzarrari proposamenak, zuzenketak, zentsura mozioak, eskakizunak eta galderak aurkeztea, eta zuzendaritza karguetarako hautesle eta hautagai izatea, hori guztia Estatutu hauetan ezarritako moduan eta baldintzetan.

c) Elkargoaren egoitzak erabiltzea, arautzen den moduan, eta Elkargoak eskaintzen dizkien zerbitzuak, programak eta beste onura batzuk baliatzea.

d) Beren identifikazio profesionalean Elkargoaren anagrama edo logotipoa erabiltzea, Elkargoko gobernu organoen baimena jasoz gero.

e) Beren eskubide eta interes legitimoen inguruan eta lanbide jarduera egokiaren ondorioz sortzen zaizkien arazo guztietan Elkargoa aholkatzaile eta defendatzaile izatea. Gobernu Batzordeak hala erabakitzen duen kasuetan Elkargoak bere gain hartuko ditu prozedurako kostu eta gastuak.

f) Elkargoko organoei iradokizun, proposamen, eskaera eta kexak egitea.

g) Elkargoaren dokumentazioa eskura izatea, norbera ukitzen duten arazoei buruz Elkargoak egiten dituen dokumentuen eta egintzen ziurtagiriak lortzea, eta Giza Nutrizioarekin, Dietetikarekin eta Elikadurarekin zerikusia duten gai interesgarriei buruzko informazioa jasotzea.

h) Elkargoan antolatzen ahal diren aurreikuspen eta babes sozialeko programetan parte hartzea.

i) Elkargoko organoen erabaki eta ebazpenen aurka errekurtsoa jartzeko eskubidea erabiltzea.

j) Norbera Elkargoko kidea dela esatea eta hori frogatzeko karneta edukitzea.

k) Datuen babesaz baliatzea, legeetan ezarritakoaren arabera.

l) Legeak onartu edo Elkargoko organoek ezartzen duten beste edozein eskubide.

11.4. artikulua. Elkargoko dietista-nutrizionistek betebehar hauek dituzte:

a) Estatutu hauetan, haien garapenerako erregelamenduetan eta Elkargoak hartzen dituen erabakietan agindutakoa betetzea.

b) Dietista-nutrizionisten lanbidean ari direnentzat indarra duten tritubu obligazioak zehatz betetzea.

c) Elkargoak bere sostengurako onesten dituen kuota eta eskubideak, ohikoak nahiz bereziak, ezarritako epeetan ordaintzea.

d) Lanbidearen deontologiari jarraitzea.

e) Beren datu pertsonal eta profesionalen aldaketak Elkargoari jakinaraztea hirurogei eguneko epean, aldaketa gertatzen denetik hasita.

f) Edozein sarkoikeria edo arauz kanpoko lanbide jarduera Elkargoari jakinaraztea.

g) Elkargoaren diziplina arauak eta kideen arteko adiskidetasunezko betebeharrak betetzea, zilegi ez den lehia baztertuz.

h) Elkargoaren bizitzan edo Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloko jardueran eragina izan dezaketen gertaerak eta inguruabarrak Elkargoari jakinaraztea.

i) Beren lan eta ekintza guztietan Elkargoko identifikazio zenbakia argi eta garbi adieraztea.

j) Gutxieneko ordainsariak errespetatzea, Batzorde Orokorrak bere Barne Araubideko Erregelamenduan onetsitako ordainsari-taulan ezarrita daudenak.

k) Elkargoko karguetan zintzoki aritzea, hautatua izanez gero.

l) Elkargoaren batzar orokorretan parte hartzea, ezinbesteko kasuetan salbu.

m) Publizitatearen inguruko baldintza hauek betetzea:

_Publizitateari buruzko arautegian ezarritakoa bete behar da.

_Lanbidearen duintasunari eutsi behar zaio.

_Egia esan behar da eta aldarrikatzen diren ezaguerak, esperientzia eta ospea frogatu behar dira.

_Debekaturik dago beste profesional batzuekin konparazioak egitea zuzenean edo zeharka.

n) Zorrotz bete beharreko arau deontologikoetan jasotzen ahal diren debekuez gain, Elkargoko kide guztiek debeku izanen dute:

_Giza Nutrizioaren, Dietetikaren eta Elikaduraren arloan ari eta behar adinako titulurik ez duena edonola ere toleratzea edo babestea.

_Norberaren izena ematea Giza Nutrizioarekin, Dietetikarekin eta Elikadurarekin zerikusia duten osasun zentro edo enpresetako zuzendari, aholkulari edo langile gisa ager dadin, pertsonalki lan horietan aritu gabe, edo toki horietan indarreko legeak, Estatutu hauek edota arau deontologikoak urratzen direla jakinik.

_Kontsulta publikoetako gaixoak kontsulta partikularretara bideratzea onura ateratzeko asmoarekin.

III. TITULUA

Gobernu organoak

12. artikulua. Elkargoaren antolamendua.

12.1. artikulua. CODINNA/NADNEOren gobernuak demokrazia eta autonomia izanen ditu oinarri.

12.2. artikulua. Lehendakariak, Batzorde Orokorrak eta Gobernu Batzordeak zuzenduko dute Elkargoa.

I. KAPITULUA

Batzorde Orokorra

13. artikulua. Batzorde Orokorra.

13.1. artikulua. Deialdia egin ondoren bildutako Elkargoko kideek osatzen dute Batzorde Orokorra. Batzorde Orokorra Batzar Orokorrean bilduko da. Batzar Orokorrak arruntak edo bereziak izan daitezke.

13.2. artikulua. Batzorde Orokorrak urtean behin eginen du Batzar Orokor Arrunta, ahal dela lehenbiziko hiruhilekoan.

13.3. artikulua. Gainera, Batzorde Orokorrak Batzar Orokor Berezia egin ahal izanen du edonoiz, lehendakariaren, Gobernu Batzordearen edo Estatutu hauetan ezarritako elkargokide kopuruaren ekimenez, deialdia behar bezala egin eta gero.

13.4. artikulua. Batzorde Orokorrak bere eskumeneko gaietan hartzen dituen erabakiak nahitaez bete beharko dituzte haren kide guztiek, errekurtsoak jartzeko araubidea gorabehera.

14. artikulua. Batzar Orokorra.

Batzar Orokorra Elkargoko organo nagusia da, alegia, Elkargoaren borondatea adierazteko organo gorena. Bertaratzen diren Elkargoko kide guztiek zuzenean, berdintasunez eta demokratikoki parte hartzeko printzipioak izanen ditu arau. Batzar Orokorrean parte hartu ahal izateko beharrezkoa izanen da deialdia egiten den eguna baino hilabete lehenagotik Elkargoko kide izatea. Batzar Orokorrean parte hartzen ahal dute beren eskubide guztiak erabiltzeko moduan dauden Elkargoko kideek.

15. artikulua. Batzar Orokorrerako deialdia.

15.1. artikulua. Gobernu Batzordeak erabakiko du Batzorde Orokorraren Batzar Orokor Arrunterako deialdia egitea. Deialdian batzarraren tokia, eguna, lehen deialdiaren ordua, bigarren deialdiaren ordua eta aztergaien ordena adieraziko dira. Batzarra baino hogeita hamar egun natural lehenago eginen da deialdia, gutxienez ere. Elkargoko iragarki-oholean ikusgai jarriko da eta Elkargoko kide guztiei igorriko zaie postaz eta, ahal izanez gero, baita bide elektronikotik ere.

15.2. artikulua. Batzar Orokorra baino hamabost egun lehenago, gutxienez, Elkargoko kideek proposamenak aurkeztu ahalko dituzte batzarrean eztabaidatu eta erabaki daitezen, baina Gobernu Batzordeak Elkargoko kideen ehuneko bostek abalaturik datozenak bakarrik sartu beharko ditu nahitaez gaien zerrendan, eta batzarraren egunean berean jakinaraziko da proposamen horiek zerrendan sartu direla.

15.3. artikulua. Batzar Orokor Berezia lehendakariaren nahiz Gobernu Batzordearen ekimenez edo Elkargoko kideen ehuneko hogeik eskaturik eginen da, eta gai zerrenda zehatza izanen du. Eskatu eta handik bost egunera eginen da deialdia, gutxienez, eta hilabetera, gehienez. Gobernu Batzordeak ezarriko ditu batzarra egiteko eguna, ordua eta tokia.

15.4. artikulua. Elkargoko Idazkaritzan, bulego orduetan, Elkargoko kideen eskura egonen dira Batzorde Orokorrak batzarrean aztertu beharreko gaien aurrekariak.

16. artikulua. Batzar Orokorraren nondik norakoa.

16.1. artikulua. Batzar Orokorraren hasieran aztergaien zerrenda irakurriko da. Zerrendako lehenbiziko puntua aurreko akta onetsia irakurtzea izanen da betiere.

16.2. artikulua. Batzorde Orokorra baliozko moduan eratzeko, lehenbiziko deialdian Elkargoko kideen erdiak gehi bat bildu behar dira, eta hogeita hamar minutu geroago, bigarren deialdian, bildutakoen kopurua edozein izanik ere Batzordea baliozko moduan eratuko da.

16.3. artikulua. Elkargoko lehendakaria edo legez bera ordezkatzen duena izanen da Batzar Orokorreko burua, eta Gobernu Batzordeko bi kide izanen ditu lagun, gutxienez; horrela osatuko da Mahaia. Gobernu Batzordeko idazkaria edo legez bera ordezkatzen duena izanen da Mahaiko idazkaria.

16.4. artikulua. Batzarreratutako guztien aipamena jaso behar da Mahaian. Horretarako aski izanen da elkargokide zenbakia edo NAN zenbakia idaztea.

16.5. artikulua. Batzarreko bi kide izendatuko dira Batzar Orokorreko akta sina dezaten lehendakariarekin eta idazkariarekin batera.

16.6. artikulua. Lehendakariak zuzenduko ditu eztabaidak. Aldeko eta kontrako txandak ezarri ahalko ditu, eta aztergaien zerrendako puntu bakoitza nahikoa eztabaidatu dela iruditzen zaionean berari buruzko bozketa egin dadila aginduko du.

16.7. artikulua. Erabakiak gehiengo soilaz hartuko dira. Salbuespen gisa, batzarreratutakoen bi herenek aldeko botoa eman beharko dute honako erabakiak hartzeko:

_Estatutuak aldatzea.

_Elkargoaren ondareko ondasunak baliatzea.

_Elkargoak bost urtetik gorako aldian bete beharko dituen akordio edo hitzarmenak onestea.

_Legezko araudi edo Elkargoko araudi aplikagarrietan ezarritakoak.

16.8. artikulua. Ezin izanen da erabakirik hartu zerrendan ez dauden gaiei buruz.

16.9. artikulua. Bozketak eskua jasoz eginen dira, salbu eta zen- tsura botoari buruz ezarritakoa bete behar denean eta lehendakariak bozketa sekretua egin behar dela erabakitzen duenean. Batzar Orokorreko bozketetan berdinketa gertatzen denean, lehendakariaren botoa erabakigarria izanen da.

16.10. artikulua. Batzar Orokorrak hartzen dituen erabakiak nahitaez bete beharrekoak izanen dira Elkargoko kide guztientzat, batzarrean egon ez direnak, ados ez daudenak eta abstenitu direnak barne direla. Horrek ez du galaraziko bidezko diren errekurtsoak jartzea.

16.11. artikulua. Elkargoko kideek ezin izanen dute ordezkorik bidali Batzar Orokorrera.

16.12. artikulua. Batzar Orokorraren bukaeran, bertako akta irakurri eta onetsiko da. Hamabost eguneko epean, lehendakariak, idazkariak eta izendatutako bi batzarkideek Batzar Orokorreko akta sinatuko dute eta haren edukiaren fede emanen dute.

17. artikulua. Batzar Orokor Arruntaren eskumenak

Batzar Orokor Arrunta urtero eginen da, lehen hiruhilekoan, honako gaiak aztertzeko:

a) Deialdiko aztergaien zerrendako gaiak irakurri, eztabaidatu eta bozkatzea.

b) Gobernu Batzordeak aurreko urteko bere jardueraren laburpen gisa aurkezten duen memoria.

c) Elkargoak aurreko ekitaldi ekonomikoan izandako dirusarrera eta gastuen kontu orokorra.

d) Hurrengo ekitaldi ekonomikoko dirusarrera eta gastuen aurrekontu arrunta eta, halakorik egonez gero, aurrekontu bereziak.

e) Elkargoko kideek Elkargoari ordaindu beharreko kuota arrunten zenbatekoa, eta kuota bereziena, halakorik badago.

f) Bilkurako akta.

18. artikulua. Zentsura mozioa.

18.1. artikulua. Gobernu Batzordearen aurkako zentsura mozioa Batzar Orokor Berezian bakarrik aurkeztu ahal izanen da, aurretik horretarako deialdia eginda. Zentsura mozioa zilegi izan dadin, gutxienez Elkargoko kideen ehuneko hogeik abalatu behar dute, notarioaren aurrean edo Elkargoko Idazkaritzan legitimatutako sinaduren bitartez. Zentsura mozioaren arrazoiak argi azaldu behar dira.

18.2. artikulua. Zentsura mozioa aurkezten dutenek, Gobernu Batzorde beraren aurka ezin izanen dute gehiago aurkeztu urtebeteko epean.

18.3. artikulua. Gobernu Batzordearen aurkako zentsura mozioa onetsiz gero, hilabeteko epean hauteskundeetarako deialdia egin beharko da, Estatutu hauen 33. artikuluan ezarri bezala.

18.4. artikulua. Gobernu Batzordeak konfiantza mozioa aurkeztu ahal izanen dio Batzar Orokorrari, kudeaketa edota gobernu programa berrets diezaion. Konfiantza mozioa egin eta tramitatzeko modua eta haren ondorioak zentsura mozioarenak berak izanen dira.

19. artikulua. Elkargoaren Estatutuak aldatzea.

Gobernu Batzordeak, bere ekimenez edo Elkargoko kideen ehuneko hogeik hala eskaturik, Batzar Orokor Berezirako deia egin ahalko du Estatutu hauen aldaketa eztabaidatu eta, bidezkoa bada, onesteko. Aldaketa onets dadin beharrezkoa izanen da batzarrean ematen diren botoen bi herenak aldekoak izatea.

Batzar horretarako deialdiari Estatutuak aldatzeko proposamenaren kopia erantsi beharko zaio. Aldatutako Estatutuak Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari eta Espainiako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiari bidaliko zaizkie, eta zein puntu aldatu diren adieraziko zaie.

20. artikulua. Dokumentuak eta kontabilitatea.

Elkargoko dokumentuek eta kontabilitateak betiere osagai hauek izanen dituzte:

a) Akta liburuak. Batzorde Orokorrak eta Gobernu Batzordeak egiten dituzten bilera guztien berri jasoko da liburu horietan. Eguna, bildutakoak, aztergaien zerrendaren edukia eta hartutako erabakiak agerraraziko dira. Gobernu Batzordearen bileretako aktak lehendakariak sinatuko ditu, edo beraren ordez Batzordearen buru aritu denak, eta idazkaria, edo beraren ordez idazkari aritu denak. Batzar Orokorretako aktak Estatutu hauen 16.12 artikuluan adierazitako moduan sinatuko dira.

b) Elkargoko kideen erregistro liburua. Bertan jaso beharko dira Elkargoko kide bakoitzaren izen-deiturak, NANa, lanbide titulua edo tituluak, elkargokide zenbakia, helbidea, eta zein motatako elkargokidea den: lanbidean ari dena, lanbidean ari ez dena edo ohorezkoa. Gainera, liburu horretan alta eta baja egunak jasoko dira.

c) Kontabilitate liburuak. Elkargoaren dirusarrera eta gastu guztiak agertuko dira liburu horietan, bai eta nondik datozen eta zertarako erabili diren edo zertan inbertitu diren ere.

d) Egoeraren balantzea eta dirusarrera eta gastuen kontuak urtero formalizatuko dira, lehenbiziko hiruhilekoan, eta Batzorde Orokorrari aurkeztuko zaizkio.

Elkargoak euskarri informatikoan eduki ahalko ditu bere dokumentuak eta kontabilitatea, araudi aplikagarriari jarraituz.

II. KAPITULUA

Gobernu Batzordea

21. artikulua. Gobernu Batzordea.

21.1. artikulua. Gobernu Batzordea organo betearazlea da. Lehendakaria da haren burua, eta Osoko Bilkurak eta Batzorde Iraunkorrak osatzen dute. Hauek izanen dira Osoko Bilkurako kideak: lehendakaria, lehendakariordea, diruzaina, idazkaria eta hiru edo bost batzordekide. Hauek izanen dira Batzorde Iraunkorreko kideak: lehendakaria, lehendakariordea, idazkaria eta diruzaina.

21.2. artikulua. Gobernu Batzordeak, ahal den neurrian, lanbide-arlo guztiak ordezkatu behar ditu.

21.3. artikulua. Gobernu Batzordeak ahalmena izanen du Elkargoa koordinatu edo/eta kudeatzeko ardura izanen duen pertsona izendatzeko. Kargu horretan diharduen pertsonak ordainsaria jasoko du. Lehentasunez lehendakariari edo Gobernu Batzordeko kide bati emanen zaio kargu hori, edo bestela, Elkargoko kide bati. Beste aukerarik ezean, Elkargoko kide ez den pertsona bati emanen zaio. Gobernu Batzordeak esleituko ditu koordinazio eta kudeaketa eginkizunak.

22. artikulua. Gobernu Batzordeko kide izateko baldintzak.

Gobernu Batzordeko kide izan daitezke CODINNA/NADNEOko kide gisa gutxienez urtebete egin duten pertsonak, ondoko baldintzak betetzen badituzte:

1. Epai irmoan ezarritako kondenaren ondorioz kargu publikoetan aritzeko gaitasunaz gabeturik ez egotea.

2. Hutsegite larri edo oso larriaren ondorioz diziplinazko zehapenik ez izatea, edo zehapena baliogabetuta egotea.

23. artikulua. Gobernu Batzordearen eginkizunak.

23.1. artikulua. Gobernu Batzordeak eginkizun hauek ditu:

a) Batzorde Orokorrak hartutako erabakiak betearaztea.

b) Elkargoa zuzendu eta administratzea, korporazioaren mesedetan.

c) Elkargoaren interesen kudeaketa lan arrunta egitea.

d) Elkargoa ordezkatzea auzitegietan eta Administrazio Publikoetan, salbu eta eginkizun hori lehendakariari dagokion kasuetan. Gobernu Batzordeak ahalmena izanen du eskuordetzak eta ahalordeak emateko, orokorrak nahiz arazo jakinei buruzkoak.

e) Elkargoak bere eginkizunak ongi bete ditzan behar diren zerbitzuak ezarri eta antolatzea. Horretarako, merkataritzako edo bestelako erakunde eta sozietateak eratu ahal izanen ditu eta haietan parte hartu ahalko du.

f) Elkargoko kideen altak onetsi edo ukatzea.

g) Zehapenak ezartzea, Estatutu hauetan ezarritakoari jarraituz.

h) Elkargoaren funtsak bildu eta administratzea.

i) Urteko aurrekontuak egitea eta haien exekuzioaz kontu ematea.

j) Behar denean hauteskundeetarako deialdiak egitea Gobernu Batzordeko karguak betetzeko.

k) Behar diren eskritura publiko eta kontratu pribatu guztiak egitea eta egilestea beren itun, klausula eta baldintzekin, eta aseguru polizak harpidetzea.

l) Gobernu Batzordeko kide berriak izendatzea behin-behinean, karguak arauzko moduan bete arte.

m) Batzorde Orokorraren batzar arrunt edo berezietarako deialdiak eta aztergaien zerrendak egitea; Elkargoko kideek batzarrak egiteko aurkezten dituzten eskaerak jasotzea, Estatutu hauetan xedatutakoari jarraituz.

n) Elkargoaren gobernu, ekonomia eta administrazio arazoak ebaztea; banku entitateekin kontratuak egitea; kreditu eragiketak izenpetzea; era guztietako kontratuak egitea Elkargoaren ohiko jarduerak bideratzeko, bai ondasun higiezinei dagozkien kontratuak bai zerbitzu-kontratuak.

o) Elkargoan zerbitzu berriak ezartzea; ondasunak eskuratu edo obrak egiteko hitzarmenak egitea, horien aurrekontua Elkargoaren aurrekontu osoaren ehuneko hogei baino gehiago ez bada; eta obrak egiteko aurrekontuak eta proiektu teknikoak eskatzea.

p) Elkargoan egiten diren edo egin nahi diren jarduera eta zerbitzuekin zerikusia duten era guztietako material eta elementuak eskuratzea.

q) Dirulaguntzak eskatzea pertsona edo entitate publiko zein pribatuei, haiengandik dirulaguntzak jasotzea eta egokitzat jotzen dituen erabakiak hartzea dirulaguntzen erabilera edo xedeari buruz.

r) Zorrak eta obligazioak aitortzea.

s) Elkargoaren Estatutuen eta Barne Araubideko Erregelamenduaren aldaketak prestatzea, Batzorde Orokorrak onets ditzan.

t) Estatutu hauetako eta Barne Araubideko Erregelamenduko xedapenak aplikatzea eta haien aplikazioa dela-eta sortzen diren zalantzak ebaztea.

u) Elkargoa kudeatzeko behar diren langileak kontratatzea.

v) Elkargoaren Merezimendu Sariak ematea.

w) Elkargoarekin eta haren helburuekin zerikusia duten beste eginkizun guztiak, beharrezkoak baldin badira Elkargoak eta Gobernu Batzordeak berak ongi jardun dezaten, eta Estatutuek Batzorde Orokorrari esleitutakoak ez badira.

24. artikulua. Agintaldia.

24.1. artikulua. Zuzendaritzako karguetarako izendapen guztiak lau urterako eginen dira. Gobernu Batzordeko karguen erdiak bi urtean behin berriztatuko dira. Karguetan izandakoak berriz hautatu ahal izanen dira, hautagaitza aurkezten badute eta bozketetan hala suertatzen bada.

24.2. artikulua. Lehenbiziko berriztapenean lehendakariordearen, diruzainaren eta batzordekide bikoitien karguak berriztatuko dira, eta bigarrenean lehendakariaren, idazkariaren eta batzordekide bakoitien karguak.

25. artikulua. Kargu hutsak eta ordezkapenak.

25.1. artikulua. Gobernu Batzordeko kideren batek, lehendakariak izan ezik, edozein arrazoirengatik kargua uzten badu, Gobernu Batzordeak berak izendatuko du ordezkoa behin-behinean, arauzko hauteskundea egin arte kargua bete dezan.

25.2. artikulua. Lehendakariak kargua uzten badu lehendakariordeak beteko du haren lekua eta lehendakariordearen ordezkoa izendatuko da Gobernu Batzordeko kideen artetik.

25.3. artikulua. Gobernu Batzordeko kideen erdiek baino gehiagok uzten badute kargua, edo aldi berean lehendakariak eta lehendakariordeak uzten badute, hilabeteko epean hauteskunde deia eginen da Gobernu Batzorde osorako.

25.4. artikulua. Zentsura mozioren batek aurrera egiten badu, hauteskundeetarako deialdia egin beharko da hilabeteko epean, hura onesten denetik hasita.

26. artikulua. Funtzionamenduaren araubidea.

26.1. artikulua. Gobernu Batzordeak bere ahalmenen delegazio partziala egin ahalko dio Batzorde Iraunkorrari, eginkizunak arinago betetzeko.

26.2. artikulua. Gobernu Batzordeak bilera arrunta eginen du bi hilean behin. Betiere, lehendakariak bileren maiztasuna handitzea erabaki ahal izanen du, aztertu beharreko arazoek hala eskatzen dutenean.

26.3. artikulua. Idazkariak eginen ditu Gobernu Batzordearen Osoko Bilkuretarako deialdiak, aurretik lehendakariak hala aginduta. Osoko Bilkura baino bost egun natural lehenago eginen da deialdia, gutxienez ere. Deialdia idatziz eginen da, aztergaien zerrenda erantsiko zaio, eta Gobernu Batzordeko kide guztiei jakinaraziko zaie. Aztergaien zerrendatik kanpo ezin izanen da beste gairik aztertu lehendakariak presakotzat jotzen dituenak baizik.

26.4. artikulua. Lehendakariak zuzenduko ditu eztabaidak, aztergaien zerrendari jarraituz; txandak ezarriko ditu, eta, komenigarria edo beharrezkoa iruditzen bazaio, gaia nahikoa eztabaidatu dela erabaki eta bozketa egin dadila aginduko du. Lehendakariak berak erabakiko du bozketa izenduna ala sekretua egin behar den.

26.5. artikulua. Gobernu Batzordea modu baliozkoan eratuko da kideen erdiak gehi bat bilduz gero, baldin eta horien artean badira, gutxienez ere, lehendakaria edo lehendakariordea, eta idazkaria edo idazkariak eskuorde izendatzen duen Gobernu Batzordeko kidea. Erabakiak bertan direnen gehiengo soilaren bidez hartuko dira, eta berdinketarik bada lehendakariaren kalitatezko botoak erabakiko du. Gobernu Batzordearen bilkura bakoitzean eguneko gai zerrendan dauden aztergaiak ebatziko dira. Zerrendako azken puntua "eskaerak eta galderak" izenekoa izanen da betiere, eta puntu horretan erabaki ahal izanen da Gobernu Batzordearen hurrengo bilerako gaien zerrendan edozein eztabaidagai sartzea. Gobernu Batzordearen erabakiak aktetan jasoko dira, dataren arabera ordenatuta, horretarako edukiko den liburuan. Lehendakariak eta idazkariak sinatuko dituzte.

26.6. artikulua. Gobernu Batzordeko kideak edo Batzordeak berariaz deitutako pertsonak soilik agertu ahal izanen dira Gobernu Batzordearen bilkuretara.

26.7. artikulua. Gobernu Batzordeko kideek nahitaez joan behar dute haren bileretara. Kideren bat urtebetean hiru aldiz bidezko arrazoirik izan gabe bilkurara agertzen ez bada, karguari uko egin diola ulertuko da.

26.8. artikulua. Gobernu Batzordeak batzorde delegatuak edo informazio batzordeak eratzea erabaki ahal izanen du, Elkargoaren funtzionamendua hobetzeko egokitzat jotzen badu.

27. artikulua. Lehendakariaren eginkizunak.

Lehendakaria Elkargoaren ordezkaria izanen da era guztietako agintari eta erakundeen aurrean. Halaber, erregelamendu eta estatutuetan ezarritakoa eta administrazio eskudunen, Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren, Batzorde Orokorraren eta Gobernu Batzordearen erabakiak eta xedapenak bete daitezen arduratuko da. Horrez gain, honako eginkizun hauek izanen ditu:

a) Elkargoko organo guztien buru izatea.

b) Bilkurei hasiera eta amaiera ematea, haiek zuzentzea eta berdinketa gertatuz gero kalitatezko botoa ematea.

c) Edozein entitate edo pertsonari zuzendutako txosten eta jakinarazpenei oniritzia ematea.

d) Diruzainarekin batera, baimena ematea bankuetan kontu korronteak irekitzeko, banku-ezarpenak egiteko eta taloi edo txekeen bidez diru kopuruak ateratzeko.

e) Elkargoko idazkariak ematen dituen ziurtagiri guztiak ikus- onestea.

f) Diruzainarekin batera, libramenduak, ordainketa aginduak eta kontabilitate liburuak onestea.

g) Gobernu Batzordearen barnean atalak edo batzordeak sortzea berariazko eginkizun, lan edo zerbitzuen ardura emateko, Elkargoaren jarduera edo garapena hobetze aldera.

h) Egintzak, kontratuak eta polizak egiletsi eta izenpetzea; Elkargoaren sinadura erabiltzea haren ordezkari gisa. Elkargoko kideen, Elkargoaren eta lanbidearen eskubideak auzitegietan eta era guztietako agintarien aurrean defendatzeko ekintzak baliatzea eta horretarako behar diren ahalordeak ematea eta baliorik gabe uztea.

i) Presako erabakiak hartzea bidezko arrazoiak daudenean. Hori eginez gero, hurrengo bilkuran Elkargoko organo egokiari bere erabakiaren berri eman behar dio, berrets dezan.

j) Ahalmen horiek guztiak betiere Elkargoaren eta haren jarduera, zerbitzu eta xedeen mesedetan erabiliko ditu.

28. artikulua. Lehendakariordearen eginkizunak.

Lehendakariak ezartzen dizkion eginkizun guztiak beteko ditu lehendakariordeak, eta lehendakariaren eginkizunak bere gain hartuko ditu hura gaixorik edo kanpoan dagoenean.

29. artikulua. Idazkariaren eginkizunak.

Hauek dira idazkariaren eginkizunak:

a) Elkargoaren ekitaldi guztietarako zitazio ofizioak egin eta bidaltzea, lehendakariak ematen dizkion jarraibideen arabera eta behar den denborarekin.

b) Batzorde Orokorraren batzar orokorretako aktak eta Gobernu Batzordeak eta Batzorde Iraunkorrak egiten dituzten bilkuretako aktak egitea.

c) Zerbitzua ahalik ongien egin eta antolatzeko behar diren liburuak kudeatzea. Honako liburuak eduki behar ditu nahitaez: Elkargoko kideei ezarritako zehapenen liburua, Elkargoko erregistro liburua, agirien sarreren liburua eta agirien irteeren liburua.

d) Elkargoari igortzen zaizkion eskaera eta jakinarazpen guztiak jaso eta lehendakariari horien berri ematea.

e) Eskatzen diren ziurtagiriak ematea, lehendakariak ikus- onetsirik.

f) Elkargoko bulegoen administrazio eta lan antolamendua zaintzea; bulegoek ongi funtzionatzen dutela eta legezko betebeharrak betetzen dituztela egiaztatzea.

g) Gobernu Batzordeak hartzen dituen erabakien jarraipena egitea.

h) Ekitaldia ixten denean urteko memoria egitea.

i) Elkargoaren agiritegia eta zigilua bere ardurapean izatea.

j) Elkargoko kideen Elkargoko jarduerekin eta lan jarduerekin zerikusia duten agiriak konpultsatzea.

k) Hauteskundeetan, agiriak jaso eta izapidatu izanaren fede ematea, postaz jasotzen diren botoen gordailuzaina izatea eta hauteskundeetako baldintzak betetzen ote diren begiratzea.

30. artikulua. Diruzainaren eginkizunak.

Hauek dira diruzainaren eginkizunak:

a) Elkargoaren funtsak bildu, zaindu eta administratzea.

b) Lehendakariak ematen dituen ordainketa aginduak betetzea.

c) Aldian behin dirusarrera eta gastuen kontua egitea eta urtero aurreko ekitaldi ekonomikoko kontuak egitea.

d) Urteko aurrekontuak egitea, Gobernu Batzordeak Batzorde Orokorrari onesteko aurkez diezazkion.

e) Lehendakariarekin batera, banku kontuetan funtsak sartu eta ateratzea.

f) Elkargoaren ondasunen inbentario zehatza egitea eta ondasunok administratzea.

g) Kontabilitatea kontrolatzea eta kutxa ikuskatzea.

h) Elkargoaren kapitalaren korrituak eta errentak kobratzea.

31. artikulua. Batzordekideen eginkizunak.

Gobernu Batzordearen eginkizunetatik, batzordekideek beteko dituzte Estatutuek eta legeek haien gain uzten dituztenak.

31.1. artikulua. Batzordekideen karguak zenbakidunak izanen dira. Hartara, kategoriaren araberako hurrenkeran batzordekideek lehendakariordea, diruzaina eta idazkaria ordezkatuko dituzte gaixorik edo kanpoan daudenean, titularra itzuli arte edo kargu hutsa arauzko moduan bete arte.

32. artikulua. Karguen doakotasuna.

Elkargoko karguetan ari direnek ez dute horregatik ordainsaririk jasoko. Hala ere, karguak ekartzen dizkien gastuen ordaina jaso dezakete.

III. KAPITULUA

Gobernu Batzorderako hauteskundeak

33. artikulua. Hauteskunde prozedura.

33.1. artikulua. Elkargoarekiko betebeharrak beterik dituzten elkargokide guztiek hautatuak izateko eskubidea izanen dute, Estatutu hauen 22. artikuluan adierazitako baldintzak betez gero.

Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko Batzorde Orokorrean bozketa eginen da, boto libre eta isilpekoa emanez.

Hautagai zerrendak irekiak izanen dira eta haietan hautagai bakoitza zein kargutarako aurkezten den adieraziko da. Pertsona bana hautatu beharko da lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta diruzain karguetarako.

Hautagai bakoitza kargu bakar baterako aurkeztu ahal izanen da, eta zerrenda bakar batean.

33.2. artikulua. Gobernu Batzordeak eginen du hauteskundeetarako deia, berrogeita bost egun lehenago gutxienez, eta aldi berean argitara emanen du boto eskubidea duten Elkargoko kideen zerrenda, Elkargoaren egoitzako iragarki oholetan jarriz.

Hautesleen zerrendaren kontra erreklamazioa egin nahi izanez gero, Elkargoko kideek bost eguneko epean aurkeztu beharko dute, zerrenda ikusgai jartzen denetik hasita. Gobernu Batzordeak ebatziko ditu erreklamazioak, haiek aurkezteko epea amaitu ondoko hiru egunen barrenean, eta ebazpena hurrengo hamar egunen barrenean jakinaraziko zaie erreklamazio egileei, banan-banan.

Hautagai zerrendak Elkargoko idazkaritzan aurkeztuko dira, behar bezala sinaturik, hautagai bakoitza zein kargutarako aurkezten den adierazita, deialdia argitara eman eta hurrengo hamabost egunen barrenean. Hamabost egun horiek iraganik, hurrengo bost egun naturalen barrenean, Gobernu Batzordeak argitara emanen du hautagaitzen zerrenda, hautagai bakoitza zein kargutarako aurkezten den adierazita, eta egun horretatik aurrera botoa postaz bidali ahal izanen da.

Elkargoko idazkaritzak zerrenda bat eginen du, aurkeztutako hautagaitzen hitzez hitzezko kopia alegia, eta Elkargoko kideei bidaliko die, boto txartel eta kartazalekin batera. Halaber, botoa postaz igortzeko jarraibideak erantsiko ditu.

33.3. artikulua. Karguren baterako hautagai bakarra aurkezten bada, pertsona hori hautetsi aldarrikatuko da inolako bozketarik egin behar izan gabe.

33.4. artikulua. Hauteskunde egunean, deialdian adierazitako tokian eta orduan hauteskunde mahaia eratuko da eta berak zuzenduko ditu bozketa eta haren inguruabarrak. Hautagai ez diren hiru pertsonak osatuko dute mahaia. Hauteskundeak baino hogeita bost egun lehenago, hauteskunde mahaiko mahaiburua, idazkaria, mahaikidea eta haien ordezkoak izendatuko dira. Horretarako Elkargoko sei kide aukeratuko dira zozketa bidez, Elkargoko lehendakariaren eta idazkariaren aurrean.

Elkargoko kideek botoa emanen dute horretarako ezarritako tokian. Hauteskunde mahaian hautestontzia jarriko da, behar adinako bermeak biltzen dituena. Hauteskunde mahaia eraturik, mahaiburuak hasiera emanen dio bozketari. Amaierako orduan gelako ateak itxi eginen dira eta barnean dauden Elkargoko kideek soilik eman ahal izanen dute botoa.

Gero, behar den egiaztapena egin ondotik, hautestontzian sartuko dira posta ziurtatuaren bidez eta ezarritako baldintzak betez bidali diren botoak.

Hautesleek txartel bana erabiliko dute botoa emateko. Hauteslea modu sinesgarrian identifikatu ondoren, txartela mahaiburuari emanen zaio eta berak sartuko du hautestontzian hauteslearen aurrean. Hautesleek botoa eman ahala mahaiko idazkariak Elkargoko kideen zerrendan markatuko ditu.

Botoa hauteskunde mahaira eramaten ez duten hautesleek posta ziurtatuz bidali ahal izanen dute Elkargoko idazkaritzara. Kartazal ziurtatuan sartuko dira hauteslearen NANaren fotokopia, botoa postaz bidaltzeko eskabidea, eskuz eginiko sinadura irakurgarriarekin, eta kartazal zuri bat, itxita. Horren barnean boto txartela sartuko da, edo bestela botoa eman nahi zaien hautagaien eta dagozkien karguen zerrenda, makinaz idatzia.

Baliozkoak izateko, postaz bidaltzen diren botoek goian aipatutako baldintzak bete behar dituzte eta Elkargoko idazkaritzan hauteskunde eguna baino bi egun lehenago gutxienez jaso behar dira. Jasotzen direnetik bozketa egin arte, Elkargoko idazkariak zainduko ditu.

33.5. artikulua. Bozketa amaiturik, botoak zenbatu eginen dira. Txartelak baliogabetzat joko dira bozketarekin zerikusirik ez duten adierazpenak edo hauteslearen nahia garbi ulertzea eragozten duten zirriborroak badituzte edo kargu baterako hautagai bat baino gehiago izendatzen badituzte. Botoak zenbatu ondoren emaitzaren akta eginen da, mahaiko kide guztiek sinatuko dute eta mahaiburuak argitara emanen du.

Gobernu Batzordeko kide hautatuak hamabost eguneko epean jabetuko dira karguaz, hautespen egunetik hasita. Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 20. artikuluari jarraituz, izendapenak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraziko zaizkio.

IV. TITULUA

Araubide ekonomikoa

34. artikulua. Elkargoaren araubide ekonomikoa.

Elkargoak badu gaitasuna bere helburuetarako behar dituen ondasun eta eskubideen titularra izateko eta haiek kudeatu eta administratzeko. Jarduera ekonomikoa aurrekontu-prozedurari jarraituz eginen da.

35. artikulua. Elkargoaren baliabideak.

Hauek izanen dira Elkargoaren baliabideak:

35.1. artikulua. Baliabide arruntak:

a) Kuotak eta Elkargoan sartzeko eskubideak, Batzorde Orokorrak ezartzen dituenak.

b) Aldizkako kuota arruntak, Batzorde Orokorrak ezartzen dituenak.

c) Elkargoaren zerbitzuak jasotzeko eskubide eta tasak, Gobernu Batzordeak ezartzen dituenak.

d) Elkargoaren ondarea osatzen duten ondasun eta eskubideen etekinak, eta haren kontu edo zorroetan gordailatutako funtsen etekinak.

e) Elkargoak legez izan ditzakeen gainerako baliabideak, aurrekoen antzekoak.

35.2. artikulua. Baliabide bereziak:

a) Batzorde Orokorrak onesten dituen derramak edo ekarpen bereziak.

b) Era guztietako dirulaguntza eta dohaintza publiko nahiz pribatuak.

c) Oro har, legez lortzen diren ondare gehikuntzak.

d) Legez zilegi den beste edozein.

36. artikulua. Elkargoaren aurrekontua eta administrazioa.

Gobernu Batzordeak urtero Batzorde Orokorrari ondoko agiriak aurkeztuko dizkio onesteko:

a) Aurreko ekitaldiko aurrekontuaren likidazioa.

b) Hurrengo ekitaldiko aurrekontua. Behin onetsirik, aurrekontu horretako kontusailak aparteko inguruabarrengatik soilik aldatu ahal izanen da, Batzorde Orokorrak batzar orokor berezian hala erabakitzen badu, berariaz horretarako deituta.

c) Elkargoko kide guztiek Elkargoaren kontuak aztertu ahal izanen dituzte haiek onetsi behar dituen Batzar Orokorraren aurreko hamabost egun naturaletan.

37. artikulua. Elkargoa desegitea edo berregituratzea.

Elkargoa desegiten bada edo ondarea ukitzen duen berregituraketa egiten badu, ondarearen lehenbiziko xedea pasiboa estaltzea izanen da. Gainerako aktiboa ordezko erakundeari edo erakundeei emanen zaio/zaie, egokitzat jotzen diren kautelak ezarrita. Ordezko erakunderik ez badago, gainerako aktiboa gutxienez urtebeteko antzinatasuna duten Elkargoko kideen artean banatuko da, bakoitzak Elkargoan egin dituen urteen araberako proportzioan.

Pasiboa estali ondotik gelditzen den aktiboa beste modu batera likidatu ahal izanen da, Batzorde Orokorrak batzar orokor berezian bildurik hala erabakitzen badu.

V. TITULUA

Diziplina ahalmena eta sari eta goraipamenen araubidea

38. artikulua. Diziplina araubidea.

Elkargoko kideei eta Elkargoko organoetako kideei diziplina zehapena ezarri ahal izanen zaie beren lanbide betebeharrak, Estatutu hauek, Barne Araubideko Erregelamendua, Kode Deontologikoa, Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofizialen Kontseilu Nagusiaren Estatutuak edo Elkargo honetako organoen erabakiak betetzen ez badituzte.

Hutsegiteak arinak, larriak eta oso larriak izan daitezke.

38.1. artikulua. Hutsegite arinak dira:

a) Estatutuak eta Elkargoaren beste arau batzuk urratzea, eta halaber, lanbide betebeharrak ez betetzea eta lanbidearen oinarri deontologikoak urratzea, asmo txarrik gabe.

b) Elkargoko kideek beren datu pertsonal eta profesionalen aldaketak Elkargoari ez jakinaraztea horretarako ezarritako epean.

c) Elkargoko lankideei, Elkargoari edo haren zuzendaritza organoei begirunerik ez izatea.

d) Elkargoak guztien onerako behar bezala onetsitako arauak ez betetzea.

38.2. artikulua. Hutsegite larriak dira:

a) Hutsegite arinak behin eta berriz egitea.

b) Lanbide jardueran huts nabarmenak egitea, gaixoari kalte egiten diotenak.

c) Lankideekiko, Elkargoarekiko edo haren zuzendaritza organoekiko errespetu falta nabarmena.

d) Elkargoaren kuotak ez ordaintzea urtebetetik gorakoa ez den aldian.

e) Lan eta ekintza guztietan Elkargoko identifikazio zenbakia argi eta garbi ez adieraztea.

f) Gutxieneko ordainsariak ez errespetatzea, Batzorde Nagusiak bere Barne Araubideko Erregelamenduan onetsitako ordainsari-taulan ezarrita daudenak.

38.3. artikulua. Hutsegite oso larriak dira:

a) Hutsegite larriak behin eta berriz egitea.

b) Edozein eratako intrusismo profesionala ezkutatu edo sustatzea.

c) Epaileak iruzurtzat jotzen dituen egintzak egitea lanbide jardueran.

d) Estatutuak eta Elkargoaren beste arau batzuk urratzea, eta halaber, lanbide betebeharrak ez betetzea eta lanbidearen oinarri deontologikoak urratzea, nahita edota iruzurra egiteko asmotan.

e) Elkargoari urtebeteko kuotak ez ordaintzea.

39. artikulua. Diziplina espedientea.

Diziplina zehapena ezarri aurretik, edozein dela ere, espediente egokia sortu eta tramitatu behar da. Espedienteak honako baldintzak bete behar ditu:

a) Gobernu Batzordeak erabakiko du prozedura abiatzea, dela bere ekimenez, dela Elkargoko kideek edo pertsona eta entitate publiko nahiz pribatuek egin dezaketen salaketaren ondorioz. Gobernu Batzordeak salaketa jaso edo ustezko hutsegitearen berri jakiten duenean, informazio erreserbatuaren instrukzioa erabaki ahal izanen du, espedientea abiatzea erabaki baino lehen, edo, bidezkoa bada, jarduketak artxibatzea erabaki ahal izanen du, geroagoko errekurtsorik gabe. Espedientea izapidatzearen inguruko jarduketa guztiak Instrukzio Batzordeak eginen du. Elkargoko hiru kidek osatuko dute batzorde hori, Gobernu Batzordeak izendatuta. Espedientearen subjektuari espedientearen hasiera eta Instrukzio Batzordearen izendapena jakinaraziko zaizkio.

b) Instrukzio Batzordeari dagokio gertaerak argitzeko froga eta jarduketa guztiak egitea. Egindako jarduketak ikusirik, karguen plegua eginen da eta bertan azalduko dira interesatuari egotzitako egitateak, edo espedientea largetsi eta artxibatzeko proposamena.

c) Interesatuari karguen plegua jakinaraziko zaio eta hamabost eguneko epea emanen zaio alegazioak aurkezteko eta baliatu nahi dituen froga guztiak proposatzeko.

d) Epea iraganik, Instrukzio Batzordeak ebazpen proposamena eginen du eta interesatuari jakinaraziko zaio, hamabost eguneko epean bere defentsarako egokitzat jotzen dituen alegazioak egin ditzan. Bitarte horretan egiten diren jarduketak jakinarazi eginen zaizkio.

e) Ebazpen proposamena, jarduketa guztiekin batera, Gobernu Batzordeari aurkeztuko zaio eta hark ebazpen egokia emanen du.

f) Zehapen ebazpenean ondokoak jasoko dira: frogatutako gertaeren azalpena, egiaztatutako hutsegiteen zehaztapena, haien larritasunaren kalifikazioa eta ezarritako zehapena. Gertaeren azalpenak bat etorri behar du espedientean eginiko karguen pleguarekin.

40. artikulua. Zehapenak.

Zehapen hauek ezartzen ahal dira:

a) Hutsegite arinengatik: ahozko zentzarazpena, errieta pribatua edo/eta idatzizko zentzarazpena.

b) Hutsegite larriengatik: idatzizko zentzarazpena, etenduraren ohartarazpenarekin; Elkargoko kide izateari eta lanbide jarduerari uztea hiru hilabeterako, gehienez; eta Gobernu Batzordeko karguetan aritzeko eskubidea galtzea bost urterako, gehienez.

c) Hutsegite oso larriengatik: Elkargoko kide izateari eta lanbide jarduerari uztea hiru hilabete eta urtebete bitarteko aldirako; Elkargoko karguetan aritzeko betiko ezgaitua izatea, edo/eta Elkargotik kanporatua izatea, Elkargoko kide izateari utzita.

41. artikulua. Hutsegiteen preskripzioa.

Hutsegiteen preskripzio epea sei hilabetekoa izanen da hutsegite arinetarako, bi urtekoa larrietarako eta lau urtekoa oso larrietarako. Diziplina prozedura hasten denean preskripzio epea eten eginen da.

Zehatuak birgaitua izateko eta bere espedientean eginiko oharrak ezabatzeko eskatu ahal izanen dio Gobernu Batzordeari. Eskaera hori hiru hilabeteko epean egin ahal izanen da hutsegitea arina bada, urtebeteko epean hutsegitea larria bada, bi urteko epean hutsegitea oso larria bada, eta zazpi urteko epean zehatua Elkargotik kanporatu badute. Epe horiek zehapena betetzen hasten den egunetik aurrera zenbatuko dira.

42. artikulua. Ohore araubidea.

Gobernu Batzordeak sariak eta dominak eman ahal izanen dizkie horretarako merezimenduak dituzten pertsonei.

VI. TITULUA

Araubide juridikoa

43. artikulua. Inpugnazio araubidea.

43.1. artikulua. Gobernu Batzordearenak izan eta administrazio zuzenbideari loturik dauden egintza, erabaki eta ebazpen korporatiboen aurka (diziplina ahalmenaren erabilera eta Elkargoko kideen alta eta bajei buruzko ebazpenak salbu), gora jotzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da Batzorde Orokorrari zuzenduta, eta horrela amaiera emanen zaio administrazio bideari. Gora jotzeko errekurtsoa jartzeko epea hilabetekoa izanen da egintza berariazkoa bada; bestela epea hiru hilabetekoa izanen da. Errekurtsoa ezetsitzat joko da hiru hilabeteko epean ebazpenik ematen ez bada.

43.2. artikulua. Batzorde Orokorrak eta Gobernu Batzordeak Elkargoko kideen alta eta bajei buruz edo diziplina ahalmena erabiliz egiten dituen egintza, erabaki eta ebazpenen kontra, aukeran, berraztertzeko errekurtsoa jarri ahal izanen da edo zuzenean inpugnatu administrazioarekiko auzien jurisdikzioan.

Berraztertzeko errekurtsoa hilabeteko epean jarri behar da, jakinarazpen edo argitalpen egunetik hasita, bata zein bestea legez egin beharrekoak badira, eta hilabeteren buruan ebatzi gabe badago, errekurtsogileak ezetsitzat jo ahal izanen du.

43.3. artikulua. Elkargoaren gainerako egintza, erabaki eta ebazpenak, administrazio zuzenbideari loturik ez daudenak, lege zibilek, lan arloko legeek eta gainerako lege aplikagarriek arautuko dituzte.

43.4. artikulua. Elkargoaren egintza, erabaki eta ebazpenak berehala betearazi beharrekoak izanen dira. Hala ere, Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearekin bat, organo egileak betearazpena etetea erabaki ahal izanen du, errekurtsogileak hala eskaturik nahiz ofizioz, inpugnatutako egintza irmoa ez den artean.

43.5. artikulua. Elkargoko kideei Elkargoko organoen egintza eta ebazpenak jakinaraziko zaizkie beraien eskubide eta interesak ukitzen badituzte. Jakinarazpena edozein bidetatik egin daiteke; betiere, hartu izana egiaztatu behar da eta data, identitatea eta jakinarazitako egintzaren edukia jasorik utzi behar dira.

43.6. artikulua. Elkargoko organoen egintzak zuzenbide osoz deusezak izanen dira baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 62. artikuluko kasuetan erortzen badira.

43.7. artikulua. Elkargoko organoen egintzak deuseztagarriak izanen dira baldin eta Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 63. artikuluan ezarritako kasuetan erortzen badira, edo Estatutu hauetako arauak urratzen badituzte.

43.8. artikulua. Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen lehen xedapen iragankorrean ezarritakoari jarraituz, CODINNA/NADNEOren jarduera legeria zehatzari lotuko zaio, eta hura osatzen ez den bitartean aplikagarriak izanen dira Lege horren preskripzioak, bidezkoa denean.

VII. TITULUA

Elkargoaren iraungipena

44. artikulua. Desegitea edo iraungitzea.

CODINNA/NADNEOk iraun egin nahi du eta denbora-mugarik gabe eratu da bere xedeak betetzeko.

Hala ere, Batzorde Orokorrak Elkargoa desegitea erabaki ahal izanen du, Lanbide Elkargoei buruzko otsailaren 13ko 2/1974 Legeak (abenduaren 26ko 74/1978 Legearen bidez aldatua) eta indarra duten foru erregelamendu edo legeek aurreikusitako inguruabarrak gertatzen badira, edo Elkargoaren xedeak betetzerik ez dagoela egiaztatzen bada. Erabaki hori Elkargoko kideen bi herenek osatutako gehiengoaren adostasunez hartu behar da.

XEDAPEN IRAGANKORRA

Elkargoa eratzeko batzarra

1. Elkargoa eratzeko batzarra osatuko dute batzar hori egiterakoan Elkargoan sartzeko behar diren baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek, Estatutu hauen 7.1 artikuluan xedatutakoaren arabera. Ondoko agiri hauek aurkeztu beharko dituzte, baldintzak betetzen dituztela frogatzeko:

1._Nafarroako Dietista Diplomatuen Elkargoko bazkide numerarioek: bazkide numerarioaren karneta eta nortasun agiri nazionala edo horren fotokopia konpultsatua.

2._Nafarroako Dietista Diplomatuen Elkarteko bazkide laguntzaileek, eta bazkide ez diren pertsonek:

_Martxoaren 20ko 433/1998 Errege Dekretuan (1998-04-15eko Estatuko Aldizkari Ofiziala) ezarritako Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatuaren titulua. Dekretu horrek Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatuaren unibertsitate titulu ofiziala eta titulu hori lortzeko egin behar diren ikasketak planifikatzeko zuzentarau orokorrak ezarri ditu. Tituluaren fotokopia konpultsatua aurkeztu ahal izanen da.

_Nortasun agiri nazionala edo haren fotokopia konpultsatua.

2. Nafarroako Dietista Diplomatuen Elkarteak Elkargoa eratzeko batzarrerako deia eginen die ezgaitasun kausetan erorita ez dauden Giza Nutrizioko eta Dietetikako diplomatu guztiei.

Batzarra egin baino hamabost egun lehenago, gutxienez, eginen zaie deia, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean iragarkia argitaratuz. Batzarraren eguna, ordua, tokia eta aztergaiak adieraziko zaizkie.

3. Xedapen iragankor honetako lehenbiziko atalean xedatutakoaren arabera Elkargoko kide izateko baldintzak betetzen dituztela frogatu ondoren, deialdiko egunean, orduan eta tokian biltzen diren pertsona guztiek eratuko dute batzarra, eta haien artetik izendatutako dira Mahaiko kideak, hots, mahaiburua, idazkaria eta bi mahaikideak; pertsona horiek Nafarroako Dietista Diplomatuen egungo Zuzendaritza Batzordean kargu berak dituztenak izanen dira. Elkargoaren behin betiko Estatutuak demokratikoki onets daitezen eta gobernu organoak ere demokratikoki hauta daitezen begiratuko dute.

4. Hautatuak izateko eskubidea izanen dute Elkargoa eratzeko batzarrera joan eta xedapen iragankor honetako lehenbiziko atalean adierazitako baldintzak betetzen dituzten pertsona guztiek.

Elkargoa eratzeko batzarrean bozketa eginen da Gobernu Batzordeko kideak hautatzeko, boto libre eta isilpekoa emanez.

Hautagai zerrendak irekiak izanen dira eta haietan hautagai bakoitza zein kargutarako aurkezten den adieraziko da. Pertsona bana hautatu beharko da lehendakari, lehendakariorde, idazkari eta diruzain karguetarako. Hautagai bakoitza kargu bakar baterako aurkeztu ahal izanen da, eta zerrenda bakar batean.

Karguren baterako hautagai bakarra aurkezten bada, pertsona hori hautetsi aldarrikatuko da inolako bozketarik egin behar izan gabe.

Bozketa amaiturik, botoak zenbatu eginen dira. Txartelak baliogabetzat joko dira bozketarekin zerikusirik ez duten adierazpenak edo hauteslearen nahia garbi ulertzea eragozten duten zirriborroak badituzte edo kargu baterako hautagai bat baino gehiago izendatzen badituzte. Botoak zenbatu ondoren emaitzaren akta eginen da, mahaiko kide guztiek sinatuko dute eta mahaiburuak argitara emanen du.

Gobernu Batzordeko kide hautatuak hamabost eguneko epean jabetuko dira karguaz, hautespen egunetik hasita. Nafarroako Lanbide Elkargoei buruzko Legearen 20. artikuluari jarraituz, izendapenak Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraziko zaizkio.

5. Elkargoa eratzeko batzarrak eginkizun hauek izanen ditu:

_CODINNA/NADNEOren behin betiko Estatutuak onestea.

_Elkargoko gobernu organoetako kideak hautatzea.

6. Betiere, Elkargoa eratzeko batzarraren erabakiak bertaratutakoen bi herenen adostasunez hartuko dira, lehenbiziko bozketan, eta gehiengo soilez, bigarrenean.

7. Elkargoaren behin betiko Estatutuak onetsirik, Elkargoa eratzeko batzarreko aktaren ziurtagiria erantsi eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentura igorriko dira. Departamentuko organo eskudunak legezkotzat jotzen baditu, Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko dira, Nafarroako Dietista-Nutrizionisten Elkargo Ofiziala sortu duen ekainaren 9ko 6/2004 Foru Legean xedatutakoa betez.

AZKEN XEDAPENA

Bakarra._Estatutu hauek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko dute indarra.

Iragarkiaren kodea: F0511194