II. NAFARROAKO TOKI ADMINISTRAZIOA
2.2. AGINTARIAK ETA LANGILEAK
2.2.2. Plantilla Organikoa, Lan Eskaintza Publikoa, oposizioak eta lehiaketak
UHARTE
Deialdia, Uharteko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu finko bat oposizio-lehiaketa bidez betetzeko
1._Arau orokorrak.
1.1. Deialdi honen xedea da administrari-ofizial izateko lanpostu bat oposizio-lehiaketa bidez betetzea, Uharteko Udaleko bulego orokorretan aritzeko (informatika arloko ezagutza bereziekin eta batez ere jendea hartzeko arloan ari dadin).
1.2. Izendapenak lan-kontratudun finko bilakatuko du izendatua, ondorio guztietarako, jabetza hartzen duen unetik.
1.3. Hautapen probak gainditu ondoan izendatuko den izangaia Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuaren C mailan sartuko da eta horri dagozkion lansariak hartuko ditu.
1.4. Lanaldiaren antolamendua zerbitzuaren beharretara egokituko da beti, eta hura noiznahi aldatu ahalko dute administrazio organo eskudunek.
1.5. Egin beharreko lanak bere maila eta kategoriari dagozkienak izanen dira, jendeari harrera egitea eta informatika ekipoak, testu trataera eta beste prozesu informatikoak erabiltzea barne. Halaberean, beharrezkoa bada, jarduketa eta kudeaketak Udalaren bulegoetatik kanpo eginen ditu.
1.6. Izendatuak Uharteko udalerrian egiazki bizi beharko du.
2._Izangaiek bete beharreko baldintzak.
2.1. Oposizio-lehiaketa honetan onartuak izateko, izangaiek baldintza hauek bete beharko dituzte eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean:
a) Adinez nagusia izatea eta nazionalitate espainiarra edo beste edozein Estatutakoa izatea, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legeak bere 1. artikuluan ezartzen duenari lotuz eta bertan ezartzen diren baldintzetan.
b) Goi mailako Batxilergoaren, Bigarren Mailako Lanbide Heziketaren titulazioa edo baliokidea dena edukitzea, eta euskara dakiela frogatzea Hizkuntza Eskola Ofizialak emandako frogagiria edo horren baliokide ofiziala den beste agiri bat aurkeztuz, edo hizkuntza maila aski duela neurtzeko izangaiari eginen zaion froga gaindituz.
c) Behar den gaitasun fisikoa eta psikikoa izatea, karguan aritzeko.
d) Eginkizun publikoak betetzeko ezgaiturik edo gabeturik ez izatea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik berezia ez izana.
e) Deialdiaren izapidaketa tasa, zazpi eurokoa, ordaindu izanaren frogagiria (salbuetsita egonen dira izena ematerakoan langabezian direla frogatzen dutenak).
2.2. Aitzineko baldintzak deialdi honetako zortzigarren oinarrian aurreikusitako epean eta moduan frogatu beharko dituzte izangaiek eta eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean bete.
3._Eskabideak.
3.1. Eskabideak Uharteko Udalaren erregistro orokorrean aurkeztuko dira, deialdi hau Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu ondoko hogeita hamar egun naturalen barrenean. Eskabideak deialdi honetan argitaratutako ereduari jarraikiz aurkeztuko dira eta horietan izangaiek adierazi beharko dute eskatutako baldintza guztiak betetzen dituztela eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunerako.
3.2. Eskabidearekin batera ondoko agiriak aurkeztu beharko dira:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren fotokopia konpultsatua.
b) Lehiaketaldian izangaiak aurkeztu nahi dituen merezimendu guztiak egiaztatzen dituzten agiri jatorrizkoak, edo, horrela egiaztatzea ezinezkoa direnetan, baloratzea nahi dituen titulu, frogagiri eta bestelakoen kopia kautotua edo fotokopia (kautotu ahal izateko jatorrizko agiriarekin batera aurkeztu beharrekoa).
3.3. Eskabideak aurkezteko epea luzaezina izanen da.
4._Izangaien onarpena eta erreklamazioak.
4.1. Eskabideak aurkezteko epea bukatutakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin-behineko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
4.2. Izangai baztertuek hamar egun balioduneko epea izanen dute, behin-behineko zerrenda Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzen denetik, erreklamazioak aurkezteko eta, forma aldetik akatsik bada, horiek zuzentzeko.
4.3. Erreklamazioetarako epea bukatutakoan eta horiek ebatzitakoan, alkateak ebazpena emanen du onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko aginduko du.
5._Epaimahaia.
5.1. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute:
Mahaiburua: José Iriguíbel López, Uharteko Udaleko alkate udalburua.
Ordezkoa: Amparo Miqueliez Arrarás, Uharteko Udaleko langileen zinegotzi delegatua.
Mahaikidea: Elisa García Leranoz.
Ordezkoa: titularrak izendatzen duena.
Mahaikidea: Antonio Hernaez Iribarren.
Ordezkoa: Martín Astrain Lazcano.
Mahaikidea: Juana Mari Goñi Fernández, Uharteko Udaleko langileen ordezkaria.
Ordezkoa: María Pilar Ahechu Jabat.
Idazkaria: Miren Sanz de Galdeano Martínez de Eulate, Uharteko Udaleko idazkaria edo legez ordezkatuko duena.
Epaimahaia hautapen-probak hasi baino lehen eratuko da.
5.2. Epaimahaia ezin izanen da eratu, ezta jardun ere, kideen gehiengo osoa bertan izan gabe.
5.3. Epaimahaiak gehiengoz erabakiko ditu deialdiaren oinarriak ulertu eta aplikatzerakoan sor daitezkeen afera guztiak.
5.4. Epaimahaiak laguntzaile eta aholkulari adituen laguntza eska dezake, proba batzuetan nahiz guztietan laguntzeko. Aholkulari horiek beren espezialitate teknikoetan baizik ez dira ariko eta epaimahaiari horietan bakarrik emanen diote laguntza.
6._Oposizio-lehiaketaren nondik norakoak.
6.1. Oposizio-lehiaketa bi fasetan eginen da, lehenbizi lehiaketa eta gero oposizioa, oinarri hauetan zehazten den gisara.
6.2. Onartu eta baztertuen behin betiko zerrenda onesteko ebazpenean berean adieraziko da probak zein toki, egun eta ordutan hasiko diren.
6.3. Lehiaketaldia.
6.3.1. Lehiaketaldian 30 puntu eskuratu ahal dira, gehienez ere.
6.3.2. Izangaiek alegatutako merezimenduak baremo honen ariora baloratuko dira.
a) Tokiko administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanpostuan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 1 puntu, eta gehienez ere 2 puntu.
b) Espainiako bestelako administrazio publikoetan administrari-ofizialaren lanpostuan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 0,5 puntu, eta gehienez ere, 2 puntu.
c) Enpresa pribatuan administrazio arloko antzeko lanpotuetan egindako zerbitzuengatik, urte bakoitzeko 1 puntu, eta gehienez ere, 2 puntu.
Aitzineko bi ataletako merezimenduak zenbakitan emateko, ondokoak hartuko dira kontuan, betiere agiriz frogaturik: lan-kontratudun gisa, behin-behinean nahiz finko, edo administrazio-kontratudun gisa egindako zerbitzuak, bai eta bitarteko gisa edo lanpostuaren jabe izaki egindakoak. Baina atal batean baino gehiagotan sartutatako zerbitzuak denbora berean eginak badira, puntuaziorik handiena dutenak bakarrik baloratuko dira.
Aurreko ataletan ezarritako merezimenduak baloratzerakoan urte osoak baino ez dira kontuan hartuko.
d) Informatikarekin zerikusia duten tituluengatik: gehienez ere 14 puntu.
_L.H. II-ko informatikako titulazioa izateagatik, 7 puntu. Titulazio hori probak egin ahal izateko aurkeztu bada, ez da inolaz ere merezimendu gisa baloratuko.
_Sistema informatikoetako teknikariaren diplomatura edo baliokidea den titulazioren bat izateagatik, 8 puntu.
_Informatikako ingeniaritzako lizentziatuaren titulazioa izateagatik, 9 puntu.
e) Prestakuntza ikastaroak:
Informatikarekin zerikusia duten prestakuntza ikastaroengatik 2 puntu emanen dira ehun orduko ikastaro bakoitzeko (ikastaroen orduak batu eginen dira, eta 100 ordutik gora izatekotan hainbanatu eginen dira; 100 ordutik beherakoak ez dira kontuan hartuko). Gehienez ere 10 puntu emanen dira.
6.3.3. Epaimahaiak edozein momentutan eska ditzake lehiatzaileek aurkeztutako merezimenduen gaineko argibideak eta datu osagarriak.
Epaimahaiak, nahi bezala baina bere iritzia arrazoituz, baloratuko ditu kasuan-kasuan bidezkotzat jotzen dituen merezimenduak, aurreko ataleei dagozkienak, eta behin ere ezin izanen du onartu alegatu edo agiri bidez egiaztatu ez den merezimendurik.
6.3.4. Lehiaketaldia amaitzen denean, izangai bakoitzak lortutako puntuazioa jendaurrera aterako da iragarki oholean.
6.4. Oposizioaldia.
Oposizioaldiak ondoko proba hauek izanen ditu:
6.4.1. Lehenbiziko proba.
a) Lehenbiziko ariketa: ortografia.
Epaimahaiak prestatutako galdetegiei idatziz erantzun edo diktaketa bat egin beharko da.
Proba hau egiteko 30 minutu emanen da gehienez ere.
b) Bigarren ariketa: matematika.
Oinarrizko lau erregeletan, zatikietan, hiruko erregela bakunean zein konposatuan eta korrituaren erregelan oinarrituriko buruketak egin beharko dira. Ariketa hau egiteko izangaiek ezin izanen dute kalkulagailurik erabili.
Ariketa horretarako ordu bat izanen da gehienez ere.
c) Hirugarren ariketa: mekanografia.
Oposiziogile guztiek epaimahaiak emandako testu bat bera kopiatu beharko dute makinaz 15 minutuan. Oposiziogile bakoitzak horretarako ezarritako makina erabiliko du proba egiteko, eta debekatua dago idazmakina elektronikoak erabiltzea.
Epaimahaiak probako testuaren transkripzioa zein modutan egin arautuko duten formalitateak finkatuko ditu.
d) Laugarren ariketa: gaiak.
"Test" moduko galdera ariketa, deialdi honen II. eranskinean agertzen den programako gaiei buruz.
Ariketak berrogeita hamar galdera izanen ditu.
Ariketa honen iraupena ezin izanen da bi ordutik goitikoa izan.
6.4.2. Bigarren proba:
a) Lehen kasu praktikoa: informatikako ariketa.
Kasu praktikoa, ofimatikako probak izanen dituena (Word, Excel eta Access, Internet, Outlook).
Proba horien gehieneko iraupena epaimahaiak zehaztuko du probak hasi aurretik.
b) Bigarren kasu praktikoa:
Bi dokumentu edo gehiago egin beharko dituzte (ofizioak, Alkatetzaren ebazpenak, bandoak, iragarkiak, eskabideak, etab.), toki administrazio bateko administrari laguntzaile lanpostuan egin behar izaten direnak.
Kasu praktiko bakoitzaren planteamendua idatziz edota ahoz egin ahal izanen du epaimahaiak. Ariketa idazteko makinaz egin beharko dute; makina elektriko edo elektronikorik erabiltzea espresuki debekaturik egonen da.
Epaimahaiak probako testuaren transkripzioa zein modutan egin arautuko duten formalitateak finkatuko ditu.
c) Elkarrizketa:
Lanpostuari dagozkion gaiei eta oro har udalerriari buruzkoa izanen da elkarrizketa.
Orobat, jendeari harrera egiteko gaitasuna ere baloratuko da.
6.4.3. Lehen probako ariketen balorazioa.
Ortografia: 0tik 5 puntura bitarte emanen dira. Gutxienez 2,5 puntu, ariketa gainditzeko.
Matematika: 0tik 10 puntura bitarte emanen dira. Gutxienez 5 puntu, ariketa gainditzeko.
Mekanografia: mekanografiatutako akatsengatik egin beharreko penalizazioak kenduta: 10 puntu lehen 3.000 behatz kolpeengatik.
3.000 behatz kolpetatik goiti: puntu 1 beste 200 behatz kolpetik, zuzenak badira, edo proportzioz dagokien puntuazioa.
Ariketa honen gehieneko balorazioa: 15 puntu. Gainditzeko gutxienekoa: 11,25 puntu.
Gisa honetara emanen dira:
_Lerro-aldatze bakoitzarengatik: 5 behatz kolpe.
_Lerroaldea hasteagatik: 5 behatz kolpe.
_Maiuskula edo maiuskulen tekla sakatzea eskatzen duen zeinu bakoitzarengatik: behatz kolpe 1.
_Azentu bakoitzagatik: behatz kolpe 1.
Eta kasu hauetan kenduko dira:
_Akats mekanografikoa: 5 behatz kolpe.
_Idatzi ez den hitz edo esaldiagatik: 7 behatz kolpe.
_Ariketako testuan azaltzen den formatoa ez den beste batean idatzitako idatz lerro bakoitzagatik: 15 behatz kolpe.
Hitz bakoitzean akats mekanografiko bakarra hartuko da kontuan.
Gaiak: 0tik 15 puntura bitarte emanen dira. Gutxienez 11,25 puntu, ariketa gainditzeko.
6.4.4. Bigarren probako ariketen balorazioa.
Lehen kasu praktikoa (informatika): gehienez ere 40 puntu emanen dira. Gutxienez 20 puntu, ariketa gainditzeko.
Bigarren kasu praktikoa: 0tik 5 puntura bitarte emanen dira. Gutxienez 2,5 puntu, ariketa gainditzeko.
Elkarrizketa: 0tik 10 puntura bitarte emanen dira.
6.4.5. Oposizioaldiko ariketa guztiak baztergarriak izanen dira. Ariketa bakoitzari dagokion gutxieneko puntuazioa bederen eskuratzen ez duena baztertuta geldituko da. Halaberean, ariketa guztietan baztertuta geldituko dira ariketen edozein gai edo zatitan 0 puntu ematen dieten izangaiak.
6.4.6. Ariketak zer ordenatan eginen diren, ordena horri berari jarraikiz zuzenduko dira: lehenengo proba (ortografia, matematika, mekanografia, gaiak) eta bigarren proba (informatika eta kasu praktikoak). Ariketa bat gainditzeko behar den gutxieneko puntuazioa lortzen ez duten izangaiak bazterturik geldituko dira eta epaimahaiak ez du probaren gainerakoa kalifikatuko.
6.4.7. Ariketak deialdi bakarrean eginen dira, eta izangaiek Nortasun Agiri Nazionala aldean daramatela agertu beharko dute. Agertzen ez diren izangaiak baztertuta geldituko dira.
6.4.8. Oposizio-lehiaketaren azkeneko kalifikazioa bi aldietan izangaiak lortutako puntuazioak batuta lortuko da.
7._Probak gainditu dituztenen zerrenda eta epaimahaiaren proposamena.
7.1. Azken ariketa zuzendurik, epaimahaiak probak gainditu dituztenen zerrenda, bakoitzaren puntuazioaren hurrenkeraren arabera egina, paratuko du jendearen aurrean Uharteko Udaleko iragarki oholean. Horretarako, izangai bakoitzak ariketetan lortutakoak batuko ditu eta zerrenda horrekin batera, puntuaziorik handiena lortzen duen izangaiaren aldeko izendapen proposamena eginen du. Aipatu proposamena Udalaren iragarki oholean eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean emanen da argitara.
8._Agirien aurkezpena.
8.1. Proposatutako izangaiak, proposamena Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara eman eta hogeita hamar egun naturaleko epean, udal bulegoetan ondoko agiriok aurkeztu beharko ditu:
a) Jaiotze aktaren ziurtagiria.
b) Deialdiaren 2.b) oinarrian eskatutako tituluak egiaztatzen dituzten agiriak.
c) Zinpeko aitorpena, eginkizun publikoetan aritzeko desgaitua edo gabetua ez dagoela eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik ez dela baztertua izan erakusten duena.
d) Uharteko osasun etxean eginiko txosten-egiaztagiria, izangaiaren gaitasun fisiko zein psikikoaren gainekoa.
8.2. Izangaiak ez baditu agiri horiek aipatutako epean aurkezten, behar bezala arrazoituriko ezinbesteko kasuetan izan ezik, ezin izanen da izendatu eta egintza guztiak baliorik gabe geldituko dira, eskabidean egindako faltsukeriagatik dagokion erantzukizuna deusetan ukatu gabe.
8.3. Aurreko atalean azaldutakoa gertatzen bada, Udalak 7. oinarrian aipatzen den izangai zerrendan ondo-ondotik heldu diren izangaiak hartu eta haiekin beteko du lanpostua.
9._Izendapena eta jabetza hartzea.
9.1. Udalak Uharteko Udalaren lan araubideko langile finko izendatuko du, administrari-ofizialaren lanpostuan aritzeko, aurreko arauan ezarritakoa betetzen duen izangaia.
Izendapen hori Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.
9.2. Izendatutako izangaiak izendapenaren jakinarazpena jaso eta hilabeteko epearen barrenean hartu beharko du lanpostuaren jabetza. Epe horretan, ezinbesteko kasuetan izan ezik, karguaz jabetzen ez bada, Uharteko Udaleko lan araubideko langile finkoa izateko eskubideak galduko ditu. Halakorik gertatuz gero, aurreko oinarrian ezarritakoari jarraituko zaio.
10._Errekurtsoak.
Deialdi honen kontra, baita bere oinarri eta egintzen kontra ere, errekurtso hauetako bat para daiteke:
a) Gora jotzeko errekurtsoa, Nafarroako Administrazio Auzitegiari zuzendua, hilabeteko epean jakinarazi eta biharamunetik hasita.
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa, zuzenean Nafarroako Auzitegi Nagusiko arlo bereko sailari zuzendua, bi hilabeteko epean ebazpen hau jakinarazi eta biharamunetik hasita.
c) Berraztertzeko errekurtsoa, erabakia hartu duen organoari berari zuzendua, hilabeteko epean, jakinarazi eta biharamunetik hasita.
1. ERANSKINA
Eskabide eredu ofiziala
Izena: ......................., adinez nagusia, Nortasun Agiri Nazionalaren zenbakia: ..............., jaioteguna: 19...(e)ko ..........aren ........a, jaioterria: ........... (..........), helbidea: ................., kalea: ................., zenbakia: ...., posta-kodea: ............, telefonoa: ...................
Honako hau azaltzen dut:
Uharteko Udalaren zerbitzuko administrari-ofizial izateko lanpostu bat, lan-araubidean, oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian (..... Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALa, .....ko .......aren ...koa) eskatutako baldintzak betetzen ditudala eskabideak aurkezteko epea amaitu aurretik.
Honekin batera Nortasun Agiriaren kopia aurkeztu dudala.
Horrenbestez, lanpostu hori eskuratzeko hautaprobetan onartua izatea eskatzen dut.
(Eskatzailearen sinadura)
2. ERANSKINA
1. gaia._Legeari eta Erregelamenduari buruzko ideia orokorrak. Udal ordenantza eta erregelamenduak: motak eta horiek onesteko baldintzak. Alkatetzaren bandoak.
2. gaia._Foru Diputazioa edo Nafarroako Gobernua: eginkizunak, osaketa. Nafarroako Gobernuko lehendakaria. Haren hautapena. Parlamentuaren aitzinean duen erantzukizuna.
3. gaia._Udalerria. Kontzeptua eta osagaiak. Udal administrazioa: beharrezko antolakuntza eta antolakuntza osagarria. Udal autonomia: eskumena. Berezitasunak: Kontzejua Nafarroan; Mankomunitateak.
4. gaia._Administrazio prozedurari buruzko ideia orokorrak; hasiera, tramitazioa eta ebazpena. Administrazio egintzen jakinarazpena. Isiltasun administratiboaren aipamen laburra.
5. gaia._Administrazio errekurtsoak toki entitateen egintza eta erabakien aurka. Gora jotzeko errekurtsoaren aipamen berezia.
6. gaia._Nafarroako toki entitateen baliabideak, Nafarroako Toki Ogasunei buruzko 2/1995 Foru Legearen arabera. Ezagupen orokorrak.
7. gaia._Udal aurrekontuak Nafarroan: haien egituraren gaineko ezagupen orokorrak. Gastuen sailkapen ekonomikoa eta funtzionala. Onetsi eta aldatzeko tramiteak.
8. gaia._Ideia orokorra biztanleen udal erroldaren gainean. Udalaren jarduketak hirigintza plangintzaren alorrean. Jarduera sailkatuak eta kaltegabeak.
9. gaia._Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuaren Testu Bategina. Abuztuaren 30eko 251/1993 Foru Dekretua. Toki korporazioen zerbitzuko langileak: motak. Nafarroako administrazio publikoetako lan-kontratudunen kontratazioa. Toki erakundeetako funtzionarioen eskubide eta betebeharrak. Bateraezintasunaren gaineko araubidea.
10. gaia._18/1986 Euskararen Foru Legea, abenduaren 15ekoa, eta Nafarroako Administrazio Publikoetan Euskararen erabilera arautzen duen 29/2003 Foru Dekretua, otsailaren 10ekoa.
Uharten, 2005eko maiatzaren 3an._Alkatea, José Iriguibel López.
Iragarkiaren kodea: L0511803