Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 6a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.3. BESTELAKO XEDAPENAK
1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak
322/2005 EBAZPENA, apirilaren 14koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, "Antsoaingo Udala" entitatearen akordio kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 4/2005-F).
Ikusirik "Antsoaingo Udala" entitatearen lan akordio kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak izenpetua (espediente zenbakia: 4/2005-F).
Gertakariak:
1. 2005eko apirilaren 5ean, departamentu honetan sartu da udalaren eta funtzionarioen legezko ordezkariek 2005eko martxoaren 21ean izenpeturiko dokumentazioa, enpresaren eta langileen ordezkariek erregistratu eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzeko igorria. Akordio horretan Udal horretako funtzionarioen lan-baldintzak ezartzen dira, 2005-2007 denboraldirako.
2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.
Zuzenbideko oinarriak:
1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honek bere esku du indarra duen Langileen Estatutuko III. Tituluan arautzen diren lan hitzarmen kolektiboak eta abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 84. artikuluan aipatzen diren akordio kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, eta hori, Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, bai eta irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, Departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.
2. Akordio honek Nafarroako Administrazio Publikoetako Langileen Estatutuari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuan arautzen diren akordio kolektiboen baldintzak betetzen ditu. Hori dela eta, bidezko da Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea, 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko 84. artikuluko 3. idatz-zatian, abenduaren 29ko 27/1994 Foru Legearen bidez emandako idazketan, xedatutakoarekin bat.
3. Hitzarmen eta akordio kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentu honen eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.
Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,
EBATZI DUT:
1. "Antsoaingo Udala" entitatearen akordio kolektiboa erregistratzea, Lan hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia Negoziazio Batzordeari jakinaraziko zaio.
2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.
Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.
Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.
Iruñean, 2005eko apirilaren 14an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.
ANTSOAINGO UDALEKO ETA HAREN PATRONATUETAKO FUNTZIONARIOEN LAN-BALDINTZEI BURUZKO AKORDIOA
I. TITULUA
Hitzarmenaren helburua eta eremua
1. artikulua. Akordio honen helburua da Antsoaingo Udalak eta haren patronatuek beren zerbitzuko langileekin dituzten harremanak arautzea.
2. artikulua. Akordio honek Antsoaingo Udalaren eta haren patronatuen zerbitzuko funtzionarioen eta administrazio-kontratudunen lan-baldintzak arautuko ditu.
3. artikulua. Akordio honek hiru urte naturaleko indarraldia izanen du, alegia, 2005eko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31 bitarte izanen ditu ondorioak.
Akordio hau automatikoki luzatuko da beste bat sinatu arte bertan jasotako gorabehera guztietan, baldin eta aipatutako datarako akordio berririk lortu ez bada.
II. TITULUA
Lanaldia, egutegiak, oporrak, lizentziak eta baimenak
4. artikulua. Urteko lanaldia eta ordu konpentsazioak 624/1999 Foru Dekretuko 10. eta 20. artikuluetan zehazten direnak izanen dira. Testua 1. eranskin gisa gehitzen da.
Lanaldi nagusia goizez egiten duten langileek 20 minutuko malgutasuna izanen dute sarreran, irteeran konpentsatu beharko dena, mantentze lan orokorretako, lorezaintzako eta zerbitzu anitzetan izan litezkeen gainerakoetako langileak izan ezik, zaila baitute malgutasun horretaz baliatzea oro har sortzen diren lan taldeekin.
5. artikulua. Lan egutegia, bidezko denean, zerbitzu arduradun bakoitzak aurkeztu beharko du, doakienekin ahalik eta adostasunik zabalena lortu eta gero, abenduaren 1a baino lehen, udalak onar dezan. Adostasunik lortu ez bada, udalak bere erabakia hartuko du.
Hamabost eguneko epean udalak erantzuten ez badu, egutegiak onartuak izan direla esan nahiko du, eta urte bakoitzaren urtarrilaren 1etik aurrera izanen dute indarra.
Egutegia prestatzerakoan kontuan hartuko dira bai Nafarroako Gobernuak erabakitako jaiegunak, bai Antsoaingo Udalak erabakitakoak.
Lanaldian zehar gehienez ere 20 minutuko atsedenaldia izanen da. Lantokian nahiz kanpoan egin ahal izanen da. Zerbitzu bakoitzaren arduradunek erabakiko dute atsedenaldia zer ordutan hartuko den, kontuan hartuz ez dagoela bulegorik langileren bat bertan izan gabe uzterik.
Atsedenaldi hori lantokitik kanpo egiten bada, hasieran eta lanpostura itzultzean fitxatu egin behar da, eta zerbitzu bakoitzaren arduradunaren erantzukizuna da arau hau zorrotz betetzea.
Udal Igerilekuen Zerbitzuari dagokionez, honako hau ezartzen da:
a) Instalazioak itxita egonen dira abenduaren 24, 25 eta 31n eta urtarrilaren 1ean.
6. artikulua. Antsoaingo Udalaren eta haren patronatuen menpeko langileen opor, lizentzia eta baimenak 348/2000 Foru Dekretuan ezarritakori jarraituko diote. Testua 2. eranskinean dago.
Oporrak hartzeko eskaerak, betiere, egun horietaz gozatzen hasi baino hogeita hamar lanegun lehenago aurkeztu behar zaizkio zerbitzu arduradunari, eta aurkezten direnetik lau egun igarota interesatuari ez bazaio adierazten ukatu egin zaizkiola, onartu egin direla ulertuko da. Ezezkoa emanez gero, arrazoiak eman beharko dira.
Oro har, zerbitzuaren eraginkortasuna helburu, ezin izanen dira batera oporretan egon zerbitzu bateko bi funtzionario baino gehiago, haur eskolan izan ezik, hor instalazioak itxita daudenean izaten baitira oporrak.
Zerbitzu bereko hiru funtzionariok edo gehiagok batera hartu nahi badituzte oporrak, interesatuek gertaera horren berri eman eta zortzi eguneko epean lortu beharko dute programaziorako adostasuna. Epe hori bete eta adostasunik lortu ez bada, zerbitzu horretan antzinatasun handiagoa duenak lehentasuna izanen du. Dena dela, ezin baliatuko da eskubide horretaz bi urtez segidan.
III. TITULUA
Ordainsariak eta plantilla organikoa
7. artikulua. Oinarrizko ordainsariak (mailako soldata, gradua eta antzinatasuna) Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioentzat horretarako foru aginduan urtero ezartzen direnak izanen dira, Estatutuan (251/1993 Foru Dekretua) eta Ordainsarien Behin-behineko Erregelamenduan (158/1984 Foru Dekretua) finkatutako irizpideen arabera.
Hala ere, funtzionarioei eskatzen zaien urte kopuru bera araubide administratiboan kontrataturik zerbitzuan eman duten langileek, antzinatasunagatik dagokien saria izanen dute. Eskubide horretaz baliatu ahal izateko, interesatuak eskatu egin beharko du, eta eskakizun horiek betetzen dituela frogatu.
Langile finkoei, legeria indardunaren arabera, administrazio publikoetako edozeinetan emandako zerbitzuak onartuko zaizkio, graduak eta bosturtekoak esleitzerakoan.
8. artikulua. Antsoaingo Udalak erabaki du negoziazio mahai egokiarekin negoziatzea akordio honek dituen baliozko bi urteetako bakoitzean plantilla organikoa osatuko duten lanpostu guztiak, beren lansari osagarriekin eta gainerako baldintzekin, horrek akordioa lortzea berekin ez badakar ere, eta beti eutsiko dio abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuaren 80. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari.
9. artikulua. Txandaka, gauez eta jaiegunetan lan egiten duten langileek, eskubidea dute 225/2002 Foru Dekretuak ezartzen dituen diru-ordainak jasotzeko. Testua 3. eranskin gisa erantsi zaio akordioari.
Hala ere, ordain horiek sorrarazten diren unean indarrean diren zenbateko eta aplikazio irizpideen arabera eskuratuko dira, hala ezarria baitago dagokion foru arauan.
10. artikulua. Araudi indardunarekin bat, ezarritako beharkizunak betetzen dituztenek Familia-laguntza jasoko dute.
11. artikulua. Langile guztiek dute plantilla organikoan une bakoitzean diharduten lanpostuari dagozkion ordainsariak jasotzeko eskubidea, are aldi batez ari badira ere (oporretan direnen ordezkapenak, eritasun edo istripuarengatik bajan direnenak, lanpostu hutsa...). Dena dela, nahitaezkoa da ordainsari hori dagokion lanposturako izendatu edo kontratatua izana.
12. artikulua. Akordio honen ondoko foru arau batek ezartzen badu oro har ezar daitezkeen lansari osagarrietako bat, hitzarturikoak adinakoa edo txikiagoa bada, xurgatu eginen da, eta handiagoa bada, aldea eskuratuko da.
Udaltzaingoak, horri dagokionez, foru araudiek "Nafarroako Foruzaingoko Motorren Trafikoaren Atala"ri onartzen dizkion eskubide eta betebeharrak izanen ditu.
13. artikulua. Akordio honen ondoko foru arau baten bidez ezartzen badira balio orokorreko maila-sailkapen berriak lanpostu jakin batzuentzat, adostutako lanpostu osagarriak doitu eginen dira esleitutako soldata-maila berriarekin parekatzeko.
IV. TITULUA
Sarrera, lanpostuen hornidura eta karrera administratiboa
14. artikulua. Langileak hautatzeko prozeduretan eta igoerakoetan Antsoaingo Udalak foru araudi indarduna aplikatuko du.
15. artikulua. Oposizio-lehiaketa bidez betetzekoak diren plantilla organikoko lanpostuetan ezarri ahal izanen da, deialdiaren baremoaren barnean, aldi baterako langileek Udalaren zerbitzuan emandako denboraren balorazioa.
V. TITULUA
Beste onura sozial batzuk
16. artikulua. Antsoaingo Udalak, kanpoko enpresekin udal zerbitzuak kontratatzen dituenean, baremo osoaren 100eko 5 gehiago emanen die lehen zerbitzu horietan ari ziren aldi baterako udal langileak hartzera baldintza-orrietan bere burua behartzen duten enpresei.
17. artikulua. Antsoaingo Udalak heriotza eta baliaezintasuneko aseguru poliza bana kontratatuko du bere langileen alde, akordio honetan 4. eranskin gisa gehitzen diren agirietan jasotzen diren estaldurakoak.
18. artikulua. Antsoaingo Udalak, lanposturatzeko eskatu baldin bazuen oposizioan edozein motatako gida-baimena, berrikuntza gastuak ordaindu beharko ditu eta beste horrenbeste beren borondatez erabiltzea onartu dutenen kasuan. Ordainketak berrikuntza-tasa hartuko du, ez ordea gestoria eta zehapen errekargua edo beste kontzeptu batzuk.
19. artikulua. Langile bakoitzak 50 prestakuntza ordutarako eskubidea izanen du urtean, eta lanordu gisa hartuko dira baldin eta ikastaroak zuzeneko eta hurbileko lotura baldin badu lanbide jarduerarekin. Langilea ikastaroan den bitartean zerbitzuaren premiak norbaitek bete beharko ditu.
Antsoaingo Udalak urtero 9.000 euro erabiliko ditu ohiko lanpostuekin zuzeneko eta hurbileko lotura duten prestakuntza-gastuetarako edo Udalaren zuzendaritzarentzat hurbileko interesa dutenetarako; gastu horietan sarzen dira matrikula, joan-etorriak, ostatu-gastuak eta materialak.
Antsoaingo Udalak baloratu eginen ditu eskabide guztiak eta interesgarrienei emanen die lehentasuna, betiere herritarrari ematen zaion zerbitzua hobetzea helburu.
Ikastaroetarako eskabideari ezezkoa ematen bazaio, arrazoiak eman behar dira beti.
VI. TITULUA
Laneko segurtasuna eta osasuna
20. artikulua. Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeari buruzko legerian segurtasun eta osasun arauak errespetatuko dira, eta aintzat hartuko dira bai Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak, bai Segurtasun eta Osasun Batzordeak adierazten dituzten neurriak.
Laneko Arriskuei Aurrea Hartzeko Legearen eduki osoa aplikatuko zaie Antsoaingo udaltzainei, salbu eta berezitasunagatik aplikaezinak diren jarduerei dagokiena, Lege horren 3.2. artikuluan jasota dagoenez.
21. artikulua. Ondoko talde hauetako udal langileek 5. eranskinean ezarritakoaren arabera beren lana egiteko beharrezkoak dituzten janzkiak izateko eskubidea dute, eta bertan finkatzen da zein diren janzkiak eta oinetakoak berritzeko epeak.
Udako jantziak apirilean emanen dira eta negukoak urrian, urtero. Zerbitzu bakoitzeko buruak arduratuko dira jantziak emateaz.
Lanean hondatzen diren jantzi guztiak lehen aipatu diren epeak kontuan hartu gabe aldatuko dira.
Bi aldeak ados daudela, idatziz, jantzi batzuen kalitatea hobetzea negoziatzen ahalko da, gutxiagotan aldatuz.
VII. TITULUA
Euskararen sustapena
22. artikulua. Udalak bere langileen artean euskara erabiltzea eta ikastea bultzatuko du, eta euskara erabili eta sustatzeko Antsoaingo Udalean indarrean den Ordenantza aplikatuko da horretarako.
Halaber, ikastaroetara joaten diren udal langileek konpromisoa hartu behar dute denbora hori ahalik eta hobekien aprobetxatzeko.
VIII. TITULUA
Eskubide sindikalak
23. artikulua. Indarrean den araudietan ezarritako parte-hartze sindikalerako eskubideak bermatuko dira.
Langileen ordezkariek eskubidea dute, lan orduetan, ordu sindikalak erabiliz, langileei informazioa emateko, betiere horrek ez baldin badu zerbitzuen funtzionamendu normala okertzen. Halaber, eskubidea dute udalaren areto eta gelak erabiltzeko, libre badaude, langileekin bilerak edo batzarrak egiteko, Udalari garaiz eta modu egokian haien berri ematea beste betebeharrik gabe.
Langileen ordezkariek zilegi dute ordu sindikalak sindikatu bereko beste edozein ordezkariri laga edo metatzea, betiere aldez aurretik udalari jakinarazten bazaio.
Kreditu hori hiruhilean behin kontatuko da.
IX. TITULUA
Langileen mugigarritasuna
24. artikulua. Arrazoi tekniko edo antolamenduzkoengatik udalaren ustez langile soberakina gertatzen bada, azaroaren 6ko 215/1985 Foru Dekretuko 4.2 artikuluaren arabera jokatuko da, han arautzen baita erregelamenduen arabera langileen berrantolaketa deitzen dena.
X. TITULUA
Osasun arrazoiengatik lanpostuz aldatzea
25. artikulua. Ekainaren 3ko 114/2002 Foru Dekretuak (6. eranskina) xedatzen duenari jarraituko zaio, hark arautzen baitu Foru Komunitateko eta bere erakunde autonomoetako langileak lanerako ezintasunagatik birkokatzeko prozedura, Antsoaingo Udalerako behar bezala egokiturik eta une bakoitzean aplikatzeko legezkotasunaren aurkakoak ez diren bitartean.
XI. TITULUA
Batzorde paritarioa eta akordioen interpretazioa
26. artikulua. Batzorde Paritario bat osatuko da, gutxienez udalaren hiru kide eta langileen hiru ordezkarirekin, eta akordio hau interpretatzen sor daitezkeen zalantzak konpontzea izanen da haren eginkizuna, eta, horrez gain, erabakiak hartzeko organo eskudunari aurretik planteatzen zaizkion errebindikazioei buruz erabakiak hartzea.
XII. TITULUA
Langileen beste eskubide eta betebehar batzuk
27. artikulua. "Mantentze lan orokorren zerbitzuak" "aparteko lanak edo presakoak" egiteko langileak behar dituenean, Udalak "zerbitzu anitzetako langileetako" edozeini ezar diezaioke lan hori, lanean ari den leku edo zentroa edozein delarik ere.
28. artikulua. Indarrean den legerian jasota egoteagatik aplikatu beharrekoak diren langileen gainerako eskubide eta betebeharrak bermatu eta errespetatuko dira.
XEDAPEN GEHIGARRIA
Akordio honek oinarri hartzen dituen foru arauen aipamenetan "Nafarroako Foru komunitatea eta haren Gobernu Organoak" esaten denean, Antsoaingo Udalaren eta haren organo eskudunak aipatzen direla ulertu behar da.
Akordio honek jasotzen ez duen guztian, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bateginak eta gainerako xedapen osagarriek aginduko dute, eta baita Nafarroako Gobernuak bere funtzionarioekin sinatutako akordioak ere, betiere Nafarroako gainerako administrazio publikoei aplikatzen ahal baldin bazaizkie.
AZKEN XEDAPENA
Akordio honek, aplikatzerakoan, lehentasuna du, bertan araututako gaietan, iraganean gai horietan beretan udalak hartutako erabakien aldean.
Antsoain, 2005eko martxoaren 21ean._Sinadura ulertezinak.
5. ERANSKINA
Mantentze lanetako Zerbitzurako jantzi hornidura
Neguan:
_Anorak 1 (bi urtean behin).
_Jertse edo polar 1.
_Txaleko 1.
_2 atorra.
_Galtza pare 1.
_Zamarra edo izerditako 1.
_Zapata edo bota pare 1.
_Uretako jantzi 1 (botak barne).
_2 galtzerdi pare.
_Txano edo buruberoki 1.
_Gerriko 1.
Udan:
_2 atorra.
_Galtza pare 1.
_Jaka edo izerditako 1.
_Zapata/zapatilla edo bota pare 1. 2 galtzerdi pare.
_Txano 1.
Langileen segurtasunarekin edota osasunarekin (segurtasun oinetakoak, berokiak etab.) zerikusia duen ekipoa Osasun eta Segurtasun Batzordeak aztertu beharko luke, legeriaren arabera modelo egokienak zein diren finkatzeko. Halaber, urtero aurrekontu bat egin beharko litzateke proposaturiko modeloak erosteko.
Gainera, langile bakoitzari Arriskuei Aurrea Hartzeko Zerbitzuak lanpostuen ebaluazioaren arabera ezartzen dituen E.P.l.ak emanen zaizkio (norbera babesteko ekipoak alegia: betaurrekoak, eskularruak, txaleko distiranteak, maskarak, etab.).
UDALTZAINEN LANEKO JANTZIAK
Udako jantziak urtero maiatzaren 1a baino lehen emanen zaizkie, eta negukoak urriaren 15a baino lehen.
Udan:
1._Mahuka motzeko bi atorra.
2._Zapata pare bat.
3._Hiru galtzerdi pare.
4._Esku hartzeko bi galtza pare.
5._Udako txanoa (biseraduna).
6._Jertse bat.
7._Eskularruak.
8._Uretako galtza pare bat, bi urtean behin.
9._Udako zira bat, bi urtean behin.
10._Eguzkitako betaurrekoak.
Neguan:
1._Mahuka luzeko bi atorra, armarri eta bi poltsikorekin.
2._Botak bi urtean behin.
3._Hiru galtzerdi pare, negukoak.
4._Bi galtza pare.
5._Korbata bat.
6._Jantzi polar bat.
7._Anorak edo zamarra luze bat bi urtean behin.
8._Txano bat bi urtean behin.
9._Eskularruak.
10._Buff bat.
11._Barne-janzki berogarriak (goikoa eta behekoa),
Osagarriak:
Porra luzagarria, gerrikoa, pistola-zorroa, esku-burdinak eta distiragailuak, bat udaltzain bakoitzeko, eta berriak emanen zaizkie epe horiek baino lehen hondatzen badira.
IGERILEKUKO LANGILEENTZAKO LANEKO JANTZIAK
Udako jantziak:
1._Galtza pare bat.
2._Mahuka motzeko bi elastiko.
3._Zapata edo zapatilla pare bat.
4._Izerditako bat.
5._Bi galtzerdi pare.
6._Txano bat.
Neguko arropa:
2._Mahuka luzeko bi atorra edo elastiko.
2._Galtza pare bat.
3._Izerditako bat.
4._Bi galtzerdi pare.
5._Bota pare bat.
6._Artilezko txano bat.
7._Uretako jantzia, gomazko botak (hondatu arte)
8._Anorak bat (bi urtean behin).
9._Txaleko bat.
Kontrol postua:
1._Gona edo txandal galtzak, galtzen ordez.
2._Eskalapoiak zapata edo zapatillen ordez.
LORATEGIETAKO LANGILEENTZAKO LANEKO JANTZIAK
Neguan:
1._Bota pare bat bi urtean behin, zola gogor irristagaitzekoa, plantilla eta altzairuzko muturrarekin eta urari eta hotzari aurre egiteko "simpatex" motako babesarekin.
2._Zira osoa bi urtean behin, nylon bigunezkoa.
3._"Stihl" motako galtza pare berde lodi bat, esku-motosegarako babesarekin.
4._Jantzi polar bat.
5._Kotoizko jaka bat, kanadiar estilokoa (oihanerakoa) bi urtean behin.
6._Poltsiko anitzeko txaleko bat bi urtean behin.
7._Txano berogarri bat bi urtean behin.
Udan:
1._Bi galtza pare berde, oihal mehekoak (txinatarrak), gerrialdean goma dutenak.
2._Mahuka motzeko hiru polo hori.
3._Eguzkitarako txano bat.
Janzkien iraupena ez da zorrotza (batzuek gehiago edo gutxiago iraun dezakete, urtero egiten den lanaren arabera).
HAUR ESKOLARAKO LANEKO JANTZIAK
Honako hau eskatzen da:
_2003ko urterako jantzi eta oinetakoak erosteko baimena.
_2002. urteko 100 euroei bizitzaren kostua gehitzea.
_Aurreko urteetan bezala Deportes Zarikiegin erosteko baimena.
_Mantal berriak (garbitzaileentzat) eta kasulla-mantal berriak (sukaldarientzat).
ETXEZAINAREN LANEKO JANTZIAK
1._Bi uniforme (txaketilla eta galtzak).
2._Kiroleko zapatilla pare bat.
3._Beroki bat (jantzi polarra edo euritarako zamarra).
UDAL GARBITZALEENTZAKO JANTZIAK
1._Bi galtza pare eta bi kasaka (bata mahukaluzea eta bestea mahukamotza) eta eskalapoi pare bat.
Iragarkiaren kodea: F0510799
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
