67. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 6a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.3. Nahitaezko Desjabetzapenak

733/2005 EBAZPENA, maiatzaren 4koa, Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiak emana. Honen bidez Repsol-Butano, S.A.ri administrazio baimena ematen zaio, Imozko udal mugapeko Goldarazko herrigunean, Elkubarrena auzoberrirako eta bertako hiru etxebizitzatarako, etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko; instalazioetarako baimena ere ematen da, eta instalazioaren onura publikoa onartzen.

Repsol-Butano, S.A. enpresak administrazio baimena eskatu du, Imozko udal mugapeko Goldarazko herrigunean, Elkubarrena auzoberrirako eta bertako hiru etxebizitzatarako, etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko, instalazio proiektuak deskribatzen duen aldera mugaturik. Horrez gain, instalazioetarako baimena ere eskatu du, bai eta haien onura publikoa onets dadila ere.

Instalazioen ezaugarriak honako hauek izanen dira:

Banaketa sarea 13 m³-ko GLP biltegi batetik elikatuko da; lur gaineko biltontzi finko bat izanen du, eta erregulazio ekipoa eta segurtasun balbulak. 10. poligonoko 181. lurzati publikoan jarriko da, Itxoalde izenekoan, eta lurruntze naturala izanen du.

Sarea lurpetik joanen da, adarretan banaturik; SDR 11 polietilenozko 478 m hodi izanen dira guztira, UNE 53333 arauari jarraikiz, 40 eta 20 milimetroko DNkoak hartuneetaraino, eta kobrezko 19/22ko 50 m hodi hartuneetan. Eraikin edo fatxadako armairu bakoitzean hautatu eta hartze balbulak edukiko dituzte.

Lau mila zazpiehun eta hogeita bost euro eta hirurogeita hamazazpi zentimoko (4.721,77 euro) inbertsioak aurreikusi dira.

Adierazitakoarekin bat, eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 22.1.d) artikuluak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz.

EBATZI DUT:

1. Repsol-Butano, S.A. enpresari administrazio baimena ematea Imozko udal mugapeko Goldarazko herrigunean, Elkubarrena auzoberrirako eta bertako hiru etxebizitzatarako, etxe, denda eta industria txikietarako propano gas kanalizatuaren sarea egin eta ustiatzeko eta biltegi eremua egiteko.

Administrazio baimena ondoko baldintzetara egokituko da:

Lehena._Repsol Butano, S.A. enpresak bi hilabeteko epean 94,44 euroko bermea jarri beharko du, espedientean agertzen diren instalazioen aurrekontuaren 100eko 2a, bere eginbeharrak beteko dituela ziurtatzeko, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 4. puntuaren arabera. Delako bermea Nafarroako Gobernuko Ogasun Departamentuan jarri beharko da Departamentu honetako Industria eta Merkataritza zuzendari nagusiaren esku, uztailaren 22ko 1775/1967 Dekretuaren 11. artikuluaren 3. idatz-zatian zehaztutako moduetakoren batean. Bermea instalazioak abian jartzeko akta gauzatutakoan berreskuratu ahalko da.

Bigarrena._Instalazioetan eta beren muntaketan bete beharko da GLPren biltontzi finkoen instalazioei buruzko Erregelamenduan ezarritakoa, 1986ko urtarrilaren 29an Industria eta Energia Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, eta Gas Erregaien Sare eta Hartuneei buruzko Erregelamendua, 1974ko azaroaren 18an Industria Ministerioaren Aginduaren bidez onetsia, zeina, gero, Industria eta Energia Ministerioaren 1983ko urriaren 26ko, 1984ko uztailaren 6ko, 1994ko martxoaren 9ko eta 1998ko maiatzaren 29ko Aginduen bidez aldatu baitzen. Instalazio horiek prestatu beharko dira gas alorreko aurrerakuntza teknologikoekin batera joateko eta hornidura malgu eta seguruak lortzeko.

Hirugarrena._Gasa saltzeko tarifak finkatzerakoan, gai horri buruz indarrean dauden xedapenek diotenari jarraikiko zaio.

Laugarrena._Repsol-Butano, S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 74. artikuluan eta, bereziki, d) idatz-zatian aipatzen diren eginbeharrak beteko ditu. Artikulu horren indarrez Repsol-Butano, S.A. beharturik dago, baimen honen esparruan zerbitzua eskatzen duen edonori gas hornidura ematera, bai eta horri erantzuteko behar diren hedakuntzak egitera ere.

Bosgarrena._Repsol-Butano S.A.k Hidrokarburoen Sektoreari buruzko Legeko 75. eta 76. artikuluetan aipatzen diren eskubide eta baldintzak izanen ditu banatzailea den aldetik, baita 83. artikuluan aipatzen direnak ere, banatzaile eta merkaturatzaileek hornidurarekin dituzten eskubide eta eginbeharrei dagokienez.

Seigarrena._Baimen honek ez du erabateko eskubiderik ematen eta ez du monopoliorik onartzen.

Zazpigarrena._Industri Segurtasunerako Zerbitzuak ebazpen honetan zehaztutako baldintzak zehazki betetzen diren begiratuko du.

Instalazioak eraiki eta gero, zerbitzu horrek ikuskatuko du lan eta muntatzeak burutu diren eta, horiek bukatutakoan, eta instalazioen obra bukaeraren ziurtagiria _eskumena duen teknikari batek sinatua eta dagokion Elkargo Ofizialak ikus-onetsia_ kontzesio-hartzaileak aurkeztu duela frogatu ondotik, aipatu Zerbitzuak hori guztia biltzen duen akta eginen du, eta ondotik zuzendaritza nagusi honetara igorriko.

Kontzesioko instalazioetan indarrean dauden xedapenen arabera egin beharreko ikuskapen, saio eta proba orokor nahiz partzialen berri aldez aurretik eman beharko dio banatzaileak Industria Segurtasunerako Zerbitzuari.

Halaber, eta obrak hasi baino lehen, haiek egiteko plan zehatza aurkeztu beharko du kontzesio-hartzaileak.

Zortzigarrena._Urriaren 7ko 34/1998 Legeko 73. artikuluko 6. idatz-zatian aipatzen direnak ez ezik, hauek ere izanen dira administrazio baimen hau bertan behera uzteko arrazoiak:

a) Bermea adieraziriko moduan eta epean ez ordaintzea.

b) Proiektuak aurrera eramaterakoan, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan Departamentuak baimendu ez duen aldakuntza edo hedakuntzarik sartzea, indarrean dauden xedapenak bete ahal izateko egiten diren aldaketak salbu.

c) Instalazioak ebazpen honek ezarririko baldintzei jarraikiz ez egitea edo indarra duten erregelamenduek pertsonen eta gauzen segurtasuna bermatzearren ezartzen dituzten baldintza eta agindu tekniko oinarrizkoak eta hornidurarako baldintzak ez betetzea.

2. Aurkezturiko instalazio proiektua onestea eta eraikitzeko baimena ematea; eraikuntza proiektuari lotuz burutu beharko da, indarra duen legeria betez, urtebeteko epean; eskariaren arabera epea luzatzen ahal da. Proiektuan ageri da Goldarazko herrigunean hornidura sare hori eginen dela. Eremu horretan hedapenen bat egin nahi bada, instalatzeko baimena eduki beharko da horretarako.

3. Instalazio horren onura publikoa aitortzea. Horrek berarekin dakar ukituriko ondasunak okupatzea eta eskubideak eskuratzea, eta 1954ko abenduaren 16ko Nahitaezko Desjabetzapenari buruzko Legeko 52 eta 53. artikuluen ondorioetarako, presaz okupatzera behartzen du, Hidrokarburoen Sektoreari buruzko urriaren 7ko 34/1998 Legeko V. Tituluko 103, 104, 105, 106 eta 107. artikuluekin bat.

4. Baimen hau ematen bada ere, ez dira alde batera utzi behar aplikatzekoak diren bestelako xedapenak, sektoreko legeria eta, bereziki, lurraldearen antolamenduari eta ingurumenari buruzkoa kontuan izanik beharrezkoak diren udalaren edo probintziaren arloko kontzesio eta baimenak, lizentziak, e.a.

Ebazpen hau Repsol-Butano, S.A.ri jakinaraziko zaio, behar diren ondorioak izan ditzan, eta Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratuko da.

Ebazpen honen aurka gora jotzeko errekurtsoa jar daiteke, Industria eta Teknologia, Merkataritza eta Lan kontseilariari zuzendua, jakinarazi eta biharamunetik hilabeteko epean.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 4an._Industria eta Merkataritza zuzendari nagusia, Enrique Díaz Moreno.

Iragarkiaren kodea: F0511898