65. ALDIZKARIA - 2005eko ekainaren 1a

I. NAFARROAKO FORU KOMUNITATEA

1.3. BESTELAKO XEDAPENAK

1.3.4. Dirulaguntzak eta bekak

74/2005 FORU DEKRETUA, maiatzaren 16koa, apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretua aldatzen duena. Foru Dekretu horrek finkatzen du zer laguntza emanen diren nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko.

Kontseiluak maiatzaren 17an eman EE 1257/1999 Erregelamenduak, Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsa-FEOGAren kargura nekazaritza garatzeko laguntzei buruzkoak, nekazaritzaren garapen iraunkorrerako Europako Batasunaren laguntzen esparrua ezartzen du. Europako Batasunaren esparruan, 2000ko irailaren 14ko C(2000) 2660 Erabakiaren bidez, Europako Batzordeak 2000-2006 Nafarroako Nekazaritza Garatzeko Programa onetsi zuen, STAR Batzordeak 2000ko abuztuaren 9an eginiko bilkuran. Nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko programa hori apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuaren bidez gauzatu zen. Horren bidez nekazaritza ustiategietan inbertsioak egiteko eta nekazari gazteak beren gain hasteko laguntzak eman ziren. Gero, abenduaren 18ko 377/2000 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen.

Kontseiluak, 2003ko irailaren 29ko EE 1783/2003 Erregelamenduaren bidez, Kontseiluak 1999ko maiatzaren 17an eman 1257/1999 Erregelamendua aldatu zuen. Erregelamendu horren bidez Nekazaritza Bideratu eta Bermatzeko Europako Funtsa-FEOGAren kargura nekazaritza garatzeko laguntzak arautu ziren. Bertan xedatzen da, nekazari gazteak herri txikiak garatzeko giltzarri direnez, talde hori lehentasunezkotzat jo behar dela. Horretarako, bide eman zuen dirulaguntzaren xede izan daitekeen inbertsioetarako laguntzak ehuneko 5 gehitzeko, inbertsio hori gazte batek egiten duenean, eta sari bakarra 5.000 euroan handitzeko, nekazari gazte bat bere gain hasteko zehazten den moduan, 25.000 eurotik 30.000 eurora pasako baita.

Nafarroak arazo larriak ditu nekazari gazteak beren gain hasteko eta herrietako bizilagunek bertan irauteko. Nekazari gazteei hasteko erraztasunak emateko eta haien ustiategien egitura doitzeko, beharrezkoa da laguntzak handitzea, 162/2000 Foru Dekretua aldatuz. Aldaketa honek finantzatzeko aukera berriak biltzen ditu eta, gainera, prozeduraren arintasunaren eta bermeen eta onuradunen segurtasun juridikoaren onerako diren urrats zehatzak biltzen ditu.

Foru dekretua aldatu aitzin, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programa aldatu da. Aldez aurretik, Nafarroako Nekazaritza Garatzeko 2000-2006 Programako Jarraipen Batzordeari jakinarazi zaio. Batzordeko Nekazaritza Zuzendaritza Nagusiak ez dio eragozpenik jarri proposaturiko aldaketari. Orobat, entzunaldia eman zaie nekazari batasunei.

Horiek horrela, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak Nafarroako Kontseiluarekin ados dagoela proposaturik, eta Nafarroako Gobernuak bi mila eta bosteko maiatzaren hamaseiko bilkuran harturiko Erabakiarekin bat,

DEKRETATU DUT:

1. artikulua. 162/2000 Foru Dekretuko 11. artikuluko 3. idatz-zatia aldatzea.

377/2000 Foru Dekretuaren bidez aldaturiko 162/2000 Foru Dekretuko 11. artikuluko 3. idatz-zatia honelaxe geldituko da:

"3. Laguntzaren zenbatekoa dirulaguntzaren xede den inbertsioaren ehuneko batzuen araberakoa izanen da. Hona mugak: :

_Oinarrizko dirulaguntza 100eko 35ekoa izanen da, dirulaguntzen xede diren inbertsio guztietan aplikatu beharrekoa.

_Inbertsioaren 100eko 10eko dirulaguntza osagarria, Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariak 2002ko maiatzaren 15ean emaniko Foru Aginduan edo hori ordezkatzen duen arauan zehazturiko mendialdeetan eta eremu behartsuetan. Foru agindu horren bidez zehazten dira Nafarroako mendialdeak eta eremu behartsuak.

_Inbertsioaren 100eko 10eko dirulaguntza osagarria nekazari gazteendako, baldin eta beren gain hastearekin batera, edo hasi ondoko bost urteetan, inbertsio plana aurkezten badute eta laguntza ematen denean behar adinako lanbide gaitasuna frogatzen badute.

_Inbertsioaren 100eko 5eko dirulaguntza osagarria, baldin eta inbertsio planean agertzen den inbertsioaren bolumenaren 100eko 10, gutxienez, ingurumena babestu eta hobetzeko edo higienea edo abereen osasun edo ongizatea sustatzeko bideratzen baldin bada.

Oinarrizko dirulaguntza eta osagarriak bateragarriak dira eta ezarri diren ehunekoak batuz aplikatuko da, kasuan-kasuan."

2. artikulua. 162/2000 Foru Dekretuko 12. artikuluko 1. idatz-zatiko f) letra aldatzea.

162/2000 Foru Dekretuko 12. artikuluko 1. idatz-zatiko f) letra honelaxe geldituko da:

"f) Laguntzaren eskabidea beren gain hasi baino lehen edo hurrengo sei hilabeteetan aurkeztea. Laguntzaren eskabidea aurkeztu baino lehen eginiko gasturik ez da behin ere onartuko."

3. artikulua. 162/2000 Foru Dekretuko 17. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letra aldatzea.

162/2000 Foru Dekretuko 17. artikuluko 1. idatz-zatiko b) letra honelaxe geldituko da:

"b) Ustiategiko sari bat. Haren gehieneko balioa 30.000 euro izanen da. Haren ordez zilegi izanen da, osorik nahiz hein batean, aurreko atalean xedatu bezalako korritu hobari bat ematea."

4. artikulua. 162/2000 Foru Dekretuko 17. artikuluko 2. idatz-zatia aldatzea.

162/2000 Foru Dekretuko 17. artikuluko 2. idatz-zatia honelaxe geldituko da:

"2. Maileguaren balioa gehi hartzaileak bere gain hasteko zuzeneko dirulaguntza gisa jasoko duen saria ez da inoiz izanen hasteko gastu eta inbertsioena baino handiagoa, eta osotarako dirulaguntza ez da izanen 55.000 eurokoa baino gehiago."

Xedapen iragankor bakarra._Lehenagoko eskabideetarako arauak.

Apirilaren 17ko 162/2000 Foru Dekretuaren arabera aurkezturiko eskabideei, foru dekretu honek indarra hartu baino lehen aurkeztu baziren eta haien gainean laguntza emateko ebazpenik eman ez bada, eskatzaileak ados egonez gero, foru dekretu honetako baldintzak aplikatzen ahalko zaizkie.

Xedapen indargabetzaile bakarra._Xedapen indargabetuak.

Indarrik gabe gelditu dira foru dekretu honetan ezarritakoaren kontra dauden maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.

Azken xedapenetariko lehena._Foru dekretu hau garatu eta betearazteko gaitasuna.

Esku ematen zaio Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilariari foru dekretu hau garatu eta betearazteko behar diren xedapenak eman ditzan.

Azken xedapenetariko bigarrena._Indarra hartzea.

Foru dekretu honek Nafarroako ALDIZKARI OFIZIALean argitaratu eta biharamunean hartuko du indarra.

Iruñean, 2005eko maiatzaren 16an._Nafarroako Gobernuko lehendakaria, Miguel Sanz Sesma._Nekazaritza, Abeltzaintza eta Elikadura kontseilaria, José Javier Echarte Echarte.

Iragarkiaren kodea: F0512738