I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
59/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 4koa, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak emana, 21/2005 Foru Agindua aldatzen duena. Haren bidez, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika komunaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.
Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariaren 21/2005 Foru Aginduaren bidez, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika komunaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.
Nekazaritzako erakundeek eskaera batzuk aurkeztu dituzte Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura Departamentuan, 21/2005 Foru Aginduko hainbat betekizun eta baldintza aldatu edo zehazteko.
Eskaerak aztertutakoan, komenigarritzat jo da haietako batzuk aintzat hartzea. Izan ere, kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritza zein ingurumeneko baldintzak nabarmenki aldatu gabe, eskualde jakin batzuetako arazoei konponbidea ematen zaie.
Aurrekoaz gain, 25. oinarrian akats arin bat atzeman da eta zuzendu egin behar da.
Horrenbestez, eta Nafarroako Gobernuari eta lehendakariari buruzko abenduaren 3ko 14/2004 Foru Legeak ematen dizkidan ahalmenak erabiliz,
AGINDU DUT:
Artikulu bakarra._21/2005 Foru Aginduko eranskinaren 2. eta 15. oinarriak aldatzea. Foru agindu horren bidez kudeaketarako legezko betekizunak eta nekazaritzarako zein ingurumenerako baldintza egokiak ezarri ziren, nekazaritzako politika komunaren esparruan zuzeneko laguntzak jasotzen dituzten nekazariek bete ditzaten.
1. 2. betekizuna ("lurra lantzea uzta bildu ondoren"). Hona hemen testu berria:
_Neguko belarkiak (zerealak, proteaginosoak, aletarako lekadunak eta abar) ereiteko diren lurzatietan, lurra ezin izanen da 20 cm baino sakonago landu uzta-bilketaren egunetik hasi eta irailaren 1era arte, toki hauetan salbu:
_Ureztatzeko lurzatietan, kanpaina berean bigarren aldiz erein behar direnean."
_Lurra abuztuaren 10etik hasita lantzen ahalko da udalerri batzuetan, 2005/2006 kanpainarako zenbait laguntza-erregimen komunitariori buruzko 2353/2004 Errege Dekretuaren I. eranskinean lehorreko hektarea bakoitzeko batez beste 4,4, 4,1 edo 3,7 tonako errendimendua esleitu zaien horietan."
2. 15. betekizuna ("ur lasterren edo geldien kutsadura"). Hona hemen testu berria:
_Ur lasterretan eta ur geldietan ezin izanen da produktu fitosanitariorik, ongarririk, araztegiko lohirik, konpostik, mindarik ez simaurrik bota, ezta ongarritze horietarako erabilitako makinak garbitu ere.
_"Minda ezin izanen da lur gainean zabaldu % 20tik gorako malda duten lurzatietan eta ur laster naturaletatik 10 metro baino gutxiagora. Hala ere, ustiategiak, eskualdeko orografiagatik, malda apalagoko lurzatietan azalera nahikoan antolatzerik ez badago, % 20tik gorako malda duten lurzatietan minda lur azalean banatzen ahalko da, baldin eta azaleko isurketek sortzen duten urak kutsatzeko arriskua gutxitzeko neurri egokiak hartzen badira. Bereziki:
_Ezin izanen da aplikatu ez lurzoru soilduetan ez eta egun euritsuetan ere.
_Aplikazioan banaketa uniformea bermatzeko sistemak erabiliko dira. Ez da inola ere upelaren ahotik libreki botako.
_Hektarea eta urte bakoitzeko, gehienez, 250 kg nitrogeno botako dira."
_Abereentzako askak ur laster naturaletatik eta hezeguneetatik 10 metro baino gehiagora egonen dira ur-ertzetako landareak badaude, eta 40 metro baino gehiagora halako landarerik ez badago.
3. 25. betekizuna ("ustiategiko ohar-liburua, nitratoez ura kutsa daitekeen eremuetan"): taulan, artoa artoaren ondoren atalari dagokion kopurua 250 da, baina 300 izan beharko luke; eta artoa barazkien ondoren atalaren kasuan, 300 izan beharrean, 250 izan beharko luke.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2005eko apirilaren 4an._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.
Iragarkiaren kodea: F0512987