67. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.5. Estatutuak eta lan hitzarmen kolektiboak

305/2005 EBAZPENA, apirilaren 6koa, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuko Lan zuzendari nagusiak emana, Artaxoako "Virgen de Jerusalén" zaharren egoitzako lan hitzarmen kolektiboa erregistratu, gorde eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratzea erabakitzen duena (espediente zenbakia: 42/2005).

Ikusirik Artaxoako "Virgen de Jerusalén" zaharren egoitzako lan hitzarmen kolektiboaren testua, negoziazio batzordeak sinatua (espediente zenbakia: 42/2005).

Gertakariak:

1. Departamentu honetan 2005eko martxoaren 11n sartu da aipatu enpresaren lan hitzarmen kolektiboaren testua, 9 artikuluz eta eranskin batez (2004ko lansarien taula) osatua, enpresaren ordezkariek eta langileen delegatuak (UGT) 2004ko urriaren 15ean izenpetu eta onetsia.

2. Espediente hau izapidatzean aplikatu beharreko legezko eta arauzko manuak bete dira.

Zuzenbideko oinarriak:

1. Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak bere esku du lan hitzarmen kolektiboak erregistratu, gorde eta argitaratzea, martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 90. artikuluan ezarrita dagoen bezala eta Lan zerbitzuak Estatuko Administraziotik Nafarroako Foru Komunitatera eskualdatzen dituen apirilaren 11ko 937/1986 Errege Dekretuarekin bat, baita irailaren 23ko 334/1996 Foru Dekretuarekin ere, departamentu honi Estatutik transferitutako lan zerbitzuak esleitzen dizkionarekin, alegia.

2. Maiatzaren 22ko 1040/1981 Errege Dekretuaren bigarren artikuluak agintzen du Langileen Estatutuaren III. tituluan ezarritakoaren arabera egindako hitzarmenak hitzarmen kolektiboen erregistroan inskribatu behar direla.

3. Hitzarmen kolektiboak gordetzea, erregistratu ondoren, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuaren eskumena da, zuzenbideko oinarrietako lehenbizikoan aipatutako manuen arabera.

Horiek horrela, Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeak eta otsailaren 24ko 49/2005 Foru Dekretuak emandako eskumenak erabiliz,

EBATZI DUT:

1. Artaxoako "Virgen de Jerusalén" zaharren egoitzako lan hitzarmen kolektiboa (kodea: 3108462) erregistratzea, Lan Hitzarmen eta Akordio Kolektiboak Erregistratu eta Gordetzeko Bulegoan horretarako bereziki prestaturik dagoen liburuan, eta bertako administrazio unitatean testua eta dokumentazioa gordetzea. Hori guztia Negoziazio Batzordeari jakinaraziko zaio.

2. Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitara dadila agintzea.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Ebazpen honen berri ematea interesatuei, behar diren ondorioak izan ditzan.

Iruñean, 2005eko apirilaren 6an._Lan zuzendari nagusia, José María Roig Aldasoro.

ARTAXOAKO "VIRGEN DE JERUSALEN" ZAHARREN EGOITZAKO LANGILEEN ORDEZKARIEN ETA ZUZENDARITZAREN ARTEKO AKORDIOA

1._Aplikazio eremua. Akordio honek, enpresaren legezko ordezkariak eta langileen legezko ordezkaritzak sinaturik, "Virgen de Jerusalén" zaharren egoitzako enpresa eta bertan ari diren langile guztiak hartzen ditu bere baitan.

2._Indarraldia. Akordioak lau urteko indarraldia izanen du: 2004ko urtarrilaren 1etik 2007ko abenduaren 31ra arte. Epe hori bukatzen denean edukiko arauen indarra luzatu eginen da, akordio berriren bat hartu arte.

Akordio honen indarraldia bukatutakoan, amaiera iragarri beharrik izan gabe, edozein aldek eskatzen ahalko du berrikustea.

3._Egutegia. Enpresak urtero lan egutegia prestatuko du, eta iragarki oholean jarriko urtarrilean.

_Enpresan dagoen egutegia mantenduko da 2004. urterako.

_2005. urtean beste egutegi bat prestatuko da, eta errefortzua izanen du, pertsona bat kontratatuko baita ostiralean eta larunbatean gauez lan egiteko, bai eta aste barruko egunen batean ere, egoitzako beharren arabera; horren ordainetan egun bakarra izanen da urtean norberak nahi duenean hartzeko, eta gainerako hiruak egutegian finkatuta egonen dira.

_2005. urtean prestatutako egutegi berri hori bera izanen da 2006. eta 2007. urteetan.

4._Oporrak. Oporrak ekain, uztail, abuztu eta irailean hartuko dira.

a) Oporren txandan aldaketaren bat egin behar bada, langileak ados jarrita beti, enpresari horren berri eman beharko zaio, idatziz, apirilaren 30erako. Aldaketa horiek ez dituzte inolaz ere ukituko enpresan ezarritako txandak.

b) Oporren egutegia urteko lehen hiruhilekoan eginen da eta, betiere, bi hilabeteko gutxienekoarekin.

5._Lansariak. Akordio hau sinatzen denetik aurrera, lansarian "lanpostuko plusa" izena duen osagaia, garbitzaileen kategoriako langileek kobratzen zutena, desagertu eginen da, "zaharren zaindaria, zerbitzu anitzetakoa" kategoriara pasatuko direlako.

Egoitzen Hitzarmenean urtero ezartzen denaren arabera igoko da lansaria.

6._Jaiegunak. Urte natural bakoitzean ordaindu behar diren eta ezin errekuperatu diren jaiegunak, langileek horietan lan egiten badute eta enpresarekin ados jartzen badira, modu hauetako batean konpentsa daitezke:

a) Urteko oporrekin batera pilatu.

b) Atsedenaldi jarraitu gisa erabiltzea beste aldi batean; halakoetan 5 egun konputatuko dira hartu ez diren 4 eguneko. Lanaldiaren urteko konputua egiteko, libratzeko bosgarren eguna egiazki lan egindako eguntzat hartuko da.

c) Likidazioaren/finikitoaren ondorioetarako, ordaindu eginen dira

Formula:

Jaiegun balioa = Hileko soldata x 1,75

30

Enpresak, urte naturala bukatzen denean, ordaindu eginen ditu lan egin arren ezarritako moduren batean konpentsatu ez diren jaiegunak, urte natural horri dagozkionak.

Eguberri eta Urtezahar egunak jaiegun berezitzat joko dira, egun bereziak baitira. Abenduaren 24tik 25era bitarteko gaueko txandaren hasieratik 25eko arratsaldeko txanda bukatu arte aritzen diren langileek, bai eta abenduaren 31tik urtarrilaren 1era bitarteko gaueko txandaren hasieratik urtarrilaren 1eko arratsaldeko txandaren bukatu arte aritzen direnek ere, bi atseden eguneko konpentsazioa izanen dute, tarte horretan egindakoen parekoak (bat jaieguna izateagatik eta bestea egun berezia dela eta); bigarren egun librea egiazki lan egindako egun gisa hartuko da.

Atsedenaren bidezko konpentsazioa ematen ez bazaie, likidazioari, finikitoari edo urte bukaerari begira formula honen araberako ordaina jasoko dute:

Formula:

Jaiegun balioa = Hileko soldata x 2

30

7._Aldi baterako ezintasuna.

a) Laneko istripuaren edo lanbideko eritasunaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak hobekuntza ekonomiko gisa ordainduko du langileak aldi baterako ezintasunarengatik hartzen duen sorospenarekiko aldea, lansariaren 100eko 100 bermatuz, baja aldi guztian.

b) Eritasun arruntaren edo lanetik kanpoko istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasun kasuetan, enpresak gizarte segurantzaren prestazioak osatuko ditu, bajaren lehen egunetik hasita, oinarri arautzailearen % 75era arte.

8._Lizentziak

Langileek, aurretik adierazi eta justifikaturik, baimen egun bat izanen dute aurreko ahaideek, ondorengoek eta ezkontideak kirurgia nagusi anbulatorioa izan behar dutenean.

9._Kategoria aldaketa

Akordo honetatik aurrera, enpresan "garbitzaileen" kategorian dauden langileak "zaharren zaindaria, zerbitzu anitzetakoa" kategoriara pasatuko dira.

Sukaldaria.

Eginkizunak:

a) Jatekoak prestatu eta ontzeaz arduratuko da, finkatuta dauden menu eta dieten arabera.

b) Sukaldeari atxikitako langileen antolaketaz ere arduratuko da.

c) Egunero adierazten zaizkion ohiko zerbitzuak, bereziak eta apartekoak gainbegiratu eta antolatzea.

d) Ezarritako menuak prestatzeko behar diren produktu eta ongailu guztiak prestatu eta garbitzen laguntzea.

e) Menuak proposatu behar direnean laguntza ematea.

f) Despentsaz egunero arduratzea, bertako gaiak sukaldera eramatea, janarien egoera aztertuta beti.

g) Janariak egoki administratzen saiatzea, etekin hobea lortzeko.

h) Hornitzaileei egin behar zaizkien eskabideetan laguntzea, jasotako jarraipideak kontuan hartuta.

i) Baimenik ez dutenei sukaldean eta despentsan sartzen ez uztea.

j) Sukaldeko edozein gorabeheraren berri ematea, janariak zorrotz zaintzea, eta janarien sartzeak eta ateratzeak, beren pisua eta kalitatea kontrolatzea.

k) Dauden izakinak kontatzea, beharrezkoak diren gaiak eskatzeko.

l) Bere kargu dituen pertsona eta areto guztietan erabateko higienea zorrotz mantentzea, baita berea ere.

m) Departamentuko makinak eta tresnak funtzionamendu eta garbiketa baldintza egokietan dauden begiratzea eta hala mantentzen laguntzea (erretiluak, suak, labeak, frijigailua, erauzgailuak, iragazkiak, ebakitzaileak, eltzeak, etab.).

n) Zehaztuta ez badaude ere bere lanpostuarekin bat datozen eginkizun guztiak betetzea.

Kokagune organikoa: Karitateko Alaben eta egoitzako zuzendariaren menpe zuzenean.

Zaharren zaindaria, zerbitzu anitzetakoa

Eginkizunak:

a) Egoiliarrei garbitzen laguntzea eta behar fisiologikoetan eta itxuran laguntza ematea.

b) Erizaintzako arduradunei laguntzea egoiliarrei botikak eman eta sendaketak egin behar zaizkienean.

c) Gaixo ezinduen janariak hartu eta banatzea, zerbitzua kentzea eta ezin baliatu direnei elikagaiak ematea.

d) Ohean daudenei jarrera aldatzen laguntzea, eta laguntza behar dutenak altxatu eta oheratzea.

e) Oheak egin eta aldatzea eta zahar-etxeko arropa eta egoiliarrena zaindu eta horretaz arduratzea.

f) Egoiliarren aisiako jardueretan eta errehabilitazioan beste langileekin batera aritzea.

g) Egoiliarriak lekuz aldatzean, haien gauza guztiak prestatzea.

h) Egoiliarrengan zerbaiten zeinu edo sintomarik ikusten badute, erizaintzako arduradunei horren berri ematea.

i) Jantokiko eta sukalondoko lanak egitea.

j) Eguneko lana antolatzeko prestatzen diren programak behar den eraginkortasunez eta eragimenez burutzea.

k) Egoitzako areto guztietan garbiketa lanak egitea.

l) Ikuztegiko lanak, lentzeriakoak, arropa armairuetakoak eta makinen erabilera eta zaintzakoak egitea, arropa eta produktuak kontu handiz erabiliz.

m) Eguneroko lana ahalik eta arreta handienaz egitea, eta lanabes zein produktuak erabiltzean arduraz jokatzea.

n) Aretoetan edo geletan jende arrotza sartzen ikusten badu edo bestelako gorabeheraren bat gertatzen bada, dagokion arduradun organikoari jakinaraztea.

o) Egoiliarrak, langileak eta, oro har, zentroan dauden pertsona guztiak behar den begiruneaz eta gizatasunaz tratatzea.

p) Zentrotik kanpoko janariak sartzen badira, arduradunari jakinaraztea.

q) Betiere garbi eta txukun ibili behar dute eta uniforme egokia jantzi.

r) Egoiliarrei unean-unean behar duten laguntza ematea, bere lanbide eskumenen barruan.

s) Betiere lanbide isilpekotasuna betetzea.

t) Arduradun organikoak bere mailaren barruan unean-unean esleitzen dizkionak.

Kokagune organikoa: zaharren zaindaria, zerbitzu anitzetakoa, Karitateko Alaben eta zuzendariaren menpe dago zuzenean.

Akordio honetan aurreikusi ez den orotan Egoitzen Hitzarmen Kolektiboan ezarritakoa beteko da.

Artaxoan, 2004ko urriaren 15ean. _ Enpresaren ordezkaria, sinadura ulertezina. _ Langileen ordezkaria, sinadura ulertezina.

I. ERANSKINA

2004ko lansariak _ Lansarien taula

TALDEA LANBIDE KATEGORIA OINAR. SOLDATA X 14 ANTZINATASUNA X 14 ASISTENTZIA X 12

Administratzailea 1263.03 18.03 42.10

Kudeatzailea 1263.03 18.03 42.10

Zuzendaria 1263.03 18.03 42.10

Medikua 1052.53 18.03 42.10

Goi mailako tituluduna 1052.53 18.03 42.10

Gainbegiralea 842.01 18.03 42.10

OLT/EDU 842.01 18.03 42.10

Gizarte langilea 842.01 18.03 42.10

Fisioterapeuta 842.01 18.03 42.10

Lan bidezko terapeuta 842.01 18.03 42.10

Erdi mailako tituluduna 842.01 18.03 42.10

Gobernatzailea 677.82 18.03 42.10

TASOC 677.82 18.03 42.10

Mantentze-lanetako ofiziala 677.82 18.03 42.10

Administrari-ofiziala 677.82 18.03 42.10

Gidaria 677.82 18.03 42.10

Zaharren zaindaria 677.82 18.03 42.10

Sukaldaria 677.82 18.03 42.10

Lorezaina 665.19 18.03 42.10

Mantentze-lanetako laguntzailea 665.19 18.03 42.10

Administrari laguntzailea 665.19 18.03 42.10

Atezaina-harreragilea 665.19 18.03 42.10

Garbitzailea, lisatzailea 610.47 18.03 42.10

Sukaldeko laguntzailea 610.47 18.03 42.10

Zenbait lanbidetako urgazlea 610.47 18.03 42.10

Kualifikazio gabeko langileak 610.47 18.03 42.10

Iragarkiaren kodea: F0510449