Iragarkia
67. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 6a
I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA
1.1. XEDAPEN OROKORRAK
1.1.3. Foru Aginduak
136/2005 FORU AGINDUA, apirilaren 27koa, Ekonomia eta Ogasun kontseilariak emana, Nafarroako Zerga Ogasunak zergen arloko informazioa eta ziurtagiriak emateko arauak ezartzen dituena.
Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Ekonomia eta Ogasun Departamentuko kontseilariak, foru agindu bidez, arauak ezartzen ahal ditu Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan adierazitako kasuetan zergen arloko informazioa emateko eta Administrazio Publikoei, interesatuek baimena emanez gero, beren eginkizunetarako behar dituzten informazioa emateko. Honako foru araua hirugarren xedapen gehigarri hori betetzeko eman da.
Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluak dioenez, Zerga Administrazioak bere eginkizunetan ari denean eskuratzen dituen datu, txosten edo aurrekariak isilpekoak dira eta zergen aplikazio eraginkorrerako bakarrik erabili ahal izanen dira. Horrela, zergen inguruko datuei berariazko xedea ezarrita, datu horien zabalkunderako aukera ukatzen da. Gainera, artikulu berean isilpekotasunaren salbuespenak kasuen zerrenda itxi batean ezarri dira.
Hortaz, zergen arloko legeriaren egilearen asmoa izan da eskubideak bermatuta egon daitezen eta Zerga Administrazioak eskuratzen dituen datu eta aurrekariak benetan isilpekoak izan daitezen; ez bakarrik hirugarrenengandik eskuratutako datuak, baizik eta datu propioak ere bai, hau da, subjektu pasiboak berak Administrazioari aitorpenetan ematen dizkionak.
Zergen arloko datuak zertarako eskuratu hartarako erabili behar horrek Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan du jatorria. Lege horrek 4.2 artikuluan berariaz adierazten du datuak zertarako biltzen diren hartarakoxe erabili behar direla, eta xede horrekin bateraezinak diren helburuetarako erabiltzea debekatzen du.
Gorago aipatutako 22/1998 Foru Legearen hirugarren xedapen gehigarriak, informazioa emateari dagokionez, aintzat hartzen ditu bai Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan adierazitako kasuak bai artikulu horretatik kanpo daudenak, alegia, interesatuaren baimena behar dutenak. Eta hori guztia, informazioaren azken hartzaileak Administrazio Publikoak direnean, beren eginkizunetarako behar dutela-eta, nahiz datu propioak beste helburu batzuetarako eskatzen direnean.
Zerga Administrazioak bere esku duen informazioa kanporatzeko biderik ohikoenetako bat, eta informazio gehien kanporatu ohi duena, eskatutako ziurtagiriak ematea da. Interesatuak berak edo haren ordezkariak eskatu ohi du ziurtagiria. Dirulaguntza publikoak lortzeko ezarritako baldintzak betetzen direla frogatzeko, Administrazioarekin kontratuak egin ahal izateko edo zenbait lanbide eta jardueratan aritu ahal izateko eskatzen dira. Horrela bada, normalean datuen titularrak berak eskatzen du ziurtagiria, baina azken hartzailea erakunde publikoren bat izaten da gehienetan. Ziurtagiriak ematen direnean, beraz, zerga kontuetan ondorioak izan ditzakeen informazio pertsonala ematen da, eta kudeatu ere halakotzat kudeatu behar dira. Ziurtagirietako informazioa Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 105. artikuluan aipatzen diren datu, txosten edo aurrekarien parekoa da eta horien ezaugarri berberak egotzi behar zaizkio: isilpekoa da eta ezin zaio inori laga, artikulu horretan adierazitako kasuetan izan ezik.
Administrazio Publikoen Araubide Juridikoari eta Guztiendako Administrazio Prozedurari buruzko azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. artikuluko f) letran ezarritakoa bete dadin, eta herritarrek eskubidea dutenez Administrazio jarduleak jada bere esku dituen dokumentuak ez aurkezteko, ziurtagirien ordez beste prozedura batzuk erabili ahalko dira zerga informazioa emateko, foru arau honetan araututako prozedurak hain zuzen. Horrela herritarrek tramite gutxiago egin beharko dute eta Administrazioari ere kudeaketa lana erraztu eginen zaio.
Foru agindu hau ematerakoan aintzat hartu da Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan ezarritakoa eta haren edukia datu pertsonalen tratamenduak izan behar dituen mugetara egokitu da, Konstituzioan jasotako ohorerako eskubidea eta norbanakoen eta familien intimitaterako eskubidea bermatzearren. Zerga Administrazioaren datu-baseetan dagoen informazio guztiaren lege-araubidea lege organiko horretako zuzentarauetara egokitu behar da.
Beste alde batetik, foru agindu honetako aurreikuspenak aplikagarriak izanen dira baldin eta Europako Batasuneko arauek, beren aplikazio-eremuan, ez badute administrazioen arteko lankidetzarako sistemaren bat ezartzen, foru agindu honetako aurreikuspenak aplikaezin bihurtzen dituena.
Horrenbestez,
AGINDU DUT:
I. KAPITULUA
Xedapen orokorrak
1. artikulua. Nafarroako Zerga Ogasunak zergen arloko informazioa ematen duenean aplikatu behar diren oinarrizko arauak.
1. Nafarroako Zerga Ogasunak zergen arloko informazioa emateari dagokionez, Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan eta Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan xedatutakoa beteko da.
2. Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan azaltzen ez diren kasuetan, zergen arloko informazioa eman aurretik interesatuei baimena eskatu beharko zaie.
3. Zergen arloko informazioa ziurtagirien bidez ematen denean, foru agindu honen III. kapituluan xedatutakoa bete beharko da.
2. artikulua. Zergen arloko informazioa emateari dagokionez aplikatu behar diren printzipioak eta arauak.
Foru agindu honen aplikazio eremuan, zergen arloko informazioa ematea honako printzipioei loturik egonen da:
1. Hartzailearen eginkizun eta eskumenei dagozkien datuak emanen dira.
2. Lagapenaren helburuetarako garrantzizkoa eta baliagarria den informazioa emanen da.
3. Ematen diren datuen eta haiek eskatzeko arrazoiaren arteko proportzionaltasuna zainduko da.
4. Bide seguruak erabiliko dira datuak igortzeko eta eskuratzeko.
5. Eraginkortasunez jokatuko da eta kostuak ahalik txikienak izanen dira.
6. Datuak zertarako ematen diren hartarakoxe erabiliko dira soil-soilik. Baldintza hori bete ezean, zergen arloko informazioa ezin izanen da inola ere interesatuaren edo ukituaren kaltetan erabili.
7. Ematen diren datuak ezin zaizkio inori eskuratu, alegia, hartzaileak ezin dizkio berriz ere inori laga, salbu eta lankidetza-akordioetan berariaz aukera hori jasotzen denean. Betiere, datuen azken hartzailea administrazio publiko lagatzailearen menpeko erakunde edo entitateren bat izan daiteke, lagatako datuen xede diren eginkizunak bete edo prozedurak izapidatu behar dituena.
8. Lagapen-hartzaileak ezin ditu gerora datuak tratatu, legezko baimena jaso edo ukitua ados agertu ezean.
3. artikulua. Datuen izaera.
Zergadunek eta informazioa eman beharra duten gainerakoek aitortutako datuak berak lagako dira; oro har, automatizatu aurretik ez zaie inolako egiaztapenik eginen.
Hala ere, datu horiek Nafarroako Zerga Ogasunak aurretiaz egiaztatutakoak izanez gero, egiaztatutako datuak lagako dira.
Nafarroako Zerga Ogasunak zehaztapenak edo oharrak eman ahalko ditu lagatako datuen izaerari eta edukiari buruz.
4. artikulua. Berariazko bermeak.
1. Eskatutako informazioaren kopurua, haren edukiaren hedadura eta ondorioak edota informazio-horniduraren maiztasuna kontuan izanik beharrezkotzat jotzen denean, Nafarroako Zerga Ogasunak neurri egokiak hartuko ditu lagatako datuen erabilera egokia bermatzeko. Zehazki honelako neurriak hartu ahalko ditu:
a) Batzorde mistoak eratzea, Nafarroako Zerga Ogasunaren eta entitate, agintari edo erakunde lagapen-hartzailearen ordezkariek osatuak, emandako informazioa egoki erabiltzen ote den begiratuko dutenak, ezarri ahal zaizkien gainerako eginkizunak betetzeaz gain.
b) Lagapen-hartzaileak Nafarroako Zerga Ogasunaren egiaztapenak onartu behar izatea, lagatako informazioa behar bezala eskuratu eta erabiltzen dela eta aplikatu beharreko arauzko baldintzak edo itun bidezkoak betetzen direla egiaztatu ahal izan dadin.
2. Emandako datu edo informazioen berri jakiten duten agintari eta funtzionario guztiek erabat isilpean gorde beharko dituzte. Informazio hori behar ez bezala eskuratu edo erabiltzeagatik sor litezkeen erantzukizun penal, administratibo eta zibilez gainera, eta Datuak Babesteko Agentziari dagozkion eginkizunak eragotzi gabe, Nafarroako Zerga Ogasunak datuen hornidura eten edo mugatu ahal izanen du baldin eta arauz kontra erabiltzen ari direla ikusten badu, edo 1. artikuluan eta artikulu honetako goiko idatz-zatian ezarritako printzipioak, arauak eta bermeak nahiz lankidetza-akordioetan jasotakoak urratzen ari direla sumatzen badu.
3. Nafarroako Zerga Ogasunak ezin badu berez jakin zergen arloko informazioa eskatzen duen organoak horretarako eskumenik ote duen, ofizioa igorriko dio organo hori bere menpean duen administrazioko edo entitateko zuzendaritza organoari, haren eskumena ziurtatu dezan edo, behar izanez gero, hark egindako eskaera berrets dezan.
5. artikulua. Informazioa ematearen ondorioak.
1. Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Arauaren hirugarren xedapen gehigarrian ezarritakoarekin bat, administrazio publikoek foru agindu honetan ezarritako bideetatik eskuratzen ahal dutenean beren eginkizunak betetzeko behar duten zerga-informazioa, ez zaie interesatuei eskatuko Zerga Administrazioak emandako ziurtagiriak banan aurkezteko, ez eta beren zerga aitorpenen jatorrizko agiriak, kopiak edo ziurtagiriak aurkezteko ere.
2. Foru agindu honetan araututako zerga informazioaren hornidurak ekarriko dituen ondorio bakarrak hornidura horren xedeari lotutakoak izanen dira, edo, bidezkoa denean, artikulu honetako 1. idatz-zatian aipatutako ziurtagiri edo aitorpenaren ordezpenari lotutakoak. Hortaz, hornidura horrek ez die eskubiderik ez eskubideen itxaropenik sortuko interesatuei edo emandako informazioak ukitutakoei, eta ez du etenen informazioaren xede diren prozeduretan auzigai izan daitezkeen eskubide edo betebeharren preskripzioa. Era berean, emandako informazioak ez du eraginik izanen zergen arloko egiaztapen edo ikerketen emaitzetan, ez eta emandako datuek gero izan ditzaketen aldaketen emaitzetan ere.
II. KAPITULUA
Zergen arloko informazioa ematea
6. artikulua. Informazioa ematea Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan adierazitako kasuetan.
1. Zerga-informazioaren hartzaileak eta xedeak Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Legearen 105.1 artikuluan adierazitakoak direnean, artikulu honetan ezarritakoa beteko da.
2. Informazioa behar duen organo, agintari edo entitateak eskaera eginen dio Nafarroako Zerga Ogasunari.
3. Eskatutako informazioa zein pertsona fisiko edo juridikori buruzkoa den, informazioa eskatzen duen organo, agintari edo entitateak zehatz azalduko ditu hura identifikatzeko datuak, eta informazioa zertarako erabiliko den adieraziko du; informazioaren xedea, betiere, Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan onartutako kasuetan egokituko da. Bereziki, 105.1 artikuluko h) letran azaltzen diren kasuetan, letra horrexetan eskaerari buruz ezarritako baldintzak bete beharko dira.
Halaber, informazio-horniduraren helburuaren gainean beharrezkotzat jotzen den informazioa emanen da.
Nafarroako Zerga Ogasunak datuen lagapena ukatu edo mugatu ahal izanen du, eskatzen zaion informazioak ez baditu betetzen artikulu honetako aurreko idatz-zatietan ezarritako baldintzak, edo zerga informazioaren hornidurari buruzko printzipio eta arauak, foru agindu honen 2. artikuluan adierazitakoak, urratzen baditu, edo foru agindu honen 4.1 artikuluan eskatzen diren bermeak falta badira. Eskatutako informazioa zein fitxategitan dagoen edo zein fitxategiri buruzkoa den, harexen ardura duen organoak erabakiko du lagapena ukatzea, eta ezezkoaren arrazoiak azalduko ditu.
4. Paperean nahiz euskarri magnetikoan eman ahal izanen da informazioa, edo igorpen telematikoaren bidez, edo datuak tratatu eta igortzeko teknika automatizatuetako edozein erabili ahalko da, kontuan izanik informazioaren kopurua, eskura dauden bitartekoak eta kasu bakoitzean aintzat hartu behar diren gainerako inguruabar teknikoak.
7. artikulua. Administrazio publikoei ezarritako eginkizunak betetzeko behar den zerga-informazioa ematea.
1. Artikulu honetan ezarritakoa beteko da administrazio publikoei informazioa ematen zaienean, salbu eta lagapenaren xedea Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 105.1 artikuluan adierazitako xedeetako baten bat denean.
Informazio-hartzaileen multzo horretan sartzen dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuak, bai eta Administrazio horretako organo administratiboak eta haren menpeko entitateak ere.
2. Zerga-informazioa eskatzen denean, betiere informazioak ukitzen dituen interesatuen identifikazio datuak eman behar dira eta zehatz azaldu behar dira bai informazioaren xedea eta bai Administrazio eskatzaileak bere eginkizunak bete ahal ditzan beharrezkotzat jotzen den edukia ere. Interesatuen identifikazio datuak hauexek izanen dira: pertsona fisikoen izena eta bi deiturak, eta entitate juridikoen izen soziala; eta bi kasuetan, identifikazio fiskaleko zenbakia.
3. Zerga-informazioa behar duen administrazioak eskaera aurkeztu behar dio Nafarroako Zerga Ogasunari.
4. Zerga-informazioaren eskabidean, artikulu honetako 2. idatz-zatian adierazitako datuak jartzeaz gain, agerrarazi egin behar da interesatuek berariaz baimena eman dutela administrazio eskatzaileari datuak emateko.
Baimen horri dagokionez, administrazio eskatzaileak kontuan hartu behar ditu ondokoak:
1._Interesatuak parte hartzen duen prozedurari lotu behar zaio baimena, edo harengan eragina izan dezaketen eginkizun zehatzei, zerga-informazioa eginkizun horiek betetzeko eskatzen baita.
Interesatuek dirulaguntzak, bekak edo laguntzak eska ditzaten ezarrita dauden eskaera-eredu ofizialetan eman ahal izanen da baimen hori.
2._Ez da onartuko administrazio eskatzaileak egin ditzakeen prozedura edo eginkizun guztietarako balio duen baimen orokorrik.
3._Baimen hori lortzea ezin izanen da baldintzatzat jarri prozedurak ebazteko edo eginkizunak betetzeko, baldin eta zuzenbidean onartzen den beste bide batetik egiaztatu ahal bada eskatutako betekizunak betetzen direla.
4._Interesatuak baliorik gabe uzten badu hasieran emandako baimena, administrazio eskatzaileak ezin izanen du hari buruzko daturik eskatu.
5. Nafarroako Zerga Ogasunak datuen lagapena ukatu ahal izanen du, eskatzen zaion informazioak ez baditu betetzen artikulu honetako aurreko idatz-zatietan ezarritako baldintzak, edo datuen hornidurari buruz foru agindu honen 2. artikuluan adierazitako printzipio eta arauak urratzen baditu, edo foru agindu honen 4.1 artikuluan eskatzen diren bermeak falta badira. Eskatutako informazioa zein fitxategitan dagoen edo zein fitxategiri buruzkoa den, harexen ardura duen organoak erabakiko du lagapena ukatzea, eta ezezkoaren arrazoiak azalduko ditu.
6. Informazioa ematea bidezkoa denean, bitarteko informatiko edo telematikoak erabiliz emanen da, ahal dela, Nafarroako Foru Ogasunaren eta administrazio lagapen-hartzailearen baliabide teknikoak kontuan izanik. Bien artean kasu bakoitzean egokien iruditzen zaiena erabaki ahal izanen dute.
8. artikulua. Informazioa emateko akordioak.
1. Nafarroako Foru Ogasunak informazioa emateko akordioak egin ahal izanen ditu Nafarroako Foru Komunitateko Administraziotik kanpoko administrazio publiko, agintari edo entitateekin, foru agindu honen 6. eta 7. artikuluetan xedatutakoaren arabera zerga-informazioaren lagapen-hartzaile izan badaitezke.
2. Horrelako akordioak egitea bidezkoa izanen da datu-hornidura aldiro edo etenik gabe egin behar denean eta datu horiek interesatu askori buruzkoak direnean.
3. Akordio horietan zehaztasun hauek jasoko dira: informazio-horniduraren xedea eta helburua, eskatutako informazioa justifikatzen duten ahalmenak erabiltzeko edo eginkizunetan aritzeko hartzaileak duen eskumena, horniduraren maiztasuna eta informazioa emateko modua. Halaber, hornidurak zenbat iraunen duen adieraziko da, eta, bidezkoa denean, hura berriztatu edo luzatzeko baldintzak.
Foru agindu honen 7. artikuluan aipatutako kasuetan, agerrarazi eginen da beharrezkoa dela interesatuek aldez aurretik administrazio lagapen-hartzaileari baimena ematea eta baimen hori izan ezean administrazioak ezin duela haiei buruzko informazio-eskaerarik egin.
4. Informazioa emateko akordioetan zehatz azaldu behar dira informazioa emateko prozedura, eskumenak eta bermeak. Administrazio publiko batekin akordioa sinatuz gero, haren menpeko administrazio organoek bakarrik erabili ahal izanen dituzte jasotako datuak. Dena den, berariaz hala adierazten bada, datuen azken hartzailea administrazio publiko horren menpeko erakunde edo entitateren bat izan daiteke, datuen xede diren eginkizunak betetzeko edo prozedurak izapidatzeko ardura duena, hain zuzen ere.
5. Nafarroako Zerga Ogasuneko zuzendari kudeatzaileari dagokio artikulu honetan aipatutako akordioak sinatzeko ahalmena.
6. Betiere, ezartzen diren baldintzak eta klausulak foru agindu honetan jasotako printzipioei lotu behar zaizkie.
9. artikulua. Zergen arloko datu-baseetan kontsulta eginez informazioa eskuratzea.
1. Foru agindu honen 6. eta 7. artikuluetan aipatutako kasuetan, aldez aurretik informazioa emateko akordioa eginda eta bertan hala ezarrita, zerga-informazioaren lagapen-hartzaileak Nafarroako Zerga Ogasunaren datu-baseetan zuzeneko kontsulta eginez eskuratu ahal izanen du informazio hori.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentuek eta haren menpeko administrazio-organo eta entitateek zuzenean eskuratu ahal izanen dute zerga-informazioa Nafarroako Zerga Ogasunaren datu-baseetan kontsulta eginez, eta horretarako ez da beharrezkoa izanen, foru agindu honen 8. artikuluan aurreikusitakoaren arabera, informazioa emateko akordiorik sinatzea.
2. Nafarroako Zerga Ogasunaren terminalak erabiliz eskuratu ahal izanen dute informazio hori, edo bestela, lagapen-hartzailearekiko konexio telematikoen bitartez. Nafarroako Zerga Ogasunak noiznahi ezarri ahal izanen ditu informazioa modu horretan eskuratzeko baldintzak eta betekizunak.
3. Datuen kontrola eta segurtasuna direla-eta, aginduzkoa izanen da Datu Pertsonalen Babesari buruzko abenduaren 13ko 15/1999 Lege Organikoan eta hura garatzeko arauetan xedatutakoa.
4. Datu-baseetan kontsulta egiten denean jasorik utzi behar da erabiltzailea nor den, zein informazio eskuratu duen eta zergatik egin duen kontsulta. Hori dela eta, Nafarroako Zerga Ogasunak modu egokian diseinatuko ditu bere aplikazio informatikoak, kontsulten inguruko xehetasun horiek guztiak jasorik gera daitezen.
III. KAPITULUA
Informazioa ematea zergen arloko ziurtagirien bitartez
1. ATALA
Ziurtagiri orokorrak ematea
10. artikulua. Nola eskatu eta eman ziurtagiria.
1. Zergen arloko ziurtagiriak ahoz, idatziz edo bide elektronikoetatik eskatu ahal izanen dira. Ziurtagiriak paperean emanen dira, salbu eta bide elektronikoetatik eskatzen direnean, halakoetan bide berberetik emanen baitira.
2. Ziurtagiria ahoz edo idatziz eskatzen denean, bost egun balioduneko epean emanen da, eskaera aurkeztu eta biharamunetik hasita. Eskatzaileak berak aukeratzen duen moduan jasoko du ziurtagiria: Zergadunari Laguntza eta Argibidea Emateko Zerbitzuan, edo postaz.
3. Eskaera ahoz egiten bada edo tributudunak sinatzen badu, nortasun agiri nazionalaren fotokopia erantsi behar zaio.
4. Eskaera ordezkariak egiten badu, haren nortasun agiri nazionalaren fotokopia erantsiko zaio, bai eta ordezkaritza zuzenbidean onartzen diren bideetatik edozeinetatik frogatzeko kreditazioa ere, Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorraren 36. artikuluan ezarritakoarekin bat.
5. Ziurtagiria bide elektronikoetatik eskatu ahal izanen da Nafarroako Zerga Ogasunaren Interneteko atarian, bi modutara:
a) Tributudunaren identifikazio fiskaleko zenbakia (IFZ) edo identifikazio kodea (IK) eta PIN gakoa (kontsultak egiteko gako pertsonala) idatziz.
b) Sinadura elektroniko aurreratuaren bidez; halako sinadurak ziurtagiri onartuan oinarritzen dira eta sinadurak sortzeko dispositibo seguruaren bidez sortzen dira.
2. ATALA
Zerga betebeharrak beterik daudela egiaztatzeko ziurtagiriak ematea
11. artikulua. Kontzeptua.
Tributudunek Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioarekiko zerga betebeharrak beterik dituztela uste izanen da baldin eta, preskribatu gabeko aldiei dagokienez, baldintza hauek betetzen badira:
a) Honako hauek aurkeztuak izatea, aurkeztu beharra izanez gero: Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren autolikidazioa, Ondarearen gaineko Zergarena, Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zergarena edo Sozietateen gaineko Zergarena (pertsona edo entitate bakoitzak berari dagozkion zergen autolikidazioak izan behar ditu aurkeztuak), bai eta kasu bakoitzean egin beharreko aitorpenak, zatikako ordainketen laburpenak, konturako sarrerak eta atxikipenak ere.
b) Aurkeztuak izatea, aurkeztu beharra izanez gero, aldiroko aitorpen-likidazioak eta aitorpen-likidazio bereziak, Balio Erantsiaren gaineko Zergari buruzko araudian ezarritakoak, bai eta urteko aitorpen-laburpena ere.
c) Aurkeztuak izatea, aurkeztu beharra izanez gero, Zerga Bereziei buruzko araudiari jarraituz bidezkoak diren zerga aitorpenak eta autolikidazioak.
d) Aurkeztuak izatea, aurkeztu beharra izanez gero, zentsu-aitorpenak eta zergen arloko araudian informazio hornidura orokorrari buruz ezarritako betebeharrak betetzeko egin behar diren gainerakoak.
e) Derrigorrezko ordainarazpen aldian sartutako tributu zorrik ez izatea, ez eta zergen arloko zehapenen ondoriozko zorrik ere. Tributudunek beren zerga betebeharrak beterik dituztela uste izanen da zerga likidazioaren inpugnazioa dela-eta zorraren ordainketa etenda dagoenean, edo, zorraren ordainketa geroratu nahiz zatikatzeko eskaera onarturik, tributudunek huts egin gabe betetzen dutenean aurrez ezarritako ordainketa plana.
12. artikulua. Ondorioak.
1. Zerga betebeharrak beterik izatearen ziurtagiriak helburu bakarrarekin emanen dira, alegia, foru agindu honetako goiko artikuluan adierazitako baldintzak betetzen direla edo ez direla betetzen agerrarazteko. Ez diete eskatzaileei ez beste inori eskubiderik edo eskubide itxaropenik sortuko, ez dituzte preskripzio epeak etenen, eta haien xede izan daitezkeen prozeduretan ezin izanen dira jakinarazpen bide gisa erabili.
2. Ziurtagirien edukiak, positiboa izan nahiz negatiboa izan, ez du inoiz eraginik izanen geroko egiaztapen edo ikerketen emaitzetan.
3. Ziurtagiriak hiru hilabete iraunen du indarrean, ematen den egunetik hasita.
4. Ziurtagiri hauek ez dira baliozkoak izanen Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Arau Orokorraren 31. artikuluko 4. idatz-zatian adierazitako ondorioetarako.
3. ATALA
Errekurtsoak eta erreklamazioak
13. artikulua. Errekurtsoak eta erreklamazioak.
1. Interesatuak uste izaten badu ziurtagirian jasotako informazioa ez datorrela bat Nafarroako Zerga Ogasunaren datu-baseetan jaso behar denarekin, berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztu ahal izanen du, Zergei buruzko abenduaren 14ko 13/2000 Foru Lege Orokorrean xedaturikoaren arabera.
2. Foru agindu honen 10. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako epean ziurtagiririk ematen ez bada, interesatuak zilegi izanen du bere eskaera ezetsi dela ulertu eta berraztertzeko errekurtsoa edo erreklamazio ekonomiko-administratiboa aurkeztea.
AZKEN XEDAPENA
Foru agindu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.
Iruñean, 2005eko apirilaren 27an._Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, Francisco J. Iribarren Fentanes.
Iragarkiaren kodea: F0511734
Sarbidea
Nafarroako Aldizkari Ofiziala
Paseo Pablo Sarasate, 38, 2.º izda.
31001 - Iruña
848 42 12 50
